91. ALDIZKARIA - 2006ko uztailaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

1581/2006 EBAZPENA, ekainaren 27koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, Azagrako udalerriko Argadiel ureztapen eremua handitzeko proiektuari buruz ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioa egiten duena. Proiektua Argadielgo Ureztatzaileen Elkarteak sustatu du.

Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak ezartzen duenaren arabera, ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioa egin behar da, xedapen horietako eranskinetan ageri diren obra, instalazio edo jarduerak egin edo baimentzeko administrazio ebazpena eman aurretik. Zehazki, hemen tramitatzen ari den jarduera 3C eranskineko D.1 epigrafean sailkatuta dago.

Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio prozedurari hasiera ematearren, "Argadiel" ureztatzaileen sindikatuak, 2005eko azaroaren 17an, goian aipatutako proiektuak ingurumenaren gainean duen eraginaren azterlana aurkeztu zuen.

2005eko abenduaren 20an sustatzaileari errekerimendua egin zitzaion ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana osatzeko, xehetasun hauek gehituz: ondasun ekologiko eta kultural aipagarrien mapa, azalerekin eta zaindu beharreko elementu puntual nahiz linealekin (heskaiak, ezpondak, zuhaitz ale solteak, zuhaixka multzoak); egin beharreko obren azalpen zehatza eta horien kokapena, gutxienez 1:5.000 eskalako planoetan; ureztatze proiektuaren garrantziaren araberako neurri zuzentzaileak; hondakindegien kokapena; Vianako Printzea Erakundeak inguruan izan litezkeen aztarnategi edo aurkikuntzei buruz egindako txosten arkeologikoa. Azkenik, instalazio elektrikorako sistema berriaren aurreproiektua.

2006ko urtarrilaren 19an ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanaren eranskin berri bat jaso zen. Eranskin horretan, eskatutako alderdiak eta Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalaren txostena bildu ziren; hortaz, espedientea osatuta geratu zen.

Proiektuaren laburpena eta ingurumenean eragina izanen duten lanen azalpena eraginaren deklarazio honen I. eranskinean jaso dira. Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean eta haren 1. eranskinean, proiektuak ingurumenaren gainean izanen dituen eraginik nabarmenenak egokiro aztertzen dira eta neurri zuzentzaile batzuk ezartzen ingurumenean kalte nabarmenik ez eragiteko.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak otsailaren 8an emandako 55/2006 Ebazpenaren bidez ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana jendaurrean jarri zen hogeita hamar egun baliodunetarako. Ebazpen hori 2006ko 34. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, martxoaren 20koan hain zuzen. Jendaurreko aldian ez zen alegaziorik aurkeztu.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez nire esku utzi dituen eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioa egitea Azagrako udalerriko Argadiel ureztapen eremua handitzeko proiektuari eta haren 1. eranskinari buruz. Proiektua "Argadiel" ureztatzaileen sindikatuak sustatu du. Ingurumenaren aldetik bideragarria da, eta honako baldintza hauek bete behar ditu, ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean azaltzen diren neurriez gain:

_Paisaiaren gaineko eragina ahalik txikiena izan dadin, ur biltegia eraiki ordez egokiagoa da putzua egitea. Putzuaren ertzeko kotarik garaienak ez du gainditu behar inguruko lur naturalaren sestra. Beste alde batetik, animaliak uretara erori eta ito ez daitezen, putzu horretan neurri hauek hartuko dira:

.Putzuaren inguruan jarriko den itxitura-sarearen barnealdetik, 50 cm-ko altueraraino gutxienez, gainean beste sare bat jarriko da, itxiagoa (1,0 cm-ko tarteak). Ziurtatu eginen da sare hori lurrari ongi josita dagoela eta ezin izanen dela zulorik ireki. Itxiturak goiko aldean ez du txarrantxarik izanen, hegaztiak harrapatuta gera ez daitezen.

.Putzuaren hormetan, PVCzko estalduraren gainean, plastikozko sarea jarriko da, jarraitua edo tartekakoa, gutxienez azalera osoaren bi heren estaltzen dituena. Ertzean finkatu eta hondoan ainguratuko da. Animaliaren bat itxitura gainditu eta putzura erortzen bada sare horri helduta irten ahal izanen da. Sarearen ordez zuhaixken adar sortak edo mahastietako inausketako hondarrak jarri ahal izanen dira.

.Putzuaren ertzetik itxituraraino 1 m-ko tartea utziko da gutxienez, barrutira sartzen diren hegaztiek hegan irteteko tokia izan dezaten. Gainera, hesiaren eta putzuaren artean hegaztientzako kokagunea jarriko da, 80 cm garai.

_Paisaiaren gaineko eragina konpentsatu eta zuzentzeko neurri hau proposatzen da: belar eta zuhaixka espezieak ereitea Azagrako 5. poligonoko 175. lurzatian irekitako kalean, Los Forcos alderdian, La Arzagosa alderdiko bidetik putzu berriraino.

