62. ALDIZKARIA - 2006ko maiatzaren 24a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

280/2006 EBAZPENA, martxoaren 30ekoa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Lan zuzendari nagusiak emana, Iruñeko "Fundación Argibide" enpresaren lan hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 46/2006).

Ikusirik Iruñeko "Fundación Argibide" enpresaren lan hitzarmen kolektiboa, negoziazio batzordeak sinatua (espediente zenbakia: 46/2006).

Gertakariak:

1. Departamentu honetan 2006ko martxoaren 23an sartu da aipatu enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua, 33 artikuluz osatua, enpresaren ordezkariek eta langileen delegatuak (CCOO) 2006ko martxoaren 10ean izenpetu eta onetsia.

2. Espediente honen tramitazioan, aplikatu beharreko lege eta erregelamenduen manuak bete dira.

Zuzenbideko oinarriak:

1. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak bere esku du lan hitzarmen kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzea, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan ezarrita dagoen bezala eta Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuarekin bat, baita irailaren 23ko 334/1996 Foru Dekretuarekin ere, departamentu honi Estatutik transferitutako lan zerbitzuak esleitzen dizkionarekin, alegia.

2. Maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuaren bigarren artikuluak agintzen du Langileen Estatutuaren III. Tituluan ezarritakoaren arabera egindako hitzarmenak hitzarmen kolektiboen erregistroan inskribatu behar direla.

3. Hitzarmen kolektiboak gordetzea, erregistratu ondoren, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren eskumena da, zuzenbideko oinarrietako lehenbizikoan aipatutako manuen arabera.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluaren bidez eman dizkidaten eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Iruñeko "Fundación Argibide" enpresaren lan hitzarmen kolektiboa (kodea: 3108382) erregistratzea, Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea.

2. Ebazpen hau Hitzarmenen Erregistrora bidaltzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen honen berri ematea negoziazio batzordeari eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea agortzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal duela Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2006ko martxoaren 30ean._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.

FUNDACION ARGIBIDE ENPRESAREN 2006KO HITZARMEN KOLEKTIBOA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Eremu funtzionala.

Hitzarmen hau Fundación Argibide enpresaren langileei aplikatuko zaie.

2. artikulua. Indarraldia eta iraupena.

Hitzarmenak sinatu eta biharamunean hartuko du indarra. Aurrekoa gorabehera, KPIren igoerari dagozkion ondorio ekonomikoak 2006ko urtarrilaren lehenetik aurrera aplikatuko dira, bestela ezarrita duten arloetan izan ezik.

Hitzarmenak urte bateko iraupena izanen du, 2006ko urtarrilaren 1etik 2006ko abenduaren 31ra bitarte. Epe hori iraganik, hitzarmena garatuz gero eta bertan ezarritako konpromisoak betetzen baldin badira, bi alderdiak ados jarrita, hitzarmenaren indarraldia bi urtez luzatuko da, eta haren aldaketak berariaz azalduko dira.

3. artikulua. Hitzarmenaren amaiera iragartzea eta luzamendua.

Hitzarmenaren indarraldia amaitzean, beste hitzarmenik ezean, lehengoaren arauek segituko dute indarrean.

Halaber, Estatuko KPIren araberako soldata-igoera bermatzen da urtero, beste hitzarmen bat sinatu arte.

Negoziazio berriaren ondorioetarako, hitzarmen honen amaiera espresuki iragarritzat joko da sinatzen den unetik beretik.

4. artikulua. Osotasunarekiko lotura.

Hitzarmen honetan itundutako baldintzek multzo organiko eta zatiezina osatzen dute eta, praktikan aplikatzerakoan, beren osotasunean hartuko dira. Lan arloko agintaritzak edo ukiturikoetariko edozeinek eskaturik, lan arloko jurisdikzioaren arabera, hitzarmen honetako itunen bat ezabatzen baldin bada, itun horiek indargabetuko dira. Ukituriko aldeek negoziaziorako beste mahai bat eratu beharko dute epaia irmo bilakatu eta gehienez ere bi hilabeteko epean, itun horien edukia berriro negoziatu ahal izateko.

5. artikulua. "Ad Personam" bermea-Baldintzarik onuragarriena.

