87. ALDIZKARIA - 2006ko uztailaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

557/2006 EBAZPENA, ekainaren 6koa, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatoriorako onesten diren goi mailako musika ikasketetarako hautazko irakasgaien berri ematen duena.

Goi mailako musika ikasketen curriculumeko oinarrizko puntuak ezarri eta ikasketa horietan sartzeko proba arautzen duen apirilaren 21eko 617/1995 Errege Dekretuak, 6.1 artikuluan esaten duenez, hezkuntzako administrazio eskudunek goi mailako musika ikasketen curriculuma ezarriko dute; betiere, Errege Dekretuan finkatutako gutxieneko ikasketak sartuko dira. Halaber, 6.4 artikuluan adierazten da hezkuntzako administrazioek curriculuma osatzen ahal dutela beste irakasgai batzuekin, Errege Dekretuan ezarritako arloei loturik izan gabe.

Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren abuztuaren 27ko 423/2002 Foru Aginduak, Nafarroako Foru Komunitateko goi mailako musika ikasketen curriculuma ezartzen duenak, 6.3 artikuluan dio hautazko irakasgaiek ikasleen prestakuntza osatzen dutela espezialitatearen inguruko eremuetan, arlo edo profil zehatzak eskainiz lanbideari begira. Orobat, artikulu berean esaten da Hezkuntza eta Kultura Departamentuak (Hezkuntza Departamentua, gaur egun) ezarriko dituela hautazko irakasgaiak, edo ikastetxeak berak, apirilaren 21eko 617/1995 Errege Dekretuko 6.2 artikuluak bultzatzen duen pedagogiarako eta antolaketarako autonomiaz baliatuta, aldez aurretik Hezkuntza Departamentuak onetsita.

Aldi berean, 423/2002 Foru Aginduaren 6.3 artikuluak adierazten duenez, hautazko irakasgaiak ezartzeko, kontuan hartuko dira eskaera, ikastetxeko giza baliabideak zein materialak eta ikasleen lanbideari begira eskaintzen dutena.

Bestetik, aipatu artikuluaren arabera, hautazko irakasgaiek zerikusia izanen dute espezialitatearekin, gutxienez lauhileko bat iraunen dute eta hiru eta sei kreditu arteko irakastorduak izanen dituzte. Irakasgaiei, iraupenari, irakastorduei eta edukien deskribapen laburrari begira, irakasleen klaustroak onartu beharko du curriculuma, irakasgaiak eman behar dituen departamentuak proposaturik, non ez diren hezkuntzako administrazioak ezarritako irakasgaiak, ikastetxean finkatutako beste espezialitate batzuen curriculumekoak edo abiapuntuko foru aginduaren hirugarren xedapen gehigarrian aipatu akordioetan sartuta daudenak.

Agindu horren azken xedapenetako lehenak ahalmena ematen dio Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari foru agindua aplikatu, interpretatu eta garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

2005/2006 ikasturtea hasi aurretik, 461/2005 ebazpena argitaratu zen, maiatzaren 19koa, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emandakoa, Foru Komunitateko goi mailako musika ikastetxeetako goi mailako musika ikasketen hautazko irakasgaiak arautu eta ezarri eta "Pablo Sarasate" Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioarentzat onetsi diren hautazko irakasgaiak jakinarazten zituena.

Aurtengo ikasturtean ebazpen horretan Hezkuntza Departamentuak onetsitako irakasgaiak praktikan jarri ondoren, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioak egindako lehendabiziko eskaintza hori handitzea beharrezkoa ikusi du.

Beraz, Irakasleen Klaustroak hautazko irakasgaiei buruzko erabakia hartu eta ikastetxean horiek emateko eskaria egin ondoren, eta aurkeztutako proposamen hori Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioak aztertu ondoren, Hezkuntza Departamentuari dagokio hautazko irakasgaiak onartzea 2006/2007 ikasturtean ezarri eta martxan jarri aurretik.

Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuak emandako adostasun txostena ikusirik, bidezko da jakinaraztea Hezkuntza Departamentuak Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatoriorako azkenik onartu dituen hautazko irakasgaiak.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluko d) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena._Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, 2006/2007 ikasturtetik aitzina, ematen ahal diren hautazko irakasgaiak onestea, ikastetxeak berak proposatutakoetatik. Ebazpen honen eranskinean zehaztu dira irakasgai horiek. Aipatu ikastetxeko irakasleen klaustroak onetsi zuen curriculuma eta Hezkuntza Departamentuko Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuak adostasuna eman du ikuskatu dituenean.

Bigarrena._Ebazpen hau eta bertako eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Hirugarrena._Ebazpen hau igortzea Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Araubide Bereziko Irakaskuntzaren Atalera, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioko ikuskatzaileari, Arte Irakaskuntzaren Bulegora, Guraso eta Ikasleentzako Argibide eta Aholku Bulegora eta Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatoriora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko ekainaren 6an._Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia, Fermín Villanueva Ferreras.

ERANSKINA

1. Big Band.

Sormen musikala nagusiki hiru alorretatik planteatu daiteke: interpretazioa, inprobisazioa eta konposizioa. Jazz espezialitateko ikasleentzat guztiz komenigarria da hiru alderdi horietako oinarrizko ezagutzak jasotzea, etorkizunean izanen duten lanbiderako prestakuntza moduan. Horrela, Big Band batean parte hartzeak aipatutako hiru esperientzia mota horiek praktikan jartzeko aukera ematen die ikasleei; instrumentu talde horrek garrantzi handia du jazzaren historian.

Irakasgaia jazz espezialitateko ikasleei zuzentzen zaie; hala ere, beste espezialitateetako ikasleek ere hartzen ahalko dute parte. Instrumentu talde horrek aurretik zeuden taldeekin bat eginen du eta hainbat emanaldi eskainiko ditu ikasturtean zehar, eta egokitzat jotzen diren musika lanak aukeratuko dira.

1._Helburuak:

_Big Band-erako musika egin duten konpositore garrantzitsuenen musika interpretatzea.

_Konposizio horietako progresio harmonikoen gainean inprobisatzea.

_Ikasleek Big Band-erako egindako konposizioak entzuteko aukera ematea "Jazz konposizioa" irakasgaiaren edukiak praktikan jarriz.

_Big Band-erako harmoniaren, orkestrazioaren eta formaren arauen erabilgarritasuna egiaztatzea.

_Ikaslearen ahalmen sortzailea garatzea.

2._Edukiak:

_Interpretazioaren elementuen eta parametroen kontrola ahotsean eta Big Band-a osatzen duten musika tresnetan.

_Partiturak egitea, musika tresna bakoitzari egokitutako adierazpena, transposizioa eta sinbologia jasoz.

_Big Band bat osatzen duen instrumentu bakoitzaren tesiturak ezagutzea.

_Big Band-erako obren interpretazio eta konposizioan garai bakoitzean erabilitako hizkuntza ezberdinak ikastea.

3._Irakasle/ikasleak ratioa: musika bandari dagokiona.

2. Kontzertu didaktikoak: musika prestakuntzako proiektuak.

Litekeena da etorkizuneko musikari profesionalek, hala interpreteek nola konpositore edo irakasleek, musika jarduerak diseinatu, prestatu edo egiten aritu edo lagundu behar izatea, haurrentzat, nerabeentzat nahiz helduentzat.

Irakasgai honek egoera horietan aritzeko beharrezko tresnak eskainiko dizkie ikasleei, bai jarduerak izanen dituen helburuei dagokienez baita jarduera betetzeko antolakuntza modurik eraginkorrenei dagokienez ere.

Ikasgaia ikasle guztientzat prestatu da; hala ere, pedagogiako espezialitateko ikasleei zuzentzen zaie bereziki.

1._Helburuak:

_Musikaren eta hezkuntzaren arteko lotura aztertzea.

_Irizpide didaktikoak dituen musika programazioan eragiten duten alorrak ezagutzea.

