Iragarkia
88. ALDIZKARIA - 2006ko uztailaren 24a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak
483/2006 EBAZPENA, ekainaren 7koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko zuzendari nagusiak emana, Tuterako "Cespa, S.A." (kaleen garbiketa) enpresaren lan hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 61/2006).
Ikusirik Tuterako "Cespa, S.A." (kaleen garbiketa) enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua (espediente zenbakia: 61/2006), negoziazio batzordeak sinatua.
Gertakariak:
1. Departamentu honetan 2006ko maiatzaren 24an sartu da aipatu enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua, 47 artikuluz, xedapen gehigarri batez eta eranskin batez (2005eko eta 2006ko lansarien taula) osatua, enpresaren ordezkaritzak eta langileen delegatuak (ELA-STV) 2006ko maiatzaren 18an izenpetu eta onetsia.
2. Espediente honen izapideak egitean, aplikatu beharreko lege eta erregelamenduen manuak bete dira.
Zuzenbideko oinarriak:
1. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak bere esku du lan hitzarmen kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzea, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan ezarrita dagoen bezala eta Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuarekin bat, baita irailaren 23ko 334/1996 Foru Dekretuarekin ere, departamentu honi Estatutik transferitutako lan zerbitzuak esleitzen dizkionarekin, alegia.
2. Maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuaren bigarren artikuluak agintzen du Langileen Estatutuaren III. Tituluan ezarritakoaren arabera egindako hitzarmenak hitzarmen kolektiboen erregistroan inskribatu behar direla.
3. Hitzarmen kolektiboak gordetzea, erregistratu ondoren, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren eskumena da, zuzenbideko oinarrietako lehenbizikoan aipatutako manuen arabera.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluaren bidez eman dizkidaten eskurantzak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Tuterako "Cespa, S.A." (kaleen garbiketa) enpresaren lan hitzarmen kolektiboa (kodea: 3108551) erregistratzea, Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea.
2. Ebazpen hau Hitzarmenen Erregistrora bidaltzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
3. Ebazpen honen berri ematea negoziazio batzordeari eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea agortzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal duela Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2006ko ekainaren 7an._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.
CESPA, S.A. ENPRESAREN ETA TUTERAKO (NAFARROA) KALEEN GARBIKETA ZERBITZUAN DIHARDUTEN LANGILEEN ARTEKO HITZARMENA
I. KAPITULUA
Arau orokorrak
1. artikulua. Aplikazio eremua.
Hitzarmen kolektibo honek Cespa, S.A. enpresaren eta Tuterako (Nafarroa) kaleen garbiketan diharduten langileen arteko harremanak arautuko ditu.
2. artikulua. Indarraldia eta luzamendua.
Hitzarmen hau 2005eko ekainaren 1etik 2008ko abenduaren 31 bitarte izanen da indarrean.
Hitzarmenak sinatzen den egunean hartuko du indarra. Hala ere, ondorio ekonomikoak 2005eko ekainaren 1etik aplikatuko dira (berariaz itundutako kasuetan izan ezik), Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko data edozein izanda ere.
Hitzarmenaren amaiera 2008. urteko urriaren 1etik aurrera iragarriko da, eta egun horretatik aurrera has daiteke 2009. urterako eta hurrengoetarako hitzarmena negoziatzen (indarrean jarraituko du berri batek ordezkatzen duen arte).
3. artikulua. Hitzarmenaren batasuna.
Itundutako baldintzek multzo organiko eta zatiezina osatzen dute eta aplikazio praktikoaren ondorioetarako denak batean eta osorik hartuko dira, betiere langile bakoitza bere kategorian aipatuz. Hitzarmen hau guztiz baliogabe geldituko litzateke eta inolako eraginik gabe, erakunde indardunek klausularen bat aplikaezina dela deklaratu edo hitzarmena inpugnatuko balute.
Hitzarmena onetsi eta sinatu da prestazioak eta kontraprestazioak beren osotasunean hartuta, bai eta bere testu artikulatuan ezarritako baldintza guztiak ere.
4. artikulua. Irenspena eta konpentsazioa.
Itundutako baldintzak osorik konpentsatzen ahal dira lehendik ezarritako baldintzekin, ondokoek aginduta: legeak, jurisprudentziak, administrazioarekiko auzi arloak, era guztietako hitzarmen kolektiboek, banakako kontratuek, tokiko, eskualdeko, autonomietako usadio eta ohiturek edo bestelako aginduek.
Geroan ordainsari guztietan edo batzuetan aldaketak dakartzaten xedapenek eraginkortasun praktikoa izanen dute baldin eta, osorik hartuz eta hitzarmenaren aurretik izandako loturekin batuz, honen mailatik goitikoak badira; horrela izan ezik irentsitzat joko dira.
5. artikulua. Berme pertsonalak.
Kobrantzaren ikuspegitik eta osotasunean hartuta, urteko konputuan hitzarmen kolektibo honetan finkatutakoak baino hobeak diren egoera pertsonalak "ad personam" berme gisa errespetatuko dira.
6. artikulua. Interpretazio eta jarraipenerako batzorde paritarioa.
Hitzarmenaren batzorde paritarioa hitzarmenaren aplikazioan interpretazio, adiskidetze, arbitraje eta zaintzarako organoa izanen da.
Batzordea enpresako ordezkariek eta enpresa batzordeko edo langileen ordezkariek osatuko dute, erdi eta erdi. Langileriaren ordezkarien aldetik enpresa batzordean edo langileen ordezkarien artean ordezkaritza duten sindikatuek kide bana izanen dute. Alde bakoitzak, gehienez ere, hiru ordezkari izanen ditu. Denek hitzarmen kolektibo honen negoziazio batzordeko eta sinatzaile izan beharko dute, edo unean uneko legezko ordezkaritzako kide.
Aldeek hitzartu dute batzorde horrek aztertuko dituela hitzarmen kolektibo hau interpretatu edo aplikatzean sor daitezkeen zalantzak edo desadostasunak, administrazioarekiko auzietako salan edo administrazioan erreklamazioa aurkeztu aurretik eta gatazka kolektibora edo grebara jo baino lehen.
