77. ALDIZKARIA - 2006ko ekainaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

197/2006 FORU AGINDUA, ekainaren 22koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, 2006. urtean Nafarroan oihaneko suteei aurrea hartzeko neurriak ezartzen dituena.

Nafarroako Oihan Ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen 37. artikuluak ezartzen duenez Foru Komunitateko Administrazioaren eskumena da oihaneko suteen prebentziorako eta suteen kontra borrokatzeko neurriak planifikatu, koordinatu eta betearaztea.

Nafarroako Oihan Planaren 341. egintzan, "oihaneko suteen aurkako aurreneurriak ezartzea" izenekoan, oihaneko suteei aurrea hartzeko neurriak jasotzen dira eta egintza horren arduraduna Oihaneko Administrazioa da.

Nafarroako landalurretako suteen kopurua handitu egin da azken urteotan, baina ukitutako eremua ez da beste autonomia erkidegoetakoa bezain handia. Halere, gure sistema ekologikoen iraupenerako eragin larriak dituen gaitz horren aurka borrokatzeko, beharrezkoa da pertsona eta baliabide tekniko ugari erabiltzea, bai aurrea hartzeko lanetarako, bai suteak itzaltzeko.

Handitze horren arrazoia azken urte hauetako egoera metereologikoa da, hala nola egiturazko beste alderdi batzuk.

Udaberria oso lehorra eta haizetsua izan denez, landareak azkar lehortu dira eta, ondorioz, aise handiagoa da udan suteak izateko arriskua. Beharrezkoa da Nafarroa osoan suaren erabilera arautzea, galera ekologikorik eta sozialik ez izateko.

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak eta Idazkaritza Tekniko Nagusiak emandako txostenak ikusita, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak emandako ahalmenez baliatuz,

AGINDU DUT:

1. Sua egiteko debekua.

Debekatu egiten da sua landalurretan egitea, ondoren azaldu bezala:

1.1. Sua egitea debekatzea Nafarroako naturgune babestuetan, baita sua egiteko prestatutako tokietan ere, hots, barbakoetan edo sua egiteko prestatutako kanpoko edozein tokitan.

1.2. Sua egitea debekatzea zuhaiztietan, zuhaixkak edo sastrakak dauden tokietan, larreetan eta belardietan, baita sua egiteko prestatutako tokietan ere, hots, barbakoetan edo sua egiteko prestatutako kanpoko edozein tokitan.

1.3. Sua egitea debekatzea errepideen ondoko atsedenguneetan, baita sua egiteko prestatutako tokietan ere, hots, barbakoetan edo sua egiteko prestatutako kanpoko edozein tokitan.

1.4. Oihaneko aprobetxamenduetan edo oihangintzako tratamenduetan gelditzen diren hondarrak erretzea debekatzea, ezinbesteko arrazoi fitosanitarioengatik Ingurumen zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez baimentzen direnean salbu.

1.5. Erreketa mota guztiak debekatzea alorretan.

1.6. Nafarroako herriguneetan material piroteknikoaren erabilera debekatzea, edozein helburu duela ere. Aurreko debekuaz gain, eta hirilurretan nahiz lurzoru urbanizagarrietan su artifizialen ikuskizun publikoak egiten direnean, landalurretik 300 metrora edo hurbilago, ondoko aurreneurriak hartuko dira:

a) Astebete lehenago Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusiari su-festak noiz eta non eginen diren adieraziko zaio.

b) Suak hasten diren unean horren berri eman beharko zaio SOS Nafarroari (112 telefonoa). Bukatzen direnean ere berdin eginen da.

c) Edozein su edo su-aztarna ikusiz gero, SOS Nafarroari eman beharko zaio abisua ahalik lasterrena (112 telefonoa).

1.7. Erretzen ari den edo sute bat sortzeko ahalmena duen edozer bota edo uztea debekatzea; debekuaren barruan sartzen da Nafarroako edozein komunikazio bidetatik zirkulatzen duen ibilgailuetatik zigarro-puntak botatzea.

2. Ibilgailu motordunen zirkulazioa oihan-pistetan.

Oihan-pistetan ibilgailu motordunekin zirkulatzeko ondoko arau hauek bete beharko dira:

2.1. Foru agindu honen ondorioetarako, oihanean den edozein bide hartuko da oihan-pistatzat, zola emanda egon edo ez egon. Ez dira oihan-pistatzat hartuko Nafarroako errepideen sarean sarturik dauden komunikabideak.

2.2. Bestelako baimenik ezertan ukatu gabe, honako ibilgailuok ibiltzen ahal dira Nafarroako oihan-pistetan:

a) Erabilera edozein izanik ere, nork bere jabetzetara sartu behar duenean erabiltzen dituen ibilgailuak.

b) Oihaneko suteen prebentziorako edo suteak itzaltzeko erabiltzen diren ibilgailuak.

c) Administrazio Publikoetako edozeinen ibilgailu ofizialak.

d) Zerbitzua eskaintzeko oihan-pistak daraman lurretan egiten diren oihaneko zereginetan erabiltzen diren ibilgailuak (oihan aprobetxamenduekin, baso-lanekin eta oihaneko azterlanekin zerikusia duten jarduera guztiak sartzen dira oihaneko zereginetan).

e) Zerbitzua eskaintzeko baso-pistak daraman lurretan egiten diren nekazaritzako eta abeltzaintzako lanetan erabiltzen diren ibilgailuak.

f) Naturguneetan zaintza-lanetan ari diren ibilgailuak, Administrazio Publikoenak ez badira ere.

g) Linea elektrikoen eta telekomunikazioen mantentze-lanetan erabiltzen diren ibilgailuak, baita ur eta hondakinen mankomunitateenak ere.

h) Ehiza-barrutietako bazkideen eta zaindarien ibilgailuak, ehiza denboraldian, zerbitzua eskaintzeko baso-pistak daraman lurretan.

