87. ALDIZKARIA - 2006ko uztailaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, 2006ko ekainaren 16koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Vodafone España, S.A.k aurkeztutako Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Planaren jendaurreko aldia ebazten duena.

I._Aurrekariak.

Maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legearen arabera, Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez gidatuen bidezko telekomunikazioaren oinarrizko estazioak antolatzen baititu, operadoreek, onetsiak izateko, azpiegiturei buruzko lurralde plan bat aurkeztu behar dute, non gaur egun dauden estazio finkoak eta sare osoa ezarri eta garatzeko dauden aurreikuspenak azalduko diren.

Nafarroako Gobernuaren 2005eko apirilaren 18ko Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana, Vodafone España, S.A.k aurkeztua, jendaurrean jarri zen eta, aldi berean, udal ukituei entzunaldia eman zitzaien.

Erabaki horren xedapen zatian zehaztapen hau agertu zen:

"2. Espedientea behin betikoz onetsi aurretik, entitate sustatzaileak Testu Bategin bat aurkeztu behar du, hasiera batean aurkeztutako planari gehitutako dokumentazioaren ondoriozko aldaketa guztiak biltzeko, bai eta departamentuetako txostenetan azaldu diren gabezien eta hutsuneen ondoriozko aldaketak ere; sustatzaileari ohartarazten zaio, departamentuetako txostenetan azaldutakoari jarraikiz kokalekuei buruzko dokumentazioa osatzen edo zuzentzen ez bada, horiek planetik kanpo geldituko direla."

II._Aurkeztutako alegazioak.

Jendaurreko aldian 39 alegazio-idazki, 3 iradokizun eta azterketa zientifiko bat aurkeztu ziren, eta halaber, operadoreak haien berri eman zuen. Eduki laburtuarekin batera, erantzun hauek eman dira.

Alegazioak zer operadoreri bidali zaizkion, haren lurralde planaren arabera sailkatu dira. Hala ere, haietako asko hainbat operadoreren planekin bat zetozenez, bai haien edukia bai haiei emandako erantzuna errepikatu egin dira.

Alegazio-idazkiak:

1. Pedro Osés Navaz jauna, Ekologistak Martxan elkartearen izenean eta hura ordezkatuz. (2., 3., 11., 14., 15. eta 18. alegazioen berdina).

Edukia:

Teknologia horrek osasunari kalte egiten diola alegatu du eta, hortaz, legea aldatzeko eskatu. Bere ustez erakundeek babes-neurriak hartzen ahal dituzte, arriskuak benetakoak eta larriak erabat frogatu arte itxaron beharrik gabe. Lege berri bat eskatu du, honakoa lortzeko asmoz: baimendutako mailak murriztea, antenak biziguneetatik aldentzea eta abar.

Erantzuna:

Eskaera hori, hots, gaur egun auzi honen gainean dauden legeak aldatzekoa, lurralde planak onesteko prozeduratik kanpo dago erabat, eta horixe da hain zuzen ere jendaurreko prozesu honen xedea. Beraz, beste bide bat erabili beharko litzateke horretarako. Dena den, Nafarroako Gobernuak, arau indardunak bete behar baititu, eta haiek alde batera uzterik ez duenez, ezin du inola ere aintzat hartu haien urraketa proposatzen duten eskaerak. Teknologia horrek osasunari egiten ahal dion kalteari dagokionez, auzi hori ere jendaurreko aldiaren kanpokoa da. Izan ere, kasu honetan Nafarroako Gobernuaren eginkizun bakarra da plan horiek Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez gidatuen bidezko telekomunikazioaren oinarrizko estazioak antolatzen dituen maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean agindutakoa betetzen dutela ikuskatzea. Horrek ez du baldintzatuko lege batek osasunaretzako jarduera kaltegarririk baimentzen ahal duenik. Edonola ere, azaldutako kezka dela-eta, Osasun Departamentuak txosten bat prestatu du horren gainean (4. alegazioari emandako erantzunean oso-osorik ageri da). Bertan, Osasunaren Mundu Erakundearen baieztapena hartu da aintzat. Hari jarraikiz, berriki egindako ikerketan ez da ondorioztatzen sakelako telefonoek edo dagozkien oinarrizko estazioek igorritako irrati-frekuentzia eremuetan egotea osasunerako kaltegarria denik.

2. Miguel Angel Gurbindo jauna, Arga Chantrea auzo elkartearen izenean eta hura ordezkatuz.

Edukia eta erantzuna:

Alegazio honek 1 zenbakikoaren eduki bera du eta, beraz, erantzun berbera.

3. Ascen Ganuza Apostua andrea, Sakelako telefonoek ukitutakoen taldearen izenean eta hura ordezkatuz.

Edukia eta erantzuna:

Alegazio honek 1 zenbakikoaren eduki bera du eta, beraz, erantzun berbera.

4. M.ª Josefa García Soto andrea, "Alde Zaharra" auzo elkartearen izenean.

Edukia:

Elkarte honek Nafarroako Gobernuari Azpiegituren Lurralde Planak bertan behera uzteko eskatu dio eta, halaber, erradiazio elektromagnetikoak pertsonen osasunean dituen eraginen gaineko ikerketa publiko bat hasteko.

Erantzuna:

1. alegazioari emandako erantzuna errepikatzen da, hots, jendaurreko prozesu honetatik kanpoko auzitzat jo da. Era berean, osorik erantsi da Osasun Departamentuak auzi horren gainean emandako txostena.

Osasunaren Mundu Erakundearen 2002ko urtarrilaren 23ko aitorpenak hauxe dio: "Berriki egindako ikerketan ez da ondorioztatzen sakelako telefonoek edo dagozkien oinarrizko estazioek igorritako irrati-frekuentzia eremuetan egotea osasunerako kaltegarria denik. Hala ere, azterketa horietan hutsuneren bat atzeman baita, zentzuzkoa da ikerketa berriak abiaraztea arriskuak hobeki baloratze aldera. 2007. urtean ikerketa horiek bukatu eta ebaluatuko direla aurreikusi da. Hortaz, ordura arte ezin izanen da osasunean jasaten ahal diren arriskuen gaineko behin betiko emaitzarik argitaratu."

Erradiazio ez-ionizatzaileek osasunean dituzten eraginak ez daude ongi zehaztuta eta subjektiboak dira. Horregatik zaila da ikerketa epidemilogiko batean haiek modu objektiboan neurtzea.

Egun, MOE, IARC (Internacional Agency for Research on Cancer) eta beste erakunde batzuk gaia aztertzen ari dira. Nazioarteko ikerketa horien emaitzak izan arte itxoin behar dugu, izan ere, haien diseinu epidemiologikoa zabala eta lurraldeartekoa baita, bide emanen dute eraginari buruzko adierazleak modu fidagarriagoan aztertzeko.

Populazio gune txikietan adierazle puntualek ausazko aldakortasun handia dutenez, herriak batu behar izaten dira aldakortasuna gutxitze aldera. Hala egiten dute MOE edo IARC bezalako nazioarteko erakundeek zentro askoren arteko ikerketetan.

