74. ALDIZKARIA - 2006ko ekainaren 21a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ETXARRI

Hasiera batean onetsita auzobideen eta mendi pisten erabilera arautzen duen ordenantza

Etxarriko Larraungo Kontzejuak, 2005eko apirilaren 4an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Kontzejuko auzobideen eta mendi pisten erabilera arautzen duen ordenantza.

Onesteko erabakia 2005eko 116. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, irailaren 28an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Etxarri Larraunen, 2006ko maiatzaren 19an._Kontzejuko burua, Elena Elizalde Soravilla.

ETXARRI LARRAUNGO KONTZEJUAREN MUGAPEKO AUZOBIDEAK ETA MENDI PISTAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek Etxarriko Larraungo Kontzejuaren mugapeko auzobideak eta mendi pistak arautzen ditu.

2. artikulua. Kategoriak.

Etxarriko Kontzejuko auzobideak eta mendi pistak nolakoak diren, hartarako erabiliko dira, eta debeku dira haien erabilera ezohiko eta gehiegizko guztiak, bideetan kalte egiten dutenak edo trafikoaren segurtasunaren kontrakoak.

3. artikulua. Finka mugakideak.

Bide publikoekin eta erabilera publikoko beste lur mota batzuekin muga egiten duten finken jabeek bide horien mugan dauden itxitura guztiak garbi-garbi edukiko dituzte, eta jabetza pribatutik irten eta itxituraren bertikala gainditzen duten oztopo guztiak kenduko dituzte.

4. artikulua. Ibilgailu motordunetan ibiltzeko debeku orokorra.

Debekatua dago ibilgailu motordunetan ibiltzea leku irekietan bide eta pistetatik kanpo. Debeku hori ez zaie jabeei aplikatuko beren lursailetan sartzeko, ezta nekazaritza, abeltzaintza eta oihangintzan aritzeko zirkulazio motordunari ere.

5. artikulua. Sarbide kontrolatuko pistetan ibilgailu motordunetan ibiltzeko baimena.

A._Baimena dute:

a) Kontzejuan erregistratuta dauden bizilagun guztien ibilgailuek.

b) Erakunde publikoek, beren lanak egiteko bada.

B._Kontzejuari baimena eskatzera behartuta daude partikularrak, edozein izaera juridikoko sozietateak, eta baita elkarte eta entitate publikoak zein pribatuak ere, ondoko artikuluetan ezarritako eran eta baldintzetan. Etxarriko Kontzejua da salbuetsirik dagoen bakarra.

6. artikulua. Kontzejuaren baimena behar duten jarduerak:

A._Zurgai diren oihaneko gaiak pista eta bide horietatik ateratzea, baldin eta ibilgailu motordunen bidez ateratzen badira. Berariaz salbuetsi da etxerako egurra.

B._Eraikuntzako materialak pista eta bide horietatik garraiatzea, baldin eta ibilgailu motordunen bidez egiten bada.

C._Makina astunak bide eta pista horietatik pasatzea, salbu eta Etxarriko Kontzejuak berak eskatuta erabiltzen badira.

D._Etxarriko Kontzejuko ehiza barrutiak errentan hartzen dituzten ehiztariak sarbide kontrolatuko pistetan ibiltzea.

E._Sarbide kontrolatuko pistetan ibilgailu motordunak igarotzea aisialdirako eta beste erabilera batzuetarako.

F._Edozein material bide edo lur publikoan pilatzea.

Erabat debekaturik dago oihaneko gaiak eta eraikuntzako materialak arrastaka eramatea aipatu pistetan, dela ibilgailu motordunen bidez edo animaliak erabiliz, baldin eta gaiok behar bezala eta ibilgailu egokian kargaturik ez badaude. Debeku hau haustea zorrotz zehatuko da. Egindako kalte guztien ordaina eskatzeaz gain, garraiatutako oihaneko gaiek edo eraikuntzako materialek balio dutenaren halako bi ordainaraziko da, isun gisa.

7. artikulua. Baimena nahitaez eskatu behar duten subjektuak.

a) Zura denean, zurketariak edo oihan gaiak ateratzeaz arduratzen den enpresak. Halakorik ezean, zuraren jabea izanen da erantzulea.

b) Eraikuntzako materialen kasuan, obraren sustatzaileak.

c) Makina astunak direnean, makina horien zerbitzuak kontratatzen dituenak.

d) Aipatutakoez bestelako erabilera egin gogo duten partikularrak.

8. artikulua. Baimena emateko eskumena.

Kontzejuburuak emanen du pistetan ibiltzeko baimena.

9. artikulua. Baimenaren tramitazioa.

Aipatu bideak eta pistak erabili nahi dituztenek horren berri emanen diote aldez aurretik Etxarriko Kontzejuari; erabilera zein den adieraziko dute; orobat, zenbat egur edo bestelako zenbat material garraiatzekotan diren; era berean, mendia edo beste baliabide batzuk ustiatzeko baimen ofiziala ekarriko dute, zerga ordaintzeko kontratazioa dela-eta. Adierazi beharko da, halaber, zenbat eraikuntzako material garraiatu nahi den eta zenbat tona pisatzen duten makina astunek.

Zuraren edo eraikuntzako materialen garraioa edo makina astunen pasatzea euri edo elur garaian egiten bada, Kontzejuari jakinarazi beharko zaio, pasatzea debekatu behar ote den ikusteko, kalte larriak galaraztearren.

10. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.

Gehieneko abiadura 30km/ordua izanen da.

Istripu arriskuak gutxitzeko, eta oinezko, txirrindulari eta animaliei trabarik ez egiteko, gidariek abiadura egokitu beharko dute, maldetan eta toki arriskutsuetan behar adina motelduz, baita aziendak hurbil dabiltzanean eta oinezkoak agertzean ere, edo denbora idorra denean, pistetan hautsa pilatzen baita.

11. artikulua. Jarduera debekatuak.

Espresuki debekaturik gelditzen dira lehiaketak, lasterketak eta gidatzeko modu bortitz guztiak paseoan dabiltzanentzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta basa-faunarentzat arriskugarriak baitira. Salbuespenez, Etxarriko Kontzejuak baimena eman dezake lehiaketa ofizialak eta taldeko jarduera turistiko antolatuak egiteko, aitzinetik fidantza ordainduz gero.

12. artikulua. Erantzukizunak eta fidantzak.

Bide horiek erabiltzen dituztenek beraien jarduerarekin eragiten dituzten kalteak konpondu beharko dituzte. Hartara, jarduera hasi baino lehen, fidantza utzi beharko dute Etxarriko Kontzejuan. Kasu bakoitzean Kontzejuak kalkulatuko du fidantza, bideetan ustez sor dezakeen arriskuaren arabera.

Kasu bakoitzean, eta jarduera, urte sasoia, ibilgailu mota eta horrelatsukoen arabera Kontzejuak egoki iruditzen zaizkion mugak eta fidantzak ezarriko ditu, ordenantza honetan biltzen direnen osagarri.

13. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea arau-haustea izanen da. Orobat, arau-haustea izanen da baimenik ez eskatzea, edota, oro har, ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea.

Arau-hausteak isunekin zehatuko dira. Isuna ezingo da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakotik gorakoa izan.

14. artikulua. Kalte-ordainak.

Bideetan eragindako kalteak konponduko dira ordenantza honetan ezarritako jarduketak egin dituenaren kargura. Kalteen balorazioa administrazio bidez eginen da.

Isunak ez badira borondatez ordaintzen, premiamendu bidez ordainaraziko dira.

Iragarkiaren kodea: L0608991