60. ALDIZKARIA - 2006ko maiatzaren 19a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

GARES

Euskara teknikari izateko lanpostu bat, lanaldi partzialekoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia

1. oinarria._Arau orokorrak.

1.1. Garesko Udalaren zerbitzuko euskara teknikari izateko lanpostu bat, lanaldi partzialekoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzea du xede deialdi honek.

1.2. Nafarroako Gobernuarekin sinatzen ahal diren hitzarmenei eta haien baldintzei egokituta egonen dira, une bakoitzean, kontratazioaren xehetasunak.

1.3. Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaia Garesko Udaleko lan-kontratudun bilakatuko da eta Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatuko, eta hartan alta emanen zaio, araubide horretan aurreikusitako babesean.

1.4. Lanpostuak B mailako lansariak izanen ditu, aldi baterako kontratatuta egiten duen denboraren arabera, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta gainerako xedapen aplikagarrietan erabakitakoari jarraituz.

1.5. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.6. Probak gainditu baina lanpostua eskuratzen ez duten izangaiekin prestatzen den zerrenda erabiliko du Udalak, edozein arrazoi deta eta, euskara teknikaria ordezteko. Zorrotz segituko dio puntuazio ordenari zerrendako kideei deialdi bakarra eginda.

2. oinarria._Eginkizunak.

Garesko Udaleko lanpostuen definizioan ezarritakoari jarraituz, udal idazkaritzan beteko ditu bere eginkizunak, Udalaren alor hauetan:

Plangintza Alorra.

_Garesko Udaleko Euskara Alorraren urteko planaren proposamena prestatzea.

_Udaleko Euskara Zerbitzuaren helburu eta jarduerei buruzko proposamenak egitea, osoko bilkuran aurkezteko, irizpide teknikoak mahai gainean jarrita eta egokiak iruditzen zaizkion ekintza eta neurriak proposatuta.

_Euskara Alorrak landu beharreko programa eta jarduerak diseinatu eta planifikatzea, baita haiek antolatu eta abian jartzea ere, hartutako erabaki eta irizpideei jarraituz.

_Udaleko Euskara Alorraren aurrekontuak prestatzen laguntzea, ezarritako behar, helburu eta programen arabera; gero, haiek kontrolatu eta jarraipena egitea.

Koordinazio Alorra.

_Udaleko Euskara Alorrak hainbat taldetarako bultzatutako jarduera guztiak koordinatzea, Udalbatzak onesten duen urteko planaren jarraibide eta helburuen arabera.

_Garesko Udaleko Euskara Alorraren jarduketak Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikarako Zuzendaritzaren jarduerekin koordinatzea, horrek Nafarroako Euskara Planaren barrenean zehaztutako helburuak bete daitezen.

Sustapen Alorra.

_Herritarrak bultzatu, informatu eta orientatzea bere lan esparruko gaietan.

_Euskara sustatzeko kanpainak egitea Garesen hainbat talderekin (eskualdeko eskolako ikasleen gurasoak, helduak ...)

_Alorraren esparruetan garatutako jarduera eta programak hedatu eta haien publizitatea egitea.

_Euskararen erabilera bultzatzea Administrazioak egindako komunikazioetan.

Jarraipen Alorra.

_Herritarrek Udalaren bidez egindako eskaera eta erreguak kudeatzea.

_Programaturiko jarduerak nola betetzen diren ebaluatu eta segimendua egitea, baita beharrezkoak diren zuzenketak ere.

Langileen Jarraipen Alorra.

_Kanpoko zerbitzuak azpikontratatzeko proposatzea eta, behar denean, baldintza teknikoen orriak prestatzea; orobat, kontratazioa tramitatu eta kudeatzea.

_Azpikontrataren bidez bere eskumeneko esparruan diharduten langileen lana zuzendu, koordinatu eta ikuskatzea, eraginkortasuna eta produktibitatea hobetzearren.

_Giza baliabideei begira Euskara Alorrean ezartzen diren helburu eta ekintzak bete daitezen arduratzea eta bere alorrean azpikontratatuta dauden langileen gaineko gorabeherak (altak, bajak, baimenak...) jarraitu eta kontrolatzea.

Informazio Alorra.

_Bere eskumeneko gaiei lotutako jardueren gaineko informazio oro bildu, atera eta artxibatzea, haiek zabaltzeko edo jarduerak antolatzean erabiltzeko.

