91. ALDIZKARIA - 2006ko uztailaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

217/2006 FORU AGINDUA, ekainaren 26koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, Retevisión Móvil S.A.k (AMENA) aurkeztutako Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana onesten duena.

Maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legearen arabera, Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez gidatuen bidezko telekomunikazioaren oinarrizko estazioak antolatzen baititu, operadoreek, onetsiak izateko, azpiegiturei buruzko lurralde plan bat aurkeztu behar dute, non gaur egun dauden estazio finkoak eta sare osoa ezarri eta garatzeko dauden aurreikuspenak azalduko diren.

Nafarroako Gobernuaren 2005eko apirilaren 18ko Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana, Retevisión Móvil S.A.k (Amena) aurkeztua, jendaurrean jarri zen eta, aldi berean, udal ukituei entzunaldia eman zitzaien.

Erabaki horren xedapen zatian zehaztapen hau agertu zen:

"2. Espedientea behin betikoz onetsi aurretik, entitate sustatzaileak Testu Bategin bat aurkeztu behar du, hasiera batean aurkeztutako planari gehitutako dokumentazioaren ondoriozko aldaketa guztiak biltzeko, bai eta departamentuetako txostenetan azaldu diren gabezien eta hutsuneen ondoriozko aldaketak ere; sustatzaileari ohartarazten zaio, departamentuetako txostenetan azaldutakoari jarraikiz kokalekuei buruzko dokumentazioa osatzen edo zuzentzen ez bada, horiek planetik kanpo geldituko direla."

Operadoreak, Nafarroako Gobernuaren erabaki horri erantzuteko, testu bategin aurkeztu du, eta bertan bildu ditu, planari hasiera batean atxikitako dokumentazioaren ondoriozko aldaketez eta Azpiegituren Lurralde Plana jendaurrean jarri aurretik departamentuek emandako txostenez gain, gero eskatu ziren informazio osagarriak.

Testu bategin hori dela-eta, ondoko txosten hauek eman dira:

III.1._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzua.

Alegazio guztiak eta Retevisión Móvil, S.A. (Amena) enpresak aurtengo otsailaren 8an aurkeztutako Azpiegituren Lurralde Planaren Testu Bategina aztertu ondoren, ingurumenaren aldetik ondoko hau adierazten da:

1. Olaztiko NAVR0092 estazioaren kokalekua (UTM koordenatuak X: 566.594 Y: 4.747.490) aldatu da.

NAVR0092 estazioa Olaztiko 8. poligonoko 3091. lurzatian dago, Otadegia alderdian. Lurzatia urbanizaezina da, gaur egun "belardi" gisa sailkatua, baina Labore eta Aprobetxamenduen Mapan larre gisa sailkatutako toki batetik hurbil dago.

Instalazioa jarri nahi deneko lurzatia ez dago intereseko naturgune batean kokatua ("Urbasa-Andia" BILetik 250 metro eskasera dago, baina 92/43/EEE Zuzentarauaren arabera, babesa behar duen Batasunaren intereseko leku gisa sailkatutako toki batean dago, honako UE kodeak dituen toki batean, hain zuzen ere: 4090 (sastrakadi mediterraneo eta oromediterraneo primarioak eta sekundarioak, maiz elorri-triska nagusi dutenak), eta 6212 (larre eta belardi xerofitiko basofilo kantauriar-piriniarrak - Bromion erecti).

Naturaren aldetik balio handia duen eremu batean badago ere, ez da uste eragin handirik sortuko denik, betiere instalazioa alorretan eta aurkeztutako fitxan azaldu bezala jartzen baldin bada.

Kokalekura sartzeko, gaur egun dagoen pista egokitzea aurreikusi da: Iparberokiko bidea. Estazio berrirako zabalgunea bide horren ondoan egitea gomendatzen da, gero handitu beharrik ez izateko.

