87. ALDIZKARIA - 2006ko uztailaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, 2006ko ekainaren 19koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Difusió Digital Societat de Telecomunicacions, S.A.U. (TRADIA) enpresak aurkeztutako Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Planaren jendaurreko aldia ebazten duena.

I._Aurrekariak.

Maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legearen arabera, Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez gidatuen bidezko telekomunikazioaren oinarrizko estazioak antolatzen baititu, operadoreek, onetsiak izateko, azpiegiturei buruzko lurralde plan bat aurkeztu behar dute, non gaur egun dauden estazio finkoak eta sare osoa ezarri eta garatzeko dauden aurreikuspenak azalduko diren.

Nafarroako Gobernuak, 2005eko apirilaren 18ko Erabakiaren bitartez, Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana, Difusio Digital Societat de Telecomunicaciones S.A.U.k (TRADIA) aurkeztua, jendaurrean jarri eta, aldi berean, Iruñeko udalari entzunaldia eman zion.

II._Aurkeztutako alegazioak.

Jendaurreko aldi horretan 12 alegazio idazki eta azterlan zientifoko bat aurkeztu dira. Haien edukia eta erantzuna ondoren azaltzen dira.

Alegazioak zer operadoreri bidali zaizkion, haren lurralde planaren arabera sailkatu dira. Hala ere, haietako asko hainbat operadoreren planekin bat zetozenez, bai haien edukia bai haiei emandako erantzuna errepikatu egin dira.

Alegazio-idazkiak:

1. Pedro Osés Navaz jauna, Ekologistak Martxan elkartearen izenean eta hura ordezkatuz. (2., 3., 9., 10., 11. eta 12. alegazioen berdina).

Edukia:

Teknologia horrek osasunari kalte egiten diola alegatu du eta, hortaz, legea aldatzeko eskatu. Bere ustez erakundeek babes-neurriak hartzen ahal dituzte, arriskuak benetakoak eta larriak erabat frogatu arte itxaron beharrik gabe. Lege berri bat eskatu du, honakoa lortzeko asmoz: baimendutako mailak murriztea, antenak biziguneetatik aldentzea eta abar.

Erantzuna:

Eskaera hori, hots, gaur egun auzi honen gainean dauden legeak aldatzekoa, lurralde planak onesteko prozeduratik kanpo dago erabat, eta horixe da hain zuzen ere jendaurreko prozesu honen xedea. Beraz, beste bide bat erabili beharko litzateke horretarako. Dena den, Nafarroako Gobernuak, arau indardunak bete behar baititu, eta haiek alde batera uzterik ez duenez, ezin du inola ere aintzat hartu haien urraketa proposatzen duten eskaerak. Teknologia horrek osasunari egiten ahal dion kalteari dagokionez, auzi hori ere jendaurreko aldiaren kanpokoa da. Izan ere, kasu honetan Nafarroako Gobernuaren eginkizun bakarra da plan horiek Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez gidatuen bidezko telekomunikazioaren oinarrizko estazioak antolatzen dituen maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean agindutakoa betetzen dutela ikuskatzea. Horrek ez du baldintzatuko lege batek osasunaretzako jarduera kaltegarririk baimentzen ahal duenik. Edonola ere, azaldutako kezka dela-eta, Osasun Departamentuak txosten bat prestatu du horren gainean (4. alegazioari emandako erantzunean oso-osorik ageri da). Bertan, Osasunaren Mundu Erakundearen baieztapena hartu da aintzat. Hari jarraikiz, berriki egindako ikerketan ez da ondorioztatzen sakelako telefonoek edo dagozkien oinarrizko estazioek igorritako irrati-frekuentzia eremuetan egotea osasunerako kaltegarria denik.

2. Miguel Angel Gurbindo jauna, Arga Chantrea auzo elkartearen izenean eta hura ordezkatuz.

Edukia eta erantzuna:

Alegazio honek 1 zenbakikoaren eduki bera du eta, beraz, erantzun berbera.

3. Ascen Ganuza Apostua andrea, Sakelako telefonoek ukitutakoen taldearen izenean eta hura ordezkatuz.

Edukia eta erantzuna:

Alegazio honek 1 zenbakikoaren eduki bera du eta, beraz, erantzun berbera.

