64. ALDIZKARIA - 2006ko maiatzaren 29a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

CADREITAKO ETA VILLAFRANCAKO UDALERRIETAKO ADMINISTRAZIO ZERBITZUEN BATASUNA

Batasunaren Estatutuak

I. TITULUA

Eraketa, izena eta helbidea

1. artikulua. Villafrancako eta Cadreitako udalerriek Cadreitako eta Villafrancako Udalerrietako Administrazio Zerbitzuen Batasuna eratzen dute (hemendik aurrera, Batasuna), elkarrekin antolatzeko eta emateko beren eskumeneko zerbitzuak, estatutu hauen II. Tituluan aipatzen direnak.

Batasun honen antolakuntza eta funtzionamendua estatutu hauek xedatzen dutenari lotuko zaizkio, eta, zerbait ez badago estatutuotan adierazia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeari eta Nafarroako Toki Entitateendako diren gainerako arauei.

2. artikulua. Nortasun juridikoa eta lurralde esparrua. Batasun honek badu nortasun juridiko berezkoa, hura osatzen duten udalerrien nortasunaz bestelakoa. Horrenbestez, gaitasun juridiko osoa izanen du bere helburu berariazkoak betetzearren egin beharreko egintza juridikoetarako.

Batasunaren lurralde esparruak hura osatzen duten toki erakundeen mugapeak hartuko ditu.

3. artikulua. Batasunak Villafrancako udalerrian izanen du bere egoitza, eta zehaztuko den lokalean ezarriko da hura osatzen duten udalerrien zerbitzu tekniko eta administratiboen gunea. Batasunaren organo kolegiatuen bilkurak ere hantxe eginen dira.

Nolanahi ere, behar bezala justifikaturiko kasuetan, hura osatzen duten udalerrietan egiten ahalko dira. Halakoetan, Udalek Batasunari beren egoitzak erabiltzeko baimena eman beharko diote bere organo kolegiatuen bilkurak egin ahal izateko.

II. TITULUA

Batasunaren xedea, eskumenak eta ahalmenak

4. artikulua. Batasunaren xedea da bera osatzen duten udalerrien zerbitzu administratiboak batera ematea eta haiei eustea. Horiek kontu-hartzailetza arlokoak dira, baita beroriei sostengu emateko langilearenak eta aholkularitza teknikoa eman beharrez Batasuneko kideek espresuki erabakitzen dituzten gainerako zerbitzuak ere.

Horretarako, udalerri bakoitzeko kontu hartzailetzako funtzio publiko eta beharrezkoak Batasunaren plantilla organikoan horretarako agertzen den lanpostua betetzen duenari esleituko zaizkio.

Orobat, Batasunak udalerri elkartuei kontu hartzailetzako funtzio publikoetatik heldu diren zerbitzu administratiboak emateaz gain, puntualki eta berrikusteko moduan, bere egoitzetako langile administratiboak atxikiko ditu, udalerri bakoitzak, eraketa dela eta, galdatzen duen moduan eta denboran.

Hasieran ezarritakoa ukatu gabe, Batasunak konpromisoa hartzen du udalerri bakoitza hark eskatutako langileez hornitzeko, galdatutako ordutegitik goiti, eta haren bizkar. Atxikipena, eskatutakoaren eta horren ondoriozko kontratazioaren legezko estalduraren arteko koherentziaren araberakoa izanen da betiere.

Orobat, Mankomunitateak xede izanen du udalen eskumeneko zerbitzuak egitea, udal kideek haien kudeaketarako eskuordetzen badute eta berak onartzen baditu, bereziki honako hauek:

_Udal batek baino gehiagok erabil ditzakeen langile, bitarteko eta zerbitzuak kontratatzea; hala nola artxiboaren kudeaketaren arduraduna (artxibozaina); orobat, hirigintzako aholkularia.

_Herrietako argien mantentze lanak.

Udalen eskumeneko bertze edozein zerbitzutarako eskuordetza egiteko eta Batasunak hura onartzeko, hitzarmena egin beharko da, kasuan kasuko organo eskudunek onetsi beharko dutena; hitzarmen horretan zehaztuko da zerbitzua nola eginen den eta nola finantzatuko den.

