I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.6. Beste batzuk
1593/2006 EBAZPENA, ekainaren 28koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, Cortesko "Ebroko Korridorea" Logistika eta Garraio Zentroaren udalez gaindiko plan sektorialari buruz ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioa egiten duena. Plan hori Sociedad Centro Logístico y de Transporte del Corredor del Ebro, S.L. (CELTCE, S.L.) sozietateak sustatu du.
Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak ezarritakoaren arabera, udalez gaindiko plan sektorialei ingurumen ebaluazio estrategikoa eta ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioa egin behar zaizkie, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.
Ingurumen ebaluazio estrategikoaren tramitazioari hasiera ematearren, 2005eko ekainaren 30ean sustatzaileak Cortesko "Ebroko Korridorea" Logistika eta Garraio Zentroaren udalez gaindiko plan sektoriala aurkeztu zuen, eta 2005eko abuztuaren 11n, berriz, planak ingurumenaren gainean duen eraginaren azterlana aurkeztu zen, espedientean sartzeko.
Planaren laburpena eta ingurumenari eraginen dioten ekintzen azalpena ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazio honen I. eranskinean jaso dira. Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean (hori ere I. eranskinean laburturik ageri da) planak ingurumenaren gainean izanen dituen eraginik nabarmenenak aztertzen dira eta neurri zuzentzaile batzuk ezartzen ingurumenean kalte nabarmenik ez eragiteko.
Nafarroako Gobernuak 2006ko apirilaren 3an hartutako erabakiaren bidez (2006ko 50. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua, apirilaren 26an), Cortesko "Ebroko Korridorea" Logistika eta Garraio Zentroaren proiektua udalez gaindiko plan sektorial deklaratu zen eta jendaurrean jarri, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen ondorioetarako eta Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Erabaki horretan Gobernuak adierazi zuen, udalez gaindiko plan sektoriala onesteko baldintza gisa, zorrotz bete behar zirela zenbait neurri, besteak beste, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak 2005eko urriaren 3an emandako txostenean azaltzen zirenak. Neurri horiek ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazio honen I. eranskinean jaso dira.
Jendaurreko epean alegazio idazki bat jaso zen, Cortesko Udalak aurkeztua. Idazki horretan planaren inguruko kontu batzuk azaltzen dira. Ingurumen edukiari buruz hauxe adierazten da: udalez gaindiko plan sektorialeko memorian aipatzen diren ingurumen arloko arauak (Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuei buruzko 1961eko azaroaren 30eko Erregelamendua, Ingurumena babesteko jarduera sailkatuen kontrolari buruzko azaroaren 5eko 16/1989 Foru Legea, eta lege hori garatzeko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 32/1990 Foru Dekretua) jada indargabetuta daude Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Arauaren bidez, eta akats hori konpondu behar da, "ingurumen arloan indarra duen araudia aplikatuko da" esaldia jarriz.
Udalez gaindiko plan sektorialaren deklarazioa eta aurkeztutako alegazioak ikusirik, jendaurreko epea amaitu ondoren, 2006ko maiatzaren 25ean, CELTCE, S.L.k informazio osagarria aurkeztu zuen eta Cortesko "Ebroko Korridorea" Logistika eta Garraio Zentroaren udalez gaindiko proiektu sektorialaren testu bategina aurkeztu, hasierako agirian zenbait egokitzapen egiteko; horrela, gainera, erantzuna eman zien aipatutako alegazioei.
Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuaren txostenak dioenez, UPSren garapenean, sustatzaileak aurkeztu duen dokumentazioan ageri diren zuzenketa neurri guztiak hartzeaz gain, ebazpen honetan ezarritako baldintzak bete behar dira. Txosten horretan, ingurumenaren aldetik ontzat ematen dira Celtce, S.L.k Nafarroako Gobernuaren erabakiari (Nafarroako Gobernuaren 2006ko apirilaren 3ko Erabakia) eta Cortesko Udalaren alegazioari erantzunez aurkeztutako argibideak.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez nire esku utzi dituen ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazio hau egitea: ingurumenaren aldetik egokia da onestea Cortesko "Ebroko Korridorea" Logistika eta Garraio Zentroaren udalez gaindiko plan sektoriala, Sociedad Centro Logístico y de Transporte del corredor del Ebro, S.L.k (CELTCE, S.L.) sozietateak sustatu duena. Espedientean ageri diren zuzenketa neurriez gain honako baldintza hauek bete behar dira:
_Tramitatzen ari den udalez gaindiko plan sektorialari ingurumen ebaluazio estrategikoa egin bazaio ere, zentroan eginen diren jardueretako bakoitzak dagokion administrazio baimena jaso behar du, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen arabera.