Baldintza ekonomikoei eta lanbide kategoriari buruzkoei dagokienez, hitzarmena sinatzen denean plantillako langileek dituzten onuragarrienak mantenduko dira.

6. artikulua. Jarraipen batzordea.

Hitzarmenaren jarraipen batzordea eratuko da, hitzarmenaren interpretazio, arbitraje, adiskidetze eta zaintzarako organoa gisa.

Bi alderdiak ados daude hitzarmena aplikatu edo interpretatzeko sor litezkeen problema, eztabaida eta auzi guztiak batzordearen mende jartzeko, lan administrazioko agintaritza edo jurisdikzio eskudunari kontsultatu aurretik; horrek egoera aurkeztu eta 45 eguneko gehieneko epean emanen du erantzuna.

Batzordeak bi kide izanen ditu, bata enpresaren aldetik eta bestea langileenetik.

Batzordea ordezkari batek eskatzen duen guztietan bilduko da; eskaeran bileran jorratu beharreko gaia aipatuko da.

7. artikulua. Lanaren antolaketa eta denbora.

Lana antolatzea enpresaren zuzendaritzari dagokio; eginkizun hori hitzarmen kolektibo honi eta indarra duen legeriari jarraikiz beteko du.

Lanaren antolaketari eta arrazionalizazioari dagokionez, langileen ordezkariek Langileen Estatutuak eta gainerako legeria indardunak esleitzen dizkien eginkizunak izanen dituzte.

Aurreko lerroaldean xedaturikoa galarazi gabe, talde bat ukitzen duten lan baldintzak sortu edo aldatzen direnean langileen legezko ordezkariei jakinarazi beharko zaie aldez aurretik.

II. TITULUA

Langileak

8. artikulua. Lanbide-sailkapena.

Lanbide taldeak haietan sartzeko eskatutako titulazioaren, ezagupen mailaren edo esperientziaren arabera ezarri dira. Egin beharreko lana eta pertsonaren egokitasuna direla eta, titulazioaren beharrik ez dagoela uste baldin bada, kontratatutako pertsona zein taldetan sartuko den zehaztuko da kontratuan, bete beharreko eginkizunetarako behar diren ezagutzen eta esperientziaren arabera.

I. taldea: Lizentziadunak.

II. taldea: Unibertsitateko Diplomadunak eta parekatuak.

III. taldea: Lehen mailako ofizialak. LH II eta parekatuak.

IV. taldea: LH I Klinikako laguntzailea. Administrari laguntzailea eta parekatuak.

V. taldea: Garbitzaileak, zerbitzu anitzetako langileak eta parekatuak.

9. artikulua. Borondatezko mugigarritasuna.

Hitzarmena sinatzen denean fundazioko profesional bakoitza erreferentziako zentro bati atxikiko zaio.

Mugigarritasun hori errazteko, eskatzeko epe bat irekiko da urtean, urte bakoitzeko azaroaren 15etik abenduaren 15a bitarte, langileek nora aldatu nahi duten adieraz dezaten.

Mugigaritasun eskabideei erantzuna emateko, kontuan hartuko dira antzinatasuna eta bestelako merezimenduak, hala nola curriculuma edo lanbide profila.

Mugigarritasun funtzionalak aldaketarik sortzen baldin badu, haien berri emanen zaie aurretik langileen ordezkariei.

10. artikulua. Langileak kontratatzea.

Langileak fundazioan kontratatzea, bai kontratazio mugagaberako bai aldi baterakorako, enpresaren ahalmen esklusiboa da.

Horretarako, ondoko kontratazio mota hauetako bat erabiliko da:

Kontratu mugagabea: lanean aritzeko denboran mugarik jarri gabe egiten dena da.

Aurrez ezarritako lan bat egiteko eta aldi jakin baterako egiten diren kontratuak lan horri lotuak egonen dira, eta fundazioak gehienez lau urtez erabiltzen ahalko ditu kontratu horiek. Denbora hori agorturik, lanpostu finkotzat hartuko da, eta hortaz, kontratu mugagabea emanen zaio.

11. artikulua. Probaldia.

Probaldi bat ezarri da, titulazioaren araberakoa:

I., II. eta III. taldeak: sei hilabete.

