73. ALDIZKARIA - 2006ko ekainaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

701/2006 EBAZPENA, maiatzaren 17koa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana, merkatari-elkarteak eta enpresen arteko lankidetza sustatzeko programako dirulaguntzak emateko 2006ko deialdia onesten duena.

Merkataritzaren garapen orekatua Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren ildo estrategikoetariko bat da.

Nafarroako Barne Merkataritza Modernizatzeko 2005-2007 Planak, "Kolektiboak sustatu eta kudeatzea" deritzon II. programaren xedeen artean du merkatari-elkarteak bultzatzea, ondoko helburu hauekin:

_Herriguneetan merkataritza zentroak kudeatzea, hirietan erakarpen guneak sortzeko.

_Merkataritzako enpresaren errentagarritasuna hobetzea, enpresen tamaina handitzeko bidea ematen duten erosketa-zentralak eta sektore-zerbitzuak sortuz.

Xede hori lortzeko jarduketa ildoen artean honakoak dira:

_Nafarroako udalerrietako herriguneetan merkataritza zentroak garatzeko ahalmenaren gaineko azterlana egitea, udal bakoitzaren potentziala aztertu eta arlo horretako laguntzak modu egokian bideratzeko.

_Dirulaguntzak ematea, udalerriaren eta merkataritzagunearen beharrei egokitutako Merkataritza Jarduketako Plan baten arabera, ekintzen estandarizazioa baztertuz eta jardueren plangintza eremu bakoitzaren ezaugarrietara egokituz.

_Saltoki txikiak eta independenteak sortu eta erosketa-zentralei atxikitzea.

Laguntza hauen bitartez, oro har, egindako azterlanaren arabera estrategia kolektiboak garatzen ahal dituzten udalerrietako merkatarien elkarteen jarduketak sustatu nahi dira, eta, zehazki, herriguneetan merkataritza zentroak, horrelakoak sortzeko ahalmena duten udalerrietan.

Halaber, udal azoken merkataritza-egitura birmoldatu eta modernizatzea, hiri eremuetako merkataritza arloko erakarpen-guneak baitira.

Bestalde, bakarka lan eginez aurrera ateratzen zail diren ekintzetan zenbait merkatari elkarlanean aritzetik heldu den potentzialtasun ekonomikoaren errentagarritasunaz baliatu nahi duten erosketa-zentralen proiektuak bultzatu nahi dira.

Dirulaguntzen deialdi honetarako baimendutako kredituek 613.000 euro egiten dute. Horietarik 505.000 transferentzia arruntetarako izanen dira eta 108.000 kapital transferentzietarako.

Deialdi honek arau hauei jarraituko die:

_Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

_125/2003 Foru Dekretua, maiatzaren 19koa, merkataritzaren sektoreari laguntzeko neurriak arautzen dituena.

_Batzordearen urtarrilaren 12ko 69/2001 EE Erregelamendua, "De minimis" laguntzei buruzko EE Tratatuaren 87. eta 88. artikuluen aplikazioari dagokionez.

_Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361 EK Gomendioa, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzkoa.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Merkatari-elkarteak eta enpresen arteko lankidetza sustatzeko programako dirulaguntzak emateko 2006ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko arauak onestea. Arau horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 2006rako gastu aurrekontuetan kreditu hauek onestea, ebazpen honen ondoriozko konpromisoak finantzatzeko (hartzen diren eskabideen arabera aldatzen ahalko dira):

_50.000 euro gehienez ere, "Merkataritzako egiturak berritzeko laguntza" izeneko 850002 81410 4709 431400 kontusailaren kargura.

_455.000 euro gehienez ere, "Merkataritzako egiturak berritzeko laguntza" izeneko 850002 81410 4819 431400 kontusailaren kargura.

_72.000 euro gehienez ere , "Enpresendako transferentziak, merkataritzako ekipamenduetarako" izeneko 850002 81410 7701 431400 kontusailaren kargura.

_36.000 euro gehienez ere , "Entitateendako transferentziak, merkataritzako ekipamenduetarako" izeneko 850002 81410 7819 431400 kontusailaren kargura.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Ebazpen honek ez dio administrazio bideari amaiera ematen. Espedientean interesa dutenek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete ebazpen honen kontra Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2006ko maiatzaren 17an._Industria eta Merkataritza zuzendari nagusia, Enrique Díaz Moreno.