Deskribatutako zerbitzuak hobeki kudeatzeko eta bere eskumenak hobeki erabiltzeko, Batasunak hauek egin ahal izanen ditu:

a) Zerrendan agertzen diren gaietan baterako edo bakoitzerako sail berariazkoak eratzea, horietara espresuki atxiki daitezen Batasuneko entitateak.

b) Zerbitzu horiek egiteko beharrezko diren obra eta instalazio guztiak egitea.

c) Arestian aipatu xedeetarako zuzenean nahiz zeharka balio duten jarduera guztiak egitea eta legeriak toki enteei ematen dizkien eskubide eta ahalmen guztiez baliatzea.

5. artikulua. Batasunari dagozkio, betiere bere eskumeneko xede eta edukien barnean, toki araubideari buruzko legeriak udalerrien esku uzten dituen ahalmen hauek:

a) Arauak eta barne antolaketa egitea.

b) Finantza eta zerga arloan bere eskumenak erabiltzerakoan bere jardueratik heldu dena.

c) Bere egintzen zilegitasun eta bete beharraren ustea.

d) Derrigorrezko dirubilketa eta zehapenak jartzea.

e) Bere egintzak ofizioz berrikustea.

III. TITULUA

Indarraldia

6. artikulua. Batasun honen iraupena edo indarraldia mugagabea izanen da eta Batasuna eratzeko batzarra egiten denean hasiko da haren jarduna, Estatutuak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz.

IV. TITULUA

Gobernu organoen antolamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorra

7. artikulua. Batasunaren gobernua eta administrazioa organo hauen esku daude:

a) Batzar Nagusia.

b) Batasuneko burua.

c) Batasuneko buruordea.

II. KAPITULUA

Batzar nagusia

8. artikulua. Batasuneko Batzar Nagusiak Batasuneko udalerriak ordezkatzen ditu eta udal bakoitzak osoko bilkuran izendatuko dituen hautetsiek osatuko dute.

Batzar orokorra jendaurreko bilkuran eratuko da, udal hauteskundeak egin eta hiru hilabeteko epearen barnean. Hala ere, lehen aldiz eraketarako epea hamabortz egunekoa izanen da bere behin betiko estatutuak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen direnetik.

Batzar Nagusia lehendabizikoz eratzeko bilkuran, Batasuneko udalerrietatik eraketa unean populazio txikiena duen udalerriko idazkariak lagunduko du, salbu eta dagokion lanpostua plantillan ezartzen bada edo beste zerbait xedatzen.

9. artikulua. Batasuneko udalerri bakoitzeko 2 kidek osatuko dute Batzarra, eta haietako bakoitzak boto bat izanen du; hau da, Udal bakoitzak boto bat izanen du.

Dena dela, udalerri bakoitzak ordezkari bakoitzetik ordezko bat izandatzen ahalko du, eta, betiere, zehaztuko du zer titularrek izanen duen burutza eta zeintzuek izanen duten dagokien ordezkaritza; bakar batek gauzatu ahalko du ordezkaritza hori botoaren bidez.

Honela eginen da ordezkarien hautapena:

_Udalbatza bakoitzak libreki hautau eta berrituko ditu bere ordezkariak; Batzarreko kide diren zinegotziak berritu egin beharko dira udal hauteskundeetan.

Kide batek bere kargua uzten badu, bai bere borondatez bai beste arrazoi bategatik, hilabeteko epean izendatuko da ordezkoa, aurrekoak kargua uzten duen egunetik aurrera.

10. artikulua. Mankomunitateko batzarkideek, orokorrean, beren kargua utziko dute honelakoetan:

a) Beren udalbatzako kide izateagatik zuten agintaldia betetzean. Horrela izanez gero, Batzarreko kide diren aldetik lanean jarraituko dute beren ondorengoak karguaz jabetu arte. Dena dela, bakarrik administrazio arruntaz arduratuko dira eta bitarteko epe horretan ez da erabakirik hartzen ahalko gehiengo kualifikatua behar bada horretarako.

b) Epai judizial irmoagatik, heriotzagatik, ezgaitasunagatik, Udaleko zinegotzi edo Batasuneko Batzar Nagusiko kide izateko karguari uko egiteagatik. Horrelakoetan, kasuan kasuko Udalak kide berria izendatuko du osoko bilkuran batzartuta.

c) Udalbatzek agindutako errebokazioa eta/edo ordezkapena.