Gainerako langileak: bi hilabete.

Probaldian, alderdiek zilegi izanen dute bakoitzak bere aldetik lan harremana bukatutzat ematea, askatasun osoz, aldez aurretik jakinarazi beharrik gabe eta inolako ordainik gabe. Probaldia pasatuta, kontratuak ondorio guztiak sortuko ditu.

12. artikulua. Enpresan sartu eta lanpostuak betetzea.

Lanpostu hutsak betetzeko behar den lanbide profila definitzea zuzendaritzari baizik ez dagokio.

Lanpostu hutsak prozedura honi jarraikiz beteko dira:

Barneko deialdia: enpresako langileek izanen dute lehentasunezko eskubidea lanpostu horiek betetzeko, lanpostua garatzeko behar diren baldintzak betetzen badituzte. Jarraipen batzordeak izangai bakoitzaren ezaugarriak baloratzeko baremo bat prestatuko du.

Kanpoko deialdia: lanpostua aurreko prozeduraren bitartez betetzen ez bada, kanpoko eskaintza eginen da.

Lanpostu hutsak betetzeko eta lanbide-karrerari begira, batzorde paritarioak erregelamendua eta aurkezten diren izangaiei aplikatzeko baremoa ezarriko ditu.

Lanbide profila definitu eta lanpostu berriak betetzeko hautapen prozesua ezartzea zuzendaritzaren eginkizun esklusiboa da.

13. artikulua. Lan kontratuaren amaiera.

Lan kontratua Langileen Estatutuko 49. artikuluan edo horren ordezko arauetan ezarritako arrazoietako edozeinengatik iraungiko da.

14. artikulua. Enpresa uztea.

Beren borondatez enpresa utzi nahi duten langileek idatziz jakinarazi beharko dute, eta eskaera hartu izanaren agiria jasotzeko ondoko epe hauek finkatu dira:

I. eta II. taldeak: behin betiko baja eguna baino hilabete bat lehenago, gutxienez.

Gainerako langileak: behin betiko baja-eguna baino hamabost egun lehenago, gutxienez.

Aurrez abisatzen ez bada, enpresak ahalmena izanen du likidazioan abisatu gabe utzitako egun bakoitzeko egun bateko soldata kentzeko.

III. TITULUA

Lan baldintzak

15. artikulua. Lanaldia eta lan orduak.

2006. urterako benetako 1.637 orduko lanaldia ezarri da, astelehenetik ostiralera bitartekoa, gehienez 8 ordu egunean. Hileko batez besteko konputua 37,5 ordukoa da, eta asteko lanaldia 40 ordukoa izanen da gehienez.

Enpresan urte bateko antzinatasuna duten langileek erabilera libreko egun bat izanen dute. Erabilera libreko egun hori lanorduetan konputatzen ahalko da, eta urteko 8 lanorduren balioa izanen du. Ezin izanen zaie opor egunei edo zubiei gehitu. Egun hori erabiltzeko, garaiz eskatu beharko da eta zerbitzuaren beharren arabera emanen da. Enpresan urte bateko antzinatasuna ez dutenen erabilera libreko orduei dagokienez, dagokien zati proportzionala izanen dute.

Benetako laneko ordu kopurua 8 izanen da, gehienez. Urtero, urte bakoitzeko lehenbiziko hilabetean eta enpresa batzordeari kontsulta egin ondoren, enpresak egutegi bat prestatuko du, eta bertan ordutegiak, jaiegunak eta urteko lanaldia finkatuko.

Lanaldi osoan kontratatutako langileek hogei minutuko etenaldia egiteko eskubidea izanen dute eta etenaldi hori benetan egindako lantzat hartuko da.

16. artikulua. Oporrak.

Urteko oporraldi ordaindua 27 lanegunekoa izanen da, eta, ahal dela, ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean hartuko dira egun horiek. Oporraldien malgutasuna bermatuko da, gaur egun gertatzen den bezala, betiere zerbitzuaren funtzionamendua bermatzen bada.

Urte bakoitzeko apirilaren 30erako, langileek oporretarako plangintza aurkeztuko diote beren zerbitzuko zuzendariari, eta horrek enpresako zuzendaritzari emanen dio, harekin batera onartu edo ukatzeko.

