62. ALDIZKARIA - 2006ko maiatzaren 24a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

797/2006 EBAZPENA, maiatzaren 10ekoa, Osasun zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean osasun arloko bilera zientifikoak antolatzeko laguntzetarako 2006ko deialdia onesten duena.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 88. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak osasun arloko irakasle eta profesionalen etengabeko errebisioa bultzatuko du, lanbide ezagupenak jendearen beharretara hobeki egokitu, osasun zientzietako diziplinarteko prestakuntza sustatu eta ezagupenak eguneraturik edukitzeko.

Ezagupen zientifikoak elkarri azaldu eta ikerketen eta berrikuntza teknologikoen emaitzak zabaltzeko asmoz egiten diren osasun zientzietako profesionalen bilerak ezinbestekoak dira, osasun zerbitzuen kalitatea hobetuko bada, prebentzio arloan bezala laguntzakoan eta ikerkuntzakoan.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren bidez onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko ematen diren dirulaguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du. Dirulaguntzak eman aitzin, organo eskudunak haien arauak ezarri beharko ditu, argitaratu beharko direnak. Horrela jarduerak egiten dituztenek eta deialdiaren xede den egoeran daudenek eskuratzen ahalko dituzte.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek laguntza hauen egokitasuna eta haien onura publikoa eta deialdiaren eta haren arauen legezkotasuna adierazten dute, hurrenez hurren.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean osasun arloko bilera zientifikoak antolatzeko laguntzetarako 2006ko deialdiaren arauak onestea.

2. Gehienez 152.517,00 euroko gastua egiteko baimena ematea, Nafarroako 2004rako Aurrekontu Orokorretako "Bilera zientifikoak antolatzeko laguntzak" izeneko 512001 51310 4809 311203 kontusailaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskina Osasun Zerbitzuko idazkari nagusi teknikoari eta Osasun Departamentuko Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuari eta Irakaskuntza Atalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko miatzaren 10ean._Osasun Departamentuko zuzendari nagusia, Francisco Javier Sada Goñi.

ERANSKINA

Arauak

Nafarroako Foru Komunitatean osasun arloko bilera zientifikoak antolatzeko laguntzetarako 2006ko deialdiaren arauak onestea.

1._Xedea, motak eta onuradunak.

1.1. Xedea.

Nafarroako Foru Komunitatean osasun arloko bilera zientifikoak antolatzeko laguntzetarako 2006ko deialdiaren arauak onestea.

1.2. Modalitateak.

Deialdi honen xedeko jarduerak modalitate hauetako baterako izanen dira:

a) Bilera zientifikoak, biltzarrak eta jardunaldiak.

b) Irakaskuntzakoak ez diren entitateek eta osasun zentroek antolaturik, 2006an egiten diren ikastaro eta mintegi ez-arautuak.

1.3. Onuradunak.

Laguntza hauek jaso ahalko dituzte sare publikoko osasun zentroek eta Nafarroan kokatutako unibertsitateek. Laguntzak irabazi asmorik gabeko osasun etxe, erakunde edo entitateek eskatzen ahalko dituzte, baldin eta legez eraturik badaude eta egoitza, ordezkaritza edo batzorde antolatzailea Nafarroan badute.

Entitate eskatzaileak jardueraren arduradun bat izendatuko du laguntza jaso ahal izateko.

2._Jarduerek bete beharreko baldintzak.

a) Bilera zientifikoek, biltzarrek eta jardunaldiek Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusiak osasun arloan interesa dutela adierazteko ematen duen onarpena izan beharko dute.

b) Osasun arloko etengabeko prestakuntza ikastaro eta mintegiak osasun arloko lanbideen Etengabeko Prestakuntzako Batzordeak kreditatu beharko ditu. Gainerako kasuetan, osasun arloko programetan laguntza ematen dutela frogatu beharko da.

3._Eskaeren aurkezpena.

3.1. Eskaera non eta noiz aurkeztu.

Entitate interesatuek prestatu den ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko dute. Eredua Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuan (Nafarroako Ospitaleko Irakakuntza Pabilioia) eta erakunde horren webgunean (www.cfnavarra.es/salud/docencia.investigacion) jaso dezakete.

Eskaerak ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik 2006ko irailaren 1era bitarte aurkeztu beharko dira.

Eskaerak Osasun Departamentuko Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuan aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aipatzen diren erregistro edo bulegoetan.

Postetxeetean aurkezten diren eskaerak kartazal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen. Eskaera igortzen duen egun berean, entitate interesatuak igorpenaren berri eman beharko dio Osasun Departamentuko Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuari, telefax bidez.

3.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideak agiri hauek bilduko ditu:

1. Entitate eskatzailearen ordezkariak eta jardueraren arduradunak sinaturiko eskabidea.

2. Jardueraren nondik-norakoak eta helburuak.

3. Jardueraren programa, zehatz azaldurik ekintza zientifikoak edo ikastaroaren edukiak, txosten-egileen edo irakasleen identifikazioa eta lanbide kualifikazioa, eta jarduera norentzat den.