11. artikulua. Batzarrari eskurantza hauek dagozkio:

a) Burua hautatzea eta kargutik kentzea, Estatutu hauetan eta aplikatzekoa den araudian ezarritako eran.

b) Batasuneko buruaren jarduna kontrolatu eta fiskalizatzea.

c) Erregelamendu organikoa eta Batasunaren eskumeneko beste xedapen orokorrak onestea.

d) Zerga bidezko baliabide berezkoak zehaztea, aurrekontuak onetsi eta aldatzea, bere eskumenen barneko arloei dagozkien gastuak xedatzea eta kontuak onestea.

e) Plantilla organikoa, lanpostuen zerrenda, lan eskaintza eta langileak hautatzeko probetarako oinarriak onestea, baita funtzionarioak zerbitzutik kentzeko erabakia hartu eta lan araubideko langileak botatzeko berrespena ematea ere.

f) Kreditu edo bermeei buruzko erabakiak hartzea, kita eta itxoiteak ematea, buruari dagokionean izan ezik.

g) Ondasunak eskuratu eta besterentzea, buruari dagokionean izan ezik.

h) Obra, zerbitzu eta hornidurak kontratatzea, buruari dagokionean izan ezik.

i) Bere zerbitzuak kudeatzeko modua onestea.

j) Egintza administratibo eta judizialak egitea.

k) Beste administrazio publikoekin elkarlanean edo lankidetzan aritzeko hitzarmenak onestea.

l) Legeek espresuki haren gain uzten dituen gainerakoak.

12. artikulua. Batzarrak bere edozein ahalmenetarako eskuordetzen ahal du, osorik nahiz partez, burua, toki araubidearen legeriaren arabera eskuordetu ezin direnak salbu.

13. artikulua. Nafarroako toki entitateen erabakien araubidearen ariora hartuko dira erabakiak. Erabakiak bertan diren udal ordezkarien gehiengo soilaz hartzea izanen da arau orokorra. Gehiengo kualifikatuaren botoa beharrezkoa izanen da, ordea, legeak horrela eskatzen duenean.

Azaroaren 26ko 30/92 Legearen 23. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, buruari dagokio bere botoaren bidez trenkatzea batzarrearen eskumeneko erabakietan izan daitezkeen berdinketak.

Batzarrak bilkura arruntak izanen ditu aldez aurretik ezarritako aldikotasunez, eta bilkura bereziak ere bai, gainera presakoak izan daitezkeenak. Gutienez ere, hiru hilabetetik behin eginen da bilkura arrunta.

Buruak eginen du Batzar Nagusirako deia eta berak finkatuko du bilkuraren gai zerrenda. Deia garaiz eginen da, ordezkari guztiek denbora aski izan dezaten erabiliko diren gaiak aztertzeko.

Deia bilkura ordua baino gutienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago jakinaraziko da, presakoetan salbu erta halakoetan aski arrazoiturik badaude.

Deialditik aitzina, kideek beren esku izanen dituzte espedienteak eta landu beharreko gaiak, horretarako toki egoki batean.

Deietan bilkura zer egunetan, ordutan eta tokitan eginen den adieraziko da.

III. KAPITULUA

Batasuneko burua

14. artikulua. Udal ordezkaritzen kide titular guztiak izanen dira, txandaka eta bi urtetik behin, Batasuneko buru. Hartara, Batasunaren egoitza dagoen udalerrikoa hasiko da eta gero alfabetoaren arabera ondoren datorren udalerrikoa; eta, epea igaro delako, agintaldia bukatzen denean, kargua hartuko du horren ondotik alfabetoz heldu den udalerrikoak, bi urterako, eta horrela segiturik, ordezkapen bakoitza zer legegintzaditan egiten den kontuan hartu gabe.

Nolanahi ere, udalerri elkartu bakoitzak, burutza dagokion ordezkariaren bitartez, uko egiten ahalko dio karguari. Halakoetan, alfabetoaren arabera horren ondotik heldu den udalerriko ordezkariak hartuko du, eta horrela betiere hurrengo kasuetan ere.

Batzarreko gainerako ordezkariek ere, baita lehenago buru ibilitakoak ere, uko egiten badiote burutzari, nahitaez hartu beharko du bere gain burutza azkenekoz izan duenaren ondoko udalerriko ordezkariak, alfabetozko segidari jarraikiz.