Batzordeak eginkizun hauek ditu:
a) Hitzarmenaren klausula guztien aplikazioa interpretatzea.
b) Itundutakoa betetzen den zaintzea.
c) Hitzarmen hau indarrean jarri ondoren haren edukian eragina izan dezakeen legezko xedapenik aldarrikatzen bada, aztertzea eta baloratzea.
d) Hitzarmen kolektiboaren eraginkortasun praktikoa hobetzen duten beste jarduera guztiak, eta testuan horrela ezarria badago.
e) Erabakiak hartzeko batzorde paritarioaren ordezkaritza bakoitzeko kideen gehiengoaren aldeko botoa beharko da.
f) Batzorde paritarioa alderdietako edozeinek eskatuta bilduko da, ados jarrita non, zein egunetan eta zer ordutan eginen den, edonola ere eskaera egin eta hamar eguneko epean.
7. artikulua. Arau subsidiarioak.
Hitzarmen kolektibo honetan xedatu ez den orotan Langileen Estatutuan xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta Garbiketa Publikoa, Kaleen Garbiketa, Ureztaketa, Hondakinen Bilketa, Tratamendua eta Ezabaketa eta Estolderiaren Kontserbazioa biltzen dituen Sektorerako Hitzarmen Orokorrean eta gainerako legezko xedapenetan xedatutakoari ere.
8. artikulua. Lanaren antolaketa.
Lanaren antolaketa praktikoa enpresari dagokio, ez beste inori. Hori dela eta, enpresak zerbitzuaren jardun onerako metodo eta prozedura egokienak ezartzeko ahalmena du, baina hala ere, langileek ez dute horregatik beren lanbide prestakuntzan kalterik jasanen, ez eta beren zeregina utzaraziko liekeen eginbeharrik izanen ere.
Enpresa batzordeari entzutea emanen zaio Langileen Estatutuaren 64. artikuluari jarraikiz.
9. artikulua. Titulartasun aldaketa.
Hitzarmen honi loturiko kontrataren titulartasun aldaketak berekin dakar adjudikatzaile berriaren aldetiko subrogazioa, Garbiketa Publikoa, Kaleen Garbiketa, Ureztaketa, Hondakinen Bilketa, Tratamendua eta Ezabaketa eta Estolderiaren Kontserbazioa biltzen dituen Sektorerako Hitzarmen Orokorraren "Langileriaren subrogazioa" izenburuko IX. kapituluan espresuki adierazi bezala ("Estatuko Aldizkari Ofiziala", 1996ko martxoaren 7koa).
II. KAPITULUA
Lan baldintzak
10. artikulua. Lanaldia.
Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileen lanaldia honakoa izanen da:
2.006. urtean: 1.603 ordu eta 20 minutu.
2.007. urtean: 1.597 ordu eta 10 minutu.
2.008. urtean: 1591 ordu.
Honela banturik: astelehenetik larunbatera, 6 ordu eta 10 minutu egunean; 20 minutuko atsedena izanen dute ogitartekorako. Denbora hori, ondorio guztietarako, lan egindakotzat hartuko da.
Langile bakoitzak urtean 4 larunbat libre hartzeko eskubidea izanen du, urte osoan zehar banatutakoak. Egun horiek egiazko soldataren arabera ordainduko dira.
Urteko lanaldiaren soberakinagatik diren erabilera libreko egunak egun osoak izanen dira. Egunak metatzen ahalko dira, eta egun horiek hartu ahal izateko langileak gutxienez astebeteko epearekin eskatu beharko ditu, baldin eta hiru pertsonak baino gehiagok eskatzen ez badute (gidari bat eta 2 peoi). Beharrezkoa balitz, zozketa eginen da aipatu eguna zein langilek hartuko duen erabakitzeko.
Lanaldia nola banatu enpresak erabakiko du, agindutako zerbitzu publikoa hobeki emate aldera.
Igandeetan lan egitea ekartzen duten kontratuetan, lanaldia astelehenetik igandera banatuko da horretarako kontratatutako langile berrien kasuan; horrela, enpresak 37,57 euro ordainduko ditu (2005. urtean) igande bakoitzeko, eta astegunetan atseden egun bat izanen da.
Hurrengo urteetan kontzeptu horrek hitzarmeneko gainontzeko kontzeptuen igoera berdina izanen du.
11. artikulua. Oporrak.
Urteko oporrak honakoak izanen dira:
2005. urtean: 30 lanegun astelehenetik larunbatera.
2006. urtean: 31 lanegun astelehenetik larunbatera.
2007. urtean: 32 lanegun astelehenetik larunbatera.
2008. urtean: 33 lanegun astelehenetik larunbatera.
Enpresan urtebete lanean eman duten langile guztientzat, eta, proportzionalki, urtea egin ez dutenentzat. Larunbatak lanegun oso bezala kontatuko dira. Uztailean, abuztuan eta irailean izanen dira, hiru txandatan, eta txanda bakoitzean langileen heren batek hartuko ditu oporrak.
Soldata tauletan oporretarako ezarritakoa ordainduko da; hori eta bakoitzaren antzinatasunari dagokiona, horrelakorik baldin bada.
Oporretarako egutegiak enpresa eta enpresa batzordea edo langileen ordezkariak ados jarrita eginen dira. Langileek oporraldien txanda kategoria bereko beste langile batekin aldatzeko aukera izanen dute (txanda osoa nahiz erdia), aldez aurretik langileek adosten badute eta enpresari horren berri ematen badiote gutxienez hamar lehenago.
Oporraldia hasterakoan langilea aldi baterako ezintasuna baldin badu, oporrak atzeratuko dira langileak medikuaren alta jaso arte. Langileak bere oporren txandak iraun bitartean alta hartuko balu, txanda hori bukatzeko falta diren opor egunak hartuko ditu, eta falta zaizkion egunak oporren garaitik kanpo hartu beharko ditu, betiere urte natural horretan eta enpresaren eta langilearen artean adostu ondoren.
12. artikulua. Ordutegiak.
Lantokiko ordutegiak enpresak finkatuko ditu unean-unean, zerbitzuaren beharrak kontuan hartuta, zerbitzua adjudikatu duen entitateak xedatutakoari erantzunez.
Urtero lan txanda bakoitzaren ordutegiak ikusgai jarriko dira lantoki guztietan.
Abenduan ahal izanez gero, Nafarroako Gobernuak jaiegunen egutegi ofiziala argitaratu ondotik, enpresak eta enpresa batzordeak edo langileen ordezkariek elkarrekin prestatuko dute hurrengo urteko lan egutegia.
13. artikulua. Baimenak.
