87. ALDIZKARIA - 2006ko uztailaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

430/2006 EBAZPENA, maiatzaren 24koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Lan zuzendari nagusiak emana, "Berriozarko Udala" entitatearen lan hitzarmen kolektiboa (lan kontratudunena) erregistratu, gorde eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 58/2006).

Ikusirik "Berriozarko Udala" enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua, negoziazio batzordeak sinatua (espediente zenbakia: 58/2006).

Gertakariak:

1. Departamentu honetan 2006ko maiatzaren 15ean sartu da aipatu enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua, 27 artikuluz eta eranskin batez osatua, enpresaren ordezkariek eta langileen delegatuek (ELA-STV) 2006ko maiatzaren 15ean izenpetu eta onetsia.

2. Espediente honen izapideak egitean, aplikatu beharreko lege eta erregelamenduen manuak bete dira.

Zuzenbideko oinarriak:

1. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak bere esku du lan hitzarmen kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzea, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan ezarrita dagoen bezala eta Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuarekin bat, baita irailaren 23ko 334/1996 Foru Dekretuarekin ere, departamentu honi Estatutik transferitutako lan zerbitzuak esleitzen dizkionarekin, alegia.

2. Maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuaren bigarren artikuluak agintzen du Langileen Estatutuaren III. Tituluan ezarritakoaren arabera egindako hitzarmenak hitzarmen kolektiboen erregistroan inskribatu behar direla.

3. Hitzarmen kolektiboak gordetzea, erregistratu ondoren, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren eskumena da, zuzenbideko oinarrietako lehenbizikoan aipatutako manuen arabera.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluaren bidez eman dizkidaten eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Berriozarko Udala" enpresaren lan hitzarmen kolektiboa (kodea: 3100742) erregistratzea, Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea.

2. Ebazpen hau Hitzarmenen Erregistrora bidaltzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen honen berri ematea negoziazio batzordeari eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea agortzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal duela Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2006ko maiatzaren 24an._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.

2006/2007RAKO BERRIOZARKO UDALEKO LANGILEEN LAN BALDINTZEI BURUZKO HITZARMENA

1. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Hitzarmen honek Berriozarko Udalaren eta lan kontratudun finko edo aldi baterakoen arteko harremanak arautuko ditu eta 2006ko urtarrilaren 1etik 2007ko abenduaren 31 arteko indarraldia izanen du. Aplikazio eremutik kanpo geldituko dira zuzendaritza karguak betetzeko langileak Gizarte Enplegu Babestuko programetarako, Oinarrizko Errentarako edo Interes Orokorreko edo sozialeko obretarako kontratatutako langileak (Lan merkatua aldatzeko, enplegua gehitzeko eta kalitatea hobetzeko presako neurri batzuk ezarri zituen uztailaren 9ko 12/2001 Legea). Horien kasuan nork bere hitzarmen kolektiboa izanen du arau, bakoitzak duen lanaren arabera (eraikuntzaren hitzarmena, etab.).

2. Hitzarmen honek aginduko du Udalaren departamentu guztietan.

3. Hitzarmen honek Berriozarko Udalaren osoko bilkurak onetsi eta hurrengo egunetik aitzina gartuko du indarra, lanaldiaren, ordutegien eta ordainsarien tituluak aparte utzita, horiek 2006ko urtarrilaren hasieran jarri baitziren indarrean. Hitzarmenaren indarraldia 2007ko abenduaren 31 artekoa izanen da eta bere amaiera 2007ko azaroaren 1a baino lehen iragarri beharko da.

Hitzarmen honen helburua da Berriozarko Udalaren lan kontratatu finkoen edo aldi baterakoen eta euren zerbitzuak Udalean ematen dituzten eta Langileen Estatutuari loturiko beste pertsona guztien lan baldintzak arautzea.

Akordio honetan xedatzen ez den orotan, Langileen Estatutuan, hura garatzen duten legezko xedapenetan eta toki entitateei aplikatzen zaizkien gainerako arauetan ezarritakoari lotuko zaio, eta orobat, Nafarroako Gobernuaren eta haren langileen artean sinatutako akordioari. Azkeneko horretatik kanpo gelditzen da ordainsari osagarriei dagokien guztia, Akordio honetan ezarritakoak aplikatuko baitira.

4. Ordainsari osagarri guztiak langileen batzordearen eta Berriozarko Udalaren artean negoziatuko dira.

Hitzarmenaren arauzko klausulak besterik gabe luzatuko dira hitzarmen berria sinatu arte, aurrean aipatu garaian beste akordiorik lortzen ez bada, baina ez dira luzatuko, ordea, nahitaez bete beharrekoak.

2. artikulua. Lanaldia.

1. Urteko benetako lanaldia, orokorrean, 1.592 ordukoa izanen da.

2. Irakasleen lanaldia Nafarroako Gobernuko funtzionarientzat ezarritakoa izanen da.

3. Enplegatuek eskubidea dute plantilla organikoan lanaldia luzatzeagatik ezarritako lan osagarriak kobratzeko.

4. Urteko lanaldiaren banaketa Alkatetzaren esku egonen da, langile batzordeak proposatuta eta langileen ordezkari sindikalekin negoziatu ondoren, udalak bere antolaketa egiteko ahalmena eta zerbitzuaren beharrak, behar bezala justifikatuak, galarazi gabe.

5. Zerbitzuko beharrak direla-eta, lan egutegi berariazkoa duten langileak, edonola ere, nor bere lan egutegiari lotuko zaio, bakoitzaren kontratu mota kontuan hartuta.

6. Lanaldiak 20 minutuko malgutasuna izanen du, lanaldiaren hasieran eta bukaeran, zerbitzu bakoitzeko egutegian. Ordutegi malgua ez zaie aplikatuko zerbitzu beharrengatik mota bereziko lanaldia duten enplegatuei ez eta ordu konpentsazioren bat duten langileei (txandako lana, gauekoa, etab.) eta malgutasun hori ez da zerbitzuaren kalterako izanen. Hogei minutu horiek egun berean sartuko dira.

7. Lanaldi osoko langileek 20 minutu izanen dituzte gosaltzeko eta 10 minutu 4 ordu eta erdiko lanalditik goitiko langileek. Zerbitzu bakoitzeko arduradunek zaindu beharko dute atal honetan ezarritakoa betetzen ba ote den.

8. Zerbitzu guztiek presentzia kontrolatzeko sistemak izanen dituzte.

3. artikulua. Jaieguna.