Nafarroan, orain arte, ezarritako gomendioak betetzen ari dira. Erakundeak egiten ari diren ikerketek osasunerako arriskuak zehaztasun zientifikoz baloratuko dituztelakoan, haien emaitzen esperoan gaude Gobernuari haiek gomendatutakoa proposatzeko.

Ikerketa horiek bukatutakoan, osasunerako eraginak objektiboki frogatzerik izan, eta Nafarroan herritarrak eta eragin eremu diferenteak egonez gero, hasiera ematen ahalko litzaioke mota horretako ikerketa bati, betiere, legeak zehazten duen modura, zehaztasun zientifikoan oinarrituta, epe ertain eta luzera."

5. Asfe Servicios Inmobiliarios, Antso Azkarra etorbideko 75-77 zenbakietako Jabekideen Elkartea ordezkatuz.

Edukia:

Elkarte horrek azaldu du bere eraikineko terrazan sakelako telefonoetarako antena bat dagoela. Antenak, Vodafonerena baita, baimendutakoak baino asots eta dardar handiagoak sortzen ditu. Horregatik, Nafarroako Gobernuari eskatu dio behar diren jarduketa guztiak egin ditzala, jarduera gogaikarriak kentze aldera eta, halaber, oinarrizko estazioa berrazter ditzala. Ukipen horiek direla-eta, elkarte horrek Iruñeko Udalari aurkeztutako salaketa espedientearen kopia erantsi du.

Erantzuna:

Asots, dardar edo bestelako eragozpenen kontrola udalaren eskumena da. Halaber, hari dagokio kasuan kasu ematen diren lizentzietako baldintzen betearazpena kontrolatzea. Beraz, lurralde planen onespen prozeduratik kanpoko auzia da, hori izanik jendaurreko prozesu honen xedea.

6. Mendabiako Udala.

Edukia:

Oro har, entitate honek eskatu du Amenak aurkeztutako Azpiegituren Lurralde Plana onetsi baino lehen Nafarroako Gobernuak bidezko azterketak egin ditzan, lehen neurri gisa, erradiazio horiek pertsonen osasunean duten eragina ezagutzeari begira. Halaber, ezinbestekotzat jo du foru legeetan xedapenak sartzea, telefoniako konpainiak behar den bezala funtzionatzeko nahitaezkotzat hartzen diren gutxieneko mailetara egokitu daitezen.

Eta bereziki, ezinbestekotzat jotzen dute Nafarroako Gobernuko Ingurumen eta Osasun Departamentuek Vodafoneren herriko antenaren egoera ikuskatzea, herritarren osasuna bermatze aldera, uste baitute antenak kalte larria egin duela.

Haien ustez, enpresen interesak eta herritarren lasaitasuna bateratzeko bide bakarra da lege zorrotzagoak ezartzea erradiazioei dagokienez. Halaber, haien arabera, legeek debekatu beharko lukete herriguneetan halako instalazioak jartzea baldin eta proiektuak ukitzen dituen auzo guztien arteko aurretiazko erabakirik ez badago.

Erantzuna:

Antzekoak baitira, 1. alegazioari emandako erantzuna errepikatzen da, eta bai oro har antenei buruz egindako oharrarentzat bai Vodafoneren antena dela-eta egondako alegazioarentzat. Hona hemen: eskaera hori, hots, gaur egun auzi honen gainean dauden legeak aldatzekoa, lurralde planak onesteko prozeduratik kanpo dago erabat, eta horixe da hain zuzen ere jendaurreko prozesu honen xedea. Beraz, beste bide bat erabili beharko litzateke horretarako. Dena den, Nafarroako Gobernuak, arau indardunak bete behar baititu, eta haiek alde batera uzterik ez duenez, ezin du inola ere aintzat hartu haien urraketa proposatzen duten eskaerak. Teknologia horrek osasunari egiten ahal dion kalteari dagokionez, auzi hori ere jendaurreko aldiaren kanpokoa da. Izan ere, kasu honetan Nafarroako Gobernuaren eginkizun bakarra da plan horiek Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez gidatuen bidezko telekomunikazioaren oinarrizko estazioak antolatzen dituen maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean agindutakoa betetzen dutela ikuskatzea. Horrek ez du baldintzatuko lege batek osasunaretzako jarduera kaltegarririk baimentzen ahal duenik. Edonola ere, azaldutako kezka dela-eta, Osasun Departamentuak txosten bat prestatu du horren gainean (arestian jaso dena). Bertan, Osasunaren Mundu Erakundearen baieztapena hartu da aintzat. Hari jarraikiz, berriki egindako ikerketetan ez da ondorioztatzen sakelako telefonoek edo dagozkien oinarrizko estazioek igorritako irrati-frekuentzia eremuetan egotea osasunerako kaltegarria denik.

Azkenik, esan beharra dago azpiegiturei buruzko lurralde planak onestea gerora ezar daitezkeen kokalekuak aurreikusteko dela, eta horiek maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean finkatutako betebeharren araberakoak izan behar dutela; prozedura independentea da erabat, eta ez lotzailea toki entitateek beren eskumenen barruan eta beren udal araudiarekin bat egin behar dituzten ondoko jarduketentzat (adibidez, udal baimenentzat). Hortaz, ez da bidezkotzat jotzen aipatutako antena Azpiegituren Lurralde Planetik kentzea, maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legetik heldu diren betebeharrei dagokienez.

7. Tuterako Udala.

Edukia:

Udalak, osoko bilkuran, azpiegitura berrien instalazioa atzeratzea erabaki zuen, harik eta kutsatutako aldeak edo eremuak mugatu eta sektore hori arautu eta antolatzeko ordenantzak onetsi arte.

Erantzuna:

Berriz esan beharra dago azpiegiturei buruzko lurralde planak onestea gerora ezar daitezkeen kokalekuak aurreikusteko dela, eta horiek maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean finkatutako betebeharren araberakoak izan behar dutela; prozedura independentea da erabat, eta ez lotzailea toki entitateek beren eskumenen barruan eta beren udal araudiarekin bat egin behar dituzten ondoko jarduketentzat (adibidez, udal baimenentzat).

8. Iruñeko Udala.

Edukia:

Udal horren arabera, Azpiegituren Lurralde Planean sartutako instalazio batzuen kokalekua ez da egokia hirigintza irizpideak direla-eta, eta hortaz, haien kokalekua berraztertu behar da. Esate baterako, Udal Planak babestutako eraikin batzuetan antenak daudela zehaztu dute: Amenaren antena bat (Nafarroako Gorteak kalea, 1), Telefónicaren beste bat (Bergamín, 2) eta Vodafoneren bi (Bergamín, 2 eta Gazteluko plaza, 42).

Orobat, gaur egun dauden instalazioak Azpiegituren Lurralde Planetan sartu ez direnez, planak eta egun dituzten edukiak onetsiz gero, instalazioak baliogabetu eta kentzeko neurriak hartu beharko dira.