4. Dirusarrera eta gastuen aurrekontu zehaztua.

5. Entitate eskatzailearen IFZren egiaztagiriaren fotokopia eta jarduera Nafarroan antolatzeko arduradun baimenduaren NANaren fotokopia.

6. Entitate edo zentro eskatzaileak pertsona arduradunari emandako baimenaren ziurtagiria.

Gainera, bigarren arauko a) modalitaterako eskabideekin batera, Osasun Zuzendaritza Nagusiak osasun arloan interesa dutela adierazteko ematen duen onarpenaren kopia edo, halakorik ez bada, eskatu izanaren frogagiria aurkeztu beharko da.

Bigarren arauko b) modalitaterako eskabideekin batera, osasun arloko lanbideen Etengabeko Prestakuntzako Batzordeak emandako kreditazio agiriaren kopia bat aurkeztu beharko da edo, halakorik ezin bada, kreditazioa eskatu izanaren frogagiria aurkeztu beharko da.

3.3. Eskaerako hutsak zuzentzea.

Organo instruktoreak, eskaerak betebeharrak bete ezik edo harekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezik, entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 19. artikuluko 3. idatz-zatian xedatu bezala.

4._Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko ahalmena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko eginkizunak Osasun Departamentuko Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuko Irakaskuntza Atalari esleitu zaizkio. Organo instruktoreak eginiko ebazpena bosgarren arauan aipatu den Ebaluazio Batzordearen irizpidearekin bat proposatuko da. Arau hauetan "organo instruktorea" aipatzen delarik, ulertzen da Irakaskuntza Atalaz ari garela.

Dirulaguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena Osasun zuzendari nagusiari dagokio.

5._Eskabideak ebaluatzeko organo kolegiatua.

Osasun zuzendari nagusiak Ebaluazio Batzorde bat izendatuko du aurkezturiko eskabideak baloratu eta dirulaguntzak emateko proposamena egiteko.

Ebaluazio Batzorde horrek ondoko kide hauek izanen ditu: laguntzen kudeaketari lotutako hiru lagun eta Nafarroako Osasun Sistemako Irakaskuntza eta Ikerketa Batzordeetako lau.

Batzorde horren proposamena loteslea izanen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20.3 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz.

6._Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloratzeko arau orokorrak.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura lehia bidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 17. artikuluko 1. idatz-zatian xedaturikoarekin bat. Horretarako, modalitateen arabera antolatuko dira, ondoren aipatzen diren balorazio irizpideekin bat emaniko puntuazioari jarraikiz:

a) modalitaterako:

_Interes zientifikoa: 40 puntu gehienez.

_Bilera zientifikoak Nafarroako osasun arloan duen oihartzuna eta eragina: 30 puntu gehienez.

_Osasun arloko lanbideen Etengabeko Prestakuntzako Batzordeak kreditatutako jarduerak dituzten kongresuak: 10 puntu gehienez.

_Biltzarraren eremua: 15 puntu gehienez.

_Osasun arloko jarduera edo programekin duen lotura: 5 puntu gehienez.

b) modalitaterako:

_Interes zientifikoa: 35 puntu gehienez.

_Jardueraren egokitasuna: 35 puntu gehienez.

_Jarduerak Nafarroako osasun arloan duen oihartzuna eta eragina: 30 puntu gehienez.

7._Ebazpena.

Osasun zuzendari nagusiak ebatziko du dirulaguntzak eman edo ukatzea, organo instruktoreak ematen duen proposamenarekin bat.

Ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpena, eman edo ukatzeko arrazoiak bilduko dituena, entitate interesatuei jakinaraziko zaie eta dirulaguntza onartu eta, hala bada, ukatu zaien eskatzaileen zerrenda adieraziko du. Emanez gero, dirulaguntzaren helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta gastuak justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira.

Aurrekoa ukatu gabe, Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuaren iragarki-oholean eta www.cfnavarra.es/salud/docencia.investigacion web-orrian jarriko da. Argitalpenean deialdia, programa, dirulaguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua, onuradunak, onarturiko zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua adieraziko dira.

8._Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak jarduera garatzeko jasotzen diren bestelako dirulaguntzekin batzen ahal dira.

Hala ere, zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, dirusarrera edo lagundutako jardueraren berezko baliabide batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko jardueraren kostua.

9._Dirulaguntzaren zenbatekoa, ordainketa eta dirulaguntzaren agiriak.

9.1. Laguntzak aurkeztu den aurrekontua oso-osorik edo zati bat berdintzeko izanen dira, deialdi honen arauetan ezarritako irizpideei jarraikiz Ebaluazio Batzordeak egiten duen balorazioarekin bat.