15. artikulua. Batasuneko buruak eskurantza hauek ditu:

a) Batasunaren gobernua eta administrazioa zuzentzea.

b) Batasunaren ordezkaria izatea.

c) Batzar Nagusiaren bilkuretarako deialdia egin eta haietan buru izatea.

d) Obrak eta zerbitzuak kontratatzea, aldi bakoitzean indarra duen legeriak udalbatzetako alkate udalburuendako ezartzen dituen baldintza eta kasu beretan.

e) Ekintza judizial nahiz administratiboak egitea presarik izanez gero.

f) Aurrekontuen proiektuak gauzatzea, gastuak xedatzea bere eskumenen mugen barnean eta ordaintzeko agindua eman, dirusarreren formalizazioa dakarten agiriak baimendu eta kontuak aurkeztea. Garapena eta kudeaketa ekonomikoa, onetsitako aurrekontuari jarraikiz.

g) Batasunaren interesetarako arrisku larria dagoenean, bere erantzukizunpean, behar diren neurri egokiak hartu eta haien berri ematea berehala Batzarrari.

h) Ondasun higigarri eta higiezinak kostu bidez eskuratzea, aldi bakoitzean indarra duen legeriak udalbatzetako alkate udalburuendako ezartzen dituen baldintza eta kasu beretan.

i) Ondasunak doan eskuratzea, eskuratze horrek kostu bidezko baldintza edo modalitateren bat dakarrenean salbu, kasu horretan batzarraren eskumena izanen baita hori egitea.

j) Ondasun higigarri eta higiezinak besterentzea, aldi bakoitzean indarra duen legeriak udalbatzetako alkate udalburuendako ezartzen dituen baldintza eta kasu beretan.

k) Legeak espresuki aitortzen dizkion gainerakoak.

l) Zerbitzu administratiboen arloan legeriak udalerriei ematen dizkien eskumenak, beste organoren bati espresuki ematen ez bazaizkio.

16. artikulua. Batasuneko buruak eskuordetze generiko nahiz berariazkoak egin ditzake Batzarreko beste edozein kideren alde, legeak eskuordeezintzat jotzen dituen eskumenak izan ezik.

IV. KAPITULUA

Batasuneko buruordea

17. artikulua. Burua ordezkatzea zein udalerriri dagokion, udalerri haren kide titularra izanen da Batasuneko buruordea, betiere Estatutu hauen 14. artikuluko edukiaren ondorioekin.

Buruordeari dagokio burua haren eginkizun guztietan ordezkatzea, hura kanpoan bada, eri edo bere eginkizunetan aritzeko ezindurik dagoenean, baita burua hautaturik ez dagoenean ere, burua izendatzen den arte.

V. KAPITULUA

Idazkaritza

18. artikulua. Idazkariak akta eginen du bilkura bakoitzean; aukeratzen den pertsonak eginen du lan hori; bestela, egiteko publiko horretarako izendatu edo kontratatzen den pertsonak.

IV. TITULUA

Ondasunak eta zerbitzuak

I. KAPITULUA

Ondasunak

19. artikulua. Batasunaren ondarea osatuko dute bereak dituen jabari publikoko edo ondareko ondasun, eskubide eta akzio guztiek.

20. artikulua. Batasuneko jabari publikoko ondasunak dira erabilera edo zerbitzu publikorako diren higiezinak eta baita legez izaera hori dutenak ere.

21. artikulua. Udalerriek, Batasunean sartzen direnean, dohainik emanen dizkiote Batasunaren titulartasunaren menpe gelditzen diren zerbitzu guzti-guztiei atxikitako aktibo material eta inmaterialak, subrogazioa eginez udal kargetan.

22. artikulua. Batasunak, bere ondasunei dagokienez, legeriak Udalerriendako onartzen dituen eskubide guztiak ditu, bai ondasun horiek babesteko bai berreskuratzeko.

II. KAPITULUA

Zerbitzuak

23. artikulua. Bere xede diren zerbitzuak emateko, Batasunak edozein kudeaketa bide hauta dezake legeak ezartzen dituenen artean.

V. TITULUA

Ogasuna

24. artikulua. Baliabide hauek osatuko dute Batasunaren ogasuna:

a) Dirusarrera berekiak edo zuzenbide pribatukoak.

b) Isunak.

c) Batasunean sartzen diren udalerrien ekarpenak.

d) Dirulaguntzak eta zuzenbide publikoko bestelako dirusarrerak.

e) Kreditu eragiketetatik heldu direnak.

f) Bere eskumeneko jarduerak egiteagatik edo zerbitzuak emateagatik jasotzen diren tasak.

Udalerri elkartuen ekarpenak eginen dira:

1. Udalerri bakoitzaren biztanle kopuruaren arabera, Batasuna ezartzeko gastuak eta eginkizun publikoak betetzen dituzten langileenak, eta laguntzeko langileenak, Batasunaren eskumenen baitan; langile horiengatiko ekarpenak aldatzen ahalko dira udal bakoitzari benetan ematen dizkioten zerbitzuak kontuan izanik.