ARAUAK

1. araua._Xedea.

Arau hauek merkatari-elkarteak eta enpresen arteko lankidetza sustatzeko programako dirulaguntzak emateko 2006ko deialdia arautzen dute.

Programa horrek laguntzak ematen dizkie merkatari elkarteei, ondoko helburu hauetarako:

_Oro har, egindako azterlanaren arabera estrategia kolektiboak garatzen ahal dituzten udalerrietako merkatarien elkarteen jarduketak sustatu nahi dira, eta, zehazki, herriguneetan merkataritza zentroak sustatzea, horrelakoak sortzeko ahalmena duten udalerrietan.

_Udal azoken merkataritza-egitura birmoldatu eta modernizatzea, hiri eremuetako merkataritza arloko erakarpen-guneak baitira.

_Bakarka lan eginez aurrera ateratzen zail diren ekintzetan zenbait merkatari elkarlanean aritzetik heldu den potentzialtasun ekonomikoaren errentagarritasunaz baliatu nahi duten erosketa-zentralen proiektuak bultzatu nahi dira.

2. araua._Laguntzek hartzen duten esparrua.

Programa hauek izanen dira dirulaguntzaren xede:

A) Merkataritzako jarduketarako programak: zenbait jarduera eremutan edo sektoretan merkataritza modernizatu, berregituratu eta suspertzen duten prozesuak dinamizatzeko helburua dutenak. Programa horiek mota hauetakoak izan daitezke, aplikazio eremuaren arabera:

A.1) Eremuko programak: programa horiek, estrategia kolektiboak hartzeko eremu bakoitzak duen ahalmenaren arabera, honela sailkatzen dira:

_Erreferentziako merkataritzaguneak, eskualdekoak.

_Erreferentziako merkataritzaguneak, tarteko eremuaren lurraldea gainditzen dutenak.

_Erreferentziako merkataritzaguneak, tarteko eremuaren lurraldekoak.

_Udal merkataritzaguneak, behar adinako ahalmena dutenak.

Nafarroako udalerrietako herriguneetan merkataritza zentroak garatzeko ahalmenaren gaineko azterlanari eta Iruñeko auzoen araberako Merkataritza Jarduketako Planak definitzeko azterlanari jarraikiz, aurreko baldintzak betetzen dituzten udalerriak nahiz haietako hirialdeak arau hauetako eranskinean daudenak dira.

Nolanahi ere, aldi batez, haien ahalmena aztertu arte, dirulaguntza emanen zaie aurreko atalean aurreikusi ez diren udalerriei buruzko programei, baldin eta 2005ean Merkataritzako Jarduketarako Programa garatzeko laguntzak jaso bazituzten eta aipatutako azterlanean haien ahalmena aztertu ez bada.

A.2) Udal azoketan egindako programak.

A.3) Gremioen araberako programak: merkataritzako jardueraren sektore bat Foru Komunitateko lurralde osoan.

A.4) Programa sektorialak: Foru Komunitate osoko saltoki guztietarako.

B) Merkataritzaren lankidetza eta integrazio estrategikoa sortu eta garatzeko programa: Nafarroako Foru Komunitatean enpresa egiturak sortu eta garatu, merkataritzaren egungo egiturak sendotzeko. Honako proiektu hauei lagunduko zaie bereziki:

B.1) Txikizkako salmentarako udal merkatuak merkatariek berek kudeatzea.

B.2) Nafarroako merkataritzako enpresendako interesgarritzat jotzen diren sektoreetako salgaien erosketa-zentralak.

B.3) Herriguneetako merkataritza zentroak: Nafarroako udalerrietako herriguneetan merkataritza zentroak garatzeko ahalmenaren gaineko azterlanaren arabera behar adinako ahalmena duten udalerrietan edo haietako aldeetan. Baldintza hori betetzen duten udalerriak edo haietako aldeak arau hauetako eranskinean daude.

3. araua._Laguntza jaso dezaketen jarduerak.

Deialdi honetako dirulaguntza jasotzen ahal duten jarduerak eta inbertsio proiektuak 2005eko azaroaren 1etik 2006ko urriaren 31ra bitarte eginak izanen dira, eta horrelakoak izanen dira:

A) Merkataritzako jarduketarako programak.

