91. ALDIZKARIA - 2006ko uztailaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

216/2006 FORU AGINDUA, ekainaren 26koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, Telefónica Móviles España S.A.k aurkeztutako Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana onesten duena.

Maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legearen arabera, Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez gidatuen bidezko telekomunikazioaren oinarrizko estazioak antolatzen baititu, operadoreek, onetsiak izateko, azpiegiturei buruzko lurralde plan bat aurkeztu behar dute, non gaur egun dauden estazio finkoak eta sare osoa ezarri eta garatzeko dauden aurreikuspenak azalduko diren.

Nafarroako Gobernuaren 2005eko apirilaren 18ko Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana, Telefónica Móviles España, S.A.k aurkeztua, jendaurrean jarri zen eta, aldi berean, udal ukituei entzunaldia eman zitzaien.

Erabaki horren xedapen zatian zehaztapen hau agertu zen:

"2. Espedientea behin betikoz onetsi aurretik, entitate sustatzaileak Testu Bategin bat aurkeztu behar du, hasiera batean aurkeztutako planari gehitutako dokumentazioaren ondoriozko aldaketa guztiak biltzeko, bai eta departamentuetako txostenetan azaldu diren gabezien eta hutsuneen ondoriozko aldaketak ere; sustatzaileari ohartarazten zaio, departamentuetako txostenetan azaldutakoari jarraikiz kokalekuei buruzko dokumentazioa osatzen edo zuzentzen ez bada, horiek planetik kanpo geldituko direla."

Operadoreak, Nafarroako Gobernuaren erabakiari erantzuteko, testu bategin aurkeztu du, eta bertan bildu ditu, planari hasiera batean atxikitako dokumentazioaren ondoriozko aldaketez eta Azpiegituren Lurralde Plana jendaurrean jarri aurretik departamentuek emandako txostenez gain, gero eskatu ziren informazio osagarriak.

Testu bategin hori dela-eta, ondoko txosten hauek eman dira:

III.1._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzua.

Alegazio guztiak eta Telefónica Móviles España, S.A.k aurtengo martxoaren 9an aurkeztutako Azpiegituren Lurralde Planaren Testu Bategina aztertu ondoren, ingurumenaren aldetik ondoko hau adierazten da:

1. Ondoren azaltzen diren telefoniako oinarrizko estazioei buruzko dokumentazioa osatu da, hasiera batean ez baizuten behar zen informazioa:

_EB Badostain estazioa (UTM koordenatuak X: 614.445 Y: 4.739.800) Eguesko 17. poligonoko 314. lurzatian dago eta lurzati hori Iruñerriko Ur Mankomunitatearena da. Lurzatia urbanizaezina da, gaur egun elkor gisa sailkatua eta Irigaraiko ur biltontziaren ondoan dago.

Instalazioa jartzeko aukeratu den lurzatia ez dago interesa duen naturgune batean, eta ez du Batasunaren intereseko habitatik bere barruan. Goi-eremu bat da, zereal soroz inguratua.

Sarbide gisa egun dagoen bide asfaltatu bat erabiliko da, eta elektrizitatearen hornidura lur azpiko behe tentsioan eginen da, enpresa banatzaileak Badostainen finkatzen duen loturagunetik, eta hortaz, ingurumenaren gaineko eraginak oso txikiak izanen direla uste da.

Begi-inpaktua jasateko modukoa da, 9 metroko dorrea baita, biltontziaren toki berean dagoena.

Ez dago lurzoru urbanizaezinean 2.000 metro baino gutxiagora kokaturiko bestelako estaziorik.

_EB Egillor estazioa (UTM koordenatuak X: 597.245 Y: 4.744.370) Olloko 1. poligonoko 334. lurzatian dago eta lurzati hori Iruñerriko Ur Mankomunitatearena da. Lurzatiaren katastroko sailkapena urbanizaezin gisakoa da, nahiz eta Labore eta Aprobetxamenduen Mapan hiri lurzoru elkor gisa agertu.

Instalazioa jartzeko aukeratu den lurzatia ez dago interesa duen naturgune batean, eta ez du Batasunaren intereseko habitatik bere barruan. Egillorko hegoaldean dagoen goialde bat da, hariztiz eta larrez inguratua.

Sarbide gisa egun dagoen bide asfaltatu bat erabiliko da, eta elektrizitatearen hornidura biltontziko kontagailuetatik, beraz, ingurumenaren gaineko eraginak oso txikiak izanen direla uste da.

Begi-inpaktua jasateko modukoa da, 20 metroko dorrea baita, berez oso ongi ikusten den biltontziaren toki berean dagoena.