Benetako laneko urte bat osatu ez bada, oporren zati proportzionala izateko eskubidea egonen da.

Oporrak urte naturalean edo hurrengo urteko lehenbiziko 10 egunetan hartuko dira. Hurrengo urteko lehenbiziko 10 egunetan hartzea salbuespena izanen da, eta eskubide hori 2005eko abenduaren 31n bukatuko da, egun horretatik aurrera oporrak urte naturalean hartuko baitira eta ezin izanen dira hurrengo urteetarako utzi eta diruz konpentsatu, finikito-likidazioa egiten denean izan ezik. Beraz, oporrak urte naturalean hartu ezean, galdu eginen dira. Gai hau ez da berriz jorratuko heldu diren urteetako hitzarmenak negoziatzeko plataformetan.

17. artikulua. Lizentziak eta baimenak.

Langilea, aurretik abisatu eta justifikatuta, lanetik atera daiteke, ordaindua izateko eskubidearekin, arrazoi hauetako bat dela medio eta honenbeste denborako:

Ezkontza: 15 egun.

Seme edo alabaren jaiotza: 2 egun gertaera eragileak irauten duen bitartean.

Baimena bigarren gradurainoko ahaide edo ezkon-ahaideen heriotzagatik: 2 egun.

Baimena eritasun larriagatik, ospitalizazioagatik edo anbulatorioko kirurgia nagusiagatik: 3 egun gertaera eragileak irauten duen bitartean, lehen graduko ahaide edo ezkon-ahaideak direnean, eta 2 egun bigarren graduko ahaide edo ezkon-ahaideak direnean.

Ohiko bizilekua aldatzeko: egun bat.

Nafarroatik kanpo joan behar baldin bada, bi egun gehiago gehituko zaizkie aipatutako kasu guztiei.

Publikoa edo pribatua den eginbehar saihestezina betetzeko behar-beharrezkoa den denbora.

Eginkizun sindikaletan edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko, lege bidez edo hitzarmenen bidez ezarritakoari jarraikiz.

Haurdunaldiko azterketa medikoak egiteko eta erditzeko prestatzeko tekniketan trebatzeko behar-beharrezkoa den denbora, lanaldian egin behar badira.

Ahaideengatik emandako baimen eta lizentzia berberak izanen dituzte izatezko bikoteek.

18. artikulua. Eszedentziak.

Eszedentzia borondatezkoa edo nahitaezkoa izan daiteke.

Nahitaezkoa, lanpostua gorde eta antzinatasuna kontatzeko eskubidea emanen duena, lanera joatea galarazten duen kargu publikoren baterako izendatu edo hautatua izateagatik ematen da.

Enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duen langileak eskubidea du borondatezko eszedentzia izateko, urte baterako gutxienez eta bosterako gehienez. Eskubide horretaz berriro balia daiteke langile bera, aurreko eszedentzia bukatu eta lau urte igaro eta gero.

Eszedentzia hori inolako lansaririk jasotzeko eskubiderik gabe emanen da eta denbora hori ez da antzinatasuna kalkulatzeko kontatuko. Idatziz eskatuko da beti, hasi baino hogeita hamar egun lehenago gutxienez, premia larriko kasu frogatuetan izan ezik. Enpresak idatzizko erantzuna eman beharko dio bost eguneko epean.

Eszedentzia bukatu baino lehen, eta bukatu baino hogeita hamar egun lehenago gutxienez, enpresara itzultzeko eskaera eginen du idatziz. Borondatezko eszedentzian dauden langileek beren kategoriara edo antzeko batera itzultzeko lehentasunezko eskubidea izanen dute baldin eta eskatzen dutenean bertan lanpostu hutsik badago. Bestela, zain geldituko da.

Gainera, onartu egiten da bi urtetik behin soldatarik gabeko baimen bat, gehienez hiru hilabetekoa, izateko aukera. Baimen hori izateko, beharrezkoa izanen da enpresan urte bateko antzinatasuna izatea, eta borondatezko eszedentziatzat hartuko da ondorio guztietarako, lanpostuaren erreserba izan ezik. Eskubide horretaz baliatzeko baldintza izanen da zerbitzuaren beharrak behar bezala beteak egotea.

