66. ALDIZKARIA - 2006ko ekainaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, 2006ko maiatzaren 29koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Nafarroako Ubidetik Herriak eta Industriak hornitzeko Partzuergoaren Estatutuen Proiektua jendaurrean jartzen duena.

Ebroko Ur Konfederazioko lehendakariak 2004ko apirilaren 14an emandako Ebazpenaren bidez, Nafarroako Gobernuari esleitu zitzaion Irati ibaiko ur publikoaren aprobetxamendua, Itoizko urtegian (Longida), kontsumorik handieneko hilean 2.660 litro segunduko emariarekin, batez beste. Ur hori Nafarroako 87 udalerrietako herriak eta industriak hornitzeko izanen da.

Aipatu ebazpenean honakoak xedatzen dira, besteak beste: aprobetxamenduaren ustiapena abian jartzeko baimena modu progresiboan egiten ahal da, eta esleipen-hartzaileak abisatu behar du hornidura desberdinen zerbitzua hasteko prest dagoenean; horniduraren kontzesioaren xedeko herrietako udalbatzak horren titulartasuna eskuratzeko udal mankomunitate, partzuergo edo antzeko erakunde gisa eratu beharko dira, Uren Legearen Testu Bateginaren 89. artikuluan agindutakoaren arabera; eta mankomunitatea, partzuergoa edo antzeko entitatea eratzen denean, Ur Jabari Publikoaren Erregelamenduaren 146. artikuluari jarraikiz, kontzesioaren transferentzia eskatu beharko du. Oraingoz, kontzesio hori Nafarroako Gobernuaren izenean dago inskribatuta.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 95.1 artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Gobernuak partzuergoak sortzea edo Foru Komunitateko administrazioa beste administrazio publiko batzuekin partzuergoetan sartzea erabaki dezake, betiere interes publikoko xedeak erdiesteko interes komunak baldin badira.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko urtailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 212.1 artikuluak xedatzen duenez, Nafarroako toki entitateak izaera desberdineko administrazio publikoekin elkartzen ahal dira partzuergoak eratuz interes komuneko helburuak betetzeko. Foru lege haren 213.3 artikuluak, berriz, zehazten du ezen partzuergoaren estatutuak onetsiko direla baina hamabost eguneko epean jendaurrean jarri ondoren, eta estatutu horietan ezarriko dela araubide organikoa, funtzionala eta finantzarioa, bai eta partzuergoa eratzearen arrazoi izan ziren helburuak ere.

Ur aprobetxamenduaren kontzesioa bereizten joan ahal izateko, Nafarroako Ubideko obrekin batera herrien eta industrien ur hornidura bideratzeko obrak bukatzen diren heinean, prozesuaren amaieran, Ebroko Ur Konfederazioak onetsitako kontzesio espedientean aipatzen den edateko uraren zerbitzua Nafarroako 87 udalerrietan ematen duten toki entitateak kontzesioaren titular izan daitezen, Nafarroako Gobernuak eta Iruñerriko Mankomunitateak izapideak egiten hasi dira bi administrazio publikoek hasiera batean osatuko duten partzuergoa eratzeko. Partzuergo horretan sartuz joanen dira zerbitzu hori ematen duten gainerako toki entitateak, eta horretarako prestatu dira jendaurrean jarriko diren estatutu horiek.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Nafarroako Ubidetik Herriak eta Industriak hornitzeko Partzuergoaren Estatutuen Proiektua jendaurrean jartzea Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (Arrieta kalea, 12, 3. solairua, Iruña) hamabost eguneko epean, erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina, eta estatutuen proiektu hori toki hauetan ere paratzea: Ablitas, Agoitz, Arguedas, Barillas, Buñuel, Cabanillas, Cadreita, Cascante, Castejón, Cintruénigo, Corella, Cortes, Fitero, Fontellas, Fustiñana, Itzagaondoa, Lizoain, Longida, Monteagudo, Murchante, Ribaforada, Tutera, Tulebras, Untziti, Urraulbeiti, Urrotz-Hiria eta Valtierrako udaletan eta Iruñerriko eta Mairagako mankomunitateetan.

2. Erabaki toki entitate horiei jakinarazi eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila xedatzea.

Iruñean, 2006ko maiatzaren 29an._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Nafarroako Gobernuko idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0608934