Erantzuna:

Berriz esan beharra dago azpiegiturei buruzko lurralde planak onestea gerora ezar daitezkeen kokalekuak aurreikusteko dela, eta horiek maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean finkatutako betebeharren araberakoak izan behar dutela; prozedura independentea da erabat, eta ez lotzailea toki entitateek beren eskumenen barruan eta baren udal araudiarekin bat egin behar dituzten ondoko jarduketentzat (adibidez, udal baimenentzat). Alegia, udal lizentziak hirigintzako planeamenduari jarraikiz emanen dira, Azpiegituren Lurralde Planek galarazi gabe. Hortaz, ez da bidezkotzat jotzen proposatutako instalazioak Azpiegituren Lurralde Planetik kentzea, maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legetik heldu diren betebeharrei dagokienez.

Instalazioak kentzeari dagokionez, 10/2002 Foru Legearen 7. artikulua aplikatuko da jarduera behin betiko utzi edo instalazioan erabiltzen ez den elementurik egonez gero, operadoreak, edo kasua bada instalazioen jabeak, behar direnak eginen ditu irrati-komunikazioko ekipoak edo haien elementuak kendu eta erretiratzeko, eta instalazio hori kokatuta dagoen zorua edo eraikina instalazioak jarri aurretik zegoen bezala utzi beharko du.

9. Antsoaingo Udala.

Edukia:

a) Azpiegituren Lurralde Plana jendaurrean UPSa gisa jartzea egokia ez dela alegatu dute, izan ere, Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez gidatuen bidezko telekomunikazioaren oinarrizko estazioak antolatzen dituen maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legea zaharragoa da Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea baino, eta lege hartan ez da Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko aurreko legearen inolako aipamenik egiten (10/1994 Foru Legea), ez Azpiegituren Lurralde Planaren definizioan ez haren onespenari dagokionez.

Horretaz gain, adierazten dute Azpiegituren Lurralde Planak ezin direla UPS edo plantzat hartu, besteak beste, horiek garatu eta egiteko azpiegiturak besterik ez dutelako erregulatzen, eta lehendik dauden instalaziorik ez dute inoiz jasotzen edo sartzen. Batzuen eta besteen edukia eta helburua ezin dira parekatu, ezta egin eta onestearen ondorioetarako ere, ekimen pribatuko planak direlako.

Horrela bada, 10/2002 Foru Legeak Azpiegituren Lurralde Planak UPSen modura espresuki arautzen ez dituela adierazi dute, nahiz eta egiterik bazuten. Halaber, foru lege horrek berak dio departamentu eskudunak onetsiko dituela, eta ez Nafarroako Gobernuak, UPSen onespenaren kasuan hala egiten bada ere. 10/2002 Foru Legeak ezarri zuen "departamentu eskudunak onetsiko dituela azpiegiturei buruzko lurralde planak". Alegatzaileen ustez, hori nahikoa da prozedura bat eta organo eskudun bat daudela zehazteko. Beraz, Erabakiak Azpiegituren Lurralde Planak UPSen gisara hartu eta onesteko oinarri hartzen zuen gabezia hori ez dago. Horiek horrela, 10/2002 Foru Legearen 12.1 artikuluak ondokoa ere ezartzen du: "Tramiteak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearekin bat eginen dira".

b) Azpiegituren Lurralde Planaren edukia, eragina eta, batez ere, ondorioak ez dira UPSek dituzten berak. 10/2002 Foru Legearen 12.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, Azpiegituren Lurralde Planak arlo horretako departamentu eskudunak onetsi beharko ditu, baina, horretaz gain, lurzoru ez urbanizagarrian kokatzen direnean, baimena beharko dute, bai eta udalaren kasuan kasuko lizentziak ere. UPSak, berriz, Udalaren kontroletik salbuetsirik daude eta, horregatik, udal planeamendua urratu gogo dute. Antsoainen kasuan, esaterako, bi ebazpen judizialek Amenaren eta Teléfonicaren antena biren ezarpena (Jurramendi zeharkalean eta Lapurbide kalean, hurrenez hurren) legez kanpokoa deklaratu arren, Azpiegituren Lurralde Planean sartu dira.

c) Nafarroako Gobernuaren Erabakiak eta Azpiegituren Lurralde Planari eman nahi dizkion ahalmen eta ondorioek Nafarroako Gobernuaren eta Udalen arteko eskumenen banaketa urratzen dute.

Amaiatzeko, udalbatzak eskatu du Teléfonicaren eta Amenaren Azpiegituren Lurralde Planak behin betikoz ez onesteko.

Erantzuna:

Azpiegituren Lurralde Planak ez dira UPSekin erabat berdindu nahi, baizik eta, Nafarroako Gobernuaren 2005eko apirilaren 18ko Erabakiaren arabera, jendaurrean egon baitzen, 10/2002 Foru Legean Azpiegituren Lurralde Planak onesteko prozedurarik jaso ez zenez, 35/2002 Foru Legean UPSetarako ezarritako bera aplikatzen ahal zela erabaki zen. Horrek ez du esan nahi tokian tokiko kontroletatik salbuestea bilatzen denik, eta are gutxiago, udal planeameanduaren betearazpenetik. Aitzitik, berriz ere gogorarazten da azpiegiturei buruzko lurralde planak onestea gerora ezar daitezkeen kokalekuak aurreikusteko dela, eta horiek maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean finkatutako betebeharren araberakoak izan behar dutela; prozedura independentea da erabat, eta ez lotzailea toki entitateek beren eskumenen barruan eta baren udal araudiarekin bat egin behar dituzten ondoko jarduketentzat (adibidez, udal baimenentzat). Hortaz, ez da bidezkotzat jotzen aurkeztutako Azpiegituren Lurralde Planak ez onestea, maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legetik heldu diren betebeharrei dagokienez.

10. Baztango Udala.

Edukia:

a) Lehenik eta behin, alegatzaileak azpimarratzen du lege indardunetan anbiguotasunak daudela ondokoen gainean:

_Dauden estazioen tipologia. Nazio mailako legeetan 4 estazio mota daude, urtero frogagiriak aurkeztu behar dituztenak (ER1, ER2, ER3 eta ER4).

_Sailkapen horretan sartzerik ez duten estazioak ER5 taldean sartu dituzte operadoreek, eta Estatuko legeei jarraikiz, ez dute emisio irrati-elektrikoei buruzko agiririk aurkeztu beharko. Aitzitik, foru legeek estazio guztien gaineko fitxak aurkeztu beharra ezarri zuen. Baztanen, estazio asko hiri lurzorutik kanpo daude, herrigunetik urrun. Hortaz, ER5 motakotzat har daitezke.

_Estazioak honako hauen arabera sailkatzen dira: potentzia erradiatua, hiri lurzoruan egon edo ez, haien inguruan inor joan ohi den arlorik baden. Azken puntu hori alegazioan anbiguotzat jo zen.

b) Telefónica, Amena eta Vodafoneren Azpiegituren Lurralde Planei dagokienez, estazioek igorpen irrati-elektrikoen mailak ez dituztela neurtzen alegatu dute.

c) Batera erabiltzea dela-eta, haien ustez, bideragarria izan daiteke Elizondoko kokalekuetan eta Almandozkoetan, salbu eta arrazoi teknikoek kontrakoa agintzen badute. Gorramendin, gaur egun dauden dorreen tamaina kontuan hartua, ezin dira bakar batean bildu. Izan ere, egun dauden antenen kopurua oso handia da.

