87. ALDIZKARIA - 2006ko uztailaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

152/2006 FORU AGINDUA, ekainaren 29koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, gizarte ekintzaren arloetako kongresu nazional eta nazioartekoak, jardunaldiak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko laguntzen 2006ko deialdia onesten duena.

Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak ekainaren 29an emandako 151/2006 Foru Aginduaren bidez, bete gabe gelditzen da gizarte ekintzaren arloetako kongresu nazional eta nazioartekoak, jardunaldiak eta eta sentsibilizazio ekintzak egiteko laguntzen 2006ko deialdia. Izan ere, eskabideak aztertu eta gero ikusi da 5.2 eta 5.3 arauetan adierazitako baldintzak, 7. arauaren arabera zuzendu ezin direnak, ez dituztela betetzen edo eskabidearen edukia ez dela deialdiaren xedea, deialdiaren 1. eta 4.1 arauei jarraikiz.

Espedientean dauden txosten tekniko eta juridikoak azterturik, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuak emandako eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Gizarte ekintzaren arloetako kongresu nazional eta nazioartekoak, jardunaldiak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko laguntzen 2006ko deialdiaren arauak onestea. Arauok foru agindu honetako eranskinean ageri dira.

2. 154.000 euroko gastua baimentzea, 2006ko gastuen aurrekontuko "Jardunaldi, kongresu eta sentsibilizazio ekintzetarako transferentziak" izeneko 910001 91100 4819 231000 kontusailaren kontura.

3. Foru agindu hau Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuko Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusiari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiari jakinaraztea, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko ekainaren 29an._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Gizarte ekintzaren arloetako kongresu nazional eta nazioartekoak, jardunaldiak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko laguntzen 2006ko deialdiaren arauak

1._Xedea.

Deialdi honen xedea da gizarte ekintzaren arloetako kongresu nazional eta nazioarteko, jardunaldiak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko 2006ko dirulaguntzak lehiaketa bidez ematea.

Laguntza hauek xedea dute iritzi publikoari informazioa ematea eta sentsibilizatzea migrazio korronteen garrantziaren gainean eta, horrekin batera, korronte horiek alderdi guztietan daukaten dependentzia sozialaren gainean eta baita esku hartzeko gizarte politikak prestatzean kolektibitate ahulenen arazoek duten garrantziaren gainean ere.

2._Aurrekontuetan aurreikusitako dirua.

Deialdi honetarako zenbatekoa 154.000 eurokoa da, 2006ko gastuen aurrekontuko "Jardunaldi, kongresu eta sentsibilizazio ekintzetarako transferentziak" izeneko 910001 91100 4819 231000 kontusailaren kontura.

Diru zenbateko horretatik 84.000 euro, gehienez ere, kongresu nazional eta nazioartekoak antolatzeko erabiliko dira eta, 70.000 euro, gehienez ere, sentsibilizazio jardunaldiak eta ekintzak finantziatzeko.

3._Eskatzaileak.

3.1. Dirulaguntzak irabazi asmorik gabeko eta legearen araberako nortasun juridikoa duten entitateek eskatzen ahalko dituzte, betiere helbidea edo ordezkaritza Nafarroan baldin badute. Hori guztia frogatu beharko dute.

3.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13. artikuluko 2. artikuluan aipatzen diren gorabeheretariko baten batean dauden pertsonak edo entitateak ezin izanen dira laguntza hauen onuradun izan.

3.3. Entitateek jardueraren arduradun bat izendatuko dute administrazioarekin harremanak izateko.

4._Dirulaguntzaren xedearen baldintzak.

4.1. Eskabideak ondoko gai hauei buruzkoak izanen dira: dependentzia, urritasunak, hirugarren adina, gizarteko bazterketa, etorkinak, gizarte zerbitzuen garapena eta hirugarren sektorea.

4.2. Laguntzaren xede den jarduera 2006ko urtarriletik azarora bitarte gauzatu beharko da.

4.3. Deialdia argitaratu baino lehen gauzatutako jarduerek ere finantzaketa jasotzen ahalko dute, betiere arau hauetan ezarritako betebehar eta baldintzak betetzen baldin badituzte.

4.4. Foru Komunitatean egiten diren jarduerak baizik ez dira diruz lagunduko.

5._Aurkeztu beharreko agiriak.