A.1) Merkatuei buruzko azterlan teknikoak eta ikerketak: merkataritza sektoreari edo merkaturatze prozesuei buruzko azterlanak eta ikerlanak egitea, ondoren azaltzen diren arloetakoak:

_Nafarroako udalerrietako herriguneetan merkataritza zentroak garatzeko ahalmenaren gaineko azterlanean udalerri bakoitzarentzat ezartzen diren jarduketa ildo oinarrizkoak garatzea.

_Eremu geografiko edo sektorial jakin batzuetako merkaturatzeko egiturak eta prozesuak aztertzea.

_Nafarroako merkataritzaren modernizazioa eragin dezakeen beste edozein arlotako ezagupenak lortzea.

Azterlanak entitate eskatzailetik kanpoko enpresa edo erakundeek egin beharko dituzte.

A.2) Teknika eta merkataritza arloko aholkularitza: teknika eta merkataritza arloetako kanpoko aholkularitza, merkataritzako jarduketarako programaren barrenean sartutako jardueretarako.

A.3) Merkataritza sustapena: programa hauek garatzeko beharrezkoak diren publizitatea, publizitateko materiala, zuzeneko marketina, merkataritza bizkortzea eta abar. Merkataritza bizkortzeko ekintzak, MJPak ukitutako kaleetan eta merkataritza ordutegian egin beharko dira. Halaber, publizitatea xede duten zozketak egiteko zozketa, tonbola eta ausazko konbinazioen erregelamendua onesten duen martxoaren 21eko 94/1991 Foru Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.

A.4) Kudeatzailetza: MJPa ezartzeko gerente baten kontratazioari diruz laguntzen ahal zaio baldin eta programarekin batera sustapen eta/edo prestakuntza ekintzak ere egiten badira. Gerenteak, gutxienez, Merkataritzako teknikari titulua edo baliokideren bat izanen du eta hautatua izateko Merkataritza Zerbitzuaren onarpena beharko du. Laguntzetarako urteko deialdietan gehienez ere 3 urteko denboraldietarako emanen dira dirulaguntzak.

Elkartearen funtzionamenduko gastu arruntei ez zaie inola ere laguntzarik emanen.

B) Merkataritzaren lankidetza eta integrazio estrategikoa sortu eta garatzeko programa.

B.1) Bideragarritasunaren azterlanak: enpresarteko egiturak ezarri edo garatzeko azterlanak egiteko aholkularitza enpresa baten kanpoko gastuak. Hasierako azterlanak izanez gero, ondokoak bilduko dituzte gutxienez:

_Azterlanaren xedeak.

_Garatu beharreko proiektuaren analisia: sistemaren ezarpenaren deskribapena, abantailak eta arazoak.

_Jarduketa proposamenak ondoko hauei buruz: merkataritzaren orientazioak, proiektuaren ezaugarriak, administrazioaren eta kudeaketaren ezaugarriak, behar diren langileak, bideragarritasun ekonomikoa eta abar.

_Proiektuaren faseak gauzatzeko epeak eta kuantifikazio ekonomikoa.

_Azterlanaren ondorioak.

B.2) Aktibo finkoetako inbertsioak: enpresarteko egitura sendotzeko inbertsioak. Ondoko hauek dira dirulaguntza izan dezaketen gastuak:

_Lokal, lur eta eraikinetako inbertsioak: horri begira, laguntza jaso dezakeen inbertsioari dagokionez, gainerako inbertsioak hiruz biderkatuta ateratzen dena konputatuko da gehienez.

_Inbertsioak aktibo finko material eta inmaterial berrietan, hala nola: makineria, altzariak, instalazio teknikoak, garraio elementuak, lokalak egokitzeko obra zibila, enpresarteko egituraren jarduera garatzeko beharrezkoak.

B.3) Kudeatzailetza: parte hartzen duten enpresetatik kanpoko gerente bat kontratatzea. Laguntzetarako urteko deialdietan gehienez ere 3 urteko denboraldietarako emanen dira dirulaguntzak.

Inbertsioetarako eta/edo gerentea kontratatzeko laguntzak eskatuz gero, enpresarteko egitura sortu eta garatzeko behar diren inbertsioak eta/edo langileak zehazten dituzten azterlanak aurkeztu beharko dira.

4. araua._Zenbatekoa.

A) Merkataritzako jarduketarako programak: kanpoko kostuen %50 arteko dirulaguntza jasotzen ahal dute, ondoren azaltzen diren kopuruak gehienez, kontzeptuen arabera. Portzentaje hori %60koa izanen da merkatarien elkarteen batasunek egindako merkataritza jarduketarako programen kasuan.

