I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.6. Beste batzuk
ERABAKIA, 2006ko ekainaren 8koa, Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordeak emana, batzorde horren Funtzionamenduaren Erregelamendua onesten duena.
Politika publikoak eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzeari buruzko abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legeak, 23.1. artikuluaren bidez, Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordea sortu zuen, Nafarroako Foru Komunitateko organo kolegiatu gisa, Nafarroako administrazio publikoen politika publikoak eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzeaz arduratzeko Nafarroan. Artikulu bereko 2. eta 3. puntuetan foru batzorde horren osaera eta berariazko eginkizunak arautzen dira.
Foru batzordeak foru lege horrek ematen dizkion eginkizunak bete ahal izateko, beharrezkoa da dagokion funtzionamenduaren erregelamendua egitea, organo kolegiatuei aplikatzeko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritako legezko xedapenen esparruaren barruan.
Horrenbestez, foru batzordeburuak proposaturik, batzordeak, ekainaren 8an egindako osoko bilkuran,
ERABAKI DU:
1. Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordearen Funtzionamenduaren Erregelamendua onestea. Erregelamendua eranskinean ageri da.
2. Erabaki hau eta Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordearen Funtzionamenduaren Erregelamendua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2006ko ekainaren 8an._Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru batzordeburua, Javier Caballero Martínez.
ERANSKINA
Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordearen Funtzionamenduaren Erregelamendua
I. TITULUA
Foru batzordearen funtzionamendua
I. KAPITULUA
Bilkuren araubidea
1. artikulua. Bilkuren maiztasuna.
1._Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordea (hemendik aurrera foru batzordea) gutxienez sei hilabetetik behin bilduko da bilkura arruntean; bilkura bereziak batzordeburuak horretarako deialdia egiten duenean edo gutxienez batzordekideen heren batek eskaturik eginen dira.
2._Dena den, deialdirik egin ez bada ere, foru batzordearen bilkura berezia modu baliozkoan eratutzat hartuko da batzordekide guztiak bildurik, eztabaidatu eta erabakiak hartzea erabakitzen baldin badute aho batez.
2. artikulua. Deialdia.
Deialdiak idazkariak eginen ditu, batzordeburuaren aginduei jarraikiz, idatziz eta gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago, eta haiekin batera eguneko gai-zerrenda eta erabakiak hartzeko bidezkotzat jotzen den dokumentazioa emanen da.
3. artikulua. Foru batzordea eratzeko quoruma.
1._Foru batzordea lehenbibiko diealdian modu baliozkoan eratuko da, eta, hortaz, erabakiak hartzen ahalko ditu, batzordeburua eta idazkaria edo, hala behar izanez gero, haien ordezkoak eta batzordekideen erdia bertan badaude.
2._Bigarren deialdia lehenengotik ordu erdira eginen da automatikoki, eta horretan erabakiak hartu ahal izateko beharrezkoa izanen da gutxienez batzordeburua edo haren ordezkoa eta batzordekideen heren bat bertan egotea.
II. KAPITULUA
Erabakiak nola hartu
4. artikulua. Erabakiak nola hartzen diren.
1. Erabakiak bilkuran dauden kideen gehiengo soilaz hartuko dira.
2. Berdinketak batzordeburuaren botoaren bidez hautsiko dira.
5. artikulua. Aktak.
1._Idazkariak foru batzordearen bilkura bakoitzaren akta eginen du, eta bertan azalduko nor bertaratu den, zer gai jorratu diren eta zer erabaki hartu diren.
2._Foru batzordekideren batek eskatuz gero, aktan, halaber, hartu den erabakiaren kontrako botoa edo abstentzioa ere jasoko da, eta bai haren arrazoia ere, edo aldeko boto baten azalpena ere.
3._Edozein kidek zilegi izanen du, halaber, bere mintzaldi edo proposamena osorik transkribatzeko eskatzea, baldin eta bertan edo organoko buruak jartzen duen epean aurkezten badu bere mintzaldia hertsiki islatzen duen testua, eta hala jasoko da aktan edo, bestela, haren kopia erantsiko da.
4._Gehiengoaren erabakiarekin bat etortzen ez diren kideek zilegi izanen dute boto partikularrak egitea idatziz, batzordeburuak ezartzen duen epearen barrenean. Boto partikularra onartutako testuan jasoko da.