Elektrizitatearen hornidurari dagokionez, linea berri baten bidez egitea aurreikusi da, konpainia elektriko banatzaileak finkatzen duen puntutik. Kokalekutik 400 bat metrora linea bat dago, eta, beraz, deribazioa linea horretatik eginez gero, hodia lurpetik joanen da sarbidean barna.

Begi-inpaktua handia da, landarerik gabeko goi-eremu batean kokatutako 30 metroko dorre bat da, herriaren ingurutik, Urbasara igotzeko errepidetik eta autobiatik erraz ikusten dena. Dena den, kontuan harturik eremu honetan kokapen bat izateko premia eta haren ezaugarri antropikoak, egokitzat jo da estazioaren kokalekua.

Ez dago lurzoru urbanizaezinean 2.000 metro baino gutxiagora kokaturiko bestelako estaziorik.

Ingurumenaren aldeko adostasun txostena eman zaio proposamenari, baina baldintza hauek bete beharko dira:

_Eragin moderatuak sortzen dituen hornidura elektrikoa zehaztu beharko da.

_Dokumentazioan azaldutako zuhaixka bidezko kanpoko pantailarako bertako espezieak baizik ez da erabiliko.

2. Aurreko txostenean ezarritako zuzenketak egin direla egiaztatu da, eta, beraz, ingurumenaren aldeko adostasun txostena eman zaie estazioen kokaleku eta instalazio guztiei, ondoko hauei izan ezik:

_NAVR0161 (Barañain), NAVR0004 (Iturrama) eta NAVR2004 (Tafalla). Baimena emateko, haien kokalekuari buruzko datuak aurkeztu behar dira.

3. Bestelako operadoreen instalazioetatik 2000 metro baino gutxiagora dauden kokalekuak aztertu ondoren, ikusi da gehienek udalen lizentzia edo Nafarroako Gobernuaren baimena dutela, edo, bestela, bestelako operadoreekin legezko instalazioak partekatzen dituztela. Halere, hori ez da ondoko oinarrizko estazioetan gertatzen:

_NAVR0079 (Miranda-Arga): Telefónicarekin ados jarri eta instalazioak partekatu behar ditu.

_NAVR1007 (Cortes): 2000 metro baino gutxiagora Telefónicaren oinarrizko estazio baimendua dago.

_NAVR0078 (Larraga): Planetik baztertu da, behar diren udal lizentziak ez dituelako. Hiru operadoreek ados jarri eta kokaleku bakar bat partekatu behar dute.

Aipatutako hiru estazio horiek Azpiegituren Lurralde Planearen behin betiko onespenetik kentzea proposatzen da.

III.2._Ekonomia eta Ogasun Departamentua - Informazioaren Gizartea eta Telekomunikazioak Sustatzeko Zerbitzua.

Retevisión Móvil, S.A. operadoreak aurkeztutako Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Planari dagokionez, eta haren kontrako alegazioak eta eskatutako dokumentazioa aurkezteko epeak bukatu ondoren, Plana jendaurrean jartzeko egindako txostena osatzeko ondoko hau egiten da:

_NAVW0091 estazioari dagokionez, emisio elektromagnetikoari buruz eskatutako informazioa modu egokian aurkeztu denez, harekiko adostasun txostena ematen da.

_NAVR1016 estazioari dagokionez, eskatutako fitxa ongi aurkeztu da. Vodafonerekin partekatutako kokalekua da eta, arrazoi teknikoak direla-eta, uste da justifikatuta dagoela beste estazio batzuekiko 2.000 metroko distantzia txikiagotzea (distantzia hori Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak azaroaren 27an emandako 1324/2000 Foru Aginduaren 2.1 artikuluan dago ezarria).

III.3._Kultura eta Turismo Departamentua - Ondare Historikoaren Zerbitzua.

Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkeologikoaren Bulegoari txosten bat eskatu zaio Retevisión Móvil, S. A.-Amenak aurkeztutako NAV0048 (Gares) eta NAV0051 (Viana) fitxa berriei buruz; kokaleku horien aurkako txostena eman zuen bulego horrek 2004ko ekainaren 29an.

Horri dagokionez, ondoko hau jakinarazten da:

1. NAV0048 (Gares) kokalekuari dagokionez, lehengo eraikuntza-jarduerek "El Reducto" aztarnategian ukitutako lurra lehengoratzeari buruz Vianako Printzea Erakundea-Kultura zuzendari nagusiak maiatzaren 16ko 228/2000 Ebazpenean finkatutako baldintzak bete ondoren, adostasun txostena eman zaio Amena enpresari Telefónica Móviles, S.A.k Garesen duen antenan bere ekipoak jar ditzan.

2. Vianako 6. poligonoko 139. lurzatian egin nahi duen Navar 0051 estazioari dagokionez, eskabidean ez da alternatibarik proposatzen, eta aurretik kontrako txostena eman zitzaion kolalekuari eutsi zaio. Hona arrazoia: lurzati horretan "El Cueto" izeneko aztarnategi arkeologiko inbentariatua dago, Vianako hirigintzako planeamenduan 2. graduko lurzoru arkeologiko gisa babestua. Kontuan harturik aztarnategian instalazio horiek jarriz gero kalte larriak sor lekizkiekeela bai bertako ondare arkeologikoari eta topografikoari, bai paisaiairi, eta erraza dela beste kokaleku bat aukeratzea, aztarnategi hori ukitu gabe, kontrako txostena ematen zaio proiektu horri.

Beraz, NAVAR 0051 (Viana) kokaleku hori Azpiegituren Lurralde Planetik kendu da.

III.4._Osasun Departamentua - Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua - Osasun Publikoaren Institutua.

Nafarroako Osasun Zerbitzuak, operadore horrek aurkeztu duen dokumentazioa ikusirik, aditzera eman du, bere teknikariek egiaztatu dutenez, Azpiegituren Lurralde Planak ez dituela gainditzen maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean zehazten diren esposizioko gehieneko mailak.

Nafarroako Gobernuak, 2006ko ekainaren 19ko Erabakiaren bitartez, 2005eko apirilaren 18ko Erabakian agindutako jendaurreko aldiaren tramitea ebatzi zuen. Aurkeztutako alegazioak erantzun eta erabaki zuen Retevisión Móvil S.A.k aurkeztutako Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana telekomunikazioen arloko departamentu eskudunak onetsiko zuela, erabaki horren azalpen zatian ezarritakoari jarraikiz bidezko diren zehaztapenekin.

Hori horrela, Nafarroako Gobernuak 2006ko ekainaren 19an hartutako Erabakian, maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legearen 12.1 artikuluan eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen otsailaren 24ko 40/2005 Foru Dekretuaren 46. artikuluan (departamentu horri telekomunikazioen arloko eskumenak esleitzen dizkion artikuluan) ezarritakoari jarraikiz,

AGINDU DUT:

1. Retevisión Móvil S.A.k (AMENA) aurkeztutako Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana onestea, ondoko zehaztapen hauekin:

_Aipatutako arrazoiengatik, ondoko kokaleku hauek Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Planetik kendu dira:

.NAVAR 0051 (Viana).

.NAVR0161 (Barañain).

.NAVR0004 (Iturrama).

.NAVR2004 (Tafalla).

.NAVR0079 (Miranda-Arga).

.NAVR1007 (Cortes).

.NAVR0078 (Larraga).

_Olaztiko NAVR0092 estazioari adostasun txostena emanen zaio baldin eta baldintza hauek betetzen baditu: eragin moderatuak sortzen dituen hornidura elektrikoa zehaztuko da eta dokumentazioan adierazitako zuhaixka bidezko kanpoko pantailarako bertako espezieak baizik ez da erabiliko.

