76. ALDIZKARIA - 2006ko ekainaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, 2006ko maiatzaren 2koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Oltza udalerriaren izen aldaketa onetsi eta haren ordez "Oltza Zendea" izena ezartzen duena.

Oltzako Udalak, egindako osoko bilkuran, udalerri horren izena aldatu eta Oltza Zendea izena ezartzea erabaki zuen. Nafarroako Gobernuari igorri zion prozedura horren gaineko dokumentazioa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 22.2 artikuluan agindutako tramitazioa betetzeko.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 21.1 artikuluaren arabera, ezin da udal baten izenik aldatu, hartu nahi den berria lehendik dagoen beste baten berdina bada edo zerbitzu publikoen antolamenduan nahasketak sor baditzake. Bigarren zenbakiak ezartzen duenez, euskararen erabilerak, udalerrien izendapenari dagokionez, abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean xedatutakoari jarraituko dio.

Toki entitateak onetsitako izendapenak betetzen ditu eskatutako baldintza guztiak: alde batetik, Toki Administrazio Departamentuko idazkari tekniko nagusiaren agirian egiaztatutakoaren arabera, Nafarroako toki entitateen erregistroan ez dago inolako entitaterik inskribaturik orain ezarri nahi den izenarekin; bestetik, izendapena bat dator Euskarari buruzko Foru Legearen 8. artikuluan ezarritakoarekin. Espedientean Hezkuntza Departamentuko Hizkuntzaren Garapen, Programazio eta Ikerketa Zerbitzuak xede horrekin prestatu duen txostena ageri da.

Bestalde, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 23. artikuluan honako hau xedatzen da: "Udalen izen aldaketek ofizialtasun izaera lortuko dute, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 14. artikuluak aipaturiko Erregistroan apuntatu eta Estatuko eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALetan argitara eman ondoren bakarrik." Halaber, foru lege horren 25.3 artikuluaren arabera, izen eta hiriburu aldaketen gaineko ebazpenak Estatuko Administrazioari igorriko zaizkio, Toki Entitateen erregistroan inskriba ditzan.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Oltzako Udalak eskatutako izen aldaketa onestea. Hemendik aurrera, gaztelaniaz, Cendea de Olza izena izanen du, eta euskaraz, berriz, Oltza Zendea.

2. Erabaki hau Estatuko Administrazio Nagusiari igortzea, Administrazio Publikoetako Ministerioaren toki entitateen erregistroan inskriba dezan, eta, halaber, Toki Administrazioko Departamentuaren Nafarroako toki entitateen erregistroan inskribatzea.

3. Erregistro horietan sartu ondoren, Estatuko eta Nafarroako Aldizkari Ofizialetan argitaratzea.

4. Erabakia Oltza Zendeako Udalari jakinaraztea eta adieraztea haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko duela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2006ko maiatzaren 2an._Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0609916