74. ALDIZKARIA - 2006ko ekainaren 21a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

OIBAR

Behin betiko onetsirik Herrilurretako larreak arautzen dituen ordenantza

Oibarko Udalak, 2006ko otsailaren 24an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Oibarko bazkalekuetako larreen eta Udalerriaren larreen aprobetxamendua arautzen duen ordenantza, honako hauek osatuak baitaude: a) Oibarko herrilurretako finketako arreak, b) Herrilurretako finketako larreak eta jabetza partikularretako finketakoak, Udalak eskuratu baitzituen atzera-salmentako eta salerosketako itunaren bidez (Soreta-Juntapeones eta Saso Redondo bazkalekuak, Udalerriaren ondasunak baitira, c) jabetza partikularretako larreak, jabe partikularrek lagatu ohi dutenak, handik lortutako etekinak Udalerriaren etekinekin bat egiteko asmoz, 1703 eta 1736. urteetan sinatutako elkartasun-itunen denboratik hona, itun horiek Auzitegi Gorenak eta Nafarroako Kontseiluak 1757. urtean konformatu baitzituen, nolatan eta haren 7. kapituluan Udalari baimena ematen ziola bazkaleku horiek saltzeko premia larria sortuz gero.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearekin eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearekin bat, erabaki hau jendaurrean egon da 30 egun baliodunean, eta 2006ko 39. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu da, martxoaren 31n.

Erreklamaziorik edo alegaziorik aurkeztu ez denez, bidezko da aipatu ordenantza behin betiko onestea.

Oibarren, 2006ko maiatzaren 2an._Alkatea, Manuel Martínez Aldunate.

OIBARKO UDALERRIAREN HERRI LARREEN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA, UDALBATZAK 2006KO OTSAILAREN 24KO BILKURAN ONETSIA

Oibarko Udalerriaren larreak dira ondoko bazkalekuetakoak, bazkalekutzat hartzen baitira udal mugapeko belarren eta uren gaineko eskubideak.

Oibarko bazkalekuak, banan-banan: Sasillo-Vallimagra-Saso Redondo, Las Valles, Soreta-Sierra, Entreviñas, El Barrio, Juntapeones, Suertes Viejas, Modella, Saso Almendolar, Junto al Soto, Comunes de la Vizcaya eta Santacilia eta Pastizal el Monte y Robledal.

_Aprobetxamenduak: Las Valles, Soreta, Entreviñas, El Barrio, Juntapeones, Sasillo-Vallimagra-Saso eta Suertes Viejas bazkalekuetan urte guztian bazkatzen ahal da, eta Comunes Altos de la Vizcaya eta Santacilia bazkalekuetan, urte bakoitzeko urriaren 1etik hurrengo urteko ekainaren 28a bitarte, betiere zuhaitz landatuen eremuak errespetatuz.

_Modella: aprobetxamendua Pedro Erdozain Baztán eta Bernardo Lerga Coronas jaunei dagokie, urte bikoitietan, irailaren 29tik maiatzaren 11 bitarte. Urte bikoitiaren gainerakoan eta urte bakoiti guztietan Udalari dagokio aprobetxamendua eta bazkalekuaren esleipen hartzaileak erabili ahalko du.

_Saso Almendolar eta Junto al Soto: urte bikoitietan nahiz bakoitietan, irailaren 29tik maiatzaren 11ra bitarte, Bernardo Lerga Coronas jaunaren oinordekoei, Tere Codesido Ruiz andreari eta Pedro Erdozain Baztan jaunari dagokie aprobetxamendua. Urte bikoitien eta bakoitien gainerakoa, Oibarko Udalari dagokio aprobetxamendua, eta bazkaleku horien esleipen hartzaileek erabili ahalko dute, udako belar gisa.

_La Vizcaya bazkalekuan, urtero, eta urriaren 1etik ekainaren 28a bitarte, esleipen hartzaile guztiek erabili ahalko dute, herri larre gisa, dermioko gainerako bazkaleku erabiltzaileekin batera. Ekainaren 29tik irailaren 30a bitarte, oso-osorik Udalari baitagokio, udako belar gisa esleituko da.