Semea edo alaba zaintzeko eszedentzia hartzeko eskubidea ere izanen da, jaiotzen denetik hasita hiru urtez gehienez. Langileak eszendentzian ematen duen denbora antzinatasunerako kontuan hartuko da. Lehenbiziko urtean lanpostua gordetzeko eskubidea izanen du. Eszedentziarako eskubidea izanen dute, halaber, adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen familiartekoren bat - odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara artekoa_ zaindu behar duten langileek. Gehienez ere urtebete. Denbora hori antzinatasuna kalkulatzeko kontatuko da.

19. artikulua. Lanaldia murriztea familia arrazoiengatik.

Bederatzi hilabetetik beheitiko seme edo alabari esnea ematen dioten langileek eskubidea dute lanetik ordu betez lekutzeko. Denbora hori bi zatitan bana dezakete. Eskubide hori ohiko lanaldiaren hasierako ordu erdiko murrizketarekin ordezka daiteke, helburu berbererako. Baimen hau amak nahiz aitak hartzen ahal dute, beren nahierara, biak lanean ari badira.

Legepeko zaintza dela eta, langileren batek zortzi urtetik beherako haurra edo ordaindutako lanik egiten ez duen gorputz edo adimenaz ezindutako norbait bere kargu izanez gero, eskubidea izanen du lanaldia murrizteko, heren bat gutxienez eta erdia gehienez ere, lansaria ere hein berean murriztuta.

IV. TITULUA

Ordainsariak

20. artikulua. Ordainsarien egitura.

Langileen ordainsariak ondoko kontzeptu hauek osatzen dituzte:

Oinarrizko soldata: "Oinarrizko soldata" eta "lanpostuaren osagarria" izena zuten lehengo kontzeptuen batura".

_I. taldea: 2.396,62 euro hilabete bakoitzeko.

_II. taldea: 1.634,47 euro hilabeteko.

_III. taldea: 1.325,80 euro hilabete bakoitzeko.

_IV. taldea: 1.226,35 euro hilabete bakoitzeko.

_V. taldea: 1.094,7 euro hilabete bakoitzeko.

Enpresak konpromisoa hartzen du lanbide kategoriak eta soldatak egokitzeko proposamen bat egiteko, hitzarmena sinatzen denetik urte bateko epean eta batzorde paritarioarekin negoziatuta, kategorien arteko proportzionaltasuna bermatzeko.

Antzinatasuna: kopuru finko bat ezarri da, oinarrizko soldatarik aparte.

Langile bakoitzari aplikatuko zaio, honela: enpresan emandako lehen sei urteetan, hirurtekoen arabera (lehenbiziko biak), eta enpresan emandako hurrengo urteetatik aurrera, bosturtekoen arabera. 33 euroko zenbateko finkoa ezarri da hirurteko bakoitzerako, eta 66 eurokoa bosturteko bakoitzerako.

Berariazko osagarria: lanpostuei aplikatuko zaie, dagozkien eginkizunen ezaugarrien eta eskatzen dituzten prestasuna eta dedikazio berezien arabera.

Guardien osagarria: sare publikoan, ituna sinatuta, nahiz kontsulta pribatuan zerbitzu hori ematen duten profesionalei emanen zaie.

Produktibitatearen osagarria: enpresako zuzendaritzak konpromisoa hartzen du lanaldi osagarriak egiteko aukera aztertu eta zehazteko.

Aparteko ordainsariak: aparteko bi ordainsariek urteko sortzapena izanen dute eta uztailean eta abenduan ordainduko dira. Lanean urteko edozein unetan hasita ere, langileek eskubidea izanen dute aparteko eskersarietatik dagokien parte proportzionala jasotzeko.

Joan-etorrietarako gastuak: zerbitzuaren beharrak direla eta, esleitutako zentrotik atera edo beren lanbide jarduera ohikoa ez den zentro batean egin behar baldin badute, langileek 0,21 zentimo kobratuko dute kilometro bakoitzeko.