Telefónicaren estazioei dagokienez, honako hauek partekatzea proposatu da:

_Elizondo ER, Vodafoneren Elizondo estazioaren gertu, AT-NA-Elizondo Amenaren estazio bat ere egonen da (NAVR1052).

_Almandoz EB, Amena (NAVR 1032) enpresaren dorren baten inguruan dago.

Amenaren estazioei dagokienez, honako hauek partekatzea proposatu da:

_Elizondo NAVR 1053, Nafarroako Gobernuak Gorramendin duen dorrean, dorre horiek antenez gainezka baitaude.

_Elizondo NAVR 1052, arestian aipatu moduan, Telefónicaren dorre baten aldean baitaude.

Vodafoneren estazioei dagokienez, honako kokaleku hauek partekatzen ahal direla adierazi dute:

_AT-NA-Elizondo

_GN-NA-Gorramendi, Nafarroako Gobernuak Gorramendin duen dorrean, dorre horiek antenez gainezka baitaude.

d) Ekonomia eta Ogasun Departamentuak txosten bat prestatu zuen Vodafoneren AT-NA-Belateko tunela izeneko estazioaren leku erabilgarrietatik igorpen elektromagnetiko gogorrena jasaten duena zein den jakiteko asmoz. Hori dela-eta, alegatzaileak adierazi du ez dela kontuan hartu pasabide arrunt bat badela, beraz, horren arabera, operadoreak CTE/23/2002 Aginduan sailkatuetatik kanpo uzten duela estazioa, eta horregatik, ez dela araudia urratzen ari.

e) Amaitzeko, alegatzailearen ustez, eta operadoreen lurralde planak eta Nafarroako Gobernuko departamentuen azterketen gaineko txostenak aintzat hartuta, kokalekuak partekatzeari buruzko inguruabar batzuk eta zenbait ataletako informazio falta bazter utzita, lurralde planak teknikoki egokiak dira, bai eta Baztango komunikazio mugikorren estaldura hobetzeko beharrezkoak ere.

Erantzuna:

1. Arau indardunen anbiguotasunari edo zehaztasun faltari buruzko alegazioak ez dagozkio Azpiegituren Lurralde Planen informazio aldiaren prozedurari.

2. Telefónicaren eta Amenaren fitxetan hasiera batean ez ziren igorpenak jaso, baina eskatu ondoren, Azpiegituren Lurralde Planari erantsitako taula batean ageri dira.

Vodafonerekin berdin gertatu da, salbu eta Belateko tunela1 izeneko kokapenari dagokionez. Izan ere, errepikagailuaren estazio gisa aurkeztu du, haren igorpen maila erantsi gabe. Kasu guztietan ezinbestekoa denez, kokapen hori Azpiegituren Lurralde Planetik kendu da.

3. Alegatzaileak aipatu dituen partekatzeak direla-eta, kokaleku eta fitxa horiek aztertu ondoren, egiaztatu da Telefónicaren Elizondo ER eta Almandoz EB kokalekuek udal lizentziarik ez dutela, eta gainera, Elizondoko AT-NA-Elizondo (Vodafone) eta Almandozko NAVR1032 (Amena) estazio lizentziadunetatik 2000 metro baino gutxiagora daudela. Horrenbestez, Telefónicaren kokalekuek 1324/2000 Foru Aginduak ezarritako partekatu beharra bete behar dute, ezin baitira lehenagoko kokaleku balioduntzat hartu eta, hortaz, Azpiegituren Lurralde Planetik kendu dira. Gorramendiko dorreak direla-eta, alegatzailearen irizpidearekin bat egiten du partekatzearen ezintasunari dagokionez.

4. 10/2002 Foru Legearen arabera, kasu guztietan, estazioaren leku erabilgarrietatik igorpen elektromagnetiko gogorrena jasaten duena zein den azaldu behar da.

11. Sakelako telefonoek ukitutakoen Nafarroako taldea.

Edukia eta erantzuna:

Alegazio honek 1 zenbakikoaren eduki bera du eta, beraz, erantzun berbera.

San Adriango Udala.

Edukia:

Alegatzaileak Vodafoneren antena beste norabaitera eramateko eskatu du, hain zuzen ere, AT-NA-San Adrian kokalekutik kota handiagoko beste batera, gero batean udal hilerria handitu ahal izateko, eta betiere, tramitatzen ari den Udal Plan Orokorrean aurreikusten denarekin bat, eta leku horretan beste azpiegitura batzuk daudela ahaztu gabe.

Horretaz gain, estazioaren behin betiko baimenaren aurretik udal lizentzia eskuratu behar dela gogorazi du.

Erantzuna:

Berriz esan beharra dago azpiegiturei buruzko lurralde planak onestea gerora ezar daitezkeen kokalekuak aurreikusteko dela, eta horiek maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean finkatutako betebeharren araberakoak izan behar dutela; prozedura independentea da erabat, eta ez lotzailea toki entitateek beren eskumenen barruan eta baren udal araudiarekin bat egin behar dituzten ondoko jarduketentzat (adibidez, udal baimenentzat). Hortaz, ez da bidezkotzat jotzen aipatutako kokalekua Azpiegituren Lurralde Planetik kentzea, maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legetik heldu diren betebeharrei dagokienez.

12. Silvio Lozano Calvo jauna, Burlatako jarduneko alkatea, udal horren izenean.

Edukia:

Alegatzaileak eskatu du Telefónicaren Burlata/Nagusia eta Burlata/Caixa eta Amenaren NAVA 0024 mikrozelulen instalazioak ez onesteko, kalte egin dakiekeen eremuetatik 100 metro baino hurbilago daudelako eta instalazio irrati-elektrikoei buruz udal honek onetsi berri duen ordenantzan ezarritakoaren kontra daudelako. Halaber, eskatu du Telefónicaren Atarrabia EB estazioa (6. poligonoko 1776 lurzatia) ez onesteko edo lekuz aldatzeko, izan ere, kaltegarria izan liteke Burlatako, Atarrabiako eta Iruñeko udalak aztertzen ari diren garapen urbanistiko bateratuarentzat.

Orobat, eskatu du Telefónicaren Burlata/Telefónicaren biltegia eta Vodafoneren AT-NA-Burlata izeneko fitxak zuzentzea, lurzorua urbanizaezina baita, eta ez hiri lurzorua.

Erantzuna:

Berriz esan beharra dago azpiegiturei buruzko lurralde planak onestea gerora ezar daitezkeen kokalekuak aurreikusteko dela, eta horiek maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean finkatutako betebeharren araberakoak izan behar dutela; prozedura independentea da erabat, eta ez lotzailea toki entitateek beren eskumenen barruan eta baren udal araudiarekin bat egin behar dituzten ondoko jarduketentzat (adibidez, udal baimenentzat). Hortaz, ez da bidezkotzat jotzen aipatutako kokalekuak Azpiegituren Lurralde Planetik kentzea, maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legetik heldu diren betebeharrei dagokienez. Bestalde, Telefónicak arretazko erabilerako tokietatik 100 metro baino gutxiagora kokatutako mikrozelulei buruz Legeak eskatzen dituen berariazko azterlanak aurkeztu ditu (Azpiegituren Lurralde Planetan sartu dira).