_Kontzertu didaktikoen antolaketaren inguruko hainbat proposamen ikastea eta aztertzea.

_Musika hezkuntzako programak diseinatzeko beharrezko baliabide musikal eta didaktikoak ezagutzea.

_Musika programak prestatzean sormena eta berrikuntza pedagogiko eta musikala bultzatzea.

_Kontzertu didaktikoak egiteko proposamenak prestatzea eta ikasleari kontzertu didaktikoak diseinatzeko eta egiteko eta aurretik zeuden programak kudeatzeko tresnak eta estrategiak irakastea.

2._Edukiak:

_Musikaren didaktika eta kontzertu baten programazioarekin duen lotura.

_Kontzertu didaktikoak programatzeko proposamenen azterketa.

_Kontzertu didaktikoaren programazioarekin lotutako alor, erakunde, instituzio eta bestetarako hurbilketa eta jarduerarekin duten lotura.

_Musikaren eta ipuinen arteko lotura. Ipuin musikalak. Ahozko narrazioa.

_Musika errepertorioaren azterketa.

_Kontzertu didaktikoetarako proposamenak eta material osagarriak prestatzea. Teknikak eta estrategiak.

3._Irakasle/ikasleak ratioa: 1/15.

3. Musika baliabideak Espainian.

Informazio berezia jasotzea beharrezkoa da edozein espezialitatetako ikasleentzat; hala ere, behar hori are handiagoa da teorikoagoak diren espezialitateetan, musikologian eta pedagogian, horietan informazioa bilatzea erabakigarria baita ikerketa landu ahal izateko. Horregatik, ikasleek Espainian diren musika baliabideak kontsultatzeko gaitasuna gara dezaten, irakasgai hau proposatu da, eskuragarri diren musika baliabideak eta horietara iristeko modua ezagutarazteko.

Espainian diren baliabideen erabilera lehendabiziko urratsa da, aurrerago Europako edo nazioarteko informazio iturrietara iristeko erraztasuna emanen duen hastapena.

Planteamendua eta landutako eduki mota kontuan hartuz, irakasgai hau ez da metodologikoa izanen, informatiboa izanen da batez ere.

1._Helburuak:

_Espainian diren musika baliabideak ezagutaraztea.

_Eskuragarri diren musika baliabideen kontsulta bultzatzea.

_Informazioa bilatzean, datu baseen erabilera bultzatzea.

2._Edukiak:

_Argitalpenen zerrenda: Espainian den musikari buruzkoa eta atzerrian den Espainiako musikari buruzkoa.

_Espainiako musika katalogoen fondoa.

_Espainian diren partituren artxiboen fondoak.

_Organologia, musika eta dantzari buruzko argazki artxiboak.

_Musika estreinaldiak Espainian.

_Aldizkako musika argitalpenak Espainian.

3._Irakasle/ikasleak ratioa: 1/15.

4. Ikas-materialen tailerra.

Musika hezitzaileen lanbideak hainbat modutako ikas-material ezberdinak erabiltzea eskatzen du. Hezkuntza proposamenak ikasle talde bakoitzari egokitu beharrak materialak aukeratzea eta, askotan, egokitzea eta berriak sortzea ekartzen du.

Ikasleak gai horietan trebatuko dituzten tresnak eskaintzeko helburuz, ikasgai hau modu praktikoan proposatu da, eta bertan beste ikasgai batzuetan ikasitakoa aplikatzen ahalko dute ikas-materialak prestatzean.

Ikasturtean zehar hezkuntza proposamen multzo anitz batekin lotutako hainbat jarduera izanen dira: aztertzea, diseinatzea, egitea, garatzea eta ebaluatzea. Horrela, proiektu komunak garatzean diziplina desberdinen arteko eta taldeko lana bultzatuko da.

1._Helburuak:

_Ikas-material mota desberdinak eta horiek duten aplikazioa ezagutzea.

_Ikas-materialak egokitzeko eta sortzeko teknikak eta baliabideak jasotzea.

