66. ALDIZKARIA - 2006ko ekainaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

101/2006 FORU AGINDUA, maiatzaren 17koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, ezgaitasunak dituzten pertsonen arloan aritzen diren irabazi asmorik gabeko entitateentzako oporretarako programetarako dirulaguntzen 2006. urteko deialdia onesten duena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legeko 3. artikuluan xedatzen denez, Nafarroako Foru Komunitateko agintariek ezgaitasunak dituzten pertsonen arloko jarduketak sustatu edo bultzatuko dituzte. Agindu hori Foru Komunitateak gizarte laguntzaren arloan duen eskumenaren arabera eman zen. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztauaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan xedaturikoarekin bat, Espainiako Konstituzioko 49. artikuluan xedaturikoarekin harremanetan jarri behar da. Horren arabera, agintariek ezgaitasun fisiko, zentzumenezko eta psikikoak dituzten pertsonak tratatu, gaiberritu, integratu eta haien arazoei aurrea hartzeko politika eginen dute.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren bidez onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko ematen diren dirulaguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du. Dirulaguntzak eman aitzin, organo eskudunak haien arauak ezarri beharko ditu, argitaratu beharko direnak. Horrela jarduerak egiten dituztenek eta deialdiaren xede den egoeran daudenek eskuratzen ahalko dituzte.

Urtarrilaren 26ko 20/2004 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko estatutuak onetsi ziren. Erakunde harixe eman zitzaizkion deialdi honen xede den arloari buruzko eginkizunak.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek dirulaguntza hauen egokitasuna eta haien onura publikoa eta deialdiaren eta haren arauen legezkotasuna adierazten dute, hurrenez hurren.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuak emandako eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Ezgaitasunak dituzten pertsonen arloan aritzen diren irabazi asmorik gabeko entitateentzako oporretarako programetarako dirulaguntzen 2006. urteko deialdiko arauak onestea. Foru agindu honen 1. eranskinean ageri dira arauak.

2. 38.218,00 euroko gastua baimentzea, 2006ko aurrekontuko "Turismo eta oporretarako programetan parte-hartzeko laguntzak, ezintasunak dituzten pertsonendako" izeneko 923001-93530-4809-231302 kontusailetik.

3. Foru agindu hau Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Boluntario, Elkarte eta Programa Atalari eta Ekonomia eta Administrazio Atalari jakinaraztea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko maiatzaren 17an._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

1. ERANSKINA

Ezgaitasunak dituzten pertsonen arloan aritzen diren irabazi asmorik gabeko entitateentzako oporretarako programetarako dirulaguntzen 2006. urteko deialdiko arauak

1. Helburua, aplikazio eremua eta modalitateak.

1.1. Xedea.

Deialdi honen xedea ezgaitasunak dituzten pertsonen arloan aritzen diren irabazi asmorik gabeko entitateentzako oporretarako programak 2006an kofinantzatzeko dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea da, pertsona horiei laguntzen dieten entitateek aisialdirako eta osasunaren sustapenerako jarduerak egin ahal ditzaten, oporretarako eta bainuetxeko tratamenduetarako bidaien bidez.

Programa horien helburuak dira ezgaitasun psikiko, fisiko edo zentzumenezkoak dituzten pertsonek aisialdia eta osasuna ingurune egokitu eta normalizatu batean gozatzea eta ahaideei eta zaindariei atsedenaldiak ematea.

Horrekin batera, programen bidez taldeak sortu nahi dira eta talde horien kideek parte-hartu eta elkarlanean aritzea, partaideen gaitasun sozialak garatzen eta haiek integratzen. Hori dena Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuak kudeatzen dituen prestatzio, programa eta zerbitzuen osagarri.

1.2. Aplikazio eremua.

Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak ezgaitasunak dituzten pertsonen arloan ari diren irabazi asmorik gabeko Nafarroako entitateendako dira.

1.3. Aurkeztu beharreko programa motak.

_Oporretarako eta turismorako programa. Horren xedea da ezgaitasunak dituzten pertsonak ahalik eta gehien integratu eta gizarteratzea, txanda normalizatuen bidez, aisialdia, kultura eta natura gozatu ahal dezaten, eta ezgaitasunak dituzten pertsonez arduratzen diren familiei atsedena ematea.