Enpresak 10 egun natural hartzeko baimena emanen die, ordaindu gabe, hala eskatzen duten langileei, baldin eta gutxienez astebete lehenago eskatzen badute. Ezinbesteko arrazoiengatik langileak egun gehiago behar baditu, enpresak urtean gehienez 20 egun hartzeko baimena eman dezake, salbuespen gisa.
Gidarien kategoriaren kasuan, langile batek baino gehiagok aldi berean eskatzen badute, bakar batek hartzen ahalko du.
Peoien kategorian gehienez ere 2 langilek hartzen ahalko dute batera baimena.
14. artikulua. Lizentzia ordainduak.
Hitzarmen honen eraginpeko langile guztiek lizentzia hauek izan ditzakete, justifikatu ondoren:
1._Ezkontza: 20 egun natural.
2._Emaztearen edo bikotekidearen erditzea: 3 egun natural; gaixotasun larririk edo zesariarik izan bada, 7 egun izanen dira. Egun horiek erditzen den egunetik aurrera edo ospitaleko alta hartzen duen egunetik aurrera hartzen ahalko dira.
3._Emazte edo senarraren edo bikotekidearen, gurasoen, aita-amaginarreben, seme-alaben, suhi-errainen eta langilearen bikotekidearen anai-arreben ebakuntza: 4 egun Tuteran edo langilea bizi den lekuan baldin bada, eta 5 egun 80 kilometrora edo urrunago izaten bada, baldin eta 36 orduz baino gehiago egon behar badu ospitaleratua.
4._Langilearen edo bikotekidearen gurasoen, seme-alaben, suhi-errainen, aiton-amonen edo biloben gaixotasun larria edo heriotza: 4 egun; 5 egun izanen dira baldin eta probintziatik kanpora eta 80 kilometro baino urrunago joan behar bada.
5._Langilearen edo bikotekidearen gurasoen, seme-alaben edo anai-arreben ezkontza: egun bat.
6._Langilearen edo bikotekidearen gurasoen, anai-arreben, aita-amaginarreben edo seme-alaben ospitaleratzea: 4 egun natural baldin eta 4 egun edo gehiago badago ospitaleratua; ospitaleratzeak 4 egun baino gutxiago irauten badu, irauten duena.
7._Langilearen edo bikotekidearen anai-arreben edo koinatu-koinaten ospitaleratzea, bi egun natural. 80 kilometrora edo urrunago baldin badago, 3 egun; ospitaleratzeak gutxiago irauten badu, irauten duen denbora.
8._Senarraren, emaztearen edo bikotekidearen heriotza, 6 egun natural.
9._Langilearen osaba-izeba propioen edo iloben heriotza: egun natural bat; bi egun 80 kilometrora edo urrunago baldin bada.
10._Enpresan lan egiteko beharrezkoa duten langile guztiei B, C eta E motako gidabaimena berritzeko probak egiteko behar duten denborarako baimena emanen zaie, baldin eta probak lan orduetan egin behar badira.
11._Ohiko bizilekuaren aldaketa: egun bat.
12._Bikotekidearen, seme-alaben edo gurasoen (baldin eta langilearen etxe berean bizi badira) ebakuntza kirurgikoa ospitaleratu gabe, egun bat.
Gutxienez 6 hilabetez elkarrekin bizitzen daramaten izatezko bikoteak parekatuko dira. Horretarako, Udalaren agiria beharko da, elkarbizitza egiaztatzen duena.
Lizentziak kategoria bakoitzaren egiazko soldataren arabera ordainduko dira.
2., 3., 4., 6., 7. eta 9. ataletan, lizentzia ekarri duen gertaera izan eta hurrengo egunean kontatuko da lanaldia bete denean.
III. KAPITULUA
Baldintza ekonomikoak
15. artikulua. Ordainsarien kontzeptuak.
Langile bakoitzaren ordainsaria honela osatuko da: hitzarmen kolektiboaren oinarrizko soldata gehi soldaten tauletan ezartzen diren jarduera, maila eta kategoria bakoitzerako osagarriak, ondorengo artikuluetan adierazten direnekin lotuta. Kontzeptu horien zenbatekoak artikulu hauetan eta soldaten taulen eranskinean ageri dira eta esleitutako balioa ulertu behar da kontzeptu bakoitzaren gaineko itun gisa, hitzarmen kolektibo honen negoziazio ekonomiko oso eta bateratuaren barnean.
16. artikulua. Oinarrizko soldata.
Hitzarmen kolektibo honi loturiko langileen oinarrizko soldata hitzarmen honi erantsitako soldata tauletan ageri dira maila eta kategoria bakoitzerako.
17. artikulua. Antzinatasuna.
Antzinatasunaren osagarriak hiru biurtekoren balioa izanen du, kategoria bakoitzeko oinarrizko soldataren %5ekoak, eta ondoren bosturtekoak izanen dira, kategoria bakoitzeko oinarrizko soldataren %7koak. Horietako bakoitza aurrekoa betetzen denetik aitzina hasiko da kontatzen.
18. artikulua. Neke, arrisku eta toxikotasunaren plusa.
Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileek, lanpostuen ezaugarrien arabera, zeinak plus honen bidez konpentsatzen baitira, I. eranskineko tauletan ageri den diru kopurua kobratuko dute lan egindako bakoitzagatik.
Plus hori funtzionala da eta benetan lan egindako egun bakoitzeko sorraraziko da, baina ez da kontatuko igandeak kalkulatzeko, ez eta aparteko ordainsarietan ere, horrela itundu baita berariaz.
Benetan lan eginiko egun bakoitzari dagokion diru kopurua, tauletan ageri dena, ez da finkatuko, diru kopuru hori lanpostuekin eta hitzarmen kolektiboaren baldintza ekonomikoak orokorrak eta bakarrak izatearekin loturik baitago.
19. artikulua. Gaueko lanaren plusa.
22:00etatik 06:00etara lan egiten duten langileek osagarri bat kobratuko dute, I. eranskinean ageri dena, ordutegi horren barnean benetan lan egindako egun bakoitzeko.
Plus hori funtzionala da eta langileak kobratzeari utziko dio ordutegia edo txanda aldatzen duenean. Eta benetan lan eginiko egun bakoitzari dagokion diru kopurua, tauletan ageri dena, ez da finkatuko, diru kopuru hori lanpostu ordutegiekin eta hitzarmen kolektiboaren baldintza ekonomikoak orokorrak eta bakarrak izatearekin loturik baitago.