Jateko eta ostatu hartzeko gastuak: egun bateko dieta osoa 35 eurokoa izanen da, eta erdia 20 eurokoa. Gaua kanpoan pasatu behar izanez gero, ostatua enpresak ordainduko du.

Kongresu batera joan behar izanez gero, egonaldiaren gastuek berariazko tratamendua izanen dute, aurrerago arautuko dena.

21. artikulua. Ordainsarien igoera.

2006. urtean, soldatari igoera bat aplikatuko zaio, Estatuko KPIkoa, 2005eko abenduaren 31n erregularizatua.

Hurrengo hitzarmena sinatu arte, aurreko urteko abenduaren 31n erregulatutako Estatuko PKIren igoera bermatuko da.

22. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.

Laneko istripu edo laneko gaixotasunen kasuan, egiazko soldataren %100 ordainduko da.

Lanetik kanpoko istripuen edo ospitaleratzea dakarren gaixotasun arrunten kasuan, egiazko soldataren %100 ordainduko da.

V. TITULUA

Onura sozialak. Prestakuntza

23. artikulua. Lanbide prestakuntza lantokian.

Hitzarmen honen eraginpeko langileek erraztasunak izanen dituzte ofizialki onartutako titulu akademiko edo profesionalak lortzeko ikasketak egiteko eta enpresak berak nahiz bestelako erakundeek antolatutako lanbide-hobekuntzako ikastaroetara joateko. Orobat, baimen ordaindua izateko eskubidea izanen da azterketak, sarrera probak eta abar egiteko.

Enpresak langile guztientzako urteko prestakuntza plan bat ezartzeko asmoa du. Plan horren edukia eta iraupena antzemandako beharren arabera finkatuko dira. Horretarako, eta enpresaren zuzentzeko ahalmena ukatu gabe, batzorde paritario bat osatuko da, 4 kidekoa, prestakuntzarako egin behar diren jarduerak aztertzeko.

Prestakuntzarako laguntzak jasotzeko ondoko baldintza hauek bete behar dira:

_Fundazioko langilea izatea.

_Ikastaroa, kongresua edo ikasketak langilearen eginkizunei lotuak izatea edo haren lanbide hobekuntza sustatzea.

_Eskabidea behar adina denborarekin aurkeztea.

_Asistentzia eta aprobetxamenduaren ziurtagiriak eta ikastaroaren dokumentazioaren kopia, fundazioaren liburutegirako.

_Ikasitakoa zabaltzeko konpromisoa hartzea.

_Komunikazioak edo txostenak aurkezten dituzten langileei matrikularen, egonaldiaren eta joan-etorrien gastu guztiak ordainduko zaizkie.

_Artikulu honetan aurreikusten ez diren kasu bereziak Jarraipen Batzordearen esku utziko dira.

VI. TITULUA

Segurtasuna eta higienea

24. artikulua. Lan osasuna.

Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legean ezarritakoari jarraikiz, langileek eskubidea dute laneko segurtasun eta osasunaren arloan babes eraginkorra izateko.

Eskubide horren ondorioz, enpresa behartuta dago bere langileak laneko arriskuetatik babesteko.

Langileak laneko arriskuetatik babestu beharra betetzeko, enpresak bere zerbitzura dauden langile guztien segurtasuna eta osasuna bermatuko ditu, lanari lotutako alderdi guztietan. Halaber, enpresa behartuta dago langile guztiei prebentzio arloko prestakuntza teorikoa eta praktikoa ematera, behar adina eta egokia.

Langileek hartzen diren aurreneurri guztiak bete beharko dituzte.

Langileen arlo horretako parte-hartzea Segurtasun eta Osasun Batzordearen bidez antolatuko da, batzorde horrek legean aipatutako eginkizunak betetzen baititu.

Bai enpresako zuzendaritzak bai langileen ordezkariek konpromisoa hartzen dute langileek jasan ditzaketen arriskuak, hala nola lapurreta eta kalte material eta pertsonalak identifikatu eta kasu horietarako aurreneurriak eta laguntzak ezartzera.

25. artikulua. Osasuna zaintzea.

Enpresaburuak bere langileei bermatu eginen die aldian-aldian osasun egoeraren azterketa eginen zaiela lanak dituen arriskuen arabera.