1. Berriozarko festak: ondorio ekonomikoetarako, herriko festa jaiegun izanen da. Gaueko txandakoek, gainera, gaueko lanaren plusa kobratuko dute. Txanda horiek urteko gainerako igande eta jaiegunekin batuko dira.

(1) Azpimarratutako lerroalde guztiak, letra etzanetan eta lodietan, funtzionarioen ordezkariek Akordio berrirako aurkeztutako proposamenak dira.

Era berean, herriko festa izanen da San Esteban eguna, abenduaren 26a.

4. artikulua. Egutegia.

1. Udal alor guztietako egutegiak Udalaren eta langileen ordezkari sindikalen artean adostuko dira, gai horretaz Udalaren organo eskudunak duen eskurantzak galarazi gabe.

2. Ezartzen diren ordutegietan eta lan txandetan aldaketarik egiteko, eta gauza bera atsedenaldi, opor eta egutegiko aldaketa onetsietan, ordezkari sindikalekin negoziatu beharko da.

3. Egutegi gorabeherak izanez gero, horiei dagozkien egunak nahitaez urte naturalaren barnean hartu beharko dira.

5. artikulua. Aparteko orduak.

1. Inork ere ez du aparteko 50 ordu baino gehiago egiten ahal urtean. Aparteko lanaldiak orduen bidez konpentsatuko dira beti. Aparteko orduak zein hiletan egiten diren hil horretan edo hurrengoan hartuko da haiei buruzko denbora konpentsazioa, eta nolanahi ere, urte erdi naturalaren barnean.

2. Aparteko orduak kasu eta jarduketa berezietan baino ez dira eginen. Aparteko orduak egiten dituztenek horren arrazoia zerbitzuko arduradunari emanen diote.

3. Aparteko orduak honela ordainduko dira: atseden ordu bat eta berrogeita bost minutu lanegunetan egindako aparteko ordu bakoitzeko, eta atsedeneko bi ordu, igandeetan edo jaiegunetan egindako ordu bakoitzeko.

4. Hiruhilean behin, sindikatuetako ordezkariei funtzionario guztiek eginiko aparteko orduen egoera-orri bat igorriko zaie.

Zerbitzu batean metaturiko aparteko orduak gehiegi direla egiaztatzen bada, plantilla handitzeari buruzko azterketa bat eginen da.

Ohiko lanaldiaren jarraipen ez diren aparteko orduak gutxienez ordu bat gisa kontatuko dira, edozein dela ere benetan lan egindako denbora.

6. artikulua. Oporrak.

1. Hitzarmen honen eraginpeko langileek zerbitzuko urte oso bakoitzean opor ordainduak izateko eskubidea dute, Nafarroako Gobernuak arau bidez ezartzen duena, hain zuzen ere, edo proportzioan legozkiekeen egunak, zerbitzuko denbora motzagoa izanez gero.

2. Ikastetxeetan lan egiten dutenek, batzorde paritarioarekin kontsulta egin ondoren, opor ordainduak ikastetxean lanik egiten ez den garaian hartuko dituzte, non ez den zerbitzu beharrengatik besterik erabakitzen.

3. Zerbitzu bakoitzeko arduradunek euren ardurapeko langileen oporren plana aurkeztuko diote Alkatetzari, urteko maiatzaren 15a baino lehen, eta hark ekainaren 15erako horri buruzko ebazpena emanen du, langile batzordeak proposatuta eta langileen arduradunekin negoziatu ondoren.

Hartu gabeko opor egunik geldituz gero, bigarren plana aurkeztuko da urriaren 31 baino lehen. Salbuespen gisa, Alkatetzak baimena ematen ahal du aurreko urteko opor egun batzuk urtarrilaren lehen hamabostaldian hartzeko.

4. Opor egunak ezin ordainduko dira diru truk, ez osorik ez hein batean, salbu eta enpresa utzi, erretiratu edo eszedentzia hartuz gero, opor guztiak hartu ez direnean.

5. Langile bat eri jartzen bada oporretan dagoela, ez da oporraldia etengo, salbu eta lau egun baino gehiagoko ospitalizazioa ekartzen duten istripu edo eritasunen kasuan, edo txosten mediko batez gaixotasuna larri edo oso larritzat (ospitaleratu beharrarekin nahiz gabe) jotzen denean; azken hori, betiere, ziurtagiri medikoaren bidez egiaztatu beharko da. Halakoetan, oporraldia eteteak indarra izanen du ospitalizazioa edo eritasuna hasten den lehenbiziko egunetik.

6. Oporrak hartzeko eskaera egiten denetik bost egun natural igaro eta interesatuari ukapenaren jakinarazpena egiten ez bazaio, baimena emandakotzat joko da. Ebazpena, dena den, arrazoitua izanen da.

7. artikulua. Lizentziak eta baimenak.

1. Nafarroako Gobernuak bere langileentzat ezarritakoak berak izanen dira.

2. Urtean zehar, funtzionarioek eskubidea izanen dute euren kontuetarako 3 egun bitarte hartzeko. Baimen egun horiek ordainduak izanen dira. Lizentzia eta baimen ordainduak eskatzeko eta emateko funtsezko arrazoiak beharko dira eta ezin dira beste motatako lizentzia, baimen edo oporrekin bat egin, indarra duen foru legeriak besterik ezartzen ez badu, behintzat. Lanaldi osoa ez dutenek, lanaldia zenbateraino duten murriztua, horren araberako baimen egunak izanen dituzte norberaren gauzetarako. Gertaera eragilearen egun beretik hartuko da lizentzia.

3. Kontsultak, tratamenduak eta miaketa medikoak egitera eta erditzea prestatzeko klasetara joateko, bai eta ezkontideari edo bizikideari, funtzionarioaren kargura dauden gurasoei eta seme-alabei laguntzeko ere, beharrezkoa den denbora hartuko da behar bezala justifikatuta. Baimen horren denbora ez da errekuperatzekoa izanen.

4. Lizentzia eta baimenen arloan, izatezko bikoteek ezkonduei ematen zaizkien eskubide berberak izanen dituzte..

5. Baimenak eta lizentziak ukatuz gero, arrazoiak emanen dira.

8. artikulua. Lanbide hobekuntza eta prestakuntza.