Gaueko txandako langileek ordu aldaketak egin beharra dutenean, epe laburragatik noizbehinkakoak kalifika daitezkeenak, ordu aldaketok euren borondatez eskatu duten enplegatuek egin ditzaten saiatuko da enpresa.
20. artikulua. Hitzarmenaren plusa.
Hitzarmen honen eraginpeko langileek, osagarri honengatik plus bana kobratuko dute, eranskineko tauletan kategoria bakoitzerako ezarritakoa. Plus hori lan egindako egun bakoitzeko sorraraziko da, baina ez da kontatuko igandeak kalkulatzeko ez eta aparteko ordainsarietan ere, horrela itundu baita berariaz.
21. artikulua. Igande eta jaiegunetako lanak.
Jaiegunetan edo igandean lan egin behar duten langile guztiek erantsitako soldaten tauletan "Jaiegunetako ordainsaria" izenburupean ezarritako kopurua jasoko dute, benetan lan egindako sei orduko eta ogitartekoa hartzeko 15 minutuko (enpresaren kargura) lanaldi bakoitzeko. Zenbateko horri oinarrizko lansaria eta dagozkion plusak gehituko zaizkio, guztiak egun bakar bati buruzkoak.
Zerbitzua ematen ez den jaiegunarengatik oinarrizko soldata, antzinatasuna eta aipatu plusak ordainduko dira.
Orokorrean, egun horietako lana, ahal dela, egun horretarako lanaldi partzialerako kontratatutako langileekin eginen da.
Ezaugarri horiek betetzen duen langilerik ez bada, lanaldi osorako eta astelehenetik igandera kontratatutako langileek beteko dute zerbitzua; langile horiek igandean edo jaiegunean zerbitzua eman eta hurrengo astean hartu beharko dute dagokien atseden eguna.
Enpresak eta langileen ordezkariak zerrenda bat eginen dute zerbitzu hori betetzeko konpromisoa hartuko duten langile boluntarioen izenekin, zerbitzua zein egunetan eman behar duen kontuan hartu gabe. Langileak txandaka tokatu zaion egunean lan egiteari uko egiten badio, zerrenda horretatik baztertuko dute.
Aurreko puntuan zehaztutakoa gorabehera, behar bezala justifikatutako kasu berezietan, beste langile batekin txanda aldatzen ahalko du zerrendatik baztertu gabe.
Behar diren lanpostuak ez betetzera, enpresaren eta batzordearen edo langileen ordezkarien artean gainerako langileez itundutako koadrantera joko da.
Jaiegun izanen dira indarra duen legerian orokorrean adostutako festak, lan egutegiaren arabera, bai eta herriko eta probintziako jaiegunak eta San Martín Porres, jardueraren zaindariaren eguna.
22. artikulua. Pizgarriak lan bereziengatik.
Peoi kategoria duen langileak hitzarmen honen indarraldiko urte bakoitzerako ezarritako zenbatekoak jasoko ditu, egiazko lanegun bakoitzeko, baldin eta "B" motako bidabaimena eskatzen duen ibilgailu edo goragailuren bat gidatu behar badu, delako ibilgailua bere egiazko lan tresna baldin bada lanaldi osoan. Lanaldiaren erdian ari bada horrekin, zenbateko horren %50 jasoko du, ondoko zerrendan dioen bezala:
2005. urtean: 2,35 euro/lan egindako lanaldi osoa.
2006. urtean: 2,50 euro/lan egindako lanaldi osoa.
2007. urtean: 2,75 euro/lan egindako lanaldi osoa.
2008. urtean: 3,00 euro/lan egindako lanaldi osoa.
Brigadarako gidari lanak egiten dituen peoiak plusaren %100 jasoko du.
Eskuzko kale-garbigailuarekin lan egiten duten langileek eta hidrogarbigailuarekin lan egiten dutenek ere jasoko dute pizgarri hori(hitzarmen hau sinatzen denetik aurrera), aurreko puntuan ezarritako moduan.
23. artikulua. Eguberri eta Urte Zahar.
Plantillako langileek jai izanen dute urtarrilaren 1ean eta abenduaren 25ean.
Egun horietan maila eta kategoria bakoitzari dagozkion oinarrizko soldata, antzinatasuna eta plusak kobratuko dituzte, erantsitako soldata tauletan ageri direnak.
Egun horietan lan egiten duten langileek 37,89 euroko plusa jasoko dute egun bakoitzeko, 2005ean; gainera, bi egunetan jaiegunen plusa ere kobratuko da.
Hurrengo urteetan kontzeptu horrek hitzarmeneko gainontzeko kontzeptuen igoera berdina izanen du.
Lan hori langile boluntarioek eginen dute.
24. artikulua. Aparteko ordainsariak.
Udako, eguberriko eta mozkinengatiko aparteko ordainsariak lanbide kategoria bakoitzarentzat soldaten tauletan espresuki itundutakoaren arabera ordainduko dira. Zenbateko horiei antzinatasunarena erantsi behar zaie.
Ordainsari horiek sei hilean behin sorraraziko dira, lan egindako denboraren proportzioan, eta salbuespen bakartzat joko dira Langileen Estatutuaren 37.3 artikuluan aurreikusitako absentziak, ez ordea, justifikatu gabeko absentziak eta ordaindu gabeko baimenak. Ez dira zehatuko aldi baterako ezintasunarengatiko absentziak.
Udako ordainsariak ekainaren 30a baino lehen ordainduko dira eta eguberrietakoak abenduaren 20a baino lehen.
Urtero sorraraziko da mozkinetan parte izatearen ordainsaria eta urte bakoitzari dagokiona hurrengo martxoko lehenengo egun baliodunean ordainduko da.
Eguberrietako eta udako ordainsarietan oinarrizko soldatari antzinatasunaren hogeita hamar eguneko zenbatekoa erantsiko zaio. Mozkinen pagan, oinarrizko soldatari antzinatasunaren hamabost egun erantsiko zaizkio.
25. artikulua. San Martín Porres eguneko paga.
Enpresak hitzarmen honen eraginpeko peoi edo gidari kategoria duten langile guztiei erantsitako lansarien tauletan 2005. eta 2006. urteetarako ezarritako zenbatekoa ordainduko die.
2007. eta 2008. urteetarako, ordainsaria aurreko urteko zenbatekoaren aurrean 50 euro igoko da urte bakoitzean.
Azaroaren lehenengo egun baliodunean ordainduko da.