A.1) Merkatuari buruzko azterlan teknikoak eta ikerketak:

_Merkatari elkarteek: 3.750 euro.

_Merkatari elkarteen batasunak: 15.000 euro.

A.2) Teknika eta merkataritza arloko aholkularitza:

_Merkatari elkarteek: 2.400 euro.

_Merkatari-elkarteen batasunak: 8.400 euro.

A.3) Merkataritza sustapena: eskualdearen edo sektorearen ahalmenaren arabera, ondoko gehieneko mugak jarriko dira:

_Eskualdeko erreferentzia-guneak: 75.000 euro.

_Tarteko eremuaren lurraldea gainditzen duten erreferentzia- guneak: 50.000 euro.

_Tarteko eremuaren lurraldeko erreferentzia-guneak. 35.000 euro.

_Udal merkataritzaguneak, behar adinako ahalmena dutenak, hala nola oraindik aztertu ez direnak: 15.000 euro.

_Udal azoka: 30.000 euro.

_Gremioetakoa, 100 elkartekide baino gutxiagokoa: 15.000 euro.

_Gremioetakoa, 100 elkartekide baino gehiagokoa: 30.000 euro.

_Sektoriala: 50.000 euro.

A.4) Kudeatzailetza: aplikatu beharreko muga ondoren azaltzen diren bi zenbateko hauetako txikiena izanen da:

_Merkataritzaren sustapenari eta prestakuntzari dagokien laguntzaren diru zenbatekoa.

_11.400 euro.

B) Merkataritzaren lankidetza eta integrazio estrategikoa sortu eta garatzeko programa.

B.1) Bideragarritasunaren azterlanak: kostuaren %50 arte, gehienez ere 7.500 euro.

B.2) Inbertsioak: laguntza jaso dezaketen gastuen %25 arte, 36.000 euro gehienez ere.

B.3) Kudeatzailetza: soldata eta Gizarte Segurantzaren %50 arte, 14.400 euro gehienez ere.

5. araua._Onuradun izateko baldintzak.

Deialdiko dirulaguntzak jaso ahal izateko, entitateek, diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzez gain, ondokoak bete beharko dituzte:

A) Merkataritzako jarduketarako programak.

1. Merkatarien elkarteak eta elkarte mistoak, xedea merkataritzako banaketari lotua dutena eta ondoko baldintzak betetzen dituztenak:

_Erakunde Profesionalen Erregistroan inskribaturik egotea.

_Denda elkartekideen kopurua 25 baino gutxiago ez izatea. Merkatarien elkarteek garatzen dituzten programen jarduteko esparrua udal merkatua bada, gutxienez ere 5 izanen dira denda elkartuak.

_Programa garatzen den esparru edo gremioko denden %40 izatea gutxienez.

_Programa horiek merkatarien elkarteek sustatuko dituzte, betiere haien jarduketa eremua bat datorrenean programa bakoitza garatuko den esparru edo sektorearekin. Programa bakar bat onartuko da eskualde edo sektoreko.

2. Nafarroan legez eratu eta helbideratutako merkatari elkarteen batasunak, jarduteko eremua Foru Komunitateko lurralde osoa baldin badute.

B) Merkataritzaren lankidetza eta integrazio estrategikoa sortu eta garatzeko programa.

Merkatarien eta ezaugarri eta helburu berdintsuko entitateen elkarteak, ordezkaritza nahikoa dutenak, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden 10 enpresa txikiz, gutxienez, osatuak (gehienbat merkataritzakoak), elkarrengandik independenteak, oinarrizko helburua merkataritzaren integrazio estrategikoa sustatu edo garatzea dutenak.

Udal merkatuen kudeaketan parte hartzen duten elkarte eta entitateen kasuan, ordezkaritza horrek kontzesiodunen %60era, bederen, iritsi beharko du.

6. araua._Baldintzak frogatzeko modua eta noiz arte bete behar diren.

1. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan onuradun izateko adierazita dauden debekuetatik bat ere ez duela justifikatzeko, eskatzaileak erantzukizunpeko aitorpena egin dezake, deusetan galarazi gabe Administrazioak aurkezten diren aitorpenak edo justifikazioak egiazkoak ote diren ikertzeko duen ahalmena.