_Bainuetxetarako programa. Horren xedea ezgaitasunak dituzten pertsonen bizi kalitatea eta autonomia sustatzea da, bainuetxeko tratamenduetarako txanden bidez, osasuna gozatu ahal dezaten.

2. Entitate eskatzaileen betebeharrak.

Ezgaitasunak dituzten pertsonen arloan, haien beharrak asetzen ari diren irabazi asmorik gabeko Nafarroako entitateak izaten ahalko dira arau hauetan aurreikusten diren dirulaguntzen onuradun.

Aurkezten diren entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta dagokion erregistroan inskribatua egotea:

_Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Elkarteen Erregistroan.

_Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren Entitateen, Zerbitzuen eta Zentroen Erregistroan.

_Entitatearen izaera juridikoagatik bidezko izan daitezkeen horietan.

b) Irabazi asmorik ez edukitzea.

c) Estatutuetan, ezgaitasunak dituzten pertsonendako jarduerak prestatzea erakundearen xedea dela espresuki agertzea.

d) Egoitza Nafarroako Foru Komunitatean edukitzea. Hori a) letran aipatzen den erregistroko inskripzioaren bidez frogatuko da.

e) Zergei buruzko betebeharrak, Gizarte Segurantzarekiko nahiz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea, edo, bestela, entitate horiekin ordainketa geroratu edo zatikatzeko itun bat lortu dela frogatzea.

f) Helburuak bete ahal izateko egitura egokia eta langile eta baliabide nahikoak izatea eta proposaturiko helburuak lortzeko behar den esperientzia eta gaitasun operatiboa frogatzea.

g) Aldez aurretik deialdiko edozein modalitatetarako dirulaguntzarik jaso badu, entitateak egiaztatu beharko du betetzen dituela dirulaguntzak emateko ebazpenetan ezarritako betebeharrak.

h) Dirulaguntzen onuraduna izateko dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debeku egoeretan ez egotea.

Aipatutako baldintza horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta lagundutako jarduerak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.

3. Dirulaguntzaren xede diren proiektuen baldintzak.

3.1. Dirulaguntza jasotzeko, proiektuek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Dirulaguntzen printzipio, helburu eta xedeekin bat etortzea, deialdia onesten duen foru aginduan eta arau hauetariko lehenbizikoan xedaturikoaren arabera.

b) Finantzaketa berezko funtsetatik edo bestelako dirulaguntza publiko edo pribatu batzuetatik edukitzea.

c) Entitateek definizio hauek hartuko dituzte kontuan, aurkezten den proiektuan adierazi beharko direnak:

_Proiektua: entitate berak programa guztien multzoa.

_Programa: mota bereko txanda guztien multzoa.

_Txanda: talde homogeneo batek toki eta egun jakinetan egiten duen oinarrizko unitatea da. Horrek esan nahi du taldeko kide guztiendako postuaren kostua bera dela. Txanda bakoitzean sartu eta itzultzeko egunak sarturik egonen dira. Gauak egunak baino bat gutxiago izanen dira.

_Koordinatzailea: Dirulaguntza hartzen duen entitateak izendaturik, txandaren orotariko arduradun lanetan diharduena. Txanda bakoitzean nahitaez koordinatzaile arduradun batek agertu beharko du.

_Begiraleak eta laguntzaileak: koordinatzaile arduradunarekin batera taldea koordinatzen eta txanda antolatzen dihardutenak, programaren helburuak lortu ahal izateko. Onuradunei lagundu behar diete eguneroko bizitzan, hala eskatzen badute.

d) Entitate eskatzaileek proiektu bana aurkeztuko dute, programa bana edo bina biltzen ahalko dituztenak, lehen aipatu diren moten arabera. Proiektu hori estatutuetan beretan zehazten den ezgaitasuna duten pertsonendako izanen da.

3.2. Programek bete beharreko baldintzak.

_Programan Nafarroako Foru Komunitateko pertsona ezgaituek parte-hartzea.

_Programa ezgaitasunak dituzten pertsona guztiei irekirik egotea, betebeharrak betetzen badituzte, programa kudetzen duen entitatean sarturik ez egonik ere.

_Talde onuradunaren arabera txandetan egituraturik egotea, gutxienez ere zazpi egunez eta gehienez hamabost egunez.