_Bere eginkizunak betetzeko behar diren harreman eta loturak finkatu eta garatzea beste erakunde, entitate, profesional eta abarrekin.

Hezkuntza Alorra.

_Ikasleen eskaera eta matrikulazioak tramitatzea Euskararen alorrean egiten diren jarduera guztietan.

_Aldaketa edo ustekabeen berri ematea jardueretan parte hartzen dutenei, jarduera horien jarraipena egitea eta parte hartzaileekin harremanak izatea.

_Jarduerak Nafarroako Gobernuarekin batera egiten direnean, erakunde horrek ezarritako jarraipena egitea (gustura egotearen gaineko galde-sortak, parte hartzaileena ...).

Alderdi orokorrak.

_Euskara alorraren funtzionamendua hobetu dadin sustatu eta laguntzea, hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintza eta aldaketak proposatuz

_Kasuren batean behar izanez gero, egoerari egokitzea, bere lanorduekin malgutasunez jokatuz, ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak betetzeko.

_Aipatutakoez gain, bestelako zereginak beteko ditu: bere karguari lotutako gaitasun eta ahalmen profesionalekin bat, ezarritako helburuak lortzearren agintzen zaizkionak.

3. oinarria._Izangaien betebeharrak.

3.1. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Europar Batasuneko estatu bateko herritarra izatea, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio; orobat, Europar Batasuneko estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Adinez nagusia izatea eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

c) EGA titulua edo baliokideren bat izatea.

d) Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean Unibertsitateko Diplomadun titulua, Arkitekto Teknikoarena, hirugarren mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea izatea edo eskuratzeko baldintzetan egotea. Abuztuaren 2ko 30/1984 Legearen bosgarren xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera, baliokideak dira unibertsitateko diplomadun titulua eta lizentziaturako hiru kurtso oso gainditu izatea.

e) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aitorpena aurkeztu beharko dute, beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez dutela adierazteko. Baldintza horiek agiri bidez egiaztatu beharko dituzte hautatu eta kontratatzen diren izangaiek, kontratua formalizatu aurretik horretarako ezartzen zaien unean.

g) Gidatzeko baimena izatea, B motakoa bederen, baita ibilgailua ere.

3.2. Deialdi honen hamargarren oinarriak xedatzen duen moduan eta epean egiaztatu beharko dira aurreko baldintzak. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako, baita oposizioaren prozedura osoan eta izendapen eguna arte ere.

4. oinarria._Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Garesko Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, azken eguneko arratsaldeko ordu biak arte. Azken eguna balioduna ez bada, hurrengo egun balioduna hartuko da azken eguntzat. Epe hori luzaezina izanen da.

4.2. Eskabideak deialdian argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio eta dokumentazio hau erantsiko zaie:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo pasaportearen fotokopia konpultsatua, Egoitza txartela eta/edo Lanerako Baimena.

b) Deialdi honetako 3.1 atalean eskatzen diren baldintzen jabe dela ziurtatzen duten agirien fotokopia konpultsatua.

c) Lehiaketan baloratzen ahal diren merezimenduen fotokopia konpultsatua.

5. oinarria._Izangaien onarpena eta prozedura.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

5.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta egindako akatsak zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioetarako epea amaitu eta haiek ebatzi ondoren, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

6. oinarria._Epaimahaia.

6.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Garesko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Garesko Udaleko zinegotzi bat, alkateak izendatua.

Mahaikidea: Euskara teknikari bat, Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteak izendatua.

Ordezkoa: Euskara teknikari bat, Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteak izendatua.

Mahaikidea: Euskara teknikari bat, Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteak izendatua.

Ordezkoa: Euskara teknikari bat, Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteak izendatua.

Mahaikidea: Euskara teknikari bat, Nafarroako Gobernuko Unibertsi- tateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak izendatua.

Ordezkoa: Euskara teknikari bat, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak izendatua.

Mahaikidea: Garesko Udaleko langileen ordezkaritza sindikalaren organoak izendatutako titularra eta ordezkoa, deialdian eskatzen den titulazio akademikoaren baliokidea dutenak.

Idazkaria, hizpidea duena baina botorik gabe: Garesko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Garesko Udaleko langile bat, deialdian eskatzen den titulazio akademikoaren baliokidea duena.

6.2. Epaimahaia, probak hasi baino lehenago eratuko da, mahaiburuak deituta.

6.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

6.4. Epaimahaiak dei honetan jasotzen diren oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazo guztiak gehiengoz ebatziko ditu.