_Santacilia-ko herrilurra: _San Andrés egunetik San Pedro egunera, (azaroaren 29tik ekainaren 29a bitarte), urtero, erabili ahalko da herri larre gisa, dermioko gainerako bazkaleku erabiltzaileekin batera. San Pedro egunetik San Andrés egunera bitarte (ekainaren 29tik azaroaren 29a bitarte), oso-osorik Udalari baitagokio, Las Valles-ko bazkalekuko esleipen hartzaileak erabiliko du. Corralizaseko esleipen hartzaileek Santaciliako belaiak baliatuko dituzte, Santaciliako pistatik goiti ezkerreko aldean baitaude.

Pastizal del Monte y Robledal, hesitua baitago, azienda larrirako erabiliko da, gehieneko abelburu kopururik gabe eta Comunes Altos bazkalekurako eskubiderik gabe.

_Bazkalekuetako mugak, belarren balioa, azalerak eta laborantza motak:

Bazkalekuetako mugak, belarren balioa, azalerak eta laborantza motak zehazterakoan, Abeltzaintzako ITG-ko Jesús María Mangado jaunak eginiko balorazioari jarraituko zaio eta Tracasak 05-11-18an eginiko kartografiari; izan ere horien osagai dira landalurren katastroko lurzatien planoak, bazkaleku bakoitzak ukitutako azalerarekin, lurzatiak eta azpilurzatiak agertuz, katastroko datu basean bildutako erabilera-laborantza motaren arabera; 13 plano dira DIN A2 tamainakoak, bazkaleku bakoitzari dagozkionak eta beste plano bat, DIN A1 tamainakoa, 13 bazkalekuen ingurua agertzen duena, eta disko bat, Excel orria eta Word-en, alfazenbakizko informazioarekin.

1. artikulua. Herri larreak esleitzeko moduak.

Ordenantza honek arautzen du direlako bazkaleku horietan dauden belarren eta uren aprobetxamendua, hori guztia Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren II. kapituluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen II. kapituluko bigarren atalean xedatutakoari jarraikiz.

Udalerriaren bazkalekuak esleituko dira honako modu hauei jarraikiz:

a) Herritarren arteko zuzeneko esleipena.

b) Antzinako usadioaz.

Eta bestela,

c) Enkante publikoaren bidez esleituta.

2. artikulua. Herritarren arteko zuzeneko esleipenerako onuradunak.

Orokorrean, herri larreen aprobetxamenduen onuradun izanen dira, herritarren arteko zuzeneko esleipena egiten denean, halako famili unitateak baldin haien titularrak honako baldintza hauek betetzen baditu:

a) Adinez nagusi izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adingabea izatea.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 2 urteko antzinatasunez.

c) Oibarren, urtean 9 hilabetez bederen egiazki bizi izatea.

d) Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

e) Azienda Udal honetako katastroan inskribaturik edukitzea eta/edo abeltzain-kartilla eguneratua izatea, abelburu kopuruarekin eta haien osasun egoeraren ziurtagiriarekin.

f) Erabilera zuzenean eta pertsonalki egitea.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia unitateko kidetzat hartuko dira. Nolanahi ere, familia unitate independientetzat hartuko da guraso jubilatuek osatutakoa, familiakoekin bizi arren, betiere haien dirusarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

3. artikulua. Herritarren arteko zuzeneko esleipenerako prozedura.

Ordenantza hau behin betiko onetsitakoan, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik, 15 eguneko epea finkatuko da, ordenantza honetako 2. artikuluan aipatzen diren baldintzak betetzen dituztenek bazkalekuak hartzeko eskaera aurkez dezaten.

Eskabidearekin batera agiriak aurkeztu beharko dituzte ordenantza honetako 2. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztela erakusteko; bertzetik ere, zein bazkalekutarako egiten den eskaera zehaztu beharko dute.

Esleipena erabakiko da eskatutako bazkalekuaren arabera eta abelburu kopurua ikusita.