_Txanda laburragoak aurreikusten ahalko dira, helburua kultur jardueretan edo aparteko ekitaldietan parte-hartzea denean edo taldearen inguruabar bereziengatik hala komeni denean.

_Txandak gehienbat hoteletan edo antzekoetan, non sartzea erraza baita eta zeinak taldearendako egokiak baitira.

_Txanda bakoitzak koordinatzaile arduradun bat, dirulaguntzaren xede den entitatearen izenean arituko dena, begirale eta hala bada laguntzaile lanetan aritzeko gai diren pertsonak izatea, parte-hartzen duten pertsonek behar adina eta pertsona horiek ezgaitasun eta menpekotasun motara egoki direnak. Gutxienez ere bat izanen da ezgaitasun larriak dituzten lau pertsonako.

_Txanda bakoitzak hamabost ezgaitutik hogeita hamar bitarte izanen ditu. Salbuespenez, behar diren arrazoiak emanda, pertsona gehiago edo gutxiagoko txandak antolatzen ahalko dira.

_Onuradunek parte-hartzeagatik pagatu beharreko kuota ezartzea, ez koordinatzaileengatik edo begirale eta laguntzaileengatik.

_Entitateak aurkezturiko administrazio eta kudeaketa gastuek proiektuaren kostu osoaren %10 ez gainditzea.

_Hautatzeko irizpide edo baremo hauek erabiltzea: ezgaitasun handiena, behar sozioekomiko handiena, familia ugariko kide izatea (kategoriaren arabera), aurreko deialdietan parte-hartu ez izana eta ahaideen atseden beharra.

_Salbuespen gisa, onuradunen lehen mailako ahaideek parte-hartzen ahalko dute, familiaren batasuna indartzeko. Pertsona horiek oso-osorik pagatu beharko dute postua.

_Onuradun adingabeen edo babespean edo egitezko zaintzan daudenen kasuan, bidaia egin ahal izateko gurasoen, tutoreen edo zaintzaileen baimena aurkeztea.

_Aseguru poliza edukitzea, gutxienez zauritu edo gaixoen osasun garraioa, joan-etorrien gastuak edo ospitalean asegurudunaren laguntzaile edo ahaide baten egonaldia, asegurudun zenduaren joan-etorria, garraiobideen istripu asegurua eta asegurudunaren erantzukizun zibil pribatua estaltzen dituena.

_Erabiltzaileek txandetan dirulaguntza bana edukitzea. Beste txanda batzuetako inskripzioa ez da finantzatuko, beste elkarte baten bidez parte-harturik ere. Salbuespen gisa, postuak eskabideak baino gehiago direnean, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak baloratuko du pertsona bera txanda bat baino gehiagotara joateko aukera.

_Entitate batzuen aldi baterako batasunak aurkezturiko proiektuak onartuko dira.

3.3. Entitateen erantzukizuna:

_Garraio enpresak kontratatzea, postuak erreserbatzea, ostatu eta zerbitzua ematea.

_Egutegia antolatzea.

_Aseguruak kontratatzea.

_Oporretan egin beharreko jardueretarako programa ezartzea.

_Programa burutzeko behar diren langileak kontratatzea.

_Behar diren boluntarioen parte-hartzea eta prestakuntza erraztea.

_Programa zabaldu eta argitaratzea, bertan parte-hartzeko erraztasunak emateko.

_Onuradunak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak aldez aurretik ezarri eta ezaguturiko irizpide eta prozeduren arabera hautatzea.

_Aurrekontua zuzentasunez administratzea.

_Programa baloratu eta ebaluatzeko behar diren agiriak prestatzea.

_Dirulaguntzaren zenbatekoaz burutu beharreko behin betiko txandak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari jakinaraztea.

_Programa burutzeko harturiko dirulaguntzen gastua Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren aurrean justifikatzea.

4. Eskabideen aurkezpena.

4.1. Eskaera non eta noiz aurkeztu.

Entitate interesatuek eskabide bat aurkeztu beharko dute, horretarako prestatu den ereduaren arabera. Eredu hori Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko bulego nagusietan (González Tablas kalean, zk.g.) eta erakunde beraren www.cfnavarra.es/inbs webgunean eskuratzen ahalko da.