Urtero sorraraziko da eta ez da murrizketarik eginen aldi baterako ezintasunagatik ezta absentzia justifikatuengatik ere.
26. artikulua. Garraiorako soldataz kanpoko osagarria.
Plus hori benetan lan egindako egun bakoitzeko sorraraziko da. Plus horren zenbatekoa soldaten taulen eranskinean jasotakoa izanen da.
Lanaldi zatitua egiten duten langileek plus horretarako ezarritako zenbatekoa bider 2,5 jasoko dute.
27. artikulua. Dietak.
Bidaian barna etxetik kanpora lo egitea eta bazkaltzea eta afaltzea beharrezkoa denean, 45,34 euroko dieta osoa kobratuko da 2005. urtean.
Hurrengo urteetan kontzeptu horrek hitzarmeneko gainontzeko kontzeptuen igoera berdina izanen du.
Bidaian lo egin beharrik ez balego, dieta erdia jasoko litzateke, 17,45 euro 2005. urtean.
Hurrengo urteetan kontzeptu horrek hitzarmeneko gainontzeko kontzeptuen igoera berdina izanen du.
28. artikulua. Aparteko orduak.
Enpresaren jarduera zerbitzu publiko bat denez, sinatzaileek aitortzen dute "egiturazkoak" direla ustekabeko absentzien edo txanda aldaketen ondorioz egin beharreko orduak, eta orobat, produkzio beharren ondorioz egin beharrekoak. Hori guztia abuztuaren 20ko 1858/85 errege dekretuan ezarritakoarekin bat.
Aparteko orduak data jakinetan izaten ohi direnez, enpresak langileak kontratatuko ditu aparteko lanak egiteko.
Aparteko orduen zenbatekoa erantsitako soldata tauletan ageri dena da.
29. artikulua. Ordaintzeko modua eta ordainsarien ordainketa.
Enpresak hartzekoak sorrarazi eta hurrengo hileko lehen bost egun naturaleko epean ordainduko du hilean sorrarazitakoa. Hurrengo hileko 15ean egiaz erregularizatzea galarazi gabe.
Ordaintzeko modua banku transferentziaren bidez izanen da, eta ez da eskubiderik izanen atseden denboraren truke dagokiona kobratzeko.
Enpresak 469,97 euroko aurrerakinak ordainduko ditu hilero, 2005. urtean, hala eskatzen duten langile guztiei.
Hurrengo urteetan kontzeptu horrek hitzarmeneko gainontzeko kontzeptuen igoera berdina izanen du.
IV. KAPITULUA
Hobekuntza sozialak
30. artikulua. Ospitaleratzea eta aldi baterako ezintasuna.
Ospitaleratzerik izanez gero, ospitalean sartzen denetik harik eta ospitalean alta hartzen duen arte, langileak denbora horretan lanean izan balitz kobratuko lituzkeen soldata kontzeptuen ehuneko ehun kobratuko du.
31. artikulua. Gidabaimena kentzeko zehapena.
Gidariaren erruz izan gabe, zerbitzuko ibilbidearen beharrengatik edo akats mekaniko batengatik, langileari gidabaimena kendu bazaio, enpresak lansaria eta lanpostua errespetatuko dizkio, bitarte horretan enpresak beste lanposturen baten egokitzea galarazi gabe.
Gidabaimena kendu bazaio ibilgailu partikularra gidatzean, eta ausarkeriazko zuhurtziagabetasun larririk edo asmo txarrik izan ez bada behintzat, enpresak langilea beste lanpostu batean jartzeko konpromisoa hartzen du, lanpostu berriko ordainsariekin.
Enpresak aseguru bat hartuko du gidabaimena kentzen den kasuetarako, aseguru horren eguneko kostuaren herena segurtatzeko, langileak hala eskatzen badu.
32. artikulua. Istripu aseguruaren poliza.
Enpresak lan istripuetarako aseguru poliza sinatzeko konpromisoa hartzen du, langile bakoitzari honako kalte-ordainak bermatzeko:
Lan istripuaren ondoriozko heriotza: 33.500 euro.
Laneko istripuaren edo eritasun profesionalaren ondoriozko erabateko ezintasun iraunkorra: 33.500 euro.
Laneko eritasunaren ondoriozko heriotza: 33.500 euro.
Ezintasun iraunkor osoa bere lanposturako, lan istripuaren edo eritasun profesionalaren ondoriozkoa: 20.000 euro.
Berezko heriotza: 5.000 euro.
33. artikulua. Osagarria, laneko istripuaren edo eritasunaren kasuan.
Lan istripu edo lanbide eritasun baten ondorioz aldi baterako ezintasuna izaten bada, enpresak gizarte segurantzaren prestazioa osatuko du likidatutako hileko egiazko soldataren %100 egin arte.
Gaixotasun arruntak eragindako aldi baterako ezintasuna bada, enpresak honela beteko du gizarte segurantzaren prestazioa:
_2006. urtea: 1. egunetik 15. egunera arte, %90, eta, 16. egunetik prozesuaren amaiera arte, %100.
_2007. urtea: 1. egunetik 13. egunera arte, %90, eta, 14. egunetik prozesuaren amaiera arte, %100.
_2008. urtea: 1. egunetik 10. egunera arte, %90, eta, 11. egunetik prozesuaren amaiera arte, %100.
Gaixotasun arruntak eragindako aldi baterako ezintasun prozesuak 90 egun baino gehiago irauten badu, %100 osatuko da bajako lehenengo egunetik hasita, atzeranzko eraginarekin.
Gizarte segurantzak kontzeptu horrengatik dituen prestazioak hobetzen baditu, irentsi eta konpentsatuko dira.
34. artikulua. Medikuarengana joateko baimenak.
Langileak lan orduetan gizarte segurantzako medikuarengana joan behar badu, edo ebakuntza egin behar badiote, ospitaleratu gabe, ez zaio soldata murriztuko, baldin eta kontsultara joan dela egiaztatzen badu.
Era berean, urtean bi egun izanen ditu mediku partikularretara joateko edo ezkontideari nahiz seme-alabei laguntzeko, aldez aurretik justifikatuz gero.
Ohiz kanpoko kasuetan, enpresak aurreko paragrafoetan jasotakoa zabaltzen ahalko du, kasu horiek zehatz aztertu ondoren.