4. artikulua. Oibarko Udalak berak eginen du behin-behineko esleipena. Behin-behineko esleipena egin ondotik, hamar eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko, baina halakorik ez bada, esleipena behin betikoz onetsitzat joko da epe hori bukatutakoan.

5. artikulua. Bazkalekuaren erreserba.

Bazkalekuen errentamendualdian, herritarren arteko zuzeneko esleipeneko sisteman eskatzailerik agertzen bada onuradun izateko baldintzak betetzen dituena, esleipen hartzaileek bazkalekuen %25 utzi beharko diote, non eta Udalak eta esleipen hartzaileek adosten duten eremuan.

6. artikulua. Bazkalekuen balorazioa eta ordainketa.

Bazkalekuen egiazko balorazioa honako hau da: Las Valles: 3.973 euro; Entreviñas: 4.362 euro; Sasillo-Vallimagra-Saso: 3.754 euro; Suertes Viejas: 2.084 euro; Juntapeones: 2.251 euro, El Barrio: 2.140 euro; Soreta: 3.196 euro; Saso Almendolar, Junto al Soto eta Modella: 2.856 Euro; La Vizcayako udako bazkalekua: 787 euro eta Pastizal del Monte y Robledal: 12.442 euro.

Herritarren arteko zuzeneko esleipeneko sisteman, bazkalekuen onuradunek ordaindu beharreko saria bazkalekuen egiazko balioaren %90 izanen da, hori guztia 6/1990 Foru Legearen 159. artikuluan eta 280/1990 Foru Dekretuaren 188. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Saria urtero berrituko da, nekazariek edo abeltzainek izandako prezio aldaketaren arabera, erakunde ofizial eskudunak onetsitako indizeei jarraikiz.

Esleipenaren prezioa Oibarko Udalari ordaindu beharko zaio hiruhilabeteka eta horiek iragandakoan, alegia, lau alditan eta mugaegunak izanik, martxoko, ekaineko, iraileko eta abenduko 30ean. Hamabost egun igarotzen badira ordaindu beharreko kopurua ordaindu gabe, esleipena baliorik gabe gelditu dela ulertuko da, fidantza edo abala galdurik eta batere ukatu gabe Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Legean aipatzen diren erantzukizunak, ezta esleipen hartzaileari dagozkiokeen bestelakoak ere.

7. artikulua. Esleipenaren epea.

Zortzi urtekoa izanen da, ordenantza hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik aitzina, salbu eta El Pastizal del Monte y Robledalen, 2011ko irailaren 30era bitarte dagoelako esleitua. Egun indarrean dauden larreen aprobetxamenduak ordenantza berri honetara egokitu beharko dira esleipena iraungitzen den unean, hau da, 2011ko irailaren 30ean.

Esleipena bukatuta, bertze esleipen bat eginen da ordenantza honetan zehaztutakoari jarraikiz eta zortzi urtetarako, guttienez.

8. artikulua. Fidantzak.

Esleipen hartzaile bakoitzak Udalaren aldeko fidantza edo banku-abal bat gordailatu beharko du, urteko sariaren guztirako zenbatekoaren %4ren parekoa, bereganatzen dituen erantzunbeharrei aurre egiteko, eta horretarako 15 eguneko epea izanen du agindua jasotzen duenetik. Udalak hala iritziz gero, fidantzaren zenbatekoa eguneratzen ahalko da, K.P.I. aplikatuta.

9. artikulua. Bazkalekuen aprobetxamendua zuzenduko duten arauak.

Ez da mugaegunik ezartzen nekazariek alorrak goldatzeko.

Debeku da laborantzako lurretan azienda sartzea euria egin duenean, horregatik kalteak sortzen badira.

inketan belarren kontrako pestizidarik erabiltzeko asmoa duten nekazariek abisua eman beharko diote bazkalekuko esleipen hartzaileari, tratamenduarekin hasi baino guttienez aste bat lehenago, eta zein poligono, lurzati eta alderditan egiteko asmoa duen.

Betiko lugorriak badira, Nekazaritzako Politika Bateratuan (NPB) zehazten denak aginduko du.