20 egun naturaleko epea izanen da eskabideak, entitate interesatuaren legezko ordezkariak izenpetuak, aurkezteko, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Eskabideak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko erregistroan (González Tablas, zk.g., 31005 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Jurudikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako tokietan aurkezten ahalko dira.

Postetxeetean aurkezten diren eskaerak kartazal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen. Gainera, entitate interesatuak, egun berean, fax baten bidez, jakinarazi beharko dio Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari eskaera igorri duela.

4.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideak horretarako ereduaren arabera prestatuko dira eta entitatearen ordezkariak behar bezala izenpetuko ditu. Haiekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

4.2.1. Entitate eskatzaileari buruzko agiriak. Agiri horiek ez dira aurkeztu behar Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak baldin badauzka, entitate interesatua ezgaitasunak dituzten pertsonen arloko irabazki asmorik gabeko entitateendako dirulaguntzen deialdian aurkezteagatik.

a) Elkarte edo entitatearen estatutuak.

b) Eskabidea sinatzen duen ordezkariari emandako ahalordea egiaztatzen duen agiria eta haren nortasun agiri nazionala.

c) Kasuan kasuko inskripzioa bidezko diren erregistroetan egin dela frogatzen duten agiriak:

_Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Elkarteen Erregistroko inskripzioaren egiaztagiria.

_Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuko Entitate, Zerbitzu eta Zentroen Erregistroan sarturik dagoela justifikatzen duen agiria.

_Entitatearen nortasun juridikoa dela medio, beste edozein inskripzioren egiaztagiria.

d) Identifikazio fiskaleko txartela.

e) Hala behar izanez gero, eta 11. arauko 4. idatz-zatian aurreikusitakoari dagokionez, dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsen aurretiazko hornidura justifikatzeko txostena.

f) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea, administratzaileak eta ordezkariak dirulaguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela dioena. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko Foru Lege Orokorreko 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

g) Transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 13. artikuluko 8. idatz-zatian eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeko 9. artikuluko 4. idatz-zatian xedaturikoarekin bat, Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar baditu edo honek badauzkan datuak badira, a), b), c), d) eta g) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik ez dago. Kasu horietan, agiri horietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren adierazpen bat egiten ahalko da, inguruabar hori azaltzen duena.

4.2.2. Proiektuei buruzko agiriak.

A) Entitatearen jarduerei buruzko orotariko agiriak. Agiri horiek ez dira aurkeztu behar Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak baldin badauzka, entitate interesatua ezgaitasunak dituzten pertsonen arloko irabazki asmorik gabeko entitateendako dirulaguntzen deialdian aurkezteagatik.

a) Entitatearen memoria tekniko laburra, hark 2005ean egin baina Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren dirulaguntzarik hartu ez zuten programak laburki garatuz eta erakunde horrek urte berean finantzaturiko programen zerrenda aurkeztuz.

b) Entitateak 2005ean izaniko dirusarrera eta gastuen zerrenda.

c) Entitatearen proiektuaren azalpen laburra. 2006an egin asmo diren baina Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren dirulaguntzaren xede izanen ez diren programak laburki garatuko dira eta urte berean dirulaguntzaren xede izan daitezkeen programen zerrenda aurkeztu.

d) 2006rako entitatearen dirusarrera eta gastuen orotariko aurrekontua.

B) Aurkezturiko proiektuari buruzko berariazko agiriak:

a) 2005eko memoria tekniko eta ekonomikoa, 2006an dirulaguntzaren xede izan daitekeen programa bakoitzarena. Memoria hori deialdi honetako hamaikagarren arauan xedaturikoarekin bat aurkeztuko da.

b) 2006ko memoria tekniko eta ekonomikoa, urte horretan finantzatu baina 2006an dirulaguntzaren xede izanen ez den programa bakoitzarena. Memoria hori deialdi honetako hamaikagarren arauan xedaturikoarekin bat aurkeztuko da.

c) Dirulaguntza jaso nahi duten programak biltzen dituen proiektua, ondokoa zehazturik:

_Izena.

_Helburuak.

_Epeak.

_Postu kopurua, txanden eta destinoen arabera banaturik.

_Txanden iraupena.

_Eginen diren jarduerak.

_Giza baliabideak (zehaztu langile kontratatuak, boluntarioak...).

_Erabiltzaile mota eta behar duten sostengua.