13. José María Senosiain Ibáñez jauna.

Edukia:

Alegatzaileak dio Vodafoneren AT-NA-Panasa instalaziorako fitxa ez dela erabat bete. Haren ustez, instalazio hori ez da beharrezkoa Panasarentzako zerbitzuak hobetzeari begira. Izan ere, enpresa horrek 50 langile baino gutxiago ditu eta, gainera, ez dira operadore horren bezeroak. Amaitzeko, aipatzen du instalazio horretarako kokaleku hobeak daudela, auzokoak ukitzen dituztenak.

Erantzuna:

Alegazioko fitxa hori behar bezala bete zuen operadoreak, Nafarroako Gobernuak eskatu ondoren. Bestetik, sakelako telefonoen zerbitzua erabil dezaketen biztanleen kopuruari dagokionez, hori ez da Azpiegituren Lurralde Planetan kokalekuak sartzeko 10/2002 Legean ezarritako irizpideetako bat.

14. Jorge Labat Ibarrola jauna, Grupo Municipal Tafallaberri izeneko elkartearen izenean.

Edukia eta erantzuna:

Alegazio honek 1 zenbakikoaren eduki bera du eta, beraz, erantzun berbera.

15. Juan Pernaut jauna, Cuatropea 2 eta San Isidro 1 bizilagunen elkartearen izenean.

Edukia eta erantzuna:

Alegazio honek 1 zenbakikoaren eduki bera du eta, beraz, erantzun berbera.

16. Tafallako Udala.

Edukia:

a) Alegatzaileak adierazi du oinarrizko estazioak jarri eta funtzionatzeko beharrezkoa dela jarduera sailkaturako eta irekitzeko udal lizentziak eskuratzea.

b) Tafalla hiria ukitzen duten oinarrizko estazioen egoera aipatzen du, bai egun daudenena, bai proposatu direnena:

_Telefónicak San Isidro kaleko 11 zenbakian duen estazioari dagokionez, esaten du ez dela egia 100 metroko eremuan kalte egin dakiokeen tokirik ez dagoela, izan ere, 25 bat metrora haurrendako parke publiko bat dago, eta 80 bat metrora ikastetxe bat. Banagune horrek ez ditu beharrezkoak diren udal lizentziak, eta berriki 1.500 bizilagunen sinadurak bildu dira haren itxiera eskatzeko. Gainera, instalazio horrek Tafallako HAPOn UC-19 unitaterako (bertan baitago instalazioa) onartutako gehieneko altuera gainditzen du, eta horrek begi-inpaktu handia sortzen duenez, erabat desegokia da inguruarentzat, maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean ezarritakoaren aurkakoa.

_Telefónicak N-121 errepidean duen banaguneari dagokionez (Erriberriko ur biltontzia), San Gregorioko baselizatik oso hurbil baitago, adierazten dute kalte egin dakiokeen tokitzat eta multzo historiko-artistikotzat har daitekeela. Azpiegiturak partekatuko diren beste kokaleku bat bilatzeko eskatzen dute, izan ere operadoreak berak onartzen baitu beste banagune batzuk daudela 2.000 metro baino gutxiagora; horrela, ingurumenaren eta paisaiaren gaineko eragina txikiagotuko litzateke, osasuna babesteko 10/2002 Foru Legeak ezartzen duena betez betiere.

_Amenak jarri nahi duen banaguneari dagokionez (UTM x: 608.116 UTM eta: 4.709.610), fitxak, osatu gabe egoteaz gain, kontraesanak ditu, eta, hortaz, onartezina da eta hura partekatzeko eskatzen dute.

_Amenak jarrita duen banaguneari dagokionez (UTM x: 609.473 UTM y: 4.709.218), adierazten dute kalte egin dakiokeen toki batean dagoela, Ereta kiroldegitik, udal igerilekuetatik eta pasealeku batetik oso hurbil, eta, hortaz, maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean ezarritakoa hausten duela. Halaber, paisaiaren eta ingurumenaren gainean eragin handia duela diote. Gainera, 30 metrora beste antena bat dagoela esaten dute, eta hari buruzko informaziorik ez dagoela. Antena beste toki batean jarri eta beste banagune batekin azpiegiturak partekatzeko eskatzen dute.

_Vodafonek La Nava industrialdean jarri nahi duen banaguneari dagokionez, esaten dute jarduerarako eta irekitzeko udal lizentzia tramitatu beharko dela. Gainera, poligonoko berdeguneetatik eta alboko kirol eremutik, dendetatik eta eremu sozialetik, alegia, parke publikotzat har daitekeen eremu batetik 100 metro baino gutxiagora dagoenez, ez du betetzen ezaugarri horiek dituen eremutik 100 metroko distantzia errespetatu beharra.

_Eretako alderdian dagoen banaguneari dagokionez, udalak esaten du ez zaiola instalaizo horri buruzko informaziorik eman, eta hortaz, ez dakiela Azpiegituren Lurralde Planaren barruan ote dagoen. Nolanahi ere, alderdi berean banagune horretatik 30 bat metrora Amenak duena bezala, kalte egin dakiokeen toki batean dago eta, beraz, beste leku batean jarri eta partekatu beharko da.

Erantzuna:

1. Berriz esan beharra dago azpiegiturei buruzko lurralde planak onestea gerora ezar daitezkeen kokalekuak aurreikusteko dela, eta horiek maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean finkatutako betebeharren araberakoak izan behar dutela; prozedura independentea da erabat, eta ez lotzailea toki entitateek beren eskumenen barruan eta baren udal araudiarekin bat egin behar dituzten ondoko jarduketentzat (adibidez, udal baimenentzat). Hortaz, ez da bidezkotzat jotzen aipatutako kokalekuak Azpiegituren Lurralde Planetik kentzea, maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legetik heldu diren betebeharrei dagokienez.

2. a) 10/2002 Legearekin bat, instalazioak kalte daitezkeen tokietan jartzen ahal dira baldin eta behar den azterlan berariazkoa aurkezten bada, eta kasu honetan aurkeztu da.

HAPOn onartutako gehieneko altuera udalaren eskumena da, eta lizentzia eman aurretik berrikusi beharko da.

b) Baseliza multzo historikotzat har liteke Tafallako HAPOn, eta muga batzuk arautu litezkeen planeamenduan. Gainera, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendari nagusiak, maiatzaren 15eko 510/2001 Ebazpenaren bidez, baimena eman zuen Tafallako San Gregorio alderdiko 6. poligonoko 124. lurzatian sakelako telefonia automatikoko BTS banagune bat jartzeko, Telefónicak sustatua. Azkenik, instalazio hori ez dago lurzoru urbanizaezinean dagoen beste batetik 2.000 metro baino gutxiagora, eta, beraz, partekatu beharra, 1324/2000 Foru Aginduan ezarria, bete behar du.

c) Amenaren banaguneari dagokionez (NAVR2004 edo Tafalla-2), operadoreak ez du dagokion fitxa bete eta, hortaz, Azpiegituren Lurralde Planetik at gelditu da.

d) eta f) 10/2002 Legeari jarraikiz, alegazioko banaguneak (Amenarena eta Vodafonena) ez daude kalte egin dakiokeen toki batetik 100 metro baino gutxiagora. Gainera, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak biak baimendu zituen 1324/2000 Foru Agindua atera baino lehen, eta, beraz, haien artean 30 metro baino gutxiagora badaude ere, ez dute foru agindu horrek ezarritako partekatu beharra bete behar.

e) Alegazioan aipatzen den Vodafoneren banaguneari dagokionez, erantzun honen 1. atalean azaldutakoari eusten zaio, eta, gaineratzen da ez dagoela kalte egin dakiokeen toki batetik 100 metro baino gutxiagora, 10/2002 Foru Legean ezarritako definizioaren arabera.