5.1. Dirulaguntza eskatu nahi duten entitateek Nafarroako Gobernuko eskabide orokorra aurkeztu beharko dute, honako agiri hauekin batean:

5.2. Egin gogo den jardueraren laburpen zehaztua, aurrekontu xehetua barne, behar bezala betetako inprimaki normalizatuan aurkeztua. Inprimaki hori jasotzen ahalko da Gizarte Ongizateko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (Yanguas y Miranda, 27, behea, Iruña) edo ondoko webgunean: http://www.cfnavarra.es/BienestarSocial.

5.3. Jardunaldiak eta kongresu nazional edo nazioartekoak egiteko laguntzak eskatuz gero, proiektuan parte hartuko duten hizlarien curriculum zehatza.

5.4. Sentsibilizazio ekintzak izanez gero, entitate eskatzaileak deialdiaren xede diren arloetan azken hiru urteetan egindako jarduera garrantzitsuenen laburpen zehatza ere aurkeztu beharko du.

5.5. Jardunaldiak eta kongresu nazional edo nazioartekoak egiteko laguntzak eskatuz gero, entitatearen zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da. Aitorpenak dirulaguntza jasotzeko eskatu den jardueran hizlariek parte hartuko dutela adieraziko du.

Jarduera egin eta gero, jardunaldiaren edo kongresuaren behin betiko programarengatik ordezkatzen ahalko da.

5.6. Sentsibilizazio ekintzak egiteko laguntzak eskatuz gero, ekintza bakoitzean parte hartuko duten hizlarien zerrenda aurkeztu beharko da.

5.7. Entitate eskatzailearen estatutuak. Ez da dokumentu hori aurkeztu beharko entitateak deklaratzen badu ez dela aldaketarik izan eta Nafarroako Foru Komunitateko edozein organoren esku badago. Kasu horretan, eskatzaileak zilegi izanen du ez aurkeztea baldin eta idatzita adierazten badu noiz eta zein organo edo bulegotan aurkeztu zuen eta, gehienez ere, bost urte igaro badira zegokion espedientea bukatu zenetik.

5.8. Hala behar izanez gero, entitateak ordezkaritza Nafarroan duela justifikatzen duen agiria.

5.9. Eskatzailearen erantzukizunpeko deklarazioa, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere ez dagoela adierazten duena.

5.10. Eskatzailearen deklarazioa, bere erantzukizunpean, adieraziz zerga guztiak, Gizarte Segurantzarekiko zorrak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekikoak edo haren erakunde autonomoekikoak kitatuak dituela.

5.11. Dirua transferentziaren bidez jasotzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko urteetako dirulaguntzak jasotzeko bankuko kontua aldatu bada.

6._Eskabideak aurkezteko epea.

Dirulaguntza eskabideak deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik 20 egun naturaleko epean aurkeztuko dira Gizarte Ongizateko Zuzendaritza Nagusiko Erregistroan (Yanguas y Miranda, 27, behea), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako tokietan. Postetxeetatik igortzen diren eskaerak gutunazal ireki batean aurkeztu beharko dira, data eta zigilua jartzeko ziurtatu baino lehen.

7._Dirulaguntzak emateko prozedura.

Prozedura ofizioz hasiko da interesatuaren eskabidea jasotakoan.

Eskabideak bosgarren arauko 1, 5, 6, 7, 8, 9, 10 eta 11 zenbakietako baldintzetako bat betetzen ez baldin badu, eskatzaileari bost egun balioduneko epean zuzentzeko eskatuko zaio bai eta ohartaraziko ere horrela egin ezean haren eskabidea baztertu eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Interesatuak bosgarren arauko 2, 3 eta 4 zenbakietan eskatutako agirietakoren bat falta baldin badu eskabidea ez da onartuko eta ez da zuzentzerik izanen.

Plangintza, Kalitatearen Ebaluazio eta Ikuskapen Zerbitzuak baloratuko ditu eskabideak ofizioz, deialdian paratutako irizpideen arabera.

Hori baino lehen, organo instruktoreak eskatzaileek laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten ala ez adieraziko duen txosten bat prestatuko du. Deialdi honen hirugarren eta laugarren arauetan eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituzten eskabideak ez dira baloratuko.

8._Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.

Ondasun inbentariagarrietako gastuak ez dira inolaz ere lagunduko.

Gastu sozialak proiektuari egozten ahal zaizkio, baina ez dute inolaz ere dirulaguntzaren %10 gaindituko.