_Onuradunak hautatzeko irizpideak.

_Koordinatzaileak eta begiraleak hautatzeko irizpideak.

_Jarduera zabaltzeko sistemak.

_Boluntarioak erakartzeko sistemak.

_Ebaluazio aurreikuspena (adierazleak ....).

Proiektua eskabide ofizialaren eranskina izanen da eta formatu librean aurkeztuko da.

d) Proiektu ekonomikoa, dirusarrera eta gastuen aurrekontua, finantzazio iturrien aurreikuspena eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari eskaturiko dirua adierazten dituena.

Txanda bakoitzeko gastuak honelaxe banaturik aurkeztuko dira:

_Ostatua eta mantenua.

_Garraioa.

_Jarduerak.

_Zuzeneko langileak.

_Administrazioaren eta kudeaketaren gastuak.

4.3. Eskaerako hutsak zuzentzea.

Aginduzko agiriak aurkeztu ezik, organo instruktoreak entitate interesatuari eskatuko dio akatsa gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen dezala. Adierazio dio, horrela egin ezik, ulertuko dela bere eskabidea bertan behera utzi duela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikuluan xedatu bezala.

5. Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko ahalmena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko eginkizunak Boluntario, Elkarte eta Programa Atalari esleitu zaizkio. Arau hauetan "organo instruktorea" aipatzen delarik, ulertzen da atal horretaz ari dela.

Laguntzak emateko prozeduraz ebazteko eskumena Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak du.

6. Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloratzeko orotariko arauak.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura lehia bidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 17. artikuluko 1. idatz-zatian xedaturikoarekin bat.

Balorazioa bi fasetan eginen da. Lehenbizikoan entitate eskatzailea dirulaguntzaren xede den proiektuaren egile gisa baloratuko da, alegia, hura garatzeko duen gaitasuna, eta bigarrenean, berriz, aurkeztutako proiektua.

Bi faseak elkarrengandik bereizirik baloratuko dira. Hurrengo arauan aipatzen diren irizpide eta puntuazioak erabiliko dira. Fase bakoitzean gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira.

Lehenbiziko fasea baztertzailea da. Beraz, bigarren fasera pasatzeko, entitateek gutxienez ere 70 puntu lortu beharko dituzte:

Proiektua entitate batzuen aldi baterako batasunak aurkezten badu, aski izanen da haietariko batek 70 puntu lortzea.

Dirulaguntzak kobratu ahal izateko, eskabideek, bi faseak baturik, 140 puntu gutxienez lortu beharko dituzte.

7. Balorazio irizpideak.

7.1. Lehen fasea: entitatea proiektuaren egile gisa.

a) Oinegitura (25 puntu):

_Proposatzen diren helburuak beteko direla bermatzeko azpiegitura aski izatea.

_Elkartearen egitura, curriculuma, kaudimen tekniko nahiz ekonomikoa, lokaletan sartzeko erraztasunak eta abar aztertuko dira.

b) Entitateen koordinazioa (10 puntu):

_Aretoak konpartitzea eta elkarteen batasuna izatea.

c) Barne koherentzia (25 puntu):

_Baliabide tekniko eta ekonomikoetara egokitzeko gaitasuna, ukituriko pertsonen beharren eta horiek asetzeko entitateak duen gaitasunaren arteko erlazioa, bazkide kopurua eta egiazko gaitasuna kontuan hartuz proiektuak aldatzeko entitatea prest egotea baloratuko dira.

Halaber, hasierako aurrekontua eta 2005eko azken balantzea elkarrekin bat etortzea ere baloratuko da.

d) Kofinantzaketa (25 puntu):

_Kofinantzaketa hauxe da: entitatearen, bazkide eta/edo erabiltzaileen eta beste entitate batzuen dirusarrerak izatea.

e) Boluntarioak (15 puntu):

_Entitatean boluntarioak izatea, eta haien inplikazio maila.

7.2. Bigarren fasea: Programetan egituraturiko proiektuak.

Programaren alderdi teknikoak baloratuko dira, hots, oinarrien, helburuen, jardueren, epeen, espero diren emaitzen, ebaluzioaren adierazleen, egiaztapenetarako iturrien, baliabide tekniko eta ekonomikoen eta abarren arteko egokitzapen zuzena eta koherentzia. Puntuak honelaxe banatuko dira:

a) Aurkezpena (10 puntu).