2. Oso-osorik eta hurrenez hurren, eskatzen diren gainerako zerbitzuetan (artxibozainaren eta hirigintza aholkulariaren zerbitzuetan eta udalerri elkartu bakoitzak behar dituen besteetan) erabiltzen diren bitartekoen kostuaren arabera.

25. artikulua. Batasunaren dirusarrerak halako zerbitzu edo jarduera baten ondoriozko eginbeharrak betetzeko izanen dira, haiek finantzatzeko ezarri edo bildu baitira.

26. artikulua. Batasunak ahalmena du Nafarroako Gobernuari eskatzeko hura osatzen duten udalerriek berarekin dituzten zorrak ordaintzeko, udalerri zordunari Transferentzia Arrunten Fondoan duen partaidetzatik behar diren diru-kopuruak kenduz.

VI. TITULUA

Langileria

27. artikulua. Batasunaren zerbitzuko langileak funtzionarioak, kontratudun finkoak edo aldi baterakoak eta behin-behinekoak izanen dira, legerian eta plantilla organikoan xedatutakoarekin bat.

Entitate berrian eta honek dirauen bitartean sartzen diren udalerrietako administrazioko funtzionarioen kasuak aparte utzirik, kontu hartzailetzako eginbehar publikoak egiteko ezartzen diren langileak baizik ez dira izanen funtzionario, eta horrela agertuko da Batasunaren plantillan; beste langile batzuk ere funzionario izaten ahalko dira, baldin eta Batasunak beste eginbehar publiko batzuk hartu eta haiek gauzatzeko funtzionarioak behar badira.

Behin-behineko langileak ez diren gainerakoak, administraziokoak nahiz laguntzarako teknikariak izan, lan-kontratudunak izanen dira.

Batzarrak ekitaldi bakoitzerako zehazten dituen doiketak edo zuzenketak ukatu gabe, Batasuneko langileek (artxibozainak, hirigintzako aholkulariak) udalerri bakoitzean zerbitzuak ematen iragandako denborak eraginen du haien finantzaketarako ekarpenak zehazteko sisteman.

VII. TITULUA

Aldaketa eta desegitea

28. artikulua. Estatutuak eta, beraz, Batasuna aldatzeko arrazoiak izanen dira bere lurralde esparrua aldatzeagatik (udalerri batzuk sartu eta/edo atera) eta/edo eskumen gehiago bereganatzeagatik.

Kasu batean nahiz bertzean, bidea Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legearen 50.3 artikuluan ezarritakoa izanen da.

29. artikulua. Udalerri bat edo gehiago Batasunean sartzeko bide hauetariko bat erabiliko da:

a) Udal interesatuak eskatzea.

b) Batzar Nagusiaren adostasun txostena; horretarako erabakia hartuko da gehiengo osoaren botoaz.

c) Jendaurreko epea, hilabetekoa.

d) Epe hori igaro eta inork ez badu alegaziorik aurkezten, atxikipena behin betikotzat hartuko da. Bestela, Batzarrak aurkezten diren erreklamazio edo iradokizunak ebatziko ditu eta behin betiko erabakia hartuko, horretarako ere gehiengo osoaren botoa beharko delarik.

e) Udalerri sartu berriak, zenbat biztanle dituen, horren araberako ekarpena egin beharko du Batasunaren aktiboan, sartzeko momentuan egiten den balorazioaren arabera.

30. artikulua. 1. Kide bat Batasunetik berezi ahalko da, betiere egiaztatzen badira bai lege babesa bai Batasunaren zerbitzua berak bakarrik emateko ahalmen ekonomikoa. Hona bereizteko arrazoiak:

a) Udalerriak berak eskatzea.

b) Udalerriak Batasunarekin dituen obligazioak behin eta berriz ez betetzeagatik. Ateratzeko arrazoia azken hori bada, Batasunak berak hartuko du erabakia, aurreko artikuluaren b), c) eta d) ataletan ezarritako prozedurei jarraikiz.

2. Nola nahi den ere, Batasunak eta delako udalerriak elkarrekiko dituzten obligazioak eta eskubideak nola likidatu erabakiko dute.