Uzta jaso ondoren, aziendarentzat debeku da uzta jasoa duten lehorreko lurretan sartzea harik eta lastoa bertatik eraman arte; eta ureztalurretan, lastoa edo uzta ondoko hondarrak bertatik eraman arte.

Bazkalekuen esleipen hartzaileek itundu beharko dute erantzukizun zibileko asegurua, finketan eta/edo laborantzako lurretan sor daitezkeen kalteak estaltzeko. Aseguru hori guttienez ere 6.000 eurokoa izanen da.

Bazkalekuetan mahastiak, olibondoak, eta pinu gazteen eta makalen basoberritzeak badira, larreen aprobetxamendua baliatu daiteke aldez aurretik bertako jabeak horretarako baimena eman badu.

Errentamendualdian, abeltzainek belarra ereiten ahal dute, euren bazkalekuetako belardiak hobetzeko asmoz (herrilurretako bazkalekuak), betiere nekazari mugakideei nekazaritzako laborantzarako esleitu ez bazaizkie. Hala nahi izanez gero, Udalari egin beharko zaio eskaera.

Udalak artegi berriak edo larre berriak sortzen baditu belarren aprobetxamenduak dirauen bitartean, esleipearen prezioa igoko da ehuneko hainbeste. Igoera hori Udalak zehaztu beharko du, egindako inbertsioaren arabera.

Esleipen hartzaileak zaindu eta begiratu beharko ditu direlako artegi horiek, eta bera izanen da erantzule eskortetan gerta daitezkeen kalteak gertatzen badira, arduragabekeriaz erabiltzeagatik, eta gertatu eta berehala konpondu beharo ditu, bertzenaz, Udalak eginen ditu lan horiek, fidantzaren kontura. Orobat, esleipen hartzaileak bere kargura eginen ditu artegiak desinfektatu, zuritu eta garbitu hiru urtean behin bederen eta, bereziki, errentamendualdia bukatzen denean.

Artegi, larre, idoi eta abarretan hobekuntza lanik egin nahi izanez gero, udal lizentzia behar da, eta beraz Udalaren baimenik gabe ezin dira egin.

Bazkalekuetatik ateratzen den diruaren %10 bereziko du Udalak, urtero, bazkalekuetan hobekuntzak egiteko (artegiak, iturriak, sarbideak, hesiturak, eta abar).

Hobekuntza horiek esleipen hartzaileek ere egiten ahal dituzte, aldez aurretik Udalak baimena emanda, eta egindako gastuak jasotzeko urte bakoitzeko abenduaren 31 gabe aurkeztu beharko dira fakturak. Egindako hobekuntzak egiaztatu ondoren eginen da ordainketa. Egindako inbertsioa %10 baino gehiago bada, soberakina hurrengo urteetan ordainduko da. Errentamenduko lehenbiziko urtean esleipen hartzaileek berezi dezakete hobekuntzarako asignatutakoaren %25 artegiak txukuntzeko, azienda egokiro hartzeko moduan egon daitezen.

Udalak herrilurrak hartzeko eskubidea du, lur horiek larreetarako edo baso-berritzeko nahiz interes orokorreko bertze erabileretarako erabiltzearren. Halakoetan, esleipen hartzaileari hartutako azaleraren araberako kalte-ordaina emanen dio, esleipenaren prezioa kontuan hartuta eta larrerik gabe zenbat denboraz gedituko den begiratuta.

Bazkalekuetako aziendak zilegi izanen du bazkalekuetan dauden iturri edo asketara edatera sartzea.

10. artikulua. Esleipen hartzaileen betebeharrak:

Herrilarreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Osasun Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta bete egin beharko ditu Lege horretako nahiz bere erregelamenduko baldintza guztiak, edo aplikagarria den legeriarenak.