Aurkezpena, idazketa, datu ekonomikoen azalpena, kalitatearen adierazleak eta egiaztatzeko aldagaiak hartuko dira kontuan.

b) Helburuak eta esperientzia operatiboa (25 puntua).

Kontuan hartuko da proposaturiko programak bat etortzea entitateen estatutuen helburuekin eta entitateak haiek burutzeko duen esperientzia operatiboarekin bat etortzea.

d) Programetako partaideak (15 puntu).

Programen interesa hartzaileei dagokienez baloratuko da.

e) Kofinantzaketa (15 puntu).

Kofinantzaketa hauxe da: entitatearen, bazkide eta/edo erabiltzaileen eta beste entitate batzuen dirusarrerak izatea.

f) Eskatzailearen eskarmentua dirulaguntza jaso nahi duten programetan (30 puntu).

Proiektuen edo aurreko urteko antzeko proiektuen eraginkortasuna baloratuko da. Proiektuan jarritako helburuen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa eginen da, eta egindakoaren eta pentsatutakoaren arteko aldea neurtuko.

Halaber, aurten proposaturiko helburuak eta aurreko urtean lorturiko emaitzak eta 2005eko programaren egiazko gastua eta 2006rako aurrekontua elkarrekin bat etortzea baloratuko da.

g) Programaren esparrua (5 puntu).

Kontuan hartuko da programaren eragina zein den eta partaideak Foru Komunitate osotik etortzea, entitatearen egoitza non dagoen aitzakotzat hartu gabe.

8. Dirulaguntzaren zenbatekoaren esleipena.

140 puntuak gainditzen dituzten programa guztiak oinarrizko txanda bakoitzeko modulu hauen arabera ("oinarrizko txanda" zortzi egunekoa edo zazpi gauekoa eta 15 pertsona ezgaitu biltzen dituena).

Oinarrizko txandarako dirulaguntza moduluak/Txandaren zenbatekoa.

Ezgaitasun fisikoa duten pertsonak hoteletan: 1.225,00.

Ezgaitasun fisikoa duten pertsonak bainuetxeetan: 4.000,00.

Ezgaitasun fisikoa duten pertsonak aterpetxeetan edo antzekoetan: 750,00.

Buru eritasuna duten pertsonak hoteletan: 1.225,00.

Buru eritasuna duten pertsonak bainuetxeetan: 3.000,00.

Buru eritasuna duten pertsonak aterpetxeetan edo antzekoetan: 750,00.

Ezgaitasun intelektuala duten pertsonak hoteletan: 1.225,00.

Ezgaitasun intelektuala duten pertsonak bainuetxeetan: 3.000,00.

Ezgaitasun intelektuala duten pertsonak aterpetxeetan edo antzekoetan: 750,00.

Zentzumenezko ezgaitasuna duten pertsonak hoteletan: 1.000,00.

Zentzumenezko ezgaitasuna duten pertsonak bainuetxeetan: 2.500,00.

Zentzumenezko ezgaitasuna duten pertsonak aterpetxeetan edo antzekoetan: 700,00.

Dirulaguntzaren xede den txanda oinarrizkoa ez beste denean, dirulaguntzaren zenbatekoa pertsona eta egun kopuruarekiko proportzioan kalkulatuko da.

Balorazio ekonomikoaren ondoriozko zenbateko osoa aurrekontuetan dagoen dirua baino handiagoa bada, kasuan kasuko baremoen aplikazioaren ondoriozko zenbatekoak hainbanatuko dira.

9. Prozeduraren gaineko ebazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Organo instruktoreak txosten-proposamenaren aurretik interesatuei entzuteko bilera bat egin daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

Proposatzen den dirulaguntzaren zenbatekoa aurkezturiko eskabidean ageri dena baino txikiagoa izanez gero, entitate eskatzaileak eskabidea aldatzen ahalko du, gehienez ere hamar egun naturaleko epean, jakinarazten denetik hasita. Betiere, bermatu beharko da aldaturiko proiektuak jatorrizko programaren xede eta ezaugarri berak izanen dituela.

Programaren aldaketa onartu ahal izateko, aldaturiko proiektua hasiera batean eginiko balorazioko tarte berean sartu beharko da. Bestela, entitateak programa hasierako proposamenari hertsiki lotuz burutu beharko du.