Langileak urtean bi egun izanen ditu bikotekideak, seme-alabek edo gurasoek (baldin eta langilearen etxean bizi badira) Tuteratik kanpoko edo ohiko bizitokitik kanpoko osasun zentro batera joan behar dutenean, aldez aurretik hitzorduaren egiaztagiria aurkeztuz, edo ebakuntza egin baina ospitaleratu behar ez dituztenean.
35. artikulua. Sustapenak eta maila igoerak.
Lanpostu finko edo behin-behinekoentzat lanpostu hutsak izanez gero 1. mailako gidari ofizialarentzat, barne igoera txandaren bidez beteko dira, plantillako langileen artean. Langile berriak kontratatuko dira baldin eta eskatzaileak lanpostu horiek betetzeko gai ez badira bakarrik.
Sustapenerako prozesu honi jarraituko zaio:
1. Enpresak bete beharreko lanpostu hutsen zerrenda emanen du argitara, eta izangaiak aurkezteko epea ezarriko du.
2. Eskatzen den gaitasuna edo titulazioa egiaztatu ondoren, izangaien behin betiko zerrenda paratuko da jendaurrean. Enpresak praktikak egiteko gidari bat eta ibilgailu bat jarriko du, lan ordutik kanpora, gehienez ere 15 egunez eta egunean 4 orduz, lan ordutegitik kanpo.
3. Azterketa teorikoa eta praktikoa eginen da. Enpresak eta batzordeak izendatuko dituzte aztertzaileak.
4. Probak eginik, izangai bakoitzari "gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen zaio eta, lehenbiziko kasuan, puntuazio bat ere bai, probak nola egin dituen kalifikatzen duena.
Azterketaren gai diren lanpostu hutsak, puntuazio hoberena lortu duten langileek beteko dituzte eta berdinketarik izanez gero, enpresan denbora gehien daramana lehenetsiko da.
Lehen mailako gidari ofizialaren kategoria ez da irmo bihurtuko harik eta lanpostu finko izan arte; hala ere, kategoria horretan diharduten denboran ordainsarien diferentzia kobratuko dute. Lanpostua behin-behinekoa denean, langilea lehen zuen lanpostura itzuliko da eta orduan lanpostu horretako ordainsariak kobratuko ditu.
Kontratazio finko berria egiten denean, arratsaldeko txanda esleituko zaie.
36. artikulua. Eszedentziak.
Enpresan urtebeteko antzinatasuna duen langile orok eskubidea du eszedentzia hartzeko, gehienez bost urtekoa eta gutxienez hiru hilabetekoa.
Borondatezko beste eszedentzia bat hartu ahal izateko, langileak beste urtebete bederen lan egin beharko du enpresan.
Eskatzen den eszedentzia ez bada 15 hilabete baino gehiagorako, enpresak langilea lehengo lanpostuan jarriko du, betiere langileak 15 egun lehenago itzuliko dela jakinarazten badu.
Eszedentziaren ondorioz kontratatzen den langileak, eszedentzian egondakoa itzultzen denean, lehentasunezko eskubidea izanen du suerta daitekeen lehenbiziko lanpostu hutsa betetzeko.
37. artikulua. Laneko arropa.
Laneko arropa nahitaez erabili beharko da, eta enpresak emanen du. Honakoa izanen da:
Jertse bat bi urtean behin.
Panazko galtzak urtean behin.
Mahuka luzeko atorra, urtean bat.
"Panter" botak bi urtean behin.
Uretako jantzi bat 2 urtean behin, apurtuz gero.
2 galtzerdi pare urtean.
Uretako bota pare bat bi urtean behin.
Mahuka motzeko alkandora bat, niki bat edo udako kamiseta bat, langileak aukeratutakoa.
Udako galtzak urtean behin.
Udako txanoa, biseraduna.
Zapata pare bat 2 urtean behin.
Udako oinetako pare bat urtean.
Txaleko bat bi urtean behin.
Udako jaka bat bi urtean behin.
Txamarra bat bi urtean behin.
Neguko txano bat urtean.
Eskularruak beharrezkoak direnean.
Ahal dela, udako arropak maiatzaren 5a baino lehen eta negukoak azaroaren 5a baino lehen banatuko dira.
Hondatuz gero, jantzi berria emanen zaio langileari, jantzia edozein izanik ere. Kasu horretan, berria jaso ahal izateko, hondatutakoa itzuli beharko da, betiere azkena emandakoa.
38. artikulua. Maileguak langileentzat.
Enpresak 2005. urtean 14.500 euro jarriko ditu enpresa batzordearen esku langileei maileguak eman ahal izateko.
Langile bakoitzak maileguan jasotzen ahal duen kantitatea ez da inoiz 1.100 euro baino gehiago izanen.
Mailegua ordaintzeko, nominatik deskontatuko da, urtebeteko epean, eta langileak aukeratzen ahalko du 12 edo 14 (hileroko lansariak eta udako eta eguberrietako aparteko ordainsariak) deskontu jaso nahi ote dituen.
Mailegua eskatzen duten langileek urtebeteko antzinatasuna izan beharko dute enpresan.
Langileek ezin izanen dute beste mailegu bat eskatu aurrekoa ordaindu arte. Langileak enpresan baja hartzen badu, enpresak deskontatzen ahal du zati proportzionalen likidaziotik amortizatzeko dagoen kopurua.
39. artikulua. Betaurrekoen haustura.
Edozein eginbeharretan, ustekabean eta inolako eta inoren errurik gabe, hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileren bati bere betaurreko graduatuak hausten bazaizkio, enpresak, gertatutakoa egiaztatu ondoren, dirulaguntza emanen dio, 113,22 euro gehienez 2005. urtean.
Hurrengo urteetan kontzeptu horrek hitzarmeneko gainontzeko kontzeptuen igoera berdina izanen du.
40. artikulua. Famili laguntzak.
2005erako 107,88 euro hileko laguntza soziala ezarri da, hitzarmen honen eraginpeko langileentzat, seme edo alaba gutxitu fisiko edo psikikorik badute, haien tutore eta bizikide badira, eta Gizarte Segurantzak kontzeptu horregatik ematen dituen prestazioen onuradun badira. Zenbateko hori seme-alaba bakoitzeko emanen da.
Egoera hori minusbaliotasun kalifikazioaren bidez frogatu beharko da.
Hurrengo urteetan kontzeptu horrek hitzarmeneko gainontzeko kontzeptuen igoera berdina izanen du.
41. artikulua. Erretiro saria.