Azterketa hori langileek onarturik baizik ez da eginen, baina nahitaez onartu beharko da hura ezinbestekoa denean lan baldintzek langileen osasunean duten eragina ebaluatzeko edo langile baten osasun egoera berarentzat, gainerako langileentzat nahiz beste pertsona batzuentzat arriskutsua izan ote daitekeen ikusteko.

Langileen osasuna zaindu eta kontrolatzeko neurriak hartzen direnean, betiere langilearen intimitate eta duintasunerako eskubidea errespetatuko da eta haren osasun egoerarekin zerikusia duen informazioa isilpean gordeko da.

26. artikulua. Amatasunaren babesa.

Enpresak eta Segurtasun Batzordeak arriskuak aztertu ondoren ikusten baldin bada lanpostu batzuek eragin txarra izan dezaketela langilearen haurdunaldian nahiz edoskitze aldian, hala nola fetoarentzat, enpresaburuak langilea arrisku horren eraginpean ez egoteko behar diren neurriak hartuko ditu. Egokitzapena ezinezkoa bada, langileak bere egoerarako egokia den lanpostu edo eginkizuna bete beharko du.

Lanpostua aldatzea teknikoki eta objektiboki ezinezkoa bada, emakume langileari kontratua eten dakioke haurdunaldirako arriskua izateagatik, Langileen Estatutuko 45.1.d) artikuluan ageri den moduan, haren segurtasuna edo osasuna babesteko behar den denborarako, eta aurreko lanpostura edo lanpostu egoki batera itzultzea ezinezkoa den bitartean.

Langile haurdunek eskubidea dute lanetik alde egiteko, lansaria izateko eskibidearekin, jaioaurreko azterketak eta erditzearen prestaketa teknikak egiteko. Horretarako, aldez aurretik enpresaburuari abisatu egin behar zaio, eta horiek guztiak lanaldian egin beharra justifikatu.

VII. TITULUA

Eskubide sindikalak

27. artikulua. Eskubide sindikalak.

Enpresa Batzordeak Langileen Estatutuaren 64. artikuluan onartutako eskumen eta eskubideak izanen ditu.

VIII. TITULUA

Diziplina araubidea

28. artikulua. Hutsegiteak.

Enpresak zehapenak jartzen ahal dizkie langileei lana ez betetzeagatik, hutsegiteen ondoko mailaketari jarraikiz:

_Hutsegite arinak:

Eginkizunak berandu edo zabarkeriaz betetzea, hala nola enpresaren lokalak, materialak edo dokumentuak behar ez bezala erabiltzea, haien larritasuna dela eta, hutsegite larritzat har daitezkenean izan ezik.

Bidezko arrazoia izanik, lanera joan ez izanaren berri behar den epean ez ematea, non ez duen frogatzen ezinezkoa izan zaiola.

Justifikatu gabeko puntualitate faltak egitea (hirutik bostera hilabete batean).

_Hutsegite larriak:

Lantokian diziplinarik ez izatea.

Lanera ez joatea, arrazoia justifikatu gabe.

Lanera berandu iristea bost aldiz baino gehiagotan edo hamar baino gutxiagotan hilabete batean.

Lanpostua uztea, bidezko arrazoirik gabe.

Zentroan lankideekin ika-mikan aritzea, jendaurrean.

Hutsegite arinak egitea behin eta berriz, mota desberdinetakoak izanik ere, hiru hilabetean, aurretik zehapena egin baldin bada.

Osasun edo gizarte-osasun arloko legeriako beste edozein agindu ez betetzea.

_Hutsegite oso larriak:

Jendeari zentroen erabiltzaileen prozesu patologikoaren eta intimitatearen berri ematea.

Egin beharreko lanetan iruzur egitea, leialtasun falta edo konfiantza abusua, hala nola delitu den edozein jokabide.

Arrazoia justifikatu gabe lanera ez joatea hiru aldiz baino gehiagotan hilabete batean.

Lanera behin eta berriz berandu ailegatzea, arrazoirik eman gabe, hamar aldiz baino gehiago hilean edo hogeita hamar aldiz baino gehiago hiru hilabetean.

