66. ALDIZKARIA - 2006ko ekainaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

322/2006 EBAZPENA, apirilaren 10ekoa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Lan zuzendari nagusiak emana, Iruñeko "Dulsa, S.A" enpresaren lan hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 49/2006).

Ikusirik Iruñeko "Dulsa, S.A." enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua, negoziazio batzordeak sinatua (espediente zenbakia: 49/2006).

Gertakariak:

1. Departamentu honetan 2004ko martxoaren 27an sartu da aipatu enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua, 63 artikuluz, xedapen gehigarri batez, bi xedapen iragankorrez eta eranskin batez (2006rako lansarien taula) osatua, enpresaren ordezkariek eta langileen delegatuek (UGT, CC OO eta ELA-STV) 2006ko martxoaren 21ean izenpetu eta onetsia.

2. Espediente honen izapideak egitean, aplikatu beharreko lege eta erregelamenduen manuak bete dira.

Zuzenbideko oinarriak:

1. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentu honek bere esku du lan hitzarmen kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzea, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan ezarrita dagoen bezala, eta hori, Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuarekin bat, bai eta irailaren 23ko 334/1996 Foru Dekretuarekin ere, Departamentu honi Estatutik transferitutako lan zerbitzuak esleitzen dizkionarekin, alegia.

2. Maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuaren bigarren artikuluak agintzen du Langileen Estatutuaren III. Tituluan ezarritakoaren arabera egindako hitzarmenak hitzarmen kolektiboen erregistroan inskribatu behar direla.

3. Hitzarmen kolektiboak gordetzea, erregistratu ondoren, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren eskumena da, zuzenbideko oinarrietako lehenbizikoan aipatutako manuen arabera.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluaren bidez eman dizkidaten eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Iruñeko "Dulsa, S.A." enpresaren lan hitzarmen kolektiboa (kodea: 3108262) erregistratzea, Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea.

2. Ebazpen hau Hitzarmenen Erregistrora bidaltzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen honen berri ematea negoziazio batzordeari eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea agortzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal duela Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2006ko apirilaren 10ean._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.

DULSA, S.A. ENPRESAREN 2006 - 2007RAKO HITZARMEN KOLEKTIBOA

I. KAPITULUA

Arau orokorrak

1. artikulua. Lurralde eremua eta langileak.

1. Hitzarmen hau aplikatuko da Iruñeko Dulsa, S.A. lantegian, Landaben industrialdeko F kalean.

2. Lantegiko Produkzioko eta Administrazioko taldeetako langile guztiei aplikatuko zaie.

3. Hitzarmen hau sinatu dute, batetik, enpresako zuzendaritzaren ordezkariek eta, bestetik, lantegiko langileen delegatuek.

2. artikulua. Iraunaldia.

1. Hitzarmenak sinatzen den egunean hartuko du indarra eta 2007ko abenduaren 31n iraungiko da. Inork hitzarmen honen amaieraren iragarpenik aurkezten ez badu, automatikoki luzatuko da, dagoen bezala, urtebete naturaleko epeetan.

2. Hitzarmena sinatzen den unean jardunean dauden langileen kasuan, lehen urterako ondorio ekonomikoak 2006ko urtarrilaren 1etik aplikatuko dira, eta bigarren urterako, berriz, 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera, salbu eta kontrakoa xedatzen bada.

3. Hitzarmenak indarra hartu baino lehenago enpresa utzi zuten langileei ez zaie atzeraeragineko ondoriorik aplikatuko.

3. artikulua. Amaieraren iragarpena.

1. Sinatu dutenetako edozein alderdik hitzarmenaren amaiera iragartzen ahal du, beste alderdiari eta lan arloko agintariei jakinarazita, haren lehen indarraldia edo edozein luzapenen automatikoa bukatu baino hiru hilabete lehenago, gutxienez.

2. Aurreabisurako epea betetzen ez bada, hitzarmela urte natural batez luzatuko da.

4. artikulua. Konpentsazioa eta irenspena.

1. Hitzarmen honetako baldintzek (ordainsariei edo bestelakoei dagozkienak), bere osotasunean harturik, indarra hartu bitarte zeuden guztiak konpentsatu eta ordezkatuko dituzte.

2. Halaber, gaur egun indarra duten edo aurrerantzean ematen diren edo erabakitzen diren lege xedapenek, administrazio agintarien ebazpenek, lan hirtzarmenek edo bestelako iturrik konpentsatu eta irentsiko dituzte lan baldintzen hobekuntza oro.

5. artikulua. "Ad personam" bermea.

1. Hitzarmen honen testurako itundutako baldintza ekonomiko eta bestelakoez gain, hitzarmena sinatu baino lehen, langile batzuek urtean eta osotara zituzten baldintza onuragarrienak mantenduko dira, gero batean konpentsatu edo irentsi arte.

2. Berme hori pertsonari dagokio soilik, hau da, ez dago lotua lanpostuarekin, jarduerarekin, lan kategoria edo taldearekin edo beste edozein inguruabar objektiborekin.

3. Hori dela-eta hitzarmeneko ordainsari arrunten zenbatekotik gorakoak, soldaten hartu-agirietan, "plus pertsonal" gisa agertuko dira.

6. artikulua. Batzorde Paritarioa.

1. Hitzarmenaren interpretazioak sortzen dituen auziak konpontzeko, batzorde paritario mistoa sortu da, enpresako zuzendaritzaren 2 ordezkarik eta zentroko enpresa batzordeko beste 2 kidek osatua.

2. Bilerak eginen dira bi alderdietako edozeinek eskatuta, eta deitzeko paperean jorratu beharreko puntuak agertuko dira.

3. Erabakiak alderdi bakoitzaren gehiengo soilaz hartuko dira. Horretaz gain, batzordea eratzeko quorum hori bera beharko da.

4. Bilera bakoitzaren akta eginen da eta bertaratzen diren guztiek sinatuko dute.

5. Auzia, banakakoa zein kolektiboa izan, batzorde paritarioari jakinarazi beharko zaio auzitegietara jo baino lehen.

Batzordekideak ados jartzen ez badira, interesatuek, Konstituzioaren arabera dituzten eskubideak eta askatasunak erabiliz, legeek ezarritako auzi, administrazioarekiko edo bitartekaritza, adiskidetze edo arbitraje prozeduretara jotzen ahalko dute horiek erregulatzen dituzten berezko arauei jarraikiz.

II. KAPITULUA

Lanaren antolaketa

7. artikulua. Enpresako zuzendaritzaren ahalmenak.

1. Enpresako zuzendaritzak baino ez du ahalmenik izanen lantegiko atal, gune eta jarduera guztietan lanaren antolakuntza praktikoaz eta funtzionalaz arduratzeko. Eginkizun horretarako, kontuan hartuko du hitzarmen honetan erabakitakoa eta dagokien agintarien bidez eginen du.

2. Horrenbestez, zuzendaritzak, une bakoitzeko beharren arabera, egokien jotzen dituen produkzio, antolakuntza, mekanizazio eta arrazionalizazio sistemak hautatzen ahalko ditu, betiere, legeak ezarritako mugen barne.

3. Horretaz gain, enpresak honetarako ere ahalmena izanen du:

a) Langile bakoitzari eginkizunak eta makineria esleitzea.

b) Langileei eskatzea esleitutako eginkizunak ahalik eta hobekien betetzeko eta makineriaren eta instalazioen erabilera, zaintza eta mantentze lanak arreta handiz egiteko.

c) Behar denean, langileendako osasun azterketak egiteko agintzea eta konfidentzialtasuna mantentzea.

d) Segurtasun arau eta neurri guztiak betearaztea.