Jarduera baterako eman daitekeen laguntzarik handiena 12.000,00 eurokoa izanen da. Gastu sozialek eta material inbentariagarrikoek ez dute laguntzarik jasoko.

Ematen den dirulaguntza onuradunak jaso dezakeen diru-kopururik handiena izanen da.

9.2. Laguntzak erakunde, entitate, elkarte edo antolakuntza taldeei ordainduko zaizkie, kasuan-kasuan, edo, bestela, jardueraren Nafarroako arduradunari, bankuko kontuan dirusarrera eginez, ongi zehaztuz zein helburutarako erabili behar den.

Laguntza jaso duen jardueraren kudeaketa ekonomikorako lankidetza hitzarmena baldin badago onuradunaren eta Miguel Servet Fundazioaren artean, zilegi izanen da laguntza Miguel Servet Fundazioari ordaintzea.

9.3. Deialdi honetako dirulaguntzen aurrerakinak emateko ondoko baldintza hauek ezarri dira:

a) Entitateak frogatu beharko du dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar dituela. Horretarako, eskabidearekin aurkeztu beharreko beste agiriekin batera, entitateak txosten bat aurkeztuko du, behar hori frogatuko duena.

b) Aurrerakin hori emateko beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimen berariazkoa, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.

Baldintza horiek bete ezik, dirulaguntza Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 32. artikuluan xedaturikoarekin bat ordainduko da, jarduera egin dela frogatu ondoren. Horretarako, diruz laguntzen den jarduera burutu eta hurrengo hilabetearen barruan, antolatzaileek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Irakaskuntza Atalean.

a) Jardueraren garapena azaltzen duen memoria teknikoa.

b) Memoria ekonomikoa, laguntzari aplikatu ahal zaizkion gastuen zerrenda atalez atal azaltzen duena (eurotan).

c) Laguntzari aplikatu ahal zaizkion gastuen jatorrizko fakturak edo bestelako agiri frogagarriak, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legeko 27.3 artikuluan xedaturikoarekin bat. Kasu guztietan, ordainketa frogatu beharko da.

9.4. Dirulaguntza ordaintzeko modua edozein dela ere, egiaztagiriak aurkezteko azken eguna 2006ko abenduaren 15a izanen da.

10._Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek honakook bete beharko dituzte:

a) Jarduera entitateak eskabidean eta dirulagutza emateko baldintzetan zehaztu bezala burutzera.

b) Arau hauetan aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.

c) Kaleratzen dituzten programa, iragarki eta propagandarako material guztietan eta argitalpenetan Osasun Departamentuaren laguntza izan dutela adieraztea, deialdi honen aipamen zehatza eginez.

d) Entitate onuradunak laguntza ematen duen organoak eta indarra duen legeriaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapenak onartu beharko ditu.

e) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari . Egoera hori jakin bezain laster emanen da haren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

f) Deialdi honetan eta aplikatzekoak diren legeetan aurreikusiriko kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien beste eginbeharrak.

11._Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan harturiko baldintzen aldaketa guztiak jakinarazi beharko dizkiote Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuko Irakaskuntza Atalari.

Salbuespen gisa, entitate onuradunek zilegi izanen dute diruz lagundutako jardueraren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, programaren garapena eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak azalduz gero.

Aldaketa eskaeretan programaren aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi beharko dira eta, betiere, dirulaguntzaren xede den programa burutzeko epea bukatu baino lehen.

Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuko Irakaskuntza Atalaren aldaketak onartuko ditu baldin eta dirulaguntza onartzeko kontuan hartu ziren baldintzak funtsean aldatzen ez badira.

Dirulaguntza emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok, Administrazioak ez onarturik ere, dirulaguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du eta, hala bada, kasuan kasuko zenbatekoa itzularazten ahalko da.

12._Itzulketa.

Jarduera burutu ezik edo dirulaguntza emateko ezarririko baldintzak bete ezik, Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak egin ezik, harturiko zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean. Legeek aurreikusiriko kasuetan, gainera, bidezko izanen da dirulaguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza korrituak pagatzeko eskatzea.

Jasotako dirua itzuli behar denean, ez da berandutza korritua eskatuko baldin eta horretarako arrazoiak justifikatu eta jakinarazten badira eta organo instruktoreak onartzen baditu.

Dirua itzultzeko prozedura goian aipaturiko artikuluan xedaturikoari jarraituko zaio eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, dirulaguntza emateko ezarririko baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

13._Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 43. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloan ezarririko erantzukizunaren eta administrazio arau-hausteei buruzko zehapen araubidearen menpe egonen dira.

Zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko V. Tituluan xedaturikoari jarraikiz.

14._Aplikatu beharreko arauak.

Arau hauetan aurreikusirik ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko xedapenak dira aplikatzekoak.

15._Deialdiaren eta arauen kontra bidezko diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen, arauen eta garatzeko egintzen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Osasun kontseilariari igorria, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedaturikoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F0608025