2. Aurreko arauan aipatzen diren berariazko betebeharrak agiri hauek aurkeztuz frogatu beharko dira:

a) Laguntzak lehenbiziko aldiz eskatzen dituen entitateak.

_Eskatzailearen nortasuna frogatzen duten agiriak. Horretarako honelako agiriak aurkeztuko dira: eraketaren eskrituraren, estatutuen eta erregistroko inskripzioaren kopia.

_Bazkideen zerrenda, eskabideko formularioaren ereduaren araberakoa.

b) Gainerakoek, erantzukizunpeko adierazpena, azken eskaeraren ondoren izandako altei eta bajei buruzkoa, hala nola egun dituen denda elkartuen kopuruari buruzkoa.

Merkataritza Zerbitzuaren dirulaguntza hauek lehenbiziko aldiz eskatu eta entitateari buruzko agiriak Foru Komunitateko edozein organotan daudela adierazten duten eskatzaileek ez dituzte agiri horiek aurkeztu beharko; kasu horretan, agiriak noiz eta non aurkeztu zituzten azaldu eta adierazpen bat izenpetuko dute, agiri horietan ez dela aldaketarik izan erantzukizunez azaltzeko.

Aurretik Merkataritza Zerbitzuaren dirulaguntza hauek eskatu dituztenek aski izanen dute adierazpen bat aurkeztea, agiri horietan ez dela aldaketarik izan erantzukizunez azaltzeko.

3. Baldintza horiek 2006. urte osoan bete beharko dira.

7. araua._Eskabideen aurkezpena.

1. Laguntzetarako eskabidea Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren bulegoren batean aurkeztu beharko da (bulegoen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren antolamendua eta funtzionamendua arautzen duen ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuaren II. eranskinean ageri da), deusetan galarazi gabe Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian adierazitako gainerako moduak erabiltzeko eskubidea.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutunazal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira (posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuaren 31. artikulua).

2. Laguntzetarako eskabideak hilabeteko epean aurkeztuko dira, foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Eskabideak ezarririko inprimakietan aurkeztuko dira. Inprimaki horiek Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuan edo Nafarroako Gobernuaren interneteko atarian hartzen ahal dira eta haiekin batera ondoko agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Fc7.06.06 inprimakia.

b) Aurreko arauan ezarritako betebeharrak frogatzen dituzten agiriak.

c) Elkartearen legezko ordezkarien datu pertsonalak eta, behar izanez gero, horien ahalordetzea.

d) Aurreko urteko aurrekontuaren likidazioa eta aurtengo aurrekontua, bazkideei ezarritako kuotak aipaturik. Hori guztia elkarteko buruak eta idazkariak sinatua.

e) 2005eko azaroaren 1etik laguntzen deialdi hau argitaratu bitarte garatuko ekintzetarako:

_Egindako jardueren txosten zehaztua eta, horren barnean, helburuak zenbateraino bete diren adieraziko duen balorazioa.

_Egindako ekintzen frogagiriak: frogagiri gisa fakturak eta ordainketak egin izanaren agiriak aurkeztu beharko dira, hala nola ordainagiriak, letrak eta bankuko karguak.

f) Laguntzen deialdi hau argitaratu ondoren aurreikusitako ekintzetarako:

_Merkataritzako jarduketarako programak: ekitaldirako MJPren plana. Bertan sartuko dira 2006ko urriaren 31ra arte egitekoak diren ekintzak, horien egutegia, kostua eta aurreikusita dagoen finantzazioa.

_Merkataritzaren lankidetza eta integrazio estrategikoa sortu eta garatzeko programan: egin beharreko proiektuaren deskribapena eta zerrenda baloratua eta, horrekin batera, aurrekontua edo proformako fakturak.

_Dirulaguntza azterlanak egiteko eskatuz gero, haien xedeak, erabiliko diren informazio iturriak, metodologia eta burutzeko aurreikusten diren epeak zehaztuko dira.

g) Gerentziarako laguntza: gerentearen identifikazio datuak, curriculum vitae-a eta kontratazioaren frogagiria edo, hala bada, izan behar duen profila eta kontratazioa zein fasetan dagoen, hala nola dirulaguntzaren xede den aldian aurreikusten den kostua.

h) Eskatu eta harturiko beste laguntzen zinpeko adierazpena eta ezarririko ereduen arabera enpresa txiki edo ertain bat osatzen dela dioen zinpeko adierazpena.

i) Laguntzen eskabidea lehenbizikoz aurkeztuz gero, transferentzia bidez kobratzeko eskaeraren inprimakia, behar bezala betea.