1. Langileei prestakuntzarako erraztasunak emateko, Administrazioak hitz eman du neurri hauek hartuko dituela, baldin eta zerbitzuaren kudeaketak eta lanaren antolaketak horretarako bide ematen badute:

Lanbide prestakuntza eta hobekuntzarako baimen ordainduak ematea, urtean berrogeita hamar ordu, gehienez, ondorengo baldintzak betetzen badira, betiere:

_Ikastaroen edukiak zerikusi zuzena izatea Administrazioan lan egiten duenaren lanpostuarekin edo lanbide karrerarekin, eta ikastaroetara joateak ez du aldi baterako kontratu bidezko ordezkoa jarri beharra ekarriko.

_Ikastaro horiek lanalditik kanpora ere egin ahal izatea.

_Ikastaroak egiteko eragozpenak izatea, lanaldiaren orduetan direlako edo txandaka lan egiteak klaseetara joatea oztopatzen duelako.

_Konpentsazioa ez da aparteko orduaren heinekoa izanen.

Kasu guztietan, zerbitzuetako arduradunek Alkatetzari jakinaraziko diote ikastaro bakoitzak zernolako lotura duen lanpostuarekin eta, hala bada, baimena emateko arrazoi berezia zein izan den.

2. Nahi izanez gero baimena ematen ahal zaie langileei lanaldiaren barnean egiten diren ikastaroetara, lanpostuarekin lotura zuzenik ez dutenetara, joateko. Kaso horietan, lanpostutik kanpora egiten diren orduak aurreko atalean aipatu ikastaroen orduekin konpentsatuko dira.

3. Berriozarko Udalak urtero 9.015 euro erabiliko ditu ohiko lanpostuekin zuzeneko lotura duten prestakuntza-gastuetarako edo Udalaren zuzendaritzarentzat hurbileko interesa dutenetarako; gastu horietan sartzen dira matrikula, joan-etorriak, ostatu-gastuak eta materialak. Ikastaro horiek organo eskudunak baimendu beharko ditu espresuki eta aldez aurretik. Pertsona bakoitzak hartu beharreko dirua haren oinarrizko edo hasierako soldatari %3 aplikatzetik ateratzen dena izanen da, gehienez ere, urtean, baimena emateko akordioak besterik ezartzen ez duen bitartean. Gastuaren agiria aurkeztu beharko da zenbateko horiek ordaindu ahal izateko.

4. Urtero Laneko Segurtasun eta Higieneko prestakuntza ikastaroen programa bat onetsiko da.

5. Ikastaroetarako eskabideari ezezkoa ematen bazaio, arrazoiak eman behar dira beti.

6. Konpentsazioa zerbitzuko arduradunarekin adostuko da.

7. Ikastaroetarako joan-etorriak, lanorduetan nahiz lanorduetatik kanpora, "in itinere" motako joan-etorriak dira.

9. artikulua. Euskalduntze ikastaroetan parte hartzea.

1. Euskarazko ikastaroak egiteko ordu eta diru konpentsazioak (195/93 FD, 84. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 1993):

Ordu konpentsazioa:

_Ikastaro estentsiboak: ordubete lanorduen kontura eta beste langilearen aisialdiaren kontura.

_Ikastaro trinkoak: lanorduen kontura, erabat.

_Udako ikastaroak: egunen herena langilearen kontura eta beste bi herenak lanorduen kontura.

Diru konpentsazioa: matrikula gastuak administrazioaren kontura.

195/93 FDaren ondorengo araudia, Nafarroako Gobernuak garatua:

_Aldi baterako kontratatutako langileak euskalduntze planetan sartzen ahal dira haien ordezkoak jarri beharrik ez bada.

_Birziklatzeko proposamen bat aintzat hartzeko (urritik ekainera arteko ordezkapena), interesatuak funtzionario behar du izan edo bestela, beste mota bateko kontratuaren bidez, birziklajea justifikatzen duen jarraipena bermatua edukitzea. Birziklatze plan bati ekiteko gutxienez 3. maila eskatzen da. (3. urratsa).

_Gainerako ikastaroekin parekatuta, ikastaro teknikoetan denbora guztia lanaren kontura izanen da.

2. Lanpostuaren ezaugarriak direla-eta, konpentsazio berezia duten taldeak.

Musika Eskolako langileak.

_Euskara Zerbitzuak jakinaraziko du astean zenbat ordu konpentsatu behar diren (klaseko orduen %50). Konpentsatu beharreko ordu horiek interesatuaren lanordu kopuru osoari batuko zaizkio, ikasleen matrikularen arabera eta kontuan hartuta hiru motako ordutegien artean egin beharreko banaketa proportzionala (eskola-orduak %66, eskola-ordu ez direnak %14 eta ikastetxean egon beharrik gabekoak %20).

_Ordu konpentsazioa euskalduntze zentroan emandako orduen gainean kalkulatuko da, lanaldiaren iraupena edozein dela ere. Hala eta guztiz ere, Musika Eskolako langile izan eta beste entitate batzuetan irakasten dutenen kasuan, Berriozarko zentroan klasea ematen duten egunetako orduak bakarrik konpentsatuko dira eta beste entitateetan ematen dituzten orduen konpentsazioa entitate horien ardura izanen da.

3. Artikulu honetan xedatutakoa baldintza hauekin aplikatuko da:

Ez zaio aldi baterako kontratudunei aplikatuko.

Txandaka lan egiten dutenen prestakuntzak ez du aparteko orduen izaera izanen.

Ikasketak egiteko lizentzia dutenek ezin izanen dute bertan behera utzi eta hitz emanen dute zuzendaritzak euskara teknikariarekin koordinatuta proposa ditzakeen ikastaro guztiak egiteko.

Prestakuntza hori ahal delarik udal euskaltegietan eginen da edo Nafarroako Gobernuak dauzkanetan.

10. artikulua. Osasun gastuak.

1. Atal honetan aipatzen diren osasun gastuak dira Gizarte Segurantzak edo Nafarroako Tokiko funtzionarioen Montepioak euren gain hartzen ez dituztenak.

2. Artikulu honetan xedatutakoa lan kontratudun finkoei aplikatuko zaie, bai eta deialdiko urtearen barnean sei hilabete baino gehiagoko kontratua duten aldi baterako langileei ere.