Halaber, aldaketaren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposaturiko dirulaguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean baldintza antzekoetan aurreikusiriko kofinantzaketaren batura baino.

Organo instruktoreak aurkezturiko ebazpen proposamena ikusirik, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du dirulaguntzen gainean.

Ebazpena entitate interesatuei jakinaraziko zaie eta hura emateko arauak, dirulaguntza hartzen duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, beste eskaerak ukatzeko arrazoiak adieraziko dira. Emanez gero, dirulaguntzaren helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta gastuak justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira.

Hori deusetan galarazi gabe, ematen diren dirulaguntzak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko iragarki oholean, Iruñeko González Tablas kalean, zk.g., argitaratuko da. Argitalpenean deialdia, programa, dirulaguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua, onuradunak, onarturiko zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua adieraziko dira.

Ebatzi eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpen espres edo isilbidezkoaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedaturikoarekin bat.

10. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko, norbanako edo erakunde publiko zein pribatu batzuek jarduera garatzeko ematen dituztenekin batzen ahal dira.

Hala ere, diru-zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, dirusarrera edo norberaren baliabide batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

11. Dirulaguntzaren ordainketa eta dirulaguntzaren agiriak.

11.1. Aurrerakin gisa ematen den dirulaguntza ordainketa bakar batean pagatuko da, dirulaguntzaren gainean ebaztearekin batera.

Aurreko idatz-zatian aipatzen diren aurrerakinek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Entitateak frogatu beharko du dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar dituela. Horretarako, eskabidearekin aurkeztu beharreko beste agiriekin batera, entitateak txosten bat aurkeztuko du, behar hori frogatuko duena.

b) Aurrerakin hori emateko beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimen berariazkoa, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.

Baldintza horiek bete ezik, dirulaguntza Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 32. artikuluan xedaturikoarekin bat pagatuko da, hiru hilabetetik hiru hilabetera zatitua, arau hauetako 11. artikuluko 2. idatz-zatian xedaturikoarekin bat jarduera egin dela frogatu ondoren.

11.2. Dirulaguntza eman eta hurrengo urteko urtarrilean, entitate onuradunak memoria bat aurkeztuko du jardueraren exekuzioaz. Honako hauek adierazi beharko dira:

a) Entitatearen jarduera osoaren memoria labur bat, 2006ko ekitaldiko dirusarrera eta gastuen orotariko balantzea barne. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak baldin ez badauzka, entitate interesatua ezgaitasunak dituzten pertsonen arloko irabazi asmorik gabeko entitateendako dirulaguntzen deialdian aurkezteagatik.

b) Programen exekuzioari buruzko txosten teknikoa, atal hauek aipatzen dituena:

_Izena.

_Epeak.

_Txanden iraupena eta destinoak.

_Txanda bakoitzera joandako pertsona ezgaituen zerrenda, ezgaitasun mota eta aulki gurpildunik darabilten adierazirik.

_Txanda bakoitzerako itxaron zerrenda.

_Eginiko jarduerak.

_Giza baliabideak (zehaztu langile kontratatuak, boluntarioak...).

_Jarduera zabaltzeko sistemak.

_Aseguru poliza, behar diren estaldurekin.

_Erabili diren laguntza teknikoak.

_Onuradunen parte-hartzea eta poza. Foru Komunitateko ukituen, bazkide kopuruaren eta parte-hartzaileen arteko proportzioa ebaluatuko da.

c) Programaren balantze ekonomikoa, non dirusarrera guztiak zehaztuko baitira, berezko funtsak eta Nafarroako Gobernuaren eta beste entitate publiko edo pribatu batzuetatik etorritako baliabideak zehaztuz. Balantzeak gastu guztiak ere bilduko ditu, honelaxe sailkaturik:

_Ostatua eta mantenua.

_Garraioa.

_Jarduerak.

_Zuzeneko langileak.