Ez dago lurzoru urbanizaezinean 2.000 metro baino gutxiagora kokaturiko bestelako estaziorik.

Ingurumenaren aldetik, bada, bi oinarrizko estazioak jartzearen aldeko txostena ematen da.

2. Aurreko txostenean proposatutako zuzenketak egin direla egiaztatu da, eta, hortaz, ingurumenaren aldeko baimena eman dakieke kokaleku guztiei, ondoren azaltzen diren oinarrizko estazioei izan ezik:

_Itaroa (Uharte): behin betiko baimena emateko oinplanoaren eta altxaeraren planoak aurkeztu behar dira.

_Oibar: Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak estazio hori baimendu duela argi badago ere (apirilaren 26ko 455/2001 Ebazpena), kokalekuari buruzko datuak zuzendu arte ez zaio behin betiko baimena emanen.

_Aranguren: instalazio hau baimentzeko beharrezkoa da behin betiko kokalekua jakin eta fitxa osoa aurkeztea.

Ingurumenaren aldetik, bada, hiru oinarrizko estazio horiek jartzearen aldeko txostena ematen da, betiere bakoitzarentzat aipatu diren zehaztapenak betetzen badira.

3. Bestelako operadoreen instalazioetatik 2.000 metro baino gutxiagora dauden kokalekuak aztertu ondoren, ikusi da horietako batzuek udalen lizentzia edo Nafarroako Gobernuaren baimena dutela, edo, bestela, bestelako operadoreekin instalazioak partekatzen dituztela. Halere, hori ez da ondoko oinarrizko estazioetan gertatzen:

_Elizondoko oinarrizko estazioa: 2.000 metro baino gutxiagora Vodafone dago, baimen eta guzti.

_Almandozko oinarrizko estazioa: 2.000 metro baino gutxiagora Amena dago, baimen eta guzti.

_Gorritiko oinarrizko estazioa: 2.000 metro baino gutxiagora Amena dago, baimen eta guzti.

_Arraizko oinarrizko estazioa: 2.000 metro baino gutxiagora Amena dago, baimen eta guzti.

_Erroko gaineko oinarrizko estazioa: 2.000 metro baino gutxiagora Amena eta Vodafone daude, baimen eta guzti.

_Noaingo oinarrizko estazioa: 2.000 metro baino gutxiagora Amena dago, baimen eta guzti.

_Orizko oinarrizko estazioa: 2.000 metro baino gutxiagora Amena eta Vodafone daude, baimen eta guzti.

_Muru-Artederretako oinarrizko estazioa: 2.000 metro baino gutxiagora Vodafone dago, baimen eta guzti.

_Larraga: hiru operadoreek ados jarri eta kokaleku bakar bat partekatu behar dute.

_Miranda/Corralizas: Amenarekin ados jarri eta instalazioak partekatu behar ditu.

_Atxueta ER: 2.000 metro baino gutxiagora Vodafone eta Opnatel daude, baimen eta guzti.

Ingurumenaren aldetik, aipatutako estazioak Azpiegituren Lurralde Planearen behin betiko onespenetik kentzea proposatzen da.

4. Lizarra/Merkatondoa oinarrizko estazioa (UTM koordenatuak X: 580.025 Y: 4.722.695). Estazio hau oso agerian dago, inolako baimenik gabe jarria. Hasieran emandako txostenari eusten zaio.

Lizarra/Merkatondoa estazioa Lizarrako 5. poligonoko 775. lurzatian dago. Lurzati hori urbanizaezin gisa sailkatua dago.

Instalazioa egina dago.

Instalazioaren lurzatia ez dago intereseko naturguneren batean, eta ez du eraginik sortzen Batasunaren intereseko habitat batean.

Sarbidearen eta elektrizitatearen horniduraren eraginei dagokienez, uste da ez dela ukipen handirik izan, dorrea industrialdearen ondoan baitago, behar diren azpiegiturak dituen toki batean, alegia.

Dena den, begi-inpaktua kritikoa da, sareta-profilak dituen dorrea baita, 40 metroko altuera duena, Donejakue Bideko Autobiaren Lizarrako saihesbidetik oso ongi ikusten den toki batean kokatua.

Hortaz, proposamenaren kontrako ingurumen-txostena ematen da. Sustatzaileak kokaleku egokiago bat bilatu eta behar den bezala tramitatu behar du.

III.2._Ekonomia eta Ogasun Departamentua - Informazioaren Gizartea eta Telekomunikazioak Sustatzeko Zerbitzua.