3. Udalak aurrekontuko kontusail bat eratuko du, 16.000 euro artekoa, 2006. urtean, atal honen aplikaziotik ondorioztatzen diren osasun gastuei aurre egiteko. Funts hori eskaerak egiten dituztenen artean banatzeko, Nafarroako Gobernurako araututako erabilera bereziaren baremoak hartuko dira oinarritzat (abuztuaren 19ko 186/2002 Foru Dekretua, Erabilera Bereziko Osasun Laguntzako Zerbitzuan sarturik dauden Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioendako tarifak gaurkotu eta Zerbitzu horren prestazioei eta gastuen itzulerari buruzko aurreko xedapenak aldatu eta bat egiten dituena, 2002ko 119. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

4. Aipatu langileen 16 urtetik beheitiko seme-alaben gastuak ere sartuko dira.

5. Laguntzak emateko lehentasuna honela eratu da:

_Udaleko langileak.

_Langile horien 16 urtetik beheitiko seme-alabak.

_Kontusaila agortzen bada, hurrengo ekitaldiko aurrekontuan behar diren laguntza gastuak sartzea.

11. artikulua. Objektu pertsonalak.

1. Berriozarko Udalak lanerako behar diren objektu pertsonalak konpontzeko gastu guztiak ordainduko ditu, erabileraren erabileraz eta udaleko lan eremuan hondatu badira, istripuen mutualitateak ordaintzen dituenak salbuetsita.

2. Euren eginkizunen ondorioz mendeku, liskar edo bestelako arrazoi batzuengatik ibilgailuetan kalte materialak izanez gero, kalte horiek Udalak ordainduko ditu osorik, adierazitako arrazoiengatik gertatu direla frogatzen bada, betiere.

12. artikulua. Gidabaimena.

1. Berriozarko Udalak ordainduko ditu lanpostu bat eskuratzeko gidabaimena eskatu zaien langile guztien gidabaimena berritzeko gastuak. Era berean, ordainketa horretarako eskubidea izanen dute gidabaimena erabiltzea euren borondatez onartu dutenek eta, orobat, lanpostua lortu ondoren gidabaimena eskatu zaien langileek. Ordainketa horretan sartzen da gidabaimena berritzeko tasa, baina ez, ordea, gestoriak kobratzen dituen komisioak, zehapen errekargua eta bestelakoak.

13. artikulua. Ordainsariak.

1. Nafarroako Administrazio Publikoetako lan-kontratudunendako eta funtzionarioendako aurrekontu orokorrei buruzko legeetan zehaztuko dira maila edo taldeen 2006ko eta 2007ko lansariak.

2. Udalak eskatuta eta alderdiak ados jarri ondoren, dagokiena baino maila goragoko eginkizunetan diharduten langileek lehenbiziko egunetik kobratuko dituzte aldi baterako betetzen ari diren lanpostuari dagozkion ordainsariekin parekatzeko behar diren zenbatekoak.

14. artikulua. Plantilla organikoa.

Udalak eginen ditu komenigarritzat jotzen dituen lanpostuen balorazioak, aurrez langileen ordezkariei jakinarazita.

Minusbaliotasun edo ezintasunak dituzten pertsonentzako enplegu arloko arau indardunak aplikatuko dira eta haien gaitasunei hobekien egokitzen zaien bide legala hartuko da.

Udaleko behin-behineko enpleguak ez du %10 gaindituko Gizarte Enplegu Babestuko programetan, Oinarrizko Errenta edo Interes Orokorreko edo sozialeko obretan (Hitzarmenaren 1. artikulua).

Aurreko hitzarmenetan onetsi eta bete gabe gelditutako egintza eta kontratazio guztiak burutuko dira behin betikoz, berriekin hasi aitzin.

_Lan eskaintza publikoa:

Udal honek aldi baterako kontratazioak egiterakoan, Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiz, lanpostuak aldi baterako kontratuen bidez betetzeko izangaien zerrendak kudeatzeko 2005.eko urtarrilaren 21eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, ostiralekoan, argitaratu ziren arau beraiei jarraituko zaie.

2006rako lan eskaintza publikoa honakoa izanen da:

Lan kontratudun finkoak:

_Arkitektoa

_Aukera berdintasunerako teknikaria, lanaldi partzialeko

_Oboe irakaslea, lanaldi partzialeko

15. artikulua. Eskubide sindikalak.

1. Nafarroako Gobernuak bere funtzionarioentzat dituenak berak izanen dira, Udal honen zerbitzuko funtzionarioek dituztenekin parekatuta.

2. Delegatu sindikalek hilean hamabost orduko kreditua izanen dute. Kreditu hori hiru hilean behin zenbatuko da.

3. Delegatu sindikalek elkarri lagatzen ahal dizkiote ordu sindikalak. Horretarako baimena agiri bidez eginen da, lagatzen dituenak sinatua, eta edozein momentutan ezeztatzen ahalko da.

4. Delegatu sindikalek honako modu hauetara erabil ditzakete ordu sindikalak:

Lanpostutik lekutuz euren lan sindikalerako egoki iruditzen zaienean eta zerbitzuko eginbeharrek uzten dietenean.

5. Aurreko ezein kasutan ez dago gainditzerik ezarritako muga, hamabost ordu hilean, alegia.

6. Horien konpentsazioa sindikatuen artean banatuko da, behar bezala egiaztatu eta justifikatuta, betiere.

16. artikulua. Prebentzioko delegatuak.

1. Laneko Arriskuei aurre egiteari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 35.4 artikuluak xedatutakoaren arabera, delegatu sindikalek hautatuko dute prebentziorako delegatua, horretarako ados eta prest dauden pertsonen artean.

17. artikulua. Babesa eta segurtasuna.

1. Aseguru poliza bat kontratatuko da zerbitzualdian nahiz "in itinere" tartean gerta daitezkeen istripuak estaltzeko. Halaber, trafiko istripuan ibilgailuari gerta dakizkion kalteak ere estaliko ditu, eginkizun horietarako erabiltzea baimendua badago.

2. Bizi aseguruaren poliza bat ere kontratatuko da, heriotza eta lanbiderako baliaezintasun iraunkor osoa estaliko dituena.

3. Erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatuko da, Udalaren zerbitzuko langileek euren eginkizunetan egiten ahal dituzten kalteetarako.

4. Poliza guztietan kontuan hartuko da Nafarroako Foru Komunitateko KPI errealak izan lezakeen desbiderapena (lau urtean behin berrikusiko da).

5. Artikulu honetan xedatutakoa aldi baterako lan kontratudunei ere aplikatuko zaie.

18. artikulua. Laguntza juridikoa.

1. Udalak laguntza juridikoa emanen die langile guztiei, Udalak esleituriko zerbitzuak egitearen ondorioz auzitara emanak direnean. Udaleko langileen kontra erasorik edo atentaturik gertatuz gero, Udala akusazio partikular gisa aurkeztuko da auzitegietan.

