87. ALDIZKARIA - 2006ko uztailaren 21a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

NARBARTE

Auzolana arautzen duen ordenantza fiskala. Behin betiko onespena

Narbarteko Kontzejuko Batzarrak (Bertizarana), 2005eko azaroaren 5ean egin bilkuran, erregelamenduzko quorumarekin onetsi zuen hasiera batean Auzolana arautzen duen ordenantza fiskala.

Ikusirik, jendaurreko epean (2005eko 151. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, abenduaren 19koa) ez dela alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu, Kontzejuko Batzarrak, 2006ko urtarrilaren 18an egin bilkuran, aho batez erabaki du:

Lehenbizi._Behin betiko onestea Auzolana arautzen duen ordenantza fiskala.

Bigarrena._Ordenantzaren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

AUZOLANA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da auzolana edo lan pertsonala arautzea, Kontzeju honen mesederako egiten diren lan eta zerbitzuetan.

2. artikulua. Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 53, 54 eta 55. artikuluetan xedatutakoaren babesean ezarri da.

3. artikulua. Nork egin behar duen auzolana. Auzolana familiek egin behar dute, betiere hemezortzi urtetik hirurogeita bost urte bitarteko kiderik badute.

Auzolana egiteko, familiatzat hartuko da kide bakarreko nahiz gehiagoko familia, baldin eta Bizilagunen Udal Erroldan famili unitatea osatzen badute, eta etxe batean bizi badira, betiere Narbarteko (Bertizarana) Udal Erroldan erroldatuta egonik.

4. artikulua. Salbuespenak. Lan pertsonala edo auzolana egitetik salbuetsita egonen dira:

a) Hemezortzi urtez beheitiko eta hirurogeita bost urtez goitikoak.

b) Ezindu fisiko, psikiko eta zentzumenezkoak.

c) Presondegietan giltzapetuak.

Bizilagunen bat kentzen bada Udal Erroldatik auzolana ez egiteko, eta baldin eta frogatzen bada herri honetan bizi dela, auzolanetan sartuko dute. Narbarteko Kontzejuan etxebizitza izan arren bertan jarraian bizi ez direnak ere auzolana egitera behartuta egonen dira.

5. artikulua. Narbarteko Kontzejuaren kontura izanen da auzolanean aritzera beharturik daudenei gertatzen ahal zaizkien istripuen arriskuaren estaldura.

6. artikulua. Auzolana ez da urtean sei egun natural baino gehiagotan eginen, ezta hiru egun jarraian baino gehiagotan ere. Herritar bat traktorearekin, sasi-garbitzeko makinarekin, belarra moztekoarekin, motozerrarekin edo antzeko makinen batekin azaltzen bada auzolanera, bi egun egin balitu bezala kontatuko zaio. Dagokionaren ordez beste pertsona egoki batek egiten ahal du auzolana, edo auzolanaren librantza egin daiteke dirua ordainduz, alegia, lanbide arteko gutxieneko soldataren halako bi, joan gabeko egun bakoitzeko; kopuru hori urteroko KPIarekin eguneratzen ahalko da.

7. artikulua. Espezialitateren bat beharrezkoa den lanetarako, Batzarrak espezialistak izendatu ahalko ditu lanak zuzendu eta kontrolatzeko.

8. artikulua. Auzolana egiteko gaztigua bost egun lehenago eginen da, oholean iragarkia paratuz, lanak presakoak direnean izan ezik, halakoetan deialdia unean bertan eginen baita. Bizilagunen batek ezin badu, lan edo eritasun arrazoiak direla eta, Alkatetzari jakinarazi beharko dio behar adina denboraz, eta eguna aldatzen ahalko zaio.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra._Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta gainerako xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da.

Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoan.

Narbarten, 2006ko maiatzaren 18an._Kontzejuko burua, Luciano Iriarte Aguirre.

Iragarkiaren kodea: L0610602