4. María Josefa García Soto andrea, "Alde Zaharra" auzo elkartearen izenean.

Edukia:

Elkarte honek Nafarroako Gobernuari Azpiegituren Lurralde Planak bertan behera uzteko eskatu dio eta, halaber, erradiazio elektromagnetikoak pertsonen osasunean dituen eraginen gaineko ikerketa publiko bat hasteko.

Erantzuna:

1. alegazioari emandako erantzuna errepikatzen da, hots, jendaurreko prozesu honetatik kanpoko auzitzat jo da. Era berean, osorik erantsi da Osasun Departamentuak auzi horren gainean emandako txostena.

Osasunaren Mundu Erakundearen 2002ko urtarrilaren 23ko aitorpenak hauxe dio: "Berriki egindako ikerketan ez da ondorioztatzen sakelako telefonoek edo dagozkien oinarrizko estazioek igorritako irrati-frekuentzia eremuetan egotea osasunerako kaltegarria denik. Hala ere, azterketa horietan hutsuneren bat atzeman baita, zentzuzkoa da ikerketa berriak abiaraztea arriskuak hobeki baloratze aldera. 2007. urtean ikerketa horiek bukatu eta ebaluatuko direla aurreikusi da. Hortaz, ordura arte ezin izanen da osasunean jasaten ahal diren arriskuen gaineko behin betiko emaitzarik argitaratu."

Erradiazio ez-ionizatzaileek osasunean dituzten eraginak ez daude ongi zehaztuta eta subjektiboak dira. Horregatik zaila da ikerketa epidemilogiko batean haiek modu objektiboan neurtzea.

Egun, MOE, IARC (Internacional Agency for Research on Cancer) eta beste erakunde batzuk gaia aztertzen ari dira. Nazioarteko ikerketa horien emaitzak izan arte itxoin behar dugu, izan ere, haien diseinu epidemiologikoa zabala eta lurraldeartekoa baita, bide emanen dute eraginari buruzko adierazleak modu fidagarriagoan aztertzeko.

Populazio gune txikietan adierazle puntualek ausazko aldakortasun handia dutenez, herriak batu behar izaten dira aldakortasuna gutxitze aldera. Hala egiten dute MOE edo IARC bezalako nazioarteko erakundeek zentro askoren arteko ikerketetan.

Nafarroan, orain arte, ezarritako gomendioak betetzen ari dira. Erakundeak egiten ari diren ikerketek osasunerako arriskuak zehaztasun zientifikoz baloratuko dituztelakoan, haien emaitzen esperoan gaude Gobernuari haiek gomendatutakoa proposatzeko.

Ikerketa horiek bukatutakoan, osasunerako eraginak objektiboki frogatzerik izan, eta Nafarroan herritarrak eta eragin eremu diferenteak egonez gero, hasiera ematen ahalko litzaioke mota horretako ikerketa bati, betiere, legeak zehazten duen modura, zehaztasun zientifikoan oinarrituta, epe ertain eta luzera."

5. Mendabiako Udala.

Edukia:

Oro har, entitate honek eskatu du Amenak aurkeztutako Azpiegituren Lurralde Plana onetsi baino lehen Nafarroako Gobernuak bidezko azterketak egin ditzan, lehen neurri gisa, erradiazio horiek pertsonen osasunean duten eragina ezagutzeari begira. Orobat, ezinbestekotzat jo du foru legerian xedapen batzuk sartzea, telefoniako konpainiak behar den bezala funtzionatzeko nahitaezkotzat hartzen diren gutxieneko mailetara egokitu daitezen.

Eta bereziki, ezinbestekotzat jotzen dute Nafarroako Gobernuko Ingurumen eta Osasun Departamentuek Vodafoneren herriko antenaren egoera ikuskatzea, herritarren osasuna bermatze aldera, uste baitute antenak kalte larria egin duela. Haien ustez, enpresen interesak eta herritarren lasaitasuna bateratzeko bide bakarra da lege zorrotzagoak ezartzea erradiazioei dagokienez. Halaber, haien arabera, legeek debekatu beharko lukete herriguneetan halako instalazioak jartzea baldin eta proiektuak ukitzen dituen auzo guztien arteko aurretiazko erabakirik ez badago.