8. araua._Laguntza emateko irizpide objektiboak.

Dirulaguntzak ondoko irizpide hauei jarraikiz emanen dira:

1. Laguntza har dezaketen jarduerei dagokien dirulaguntzaren zenbatekoa 4. arauan ezarritako gehieneko portzentajearen eta mugen arabera kalkulatuko da.

2. Aurrekontuko diru kopurua aurreko puntuaren arabera eman beharreko dirulaguntza guztien zenbatekoa baino txikiagoa bada, entitate bakoitzak aurreko ekitaldian diruz lagundutako jarduerak zenbateraino bete zituen aztertuko da eta horren portzentajea aplikatuko zaio aurreko zenbatekoari.

3. Aurrekontuko diru kopurua aurreko puntuaren arabera eman behar diren dirulaguntzen zenbatekoa baino txikiagoa bada, hainbanaketa orokorra eginen da.

4. 2006ko ekitaldian aurrekontuko diru kopurua igotzen bada, laguntza osagarri bat emanen da, 4. arauan ezarritako portzentaje eta kopurukoa, gehienez ere.

9. araua._Prozedura irekitzea.

Merkataritza Zerbitzuak espedientea aztertu eta ebaluatuko du eta txosten bat emanen dio ebazpen organoari. Bertan azalduko du onuradunak dirulaguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituela; laguntzak emateko proposamena ere sartuko du txostenean.

Aurkeztutako eskabidea eta agiriak aztertu ondoren, osatu gabe daudela ikusten bada edo beharrezkotzat jotzen bada datu edo agiri osagarriak eskuratzea, epe bat emanen zaio eskatzaileari horiek aurkezteko, eta hori egiten ez badu, eskabidea bertan behera uzten duela ulertu eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da. Hori jakinaraziko zaio.

10. araua._Dirulaguntza emateko ebazpena.

Merkataritza zerbitzuaren proposamena ikusirik, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak laguntzak banatzeko ebazpena emanen du.

Ebazpena, gehienez ere, hiru hilabeteko epean jakinaraziko da, eskabidea Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren erregistroan sartu zen egunetik hasita. Organo eskudunak argibideak eta agiri osagarriak eskatuz gero, epea eten eginen da, errekerimenduaren jakinarazpenetik hasi eta dagokionak eskatutakoa betetzen duen arte, edo, bestela, ematen den epea bukatu bitarte.

Epe horretan ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, Administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

11. araua._Eginbeharrak eta ez-betetzearen ondorioak.

1. Onuradunek dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituztela egiaztatzeko, eskabidean berean baimena eman beharko zaio Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuari behar diren datuak kontsulta ditzan, laguntza emateko ebazpenaren proposamena egiten den unean onuraduna zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela egiaztatzeko.

2. Arau hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak urratuz gero, elkarteak onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu eta, beharrezkoa bada, dirua itzuli beharko du.

3. Deialdi hau, gainera, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen IV. tituluan ezarritako arau-hauste eta zehapenen araubidearen menpe dago.

12. araua._Frogagiriak.

1. Entitate onuradunek ekintzen frogagiriak aurkeztu beharko dituzte, ondoko epe hauetan:

_Deialdi honen argitalpen egunera arte egindako jarduerak: eskabidearekin batera.

_Deialdi honen argitalpen egunetik uztailaren 31ra bitarte egindako jarduerak: abuztuaren 31 arte.

_Laguntzen gainerako denbora aldian egindako jarduerak: azaroaren 15a arte.

2. Dirua jasotzeko eskabideak Fc7.06.07 formularioan aurkeztuko dira ondoko agiri hauekin:

_Egindako jardueren txosten zehaztua eta, horren barnean, helburuak zenbateraino bete diren adieraziko duen balorazioa.

_Egindako ekintzen frogagiriak: frogagiri gisa fakturak edo lansarien nominak, Gizarte Segurantzako kotizazio agiriak eta ordainketak egin izanaren agiriak, adibidez ordainagiriak, letrak eta bankuko karguak.