8. artikulua. Lanbide-taldeak.

Langileak taldetan sailkatzen dira eta, talde bakoitzean, betetzen duten eginkizunaren arabera, lanbide mailatan.

Hona hemen lanbide taldeak:

a) Produkzio taldea, honako atal edo departamentu hauek osaturik:

_Fabrikazioa.

_Ontziratzea.

_Kalitate kontrola.

_Mantentze lana.

_Hornikuntza - Logistika.

b) Administrazioko taldea.

Lanbide talde bakoitzean eta atal bakoitzerako, behar diren diren lanbide maila eta kategoria guztiak egonen dira, tauletan jasotzen direnak.

9. artikulua. Balioaniztasuna eta erabateko okupazioa.

1. Laneko antolakuntza beharrei zein langileen lanbide prestakuntzari begira, oinarrizko printzipiotzat ezarri da ahalik eta moldaberatasun handiena izatea, bai eginkizunetan bai mugikortasunean. Enpresako zuzendaritzak finkatzen ahalko ditu baldintza bakar hauekin: lana egiteko behar den gaitasunen eta/edo titulazio akademikoak edukitzea eta lanbide taldekoa izatea.

2. Langilearen lanpostuko ohiko eginkizunak izanen dira, bere lanpostuko eginbehar nagusiez gain, beste lan osagarri batzuk. Eginkizun nagusiak eta osagarriak lanpostuen deskribapenean zehaztu dira.

10. artikulua. Lanpostu aldaketak.

Lanbide taldeen eta atalen arteko mugigarritasun funtzionala gauzatuko da langilearen duintasuna kaltetu gabe eta bere lanbide prestakuntza galarazi gabe.

Lanpostuz aldatzen ahalko da ondoko arrazoiengatik:

1. Langileak eskatua eta enpresak onartua. Kasu horretan, langileari esleituko zaizkio lanpostu berriaren sailkapen maila eta berezko dituen gainerako baldintza guztiak.

2. Langilearen eta enpresaren arteko erabakia, bi aldeek adostatutakoari jarraikiz.

3. Langilearen lan gaitasuna gutxitzea.

4. Antolakuntzako arrazoiak.

11. artikulua. Lanpostuz aldatzea lan gaitasunaren urritasunagatik.

Egoera fisikoarengatik edo bestelako inguruabarrengatik langileren baten gaitasuna urratu bada, baina lana normal egiteko arazoak izan arren ezintasun iraunkor erabateko edo osotzat hartzerik ez bada, Prebentzio Departamentuari eta enpresaren zerbitzu medikuaren erantzuna izan ondoren, bere urritasuni hobeki egokitzen zaion beste lanpostu batera pasatzen ahal da. Gaitasunaren murrizketa hori aldi baterako besterik ez bada, ordura arte jasotzen zituen sariak pagatuko zaizkio, baina, behin betikoa izanez gero, eta lanerako gai izaten segitzen badu, lanpostu berriari dagozkionak kobratuko ditu.

12. artikulua. Lanpostuz aldatzea antolakuntzako irizpideengatik.

1. Antolakuntzako arrazoiak direla-eta, enpresako zuzendaritzak langile bati esleitzen ahalko dizkio bere zeregin ohikoak ez diren beste batzuk, bai eta lanpostuz aldatu ere, baina, betiere, langilearen duintasuna urratu gabe eta duen lanbide prestakuntza galarazi gabe.

2. Aldaketa maila altuagoko lanpostu batera eginez gero, langileak lanpostu berriko ordainsariak jasoko ditu, osagarri pertsonal baten bidez, lanpostu horri dagokion ordainsaria berdindu arte. Osagarria jasotzeko, maila altuagoko lanpostu horretan lanaldi oso batez aritu beharko du.

3. Aldaketa maila beheragoko lanpostu batera izanez gero, langileak lehengo lanpostuko ordainsariak jasoko ditu.

4. Dena den, beste langile bat ordezten duenak ezin izanen du inola ere eskatu bestearen ordainsaria edo bestelako edozein baldintza.

5. Lanpostu aldaketa urtebetean sei hilabetez edo bi urtean zortzi hilabetez luzatzen ahalko da gehinez, salbu eta aldi baterako ezintasun egoeratan, betiere gaixotasun arruntaren, laneko edo lanetik kanpoko istripuaren, amatasunaren, lizentzien eta eszedentzien ondorioa badira, kasu horietan luzatzen ahal baita sortu duten arrazoiek iraun bitarte.

6. Aldaketa sortu zuen arrazoiak bukaturik, langileak bere lehengo lanpostura itzuliko da berriro.

13. artikulua. Lanpostu hutsak betetzea.

Lanpostu huts bat enpresako langile batek betetzen badu, egokitze aldiak iraun bitartean, hiru hilabete gehienez, behin-behinekoa izanen da lanpostua, edo, bestela, langileak eta enpresak sinatzen duten epea errespetatuko da.

Epe horretan enpresak langilea lehengo lanpostura pasatzen ahalko du eta aldaketa baliorik gabe utzi.

14. artikulua. Lan baldintzen aldaketa.

1. Lan baldintzetan edozein aldaketa nabarmen egin nahi izanez gero, legeak une bakoitzean xedatutakoari jarraituko zaio.

2. Ez da lan baldintzen aldaketa nabarmentzat hartuko hitzarmen honetan sinatutako guztia.

15. artikulua. Laneko etenak.

1. Lan etentzat hartuko dira ohikoak ez diren egoera iragankorrak, langilearen edo enpresaren borondatez gertatu ez direnak, eta lana modu arruntean egitea oztopatzen dutenak.

2. Langileek edo enpresak bultzatu ez dituzten ezinbesteko kasuak dira, hala nola, hondamendiak, istripuak, hornidura, energia edo lehengai falta, lan eza, enpresakoak ez diren grebak.

3. Holakoetan enpresak ondokoa egiten ahalko du:

1. Langileak beren lanpostuetan mantendu.

2. Langileen ohiko zereginak ez diren beste lan osagarri batzuk agindu, maila altuagokoak zein beheragokoak.

3. Langileak lanera ez joateko edo lana uzteko agindu.

4. 1. eta 2. kasuetan langileek ordainsaria bere osotasunean jasoko dute.

5. 3. kasuan, berriz, ordainsari osoa jasoko dute, baina gelditu diren ordu horiek sartu beharko dituzte enpresako zuzendaritzak erabakitzen duen unean, eta ordu horiek ez zaizkie berriro pagatuko.

16. artikulua. Lanpostuen balorazioa.

1. Lanpostuen edo sortzen diren lanpostu berrien balorazioa enpresako zuzendaritzak eginen du, orokorki onartutako gida teknikoetan ezarritakoari jarraikiz. Edozein balorazio berri enpresa batzordeari jakinaraziko zaio.

2. Langile bat lanpostura ongi egokitzen ote den jakiteko, langilearen eta lanpostuaren arteko erlazioa aztertuko da. Helburua lanpostu bakoitzean hobekien egokitzen den langilea jartzea da eta, halaber, langile bakoitzak lan egitea bere ahalmenekin hobekien datozen lanpostuetan.

III. KAPITULUA

Lanean hastea eta lana uztea

17. artikulua. Lanean hastea.

1. Enpresako langile berriak kontratatuko dira legezko xedapen indardunek une bakoitzean baimentzen dutenaren arabera. Enpresaren beharrak hartuko dira kontuan eta izangaien ezaugarri pertsonal eta profesionaletatik heldutako hautapen irizpideak baino ez dira erabiliko, lehentasunezko traturik gabe.