6.5. Epaimahaikideek ez dute parte hartuko eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legean aurreikusitako abstentzio arrazoiak tartean baldin badira, organo dei egileari jakinarazi beharko diote. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta haietan soilik emanen diote laguntza Epaimahaiari.

7. oinarria._Lehiaketaren nondik-norakoa.

7.1. Lehiaketaldiak gehienez ere 25 puntuko balorazioa izanen du, modu honetan banaturik:

a) Lan esperientzia: gehienez ere 15 puntu.

_Toki entitate baten zerbitzuan euskara teknikariaren lanpostuan lan egiteagatik. 4 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 12 puntu. Denbora zatiak, proportzioan dagokiena.

_Beste administrazio publiko batean euskara teknikariaren lana egiteagatik. 2 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 6 puntu. Denbora zatiak, proportzioan dagokiena.

_Elkarte edo entitate pribatuetan eragile, koordinatzaile edo teknikari gisa euskara normalizatzen lan egiteagatik. 2 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 6 puntu. Denbora zatiak, proportzioan dagokiena.

b) Titulazio akademikoak: gehienez ere 4 puntu.

_Hizkuntz plangintzari lotutako gradu ondokoak: 2 puntu.

_Euskal Filologian lizentziatua: puntu bat.

_Soziologiako lizentziatua: puntu bat.

c) Lanpostuarekin zerikusia duten prestakuntza ikastaroak: gehienez ere 4 puntu.

Soziolinguistikako ikastaroak eta euskaraz hobetzekoak (EGAtik gorako mailakoak) hartuko dira kontuan. Atal honetan ez dira Hizkuntzalaritzako ikastaroak baloratuko. Puntuazio hau emanen da:

_10 - 30 orduko ikastaro bakoitzagatik: 0,25 puntu.

_31 - 50 orduko ikastaro bakoitzagatik: 0,50 puntu.

_51 - 100 orduko ikastaro bakoitzagatik: 0,75 puntu.

_101 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitzagatik: puntu bat.

d) Soziolinguistikari buruzko argitalpen, komunikazio, hitzaldi eta ikerlanak (lanek kalitate nahikoa ote duten baloratuko du epaimahaiak). Gehienez ere 2 puntu.

_Argitaratutako liburu bakoitza: puntu bat.

_Argitaratutako artikulu bakoitza: 0,25 puntu.

_Argitara gabeko komunikazio, ikerlan... bakoitza: 0,15 puntu.

7.2. Lehiaketan aurkezten diren dokumentu guztiek jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izan beharko dute. Hasiera eta bukaera datak eta lanaldiarena adierazteaz gain, lanaldi mota zehaztuko da, bidezko bada, baita beste edozein informazio ere, atal honetan aurreikusitako puntuazioa emateko behar dena.

7.3. Izangaiek lehiaketan eskuratzen duten puntuazioa Garesko Udaletxeko iragarki oholean argitaratuko da, probak hasten diren egun berean.

8. oinarria._Oposizioaldia.

8.1. Deialdia zein hilabetetan argitaratzen den Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, handik aitzina hirugarren hilabetean hasiko da oposizioa. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

8.2. Oposizioko ariketek 75 puntuko balorazioa izanen dute, gehienez ere.

8.3. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

8.3.1. Lehenbiziko proba: lanpostuko eginkizunak betetzeko gaitasuna frogatuko da. Gehienez ere 15 puntu. Bi proba eginen dira, ahozkoa bata, idatzizkoa bestea: ahozkoa buruz burukoa izanen da eta hamar minutu iraunen du; idatzizkoa ordu eta erdiz luzatuko da. Idatzizkoan bi ariketa eginen dira: batean, euskaraz idatzitako testu bat zuzendu beharko da eta, bestean, gaztelaniazko testu bat euskaratu.

8.3.2. Bigarren proba: ariketa teorikoak. Gehienez ere 30 puntu. Bi ariketa egin beharko dira:

a) II. eranskineko lehen ataleko gaiei buruzko testa: 80 galderari erantzun beharko zaie ordubetean. Gehienez ere, 10 puntu eskuratzen ahal dira eta, gutxienez, 5 beharko dira baztertuta ez gelditzeko. Oker erantzundako galdera bakoitzeko 0,05 puntu kenduko dira.

b) Gai bat zozketaz hautatuko da II. eranskineko bigarren ataletik. Bi ordu izanen dira gaia azaltzeko. Ariketa honetan, gehienez ere, 20 puntu eskuratzen ahal dira eta, gutxienez, 10 beharko dira baztertuta ez gelditzeko.