5._Aktak dagokien bikuran edo hurrengoan onetsiko dira, eta zilegi izanen da, hala ere, idazkariak ziurtagiria ematea hartutako erabakien gainean akta ondoren onestea ezertan galarazi gabe.
II. TITULUA
Ebaluazio Batzordearen kideak eta eginkizunak
1. KAPITULUA
Batzordeburua
6. artikulua. Batzordeburuaren eginkizunak.
1._Batzordeburuaren eginkizunak dira:
a) Foru batzordearen ordezkaria izatea.
b) Bilkura arrunt eta berezien deialdia egitea eta eguneko gai-zerrenda finkatzea.
c) Bilkuretan buru aritzea, eztabaidak hotsematea eta hala behar denean eztabaidak etetea.
d) Legeak bete daitezen segurtatzea.
e) Foru batzordearen aktak eta ziurtagiriak bisatzea.
f) Bere botoarekin berdinketak desegitea, erabakiak hartu ahal izateko.
g) Foru batzordeko burua den aldetik, dagozkion gainerako eginkizunak.
2._Batzordeburuaren kargua hutsik dagoenean, kanpoan edo eri dagoenean eta justifikatutako gainerako kasuetan, haren ordez foru batzordeko beste kide bat arituko da, hots, Foru Komunitateko Administrazioko kidea izanik, hierarkia, antzinatasun eta adin handiagoa duena, ordena horri segituz. Hierarkia eta antzinatasuna foru batzordeari buruzkoak dira.
2. KAPITULUA
Batzordekideak
7. artikulua. Batzordekideen ahalmenak eta eginkizunak.
1._Foru batzordekideei dagokie:
a) Bilkuren deialdia jasotzea, gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago. Deialdiarekin batera eguneko gai-zerrenda eta erabakiak hartzeko bidezkotzat jotzen den dokumentazioa emanen zaio.
b) Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.
c) Boto eskubidea erabiltzea eta boto partikularra ematea, bai eta botoaren zentzua eta haren arrazoiak azaltzea ere. Foru batzordean Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langile edo agintari gisa aritzen diren kideek ezin izanen dute bozketetan abstentzioa egin.
d) Galderak eta eskaerak egitea.
e) Esleituak dituzten eginkizunak betetzeko behar den informazioa lortzea.
f) Karguari dagozkion gainerako eginkizunak.
3. KAPITULUA
Idazkaria
8. artikulua. Idazkariaren eginkizunak.
1._Idazkariaren egitekoak dira:
a) Bilkuretara joatea, boto eskubidea eta hizpidea dituela.
b) Batzordearen bilkuretarako deialdia egitea, batzordeburuak hala aginduta, eta batzordekideentzako zitazioak egitea.
c) Foru batzordekideen komunikazio egintzak jasotzea, hau da, jakinarazpenak, datu eskaerak, ziurtagiriak edo hark ezagutu behar dituen beste idazki guztiak.
d) Arazoak ebazteko prestatzea, bilkuretako aktak idatzi eta autorizatzea.
e) Onetsi diren kontsulta, irizpen eta erabakien ziurtagiriak ematea.
f) Foru batzordeburuari bilkuretan laguntza eman, hark ematen dizkion eginkizunak bete eta foru batzordearen ardura diren aferei buruzko Zuzenbidezko txostenak egitea, bere ekimenez nahiz batzordeburuak eskaturik.
g) Idazkari den aldetik dagozkionak.
2._Idazkari postua hutsik dagoenean, kanpoan edo eri dagoenean eta justifikatutako gainerako kasuetan, idazkariaren ordez beste kide bat arituko da, hots, Foru Komunitateko Administrazioko edo beste administrazio publiko bateko kidea izanik, hierarkiarik, antzinatasunik edo adinik txikiena duena, ordena horri segituz. Hierarkia eta antzinatasuna foru batzordeari buruzkoak dira.
III. TITULUA
Urteko memoria
9. artikulua. Urteko memoria
Foru batzordeak urtean egindako jarduerei buruzko memoria bat prestatuko du. Batzordeak memoria onetsi eta Nafarroako Gobernuari igorriko dio batzordeburuaren bitartez.
Iragarkiaren kodea: F0610892