2. Enpresak behar adina proba teoriko eta praktiko eginaraziko dizkie izangaiei, bete beharreko lanpostuetan izan behar diren gaitasunak zehaztearren. Dena den, proba horiek ez dira lan harremantzat hartuko eta ez dute eskubiderik emanen inolako lansaririk jasotzeko.

3. Izangaiek osasun azterketa bat egin beharko dute kontratatuak izan baino lehen. Ezinbesteko baldintza izanen da azterketa hori gainditzea.

18. artikulua. Probaldia.

1. Enpresan sartzeko probaldi bat igaro beharko da. Hona hemen haren iraupena:

1, 2, 3, 4, eta 5. mailako lanpostuak: hilabete.

6, 7 eta 8. mailako lanpostuak: 2 hilabete.

9. mailako lanpostuak: 3 hilabete.

2. Probaldian, bi aldeetako edozeinek kontratua deuseztatzen ahalko du, aurretik jakinarazi edo arrazoirik eman gabe eta kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe, bai langilea jardunean egon bai edozein arrazoi direla-eta kontratua etenik egon.

3. Kontratu berezietan horiek erregulatzen dituzten arauek ezarritako probaldiak aplikatuko dira.

19. artikulua. Lana uztea.

Lan kontratuak amaituko dira legeek eta/edo kontratuek aurreikusitako arrazoien arabera.

20. artikulua. Lana uzteko aurreabisua.

1. Beren borondatez enpresatik alde egin nahi duten langileak behartuta daude enpresari jakinaraztera, aurreabisurako epe hauek betez:

1.tik 5.era bitarteko mailak: 15 egun.

6. etik 9.era bitarteko mailak hilabete.

2. Aipatu epeetan aurreabisua egiten ez bada, enpresak eskubidea izanen du langilearen likidaziotik eguneko sortzapenari dagokiona deskontatzeko atzeratzen den egun bakoitzeko.

3. Aipatu epeetan aurreabisua egin bada, enpresak, epe hori bukatu ondoren, sortu eta jaso ez diren kontzeptuen parte proportzionalak pagatu beharko ditu.

4. Aurreabisua jasotakoan, enpresak langilea kanporatzen ahalko du lanpostua uzteko eguna baino lehen, baina ordura arteko soldatak pagatu beharko dizkio.

5. Lana uztean langileak enpresari itzuli beharko dizkio utzitako tresnak, laneko jantziak, agiriak eta abar. Likidaziorako ezinbesteko baldintza izanen da horiek ematea.

6. Langile batek enpresari jakinarazten badio lana utzi nahi duela, ondotik ezin izanen du atzera egin erabaki horretan.

IV. KAPITULUA

Lanaldia, ordutegiak eta oporrak

21. artikulua. Lanaldia.

1. Urteko lanaldia presentziazko 1.768 ordukoa da zentroan berean. Ordu horien banaketa urteko egutegiaren bidez zehaztuko da.

2. Eguneko lanaldi arrunta, gehienez, 8 ordukoa izanen da, atsedenerako 25 minutuak barne. Tarte hori honela banatzen da: 5 minutuko bi atsedenaldi eta 15 minutuko bat ogitartekoa jateko.

Produkzioak hala eskatzen badu, atsedenaldia txanda independientetan eginen da, lineak bata bestearekin gainjarri gabe.

3. Lanaldi murriztua duten langileen kasuan, atsedenaldia, automatikoki, proportzio horretan murriztuko da. Ogitartekoa jateko denborarako eskubiderik ez dute izanen lanaldia 4 ordukoa edo gutxiagokoa dutenek.

4. Lanaldi zatitua dutenendako, ogitartekorako tarterik ez baitute, zentroan berean egoteko orduak egiazko laneko berberak izanen dira.

22. artikulua. Jaiegunak.

1. Holako eguntzat hartuko dira legez aplikagarria den egutegian finkatutakoak.

2. Jaiegun berriak finkatzea edo zubietan edo bestelakoetan festa eguna hartzeko barneko erabakiek ez dute aldaraziko urteko lanaldi itundua, horretarako behar diren zuzenketak eginen baitira eta ituna beteko.

23. artikulua. Ordutegiak.

1. Lantegiko ordutegiak dira, batetik, goizez, arratsaldez eta gauez txandaka eta, bestetik, lanaldi zatituan, astelehenetik igandera, honako ordutegi orokor hauei jarraikiz:

_Txandakako lanaldiak:

Goizez: 6:00etatik 14:00etara.

Arratsaldean: 14:00etatik 22:00etara.

Gauez: 22:00etatik 6:00etara.

_Lanaldi zatitua:

Sarrera: 8:00etatik 9:00etara. Irteera: 13:30etik 14:00etara.

Sarrera: 15:30etik 16:00etara. Irteera: 18:00etatik 19:00etara.

Lanaldiko 8 orduak betetakoan.

24. artikulua. Aparteko orduak.

1. Aparteko lanorduak dira urteko lanaldi eraginkorretik kanpokoak.

2. Enpresako zuzendaritzak nahi dituen langileei proposatzen ahalko die aparteko orduak sartzeko. Horiek ahalmena izanen dute onartu edo ukoa egiteko, salbu eta kontrakoa hitzartzen bada.

3. Hitzarmen honen eranskin gisa ageri diren ordainsarien zerrendetan sartuta ez dauden langileak aparteko orduen araubidetik kanpo geldituko dira, bai beren lanaren izaeragatik, ordutegi aldakorra baitute, bai beren lansariak altuagoak direlako.

4. Aparteko orduak ordaintzerakoan hitzarmen honetako 36. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

5. Aparteko orduak sartu ahal izateko, dagokion agintariak idatziz emanen du baimena.

25. artikulua. Lanaldia ezinbesteko kasuetan.

Lanaldi arruntaren gehieneko iraupena edo baimendutako aparteko orduen gehieneko kopurua kalkulatzeko ez dira kontuan hartuko ezbehar, hondamen edo bestelako kalte berezi eta presakoen prebentzioan edo konponketan sartutakoak, baimendutakoak baino gehiago badira ere. Dena den, aparteko ordu gisa ordainduko dira.

26. artikulua. Sartzea eta ateratzea.

1. Lanaldia norberaren tokian hasi eta bukatzen da, langileek leku horretan egon behar baitute hasi eta bukatzeko orduetan. Beraz, norberaren garbitasuna eta laneko arropa jantzi eta eranztea lanean hasi baino lehen eta bukatu eta gero eginen dira hurrenez hurren.

2. Langileek errespetatu beharko dituzte ezarritako kontrolak eta sartu eta ateratzen diren bakoitzean fitxatu beharko dute horretarako ezarritako tokietan.

3. Lantokira sartu eta fitxatu ondoren, ezin izanen da atera nahiz eta lanaldia hasteko unea artean ez izan, aparkalekura joateko ez bada.

4. Lanaldia bitartean ezin izanen da lantokia utzi baimenik izan gabe, ez eta beste atal edo lekuetara joan ere.

5. Ezin izanen da enpresan egon norberaren lanaldia hasi baino ordu erdi bat lehenago, ez eta lanaldia bukatu eta 30 minutu geroago ere, salbu eta dagokion karguari jakinarazi bazaio.

Debeku horretatik kanpo egonen dira langileen ordezkarien jarduerak, baina betiere dagokion karguari jakinarazita eta produkzio prozesua oztopatu gabe.

6. Berandu iristeagatik honako deskontu hauek egonen dira:

_Lehen orduan edo haren zatian, ordu erdiko aldietan banatuko dira deskontuak.

_Bigarren orduan edo haren zatian, 2 ordu kenduko dira.

_2 ordu baino gehiagoko atzerapena egonez gero, ez zaio sartzen utziko, behar bezala justifikatutako kasuetan izan ezik. Uzten ez bazaio, lanaldi osoa deskontatuko zaio.