8.3.3. Hirugarren proba: ariketa praktikoak. Gehienez ere, 30 puntu, eta gutxienez 15 atera beharko dira, proba gainditzeko.

Garesen euskara normalizatzeko plan orokor bat aurkeztu beharko du izangaiak, hiru atal hauekin gutxienez: euskararen egoeraren diagnostikoa, helburuak, lehentasunak erabakitzeko irizpideak, eskualdeko eragile eta baliabideak, jarduera zehatzak eta ebaluatzeko tresnak. Oposizioko lehen ariketa egiten den egunean aurkeztuko zaio plan orokorra epaimahaiari. Aurrerago, aurkeztutako plana epaimahaikoei azaldu beharko diete izangaiek, esaten zaien egunean eta orduan. Baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak. Epaimahaikoak eztabaidan sartzen ahal dira izangaiekin, hauek prestatutako plana defenda dezaten, eta argibideak eskatzen ahalko dizkie. Epaimahaiak txostena eta azalpena baloratuko ditu.

8.4. Oposizioko lehen hiru probetan pliken sistema erabiliko da. Hirugarren probako lehen ariketari dagokionez, zati idatzia pliken sistemaren bidez eginen da, eta irakurketa plikak ireki ondotik.

8.5. Oposizioko proba guztiak euskaraz eginen dira, eta guztietan baloratuko da hizkuntzaren ezagutza maila.

8.6. Ez da libre kontsultako materiala eramatea proba horietara.

8.7. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute. Baztertuak izanen dira probetarako iragarri egun, ordu eta tokietan aurkezten ez direnak, arrazoia edozein izanda.

9. oinarria._Proben balorazioa.

9.1. Mahaikideek nork bere aldetik jarriko ditu puntuazioak, eta horiekin batez besteko aritmetikoa eginen da ariketa bakoitzaren puntuazioa ateratzeko.

Epaimahai kalifikatzaileko kideek emandako gehieneko puntuazioaren eta gutxienekoaren artean baldin badago ariketarentzat aurreikusi den puntuazioaren %30etik gorako aldea, ez da aintzat hartuko bi muturretako ezein puntuazio, eta batez besteko aritmetikoa, gainerako puntuazioekin lortuko da.

9.2. Ariketa bakoitza bukaturik, epaimahaiak ariketa gainditu duten izangaien zerrenda eta bakoitzak lortutako kalifikazioak jendaurrean jarriko ditu Udaleko iragarki oholean eta ariketa egiteko erabilitako lokaletan. Halaber, oposizioko hurrengo ariketa egiteko lekua, eguna eta ordua ezarriko ditu.

10. oinarria._Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

10.1. Azken ariketaren kalifikazioa amaitutakoan, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda argitara emanen du Udalaren iragarki oholean, erdietsitako puntuazioaren hurrenkeran, ariketetan izangai bakoitzak lorturiko kalifikazioak batuz.

10.2. Epaimahaiak alkateari igorriko dio puntuazio altuena lortu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

10.3. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta 30 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Udalaren erregistro orokorrean:

a) Deialdiaren 3.1.c) eta 3.1.d) oinarrietan eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua.

b) Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duena. Aipatu txostena Udalak zehazten duen osasun zentroak luzatuko du.

c) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela baztertua izan erakusten duena.

d) Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

10.4. Aipatu epearen barrenean, eta behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan salbu, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean faltsukeria egiteagatik izan dezaketen erantzukizuna galarazi gabe.

10.5. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, alkateak puntuazioen zerrendan, 10.1. oinarrian aipatzen den horretan, ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta harekin aurreko ataletan adierazi bezala jokatuko da.

11. oinarria._Izendapena eta jabetza hartzea.

11.1. Alkateak, ebazpen bidez, Garesko Udaleko lan-kontratudun izendatuko du, euskara teknikari lanetan aritzeko, aurreko oinarrian ezarritakoa betetzen duen izangaia.

Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

11.2. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Epe horretan eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badu, Garesko Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Halakorik gertatuz gero, aurreko oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

12. oinarria._Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke: administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusian dagokion Salari zuzendua, errekurritutako egintza jakinarazi nahiz argitara eman eta bi hilabeteko epean, eta, aukeran, gora jotzekoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitara eman ondoko hilabetearen barrenean.