_Dirulaguntza jaso dezaketen kontzeptuei dagozkien zerbitzuak ez dituenean elkarte eskatzaileak berak zuzenean kontratatzen, baizik eta agentzia antolatzaile baten bitartez, horrek kontzeptu horiengatik jasotako fakturak eta ordainketaren frogagiriak.

_Azterlanak egiteko laguntzen kasuan, haien kopia aurkeztuko da.

3. Dirua jaso dezaketen ekintzak justifikatzerakoan dokumenturen bat aurkeztu ezin bada, eskatzaileak gertaera horren arrazoiak eman beharko ditu eta epea luzatzeko eskatu, eta departamentua beharturik dago luzapen hori ematera.

13. araua._Dirulaguntzaren ordainketa.

1. Dirulaguntzak epe hauetan pagatuko dira:

_Deialdia argitaratu arte egindako jarduerei dagokienez, laguntza ematea eta ordainketa batera eginen dira.

_Deialdia argitaratu ondoren egindako jarduerei dagokienez, aurreko arauak aipatzen dituen agiriak, proiektuko ekintzak egin direla frogatzen dutenak, aztertu ondoren ordainduko da.

2. Merkataritza Zerbitzuak beharrezkoak diren ikuskapenak egiten ahalko ditu, diruz lagundutako ekintzak burutu diren egiaztatzeko, bai eta eman den dirua zehazturiko xedeetarako erabili den egiaztatzeko ere.

3. Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak ebazpena emanen du benetan burututako jarduerak ordaintzeko.

14. araua._Dirulaguntzen berrikuspena.

Dirulaguntzaren xede den edozein ekintza eskaeran sartua dela, harendako aurrekontuak behera egiten badu, aldaketak jakinarazi beharko dizkio eskatzaileak Nafarroako Gobernuko Merkataritza Atalari, haien berri duen unetik beretik abuztuaren 31 arte.

Hori gertatuz gero, hasiera batean emaniko dirulaguntzak gutxitzen ahalko dira.

Aipatutako egunetan jakinarazten ez bada, antolatu gabeko jarduerak egin gabeko jarduerak balira bezala jokatuko da hurrengo deialdien ondorioetarako.

15. araua._Bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira beste edozein erakunde edo organismok egintza beretarako eman dezakeen beste edozeinekin. Ematen den dirulaguntzak ez du behin ere onuradunaren jardueraren kostua baino gehiago eginen, ez bakarrik ez eta beste dirulaguntza batzuk jasota ere, hala nola Administrazioaren beraren, beste administrazio publiko batzuen, beste entitate publiko eta pribatu batzuen edo Espainiako edo atzerriko partikularren dirulaguntzak.

Zehazki, merkataritza-sustapenari dagokion dirulaguntzaren gehieneko muga kalkulatzeko, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak kontzeptu horretarako ezar litzakeen bestelako dirulaguntzak hartuko dira kontuan.

16. araua._Europar Batasuneko arauak, aplikatu beharrekoak.

Laguntza hauek "minimis" dira, Europar Batzordearen 69/2001 Erregelamenduan ezarritakoari jarraituz; beraz, aurreko hiru urteetan "de minimis" gisa enpresak hartutakoari gehituta, ez du 100.000 eurotik gora eginen.

Ondorio horrekin, enpresak behartuta daude araubide honi jarraituz aurreko hiru urteetan eskatu edo hartutako laguntzak adieraztera, eskaera aurkezten dutenean.

17. araua._Errekurtsoak.

Arau hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

18. araua._Dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Kontsumo Zerbitzuak Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren webgunean jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, ondokoak zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

ESTRATEGIA KOLEKTIBOA DUTEN SALTOKIEN BATASUNAK

_Erreferentziako merkataritzaguneak, eskualdekoak _hiriko merkataritza gunea ezartzeko aukera_:

.Iruña-erdialdea.

_Erreferentziako merkataritzaguneak, tarteko eremuaren lurraldea gainditzen dutenak _hiriko merkataritza gunea ezartzeko aukera_:

.Tutera.

.Lizarra.

_Erreferentziako merkataritzaguneak, tarteko eremuaren lurraldekoak:

.Altsasu.

.Tafalla.

.Zangoza.

_Udal merkataritzaguneak, behar adinako ahalmena dutenak:

.Barañain.

.Burlata.

.Iruña-auzoak: Iturrama, Donibane, Arrotxapea, Mendillorri.

.Elizondo.

.Doneztebe.

.Bera.

Iragarkiaren kodea: F0608956