2. Udalak bere gain hartuko du edonolako prozesu guztietan parte hartzen duten langileen laguntza juridikoa, gertaerak haien eginkizunetan aritzeagatik gertatu badira.

3. Legelarien eta, nahitaezkoa izanez gero, prokuradoreen kontratatazioa eta izendapena Udalaren kontu izanen da.

19. artikulua. Osasun azterketa.

1. Osasun azterketa. Urtero osasun azterketak eginen zaizkie hala nahi duten langile guztiei, analitika bat barne, gizonezkoei arazo urologikoak antzemateko eta emakumezko langileei azterketa ginekologikoa egineko. Biak urteko lehenengo seihilekoan eginen dira, interesatuak hala eskatzen badu. Gainera, nahi dutenei txertoa jarriko zaie tetanosaren, gripearen eta hepatitisaren kontrakoa.

20. artikulua. Udal instalazioak erabiltzea.

1. Udalak antolatu edo bere laguntza nahiz babesa ematen duen ikastaro edo/eta jardueretan, udal enplegatuek erroldan dauden pertsonei aplikatzen zaizkien baldintza eta tarifa berak izanen dituzte.

2. Udal langileen seme-alabak Haur Hezkuntzako zentroan (0-3 urtekoak) sartzen ahal dira, erroldan daudenek dituzten baldintza eta tarifa berberekin, erroldatuen beharrak bete ondoren eta lehentasuna izanik Berriozarren bizi ez direnekin alderatuta.

21. artikulua. Ekipamendua eta jantziak.

1. Udal langileek euren lana egiteko beharrezkoak dituzten jantziak izateko eskubidea dute, aurrez ezarritako lanpostuetan.

2. Udako jantziak apirilean emanen dira eta negukoak urrian, urtero.

3. Lanean hondatzen diren jantzi guztiak lehen aipatu diren epeak kontuan hartu gabe aldatuko dira.

4. Bi alderdiak ados daudela, idatziz, jantzi batzuen kalitatea hobetzea negoziatzen ahalko da, gutxiagotan aldatuz.

22. artikulua. Itzuli beharreko aurrerakinak, arruntak eta bereziak.

1. Udaleko langileek eskubidea dute, soldata ordaintzeko eguna iritsi baino lehen, aurrerakin arruntak nahiz bereziak jasotzeko.

_Aurrerakin arrunta: hilabeteko soldataraino bitarteko aurerakinak dira, hurrengo hiru hilabeteetako nominekin zati berdinetan itzuli beharrekoak.

_Aurrerakin berezia: 9.015 euroko funtsa eratuko da 2006rako. Funts horretatik 3.005 euro larrialdietarako laguntzarako gordeko dira. Gehien-gehienez, 3.005 euro eskatzen ahal dira. Aurrerakina emateko, kontuan hartuko da eskatzen den garaian horretarako dirurik dagoen.

2. Kasu hauetan eskatzen ahal da:

_Ezbeharrak etxebizitzan edo ibilgailuan: sutea, lapurreta, istripua, uholdeak eta abar.

_Familiako gorabehera larriak, hala nola dibortzioa, banantzea, drogak, eta abar.

_Ustekabeko aldaketak etxebizitzan edo norberaren ibilgailua, istripu edo matxuraren ondorioz, konpondu beharra.

_Lehenego etxebizitza erosi beharra.

_Pertsona eskudunen iritziz antzeko garrantzia duten bestelako arrazoiak.

3. Ez da aurrerakinik emanen azken aurrerakinaren likidazioa egina ez badago. Gutxienez urtebete igaro behar da aurrerakin bat kitatzen denetik beste bat eskatu bitarte.

4. Dena dela, 10 urtean behin bakarrik emanen da aurrerakina eskaeraren arrazoia ohiko etxebizitza erostea bada edo hura erosteko banku-kredituen amortizazioa.

5. Aurrerakin horiek adjudikatzean, lehentasun irizpide hauei jarraituko zaie:

5.1. Arau orokor gisa, Udalaren Erregistro Orokorreko sarrerako ordenak aginduko du.

5.2. Eskaera batzuk egun berean eginez gero eta eskatutakoa dagoen dirua baino gehiago bada, lehentasuna emanen zaio aurrerakinak beste lankideek baino gutxiagotan jaso duenari eta horretan ere berdintasunik gertatuz gero, soldata baxuena duenari emanen zaio eta artean ere parean egotea gertatuz gero, ordena hau ezarriko da:

_Ezkontza.

_Semearen edo alabaren jaiotza

_Ohiko etxebizitza erostea edo hura eskuratzeko banku-kredituak amortizatzea.

_Dibortzioa edo banantzea.

_Enplegatuak edo ondorengoek ikastetxe ofizialetan ikasteko dituzten matrikulazio gastuak.

_Lehentasuna izanen dute soldata maila baxuena duten langileek, goragoko mailakoen gainetik.

_Beste arrazoi batzuk.

6. Enplegatu interesatuak eskaera idatzia egin beharko du eta gastu edo inbertsioak egiaztatzen dituen dokumentazioa gehitu. Horretarako, bi hilabeteko epea izanen du gertakizunaren egunetik aitzina. Gertaera baino bi hilabete lehenago egiten ahal da eskaera.

7. Itzultzea: aurrerakin bereziak gehienez 24 kuota berdinetan itzuliko dira. Nahi izatera, lehenago ere kitatzen ahal dira.

8. Aurrerakina itzultzeko, onuradunak hilean jaso behar duen soldatatik kenduko da kuotaren zenbatekoa. Enplegatua behartua dago zor duen saldoa itzultzera eszedentzia, soldata gabeko baimena edo Udalarentzat egiten dituen zerbitzuak utzi edo bertan behera gelditzea dakarren beste zerbait eskatuz gero. Azken kasu honetan, behartua dago etenaldiko kuotei dagokiena itzultzera, zein den ere horretarako arrazoia.

9. Aurrerakina zer gastu edo inbertsiotarako den behar adina egiaztatzen ez bada, berehala kenduko da eta oso-osorik itzuli beharko da.

10. Aurrerakin berezia jaso duenak ezin izanen du amortizazioko hiletan soldata aurrerakinik eskatu.

11. Gainerako lankideei iragarki oholaren bidez emanen zaie egindako eskaeren berri.

23. artikulua. Lanpostuen mugikortasuna.