Garesen, 2006ko otsailean._Alkatea, Eva Erro Ochoa.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena ..........................................., adinez nagusia. Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia ......................, helbidea ...................., kalea ......................, zenbakia ....................., posta kodea ......................, telefonoa ................

Honako hau azaltzen dut:

Garesko Udaleko euskara teknikariaren lanpostua ........................, betetzeko deialdiak eskatzen dituen baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala. Deialdi hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALeko ...... zenbakiko alean argitaratu da, .........aren ...(e)an.

Honekin batera Nortasun Agiriaren kopia aurkeztu dudala.

Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia eta euskaraz dakidala frogatzen duen Gaitasun Agiriarena eransten ditudala edo, konpromisoa hartzen dudala euskaraz badakidala frogatzeko gaitasun probak egiteko (Ezabatu bidezkoa ez dena).

Horrenbestez,

Eskabidea garaiz eta behar den bezala aurkeztuta, deialdiaren probetan onartua izatea eskatu nahi dut.

(Data eta eskatzailearen sinadura)

GARESKO UDALEKO ALKATEA.

II. ERANSKINA

Bigarren proba:

1. ariketa: 80 galdera, ordubetean erantzun beharrekoak. Gai hauei buruzko galderak dira:

1._Kontaktuan dauden hizkuntzei buruzko oinarrizko kontzeptuak: hizkuntz komunitatea, hizkuntza gutxietsiak, gizartearen eta norberaren hizkuntz aniztasuna, diglosia, hizkuntzen arteko gatazka, hizkuntz normalizazioa, hizkuntz politika, hizkuntz plangintza, hizkuntz eskubideak eta ofizialtasuna.

2._Euskararen legezko estatusa: konstituzioak, autonomia estatutuak eta lege organikoak. Euskarari buruzko Foru Legea. Euskarari buruzko Foru Legeak eta euskaren gaineko udal ordenantzek Nafarroarako garatutako xedapen nagusiak.

3._Euskararen egoera demolinguistikoa Euskal Herrian. Informazio iturriak. Hizkuntz gaitasuna, euskararen transmisioa eta euskararen erabilerari buruzko datu eta estatistikak.

4._Euskararen egoera funtzionala: euskararen erabilera gizartearen esparruetan.

5._Eskualdeko errealitate soziologikoa eta soziolinguistikoa, datu demolinguistikoak, eskualdean euskara normalizatzearen alde diharduten erakunde publikoak eta gizarte entitateak.

2. ariketa: gai bat hautatuko da zozketaz, eta hura azaldu beharko da.

1._Euskararen historia soziolinguistikoa. Urrats erabakigarriak euskararen historian eta euskal komunitate linguistikoan, informazioa dagoenetik gaur egun arte, galera eta berreskuratze prozesuak, soziolinguistaren irizpideak kontuan hartuta.

2._Hizkuntza aniztasunari eta euskarari lotutako itun, hitzarmen eta deklarazioak.

3._Hizkuntz errepertorioa: hizkuntzaren aldagaiak eta eremuak. Euskararen errepertorioa: batua, aldaketa geografikoak, aldaketa sozialak, aldaketa formal eta ez-formalak, argotak ...

4._Nazioarteko soziolinguistikaren ekarpen teorikoak: Fishman, Mackey, "Bizi indar etnolinguistikoaren eskola" (Giles, Bourhis, Taylor), Aracil ...

5._Euskal Herriko soziolinguistikaren ekarpen teorikoa: Txepetx, Txillardegi...

6._Ikerketa soziolinguistikoaren metodologiak. Metodo kualitatiboak (eztabaida taldeak, elkarrizketa irekiak...) eta metodo kuantitatiboak (inkestak, zentsuak ...). Euskararen kaleko erabileraren neurketa eta beste metodologia berezi batzuk.

7._Hizkuntz gutxiagotuak nazioartean normalizatzeko erabiltzen diren hizkuntz politikaren ereduak. Aipatu ereduen helburuak eta metodoak. Lurraldetasunaren eta eskubide pertsonalaren kontzeptuak.

8._Euskara Euskal Herrian normalizatzeko azpiegitura: entitate publikoak eta sozialak.

Iragarkiaren kodea: L0606192