27. artikulua. Oporrak.

1. Urteko oporraldia 30 egun naturalekoa izanen da. Haietako 21 uztailean eta abuztuan hartuko dira, eta haietako 15 jarraian hartuko dira.

2. Enpresan urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna duten langileen oporraldia hainbanatuko da lanean egon diren denboraren arabera. Langileak zerbitzua ematen duen unitatea jardunean ez badago, enpresak oporraldiko egun guztietan festa ematen ahalko dio, eta langileak ez du pagatu beharko oporrez kanpoko egun horiei dagokiena.

3. Urtero (taldeka edo banan-banan) oporraldiak zehaztuko dira. Oporrak kontatuko dira urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte.

4. Langile batek enpresan lan egiteari uzten badio, dagozkion oporretatik gastatu gabe dituenak dirutan kobratuko ditu. Behar baino egun gehiago gastatu baditu enpresan urtebete baino gutxiago egoteagatik, kargua uzteko likidiazioan dagokion kenketa eginen zaio.

5. Oporraldia kalkulatzeko, aldi baterako ezintasuneko baja aldiak sartuko dira. Ez dira sartuko, berriz, beste edozein arrazoi dela-eta, kontratua bertan behera uzten den bakoitzean, edo justifikatu gabe bertaratzen ez edenean.

6. Aldi baterako ezintasuneko kasuetan, oporraldiaren barrenean hasi bada, aurreikusitako oporraldia ez da atzeratuko ez eta bertan behera utziko ere.

7. Oporrak honako kontzeptu hauek direla-eta baino ez dira pagatuko: ordainsari maila, antzinatasuna, plus pertsonala, osagarri pertsonala, osagarri aldagarria eta mozkinen paga.

28. artikulua. Egutegia.

Urteko egutegi oinarrizko batetik abiatuta finkatuko dira lan egiteko larunbat eta igandeak (2001eko lan baldintzen moldaketaren arabera). Egun horiek lehenbailehen finkatuko dira (1 edo 2 hilabete). Plusak jasotzeari dagokionez, une jakin batean lan baldintzen moldaketa handiak kalte egin zien pertsonek kobratuko dituzte soilik.

Urteko lanaldia hitzarmen honen 21. artikuluan ezarri da. Hala ere, egutegian 223 lanegun ezarri da, 8 ordukoak. Bi eguneko diferentzia (16 ordu), norberaren aferetarako izanen da. Egun horiek hartzeko bidea:

_Dagokion karguari jakinaraziko zaio astebete lehenago.

_Ezin izanen dute batera hartu atal bakoitzeko langileen %10 baino gehiagok.

29. artikulua. Lanaldi murriztapena adingabeko edo urrituren bat zaintzeko, lizentziak, baimenak eta eszedentziak.

1. Arlo horretan lege indardunek une bakoitzean xedatutakoari jarraituko zaio.

2. Langileek soldatarik gabeko lizentziak eskatzen ahalko dituzte, 30 egun naturalekoak, baldin eta horretarako arrazoi garrantzitsu bat badute eta, betiere, enpresako zuzendaritzak erabakitzen badu prozesu produktiboa oztopatzen ez dutela.

Lizentzia horiek, lan kontratuaren aldi baterako etenaldi gisa kontsideraturik, idatziz eskatu beharko dira lana utzi baino hilabete bat lehenago, salbu eta lizentzia eskatzera bultzatu duen gertaera apartekoa bada oso eta, ondorioz, epe hori errespetatzea ezinezko bilakatzen bada.

V. KAPITULUA

Ordainsarien sistema

30. artikulua. Zerrenda.

1. Hitzarmen honetan ordainsarietako kontzeptu hauek arautu dira:

_Ordainsari maila.

_Antzinatasun aitortuaren plus pertsonala.

_Plus pertsonala.

_Osagarri pertsonala.

_Gaueko txandaren plusa.

_Aparteko orduak.

_Osagarri aldagarria.

_Laneratze eta puntualtasun plusa.

2. Kontzeptu horiek zerrendatzeak ez dakar langileek denak jasotzea. Langile bakoitzaren sariak izanen dira betetzen duen lanpostuaren eta une bakoitzeko gainerako inguruabar subjektibo eta objektiboen araberakoak.

31. artikulua. Mailaren araberako soldata.

1. Maila edo kategoria batekoa izateagatik kobratzen dena.

2. Horren zenbatekoa, 2006rako urteko balioei dagokienez, hitzarmenaren eranskinean zehaztu da. 2007rako lehen xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraituko zaio.

3. Ordainsari hori jasoko da urteko 12 hileko arruntetan eta aparteko hirutan: bat uztailean, beste bat abenduan eta hirugarrena, mozkinena, 12 hileko arruntetan eta uztaileko eta abenduko aparteko bietan banaturik.

32. artikulua. Antzinatasun aitortuaren plus pertsonala.

1. 1996ko ekainaren 14tik aurrera lehengo antzinatasun kontzeptua antzinatasun aitortuaren plus pertsonala izendatu zen.

2. Behin betiko zenbatekoa hirurtekoz 20,70 euro izanen da, hamabost hilekotan eta gehienez 7 hirurtekoz.

3. Kontzeptu hori 1996ko ekainaren 14a baino lehenagoko antzinatasun data duten langileek baino ez dute kobratuko.

33. artikulua. Plus pertsonala.

1. Plus hori ez dago lanpostuari lotua. Langile batzuek benetan betetzen duten lanaren soldata mailari egokitzearen ondorioa da. Izan ere, jasotzen zuten soldata eta aitortua zuten kategoria ez zetozen bat. Plus hori irensten ahalko da gero bateko maila aldaketetan.

2. Paga arrunt eta apartekoekin jasoko da.

34. artikulua. Osagarri pertsonala.

1. Langile batzuek, egiten duten lanarekin loturarik izan gabe eta inguruabar jakin batzuengatik, jasotzen duten osagarri pertsonala da. Plus hori irensten ahalko da gero bateko maila aldaketetan.

2. Paga arruntekin batera baino ez da kobratuko.

35. artikulua. Gaueko txandaren plusa.

1. Lanpostuko osagarri bat da. 22:00etatik 6:00ak bitarteko tartean ordubete edo gehiago benetan lan egiteagatik sortzen da.

2. Balioa izanen da hitzarmeneko eranskinean 2006rako, orduen atalean, xedatutakoa. 2007rako lehen xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraituko zaio.

36. artikulua. Aparteko orduak.

Aparteko orduak ordaintzen ahalko dira haien denbora berarekin edo hitzarmen honetako eranskinean finkatutako unitate balioen arabera, enpresaren iritziz produkzio beharrak kontuan hartuta. Aparteko orduak atseden denboraz ordaintzen badira, konpentsazio hauek izanen dituzte:

a) Jaiegunez lan egindako aparteko ordu bakoitzeko 1,6 orduko atsedena; beraz, jaiegunez lan egindako 5 ordurengatik 8 orduko atsedena. Jaiegunetan lan egindako aparteko ordutzat hartuko dira enpresako egutegian lanegun ez diren egunetan lan egindakoak.

b) Aparteko ordu arrunt bakoitzeko 1,33 orduko atsedean; beraz, aparteko 6 ordurengatik 8 orduko atsedena.

37. artikulua. Osagarri aldagarria.

1. 1 eta 9 bitarteko mailetan lanpostuko osagarri bat dago eraginkortasuna saritzeko, hizpide hartzen dituena langilearen jarrera eta emaitzak bere eginkizunei dagozkienez.

