91. ALDIZKARIA - 2006ko uztailaren 31

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

METAUTEN

Ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantzaren behin betiko onespena

Metautengo Barrutiko Udalak, 2006ko apirilaren 7an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza.

Onesteko erabakia 2006eko 58. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, maiatzaren 15ean, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legeko 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

EZGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartela ematea arautu gogo du, Europako Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an egin zuen 98/376/CE Gomendioarekin bat, ezgaitasuna dutenek beren ibilgailua aparkatu ahal dezaten, ondotik joan-etorri handirik egin behar izan gabe.

2. artikulua. Baldintzak.

Aparkatzeko txartela eskuratzeko, beharrezkoa da baldintza hauek betetzea:

_Baliaezintasun iraunkorra duten gidariak:

1._Indarra duen gidabaimena eduki beharko du minusbaliatuak.

2._Mugikortasuna murrizten dion minusbaliotasuna izan beharko du, eta alderdi hauek egiaztatu beharko ditu:

A) %33tik goitiko minusbaliotasuna duela egiaztatzen duen ziurtagiria, garraio publiko kolektiboa erabiltzeko ezintasunen bat tarteko dela dioena.

B) Nafarroako Osasun Zerbitzuko behar den departamentuak emandako osasun agiria, minusbaliotasunak modu larrian eragiten diola frogatzen duena, honetarako:

_Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, eskumakila bat edo gehiago, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartua izanik.

_Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, gaitz organiko edo funtzionalen ondorioz.

_Aulki gurpilduna behar izateko bere joan-etorrietan.

_Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta.

_Baliaezintasun iraunkorra duten pertsonen zaintzaileak edo haiekin bizi diren ahaideak:

1._Ahaide bizikideak edo zaintzaileak indarra duen gidabaimena eduki beharko du.

2._Eskatzaileak dokumentazioa aurkeztu beharko du, egiaztatzeko laguntza hartu behar duenarekin famili lotura duela edo zaindu egiten duela eta harekin bizi dela, hala bada.

3._Zainketa hartzen duen ahaideak mugikortasun urria eragiten dion minusbaliotasuna duenean, honako hauek egiaztatu beharko dira:

A) Ehuneko 33tik goitiko minusbaliotasuna egiaztatzen duen ziurtagiria, garraio publiko edo kolektiboa erabiltzeko ezintasunen bat tarteko dela dioena.

B) Nafarroako Osasun Zerbitzuko behar den departamentuak emandako osasun agiria, minusbaliotasunak modu larrian eragiten diola frogatzen duena, honetarako:

_Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, eskumakila bat edo gehiago, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartua izanik.

_Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, gaitz organiko edo funtzionalen ondorioz.

_Aulki gurpilduna behar izateko bere joan-etorrietan.

_Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta.

3. artikulua. Eskariak.

Txartelen eskariak udal bulegoetan eginen dira. Eskabideari bigarren oinarrian zehazten diren egiaztagiriak erantsiko zaizkio, baita bi argazki ere, kolorezkoak eta karnet tamainakoak.

4. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Txartela eskuratzeko aurkezten diren datuak, egiaztagiriak, etab. faltsutzea arau-hauste administratiboa da, baita hura eskuratzea galaraziko luketen datuak ezkutatzea ere.

Orobat, txartelak kontzesio administratiborik gabe erabiltzea edo beste baten txartela erabiltzea.

Faltsutzea egin dutenak eta txartela eskatzen dutenak izanen dira erantzuleak.

Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea abiaraziko da eta, haren ebazpena eman aurretik, interesatuei entzutea emanen zaie betiere. Espedientea Zehapen Ahalmena gauzatzeko Erregelamenduan xedatzen denari jarraituz tramitatuko da.

Metautenen, 2006ko uztailaren 11n._Alkate udalburua, Pedro Jesús Oroquieta Nieva.

Iragarkiaren kodea: L0611924