Erantzuna:

Antzekoak baitira, 1. alegazioari emandako erantzuna errepikatzen da, eta bai oro har antenei buruz egindako oharrarentzat bai Vodafoneren antena dela-eta egondako alegazioarentzat. Hona hemen: eskaera hori, hots, gaur egun auzi honen gainean dauden legeak aldatzekoa, lurralde planak onesteko prozeduratik kanpo dago erabat, eta horixe da hain zuzen ere jendaurreko prozesu honen xedea. Beraz, beste bide bat erabili beharko litzateke horretarako. Dena den, Nafarroako Gobernuak, arau indardunak bete behar baititu, eta haiek alde batera uzterik ez duenez, ezin du inola ere aintzat hartu haien urraketa proposatzen duten eskaerak. Teknologia horrek osasunari egiten ahal dion kalteari dagokionez, auzi hori ere jendaurreko aldiaren kanpokoa da. Izan ere, kasu honetan Nafarroako Gobernuaren eginkizun bakarra da plan horiek Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez gidatuen bidezko telekomunikazioaren oinarrizko estazioak antolatzen dituen maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean agindutakoa betetzen dutela ikuskatzea. Horrek ez du baldintzatuko lege batek osasunaretzako jarduera kaltegarririk baimentzen ahal duenik. Edonola ere, azaldutako kezka dela-eta, Osasun Departamentuak txosten bat prestatu du horren gainean (arestian jaso dena). Bertan, Osasunaren Mundu Erakundearen baieztapena hartu da aintzat. Hari jarraikiz, berriki egindako ikerketetan ez da ondorioztatzen sakelako telefonoek edo dagozkien oinarrizko estazioek igorritako irrati-frekuentzia eremuetan egotea osasunerako kaltegarria denik.

Azkenik, esan beharra dago azpiegiturei buruzko lurralde planak onestea gerora ezar daitezkeen kokalekuak aurreikusteko dela, eta horiek maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean finkatutako betebeharren araberakoak izan behar dutela; prozedura independentea da erabat, eta ez lotzailea toki entitateek beren eskumenen barruan eta beren udal araudiarekin bat egin behar dituzten ondoko jarduketentzat (adibidez, udal baimenentzat). Hortaz, ez da bidezkotzat jotzen aipatutako antena Azpiegituren Lurralde Planetik kentzea, maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legetik heldu diren betebeharrei dagokienez.

6. Iruñeko Udala.

Edukia:

Udal horren arabera, Azpiegituren Lurralde Planean sartutako instalazio batzuen kokalekua ez da egokia hirigintza irizpideak direla-eta, eta hortaz, haien kokalekua berraztertu behar da. Esate baterako, Udal Planak babestutako eraikin batzuetan antenak daudela zehaztu dute: Amenaren antena bat (Nafarroako Gorteak kalea, 1), Telefónicaren beste bat (Bergamín, 2) eta Vodafoneren bi (Bergamín, 2 eta Gazteluko plaza, 42).

Orobat, gaur egun dauden instalazioak Azpiegituren Lurralde Planetan sartu ez direnez, planak eta egun dituzten edukiak onetsiz gero, instalazioak baliogabetu eta kentzeko neurriak hartu beharko dira.

Erantzuna:

Berriz esan beharra dago azpiegiturei buruzko lurralde planak onestea gerora ezar daitezkeen kokalekuak aurreikusteko dela, eta horiek maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean finkatutako betebeharren araberakoak izan behar dutela; prozedura independentea da erabat, eta ez lotzailea toki entitateek beren eskumenen barruan eta baren udal araudiarekin bat egin behar dituzten ondoko jarduketentzat (adibidez, udal baimenentzat). Alegia, udal lizentziak hirigintzako planeamenduari jarraikiz emanen dira, Azpiegituren Lurralde Planek galarazi gabe. Hortaz, ez da bidezkotzat jotzen proposatutako instalazioak Azpiegituren Lurralde Planetik kentzea, maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legetik heldu diren betebeharrei dagokienez.