2. Osagarri hori benetan lan egindako egun bakoitzeko eta arauzko oporraldietako laneguneko ordainduko da. Lantokian, eguneko, 8 ordu baino gutxiagoko lanaldia dutenek ez dute kontzeptu hori dela-eta dirurik jasoko.

Langileak enpresan ematen dituen lehen sei hilabetetan ez da kontzeptu hori pagatuko.

3. Puntu bakoitzeko balioa 0,11 euro izanen da, 2006ko martxoaren 1etik aitzina, eta 2007rako 0,116 eurokoa.

38. artikulua. Laneratze eta puntualtasun plusa.

1. 1etik 9ra, biak barne, bitarteko mailetako langileei pagatzen zaien kantitate eta kalitate osagarri bat da.

2. Plus hori benetan lan egindako egun oso bakoitzeko ordainduko da, betiere sarrera eta irteera puntu-puntuan egin badira. Balioa: 0,70 eurokoa izanen da 2006ko martxoaren 1etik aitzina, eta 2007ko urtarrilaren 1etik aitzina 0,98koa.

3. Baja, lanera huts egite edo baimen kasuetan, ordainduak izan edo ez eta arrazoia edozein dela ere, ez da plusa jasoko.

39. artikulua. Arau orokorrak.

1. Itundutako zenbatekoak, espresuki besterik esan ezean, lanaldi arrunterako dira. Lanaldia itundutakoa baino gutxiago murrizten den banakako kasuetan, ordainsaria proportzionalki murriztuko da.

2. Zenbateko horiek gordinak izanen dira. Beraz, langilearen kontura izanen dira zergak eta legearen arabera Gizarte Segurantzako kuotarako deduzitu beharreko kopurua.

3. Ordainsariak 30 eguneko 12 hilekotan pagatuko dira, hilabetea bukatutakoan, eta aparteko eskersariak, berriz, horretarako ezarritako epeetan.

4. Aurreko zenbakian adierazitakoa ezertan galarazi gabe, behar administratiboengatik sortzapenaren hilabetean berean pagatzerik ez duten kontzeptuak hurrengoan ordainduko dira.

5. Banku transferentziaren bidez eginen da ordainketa. Haren ordezkagiriak langilearen sinadura ordezkatuko du dagokion ordainagirian, zeinaren eredua egun erabiltzen denaren berdina izanen baita.

VI. KAPITULUA

Prestazio sozialak

40. artikulua. Zerrenda.

Hitzarmen honetan kontzeptu hauek arautu dira:

_Eskolarako laguntza.

_Urrituendako laguntza.

_Bizi eta baliaezintasuneko asegurua.

_Lanerako aldi baterako ezintasunaren osagarria.

41. artikulua. Arau orokorrak.

1. Kapitulu honetako onurak ez dira legearen arabera ezarritako soldatatzat hartuko.

2. Laguntza horiek ez dira automatikoki emanen. Izan ere, jaso nahi dutenek idatziz eskatu beharko dituzte, eta horrekin batera behar diren agiriak aurkeztuko dituzte. Eskatzen diren unetik aurrera pagatuko dira, atzerako eraginik izanen ez dutelako.

42. artikulua. Eskolarako laguntza.

1. 16 urte bitarteko seme-alabak dituzten langileek hilabetean 9,02 euroko laguntza eskatzen ahalko dute haur bakoitzeko.

2. Laguntza jasotzeko ezinbesteko baldintza izanen da haurra langile onuradunarekin bizitzea.

3. Laguntza haurra jaio eta hurrengo hilabetetik aurrera pagatuko da, hilabetero, hilabete naturala bukatutakoan.

4. Haurrak 16 urte bitarte edo langileak enpresa utzi bitarteko hilabetera arte pagatuko da, baldin eta azken kasu hori adin hori bete baino lehen gertatzen bada.

5. Guraso biak enpresako langileak izanez gero, laguntza haietako batek baino ez du jasoko, hain zuzen ere, haurra Gizarte Segurantzako prestazioen onuradun daukana.

43. artikulua. Urrituendako laguntza.

1. Administrazio organo eskudunak aitortutako seme-alaba urritu fisiko edo psikikoak dituzten langileei emanen zaie.

2. Seme-alaba horiek zentro homologatu berezietan jasotzen duten hezkuntzako kostuaren %75 pagatuko zaie. Zentroek enpresaren izenean emanen dute %75 horren ordezkagiria, gehienez ere 150,25 eurokoa. 12 hileko urtean pagatuko dira.

3. Guraso biak enpresako langileak izanez gero, aurreko artikuluko 5. atalaren bateraezintasuna ere aplikatuko da prestazio honetan.

4. Laguntza hau ez da bateragarria izanen aurreko artikulukoarekin eta, oro har, kenduko da Gizarte Segurantza ezinduak zaindu eta hezitzeaz modo eraginkorrean arduratzen den kasuetan.

44. artikulua. Istripu aseguru kolektiboa.

1. Enpresak 65 urtetik beheitiko jarduneko langileendako aseguruak kontratatuko ditu arrisku hauek estaltzeko, zenbateko hauekin:

a) Bizi asegurua:

Bermatutako kapitala: 6.010,12 euro.

Aseguratutako bermeak:

_Heriotza, edozein arrazoirengatik.

_Erabateko baliaezintasun iraunkorra, edozein arrazoirengatik.

_Istripuaren ondoriozko heriotza (6.010,12 euroko gehigarria)

b) Istripu asegurua:

Bermatutako kapitala: Urteko soldata gordin finkoaren zenbateko bera, baina, betiere, 12.020,24 euro, gutxienez.

Aseguratutako bermeak:

_Istripuaren ondoriozko heriotza (infartua barne, baldin eta Gizarte Segurantzak lan istriputzat hartzen badu. Gehienez 150.253,02 euro).

_Erabateko baliaezintasun iraunkorra (infartuaren baldintza berberak).

_Baliaezintasun iraunkor osoa, norberaren lanbidean aritzeko.

_Baliaezintasun iraunkor partziala (ezarritako baremoaren araberakoa).

_Baliaezintasun handia.

2. Asegurua gauzatuko da bizi eta istripu motako aseguruen poliza arrunt(ar)en kontratazioaren bidez. Haien baldintza orokor zein partikularrek, hitzarmen honen parte baitira, aseguratuen edo/eta onuradunen eskubideak mugatuko dituzte.

3. Enpresaren ardura asegurua kontratatu eta behar diren primak ordaintzea baino ez da izanen.

45. artikulua. Lanerako aldi baterako ezintasunagatiko osagarria.

Lan istripuen edo lan eritasunen kasuetan, enpresak Gizarte Segurantzaren prestazioak osatuko ditu benetako soldata gordinaren %100 berdindu bitarte.

Eritasun arruntak edo lanekoak ez diren istripuak direla-eta, enpresak benetako soldata gordinaren %100 bermatuko die baja hartu aurreko hamabi hilabeteetan %4tik gorako absentismorik izan ez duten langileei, bajaren hamabigarren egunetik 60.era bitarte.

Eritasun arrunten edo lanekoak ez diren istripuen kasuan, oporretan, langileak bere osotasunean jasoko ditu 27.7 artikuluan aipatutako guztiak.

VII. KAPITULUA

Prebentzioa eta segurtasuna

46. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Arlo honi dagokionez, aplikagarriak diren legezko xedapen orokor eta partikularretan ezarritakoari jarraituko zaio.

2. Sinatzaileek hitzematen dute laneko segurtasunari buruzko arauak hertsiki beteko dituztela, istripuei aurrea hartu eta haiek saihestearren.

3. Elikadurako industria bat denez, garbitasun neurriak, industrialak zein pertsonalak, bereziki zainduko dira. Horretarako, hurrengo bi artikuluetan zehazten diren aginduak eta debekuak espresuki ezarriko dira.

