84. ALDIZKARIA - 2006ko uztailaren 14a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

MURILLO EL FRUTO

Murillo el Frutoko eraikinak zaharberritzeko laguntzak arautzen dituen ordenantza

Murillo el Frutoko Udalak Eraikinak zaharberritzeko laguntzak arautzen dituen ordenantzako aldaketa onetsi zuen hasiera batez, 2004ko abuztuaren 5eko bilkuran.

Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 325. artikuluarekin bat, alegaziorik izan ez denez behin betikoz onetsi zen, automatikoki. Azaldu denagatik, ordenantzaren testu osoa argitaratuko da, ondorio juridikoak izan ditzan.

Ordenantzaren xedea

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da laguntza ekonomikoen lehenbiziko fasea arautzea, sustapen pribatuaren bidez fatxadetan ondoko elementu hauek konpontzeko: balkoiak, moldurak, erlaitzak, teilatu-hegalak, teilatu-hodiak, zorrotenak, kanpoko zurgin-lanak, pintura, estalkiko konponketak (teilatuak, tximiniak, luzernarioak, isolamenduak...), eraikinak apaintzeko eta zaharberritzeko lanak, oro har.

Baldintza orokorrak

2. artikulua. Udal laguntza jaso dezakete aurreko artikuluan aipatu diren obrek, baldin eta eraikinak, itxuraz, egitura aldeko segurtasun baldintzak betetzen baditu eta udal teknikariek obrak egiteko adostasun txostena ematen badute.

Aplikazio esparrua

3. artikulua. Laguntzak emanen dira bakar-bakarrik Murillo el Frutoko herrigunean kokatuta dauden eta gutxienez ere 15 urte dituzten eraikinetan egin gogo diren lanetarako.

Udalaren laguntza motak

4. artikulua. Onuradunek hartuko dituzten laguntzak izanen dira Murillo el Frutoko Udalaren dirulaguntza edo ekarpenak, ordenantza honetan aipatzen diren baldintzetan, ordenantzako 1, 2 eta 3. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Udalaren baliabide ekonomikoak

5. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten diren dirulaguntza guztietarako erabiltzen ahal diren baliabideak, guztira, Udalaren aurrekontuetan ezartzen direnak izanen dira.

Laguntza ekonomikoen onuradunak

6. artikulua. Udalaren laguntzak eskuratzen ahalko dituzte, eskatzen diren baldintzak betez gero, eraikin osoen jabeek, baldin eta Udalarekin dituzten zerga-obligazioak kitatuak badituzte.

Laguntza ekonomikoen zenbatekoa

7. artikulua. Laguntzaren zenbatekoa egindako obren garrantziaren araberakoa eta Udalaren arkitektoak egindako balorazio eta irizpideen araberakoa izanen da.

Gehienez ere 300.000 pezetako laguntzak emanen dira.

Laguntzak tramitatzea eta jasotzea

8. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren laguntza ekonomikoak, zaharberritzeko lanak babesteko xedea dutenak, Udalari eskatu beharko zaizkio, honako dokumentazio hau aurkeztuta:

a) Laguntzen eskabidea.

b) Jabearen Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

c) Dirulaguntzak jasotzeko banketxea eta kontuaren zenbaki osoa.

d) Eskaeretan sartuko dira egiteko diren obrak edo jada egindakoak, eta Alkatetzak ebatziko ditu eskaerak, eraginkortasuna egiaztatu ondoren.

Ordenantzaren atzerako eragina

9. artikulua. Laguntza hauek eskatzen ahalko dira, ordenantzak hartzen duen esparruan eta bertan aipatzen diren baldintzak betez gero, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko urtarrilaren batetik aurrera egindako obra guztiengatik.

Kasu honetan, laguntzak tramitatu eta jasotzeko, jarraitu beharko zaio 8.a), b) eta c) ataletan ezarritakoari, eta dagokion faktura aurkeztu. Udal arkitektoen zerbitzuek ikuskapeneko bisita egin eta eskabidea ebatziko dute.

Laguntzak galtzea

10. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren baldintzak ez betez gero eta, zehazki, txosten teknikoan beharrezkotzat jotzen diren obrak egiten ez badira, udal laguntzak deuseztatu eta kenduko dira kasuan kasuko espedientean.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Lehenbiziko fase honetan, dirulaguntza eskatzen ahalko da, jabeek betetzen badute ordenantzan ezarritakoa, honako kale hauetan kokatutako eraikinak zaharberritzeko: San Gregorio, La Chorrota, San Miguel, Raimundo Lanas plaza, La Constitución, San Isidro, Sierra de Ujué, Santa Ursula zeharkalea, San Andrés zeharkalea, San Miguel luzapena eta Los Pinos. Ondoko beste fase batzuetan sartuko dira, aurreko horiek bezala, Udalak urbanizazioa berritu dien beste kale batzuk.

Murillo el Fruton, 2006ko ekainaren 28an._Alkate udalburua, Javier Gárriz Gabari.

Iragarkiaren kodea: L0611171