88. ALDIZKARIA - 2006ko uztailaren 24a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

196/2006 EBAZPENA, ekainaren 15ekoa, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak emana, Ardoi AEBk sustaturiko Gazolazko "Zizur Nagusiko Ardoi sektorearen urbanizazioa" obrako lurrak kudeatzeko ingurumeneko eraginetarako baimena ukatzen duena.

Aipatutako espedientea 2006ko apiriaren 20an sartu zen Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan. Proiektua Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legearen 2.C eranskineko O) atalean sarturik dago. Beraz, ingurumeneko eraginetarako baimena behar du.

Foru lege horren 28. artikuluaren arabera, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Ingurumeneko Eraginetarako Baimena eman edo ukatzeko ebazpena emanen du, arrazoituta, eskaria aurkeztu eta lau hilabeteko epean. Ildo horretan, hirigintza eta ingurumenaren arloko honako argudioak aurkeztu dira:

_Ardoi sektoretik ateratako lurrak kudeatzeko, baimendurik dago inguruan leku bat horretarako aski dela jotzen dena.

_Eskualdean laster egin nahi diren beste jarduketa batzuk azterturik, oraingo honekin sor litekeen eragin metatua hartu da kontuan, batez ere drainaketa sarean izango lukeena.

_Arga alderanzko drainaketa-sareak korridore ekologiko bati euskarri fisikoa eta ingurumen babesa eman behar dizkio, zeinak lotura emanen baitie Zendeako esparru horretan banatzen diren habitatei, Erreniega Mendialdearen iparraldeko unitatearen zati gisa.

_La Legua izeneko errekak, eta zehazki La Playa izeneko tokian, zeina bertan bukatzen diren bi ur-lasterren artean kokatua baita, naturaltasun handi samarreko landaredia du ur bazterretan, aipatutako sare guztia kontuan hartzen bada.

_Etengabeko idorketa duten lurzoru alubialei loturiko habitat linealak bakanak dira bai egiturarengatik eta bai betetzen dituzten eginkizunengatik. Babestu beharreko gunetzat hartu beahr dira; izan ere, behin maila freatikoa aldatuz gero, lehengoratzeak huts egin ohi baitu.

_Alorren artean gelditzen diren naturgune bakanek baliagarri izan behar dute natura lehengoratzeko esparru gisa (berezko lehengoratzea), aldameneko esparru zabalagoetara hedatzeko.

4/2005 Foru Lege horren 25.2 artikuluak ezartzen du Ingurumeneko Eraginetarako Baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ardoi AEBk sustaturiko Gazolazko "Zizur Nagusiko Ardoi sektorearen urbanizazioa" obrako lurrak kudeatzeko ingurumeneko eraginetarako baimena ukatzea.

2. Ebazpen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura).

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta interesa dutenek, administrazioek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

4. Ebazpen hau igortzea Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, sustatzaileari, Ingurumen Zaintzari, Zizurko Udalari eta Gazolazko kontzejuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko ekainaren 15ean._Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0610617