4. Aurreko puntuetan aipatutakoa sendotzeko asmoz, zentroan arriskuen prebentziorako eta garbitasunerako politika ezartzeko prozesua gauzatuko da.

47. artikulua. Agindu zehatzak.

1. Lanpostu bakoitzeko jantziak erabiltzea eta behar bezala estu edo lotuak izatea.

2. Ateak eta leihoak itxita mantendu, intsektuen edo hautsaren sarrera galarazteko.

3. Eskuak garbitzea, lanean hasi baino lehentxeago, jan ondoren eta komunak erabili ondoren.

4. Norberaren lantokia garbi izatea.

5. Lehengaiak edo prestatutako produktuak dituzten ontziei tapa jartzea.

6. Toberak eta hoditeriak, erabiltzen ez direnean, itxita edukitzea.

7. Aldizkako fumigazioen ondoren, norberaren lantokian intsekturik edo haien arrastorik ez dagoela egiaztatzea.

48. artikulua. Debekuak.

1. Enpresa barneko edozein eremutan erretzea, tabakoaren kontrako lege berriak agindu bezala.

2. Lanpostuan jan eta edatea.

3. Edari alkoholdunak edatea.

4. Lanpostutik alde egitea, dagokion karguari deus esan gabe.

5. Lanpostutik alde egitea, prestatutako produktuen eta lehengaien ontziak estali gabe.

6. Elikagaien gainera doministiku edo eztul egitea.

7. Eskumuturreko erlojuak, belarritakoak, eraztunak, lepokoak eta eskumuturrekoak jantzita eramatea.

8. Txiklea mastekatzea.

9. Erregelamenduak ezarritako beste edozein.

49. artikulua. Laneko jantziak.

1. Lanpostu batzuetan norberaren babeserako beharrezko diren jantziez gain, langile batzuei honako hau emanen zaie:

a) Lantegiko langileei:

Galtzak, atorra eta kasaka.

Egunero txano bat, erabili eta botatzekoa

Segurtasuneko zapata pare bat.

b) Bulegoko eta laborategiko langileei: bata zuria.

Jantziak benetan beharrezko denean aldatuko dira. Argitze aldera, honako epe hauek ezarri dira:

a) Lantegiko langileei: urte hasieran jantzi multzo bat banatuko zaie beti.

b) Bulegoko eta laborategiko langileen batak urtero aldatuko dira.

c) Zapatak ere urtero aldatuko dira.

2. Langilearen eginkizuna izanen da jasotako jantzi guztiak kontserbatu eta garbitzea.

50. artikulua. Osasun azterketak.

1. Urtero, prebentzioko osasun azterketa bat eginen zaie langileei, eta 50 urtetik gorako langileei xeheagoa.

2. Zentroko zuzendaritzak agintzen duena galarazi gabe, edozein unetan, egokitzat jotzen diren azterketak eginen dira, hala aholkatzen duten inguruabarrak baldin badaude.

3. Egindako osasun azterketaren gaineko bi ale prestatuko dira: bat langilearendako eta bestea enpresako zerbitzu medikoarendako.

51. artikulua. Lan Osasuneko Batzordea.

Lantegian Lan Osasuneko batzorde bat egonen da. Haren osaera eta eginkizunak legean ezarritakoaren araberakoak izanen dira.

VII. KAPITULUA

Diziplina araubidea

52. artikulua. Hutsegiteak: definizioa eta sailkapena.

1. Hutsegitetzat hartuko dira langilearen betebehar orokor eta berariazkoen kontrako ekintzak edo ez-egiteak.

2. Garrantziaren arabera sailkatu dira: arinak, larriak eta oso larriak.

53. artikulua. Hutsegite arinak.

Honako hauek izanen dira:

1. Lanera berandu iristea, hiru aldiz baino gehiagotan, 30 laneguneko aldian.

Berandu iristea da kontroleko erlojuan lanaldia hasi ondotik fitxatzea, bai eta ateratzeko ordua baino lehen fitxatzea ere, atzerapena edo aurrerapena edozein izanda, ez bada justifikatutako arrazoiren batengatik.

2. Lanera ez agertzeko arrazoia aurretik ez jakinaraztea edo, bestela, hutsegitea gertatu eta ondoko 24 orduan hartarako ezintasuna ez frogatzea.

3. Langilearen kargura dauden tresnak eta makineria modu egokian ez kontserbatzea.

Jarrera horrek enpresarako edo lankideendako kaltea sortzen badu edo istripu baten arrazoia bada, hutsegite larritzat hartuko da.

4. Enpresari bizilekuz edo helbidez aldatu izanaren berri ez ematea, ez eta aldaketa pertsonal edo familiarrena ere, baldin eta edozein ordainsari jasotzeko eskubidea ematen badute, bai enpresatik bai Gizarte Segurantzatik.

5. Lankideekin, lantokian, lanekoaz ez diren gaiez eztabaidatzea, produkzio prozesua oztopatuz.

Eztabaidak zalaparta sortuz gero, gertaera hutsegite larri edo oso larritzat hartuko da.

6. Telefonoa erabiltzea horretarako baimenik izan gabe.

7. Paperak, trapuak, oskolak, zaborrak, etab. biltzeko ontzietatik kanpora botatzea.

8. Taldeko eta laneko jardueretan ez izatea elkarrekiko errespetuak eta elkarbizitzak eskatzen duten zuzentasuna.

9. Nagusi hurrenari ez jakinaraztea makinerian, tresnetan edo materialean atzematen diren akatsak.

Horren ondorioz egoera edo hondamena larria izanez gero, hutsegitea larritzat edo oso larritzat hartuko da.

10. Norberaren garbitasun eta txukuntasun eza.

54. artikulua. Hutsegite larriak.

Honako hauek izanen dira hutsegite larriak:

1. 90 eguneko aldian hutsegite arin bat baino gehiago egitea, nahiz eta mota ezberdinetakoak izan, baldin eta lehenaren ondorioz zehapena egon bada.

2. Lanera berandu iristea, bost aldiz baino gehiagotan, 30 laneguneko aldian.

3. 30 laneguneko aldian, 1 edo 2 egunetan lanera ez agertzea, justifikatutako arrazoirik izan gabe.

4. Lanean, zabarkeriaz edo utzikeriaz, edo besteei lagundu gabe, aritzea, zerbitzuaren kaltetan.

5. Legeak ezartzen duenaren arabera, edozein lan arlotan agintariek esandakoari kasurik ez egitea.

6. Beste langile baten laneratzea simulatzea, kontroleko erlojuetan haren ordez fitxatuz. Halaber, beste langile bati uztea norbaiten partez fitxatzea.

7. Lanean Higiene eta Segurtasuneko xedapenak haustu edo ardurarik gabe jardutea.

Langilearen jokaerak berari edo lankideei istripu izateko arriskua ekartzen badie, edo instalazioak matxuratzeko arriskua, oso hutsegite larritzat jotzen ahalko da.

Adibide gisa atal honetan ondoko kasuak sartuko dira:

a) Motorrak edo makinak martxan jartzea istripurik ez sortzeko neurri beharrezkoak hartu gabe.

b) Makinak, motorrak edo transmisioak martxan dauden bitartean garbitu eta koipeztatzea, salbu eta ezinbestekoa bada.

c) Makineriako piezak konpondu edo aldatzea, segurtasun gailuak jarrita egon gabe.

d) Istripuak saihesteko agindutako babesik gabe lan egitea.

e) Uhalei heltzea martxan direnean.

f) Goi-tentsioa dagoen egoeretan lanak egitea, lineak moztuta daudela egiaztatu gabe.

g) Zintzilik dauden kargen azpitik pasatzea.

h) Laneko Segurtasunari eta Higieneari buruzko arauak ez betetzea.

i) Prebentzio Departamentuak eskatuta, enpresaren zerbitzu medikuen azterketa pasatzeari uko egitea.