Esleipen hartzailearen beharkizunak:

a) Aziendak Oibarko katastroan sarturik edukitzea esleipenak dirauen denbora guztian.

b) Esleitu zaizkion lurrak ez ematea errentan beste inori, ezta eskualdatzea ere.

c) Aprobetxamendua ez bazaio interesatzen, esleipenari uko egitea eta lurrak Udalaren esku uztea, hark egokia iruditzen zaion moduan eslei ditzan.

d) Esleipenaren egunean hartutako egoeran mantentzea artegiak, hesiak, atakak, idoiak eta gainerako instalazioak, eta eragindako kalte-galerei erantzutea pausatutako fidantzaren edo abalaren bidez.

e) El Pastizal del Monte y Robledal bazkalekuaren esleipen hartzaileak euntzeak eta ebakitzeko belardiak mantendu, artatu eta ongarritu beharko ditu, betiere Nafarroako Gobernuko Larreen departamentuko eta Udaleko teknikariek emaniko jarraibideak eta aholkuak beteta.

f) El Pastizal del Monte y Robledal bazkalekuan eginiko hobekuntza guztiak esleipen hartzailearen kontura izanen dira eta horiek egiteko Udalaren baimena beharko du izan. Baimen hori eman edo ukatu eginen da Nafarroako Gobernuko Larreen saileko teknikariei aholkua eskatu ondoren.

g) Nahiz eta El Pastizal del Monte y Robledal bazkalekuaren esleipen hartzaileak ez duen bertan bazkatzeko azienda larriko gehieneko abelburu kopururik, kopuru horri muga jartzen ahal zaio larreen egoera ikusita, teknikarien irizpideari jarraikiz.

11. artikulua. Arau-hauste administratiboak.

Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

1._Herri larreetan bazkatzen diren azienden osasun babesari buruzko Foru Legean eta Erregelamenduan, edo aplikatzen ahal den legerian, xedatutakoa ez betetzea.

2._Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

3._Esleitu ez zaizkion bazkalekuetan aziendekin sartzea.

4._Artegi, idoi, zerrakura, belardi eta gainerako instalazioetan kalte egitea.

5._Esleipenean zehazturiko epeak ez errespetatzea.

6._Belarrak aprobetxatzeko finkatutako kopuruak edo ezartzen diren bestelako kontribuzio, tasa edo sariak epeen barrenean ez ordaintzea.

7._Norberari esleitu zaion bazkalekua besteri errentan ematea edo eskualdatzea.

12. artikulua. Zehapenak.

Aipatutako arau-hauste horiek ondoko zehapen hauek izanen dituzte:

11. artikuluko lehenbizikoan, kontzesioa iraungiko da, deusetan ukatu gabe Nafarroako Gobernuko organo eskudunek abiarazten dituzten zehapenak.

11. artikuluko zazpigarrenean, kontzesioa iraungiko da.

11. artikuluko bosgarrenean, herrilurren edo herrilarreen esleipen hartzailea izateko gaitasuna galduko da eta kontzesioa iraungiko, honako kasu hauetan:

a) Bazkalekuaren sariari dagokion hiruhilabeteko bat ez ordaintzea, ordaintzeko errekerimendua jaso eta hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten pausatutako fidantza galdu eta dagokion saria ordaindu behar izatea.

b) Bazkaleku bateko esleipen hartzaileak berariaz nahiz isilbidez uko egiteagatik. Isilbidezko uko egitea hartuko da Udalaren errekerimendu bati ez erantzutea 30 eguneko epean, betiere Udalaren aburuz bazkalekuen aprobetxamendurik ez dela egiten zantzu nabariak badira. Horrek ez du galarazten pausatutako fidantza galdu eta dagokion saria ordaindu behar izatea.

c) Bazkaleku bat uzten duenak ordaindu beharko du Udalak hurrengo enkanteetan izanen dituen diru-galerak, esleipenaren epea iraungi arte, salbu eta Udalaren aburuz uzte hori arrazoizkoa bada (esleipen hartzailearen erretiroa, azienda saldu izana eta abar).

13. artikulua. Jabari publikoko ondasunetan, herrilurretan edo hirugarrenen ondasunetan egindako kalteak ekintzaren egileek ordaindu beharko dituzte, zehaztuko den moduan.

14. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez esleituko dira 8 urterako, egungo arautegia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena beteta.

Oibarren, 2006ko maiatzaren 2an._Alkatea, Manuel Martínez Aldunate.

Iragarkiaren kodea: L0608466