Instalazioak kentzeari dagokionez, 10/2002 Foru Legearen 7. artikulua aplikatuko da jarduera behin betiko utzi edo instalazioan erabiltzen ez den elementurik egonez gero, operadoreak, edo kasua bada instalazioen jabeak, behar direnak eginen ditu irrati-komunikazioko ekipoak edo haien elementuak kendu eta erretiratzeko, eta instalazio hori kokatuta dagoen zorua edo eraikina instalazioak jarri aurretik zegoen bezala utzi beharko du.

7. Antsoaingo Udala.

Edukia:

a) Azpiegituren Lurralde Plana jendaurrean UPSa gisa jartzea egokia ez dela alegatu dute, izan ere, Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez gidatuen bidezko telekomunikazioaren oinarrizko estazioak antolatzen dituen maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legea zaharragoa da Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea baino, eta lege hartan ez da Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko aurreko legearen inolako aipamenik egiten (10/1994 Foru Legea), ez Azpiegituren Lurralde Planaren definizioan ez haren onespenari dagokionez.

Horretaz gain, adierazten dute Azpiegituren Lurralde Planak ezin direla UPS edo plantzat hartu, besteak beste, horiek garatu eta egiteko azpiegiturak besterik ez dutelako erregulatzen, eta lehendik dauden instalaziorik ez dute inoiz jasotzen edo sartzen. Batzuen eta besteen edukia eta helburua ezin dira parekatu, ezta egin eta onestearen ondorioetarako ere, ekimen pribatuko planak direlako.

Horrela bada, 10/2002 Foru Legeak Azpiegituren Lurralde Planak UPSen modura espresuki arautzen ez dituela adierazi dute, nahiz eta egiterik bazuten. Halaber, foru lege horrek berak dio departamentu eskudunak onetsiko dituela, eta ez Nafarroako Gobernuak, UPSen onespenaren kasuan hala egiten bada ere. 10/2002 Foru Legeak ezarri zuen "departamentu eskudunak onetsiko dituela azpiegiturei buruzko lurralde planak". Alegatzaileen ustez, hori nahikoa da prozedura bat eta organo eskudun bat daudela zehazteko. Beraz, Erabakiak Azpiegituren Lurralde Planak UPSen gisara hartu eta onesteko oinarri hartzen zuen gabezia hori ez dago. Horiek horrela, 10/2002 Foru Legearen 12.1 artikuluak ondokoa ere ezartzen du: "Tramiteak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearekin bat eginen dira".

b) Azpiegituren Lurralde Planaren edukia, eragina eta, batez ere, ondorioak ez dira UPSek dituzten berak. 10/2002 Foru Legearen 12.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, Azpiegituren Lurralde Planak arlo horretako departamentu eskudunak onetsi beharko ditu, baina, horretaz gain, lurzoru ez urbanizagarrian kokatzen direnean, baimena beharko dute, bai eta udalaren kasuan kasuko lizentziak ere. UPSak, berriz, Udalaren kontroletik salbuetsirik daude eta, horregatik, udal planeamendua urratu gogo dute. Antsoainen kasuan, esaterako, bi ebazpen judizialek Amenaren eta Teléfonicaren antena biren ezarpena (Jurramendi zeharkalean eta Lapurbide kalean, hurrenez hurren) legez kanpokoa deklaratu arren, Azpiegituren Lurralde Planean sartu dira.

c) Nafarroako Gobernuaren Erabakiak eta Azpiegituren Lurralde Planari eman nahi dizkion ahalmen eta ondorioek Nafarroako Gobernuaren eta Udalen arteko eskumenen banaketa urratzen dute.

Amaiatzeko, udalbatzak eskatu du Teléfonicaren eta Amenaren Azpiegituren Lurralde Planak behin betikoz ez onesteko.

Erantzuna:

Azpiegituren Lurralde Planak ez dira UPSekin erabat berdindu nahi, baizik eta, Nafarroako Gobernuaren 2005eko apirilaren 18ko Erabakiaren arabera, jendaurrean egon baitzen, 10/2002 Foru Legean Azpiegituren Lurralde Planak onesteko prozedurarik jaso ez zenez, 35/2002 Foru Legean UPSetarako ezarritako bera aplikatzen ahal zela erabaki zen. Horrek ez du esan nahi tokian tokiko kontroletatik salbuestea bilatzen denik, eta are gutxiago, udal planeameanduaren betearazpenetik. Aitzitik, berriz ere gogorarazten da azpiegiturei buruzko lurralde planak onestea gerora ezar daitezkeen kokalekuak aurreikusteko dela, eta horiek maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean finkatutako betebeharren araberakoak izan behar dutela; prozedura independentea da erabat, eta ez lotzailea toki entitateek beren eskumenen barruan eta baren udal araudiarekin bat egin behar dituzten ondoko jarduketentzat (adibidez, udal baimenentzat). Hortaz, ez da bidezkotzat jotzen aurkeztutako Azpiegituren Lurralde Planak ez onestea, maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legetik heldu diren betebeharrei dagokienez.

