91. ALDIZKARIA - 2006ko uztailaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

218/2006 FORU AGINDUA, ekainaren 26koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, Difusio Digital Societat de Telecomunicaciones S.A.U. (Tradia) enpresak aurkeztutako Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana onesten duena.

Maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legearen arabera, Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez gidatuen bidezko telekomunikazioaren oinarrizko estazioak antolatzen baititu, operadoreek, onetsiak izateko, azpiegiturei buruzko lurralde plan bat aurkeztu behar dute, non gaur egun dauden estazio finkoak eta sare osoa ezarri eta garatzeko dauden aurreikuspenak azalduko diren.

Nafarroako Gobernuak, 2005eko apirilaren 18ko Erabakiaren bitartez, Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana, Difusio Digital Societat de Telecomunicaciones S.A.U.k (Tradia) aurkeztua, jendaurrean jarri eta, aldi berean, Iruñeko udalari entzunaldia eman zion.

Nafarroako Gobernuak, 2006ko ekainaren 19ko Erabakiaren bitartez, 2005eko apirilaren 18ko Erabakian agindutako jendaurreko aldiaren tramitea ebatzi zuen. Aurkeztutako alegazioak erantzun eta erabaki zuen Difusio Digital Societat de Telecomunicaciones S.A.U. (Tradia) enpresak aurkeztutako Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana telekomunikazioen arloko departamentu eskudunak onetsiko zuela, erabaki horren azalpen zatian ezarritakoari jarraikiz bidezko diren zehaztapenekin.

Hori horrela, Nafarroako Gobernuak 2006ko ekainaren 19an hartutako Erabakian, maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legearen 12.1 artikuluan eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen otsailaren 24ko 40/2005 Foru Dekretuaren 46. artikuluan (departamentu horri telekomunikazioen arloko eskumenak esleitzen dizkion artikuluan) ezarritakoari jarraikiz,

AGINDU DUT:

1. Difusio Digital Societat de Telecomunicaciones S.A.U. (Tradia) enpresak aurkeztutako Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana onestea.

2. Azpiegituren Lurralde Plan hau onesten da bertatik kendu ez diren kokalekuak maiatzaren 10eko 10/2002 Foru Legean ezarritako betebeharren araberakoak direla egiaztatu delako.

Nolanahi ere, Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez gidatuen bidezko telekomunikazioaren oinarrizko estazioak antolatzen dituen maiatzaren 10eko 10/2002 Foru Legearen 12. artikuluan ezarritakoarekin bat, onespen honek ez die udalei behar diren lizentziak emateko eskumena kentzen.

3. Operadoreek azpiegituren lurralde planak aldatu edo eguneratzeko eskabideen berri emanen diote telekomunikazioen arloko departamentu eskudunari.

Aldaketa horien ondorioz kokaleku berriak sortzen badira, gaurko azpiegituren kokalekua aldatzen bada edo eragin berri handiak agertzen badira, Lurralde Planaren aldaketa gisa tramitatu beharko dira. Gainerako aldaketak, aurreko lerroaldean aipatutako aldaketak sortzen ez dituzten zerbitzu berrien ezarpenak barne, telekomunikazioen arloko departamentu eskudunari aurkeztuko zaizkio, gutxienez hilabete bat lehenago, planaren datu teknikoak kontrolatu eta eguneratzeko.

4. Egin asmo diren instalazioek ukitu edo baldintzatu ditzaketen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, entitate sustatzaileak behar diren baimen guztiak eskuratu beharko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren erakundeetan.

5. Foru agindu hau Iruñeko Udalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, orobat, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu edo, kasua bada, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Nolanahi ere, Administrazio Publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

6. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Informazioaren Gizartea eta Telekomunikazioak Sustatzeko Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko ekainaren 26an._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: F0611335