Zeharkako kostuak proiektuari egozten ahal zaizkio, baina ez dute inolaz ere dirulaguntzaren %5 gaindituko.

9._Laguntzen zenbatekoa eta bateragarritasuna.

9.1. Kongresu nazional eta nazioartekoetan eskatzen ahal den diru kopuru gehiena 36.000 euro dira.

9.2. Sentsibilizazio jardunaldi eta ekintzetan eskatzen ahal den diru kopuru gehiena 9.000 euro dira.

9.3. Laguntza hauek bateragarriak dira administrazio honetatik, beste administrazio publikotik, beste erakunde publiko edo pribatuetatik edo partikularrengandik, nazio zein nazioartekoetatik, jarduera berbererako jasotzen den beste edozein laguntzarekin.

Jarduera batek dirulaguntza bat baino gehiago dauzkanean, haien zenbatekoa ezin da inolaz ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, dirusarrera edo berezko baliabide batzuekin baturik, egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

10._Dirulaguntzaren balorazioa eta zenbatekoa.

10.1. Kongresu nazionalen eta nazioartekoen atalean laguntzaren diru zenbatekoa erdietsitako puntuazioaren eta aurrekontuetan horretarako dagoen kredituaren araberakoa izanen da.

Emandako kontsignazioa gainditzen baldin bada, dirulaguntza kalkulatzeko tarte proportzionalak finkatuko dira, eskatutako laguntzatik abiatuta eta erdietsitako puntuazioen arabera. 60tik 69ra bitarteko puntuazioa, eskatutakoaren %60; 70etik 79ra bitarteko puntuazioa, eskatutakoaren %70; 80tik 89ra bitarteko puntuazioa, eskatutakoaren %80; 90etik 94ra bitarteko puntuazioa, eskatutakoaren %90; eta 95 edo puntu gehiago, eskatutakoaren %100.

Proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskabidean ageri dena baino txikiagoa baldin bada, organo instruktoreak eskabidea berregiteko eskatzen ahalko du, xedea eta ezaugarriak errespetaturik, konpromisoak eta baldintzak emanen zaion dirulaguntzari egokitzeko. Aldaketaren ondoriozko diru zenbatekoa ez da txikiagoa izanen proposaturiko dirulaguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean antzeko baldintzetan aurreikusiriko kofinantzaketaren batura baino. Organo instruktoreak aurkezturiko aurrekontuko kontusail batzuk dirulaguntzatik kanpo gelditzea erabakitzen ahalko du.

10.2. Sentsibilizazio jardunaldi eta ekintzetan dirulaguntzaren zenbatekoa eskatutakoarekin bat etorriko da.

10.3. Bi ataletan laguntzak emateko proposamenak honako irizpideei jarraikiz eginen dira:

a) Eginen den jardueraren kalitatea eta bideragarritasuna: %40.

b) Programatuden jasrueraren interesa: %40.

c) Jarduera burutu behar duten pertsona edo entitateen berme profesionala, ibilbidea eta esperientzia: %20.

Proiektuak kontuan hartuak izateko, 60 puntu bederen erdietsi beharko dute.

11._Ebazpena.

Laguntzak Gizarte Ongizate zuzendari nagusiak emanen duen ebazpenaren bitartez banatuko dira, organo instruktoreak proposamena egin ondotik.

Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteko epean horretarako ebazpenik eman eta jakinarazten ez bada, ukatu direla ulertuko da.

Banaketaren gaineko ebazpena interesatuei jakinaraziko zaie eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 2. artikuluan ezarritakoari atxikiz.

12._Esleitzeko prozedura eta modua.

12.1. Entitate onuradunak organo emaileari justifikatu beharko dio ezarri zaizkion baldintzak bete egin dituela, diruz lagundu den jarduera egin egin dela eta aurreikusiriko helburuak lortu egin direla. Hori guztia diruz lagundu den jarduera bukatu eta hurrengo hilabetean eta, betiere, 2006ko abenduaren 15a baino lehen.

Dirulaguntza jaso duen jarduera deialdia argitaratu baino lehenago gauzatu baldin bada, entitate onuradunak justifikatzeko agiriak laguntza eman eta hurrengo hilabetean aurkeztu beharko ditu.

12.2. Horretarako, ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

_Dirulaguntza jaso duen jardueraren bukaerako txostena, aurreikusitako helburuen betetze-maila baloratuko duena.