1. Lanpostuetarako edozein deialdi baino lehen, egungo langileen barne mugikortasuna agortuko da, lekualdatze lehiaketen edo deialdi murriztuen bidez, langileen mugikortasunaren prozedurari buruzko abenduaren 29ko 388/97 FDan ezarritakoarekin bat.

2. Langileen maila jasotzeko, lekualdatze lehiaketetarako edo lehiaketa murriztuetarako deia eginen da. Horiek arautuko dituzten baldintzak eta baremoak ordezkari sindikalekin adostuko dira.

3. Behar direnak eginen dira plantillaren egonkortasuna eta, kasua bada, mugikortasun horizontala errazteko, Udaleko giza baliabideak birkokatuz edo/eta langileak beste lanpostu batzuei atxikiz, zerbitzu hobea emateko helburuarekin.

Udalak, aplikatzekoak diren legeen arabera, ezintasun iraunkor osoa aitortua duten enplegatu finkoak, daukaten hondar gaitasunarekin bateragarri gerta daitekeen lanaldi partzialeko lanpostu batean birkokatuko ditu. Lanaldi horri dagokion ordainsariaren eta ezintasunagatik jasotakoaren baturak aurreko lanpostuaren soldataren %100 eginen du. Ezintasuna lan istripu baten ondorioz gertatuz gero, Udalak baldintza hori bete beharko du, baldin eta plantilla organikoan langilearen ezintasunarekin bateragarria den lanposturik badago.

Langile finkoen lanpostuetan osasun arrazoiengatiko aldaketak egiten ahalko dira, betiere mediku baten txostena tarteko. Horretarako, plantilla organikoan lanpostu egoki bat izan beharko da, indarra duten arauen araberakoa. Ezadostasunik egonez gero, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuari edo antzeko organo espezializatu bati txosten bat eskatuko zaio.

55 urte betetzean, lan nekagarri, toxiko edo arriskutsuak egiten dituzten funtzionarioak beren gaitasunei egokiago zaizkien beste lan batzuk egiten hasiko dira, beren zerbitzuaren barnean. Lan horiek bigarren jarduerako lantzat joko dira, posible izanez gero eta aplikatu beharreko arauei jarraikiz.

Lanpostu hutsak, horien deialdi publikoa egin aitzin, ahal delarik Udalaren langile finko guztiei eskainiko zaizkie. Era horretan, aurrena lekualdatzen lehiaketari buruzko deialdia eginen da. Geroztik, lanpostu hutsik geldituz gero, Funtzio Publikoaren Estatutuaren 15. artikuluak ezarri bezala beteko dira (Testu Bateginaren hamargarren xedapen gehigarria).

Errelebo kontratuak bultzatzea.

24. artikulua. Bizi, istripu eta erantzukizun zibileko aseguruak.

1. Istripu aseguru kolektiboa.

Konpainia: Mutua General de Seguros.

Polizaren zenbakia: 50843090.

Polizak indarra hartzen duen eguna: 1996/12/23, 12:00etan.

Mugaeguna: urte bakoitzeko abenduaren 23a.

Bermea: aseguratutako kapitala.

Istripuaren ondoriozko heriotza: 42.070,85 euro.

Istripuaren ondoriozko erabateko baliaezintasuna: 84.141,69 euro.

2. Bizi-asegurua.

Konpainia: Euromutua.

Polizaren zenbakia: 50.226.

Polizak indarra hartzen duen eguna: 97/07/01, 24:00etan.

Mugaeguna: 2003/11/27.

Bermea: aseguratutako kapitala.

Heriotza: 24.040,48 euro.

Erabateko baliaezintasun iraunkorra: 24.040,48 euro.

3. Erantzukizun zibileko asegurua.

Konpainia: Euromutua.

Polizaren zenbakia: 60.208.

Polizak indarra hartzen duen eguna: 96/08/17, 24:00etan.

Mugaeguna: 04/06/30.

Estaldura:

Alkatearen, alkateordeen eta zinegotzien egintzak eta omisioak.

Langileen egintzak edo omisioak euren zerbitzu orduetan.

Zerbitzuen funtzionamendua: feriak, azokak. Garbiketa eta zabor bilketa zerbitzua, udaltzaingoa, eta abar.

25. artikulua. Musika Eskolako irakasleak.

1. Berriozarko Udalak, 2006ko lan hitzarmena sinatzeko, lanaldi osoa eta finkoa aitortuko die Musika Eskolako irakasleei, Udalak lan-kontratudun finko egin eta bi egoera hauetako batean badaude:

_Lanaldi osoan aritzea ikasketetako bigarren kurtsotik hasita.

_Ikasketetako hirugarren kurtsotik lanaldi osoaren %90ean bederen aritzea.

_Nolanahi ere den, lortutako lanaldia kurtso bakoitzean izandako matrikula kopuruaren ondorio zuzena izanen da, irakasle bakoitzak ematen dituen gaien barnean, eta hori, berez, lanaldia luzatzeko arrazoi izanen da.

2. Administrazioaren eta langilearen arteko kontratuak, lanaldi osoa biltzen duenak, interesatuak betetzen zituen lan guztiak finkatuko ditu, besteak beste bere espezialitatearen irakaskuntza eta beste batzuk, hala nola musika hizkuntza eta abar.

26. artikulua. Familia-laguntza.

1. Langile finkoek edo aldi baterakoek familia-laguntza izateko eskubidea dute, nomina eta plantillako funtzionarioen baldintza beretan. Lanaldi partzialeko langileen familia-laguntza kontratatutako lanaldiaren proportziokoa izanen da.

27. artikulua. Batzorde paritarioa.

1. Eraketa: Batzorde Paritarioa eratuko da, Administrazioko ordezkariek eta sinatu duten sindikatuetakoek osatua, erdi eta erdi. Ordezkari sindikalek boto ponderatua izanen dute, sindikatu bakoitzeko ordezkari kopuruaren arabera. Batzorde paritarioaren buru alkatea izanen da edo haren ordezkoa.

2. Eginkizunak:

_Batzorde honi esleitzen zaizkio hitzarmenaren interpretazioa, jarraipena, ikuskatzailetza eta edukiaren garapena, sortzen diren gatazkei buruzko aldez aurreko azterketa eta erabakia, arazoei irtenbidea emateko prozeduretan, eta, premiazkoa denean, hitzarmenaren edukia osatzea, hitzarmenean bertan ezarritakoari jarraikiz.