2.3. Arestian aipatutako ibilgailuek, baso-pistetan barna ibiltzen direnean, honako prebentzio-neurri hauek bete beharko dituzte nahitaez:

a) Sakelako telefonoa eraman beharko dute aldean.

b) Ibilgailuan eskuko ur-itzalgailu bat izatea gomendatzen da (itzalgailu hidrikoa, sulfatagailua, sua itzaltzeko bizkar-zorroa, etab.), gutxienez 10 litrokoa.

c) Ibilgailu horiek baso-pistan bertan edo espresuki prestatutako tokietan baizik ezin izanen dira aparkatu. Debekatua dago, erabat, beste inon aparkatzea.

d) Edozein su edo su-aztarna ikusiz gero, ibilgailuen erabiltzaileek SOS Nafarroari abisatu beharko diote ahalik lasterrena (112 telefonoa).

2.4. Debekatua dago aurreko puntuetan aipatu gabeko ibilgailuak baso-pistetan barna ibiltzea. Hori hala izanik ere, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak baimen bereziak eman litzake.

3. Baso-lanetarako makina eta tresnen erabilera.

13/1990 Foru Legean menditzat hartutako lurretan baso-lanetarako makina eta tresnak erabiltzeko arauak.

3.1. Mendian motorra duen edozein tresna hartuko da oihaneko makina edo tresnatzat, potentzia edonolakoa duela ere.

3.2. Mendian edozein makina edo ekipo erabiltzeko, baso-pistetan zirkulatzen duten ibilgailuei eskatzen zaizkien baldintza berberak bete beharko dira. Gainera, makina handiekin lan egiten den tokietan (bulldozerrak, skidderrak, sasiak garbitzeko makina mailudunak, etab.) , gutxienez ur biltontzi bat jarriko da, 1.000 litrokoa.

3.3. Landalurretan, makina motordunak erabiltzen badira basoetatik 400 metro baino hurbilago, baso-pistetan zirkulatzen duten ibilgailuek duten ekipo bera edukiko da. Gainera, gutxienez 8 metro zabal den suebaki bat egin beharko da baso inguruan, eta landare guztiak kendu beharko dira, lurra irauliz lur minerala agertzen den arte.

4. Aurretiko baimenak.

Foru agindu honen aurretik eman ziren baimen guztiak indarrik gabe geldituko dira hau argitaratzen denetik baldin eta foru agindu honetan espresuki baimendutako jarduerak ez badira.

Foru agindu honetan baimentzen diren jarduerak orain ezarri diren neurrietara egokituko dira foru agindu hau argitaratu eta zazpi egun naturaleko epean.

5. Nekazaritzako lurzatiak.

Lehorreko hektarea bakoitzeko batez beste 4,4, 4,1 edo 3,7 tonako errendimendua esleitua izan eta herriguneekin, edozein motatako errepideekin, trenbideekin edo 10 hektarea baino gehiagoko zuhaiztiekin muga egiten duten udalerrietan, uztondoa duten nekazaritzako lurzatien jabeek edo laborariek lurra lantzen ahalko dute uzta ondoko edozein momentutan, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emandako 236/2006 Foru Aginduan ezarri bezala. Foru agindu horren bidez, kudeaketarako legezko betekizunak eta nekazaritzarako zein ingurumenerako baldintza egokiak ezarri ziren, nekazaritzako politika komunaren esparruan zuzeneko laguntzak jasotzen dituzten nekazariek bete ditzaten.

Foru agindu horren arabera, landutako lurzatietan dauden lasto-meten kasuan, zerrenda bat landuko da haien perimetroan, lasto-metaren altuera bera duena, gutxienez, uzta ondoko 10 eguneko epean. Lasto-metak uzta ondoren egiten badira, perimetroko zerrenda hori fardoak pilatzen hasi eta 10 eguneko epean landuko da.

6. Bestelako baimenak.

Foru agindu honi jarraikiz ematen diren baimen orokorrak bateragarriak dira aplikatu beharreko beste edozein arauren arabera eska daitekeen beste edozeinekin.

7. Baimenen indarraldia eta ondorioak.

Arau hauek indarra izanen dute harik, eta metereologiaren ezaugarriak aldatu direla-eta, kentzen diren arte.

Ingurumen Departamentuak, egoera klimatikoaren eta oihanetan sua izateko arriskuaren bilakaera aintzat hartuta, indarrik gabe utz litzake foru agindu honetan edo salbuespenez ematen den beste edozeinetan jasotzen diren baimenak.

8. Zaintza.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko landako langileei, Foruzaingoaren Ingurumena Zaintzeko Dibisioari eta Guardia Zibilaren Sepronari hemen azaldutakoa bete dadin zaindu dezatela eskatzea.

9. Jakinarazpenak.

Foru agindu honen berri ematea Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Foruzaingoari eta Guardia Zibilari, behar diren ondorioak izan ditzan, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, jende orok jakin dezan.

10. Indar hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko ekainaren 22an._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

Iragarkiaren kodea: F0610905