_Zentro berrian argindarraren konexioa egiteko linea elektrikoaren proiektua bereiz tramitatu behar da, ingurumenaren gaineko eraginaren deklaraziotik kanpo, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat. Linea berrirako proposatu den trazadura egokia da.
_Euri uren sarean bilduko den ura kudeatzeko proiektua eginen da. Ura drainatzen duten eremuen deskripzioa eta kokapena ere sartuko dira proiektu horretan, eta Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari igorriko zaio, txostena eman dezan. Hautaturiko irtenbidearen aldeko arrazoiak azalduko dira.
_Sustatzaileak Vianako Printzea Erakundea-Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalak 2005eko irailaren 26ko txostenean azaldutako prebentzio neurriak hartu behar ditu. Bereziki, 4. aztarnategi arkeologikoa ez dela ukituko bermatzeko neurriak hartuko ditu.
2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
3. Ebazpen hau Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Cortesko Udalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak sor ditzan.
Iruñean, 2006ko ekainaren 28an._Ingurumen zuzendari nagusia, Juan José Grau Las Heras.
I. ERANSKINA
Udalez gaindiko proiektu sektorialaren deskripzioa
Logistika eta Garraio Zerbitzuen Zentroaren (LGZZ) UPSren eremuak 80 bat hektarea izanen ditu, eta nahiko errektangeluarra izanen da. Cortesko udalerrian ezarriko da, Iruña-Zaragoza errepideko 113. kilometroan (hirigunetik 3 bat kilometrora lerro zuzenean), bidearen ezkerraldean, hau da, errepide horren eta Zaragoza-Castejón trenbidearen artean. AP-68 errepiderako hurbileneko sarrera 10 km-ra dago, LGZZren hegoaldean (Gallurko lotunea).
Zentroa ezarriko den eremua gaur egun nekazaritzakoa da: batez ere zereal soro ureztatuak. Lurzatiak berrantolatzen eta ur erretenak hobetzen ari dira. Indarreko hirigintzako sailkapena hauxe da: lurzoru urbanizaezina, nekazaritza-produktibitate handikoa.
Ur erretenetako batek LGZZren eremua zeharkatzen du, hain zuzen ere bertan eginen diren zeharkako berdeguneetako batean barna. Beste biak LGZZren alboetatik abiatzen dira; poligonoko euri ur guztia biltzeko toki egokietan izanen dira.
LGZZk mota honetako zentroen ohiko instalazioak edukiko ditu: zamak zatitzeko eta finkatzeko nabeak, kamioiak aparkatzeko eremuak, gasolindegia, zentro eragilea eta zerbitzugunea (bulegoak, ostalaritza eta jatetxeak, komunak, dendak...). Instalazio horiek antolatuta eraikiko dira, eta kalitate-estandarrekin bat etorriz.
Oinarrizko datuak:
_Logistikaren eta garraio zerbitzuen eremua (nabeak): 369.795 m².
_Zentro eragilea eta zerbitzugunea (ibilgailu arinentzako aparkalekuarekin): 81.284 m².
_Kamioientzako aparkalekua eta hornitegia: 59.128 m².
_Berdeguneak: 84.310 m².
_Erabilera anitzeko ekipamendua: 32.288 m².
_Bideak, bideetako aparkalekuak eta denetariko eremuak: 174.753 m².
_Guztira: 801.558 m².
Aparkatzeko plazak. Proiektuak proposatzen dituen 82 plazak.