_Hitzarmen honetan xedatutakoaren interpretazioaz edo aplikazioaz edozein gatazka kolektibo agertu aitzin, hala aurretiazko erreklamaziokoa edozein administraziori edo lan administrazioko agintaritza eskudunari, nola organo jurisdikzional eskudunari zuzendua, auzia Batzorde Paritarioaren esku jarriko da.

_Batzorde paritarioan harturiko akordioen testua Berriozarko Udaleko langileen ordezkariei jakinaraziko zaie.

Alkate Udalburua, Benito Ríos Ochoa.

Langileen ordezkariak: Teresa Sánchez Inchausti, José Luis Luri Medrano.

I. ERANSKINA

Laneko jazarpen sexual eta moralaren kontrako prebentzio neurriak eta jokabidea, Berriozarko Udalean

Laneko jazarpena, hau da, lanean denbora luzean eraso edo xaxatua izatea, gorabidean doan arazoa da lan erakundeetan. Jazarpena, pertsona jazarriaren duintasun pertsonal edo profesionalaren kontrako erasoa izateaz gain, kalteak eragiten dizkio langilearen osasunari, batzuetan sendatzen zailak direnak. Hori dela-eta, dokumentu honek, eraginkorra izateko beharrezkoak diren definizio batzuez gain, Udalaren lan jarduerak oinarri izan behar dituen funtsezko printzipioak eta Berriozarko Udalak berari dagokion eremuan laneko jazarpenaren prebentzioaaren arloan bere egiten dituen irizpideak biltzen ditu. Bai eta, laneko jazarpena (morala eta sexuala) gertatzen ari delako susmoa, gutxienez, dagoenean jarraitu beharreko jokabidea ere.

Arau nagusiak

1._Berriozarko Udalak, bere egitekoak betetzean, pertsonen duintasuna errespetatzea eta pertsonari berez dagozkion eskubide bortxaezinak babestea ditu oinarrizko printzipiotzat.

2._Hortaz, Berriozarko Udalean lan egiten duten pertsonek aukera eta berdintasun tratua gozatzeko eskubidea dute. Hala, gizabidez, errespetuz eta duintasunez tratatuak izan behar dute eta Udal Erakundeak ez du onartuko eskubide horiek urratzea bere baitan.

3._Erakundean lan egiten duten pertsonen identitate pertsonal eta profesionala garatuz zerbitzuen kalitatea hobetzeko asmoz, Berriozarko Udalak debekatu egiten du bere baitan, eta batez ere lan esparruan, mobbing edo laneko jazarpen morala izatea. Horretarako, kasu bakoitzean egokiak diren neurriak, prebentziokoak nahiz legezkoak, hartuko dira.

Definizioak

Jazarpen morala.

Europar Batasunak emandako definizioaren arabera, jazarpen morala da edozein jokaera diskriminatzaile, iraingarri, umiliagarri, beldur eragile edo bortxazko, bai eta bizitza pribatuan bide gabe sartzea ere, horrelako jokaerek pertsona baten duintasunari eraso egiten badiote lanean edo lanari lotuta, pertsona horri edo hark egindako lanari omena kenduz, halako moduan non erasandakoari kalte psikiko edota fisikoa eragiten zaion.

Indarkeria mota horrek sistematiko edo ohikoa izan behar du, hau da, prozesu batean sartua egon behar du, eta ez du ekintza bakar bat izan behar, larria edo oso bortitza bada ere. Bestalde, salaketa aurkezten den garaian gertatzen ari diren gertakariei buruzkoa izan behar du, langilea Lanerako Ezintasun Iragankorrean dagoenean izan ezik, kasu horretan, berriz lanean hastean aurkeztu ahal izango baitu salaketa.

Beste jokabide batzuen artean, honako hauek hartuko dira kontuan: bakartze soziala, langileari dagozkion erantzukizunezko egitekoak kentzea, biktimari kalte egiteko neurriak hartzea eta eraso fisiko nahiz hitzezkoak. Langileei jakinaraziko zaie zer ekintza eta egoera jotzen diren laneko jazarpentzat.

Arazoak, lanaren antolamendu eta garapenaren gainean eragina izanda, iragankorrak eta behin-behinekoak badira, antolamendu neurriak hartuko dira arazook desagerrarazteko.

Jazarpen sexuala.

Europako Legebiltzarraren 2002/73/CE Jarraibideak, 2002ko irailaren 23ko Kontseilukoak, honakoa jotzen du jazarpen sexualtzat: desiratu gabeko edozein jokabide hitzezko, ez hitzezko edo fisiko, sexu izaerakoa, pertsona baten duintasunari erasotzeko asmoz edo ondorio horrekin egiten bada eta, batez ere, inguru beldur eragile, etsaitasunezko, iraingarri, umiliagarri edo laidogarria sortzen bada.

Hona hemen jokabide horietako batzuk:

_Nahita eragindako kontaktu fisikoa, eskatu gabea, edo fisikoki gehiegi hurbiltzea, beharrik gabe.

_Langile baten gorputza, itxura edo bizimoduaren inguruan behin eta berriz egindako komentario eta keinu izaera sexualekoak.

_Telefono-dei, gutun edo mezu elektronikoak, iraingarriak badira.

_Pertsekuzioa.

_Eduki sexual esplizitua duten grafiko, biñeta, marrazki, argazki edo Interneteko irudiak erakustea.

_Langile baten bizitza pribatuari buruzko galdera edo intsinuazioak.

_Ekintza sozialetan parte hartzeko gonbidapen etengabeak, langileak argi utzi badu ere ez direla egokiak.

_Broma edo proposamen sexual esplizitoak.

Egoera horiek arau honi jarraituz ikertuko dira.

Langiletzat joko da Administrazio honekin lan harremana duen edozein pertsona, haren zuzendaritza ahalmenaren barruan dagoena.

Laneko jazarpena lantokia partekatzen duten administrazio honetako langileen eta kanpoko enpresa bateko langileen artean gertatzen bada, dokumentu honetan jasotako ikerketa jardunbidea aplikatuko da. Hala ere, neurriak hartzeko zerikusia duten enpresak koordinatu egingo dira, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 24. artikuluarekin bat.

Laneko jazarpena prebenitzea.

Administrazio honek bere barruko langile guztiek beren nagusi eta lankideengandik errespetuzko tratu duina jasotzea sustatuko du.