17. M.ª Beatriz Lucía Olleta Sánchez andrea, Ledeako Udalaren alkate udalburua baita.

Edukia:

Alegatzailearen ustez, Vodafoneren kokalekua dela-eta kontraesan batzuk daude, nahiz eta kokaleku hori ongi zehaztea Planaren xedeetako bat izan. Bi kokalekuen balorazioa aurkeztu ondoren, Vodafoneri fitxa zuzentzeko eskatu behar zaiola adierazi dute, bai eta 3. poligonoko 411. lurzatia kokaleku bakartzat hartu behar dela ere. Bestela, Planaren onespena bertan behera uzteko eskatu dute.

Erantzuna:

Operadoreak aurkeztutako azken fitxa (AT-NA-Ledea) baliogarria da eta bat dator Udalak nahiago duen kokalekuarekin (Ledeako 3. poligonoko 411. lurzatiarekin).

18. Juan Víctor del Barrio Iglesias jauna, Lurra-Lurraren Babeserako Nafarroako Elkarteko burua, elkartearen izenean.

Alegazio honek 1 zenbakikoaren eduki bera du eta, beraz, erantzun berbera.

19. Jesús María Suescun Molinero jauna, Larragako alkatea.

Edukia:

Telefónicaren, Vodafoneren eta Amenaren telefono-deien banaguneen kokalekua kontuan harturik, alegatzaileak uste du kalte handiak ekartzen dizkiela udal horrek dituen toki eskubide eta interes publiko legezkoei, ez baitator bat hiru banaguneak toki batera eramateko Vodafonek egin duen proposamenarekin. Gaur egun hiru banaguneak herri-lurzati berean daude.

Amenaren instalazioari dagokionez, aipatzen du jarduerarako lizentzia eman zela, baina hainbat zehaztapen betetzeko baldintzarekin. Operadoreak ez du irekitzeko lizentziarik eskatu, eta ez du lurzatiaren erabileraren lagapen formalizaturik. Alkatetzak 2004ko urtarrilaren 28an emandako Ebazpenaren bidez, operadoreari behin betiko errekerimendua egin zitzaion banagunearen aztarna guztiak kendu eta ukitutako herrilurra lehengoratzeko. Ondoren, 2004ko otsailaren 10ean, operadoreak finkatzeko lanak egiten ari zirela jakinarazi zion Alkatetzari, eta udalak lanak eten eta tokia uzteko agindua eman zuen; Amenak errekurtsoa jarri zuen agindu horren aurka, gaur egun tramitatzen ari dena.

Telefónicaren instalazioari dagokionez, jarduerarako, lanetarako eta irekitzeko lizentziarik ez du, Alkatetzak 2000ko uztailaren 28an emandako Ebazpenaren bidez ukatu baiziren. Lurzatiaren erabileraren lagapen formalizaturik ere ez du.

Azkenik, Vodafoneren instalazioari dagokionez, hori da Udalaren errekerimenduei kasu egin dien bakarra, eta onartu egin du bere banagunea beste toki batera eramatea, 4. poligonoko 476 lurzatira, hain zuzen ere. Vodafonek kokaleku berri horretarako proiektu tekniko bat aurkeztu du, eta udalean tramitatzen hasteko baldintza da bere dorrean beste operadoreen instalazioak baimendu eta egun dauden banaguneak kentzea.

Banaguneak jartzeko lanek lur-erortzak eta lur-jausiak sortu dituzte, eta, ondorioz, hiru dorreak erortzeko arrisku handia dago; hortaz, udalak beste toki batera lehenbailehen eramateko agindua eman du. Lekualdatze hori ez da posible izanen Azpiegituren Lurralde Planak onetsi arte.

Bukatzeko, eskakizun hauek egiten ditu: Azpiegituren Lurralde Planak behin betikoz ez onesteko, hiru operadoreei egin behar diren aldaketen testu bategin bat aurkez dezatela eskatzeko eta 4. poligonoko 476. lurzatian hiru operadoreek partekatzeko dorre bakar bat lehenbaileen egiteko baimena emateko.

Erantzuna:

Berriz esan beharra dago azpiegiturei buruzko lurralde planak onestea gerora ezar daitezkeen kokalekuak aurreikusteko dela, eta horiek maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean finkatutako betebeharren araberakoak izan behar dutela; prozedura independentea da erabat, eta ez lotzailea toki entitateek beren eskumenen barruan eta baren udal araudiarekin bat egin behar dituzten ondoko jarduketentzat (adibidez, udal baimenentzat).

Vodafonek fitxa bat aurkeztu du alegatutakoarekin bat datorren beste kokaleku bati buruz (4. poligonoko 476. lurzatia). Bestalde, Telefónicak eta Amenak egun dituzten instalazioek, ingurumenaren gaineko eragin handiaz gain (Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak eman eta espedienteari atxikitako txostenean ageri bezala), erortzeko arrisku handia dute, Udalak esan bezala. Horiek horrela, ingurumenaren eta segurtasunaren arloko arrazoi horiengatik, kokalekuak dagozkien Azpiegituren Lurralde Planetatik kanpo uztea erabaki da.

20. Josetxo Iriguibel López jauna, Uharteko Udala ordezkatuz.

Edukia:

a) Akatsak ikusi dituzte ondoko fitxa hauetan: Itaroa 3100417 (Telefónica), AT-NA-Areta (Vodafone) eta NAVR0162 (Amena).

b) Haien ustez, Huarte 3100076 (Telefónica), AT-NA-Areta (Vodafone) eta NAVR0162 (Amena) instalazioek estaldura-helburu beretsua dutenez, zilegi litzateke Huarte 3100076 izeneko kokalekua partekatzeko aukera aztertzea. Kokaleku hori, udal zerbitzu teknikoen arabera, egokiena da, bai Aretako industrialdearen eta Uharteko herrigunearen estaldura bermatzeko, bai herritarren eta industrialde horretan lan egiten duten pertsonen babes egokia bermatzeko.

c) Telefónicak Itaroa merkataritza gunean aurreikusi duen instalazioari dagokionez, uste dute komenigarria litzatekeela telefono-deien banagunea merkataritza gunetik at jartzeko aukera aztertzea (hor jende asko biltzen baita), herrigunetik eta merkataritza gunetik urrunago, baina estaldura eta partekatzeko aukera bermatuz.

d) Udalaren zerbitzu teknikoek instalazio horiek jartzeko baldintzak arautuko dituen udal ordenantza bat egitea aholkatu dute, herritarren osasuna zaindu eta babesteko.

