10. ALDIZKARIA - 2007ko urtarrilaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

1/2007 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 8koa, Nafarroako Foruzaingoaren antolamendu eta funtzionamenduaren Erregelamendua aldatzen duena. Erregelamendu hori uztailaren 26ko 265/2004 Foru Dekretuaren bitartez onetsi zen.

ZIOEN AZALPENA

Foruzaingoaren antolamendu eta funtzionamenduaren Erregelamendua uztailaren 26ko 265/2004 Foru Dekretuaren bitartez onetsi zen. Haren III. tituluaren II. kapituluaren 1. atalean Foruzaingoko kideentzako uniformearen araubidea ezarri zen, eta bertan laneko oinarrizko uniformea eta galako uniformea bereizi ziren, lehena ohiko polizia-jardueretan erabiltzekoa eta bigarrena ekitaldi eta festa berezietan.

Foru dekretu horretan ezarritako unitateak abian jartzearen ondorioz, beharrezkoa da uniforme horiek osatzen dituzten elementuak aldatu eta egokitzea, ergonomiako eta funtzionaltasun operatiboko irizpideetan oinarrituta. Gainera, uniformeak poliziaren eginkizunetara moldatu beharra eta uniformeen elementuen eta materialen etengabeko bilakaera direla eta, beharrezkoa da erabakiak hartzeko behar den azkartasuna ematen duten prozedurak ezartzea, horrela Nafarroako Foruzaingoaren uniformeei buruzko araubidea eguneratu eta modernizatzeko, funtzionaltasun, eraginkortasun eta beharrei erantzuna emateko azkartasun irizpideei jarraikiz. Hortaz, araubide hori Foruzaingoaren ikuspuntu modernoaren, dinamikoaren eta integratzailearen araberakoa izateko, beharrezkoa da erregelamendu hori aldatzea.

Hori horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2007ko urtarrilaren 8ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra._Nafarroako Foruzaingoaren antolamendu eta funtzionamenduaren Erregelamendua aldatzea. Erregelamendu hori uztailaren 26ko 265/2004 Foru Dekretuaren bitartez onetsi zen.

Uztailaren 26ko 265/2004 Foru Dekretuaren bitartez onetsitako Nafarroako Foruzaingoaren antolamendu eta funtzionamenduaren Erregelamenduaren 41., 42. eta 43. artikuluak aldatzea, ondoren azaldu bezala:

"41. artikulua. Uniformea osatzen duten jantziak.

1. Laneko uniformea osatzen duten jantziak Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren foru aginduen bidez finkatuko dira.

2. Galako uniformean jantzi hauek daude:

a) Zapata eta galtzerdi beltzak.

b) Galtza beltza, aldeetan zerrenda gorri bana duena.

c) Atorra grisa.

d) Jaka gorria, zerrenda beltzak dituena.

e) Txapel gorria.

f) Eskularru beltzak."

"42. artikulua. Beste osagai batzuk.

1. Laneko uniformearen barrenean erregelamenduzko arma sartzen da, uhal beltzetan eraman beharrekoa, edo foruzainari ematen zaizkion beste arma berariazko batzuk.

2. Uniformeko jantzi batzuetan _zehazten direnetan_ Nafarroako armarria brodatuko da txuriz, hala nola "Policía Foral" letrak.

3. Galako uniformean, eta baita, hala komeni bada, laneko oinarrizko uniformean ere, jasotako sariak erakusten ahalko dira, kasuan kasuko arauei jarraikiz. Dominen ordez haien erreprodukzio txikiak erabiltzen ahalko dira.

4. Laneko uniformean, unitate edo kurtsoen ezaugarriak erakusten ahalko dira, erregelamenduz ezartzen denaren arabera.

43. artikulua. Ezaugarriak.

"1. Foruzaingoko kideek, uniformea janzten dutenean, beren lanbideari dagozkion ezaugarriak eramanen dituzte, goiko jantzien ezkerreko mahukan.

2. Lanbideen ezaugarrien berariazko ereduak onestea Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari dagokio.

Xedapen indargabetzaile bakarra._Indargabetzea.

Indarrik gabe utzi dira foru dekretu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapenak.

Azken xedapenetako lehena._Erregelamenduzko gaikuntza.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena._Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2007ko urtarrilaren 8an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0700468