10. ALDIZKARIA - 2007ko urtarrilaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

953/2006 EBAZPENA, abenduaren 15ekoa, Lan zuzendari nagusiak emana, Nafarroako "Ibilgailuak konpontzeko tailerrak" sektorerako lan hitzarmenaren (espediente zenbakia: 79/2006) interpretazioari buruzko akordioa erregistratu, gorde eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabakitzen duena.

Departamentu honetan 2006ko abenduaren 1ean sartu da Nafarroako "Ibilgailuak konpontzeko tailerrak" sektorerako lan hitzarmenaren interpretazioari buruzko akordioa, batzorde paritarioak, hitzarmen hartan itundutakoa betez, 2006ko azaroaren 14an sinatu eta onetsia (hasierako espedientearen zenbakia: 79/2006), zenbait gairi buruzkoa.

Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak bere esku du martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan aipatzen diren lan hitzarmen kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzea, eta hori, Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuarekin bat, eta kontuan izanik hitzarmen kolektiboak erregistratu eta gordetzeari buruzko maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuan xedatutakoa.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluaren bidez eman dizkidaten eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako "Ibilgailuak konpontzeko tailerrak" sektorerako lan hitzarmen kolektiboaren (kode zenbakia: 3107255) interpretazioari buruz batzorde paritarioak 2006ko azaroaren 14an hartutako akordioa erregistratzea, departamentu honetan dagokion erregistroan, non gorderik gelditzen baitira haren testua eta dokumentazioa.

2. Ebazpen honen berri ematea negoziazio batzordeari eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea agortzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal duela Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2006ko abenduaren 15ean._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.

NAFARROAKO "IBILGAILUAK KONPONTZEKO TAILERRAK" SEKTORERAKO LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAREN INTERPRETAZIO BATZORDEAREN AKTA

Iruñean, 2006ko azaroaren 14an bilduak, batetik, CCOO eta UGT sindikatuak, hurrenez hurren Ana Zapata eta Baltasar García ordezkari dauzkatenak eta, bestetik, ANTRV, Luis Ursua ordezkari daukana.

Hauxe adierazi dute:

1. 2006ko lansarien taulak prestatu eta egiteko egin diren kontsultak ikusirik, batzorde honek ondoko erabaki argigarri hau hartu du:

A) Tailerreko 2. eta 3. mailako ofizialen kategoriek, administrazioko 1. eta 2. kategoriek eta saltzaileek tauletako lansarietan hitzarmenaren 30. artikuluak ezartzen duen %5,7ko igoera jasotzeaz gainera, urtean 150 euro gordin ere jasoko dituzte, langileen eskubidea diren oinarrizko lansariaren 14 ordainketetan hainbanatuak.

B) Aipatu den igoera linealaren ondorioz, tailerreko 1. mailako ofizialaren eta administrazioko buruaren soldatak egokitu dira lansarien taularen proportzionaltasunari eusteko. Horrela, oinarrizko soldatari 10,71 euro gehitu zaizkio eta kopuru hori GSB plusari kendu zaio.

2. Halaber, hitzarmenaren 15.B artikuluaren lansari mugaren zenbaterainokoari buruzko kontsulta batzuk ere egin dira, eta batzorde honek honako akordio argigarri honen bitartez konpondu nahi du:

A) 3. mailako ofizial baten lansaria beheko muga gisa hartzen baldin bada, aipatu diren portzentajeak haren gainean aplikatuko dira eta lansari hori ez da izanen aplikatu ondoko emaitza.

3. Erabaki da, baita ere, akta hau Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentura bidaltzea, bertan konpultsatu ondotik, behar diren neurriak har ditzan Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko eta erregistro egokietan artxibatzeko, eta lan hitzarmenean erabaki honek ondorioak izateko.

Akordio honek, Nafarroako Lan Epaitegiaren aktan biltzen denari jarraikiz, berari kontra egiten dioten lerroalde guztiak ordezkatuko ditu.

Interpretazio Batzordearen akta hau aho batez onetsi eta sinatu da.

UGTren izenean: Stua: Baltasar García jauna.

CCOOren izenean: Stua: Ana Zapata andrea.

ANTRVren izenean: Stua: Luis Ursúa Ibero jauna.

Iragarkiaren kodea: F0620350