74. ALDIZKARIA - 2006ko ekainaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

1037/2006 EBAZPENA, ekainaren 7koa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana, eremu publikoetan Merkataritza Berpizteko Proiektuak garatzen laguntzeko programaren dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena.

Merkataritzaren garapen orekatua Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren ildo estrategikoetariko bat da.

Nafarroako Barne Merkataritza Modernizatzeko 2005-2007 Planaren programetako bat merkataritzako hirigintzari buruzkoa da. Programa horren bidez, sustapen politiketan toki administrazioen arteko lankidetza lortu eta hiri merkataritza hobetzea lortu nahi da:

_Merkataritzaren sektorea udal politikak ezartzeko funtsezko faktore gisa hartuz.

_Merkataritza garatzeko behar den hirigintza ingurunea erraztuz.

Xede hori lortzeko jarduketa ildoen artean honakoak dira:

_Hiriko merkataritza eredua definitzea.

_Hirigintza ingurunea hiri merkataritza garatzeko beharretara egokitzea.

Deialdi honetarako baimendutako aurrekontua 214.200,00 eurokoa da.

Deialdi honek arau hauei jarraituko die:

_Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

_125/2003 Foru Dekretua, maiatzaren 19koa, merkataritzaren sektoreari laguntzeko neurriak arautzen dituena.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Eremu publikoetan Merkataritza Berpizteko Proiektuak garatzen laguntzeko programaren dirulaguntzak emateko 2006ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko arauak onestea. Arau horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko 214.200,00 euroko gastua onestea, 2006ko gastuen aurrekontuetako 850002 81410 7609 431400 "Toki entitateentzako transferentziak" kontusailaren kontura.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Ebazpen hauen kontra interesatuek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko dute, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2006ko ekainaren 7an._Industria eta Merkataritza zuzendari nagusia, Enrique Díaz Moreno.

EREMU PUBLIKOETAN MERKATARITZA BERPIZTEKO PROIEKTUAK GARATZEN LAGUNTZEKO PROGRAMAREN DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN ARAUAK

1. araua. Xedea.

Arau hauen xedea eremu publikoetan Merkataritza Berpizteko Proiektuak garatzen laguntzeko programaren dirulaguntzak arautzea da.

Programa horren bidez, sustapen politiketan toki administrazioen arteko lankidetza lortu eta hiri merkataritza hobetzea lortu nahi da:

_Merkataritzaren sektorea udal politikak ezartzeko funtsezko faktore gisa hartuz.

_Merkataritza garatzeko behar den hirigintza ingurunea erraztuz.

2. araua. Dirulaguntzaren zenbatekoa eta dirulaguntzaren xede diren gastuak:

_Burutu beharreko estrategia eta inbertsioak aztertu, diagnostikatu eta zehazteko ikerlanak. Kanpo kostuaren %60 arte.

_Hirigintza eta merkataritza azpiegituretako inbertsioak, hiri ekipamendua edo hornigarriak handitu edo berritzeko helburua dutenak, merkataritza eremuak hobetu eta egokitzearren. Udalaren hornidura azoketako jarduketak sartuko dira. Kostuaren %40 arte.

Diruz lagunduko da 0 kotako obren exekuzio materiala egitea: zolaketa, hiri hornigarriak, argiztapena, lorezaintza, etab. Honako lan hauek, berriz, ez dira diruz lagunduko: lur-mugimenduak, eraispenak eta 0 kotaren azpiko azpiegiturak.

2005eko abenduaren 1etik 2006ko azaroaren 30a arte egindako jarduerak lagunduko dira diruz.

3. araua. Onuradun izateko baldintzak.

Saltokien batasunak dituzten eta, merkataritza zentroak garatzeko ahalmenaren gaineko azterlanaren arabera, talde estrategia bat jarraitzen ahal duten udalak izaten ahalko dira deialdi honen xede den dirulaguntzaren onuradun, betiere merkataritzako eragin eremu hauek badituzte:

_Erreferentziako merkataritzaguneak, eskualdekoak: Iruña.

_Erreferentziako merkataritzaguneak, tarteko eremuaren lurraldea gainditzen dutenak: Tutera eta Lizarra.

_Erreferentziako merkataritzaguneak, tarteko eremuaren lurraldekoak: Altsasu, Tafalla eta Zangoza.

4. araua. Eskabiderak eta agiriak aurkeztea.

1. Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hasi eta abenduaren 31n bukatuko da.

2. Eskabideak aurkeztuko dira Toki Administrazioko Departamentuko erregistroan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako lekuetako batean.

Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutunazal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

3. Eskabideak, alkate-udalburuak sinatuta, ezarririko inprimakietan aurkeztuko dira. Inprimaki horiek Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Turismo Departamentuan edo Nafarroako Gobernuaren interneteko atarian hartzen ahal dira eta haiekin batera ondoko agiri hauek aurkeztuko dira:

_Fc7.06.13 inprimakia.

_Aurreikusitako proiektu bakoitzaren memoria; bertan, ondokoa adieraziko da: lortu nahi diren helburuak, garatuko diren ekintza zehatzak, aurrekontua kontzeptuz kontzeptu emana; merkataritzaren sektorea ordezkatzen duten beste entitate batzuen arteko lankidetza; aurreikusitako exekuzio epea eta zer fasetan dagoen.