Erantzuna:

1. Aipatutako fitxak osatu dituzte operadoreek.

2. Telekomunikazioko oinarrizko estazioen erabilera banatzeko prozedura arautzeko, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak azaroaren 27an em,andako 1324/2000 Foru Aginduaren arabera, lurzoru urbanizaezinean baizik ezin da partekatzea exijitu, eta hori ez da kasua.

3. eta 4. Partekatzeari buruz aurreko atalean esan denari eusten zaio hemen ere, eta berriz ere gogorarazten da azpiegiturei buruzko lurralde planak onestea gerora ezar daitezkeen kokalekuak aurreikusteko dela, eta horiek maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean finkatutako betebeharren araberakoak izan behar dutela; prozedura independentea da erabat, eta ez lotzailea toki entitateek beren eskumenen barruan eta baren udal araudiarekin bat egin behar dituzten ondoko jarduketentzat (adibidez, udal baimenentzat).

Iradokizunak:

Epez kanpo, Erroko Udalak hiru iradokizun-idazki igorri ditu, Telefónicaren, Amenaren eta Vodafoneren Azpiegituren Lurralde Planei buruzkoak.

Edukia:

1. Telefónicaren Azpiegituren Lurralde Planari buruz, ondoko iritzi hauek azaldu ditu:

_3100415 banagunea Zilbeti-Herria: dorrea pintatzea komeni litzateke, begi-inpaktua gutxiagotzeko.

_3100086 banagunea Erroko gaina: instalazioak eta egun dauden antenak partekatu eta dorrea pintatzea komeni litzateke, begi-inpaktua gutxiagotzeko. Halaber, Aintzioa herriko estaldura oso txikia dela aipatzen da.

_3100087 banagunea Bizkarreta: dorrea pintatzea komeni litzateke, begi-inpaktua gutxiagotzeko.

2. Amenaren Azpiegituren Lurralde Planari buruz, ondoko iritzi hauek azaldu ditu:

_NAVR 1057 banagunea, Mezkirizko gaina: dorrea pintatzea komeni litzateke, begi-inpaktua gutxiagotzeko.

_NAVR 1059 banagunea, Erroko gaina: instalazioak eta egun dauden antenak partekatu eta dorrea pintatzea komeni litzateke, begi-inpaktua gutxiagotzeko. Halaber, dorrearen kokalekuan akats kartografiko bat dagoela diote, Esteribarkoan ageri baita, baina egiazki Erroko udal dermioan dago.

3. Vodafoneren Azpiegituren Lurralde Planari buruz, ondoko iritzi hauek azaldu ditu:

_049604 AM-NA b-472 banagunea, Mezkiritz: dorrea pintatzea komeni litzateke, begi-inpaktua gutxiagotzeko. Instalazioak beste operadoreekin partekatzen jarraitu beharko litzateke.

_020270 AT-NA j-401 banagunea, Erro: instalazioak eta egun dauden antenak partekatu eta dorrea pintatzea komeni litzateke, begi-inpaktua gutxiagotzeko.

Erantzuna:

Iritzi horiek ez dira alegazioak, eta izanen balira, ezetsi eginen lirateke, epez kanpo aurkeztu baitira; dena den, iradokizun hutsak izanik ere, ondoko erantzuna ematen zaie:

Dorreak pintatzeari dagokionez, ez dirudi horrela begi-inpaktua nabarmen gutxitu daitekeenik.

Erroko gainean eskatutako partekatzeari dagokionez, ukitutako hiru instalazioetan udal baimenik edo lizentziarik ez duen bakarra Telefónicarena da, eta, hortaz, instalazio hori (3100086 Erroko gaina) partekatu beharrari lotua dago, beste instalazio batzuetatik 2.000 metro baino gutxiagora baitago. Ondorioz, betebehar hori ezarri eta kokaleku hori kentzen da Telefónicaren Azpiegituren Lurralde Planetik.

Azterlan zientifikoa: Sakelako telefono zerbitzuak ukitutakoen taldeak, Azpiegituren Lurralde Planak jendaurrean egon diren aldian, azterlan zientifiko bat aurkeztu dute sakelako telefoniako banaguneek sortutako irrati-frekuentzien eraginaren esparruaren barruan egoteak osasunaren gainean izan ditzakeen ondorioei buruz; azterlanaren izena "The microwave sindrome further aspects of a study spanish" da. Azterlan horri ez zaio erantzunik ematen, ez baita alegazio bat.

III._Egindako txostenak.

Operadoreak, Nafarroako Gobernuaren erabakiari erantzuteko, testu bategin aurkeztu du, eta bertan bildu ditu, planari hasiera batean atxikitako dokumentazioaren ondoriozko aldaketez eta Azpiegituren Lurralde Plana jendaurrean jarri aurretik departamentuek emandako txostenez gain, gero eskatu ziren informazio osagarriak.

Testu bategin hori dela-eta, ondoko txosten hauek eman dira:

III.1._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzua.

Alegazio guztiak aztertu eta Vodafone España, S.A.k aurkeztutako Azpiegituren Lurralde Planaren Testu Bategina ikuskatu ondoren, aurtengo otsailaren 27an, honako hau jakinarazten dut:

1. Bi kokaleku berri daudela egiaztatu da. Hona hemen:

_AT-NA-Larraga-2ko estazioa (UTM koordenatuak X: 593.985 Y: 4.711.597). Larragako 4. poligonoko 476. lurzatian. Lurzatia urbanizaezina da, "koniferoak" taldean sailkatua, alepo pinuen baso berria baita.

Kokaleku honek aurreko AT-NA-Larraga ordeztu du, lizentziarik ez zuelako. Vodafonek Udalarekin batera aukeratu du beste kokapen hau, eta konpromisoa hartu du beste bi operadoreekin partekatzeko eta aurreko instalazioak suntsitzeko.

Sarbidea egun dagoen bide batetik izanen da. Beraz, jarduketa hori dela-eta ez da inolako eraginik sortuko.

Argindarraren aireko hornidura aurreikusi da proiektuan, enpresa hornitzaileak ezartzen duen puntutik abiatuta. Horri dagokionez, konpainiarekin hitzartuko du lotune hurbilena zein den, eta deribazioa instalazioaren sarbideko euskarritik beretik egiterik bada (230 bat metrora), lur azpitik joanen da.

Dorrea, 35 metroko garaiera duena, labore sailen eremu batean dago, alepo pinuen baso berri baten ondoan. Eskatutako estazioaren begi-inpaktua handia da, errepidetik eta inguruko biziguneetatik erraz ikus baitaiteke. Hala ere, oraingo egoeraren aldean hobea denez, bateragarritzat jo da.

Lurzatia ez dago intereseko inolako naturgunean sartua, eta ez du Batasunaren intereseko habitatik bere barruan.

Beraz, naturan eragiten dituen kalteak onargarriak dira, salbu eta hornidura elektrikoa airetik egiten bada.

Horiek horrela, proposamenaren aldeko ingurumen-txostena eman da, hartunearen kokaleku zehatza jakin ondoren hornidura elektrikoa bereizirik tramitatzeko baldintzapean.

_AT-NA-Lucia estazioa (UTM koordenatuak X: 607.055 Y: 4.743.146) Iruñeko 7. poligonoko 2094. lurzatian dago. Industriako erabilera duen hirilurra da.