8. Lan orduetan, norberaren lanak egitea horretarako baimenik izan gabe, eta enpresaren tresnak edo makinak norberarendako erabiltzea, lanalditik kanpo bada ere.

9. Lanaldian, erregelamenduzko atsedenaldietatik kanpo jolasten, irakurtzen edo entretenimenduetan aritzea, edozein izanda ere.

10. Edari alkoholdunak edo drogak kontsumitzea lantokian egon bitartean. Langileari edo lankideei istripu izateko arriskua ekartzen badie, edo instalazioak matxuratzeko arriskua, oso larritzat jo daiteke.

11. Laneko ohiko errendimendua norberaren borondatez eta noizean behin murriztea, kantitatean zein kalitatean.

12. Nahitaez isilpean gorde beharreko sekretuak haustea edo bortxatzea, enpresari kalte gutxi eragiten dionean.

13. Agindutako eginkizunak edo zerbitzuak garaiz ez betetzea, justifikatutako arrazoirik gabe.

14. Makinak edo tresnak erabiltzea, horretarako baimenik izan gabe, edo funtzionatzeko egoera onean ez daudenak erabiltzea, horren berri izanda.

15. Lanera sartzean edo handik ateratzean ez fitxatzea, aginduta egon arren.

16. Lantegitik alde egitea baimen idatzirik gabe.

17. Lantegiaren eremuan baimenduta ez dauden jardueratan aritzea, hala nola, dirua biltzea, propaganda banatzea, gauzak saltzea edo horien antzekoak.

18. Debekatutako tokietan sartzea.

19. Enpresa barneko edozein eremutan erretzea.

20. Fardelak, materialak edo tresnak lantokitik ateratzea agintarien baimenik izan gabe.

21. Fardelen edukia erakusteari uko egitea, atezainak edo zaindariak, edo lan horretarako izendatutako beste pertsona batek, beste norbait lekuko, hala agintzen duten kasuetan.

22. Eri daudenek edo istripu bat izan dutenek ez betetzea enpresaren zerbitzu medikuaren edo/eta Gizarte Segurantzako medikuen manuak.

23. Lanordutik kanpo enpresako lokaletan egotea, bai eta bertan sartzea enpresakoak ez diren pertsonak, horretarako baimenik izan gabe.

24. Zuhurtziarik eza lanean. Langileari edo lankideei istripu izateko arriskua ekartzen badie, edo instalazioak matxuratzeko arriskua, oso larritzat jo daiteke. Nolanahi ere, zuhurtziarik gabe jokatzea izanen da nahitaezkoak diren segurtasuneko arropa eta tresnak ez erabiltzea.

25. Ez jakinaraztea lanpostu bat baino gehiago dituela, edo Gizarte Segurantzako tramiteak egiteko behar diren datuak ez ematea.

26. Enpresari buruzko albiste faltsuak edo asmo txarrekoak zabaltzea, langileen nahigabea, konfidantza edo interes falta sortuz, edo enpresa osoko zein haren atalen bateko errendimendua murriztuz.

55. artikulua. Hutsegite oso larriak.

Honako hauek izanen dira hutsegite oso larriak:

1. Justifikatutako arrazoirik izan gabe, hiru egun jarraian edo lan egutegiko 30 eguneko aldian hiru egun baino gehiagotan lanera ez agertzea; edo hamar egunetan, jarraiak izan ala ez, urtebete batean.

2. Enpresaren eta haren bezeroen edo hornitzaileen lehengai, lanabes, tresna, makineria, aparatu, instalazio, eraikin, altzari edo dokumentuak desagerrarazi, hondatu, aldatu, suntsitu edo haustea.

3. Istripu larriak sorraraztea, zabarkeria edo zuhurtziagabekeria desenkusaezinagatik.

4. Lanpostua uztea (nahiz eta denbora laburrerako izan), ardurako lanpostu batean izanik, horretarako baimenik izan gabe eta badaezpadako neurririk hartu gabe.

5. Merkataritza edo industria arloko negoziazioak egitea bere kontura edo beste norbaitentzat, enpresari lehia eginez bere jardueran eta haren baimen espresurik gabe.

6. Agindutako kudeaketan iruzur, leialtasun eza edo konfiantza-abusu egitea eta beste lankideei, enpresari, bezeroei edo beste edozein pertsonari ebastea, lapurtzea edo iruzur egitea enpresako lokaletan edo lanean beste edozein lekutan aritzean.

7. Enpresaren korrespondentzia edo dokumentuen sekretua haustea edo enpresakoa ez den bati laneko datuak edo isilpeko informazioa ezagutaraztea.

8. Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea edo errespetu falta larria goragokoei, lankideei, menpekoei, bezeroei edo haien bisitariei.

9. Egintzak edo agiriak gezurtatzea, baimenak, lizentziak edo eszedentziak (ordainduak edo ordaindugabeak) eskuratzearren.

10. Eritasuna edo istripua simulatzea. Hutsegitea dela ulertuko da langilea, arrazoi horiengatik bajan egonik, bere gain edo besteren kontura edozein lanetan dabilenean.

11. Sexu jazarpeneko egintzak, enpresako lokaletan, eta edozein sexutako pertsonen kontra.

12. Fitxa, bale edo kontabilitateko agirietan zuzenketak egin edo datuak ezabatzea, jaso beharreko ordainsariak aldatzeari begira.

13. Babeserako gailuak eta tresnak aldatu edo kentzea.

14. Zuzendaritzak edo goragokoek agindutako zerbitzuari edo lanari buruzko gezurrezko informazioa ematea, asmo txarrik ez dela egon nabarmena den kasuetan izan ezik.

15. Norberaren akatsak nahita ezkutatzea, ekonomiari, produkzioari, makineriari, lan tresnei edo lanabesei edo lankideei ere kalteak sortzen ahal dizkieten arren.

16. Enpresaren ibilgailuak erabiltzea baimenik gabe, edo norberarendako erabiltzea, horretarako baimenik izan gabe.

17. Aurreko artikuluko 5., 7. eta 10. zenbakietan astungarri gisa aipatzen direnen ondoriozkoak.

18. Normalean mozkortuta edo toxikatuta egotea.

19. Enpresan hartutako artikuluak enpresaz kanpokoei saltzea.

20. Legearen arabera diziplinako kaleratze baterako arrazoia izan daitezkeen guztiak.

21. Hamabi hilabetean hutsegite arin bat baino gehiago egitea, nahiz eta mota ezberdinetakoak izan, baldin eta lehenaren ondorioz zehapena egon bada.

56. artikulua. Zehapenak.

1. Langileei hutsegiteengatik jartzen ahal zaizkien zehapenak:

a) Hutsegite arinengatik: hitzezko kargu-hartzea, kargu-hartze idatzia.

b) Hutsegite larriengatik: enplegu-soldaten etenaldia, egun batetik hogeita hamarrera artean.

c) Hutsegite oso larriengatik: hogeita hamaika egunetik hirurogeira bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.

2. Zehapenak enpresa batzordeari edo haren ordezkaritzari jakinaraziko zaizkio ukitutako enplegatuari jakinarazten zaizkion egun berean.

57. artikulua. Diziplinako kaleratzea.

Kaleratzeko arrazoiak izanen dira lege indardunek adierazitakoak.

58. artikulua. Hutsegiteen preskripzio epeak.