_Ikas-materialen inguruko sormena garatzea, bai materiala asmatu eta prestatzean baita erabiltzean ere.

_Baliabide didaktikoen erabilera optimizatzeko moduak aztertzea, erabiliko den metodologiaren arabera.

_Proiektu bakar baten inguruan hainbat espezialitate koordinatzea eskatzen duten talde-lanetan aktiboki parte hartzea.

2._Edukiak:

_Ikas-material motak: grabatutako eta inprimatutako musika, espezialitate bakoitzerako argitalpen didaktikoak, helburu didaktikoa dituzten ikuskizunak, hezkuntza arloko aplikazio informatikoak.

_Baliabide didaktikoak erabiltzeko moduak musika hizkuntzaren eta musika tresnaren irakaskuntzan. Unitate didaktikoetan aplikatzeko teknikak.

_Materialak egokitzea eta erabiltzea helburu zehatzak lortzeko, eta hezkuntza beharren araberako material berriak sortzea.

_Ikas-material originala asmatzeko eta egiteko teknikak.

_Hainbat espezialitate koordinatzen dituzten proiektuak prestatzea: interpretazioa, musika hizkuntzaren eta musika tresnen didaktika, konposizioa.

_Parte-hartze eta ekarpen pertsonala hainbat diziplinatako talde lanean.

3._Irakasle/ikasleak ratioa: 1/15.

5. Beldur eszenikoaren autokontrolerako teknikak.

Ikasgai honek hainbat teknika, ikerketa, gogoeta eta proposamen bildu ditu, ikasleei laguntza emateko helburuz eszenatokiari zaion beldurrez sortzen den estresa eta antsietatea kontrolatzeko, arazo horiek eragin negatiboa ekartzen baitute lan jardueran.

Antsietatea ikasleek eta interpreteek oro har sufritzen dute, eta interpretazio lanean ekartzeaz gain, norberaren bizi kalitatean ere eraginak ekartzen ditu, hainbat arazo sortzen baititu: suminkortasuna, autoestimu baxua, depresioa, komunikatzeko arazoak, etab.

Etorkizunean musikari izanen diren ikasleei ematen zaien prestakuntza instituzionalak, hainbat alderdi landu arren, ez ditu gai horiek zuzenean tratatzen. Horregatik, ikasleak publikoaren, eszenatokiaren eta kritiken presioaren aurrean prestatu beharra dagoela onarturik, ikasgai honek honako helburua du: ikasleei hainbat tresna konduktual eskaintzea eginen dituzten musika interpretazioetan portaera arau batzuk erabil ditzaten, antsietate eszenikoa ekiditen lagunduko dutenak. Ikasgai hau batez ere praktikoa eta ikasleak erraz aplikatzeko modukoa izanen da.

1._Helburuak:

_Estresa eta antsietatea kontrolatzeko teknika multzo handi bat ezagutzea.

_Teknika horiek erabiltzen ikastea, probetxuz eta kanpoko laguntzarik gabe.

_Estresa murrizteko teknikei onura ateratzea maila guztietan.

_Teknika horiek jendaurrean egin beharreko interpretazioetan erabiltzea, entzunaldietan, azterketetan nahiz kontzertuetan.

2._Edukiak:

_Beldur eszenikoa antzematea: estresaren aurreko erreakzioak. Gorputza ezagutzea. Arnasketa. Erlaxazioa. Meditazioa. Imaginazioa eta bisualizazioa.

_Autohipnosia. Pentsamendua gelditzea. Ideia irrazionalak baztertzea. Aurre egiteko teknikak garatzea. Teknika asertiboak entrenatzea. Denbora neurriz banatzea.

_Terapia kognitiboa. Adimena lantzeko ariketak musikarientzat. Nork bere burua kontrolatzea.

_Ikasteko terapiak. Emanaldia prestatzeko estrategiak. Estresa kalterik gabea bihurtzea. Interpretearen bizi-higienea.

3._Irakasle/ikasleak ratioa: 1/15.

Iragarkiaren kodea: F0610023