8. Baztango Udala.

Edukia:

a) Lehenik eta behin, alegatzaileak azpimarratzen du lege indardunetan anbiguotasunak daudela ondokoen gainean:

_Dauden estazioen tipologia. Nazio mailako legeetan 4 estazio mota daude, urtero frogagiriak aurkeztu behar dituztenak (ER1, ER2, ER3 eta ER4).

_Sailkapen horretan sartzerik ez duten estazioak ER5 taldean sartu dituzte operadoreek, eta Estatuko legeei jarraikiz, ez dute emisio irrati-elektrikoei buruzko agiririk aurkeztu beharko. Aitzitik, foru legeek estazio guztien gaineko fitxak aurkeztu beharra ezarri zuen. Baztanen, estazio asko hiri lurzorutik kanpo daude, herrigunetik urrun. Hortaz, ER5 motakotzat har daitezke.

_Estazioak honako hauen arabera sailkatzen dira: potentzia erradiatua, hiri lurzoruan egon edo ez, haien inguruan inor joan ohi den arlorik baden. Azken puntu hori alegazioan anbiguotzat jo zen.

b) Telefónica, Amena eta Vodafoneren Azpiegituren Lurralde Planei dagokienez, estazioek igorpen irrati-elektrikoen mailak ez dituztela neurtzen alegatu dute.

c) Batera erabiltzea dela-eta, haien ustez, bideragarria izan daiteke Elizondoko kokalekuetan eta Almandozkoetan, salbu eta arrazoi teknikoek kontrakoa agintzen badute. Gorramendin, gaur egun dauden dorreen tamaina kontuan hartua, ezin dira bakar batean bildu. Izan ere, egun dauden antenen kopurua oso handia da.

Telefónicaren estazioei dagokienez, honako hauek partekatzea proposatu da:

_Elizondo ER, Vodafoneren Elizondo estazioaren gertu, AT-NA-Elizondo Amenaren estazio bat ere egonen da (NAVR1052).

_Almandoz EB, Amena (NAVR 1032) enpresaren dorren baten inguruan dago.

Amenaren estazioei dagokienez, honako hauek partekatzea proposatu da:

_Elizondo NAVR 1053, Nafarroako Gobernuak Gorramendin duen dorrean, dorre horiek antenez gainezka baitaude.

_Elizondo NAVR 1052, arestian aipatu moduan, Telefónicaren dorre baten aldean baitaude.

Vodafoneren estazioei dagokienez, honako kokaleku hauek partekatzen ahal direla adierazi dute:

_AT-NA-Elizondo.

_GN-NA-Gorramendi, Nafarroako Gobernuak Gorramendin duen dorrean, dorre horiek antenez gainezka baitaude.

d) Ekonomia eta Ogasun Departamentuak txosten bat prestatu zuen Vodafoneren AT-NA-Belateko tunela izeneko estazioaren leku erabilgarrietatik igorpen elektromagnetiko gogorrena jasaten duena zein den jakiteko asmoz. Hori dela-eta, alegatzaileak adierazi du ez dela kontuan hartu pasabide arrunt bat badela, beraz, horren arabera, operadoreak CTE/23/2002 Aginduan sailkatuetatik kanpo uzten duela estazioa, eta horregatik, ez dela araudia urratzen ari.

e) Amaitzeko, alegatzailearen ustez, eta operadoreen lurralde planak eta Nafarroako Gobernuko departamentuen azterketen gaineko txostenak aintzat hartuta, kokalekuak partekatzeari buruzko inguruabar batzuk eta zenbait ataletako informazio falta bazter utzita, lurralde planak teknikoki egokiak dira, bai eta Baztango komunikazio mugikorren estaldura hobetzeko beharrezkoak ere.