_Gastuen frogagiriak: egindako jarduerak eta haien kostua, izandako gastu bakoitzaren banaketa, eta faktura edo agiri frogagarriak, betiere jatorrizkoak, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Frogagiriak egin diren gastuen aplikazioaren gainekoak eta haien ordainketen gainekoak izanen dira.

12.3. Zeharkako gastuak frogatzeko aurreko lerroaldeetan ezarritakoari jarraikiko zaio, salbu eta frogatzeko zaila den gasturik baldin bada. Hala gertatuz gero, entitate onuradunaren lege ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du.

Ziurtagirian zenbatekoa, gastu motaren erreferentzia, dirulaguntzaren xede den jarduerarekiko lotura eta orotariko arauen arabera ezin justifikatu izateko zergatikoak agertuko dira. Gainera, gastuaren egiaztagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri auditatuak edo gastua egiazki burutu dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 gaindituko.

12.4. Diruz lagundutako jarduera berezko funtsekin edo bestelako dirulaguntza edo baliabideekin finantziatua izan bada, justifikazioan hauek adierazi beharko dira: diru-funtsen zenbatekoa, jatorria eta jardueran nola aplikatu diren.

13._Ordainketa.

Dirulaguntza zein jardueratarako eskatu den, hura egin dela frogatu eta jarduketen txostena eta dirusarreren eta gastuen justifikazioa aurkeztu ondotik eginen da ordainketa. Dirusarrerek eta gastuek 2006. urtekoak beharko dute izan.

14._Onuradunen betebeharrak.

Aurretik ezarritako baldintza horiez gain, onuradunek honakook bete beharko dituzte:

a) Dirulaguntza emateko arrazoitzat jo den jarduera egitea.

b) Organo emaileari erakustea beharkizunak eta baldintzak betetzen direla; orobat, hari frogatzea dirulaguntza emateko arrazoi izan diren jarduera eta helburua egin eta bete direla.

c) Entitate onuradunek organo instruktoreari diruz lagundutako jardueren behin betiko programa (edukiak, egunak, hizlariak, etab.) aurkeztu beharko diote haiek gauzatu baino lehen eta organo instruktoreak ontzat eman beharko ditu. Baldintza hori ez dute bete beharko deialdia argitaratu baino lehenago burututako jarduerek.

d) Onuradunek onesten den proiektuan egin nahi duten edozein aldaketa idatzirik jakinarazi beharko dute. Aldaketak egiteko organo instruktorearen baimena beharko da.

e) Eskumena duten organoek, eman edo jaso diren dirulaguntzen inguruan, egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.

f) Sentsibilizazio ekintzen, jardunaldien eta kongresuen informazioa hedatzean, berariaz eta nabarmenki azalduko da Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuaren finantzaketa; horretarako haren logotipoa jarriko da. Baldintza hau betetzea ez da eskatuko jarduera deialdia ebatzi aurretik egin baldin bada.

g) Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko obligazioak eta zergen gainekoak eguneratuak dituztela frogatzea.

h) Lagundutako jarduera finantziatzeko eskatu edo lortutako beste dirulaguntza, dirusarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari, haiek jaso direla jakin bezain pronto eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

i) Jasotako dirulaguntzaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

15._Diruaren itzulketa eta zehapenak.

Dirulaguntzaren jarraipena eta kontrola Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusiak eginen ditu, eta egoki juzgatzen dituen txosten teknikoak edo aholkuak eskatzen ahalko ditu.

Jasotako dirua itzultzeko prozedurak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraituko dio.

Hori dela eta, emandako dirulaguntza osoa itzuli beharko da ondoko kasu hauetan:

1. Entitate onuradunak, aurretik administrazioaren baimena izan gabe, diruz lagundu den jardueran funtsezko aldaketak egiten dituenean.

2. Entitate onuradunek organo instruktoreari diruz lagundutako jardueren behin betiko programa aurkezten ez dutenean edo organo instruktoreak ontzat eman ez duenean.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa ukatu gabe, arau-hauste eta zehapenetarako, arestian aipatutako foru legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiko zaio.

16._Errekurtsoak.

Deialdi honen arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, eta haiek aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari zuzendu beharko zaio.

Bi kasuetan, errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izanen da, errekurritu behar den egintza jakinarazi edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontaturik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F0611599