Telefónica Móviles España, S.A. operadoreak aurkeztutako Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Planari dagokionez, eta haren kontrako alegazioak eta eskatutako dokumentazioa aurkezteko epeak bukatu ondoren, Plana jendaurrean jartzeko egindako txostena osatzeko ondoko hau egiten da:

_Beteluko estazioari dagokionez, igorpen elektromagnetikoari buruz eskatutako informazioa modu egokian aurkeztu denez, harekiko adostasun txostena ematen da.

_TM Delegazioa eta P/Zezen plaza estazioei dagokienez, haien neurriei buruz eskatutako informazioa behar bezala aurkeztu da. Aurreko txostenean 3100302 estazioa sartzea akats bat izan zen, Planean ez baitago zenbaki hori duen estaziorik.

_Orkoien/Ipertegi estazioari dagokionez, adostasun txostena ematen zaio; izan ere, laster urbanizagarri gisa sailkatuko den lurzoru batean jarriko denez, ez ditu bete behar estazioen arteko distantziei buruz Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak azaroaren 27an emandako 1324/2000 Foru Aginduan ezarritako mugak.

Sanduzelaiko estazioari dagokionez, harekiko adostasun txostena ematen da; izan ere, pronuntziamendu judizial batek legeztatu egin du berriki, eta, ondorioz, ez da egun dauden bestelako instalazioekin partekatu behar den kokaleku berri bat.

Atarrabiako oinarrizko estazioari dagokionez, ez da inolako dokumentaziorik aurkeztu, estazioen arteko 2.000 distantzia, 1324/2000 Foru Aginduan ezarria, salbuespenez gutxitzea justifikatzen duten arrazoiak azaltzeko. Beraz, foru agindu hori betetzeko, eta bera bezala lurzoru urbanizaezinean dauden bestelako estazioetatik 2.000 metro baino gutxiagora aurreikusitako kokaleku berri bat denez, estazio hori Telefónica Móviles España, S.A.ren Lurralde Planetik kendu beharra dago.

_Badostain eta Egillor izenekin Planean sartutako estazio berriei dagokienez, adostasun txostena eman da.

III.3._Osasun Departamentua - Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua - Osasun Publikoaren Institutua.

Nafarroako Osasun Zerbitzuak, operadore horrek aurkeztu duen dokumentazioa ikusirik, aditzera eman du, bere teknikariek egiaztatu dutenez, Azpiegituren Lurralde Planak ez dituela gainditzen maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean zehazten diren esposizioko gehieneko mailak.

Nafarroako Gobernuak, 2006ko ekainaren 19ko Erabakiaren bitartez, 2005eko apirilaren 18ko Erabakian agindutako jendaurreko aldiaren tramitea ebatzi zen. Aurkeztutako alegazioak erantzun eta erabaki zen Telefónica Móviles España S.A.k aurkeztutako Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana telekomunikazioen arloko departamentu eskudunak onetsiko zuela, erabaki horren azalpen zatian ezarritakoari jarraikiz bidezko diren zehaztapenekin.

Hori horrela, Nafarroako Gobernuak 2006ko ekainaren 19an hartutako Erabakian, maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legearen 12.1 artikuluan eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen otsailaren 24ko 40/2005 Foru Dekretuaren 46. artikuluan (departamentu horri telekomunikazioen arloko eskumenak esleitzen dizkion artikuluan) ezarritakoari jarraikiz,

AGINDU DUT:

1. Telefónica Móviles España S.A.k aurkeztutako Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana onestea, ondoko zehaztapen hauekin:

_Aipatutako arrazoiengatik, ondoko kokaleku hauek Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Planetik kendu dira:

.Aranguren.

.Elizondoko oinarrizko estazioa.

.Almandozko oinarrizko estazioa.

.Gorritiko oinarrizko estazioa.

.Arraizko oinarrizko estazioa.

.Erroko gaineko oinarrizko estazioa.

.Noaingo oinarrizko estazioa.

.Orizko oinarrizko estazioa.

.Muru-Artederretako oinarrizko estazioa.

.Larraga.

.Miranda/Corralizas.

.Atxueta ER.

.Lizarra/Merkatondoa.

.Atarrabiako oinarizko estazioa.

Uharteko Itaroa estazioari adostasun txostena emanen zaio baldin eta baldintza hauek betetzen baditu: oinplanoaren eta altxaeraren planoak aurkeztea.

_Oibarko estazioari adostasun txostena emanen zaio baldin eta baldintza hauek betetzen baditu: kokalekuari buruzko datuak zuzentzea.