Erantzuna:

1. Arau indardunen anbiguotasunari edo zehaztasun faltari buruzko alegazioak ez dagozkio Azpiegituren Lurralde Planen informazio aldiaren prozedurari.

2. Telefónicaren eta Amenaren fitxetan hasiera batean ez ziren igorpenak jaso, baina eskatu ondoren, Azpiegituren Lurralde Planari erantsitako taula batean ageri dira.

Vodafonerekin berdin gertatu da, salbu eta Belateko tunela1 izeneko kokalekuari dagokionez. Izan ere, errepikagailuaren estazio gisa aurkeztu du, haren igorpen maila erantsi gabe. Kasu guztietan ezinbestekoa denez, kokaleku hori Azpiegituren Lurralde Planetik kendu da.

3. Alegatzaileak aipatu dituen partekatzeak direla-eta, kokaleku eta fitxa horiek aztertu ondoren, egiaztatu da Telefónicaren Elizondo ER eta Almandoz EB kokalekuek udal lizentziarik ez dutela, eta gainera, Elizondoko AT-NA-Elizondo (Vodafone) eta Almandozko NAVR1032 (Amena) estazio lizentziadunetatik 2000 metro baino gutxiagora daudela. Horrenbestez, Telefónicaren kokalekuek 1324/2000 Foru Aginduak ezarritako partekatu beharra bete behar dute, ezin baitira lehenagoko kokaleku balioduntzat hartu eta, hortaz, Azpiegituren Lurralde Planetik kendu dira. Gorramendiko dorreak direla-eta, alegatzailearen irizpidearekin bat egiten du partekatzearen ezintasunari dagokionez.

4. 10/2002 Foru Legearen arabera, kasu guztietan, estazioaren leku erabilgarrietatik igorpen elektromagnetiko gogorrena jasaten duena zein den azaldu behar da.

9. Sakelako telefonoek ukitutakoen Nafarroako taldea.

Edukia eta erantzuna.

Alegazio honek 1 zenbakikoaren eduki bera du eta, beraz, erantzun berbera.

10. Jorge Labat Ibarrola jauna, Grupo Municipal Tafallaberri izeneko elkartearen izenean.

Edukia eta erantzuna.

Alegazio honek 1 zenbakikoaren eduki bera du eta, beraz, erantzun berbera.

11. Juan Pernaut jauna, Cuatropea 2 eta San Isidro 1 bizilagunen elkartearen izenean.

Edukia eta erantzuna.

Alegazio honek 1 zenbakikoaren eduki bera du eta, beraz, erantzun berbera.

12. Juan Víctor del Barrio Iglesias jauna, Lurra-Lurraren Babeserako Nafarroako Elkarteko burua, elkartearen izenean.

Edukia eta erantzuna.

Alegazio honek 1 zenbakikoaren eduki bera du eta, beraz, erantzun berbera.

Azterlan zientifikoa:

Sakelako telefono zerbitzuak ukitutakoen taldeak, Azpiegituren Lurralde Planak jendaurrean egon diren aldian, azterlan zientifiko bat aurkeztu dute sakelako telefoniako banaguneek sortutako irrati-frekuentzien eraginaren esparruaren barruan egoteak osasunaren gainean izan ditzakeen ondorioei buruz; azterlanaren izena "The microwave sindrome further aspects of a study spanish" da. Azterlan horri ez zaio erantzunik ematen, ez baita alegazio bat.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat etorririk, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Osasun kontseilariak, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak ebaztea erabaki honen azalpen zatian agertu den moduan.

2. Difusió Digital Societat de Telecomunicacions, S.A.U. (TRADIA) enpresak aurkeztutako Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana telekomunikazioen arloko departamentu eskudunak one- tsiko duela ezartzea, erabaki honen azalpen zatian ezarritakoari jarraikiz bidezko diren zehaztapenekin.

3. Erabaki hau Iruñeko Udalari, sustatzaileari eta alegatzaileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabakiak bide administratiboa agortzen duela eta bere kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu edo, kasua bada, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Nolanahi ere, Administrazio Publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

4. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Informazioaren Gizartea eta Telekomunikazioak Sustatzeko Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko ekainaren 19an._Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0610822