3. Udalerri batek edo batzuek Batasuna utzi dutelako zenbait lanpostu beharrezkoak suertatzen ez badira, bi aukera hauek egonen dira: Udalak bere plantilla organikoan sar ditzake funtzionarioak ez diren Batasuneko langileak edo, bestela, Batasunak kontratu horiek iraungitzetik sortutako ondorio ekonomikoak bere gain har ditzake.

31. artikulua. Batasuna desegiteko, toki araubideko legerian Estatutuak aldatzeko ezarri tramite berberak egin beharko dira.

Batasuna desegindakoan, udalerriak izanen dira hark hartutako obligazioen erantzule, haren gastu bakoitza finantzatzeko ezarritako irizpideei jarraikiz.

Era berean, irizpide horixe bera erabiliko da udalerri bakoitzak Batasuneko ondasun eta eskubideetan duen partaidetza zehazteko.

Batasuneko kide diren udalerriek aukera izanen dute toki entitate horren langileetan funtzionario ez direnak Udal batek berak bakarrik hartzeko edo, bestela, lan kontratuak iraungitzetik sortzen diren ondorio ekonomikoen erantzukizuna hartzeko, bakoitzaren atxikipen denboraren arabera. Hala ere, funtzionario ez diren langileak Batasunean sartu badira Batasuneko udalerriren batekin lehenagotik kontratua izateagatik, jatorrizko administraziora itzuliko dira, eta horrek nahi bezala hautatuko du aipatu diren bi aukera horien artean.

Batasuneko funtzionarioek, entitate hori desegitean, bere egoera administratiboaren arabera aukera hauek izanen dituzte:

_Hasierako administraziora itzultzea, Batasuneko langile horiek hartan sartu badira abuztuaren 30eko 251/93 Legegintzako Foru Dekretuaren 12. xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraikiz.

_Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legearen VII. tituluko II. kapituluko 1., 2. eta 3. sekzioetan aurreikusten diren merezimendu lehiaketetan parte hartzea.

_Batasuna desegitetik funtzionariek bere lanpostu berrien jabetza hartzen duten arte, Batasuneko kideek haien lansari osoak ordaindu beharko dituzte, bakoitzak bere populazioaren arabera.

ARAUBIDE IRAGANKORRA

Lehenbizikoa._Batasunak bere gain hartzen ditu Batasuneko udalek dituzten eskubide eta obligazio guztiak, nahitatezko administrazio zerbitzuak egiteko, Batasuna osatuko duten udalerrietan, salbu eta elkarte berrian automatikoki sartzen ahal ez diren langileekin kontratuak izateagatik zituzten konpromisoetatik etorritako obligazioak.

Batasuneko udalerrietako funtzionarioak, Batasunak indarra hartzen duen unea arte haren eginkizunetan eta zerbitzuetan ari zirenak, sortutako entitate berriaren funtzio publikoaren antolaketan sartuko dira, hark indarra hartzen duenean, abuztuaren 30eko 251/93 Legegintzako Foru Dekretuaren hamabigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraikiz.

Orobat, funtzionarioak ez diren udalerri batuetako langileei dagokienez, aukera izanen da elkarte berrian beren borondatez sartzeko jatorrizko administrazioan zuten kontratuaren eduki bera izanik, edo, bestela, bakoitzak bere udalerriarekin zuen kontratua deseginik.

Bigarrena._Estatutu hauek indarra hartzen dutenetik aitzina, hamabost eguneko epean, Batasuneko udalerri guztien ordezkariei dei eginen zaie Batzar Nagusia eratzeko bilkurara etor daitezen. Estatutu hauetako 8. artikuluko azken lerroaldeak xedatuari jarraikiz idazkaritza lanak nori dagozkion, hark eginen du bilkura horretarako deia, eta hartan Batasuneko burua hautatuko da.

Horrez gain, Batzarraren aburuz presakoak diren gaiak eztabaidatzen ahalko dira.

Hirugarrena._Batasunak indarra hartzetik plantilla organikoan sarturiko lanpostu bakoitza kontratatu eta/edo izendatzeko hautapen prozedurak burutu arte gibelatuko da Batasunaren xede diren zerbitzu administratiboak egitea.

Epe horretan eta udaletatik heldu direnen kasuak aparte utzirik, indarra izanen dute aipatu administrazio zerbitzuak egiteko Batasuneko udalerrietan formalizatu diren kontratuek, eta epe hori bukatzearekin batera iraungiko dira eta/edo amaiera emanen zaie.

Cadreitan, 2006ko apirilaren 11n._Alkatea, Alfonso Montori Prat.

Iragarkiaren kodea: L0607045