_Obrak amaitutakoan ingurua ongi garbituko da eta obrako instalazioak erabat deuseztatuko dira. Proiektuaren eraginpeko eremuan obraren aztarna guztiak ezabatuko dira. Bereziki, azalera atera diren harriak hondakindegi kontrolatura eramanen dira edo lekuan bertan lurperatuko dira.

_Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkeologikoaren Bulegoak emandako jarraibideei eutsiko zaie, batez ere La Arzagosako aztarnategi arkeologikoa babestea helburu duten horiei.

_Lehengoratze plana beteko dela bermatu beharko da, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 69. artikuluan ezarritakoarekin bat. Hortaz, 750 euroko fidantza jarriko da, baimendutako jarduerak eragin ditzakeen kalteak konpondu edo arinduko direla bermatzeko.

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 40. artikuluan ezarririkoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Azagrako Udalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2006ko ekainaren 27an._Ingurumen zuzendari nagusia, Juan José Grau Las Heras.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Argadiel ureztapen eremua handitzeko proiektuak La Plana eta Arzagosa alderdiak ukituko ditu, 200 hektareako eremuan. Gaur egun uholdeka ureztatzen den eremuaren iparraldera dagoen aldea hartuko da. Ez dago emaria handitu beharrik. Handitze proiektuak ukituko duen aldean tantaka eta aspertsioz ureztatu izan da, baina Argadiel aldea baino gorago dago eta ureztatze-ahoetan presio handiagoa behar da.

Obretan ondoko instalazioak eginen dira:

_Ponpaketa multzoa. Argadielgo ureztatzaileen elkartearen egungo instalazioetan bi ponpa bertikal instalatuko dira 60 ZP-ko motor banarekin; 8 m-ko zutabe-luzera izanen dute.

_Iragazketa burua. Hareazko eta sarezko 4 iragazki jarriko dira. Gainera kolektore bat eginen da, garbiketa-ura Ebro ibaira husteko.

_Bulkatzeko hoditeria. Hoditeria hau segundoko 66 litro ur 1 m/s-ko abiaduran bideratzeko kalkulatuta dago. 3.555 m-ko luzera du eta PVCzkoa da osorik. 315 mm-ko diametroa du. Hoditeria zanga baten barnetik doa. Zangak 0,60 m-ko zabalera du hondoan, 1/5eko ezpondak eta 1,10 metroko sakonera. Hoditeria alor eta auzobideetan zehar doa. Biltegiraino igotzen den hoditeriak NA-134 errepidea eta oliobidea zeharkatzen ditu. Bulkatzeko hodiek lehendik dauden ureztatze hodiekin bat eginen dute.

_Biltegi erregulatzailea. Biltegia Los Forcos alderdian eraikiko da, lurra berdindu ondoren. Zabalgunearen gainean garbitasunerako hormigoizko zolata jarriko da, 30 cm lodi. Biltegiak 10,30 metroko erradioa izanen du. Altzairu galbanizatuzko xafla uhinduez osatuko da. Haren garaiera erabilgarria 3,00 m izanen da, eta 15.000 m³-ko edukiera izanen du. Instalazio horren ondoan beste instalazio osagarri batzuk eginen dira (gainezkabideak, hustubideak etab.).

_Goi tentsioko eta behe tentsioko instalazio elektrikoak. Lehendik dagoen linearen amaierako euskarritik adar bat jarriko da transformazio zentro aurrefabrikaturaino, ebakigailu sorta batekin. Behe tentsioko instalazio elektrikoei dagokienez, motor bakoitzean abiarazgailu estatiko bat eta babes eta segurtasun elementu egokiak instalatuko dira.

Deskribapenaren laburpena eta aurreikusten ahal diren eraginen balorazioa

Eraikiko diren instalazioek ingurune fisikoan izan ditzaketen eraginak aztertzen dira atal honetan. Biltegiak eta bertaraino ura eramanen duen hodiak izanen dute eraginik handiena ingurumenean. Izan ere, instalazio horiek sastrakadi mediterraneo naturalez jantzitako lurretan eginen dira. Gainerako instalazioak, edo lehendik dauden beste batzuen gainean eginen dira, edo alorretan eta landabideetan soilik izanen dute eragina.

"Azagrako udalerriko Argadiel ureztapen eremua handitzeko proiektuak ingurumenaren gainean duen eraginaren azterlana" izeneko agirian eta haren 1. eranskinean jaso diren prebentzio eta zuzenketa neurriak aski dira ingurumen balioen kontserbazioa eta obren burutzapena bateragarriak izan daitezen.

Ez da ingurumena zaintzeko planik aurkeztu.

Ondare Historikoaren Zerbitzuak egindako txostena erantsi da. Bertan ematen diren jarraibideak kontuan hartu behar dira proiektuko obrak egin bitartean; batez ere, La Arzagosako aztarnategi arkeologikoaren gaineko eragina ekiditeko neurriak hartu behar dira.

Iragarkiaren kodea: F0611258