5. araua. Dirulaguntza emateko irizpide objektiboak.

Hona hemen dirulaguntza emateko eskabideak baloratzeko irizpideak:

1. Aurreikusitako ekintza bakoitza irizpide hauen arabera baloratuko da:

_Herriguneetan merkataritza zentroak garatzeko ahalmena. %50 baloratuko da.

_Jarduketak egitea hautemandako merkaritza eremuetan. %30 baloratuko da.

_Jarduketak Nafarroako Barne Merkataritza Modernizatzeko 2005-2007 Planaren proposamenetara egokitzea. %10 baloratuko da.

_Jarduketen eta merkataritza eremuko merkatarien elkarteen arteko lankidetza eta koordinazioa. %10 baloratuko da.

2. Aurrekontuko diru kopurua aurreko puntuaren arabera eman behar diren dirulaguntzen zenbatekoa baino txikiagoa bada, udal bakoitzeko 90.000 euroko dirulaguntza ezarriko da gehienez.

6. araua. Ebazteko organo eskudunak eta epeak.

Merkataritza Zerbitzuak aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskabideak, eta organo eskundunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiari dagokio. Ebazpena hiru hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko du, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Organo eskudunak argibideak eta agiri osagarriak eskatuz gero, epea eten eginen da, errekerimenduaren jakinarazpenetik hasi eta dagokionak eskatutakoa betetzen duen arte, edo, bestela, ematen den epea bukatu bitarte.

Epe horretan ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesatuek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

7. araua. Eginbeharrak eta ez-betetzearen ondorioak.

1. Ondasun inbentariagarrien kasuan, dirulaguntza zein helburu konkretutarako eman zitzaion, hartantxe erabili beharko ditu ondasunok onuradunak, gutxienez zazpi urtean, ondasun horiek erregistro publiko batean inskribatu beharrekoak badira, eta bi urtez gutxienez, gainerako ondasunen kasuan.

2. Onuradunek dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

3. Dirulaguntza emateko ebazpenean, arau hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarririko betebeharrak osorik bete ezik, onarturiko dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege hartako 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharrak hein batean bete ezik, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehaztuko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuliko.

4. Deialdi hau Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen IV. tituluan ezarritako arau-hauste eta zehapenen araubidearen menpe dago.

8. araua. Hornitzaileak.

1. Dirulaguntzak jasotzen dituzten toki entitateek jardueraren %100 azpikontratatzen ahalko dute, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarri bezala.

2. Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 28. artikuluan xedaturikoarekin bat, hornitzaileak eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu beharko dira, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik goitikoa bada, obraren exekuzioaren kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik goitikoa, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunak edo zerbitzuak ematen dituztenean, salbu eta dirulaguntzaren xede diren ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko behar adina enpresa ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Kasu hauek guztiek behar bezala arrazoiturik egon beharko dute hurrengo arauan aipatzen den txostenean.

3. Edonola ere, kontratazio horiek ekainaren 16ko Nafarroako administrazio publikoen kontratuei buruzko 10/1998 Foru Legearen pean egonen dira.

9. araua. Frogagiriak.

1. Entitate onuradunek ekintzen frogagiriak aurkeztu beharko dituzte, 2006ko abenduaren 31 baino lehen.

2. Aurkeztu beharreko agiriak:

_Honakoa jaso beharko duen txosten tekniko xehea: egindako jardueren azalpena, aurreikusitako helburuen betetze maila, aurreko arauan hornitzaileei buruz ezarritako baldintzak betetzen direnaren froga.

_Fakturen eta ordainketa frogatzen duten kontabilitate agirien kopiak.

3. Dirua jaso dezaketen ekintzak justifikatzerakoan dokumenturen bat aurkeztu ezin bada, eskatzaileak gertaera horren arrazoiak eman beharko ditu eta epea luzatzeko eskatu, eta departamentua beharturik dago luzapen hori ematera.

10. araua. Dirulaguntzaren ordainketa.

Aurreko arauan aipatzen diren agiriak, proiektuko ekintzak frogatzen dituztenak, aztertu ondoren ordainduko da dirulaguntza.

Egiaztagiriak azterturik, Merkataritza Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

Dirulaguntzaren onuradunari, Nafarroako Foru Ogasunarekin zorrik baleuka, zor horiek kitatuz pagatu lekioke dirulaguntza, Dirulaguntzei buruzko 36. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

11. araua. Bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria izanen da beste edozein erakunde edo organismok egintza beretarako eman dezakeen beste edozeinekin. Ematen den dirulaguntzak ez du behin ere onuradunaren jardueraren kostua baino gehiago eginen, ez bakarrik ez eta beste dirulaguntza batzuk jasota ere, hala nola Administrazioaren beraren, beste administrazio publiko batzuen, beste entitate publiko eta pribatu batzuen edo Espainiako edo atzerriko partikularren dirulaguntzak.

12. araua. Errekurtsoak.

Arau hauen kontra interesatuek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko dute, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

13. araua. Dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Kontsumo Zerbitzuak Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren webgunean jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, ondokoak zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F0609966