73. ALDIZKARIA - 2006ko ekainaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.3. Nahitaezko Desjabetzapenak

429/2006 EBAZPENA, maiatzaren 10ekoa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, "hondakin uren kolektorea Barillas-Tulebras" izeneko proiektua behin betikoz onesten duena.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak, urtarrilaren 11ko 5/2006 Ebazpenaren bidez, aipatutako proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jarri zituen hamabost egunez.

Hona hemen epe horretan jasotako alegazioak eta haiei ematen zaizkien erantzunak:

1. Javier Sanz Villar jaunak, Instituto Técnico y de Gestión Agrícola S.A. ordezkatuz, honakoa alegatu du:

Finka esperimental batean olibondoak hazteko lankidetza hitzarmena sinatu duela Esteban Royo Planillo jaunarekin, TL-06 eta TL-07 izena duten Tulebrasko lurzatien jabearekin. Aipatu lurzatietan epe luzerako saiakuntza egiten ari dela, garrantzi handikoa eta Ebro ibarrean olibondoaren laborarien artean erreferentziazkoa. Saiakuntza hori Espainian ezaugarri horiekin egiten den bigarrena da. Lurzati horretan aurreikusitako eraginek saiakuntzaren 3 aldaera behin betiko galtzea ekarriko dute, eta, beraz, lana erabat galtzea. Gainera, 10 urteko atzerapena izanen litzateke saiakuntza berriz hasi beharko balitz. Era berean, saiakuntzan egindako kalteak ekarritako kostua zehazten du. Hodia finkaren mugara hurbiltzeko edo bidearen beste aldean den finka landu gabera zuzentzeko eskatu du.

Azkenik, ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, TL-06 eta TL-07 lurzatiei dagokienez, baliorik gabe uzteko eskatu dute, eta saneamenduko hodietarako bide berria ezartzeko.

Alegazioari erantzunez, trazatua malda txiki batean dagoela eta olibondoen lehendabiziko ilara bidetik 5,00 metrora dagoela adierazi da, eta horrek trazatua aldatzeko zailtasun teknikoak ekartzen dituela. Gainera, 5 metro horietan zuntz optikoa lurperaturik dago, eta hori zehazki non dagoen aurkitzeko katak egin beharko dira.

Horrenbestez, kolektorearen trazatuaren tanteoa egin da berriz, obrak olibondoen saiakuntzan izanen dituen eraginak txikienak izan daitezen. Trazatu horrek indusketaren eskoratze metalikoa egitea eta materiala atera eta trazatik kanpo eramatea ekarriko du. Edonola ere, trazatu berria zuntz optikotik 2,00 metrora egon beharko da. Beraz, zuntz optikoaren kokalekuak baldintzatuko du azkenean kolektorea non jarri.

Eraginen balorazioari dagokionez, jakinarazten da bi alderdien arteko adostasunik lortu ezean, Nafarroako Desjabetzetarako Mahaiak haren gaineko ebazpena emanen duela.

2. Isidro Soria Baigorri jaunak, BR-13 finkaren jabeak (Barillasko 2. poligonoko 495 lurzatia), honakoa alegatu du:

Bere finkan egin beharreko obretarako baimenik ez duela eman, lurra lantzeko, landatzeko eta finka ixteko lanak oztopatzen baitituzte. Adierazi du, gainera, hodiaren eta errepidearen arteko tartea 16 metrotik gorakoa bada, nekazaritzako nabea eraikitzeko eremua galduko duela, eta, beraz, merkatuarekin bat datorren prezioan tasatu beharko dela.

Alegazio-egileari adierazten zaio kolektorea errepidetik gutxi gorabehera 16 metrora dagoela, eta Nafarroako errepideak babesteari buruzko Foru Legeak galtzadaren kanpoko ertzetik 18 metroko muga ezartzen duela eraiki ahal izateko, Tulebras-Barillas NA-3040 errepidearen kasuan.

3. Fermín Ayensa Echauzek, TL-29 finkaren jabeak (Tulebrasko 1. poligonoko 23. lurzatia), honakoa alegatu du:

Aurreko planeko trazatuan bazegoela Queiles ibairaino iristen den hodi bat eta ez dagoela trazatu hori aldatzearekin ados. Gaur egun dagoen ponpatzeko etxola berritzen ahalko litzatekeela, berria eraiki behar izan gabe, eta hondakin urak aipatu hodiraino ponpatu. Gainera, adierazi du ez dagoela ados egindako balorazioekin, ezta kaltetutako eremuko zerga eta kontribuzio gastuak Moncayoko Ur Mankomunitateak ordaindu behar izatearekin ere. Azkenik, kolektorearen zanga berean urak husteko hodi bat jartzea negoziatzeko eskatu du, inguruko lurzatietatik ponpatzeko gunerainokoa.

Alegazioari erantzunez, adierazi da berririk ez dela orain proposatutako trazatuaren aurretik omen zegoen beste horri buruz (alegazio-egileak halakorik badagoela esaten du). Gainera, alegazio-egileak Tulebrasko aisiarako etxolak aipatu ditu, eta etxola horiek ez dira proiektu honen xede.