_Administrazioaren eta kudeaketaren gastuak.

d) Egindako programaren dirusarreren eta gastuen zerrenda, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzari aplikatua, agiri zenbakia, emailea, kontzeptua, eguna eta diru zenbatekoa zehazturik. Zerrenda horrekin batera kasuan kasuko egiaztagiriak aurkeztuko dira, jatorrizkoak edo behar bezala konpultsaturiko fotokopiak izanen direnak. Banku-laburpenak, gordekinak eta fakturak, igorlearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua eta prezioa adieraziko dituztenak, onartuko dira bakarrik egiaztagiri gisa, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat. Horren bidez fakturazio eginbeharrak arautzeko Erregelamendua onetsi ziren. Jatorrizko fakturak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan aurkeztu izan balira bezala zigilatuko dira, harturiko dirulaguntza justifikatzearren.

Idatz-zati honetan aipatzen den eginbeharra 2006an justifikatzen den dirulaguntzaren zatiari dagokio, 11,2 c) idatz-zatian xedaturikoarekin bat.

Jarduerak dirulaguntzaz gain berezko funtsekin edo bestelako dirulaguntza edo baliabideekin finantzatuak izan direnean, halaxe adierazi beharko da dirulaguntzen xede diren jardueretarako funts horien zenbatekoaren, jatorriaren eta aplikazioaren justifikazioan. Horretarako, dirulaguntzak hartzen dituzten entitateek fakturen zerrenda aurkeztuko dute. Haien xedea bat etorriko da dirulaguntzaren xede den jarduerarekin, agiri zenbakia, kontzeptua, igorlea, data eta zenbatekoa zehaztuz. Entitateak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren esku utziko ditu fakturak, horrek egiaztatu ditzan.

e) Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzizko, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako programaren exekuzioa edo martxa onaren berri emateko.

11.3. Jarduerak dirulaguntzaz gain berezko funtsekin edo bestelako dirulaguntza edo baliabideekin finantzatuak izan direnean, halaxe adierazi beharko da dirulaguntzen xede diren jardueretarako funts horien zenbatekoaren, jatorriaren eta aplikazioaren justifikazioan.

12. Entitate onuradunen betebeharrak.

a) Proiektua entitateak eskabidean eta dirulagutza emateko baldintzetan zehaztu bezala burutzea.

b) Deialdi honetako hamaikagarren arauan aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta bukaerakoak, aurkeztea. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutak finantzaturiko zatia agiriak, hala nola, banku-laburpenak, gordekinak eta fakturak, aurkeztuz justifikatuko da, adierazi denarekin bat. Gastu kofinantzatua gastuen zerrenda bat aurkeztuz justifikatzen ahalko da.

c) Programaren zabalkundean eta publizitatean dirulaguntza nork eman duen adieraztea. Zabalkunde idatzia edo grafikoa egiten baldin bada administrazio emailearen logotipoa paratu behar da, eta dirulaguntza jaso duen entitatearen logotipoaren neurri berean eta ikusteko baldintza berdinetan.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen legeriaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapenak onartzea.

e) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster emanen da haren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

f) Entitatearen ezaugarriak direla-eta, eskatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko betebeharrak betetzea.

g) Deialdi honetan eta aplikatzekoak diren legeetan aurreikusiriko kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako eginbeharrak.

14. Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako dirulaguntza, laguntza edo dirusarrerez gain, dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan harturiko baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari.

Salbuespen gisa, dirulaguntzak hartzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, programaren garapena eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak azalduz gero.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi beharko dira eta, betiere, dirulaguntzaren xede den programa burutzeko epea bukatu baino lehen.

Dirulaguntza emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok dirulaguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, Administrazioak onarturik egonda ere, eta, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da.

15. Laguntza itzultzea.

Programa burutu ezik edo dirulaguntza emateko ezarririko baldintzak bete ezik, Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak egin ezik, harturiko zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean. Legeek aurreikusiriko kasuetan, gainera, bidezko izanen da dirulaguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza korrituak pagatzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedura goian aipaturiko artikuluan xedaturikoari jarraituko zaio eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, dirulaguntza emateko ezarririko baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

16. Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloan ezarririko erantzukizunaren eta administrazio arau-hausteei buruzko zehapen araubidearen menpe egonen dira.

Zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko V. Tituluan xedaturikoari jarraikiz.

17. Deialdiaren eta arauen kontra bidezko diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta arauen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedaturikoarekin bat.

18. Aplikatzekoak diren arauak.

Arau hauetan aurreikusirik dagoenaz gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko xedapenak dira aplikatzekoak.

Iragarkiaren kodea: F0608506