2. Azpiegituren Lurralde Plan hau onesten da bertatik kendu ez diren kokalekuak maiatzaren 10eko 10/2002 Foru Legean ezarritako betebeharren araberakoak direla egiaztatu delako.

Nolanahi ere, Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez gidatuen bidezko telekomunikazioaren oinarrizko estazioak antolatzen dituen maiatzaren 10eko 10/2002 Foru Legearen 12. artikuluan ezarritakoarekin bat, onespen honek ez die udalei behar diren lizentziak emateko eskumena kentzen.

3. Lanak egiterakoan, Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuak plan honen tramitazioan emandako txostenetan azaldutakoari jarraikiko zaio.

4. Operadoreek azpiegituren lurralde planak aldatu edo eguneratzeko eskabideen berri emanen diote telekomunikazioen arloko departamentu eskudunari.

Aldaketa horien ondorioz kokaleku berriak sortzen badira, gaurko azpiegituren kokalekua aldatzen bada edo eragin berri handiak agertzen badira, Lurralde Planaren aldaketa gisa tramitatu beharko dira. Gainerako aldaketak, aurreko lerroaldean aipatutako aldaketak sortzen ez dituzten zerbitzu berrien ezarpenak barne, telekomunikazioen arloko departamentu eskudunari aurkeztuko zaizkio, gutxienez hilabete bat lehenago, planaren datu teknikoak kontrolatu eta eguneratzeko.

5. Entitate sustatzaileari ohartaraztea, egin asmo diren instalazioak (ur-ibilbide publikoen polizia eremua, errepideen eragin eremua, mugarri geodesikoak, zortasun aeronautikoak, lurzoru urbanizaezina etab.) ukitu edo baldintzatzen ahal dituzten azpiegitura eta zortasunei dagokienez, kasuan kasuko arloan eskudun diren organoen baimen guztiak eskuratu beharko dituela.

6. Erabaki hau jakinaraztea ondoko udal hauei: Abartzuza, Abaurregaina, Aberin, Ablitas, Oibar, Allinibar, Allo, Altsasu, Ameskoabarren, Andosilla, Antsoain, Anue, Agoitz, Arakil, Aranguren, Arbizu, Artzibar, Arguedas, Armañantzas, Arroitz, Artaxoa, Aiegi, Azagra, Barañain, Barasoain, Barbarin, Bargota, Baztan, Bera, Berbintzana, Berriobeiti, Betelu, Buñuel, Burgi, Burlata, Cabanillas, Cadreita, Caparroso, Carcar, Zarrakaztelu, Cascante, Kaseda, Castejon, Zizur Zendea, Cintruenigo, Zirauki, Zizur Txikia, Corella, Cortes, Desojo, Deikaztelu, Eguesibar, Erroibar, Espartza, Lizarra, Esteribar, Etxarri Aranatz, Ezkabarte, Ezkaroze, Ezporogi, Faltzes, Fitero, Fontellas, Funes, Fustiñana, Garaioa, Goizueta, Goñi, Gorza, Gesalatz, Uharte, Ibargoiti, Igantzi, Irurtzun, Izaba, Ituren, Itza, Jaurrieta, Lana, Larraga, Larraun, Elizagorria, Legarda, Leitza, Lekunberri, Leotz, Lerin, Lesaka, Ledea, Lizoain, Lodosa, Los Arcos, Irunberri, Mañeru, Martzilla, Mendabia, Mendaza, Mendigorria, Milagro, Miranda Arga, Elo, Monteagudo, Murchante, Nabaskoze, Noain-Elortzibar, Obanos, Otsagabia, Olaibar, Erriberri, Olloibar, Oloritz, Oltza, Orkoien, Ororbia, Orotz, Orreaga, Iruña, Azkoien, Petilla de Aragón, Gares, Puiu, Ribaforada, Erronkari, Saldias, San Adrian, San Martin Unx, Zangoza, Santakara, Doneztebe, Sartaguda, Sesma, Sorauren, Tafalla, Tiebas-Muru Artederreta, Tutera, Uharte Arakil, Uxue, Ultzama, Urdazubi, Urrotz, Uterga, Luzaide, Valtierra, Viana, Villafranca, Villamayor de Monjardín, Atarrabia, Deierri, Esa, Zabaltza eta Ziordia; halaber, sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, orobat, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu edo, kasua bada, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Nolanahi ere, Administrazio Publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

7. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzura eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzura, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Informazioaren Gizartea eta Telekomunikazioak Sustatzeko Zerbitzura eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko ekainaren 26an._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: F0611290