Eraginen balorazioari dagokionez, jakinarazten da bi alderdien arteko adostasunik lortu ezean, Nafarroako Desjabetzetarako Mahaiak haren gaineko ebazpena emanen duela.

Bestalde, lurzati horien saneamendurako kolektorearen zanga berean urak husteko hodi bat jartzeko aukerari dagokionez, adierazi da lurzati horien zorua landa-lurra dela eta gaur egun ez duela zerbitzurik. Zerbitzu horiek lortzeko, lehenik eta behin, Tulebrasko Udalak lursail horien erabilera berriz kalifikatu beharko luke.

4. Francisco Serrano Soria jaunak, BR-12 finkaren jabeak (Barillasko 2. poligonoko 494 lurzatia), honakoa alegatu du:

Ez dagoela ados bere finkan eskainitako kalte-ordainarekin, bertan mahasti parraduna baita.

Aurretik aipatu bezala, kalte-ordainei dagokienez bi alderdien arteko adostasunik lortu ezean, Nafarroako Desjabetzetarako Epaimahaiak haren gaineko ebazpena emanen du.

5. José Julio Soria Baigorri jaunak, BR-20 finkaren jabeak (Barillasko 2. poligonoko 505 lurzatia), honakoa alegatu du:

Ez dagoela ados eskainitako kalte-ordainarekin, bere finkan zuhaitzak ukitzen baitira.

Jabeari jakinarazi zaio, kalte-ordainei dagokienez bi alderdien arteko adostasunik lortu ezean, Nafarroako Desjabetzetarako haren gaineko ebazpena emanen duela.

6. José Julio Soria Baigorri jaunak eta Isidro Soria Baigorri jaunak, BR-20 finkaren jabeak (Barillasko 2. poligonoko 397 lurzatia), honakoa alegatu dute:

Ukitutako finkan mahasti parraduna dagoela, kolektorea horren erditik pasako dela, nekazaritzan izanen duen etorkizuna aldatuz, eta hiru erregistro putzu jarriko direla. Trazatua finkaren albo batetik pasatzea eskatu dute, eta eskainitako kalte-ordainarekin ados ez daudela adierazi.

Alegazio-egileari jakinarazi zaio mahastia errepidearen mugan dagoela, eta errepideak tarte horretan bihurgunea egiten duela. Parralaren ilarak ez dira errepidearekiko paralelo, lerro zuzenean baitaude. Beraz, kolektorearen trazatua lerro zuzenean proiektatu da, horixe baita irtenbiderik onena ikuspuntu teknikotik. Era berean, jakinarazi da hiru erregistroko putzu proiektatu direla, bi lurzatiko mugetan eta bestea barruan, eta 80 metro inguruko distantzian jarri direla, ohiko distantzia 50,00 eta 70,00 metro artekoa izaten bada ere.

Eraginen balorazioari dagokionez, jakinarazten da bi alderdien arteko adostasunik lortu ezean, Nafarroako Desjabetzetarako Mahaiak haren gaineko ebazpena emanen duela.

7. Jacinto Morales Ledesma jaunak, TL-33 eta TL-34 finken jabeak (Tulebrasko 1. poligonoko 26 eta 397 lurzatiak), honakoa alegatu du:

Obraren arduradunekin bilera egitea eskatu du, kutxetaren kokalekua aldatzeko eta hodia aldameneko bidetik ahalik eta hurbilen jartzeko.

Alegazio-egileari jakinarazi zaio proiektatutako bulka-hodia bidearen beheko ezpondatik gutxi gorabehera 2,00 metrora ibiltzen dela, horixe baita makinek lan egiteko beharrezkoa duten distantzia. Horregatik, ezinezkoa da hodia biderantz gehiago hurbiltzea. Bestalde, PF-35 bentosa malda aldatzen den lekuan dago, eta beraz ezin da bentosaren kokapena aldatu. Edonola ere, bidearen mugara ahalik eta gehien hurbilduko da.

Horrenbestez, Nahitaezko Desjabetzari buruzko Legeko 52. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 41/2005 Foru Dekretuak esleitu dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Hondakin uren kolektorea Barillas-Tulebras" izeneko proiektua behin betikoz onestea, eta aurkeztutako alegazioak ebazpen honetako azalpen zatian ezarritakoaren arabera ebaztea.

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Foru Komunitateko egunkari batean eta Barillas eta Tulebrasko udaletxeetako iragarki oholean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Barillas eta Tulebrasko udalei, Moncayoko Ur Mankomunitateari eta alegazio-egileei jakinaraztea. Horrekin batera adierazten zaie administrazio publikoek ez beste interesatu guztiek gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hau jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe horren aurretik Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egitea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2006ko maiatzaren 10ean._Toki Administrazioko zuzendari nagusia, Angel Serrano Azcona.

Iragarkiaren kodea: F0608168