Erretiroa 64 urterekin hartzen ahalko da, bi aldeek adostuz gero, oinarri arautzailearen %100arekin, 1.194/85 dekretuko a) eta b) ataletako modalitatearekin bat.
Hitzarmen honek indarra duen bitartean bi aldeentzat onuragarriak diren aldaketaren bat argitaratuko balitz, aldaketa horiek beteko dira.
Langile batek borondatezko erretiroa hartzen badu, enpresak, horretarako laguntza gisa, antzinatasun urte bakoitzeko honako kopuruak emanen dizkio 2005. urtean:
Erretiroa 60 urterekin eskatzen bada. 293,44 euro.
Erretiroa 61 urterekin eskatzen bada. 237,66 euro.
Erretiroa 62 urterekin eskatzen bada. 197,85 euro.
Erretiroa 63 urterekin eskatzen bada. 165,00 euro.
Erretiroa 64 urterekin eskatzen bada. 144,11 euro.
Erretiroa 65 urterekin eskatzen bada. 127,47 euro.
Hurrengo urteetan kontzeptu horrek hitzarmeneko gainontzeko kontzeptuen igoera berdina izanen du.
_Erretiro partziala eta errelebo kontratua.
Adina izan ezik (65 urtetik beherakoa) erretiro partziala eskatzeko baldintzak betetzen dituzten langileei enpresak nahitaez eman beharko die, langileek hala eskatuz gero. Aldi berean, beste langile bat kontratatuko du, gutxienez erretiro partziala eskatu duen langilearen lanaldi murriztua betetzeko, legez ezarritako baldintzak betez.
Errelebo kontratua bukatu ondoren, erreleboa hartu duen langilea plantillan sartuko da kontratu egonkor batekin (obra bukaerakoa edo mugagabea), peoi kategoriarekin eta enpresan duen antzinatasuna errespetatuz. Edonola ere, hitzarmen honetako 35. artikuluan (Sustapenak eta maila igoerak) eta 47. artikuluan (Barne araubidea) xedatutakoarekin bat.
Kasu guztietan, langileak edozein modalitateren arabera erretiroa hartu nahi duela jakinarazi beharko dio enpresari gutxienez hilabete lehenago.
42. artikulua. Erroldak.
Enpresak urtero plantillako langileen bi errolda eginen ditu, bat hurrenkera alfabetikoan eta bestea antzinatasunaren araberako hurrenkeran. Enpresak ordezkari sindikalari emanen dizkio errolda horiek, eta iragarki oholetan jarriko dituzte.
43. artikulua. Osasun azterketak.
Derrigorrezkoa izanen da urtero langile guztiei osasun azterketa egitea.
Azterketa hori enpresaren kontura izanen da, eta lanpostu bakoitzaren ezaugarriei egokituko zaie.
Langileren batek proba bereziak egiteko eskatzen badu, enpresak eskaria lan osasuneko batzordearekin lantzeko eta adostutako erantzunak emateko konpromisoa hartzen du.
Azterketa horren ondoren langileren batek beste azterketa osoago bat behar izanez gero, horretarako baimena izanen du inolako galerarik izan gabe bere soldatan, eta azterketa hori beste hiriren batean egin behar izanez gero, enpresak ordainduko dizkio hiri horretarako bidaia egiteko gastuak, eta horrekin batera, dagokion dieta, gehienez ere 7 egunez.
44. artikulua. Laneko segurtasun eta osasun batzordea.
Lan segurtasun eta osasun batzorde bat sortuko da, enpresa batzordeko kideek edo langileen ordezkariek eta enpresaren ordezkariek osatutakoa. Batzordeak honako lana bete beharko du:
a) Lanean ezinbestean bete beharreko lan segurtasun eta osasun neurriak martxan jartzen eta kontrolatzen parte hartzea.
b) Segurtasun eta higiene neurrietan aplikatu beharreko sistemak ezagutzea eta horiei buruzko iritziak ematea.
c) Babeserako eta zaintzarako neurri bereziak hartzeko eskatzea langileen osasunerako arrisku nabarmenak ekartzen dituzten leku edo lanpostuetan.
d) Egoerak hala eskatzen duenean, enpresako zuzendaritza eta langileen ordezkariak ados jarrita, lan segurtasun eta osasunean espezializatutako erakunde ofizial eta ez ofizialek esku hartzea eta aholkularitza ematea, lantokietan den arrisku maila edo benetako kutsadura maila aztertzeko.
45. artikulua. Ekintza sindikala: eskubide eta berme sindikalak.
Sindikatuek eskubide osoa izanen dute iragarki ohola erabiltzeko, intereseko gaietarako (lanekoak eta sindikalak). Eskubidea izanen dute, halaber, propaganda banatzeko eta kuotak biltzeko, eskubide horiek erabiltzean enpresaren lana edo ohiko martxa oztopatu gabe, betiere.
Eskubide sindikalak erabiltzeko, langileek ondoren adierazten diren bermeak dituzte eta baliogabe joko dira helburutzat bereizkeria sindikala duten egintzak edo itun guztiak; honako hauek, zehazki:
a) Langile bat hartzeko edo ez hartzeko, kontuan izatea sindikatu batera afiliatua dagoen ala ez.
b) Enpresaburuak berak sindikatu bat eratzea edo halako sindikatu baten aldeko jarrera izatea, edozein motatako laguntzen bidez.
c) Langile bat kaleratzea, zehatzea, diskriminatzea edo nola edo hala kaltetzea sindikatu batean afiliatua egoteagatik edo bere ekintza sindikalarengatik, sindikatu hori indarra duen legeriaren araberakoa bada, betiere.
Enpresa batzordea da langileen ordezkaritza organoa. Honako bermeak izanen ditu:
a) Delegatu bakoitzak 25 ordu sindikaleko kreditua izanen du hilean, hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean. Ordu horiek egiazko soldataren arabera ordainduko dira.
Ordu horiek kide baten esku jartzen ahal dira, baina ekintza sindikalerako erabiltzen diren orduak ez dira inola ere enpresa batzordeari dagozkion ordu guztiak baino gehiago izanen.
b) Hileko ordu kopuruan ez dira kontatuko enpresaren ekimenez deitutakoak.
c) Lanaren antolaketa arloan edo hobekuntza teknikoetan egoki juzgatzen diren neurriak proposatzea enpresari.
d) Langileengan zuzeneko eragina izanen duten neurrien gaineko informazioa jasotzea, eta bereziki gai hauei buruzkoak:
_Enplegu erregulazioko espedienteak.