Langile guztien artean informazioa eta hezkuntza bultzatuko ditu, langileen eskubideak errespetatzea dela-eta. Zentzu horretan, funtsezkotzat jotzen dira Lanaren Nazioarteko Erakundeak laneko printzipio eta oinarrizko eskubideei buruz egindako Adierazpena eta laneko arriskuen prebentzioari buruzko legeak. Orobat, Administrazioak prestakuntza planak sustatuko ditu, horrelako egoerak saihesten saiatzeko. Horretarako, beste neurriak beste, dokumentu honen berri emanen zaie erakunde honetako kide guztiei.

Erakunde honen barruan egindako laneko jazarpena, edozein motatakoa, lan arrisku psikosozialtzat joko da eta, hortaz, administrazio honek beharrezko neurri zuzentzaileak hartuko ditu.

Administrazio honek, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearekin eta hura garatzeko araudiekin bat, bere esparruaren barruan izaten diren arrisku psikosozialak identifikatu eta ebaluatzeari ekinen dio.

Lanean jazarpenik gertatuz gero jarraitu beharreko jokabidea.

Lanean laneko jazarpena gertatzen ari dela susmatuko dugu erakunde honetako kide bat lan esparruan jazarpena jasaten ari dela uste dugunean, dokumentu honetako definizio atalean azaldutakoaren arabera, baldin eta uste horrek egiaren zantzuak badituela ematen badu.

Lanean laneko jazarpena gertatzen ari dela susmatzen bada, ikerketa bat eginen da, ustez jazarria den langileak salaketa egin badu ere Lan Ikuskatzailetzan nahiz epaitegi eskudunetan. Ikerketaren helburua jazarpen arazoak edo antolamenduzkoak antzematea eta irtenbidea ematen dieten ondorioak ateratzea da, hala nola, lantokiak egoki diseinatzea, aginteaz behar bezala baliatzea, erakundearen estandar etiko eta moralak babestea eta langileen eskubideak bermatzea.

Laneko jazarpena gertatzen dela uste denean izan beharreko jokabideak, prebentzio neurriak sustatzeaz gain, eraginkortasun, lastertasun eta isilpekotasun printzipioetan oinarritu behar du.

Hala, laneko jazarpenik dagoen ala ez argitzeko jardunbide formala honakoa izango da:

a) Jardunbideari hasiera emateko, salaketa idatzi bat aurkeztu beharko du ustez jazarria den langileak Lan Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuan, ahalik eta gertakari gehien azalduz zerrenda batean. Langileak, egoki joz gero, salaketaren kopia bat helarazi diezaieke sindikatuetako ordezkariei. Orobat, laneko jazarpena gertatzen ari dela dakien erakundeko beste edozein pertsonak ere aurkez dezake salaketa.

Lan Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak salaketak erregistratu eta zenbatuko ditu, Ikerketa Batzordera bidaltzeko. Bestalde, arau honi buruzko informazioa emanen die eskatzen dioten erasandako guztiei.

b) Ikerketa Batzorde paritario batek aztertuko du salaketa. Batzorde hori gai horretan espezializatutako teknikariek eta Udaleko langileen batzordeko ordezkariek osatuko dute.

c) Langileen ardura duen zinegotziari dagokio ikerketa batzordea eratzea. Bost lanegun izanen ditu horretarako.

d) Gertakariak ikertzeko, Batzordeak alde guztiei entzunen die, bai eta egoki iritzitako erakundeko pertsona guztiei ere.

e) Batzordea eratu eta hogeita hamar egun iragan aurretik, txostena emanen du, honakoak jasotzen dituena: jazarpen zantzurik ote dagoen eta, kasua balitz, zer neurri har daitezkeen antzemandako arazoak konpontzeko.

f) Ikerketa Batzordeak, laneko jazarpena gertatzen ari dela egiaztatzen badu, diziplina espedientea irekitzeko proposatuko dio organo eskudunari, huts egite arin, larri edo oso larria egiteagatik, Funtzio Publikoaren Legean xedatutakoaren arabera.

Ikerketa Batzordeak egiaztaturiko gertakariak diziplina espedientean jasoko dira, bideratzaileak agintzen dituen proba osagarriak gorabehera, halakorik aginduz gero.

Ikerketa Batzordearen proposamenak lotesleak izanen dira Udal Administrazioarentzat, bai diziplina espedientea irekitzeari dagokionez bai antolamendu neurriez denaz bezainbatean.

g) Gertakariak ezin egiaztatu direnean, salaketa egin duen langileak ez du inolako errepresaliarik jasanen akusazioak faltsuak zirela inolako dudarik gabe egiaztatzen denean izan ezik. Kasu horretan, diziplina espedientea irekiko zaio.

h) Beharrezkotzat joz gero, kanpoko aholkulari batek parte hartu ahal izanen du Ikerketa Batzordean, erabakiak hartzen laguntzeko.

i) Administrazio honek prestakuntza emanen die Ikerketa Batzordean parte hartu behar duten guztiei, beren egitekoak behar bezala bete ditzaten.

j) Ikerketa egiten ari dela, Enpresako Medikuntza Atalak langilea lanpostuz aldatzea komeni dela erabaki ahal izanen du. Posible izanez gero, erabakia gauzatu eginen da.

k) Ikerketa Batzordeak berak proposatu dituen neurriak betetzen direla zainduko du.

l) Hiru hilabetean behin, arau honen babespean aurkeztutako salaketen eta haien egoeraren berri emanen zaio Segurtasun eta Osasun Batzordeari.

Isilpekotasuna gorde beharra.

Dokumentu honetan aipatutako faseetako edozeinetan, laneko jazarpenari lotutako adiskidetze edo ikerketa prozesu batean parte hartu duten pertsona guztien kexatzeko eskubidea eta anonimatua bermatu beharko dira. Orobat, ez da inolako errepresaliarik ezarriko.

Langileek osasuna guztiz babestua izateko duten eskubidea.

Administrazioak bere barruan laneko jazarpena edo salaketa faltsua jasan duen langilearen osasuna egoki babestua dagoela bermatzeko beharrezko neurriak hartuko ditu, eta erabat osatzeko behar duen laguntza psikologikoa emanen dio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Laneko jazarpenaren prebentzio neurri hauetan bildutako jardunbidearen faseak direla-eta, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezespenei eta abarri buruz xedatutakoa bete beharko da.

Bigarrena._Arau hau aldatu ahal izanen da, Segurtasun eta Osasun Batzordeak egindako proposamenetan oinarrituta.

Hirugarrena._Arau hauek langile guztiei jakinaraziko zaizkie.

Berriozarren, 2006ko apirilaren 12an.

Iragarkiaren kodea: F0609087