Sarbideek eta elektrizitate hornidurak eraginen dituzten kalteak ez dira garrantzitsuak izanen, Agustindarren industrialdeko lurretan sartu direlako. Dena den, begi-inpaktua dorrearen behin betiko garaieraren araberakoa izanen da.

100 metro baino gutxiagora ez dago kalte egin dakiokeen eremurik.

Proposamenaren aldeko ingurumen-txostena emanen da, betiere, zuinketa lana egin ondoren oinplanoaren eta altxaeraren planoen fitxa osatzen bada.

1. Aurreko txosteneko zuzenketa guztiak egin direla egiaztatu denez, kokalekuei baimena ematen ahal zaie.

Bi kokaleku berriak eta AT-NA-Elo behin betikoz onetsiko dira, baldin eta 1. puntuan adierazitakoa eta txosten horretako baldintzak betetzen badituzte, hurrenez hurren:

Proposamenaren aldeko txostena aurkeztu da, zehaztapen hauekin:

_Sarbidea hobetzeko lanek ez diete inguruko zuhaitzei kalte eginen.

_Dorrearen garaiera mugatu eta estazioa biltontziaren ipar aldera mugituko da tartetxo batean, ukipenak gutxitze aldera.

2. Bestelako operadoreen estazioetatik 2.000 metro baino gutxiagora dauden kokalekuak aztertu ondoren, ikusi da udalen lizentzia edo Nafarroako Gobernuaren baimena dutela, edo, bestela, bestelako operadoreekin legezko instalazioak partekatzen dituztela.

Vodafonek Telefónicarekin instalazioak partekatu nahi ditu Arraizko Bentetako oinarrizko estazioan (Ultzama). Estazio horrek ez ditu behar diren lizentziak, ez eta baimenik ere, eta Plan honetatik baztertu da. Beraz, eskualde horretan, Vodafonek instalazioak partekatzeko aukera bakarra Amenaren oinarrizko estazioarekin du, kokaleku horretatik 2.000 metro baino gutxiagora baitago.

III.2._Ekonomia eta Ogasun Departamentua - Informazioaren Gizartea eta Telekomunikazioak Sustatzeko Zerbitzua.

Vodafone España, S.A. operadoreak aurkeztutako Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Planari dagokionez, eta haren kontrako alegazioak eta eskatutako dokumentazioa aurkezteko epeak bukatu ondoren, Plana jendaurrean jartzeko egindako txostena osatzeko ondoko hau egiten da:

_CEM-Erreniega estazioa dela-eta, lehendik zegoen kokaleku bat dela frogatu da. Bertan, behin-behineko dorrearen ordez 40 metroko bat jarri nahi da. Edonola ere, arrazoi teknikoek justifikatu dute beste estazioekiko 2.000 metroko distantzia hori murriztea, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren azaroaren 27ko 1324/2000 Foru Aginduaren 2.1 artikuluan baimendu baitzen eta, hortaz, adostasun txostena eman da.

_AT-NA-Lekunberri estazioa dela-eta, lehendik zegoen kokaleku bat dela frogatu da. Bertan, egun dagoen dorrearen ordez berri bat jarri nahi da, partekatu ahal izateko. Beraz, ez da kokaleku berri bat. Edonola ere, arrazoi teknikoek justifikatu dute beste estazioekiko 2.000 metroko distantzia hori murriztea, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren azaroaren 27ko 1324/2000 Foru Aginduaren 2.1 artikuluan baimendu baitzen eta, hortaz, adostasun txostena eman da.

_AT-NA-Lucia eta AT-NA-Larraga 2 izenekin Planean sartutako estazio berriei dagokienez, adostasun txostena eman da.

_Halaber, Plana jendaurrean jartzeko egin zen txostenean, estazioaren leku erabilgarrietatik igorpen elektromagnetiko gogorrena jasaten duena zein zen azaltzea eskatu zen, ondoko kokalekuei dagokienez:

.GN-NA-Baraibar F-498.

.NA-Belate 1 REP4T018.

.AT-NA-Bera G-393.

.NA-Dos Hermanas 1 REP4T015.

.NA-Dos Hermanas 2 REP4T016.

.Ezkaba EMO4005.

Operadoreak behar bezala aurkeztu du igorpen horiei buruz eskatu zaion informazioa. Horregatik, kokaleku horietarako adostasun txostena eman da.

III.3._Osasun Departamentua - Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua - Osasun Publikoaren Institutua.

Nafarroako Osasun Zerbitzuak, operadore horrek aurkeztu duen dokumentazioa ikusirik, aditzera eman du, bere teknikariek egiaztatu dutenez, Azpiegituren Lurralde Planak ez dituela gainditzen maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean zehazten diren esposizioko gehieneko mailak.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat etorririk, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Osasun kontseilariak, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak ebaztea erabaki honen azalpen zatian agertu den moduan.

2. Vodafone España, S.A.k aurkeztutako Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana telekomunikazioen arloko departamentu eskudunak onetsiko duela ezartzea, erabaki honen azalpen zatian ezarritakoari jarraikiz bidezko diren zehaztapenekin.

3. Erabaki hau jakinaraztea ondoko udal hauei: Agoitz, Aberin, Oibar, Allin, Allo, Altsasu, Ameskoabarren, Andosilla, Anue, Arakil, Aranguren, Arano, Artzibar, Arguedas, Armañantzas, Arroitz, Artaxoa, Barañain, Barbarin, Baztan, Bera, Berriobeiti, Burgi, Burlata, Cadreita, Caparroso, Zarrakaztelu, Cascante, Castejón, Cintruenigo, Zizur Zendea, Zizur Nagusia, Corella, Cortes, Desojo, Eguesibar, Erroibar, Espartza, Lizarra, Esteribar, Etxarri Aranatz, Ezkabarte, Ezporogi, Faltzes, Fitero, Fontellas, Funes, Galar, Garaioa, Goizueta, Goñi, Gorriti, Gorza, Gesalatz, Uharte, Ibargoiti, Igantzi, Imotz, Ituren, Itza, Jaurrieta, Lana, Larraga, Larraun, Elizagorria, Legarda, Leitza, Lekunberri, Lerin, Ledea, Lodosa, Los Arcos, Irunberri, Mañeru, Martzilla, Mendabia, Mendaza, Milagro, Elo, Monteagudo, Murchante, Noain-Elortzibar, Otsagabia, Odieta, Erriberri, Oloritz, Oltza, Orkoien, Orotz-Betelu, Iruña, Puiu, Ribaforada, Erronkari, Orreaga, Saldias, San Adrián, Zangoza, Santakara, Doneztebe, Sesma, Tafalla, Tiebas-Muru Artederreta, Tutera, Uharte Arakil, Uxue, Ultzama, Urdazubi, Urrotz, Urzainki, Luzaide, Valtierra, Viana, Bidankoze, Villafranca, Deierri eta Esa; halaber, sustatzaileari eta alegatzaileei, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, orobat, erabakiak bide administratiboa agortzen duela eta bere kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu edo, kasua bada, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Nolanahi ere, Administrazio Publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

4. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzura eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzura, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Informazioaren Gizartea eta Telekomunikazioak Sustatzeko Zerbitzura eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko ekainaren 19an._Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0610824