Zerbitzu konexioak.
a) Edateko ura. Edateko ura Cortesko ur biltegi nagusitik hartuko da 2.500 metro inguruko hodi baten bidez. Hodi horrek eraikiko den lotune berria, LGZZko sarbidea, izanen den tokian zeharkatuko du N-232 errepidea.
b) Saneamendua. Urak bereizteko sarea diseinatu da. Ur beltzak, LGZZren poligonoko kutxeta batetik ponpatu ondoren, hilerriko sarrera nagusiaren ondoan dagoen kutxeta batera isuriko dira. Kutxeta honetan bertan bilduko da, halaber, Nasuinsa sustatzen ari den industrialdetik isuriko den ura.
Euri urak hiru huste-erreten naturalen bidez isuriko dira eta ura Mugako ubidera helduko da.
c) Energia elektrikoa. Proposamenean Iberdrolak energia elektrikoaren hornidura egokia bermatzeko egin beharreko lanak azaldu dira: 11 km-ko tartean linea guztiak aldatu; Cortesko bi transformadoreak aldatu handiagoak jartzeko; bi etengailu-posizio berri eta linea berria Cortesko TEAtik LGZZraino.
d) Telefonia. Konexioa eginen da orain errepidearekiko paralelo dagoen zuntz optikozko telefonia linea batekin.
e) Gasa. Goi presioko gasbide batek (Malléngo adarra) diagonalean zeharkatzen du LGZZren eremua; LGZZren diseinuaren arabera erabilera publikoko guneetan txertatuko da.
Dokumentazioari erantsi zaion ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana laburra da eta ohiko ordena metodologikoari jarraitzen dio. Zuzenketa neurri hauek ezartzen ditu:
a) Ureztatzeko erreten sarea lehengoratuko da, eta orain dituen irteera berak eginen dira.
b) Hondakin uren kolektorearen proiektua Vianako Printzea Erakundeari igorriko zaio, 4. aztarnategi arkeologikoan eragina izan dezakeelako, eta haren jarraibideen arabera jokatuko da.
Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak 2005eko urriaren 3an emandako txostena, udalez gaindiko plan sektorialaren deklarazioaren aurrekoa.
Zentroa eginen den aldeak ez du ingurumen balio berezirik, eta proposamenak, oro har, ez diola modu nabarmenean eraginen ingurumenari. UPSko dokumentazioan prebentzio eta zuzenketa neurri orokorrak ezarri dira. Orain tramitatzen ari den agiriaren zehaztasun maila kontuan izanik, adierazi beharra dago berariazko zuzenketa neurriak geroko agirietan garatu behar direla. Hala ere, baldintza hauek bete beharko dira:
_Zentroko instalazioetan guztira sortuko diren hondakin uren emaria eta haien kutsadura-zama kalkulatu behar dira, zenbatespenez, Cortesko HUAk behar bezala tratatzeko gaitasuna duenez erabakitzeko.
_Euri urei dagokienez, proiektatzen den soluzioan euri ura iragazten duten egiturak eta materialak erabili behar dira, ahal dela landaretzadunak, zentroak ahalik gutxien alda dezan inguruko hidrologia.
_Gainera, on izanen litzateke proiektuan euri urak bildu eta berdeguneak ureztatzeko erabiltzeko modua ezarriko balitz.
_Nolanahi ere, ezartzen den soluzioak eragotzi egin behar du euri urak gainazal iragazgaitzetatik (zoladurak eta kamioiak aparkatzeko guneak, batez ere) arrastatzen dituen materialek eta gaiek ingurumena kutsatzea.
_Euri jasa handien ondorioz lurrak eta azpiegiturak uholdeen eraginpean geratzeko arriskuan ez izatea lortu behar da.
_Hondakin uren kolektorea eginen da, industrialdeko egungo kolektorearekin bat eginen duena, eta 4. aztarnategitik hurbil pasatuko da. Kontu horri dagokionez, Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalak xedatzen duena beteko da; horixe adierazten du proiektu sektorialari erantsitako ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanak, zuzenketa neurrien proposamenean.
Iragarkiaren kodea: F0611259