2. Azpiegituren Lurralde Plan hau onesten da bertatik kendu ez diren kokalekuak maiatzaren 10eko 10/2002 Foru Legean ezarritako betebeharren araberakoak direla egiaztatu delako.

Nolanahi ere, Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez gidatuen bidezko telekomunikazioaren oinarrizko estazioak antolatzen dituen maiatzaren 10eko 10/2002 Foru Legearen 12. artikuluan ezarritakoarekin bat, onespen honek ez die udalei behar diren lizentziak emateko eskumena kentzen.

3. Lanak egiterakoan, Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuak plan honen tramitazioan emandako txostenetan azaldutakoari jarraikiko zaio.

4. Operadoreek azpiegituren lurralde planak aldatu edo eguneratzeko eskabideen berri emanen diote telekomunikazioen arloko departamentu eskudunari.

Aldaketa horien ondorioz kokaleku berriak sortzen badira, gaurko azpiegituren kokalekua aldatzen bada edo eragin berri handiak agertzen badira, Lurralde Planaren aldaketa gisa tramitatu beharko dira. Gainerako aldaketak, aurreko lerroaldean aipatutako aldaketak sortzen ez dituzten zerbitzu berrien ezarpenak barne, telekomunikazioen arloko departamentu eskudunari aurkeztuko zaizkio, gutxienez hilabete bat lehenago, planaren datu teknikoak kontrolatu eta eguneratzeko.

5. Entitate sustatzaileari ohartaraztea, egin asmo diren instalazioak (ur-ibilbide publikoen polizia eremua, errepideen eragin eremua, mugarri geodesikoak, zortasun aeronautikoak, lurzoru urbanizaezina etab.) ukitu edo baldintzatzen ahal dituzten azpiegitura eta zortasunei dagokienez, kasuan kasuko arloan eskudun diren organoen baimen guztiak eskuratu beharko dituela.

6. Foru agindu hau jakinaraztea ondoko udal hauei: Ablitas, Oibar, Allin, Altsasu, Ameskoabarren, Andosilla, Antsoain, Anue, Agoitz, Aranguren, Arbizu, Areso, Arguedas, Armañantzas, Arroitz, Artaxoa, Azagra, Barañain, Barbarin, Baztan, Berriobeiti, Buñuel, Burgi, Burlata, Cabanillas, Cadreita, Caparroso, Carcar, Zarrakaztelu, Cascante, Kaseda, Castejon, Cintruenigo, Zizur Zendea, Corella, Cortes, Deikaztelu, Doneztebe, Egues, Eratsun, Erroibar, Espartza-Zaraitzu, Lizarra, Esteribar, Ezkabarte, Ezporogi, Faltzes, Fitero, Fontellas, Funes, Galar Zendea, Garaioa, Goizueta, Gorza, Uharte, Ibargoiti, Imotz, Irurtzun, Itza, Jaurrieta, Lakuntza, Larraga, Larraun, Elizagorria, Leitza, Leotz, Lerin, Lesaka, Lodosa, Los Arcos, Irunberri, Luzaide, Mañeru, Martzilla, Mendabia, Mendaza, Mendigorria, Milagro, Miranda-Arga, Elo, Monteagudo, Murchante, Murillo el Cuende, Noain-Elortzibar, Otsagabia, Odieta, Olaibar, Olazti, Erriberri, Oloritz, Orkoien, Orreaga, Oteitza, Iruña, Azkoien, Gares, Puiu, Ribaforada, San Adrian, Zangoza, Santakara, Sartaguda, Sesma, Tafalla, Tutera, Uharte Arakil, Ultzama, Urdazubi, Urrotz, Urzainki, Valtierra, Viana, Villafranca: orobat, sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, orobat, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu edo, kasua bada, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Nolanahi ere, Administrazio Publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

7. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzura eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzura, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Informazioaren Gizartea eta Telekomunikazioak Sustatzeko Zerbitzura eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko ekainaren 26an._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: F0611336