Hutsegite arinak hamar egunen buruan preskribatuko dira, larriak hogei egunen buruan eta oso larriak hirurogeiren buruan, enpresak hutsegiteaz jakitun egindako egunetik aitzina eta, nolanahi ere, hutsegitea egin eta sei hilabeteren buruan.

59. artikulua. Aurrekarien deuseztapena.

Ezarritako zehapenengatik langileak dituen aurrekariak, berriro hutsegiterik ez bada, epe hauen buruan deuseztutako dira:

a) Hutsegite arinak: sei hilabeteren buruan.

b) Hutsegite larriak eta oso larriak: urtebeteren buruan.

IX. KAPITULUA

Beste xedapen batzuk

60. artikulua. Eskubide sindikalak.

1. Une guztietan legeak xedatutakoari jarraituko zaio.

2. Plantilla handitu edo urrituz gero, langileen ordezkaritza automatikoki egokituko da, azken hauteskundeetako emaitzen proportzionaltasuna, zerrenden eta eskolen artekoa, mantenduz.

3. Halaber, osaera egokituko da une bakoitzean eratzen diren batzordeetan.

61. artikulua. Osotasunarekiko lotura.

Hitzarmen honetako baldintzak orokorrak eta zatiezinak dira.

Jurisdikzio sozialak hitzarmen honetako erabakiren bat zuzenbidearen kontrakoa dela deklaratuko balu, guztiz baliogabe geldituko litzateke, eta bi aldeek konpromisoa hartu beharko lukete berriro negoziatzeko.

62. artikulua. Zuzenbide osagarria.

Hitzarmen honetan aurreikusten ez diren kasuetan, une bakoitzean indarra duten lege eta erregelamenduetan xedatutakoari jarraituko zaio.

63. artikulua. Klausula indargabetzailea.

Hitzarmen honek indarra hartu eta ordura arte aplikagarriak ziren hitzarmen guztiak indarrik gabe utziko dira.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

2006 eta 2007ko ordainsariak

1. 2006rako, eta 2006ko urtarrilaren 1etik aitzinera, behin-behinekoz %2 igoko dira ordainsariak 2005eko abenduaren 31n ordainsarietako kontzeptu hauek zuten baliotik abiatuta:

_Mailaren araberako soldata.

_Gaueko txandaren plusa.

_Osagarri pertsonala.

_Aparteko orduak.

_Bigarren xedapen iragankorra: jaiegun plusa.

Balio horiek 2006ko Soldaten Taulen eranskinean ageri dira.

2. 2006ko Estatuaren egiazko KPIa %2 baino altuagoa bada, diferentzia hori ere gehituko da ordainsari kontzeptu berberetan, 2006ko urtarrilaren 1eko atzerako eraginarekin.

3. 2007rako, eta 2007ko urtarrilaren 1etik aitzinera, behin-behinekoz %2 igoko dira ordainsariak 2006ko abenduaren 31n ordainsarietako kontzeptu hauek zuten baliotik abiatuta:

_Mailaren araberako soldata.

_Gaueko txandaren plusa.

_Osagarri pertsonala.

_Aparteko orduak.

_Bigarren xedapen iragankorra: jaiegun plusa.

4. 2007ko Estatuaren egiazko KPIa %2 baino altuagoa bada, diferentzia hori ere gehituko da ordainsari kontzeptu berberetan, 2007eko urtarrilaren 1eko atzerako eraginarekin.

LEHENBIZIKO XEDAPEN IRAGANKORRA

Garraiorako plusa

1. Osagarri hau benetan lan egin den egun bakoitzeko ordaintzen da, lantokirako joan-etorriek sortutako garraio gastuak konpentsatzeko.

2. Lanaldi berezia zuten eta 1992ko apirilaren 13ra arte enpresaren autobusa erabiltzen ahal zuten pertsonendako besterik ez da mantenduko plus hori. Eskubidea sortzen da pertsona horietako bakoitzak, banan-banan, enpresak pagatutako garraiobideari uko egiten dionetik.

Honako lankide hauek dute garraiorako plusa jasotzeko eskubidea:

M.ª Pilar Escudero Castrillo.

Rosa M.ª Escudero Castillo.

Dolores Molina González.

Fco. Javier Gonzalo De Carlos.

Alberto Lopetegui Allo.

Agustín Ibarrola Villava.

Máximo Casado Aguas.

José Luis Miramón Martínez.

Jesús Ramón Azcona Morentin.

Gloria Yubero Sacristán.

Celestina Yera Gutierrez.

M.ª Aranzazu Lasarte Echavide.

Roberto Apat Bobadilla.

N. Fabiola Armendáriz Irurita.

Josefina Serrano Cañamares.

Luis Enrique Pejenaute Yunca.

M.ª Pilar Zaragüeta Urrutia.

3. Lantokian, eguneko 8 ordu baino gutxiagoko lanaldia dutenek ez dute kontzeptu hori dela-eta dirurik jasoko. Plus honen balioa 1,93 euro izanen da.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Jaiegunetako plusa

1. 2001ean, enpresak nabarmen aldatu zituen lan baldintzak. Horren ondorioz, astean 5 aldiz lan egin beharrean, 7 lan egiten hasi zen.

2. Aldaketa horrek ukitutako langileei jaiegun plusa pagatuko zaie benetan lan egindako egun bakoitzeko. Hona hemen zenbatekoak:

_Larunbateko goiz eta arratsaldeko txanda eta igande gauekoa:

TARTEAK LARUNBATEKO PLUSA (euroak)

Lehen 10 larunbatak 0

11.etik 20.era 27,66

21.etik 30.era 54,08

31.etik aurrera 75,45

_Igandeko goiz eta arratsaldeko txanda eta larunbat gauekoa 88,03 euro.

2006an eta 2007an lehen xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraituko zaio.

3. Langile hauek izanen dute plusa jasotzeko eskubidea:

Apat Bobadilla, Roberto.

Armendáriz Irurita, Natividad F.

Azcona Morentin, Jesús Ramón.

Benifayo Arizcuren, Susana.

Burguete Artigas, M.ª José.

Carmona Ramírez, Luis Fernando.

Casado Aguas, Máximo.

Escudero Castrillo, M.ª Pilar.

Escudero Castrillo, Rosa M.ª

Fernández Fernández, M.ª Flor.

Gómez López, Heloise.

Gonzalo De Carlos, Fco. Javier.

Ibarrola Villava, Agustín.

Iturralde Baquedano, M.ª Rosario.

Lasarte Echavide, M.ª Aranzazu.

Lecumberri Echalecu, Edurne.

Molina González, Manuela.

Pejenaute Yunca, Luis Enrique.

Lazcano Martín, Sebastián.

Lopetegui Allo, Alberto.

Serrano Cañamares, Josefina.

Somovilla Cedrún, César.

Tamayo Amezcua, Juana.

Urrestarazu Ondarra, M.ª Rosa.

Viteri Palacios, M.ª Pilar.

Yera Gutiérrez, Celestina.

Yubero Sacristán, Gloria.

Zaragüeta Urrutia, M.ª Pilar.

Marín González, Ignacio.

Molina González, Dolores.

Miramón Martínez, José Luis.

2006KO ORDAINSARIEN TAULEN ERANSKINA

1 890,99 1,06 11,27 14,10

2 957,48 1,14 11,27 14,10

3 999,51 1,20 11,27 14,10

4 1.048,38 1,25 11,27 14,10

5 1.136,51 1,38 12,64 15,80

6 1.159,05 1,40 12,64 15,80

7 1.185,06 1,44 12,64 15,80

8 1.207,71 1,47 12,64 15,80

9 1.230,25 1,50 12,64 15,80

Iragarkiaren kodea: F0606691