_Langileak beste leku batera aldatzea.
_Lan sistema berriak ezartzea.
_Lanaren antolaketan eragina izan dezaketen erabakiak.
e) Indarra duten lan arauak beteko direla segurtatzea eta enpresa arau-hausteez ohartaraztea, eta kasua bada, behar diren erreklamazioak jartzea arauok bete daitezen.
f) Enpresak baimena emanen du, batzordeari 48 ordu lehenago jakinarazi ondotik, batzar ordainduak egiteko. Guztira, gehienez ere 3 ordu izanen dituzte urtean.
46. artikulua. Diziplina neurriak.
Hartzen diren diziplina neurrien berri emanen zaio enpresa batzordearen idazkariari, edo haren ordezkoari, egoki iruditzen zaizkion alegazioak egin ditzan haiek jaso eta 5 eguneko epean.
47. artikulua. Barne araubidea.
Langile kontratudun berria hutsik geratutako txandan hasiko da lanean, goizez edo arratsaldez, enpresan denbora gehien daramaten langileen artean lanpostu hutsak antolatu ondoren, haiek baitute txanda aukeratzeko lehentasuna, antzinatasunaren arabera.
_Baldintza ekonomikoak.
2005. urterako, tauletan jasotako soldata igoerak (%3,70eko igoera 2004ko urteko soldata gordinean).
2006. urterako 2005eko abenduaren 31n finkatutako soldatak 2005. urteko Nafarroako benetako KPIarekin igoko dira, gehi 0,60 puntu, San Martin de Porres paga eta lan berezien plusa izan ezik.
2007. urterako 2006ko abenduaren 31n finkatutako soldatak 2006. urteko Nafarroako benetako KPIarekin igoko dira, gehi 0,80 puntu, San Martin de Porres paga eta lan berezien plusa izan ezik.
2008. urterako 2007ko abenduaren 31n finkatutako soldatak 2007. urteko Nafarroako benetako KPIarekin igoko dira, gehi puntu 1, San Martin de Porres paga eta lan berezien plusa izan ezik.
I. ERANSKINA
2005EKO SOLDATA TAULA
O. SOLDATA HITZ. P. TOX. P. GARR. P. GAUEKO P. OPORRAK UDAKO O. EGUB. O. MOZKIN. O. S. MARTIN GUZTIRA
Eguneko peoia 24,27 9,56 5,44 2,64 - 1.282,47 1.496,77 1.223,03 629,18 409,26 18.163,28
Gaueko peoia 24,27 9,56 5,45 2,65 9,07 1.424,72 1.610,18 1.336,55 684,12 394,62 21.145,23
Eguneko gidaria 27,22 9,48 5,69 2,65 - 1.524,75 1.508,83 1.236,01 617,96 385,90 19.435,21
Gaueko gidaria 27,22 9,48 5,69 2,65 9,07 1.772,97 1.601,86 1.329,41 628,67 368,83 22.430,31
1. mail. mekanikari of. 27,22 10,99 7,21 2,65 - 1.528,88 1.508,83 1.236,01 617,96 388,83 20.299,76
Administrari laguntzailea 22,66 10,37 4,54 2,65 - 1.447,88 1.296,11 1.296,11 1.296,11 - 17.896,79
1. mail. administrari of. 32,52 13,30 5,44 2,65 - 1.843,44 1.654,41 1.654,41 1.654,41 - 23.754,24
Langilezaina 26,12 11,80 5,17 2,65 9,07 1.545,19 1.421,15 1.421,15 1.421,15 - 22.678,11
Arduraduna 34,48 23,34 6,62 2,65 - 1.997,70 1.863,96 1.863,96 1.863,96 - 28.369,01
JAIEGUNETAKO LANEGUNETAKO JAIEGUNETAKO
PLUSA APARTEKO O. APARTEKO O.
Eguneko peoia 140,69 11,90 23,46
Gaueko peoia 172,45 14,47 28,75
Eguneko gidaria 154,27 12,88 25,71
Gaueko gidaria 181,69 15,44 30,28
1. mail. mekanikari of. 154,27 12,88 25,71
Administrari laguntzailea - - -
1. mail. administrari of. - - -
Langilezaina - - -
Arduraduna - - -
2006KO SOLDATA TAULA
O. SOLDATA HITZ. P TOX. P GARR. P GAUEKO P OPORRAK UDAKO O EGUB. O MOZKIN. O S. MARTIN GUZTIRA
Eguneko peoia 25,31 9,97 5,67 2,75 - 1.382,20 1.561,13 1.275,62 656,23 459,26 18.973,96
Gaueko peoia 25,31 9,97 5,68 2,76 9,46 1.535,52 1.679,42 1.394,02 713,54 444,62 22.080,00
Eguneko gidaria 28,39 9,89 5,93 2,76 - 1.643,32 1.573,71 1.289,16 644,53 435,90 20.308,44
Gaueko gidaria 28,39 9,89 5,93 2,76 9,46 1.910,85 1.670,74 1.386,57 655,70 418,83 23.432,23
1. mail. mekanikari of. 28,39 11,46 7,52 2,76 - 1.647,78 1.573,71 1.289,16 644,53 438,83 21.206,95
Administrari laguntzailea 23,63 10,82 4,74 2,76 - 1.560,48 1.351,84 1.351,84 1.351,84 - 18.674,66
1. mail. administrari of. 33,92 13,87 5,67 2,76 - 1.986,80 1.725,55 1.725,55 1.725,55 - 24.781,33
Langilezaina 27,24 12,31 5,39 2,76 9,46 1.665,35 1.482,26 1.482,26 1.482,26 - 23.647,73
Arduraduna 35,96 24,34 6,90 2,76 - 2.153,05 1.944,11 1.944,11 1.944,11 - 29.584,02
JAIEGUNETAKO LANEGUNETAKO JAIEGUNETAKO
PLUSA APARTEKO O APARTEKO O
Eguneko peoia 146,74 12,41 24,47
Gaueko peoia 179,87 15,09 29,99
Eguneko gidaria 160,90 13,43 26,82
Gaueko gidaria 189,50 16,10 31,58
1. mail. mekanikari of. 160,90 13,43 26,82
Administrari laguntzailea - - -
1. mail. administrari of. - - -
Langilezaina - - -
Arduraduna - - -
Iragarkiaren kodea: F0611030
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