Erabiltzaileei, edozein kategoriatako lankideei edo haien ahaideei hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea, psikikoak edo moralak, hala nola agintekeria.

Zentroen erabiltzaileengandik onura ekonomikoak nahiz gauzazkoak lortzea.

Zentroen erabiltzaileei gauzak, dokumentuak, materiala etab. kentzea.

Botikak edo tratamenduak ematerakoan zabarkeriaz jokatzea.

Bidegabeko lehian aritzea, alegia, ahaideei terapeutak aldatzeko proposatu edo iradokitzea, hala nola eriak langileen edo partikularren helbidera bidaltzea.

Zentroko egoiliarren edo haien ahaideen datu pertsonalak eta/edo telefonoak esatea fundaziotik kanpoko pertsonei.

Arraza, sexua, erlijioa, hizkuntza, iritzia, sorterria, bizitokia edo beste edozein ezaugarri edo inguruabar sozial nahiz pertsonal direla-eta, bereizkeria dakarren edozein jarduketa.

Enpresako edozein pertsonaren aurkako sexu erasoak, hitzezkoak zein egitezkoak; aparteko larritasuna izanen dute aginte edo hierarkia posizioaz baliatuz gauzatzen direnek, aldi baterako kontratua dutenen aurka egiten direnek eta haiek salatu dituzten pertsonen aurka hartutako mendekuek.

Hutsegite larriak behin eta berriz egitea, lehenbizikoa egin ondoko urtearen barnean egiten bada.

Osasun edo gizarte-osasun arloko legeriako beste edozein agindu ez betetzea, hutsegite larria bada.

29. artikulua. Zehapenak.

Hutsegiteen kalifikazioaren arabera ezartzen ahal diren zehapenak hauek dira:

_Hutsegite arinengatik:

idatzizko kargu-hartzea.

Gehienez hiru eguneko enplegu-soldaten etenaldia.

_Hutsegite larriengatik:

Lan eta soldatarik gabe uztea, hiru egunetik hilabete bitarte.

_Hutsegite oso larriengatik:

Lan eta soldatarik gabe uztea, hilabetetik hiru hilabete bitarte.

Kaleratzea.

30. artikulua. Prozedura.

Hutsegite larriak eta oso larriak interesatuari jakinaraziko zaizkio, arrazoiak emanez eta idatziz, berak jakin dezan eta gainerako ondorioetarako, eta hutsegite oso larrien kasuan, Enpresa Batzordeari jakinaraziko zaizkie, eta legez ezarritako prozedurari ekinen zaio.

Enpresa Batzordeko kideen kasuan, bai kargu sindikaletan jardunean daudenak, bai garantien arauzko epen daudenak, hutsegite larriengatik edo oso larriengatik zehapenak jartzeko, ezinbestekoa da alde biko espedientea tramitatzea.

31. artikulua. Preskripzioa.

Hutsegite arinak hamar egunen buruan preskribatuko dira, larriak hogei egunen buruan eta oso larriak hirurogeiren buruan, hutsegiteaz jakitun egindako egunetik aitzina eta, nolanahi ere, hutsegitea egin eta sei hilabeteren buruan.

32. artikulua. Enpresaburuaren arau-hausteak.

Enpresaren ekintzak edo ez-egiteak hitzarmen honek eta gainerako legezko xedapenek ezarritakoaren kontra lan arau-hausteak izanen dira.

Enpresa batzordearen bidez kontratatutako langileak, lehenbizi, enpresaburuari ustezko arau-haustea zuzentzeko eskatzen saiatuko da. Jakinarazi eta hamar egunean konponbiderik izan ez baldin bada edo konponbidea erreklamazio egilearendako nahikoa ez baldin bada, espedienteari hasiera ematen ahalko zaio Interpretazio, Bitartekaritza eta Arbitraje Batzorde Paritarioan, honek, gehienez ere hogei eguneko epean, ebazpena eman dezan.

33. artikulua. Lan arloko auzitegia.

Lan gatazkarik egonez gero, fundazioak eta langileek Nafarroako Lan Auzitegira joko dute lan gatazka horiek judizioz kanpo konpontzeko.

Iruñean, 2006ko martxoaren 7an.

Iragarkiaren kodea: F0605885