60. ALDIZKARIA - 2006ko maiatzaren 19a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

MAKIRRIAIN

Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Makirriaingo Kontzejuak, 2005eko abenduaren 1eko bilkuran, aho batez erabaki zuen hasiera batean onestea Makirriaingo herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen onestea. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluarekin bat, espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da epe horretan erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu.

Horrenbertzez, 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluarekin bat, ordenantza behin betikoz onetsi da. Hona hemen testu osoa:

MAKIRRIAINGO (EZKABARTE) KONTZEJUKO HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Makirriaingo Kontzejuko mugapeko herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea da ordenantza honen xedea.

2. artikulua. Herri ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak bertzerenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bertzenaz, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Makirriaingo Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den maneran.

Herri ondasunen inguruan Makirriaingo Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Makirriaingo Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela bertze bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herrilurretako ondasunak desafektatu ondotik bertze batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Makirriaingo Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Makirriaingo Kontzejua herri ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzera ahaleginduko da eta kontra eginen die horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bertzelako ekintzari.

8. artikulua. Makirriaingo Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesatuari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Makirriaingo Kontzejuak Nafarroako Gobernuari Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Kontzejuak hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Makirriaingo Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Makirriaingo Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo bertze zernahiren kariaz herri ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Makirriaingo Kontzejuak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Makirriaingo Kontzejuak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Kontzejuak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak honako hauek dira:

A._Laborantzarako herrilurren aprobetxamenduak.

B._Herrilarreen aprobetxamenduak.

C._Etxerako egurraren aprobetxamendua.

D._Herrilurretako bertzelako aprobetxamenduak.

15. artikulua. 1. Orokorrean, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea edo adingabe burujabea nahiz epaile bidez gaitua izatea.

b) Makirriaingo Biztanleen Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea urte bateko antzinatasunez.

c) Makirriainen urtean bederatzi hilabetez gutxienez egiazki eta jarraian bizitzea.

d) Makirriaingo Kontzejuarekin inolako zor fiskalik ez izatea, auzolanei dagozkienak barne.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia unitateko kidetzat hartuko dira. Nolanahi ere, familia unitate independientetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren; betiere, haien dirusarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan izan daitezkeen zalantzak Makirriaingo Kontzejuko Batzarrak argituko ditu.

II. KAPITULUA

Laborantzako herrilurren aprobetxamendua

16. artikulua. Makirriaingo laborantzako herrilurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoan esleitzea edo Makirriaingo Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Makirriaingo Kontzejuak laborantzako herrilurren aprobetxamendua esleitzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bertzearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

17. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, famili unitateen titular diren herritarrek 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta famili unitateko kide bakoitzaren dirusarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren % 30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo famili unitatearen dirusarrera osoak soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Famili unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutieneko soldataren % 60ren pareko dirusarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira, hala nola, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldata bidezko dirusarrerak, laborantzako lurrak errentan edo bertze tituluren baten bidez edukitzea, landa-lurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hiri-lurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai eta gisako izaera duen bertze edozein datu ere.

18. artikulua. 1. Ereduko lotearen azalera, mota honetan, 8 erregu da.

Familiek ondoko lur loteetarako eskubidea dute legez:

a) Hiru kide bitarteko famili unitateak, 1 koefizientea.

b) Lau kidetik seira bitarteko famili unitateak, 2 koefizientea.

c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko famili unitateak, 3 koefizientea.

d) 9 kide baino gehiagoko famili unitateak, 5 koefizientea.

19. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten famili unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Makirriaingo Kontzejuak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, Ordenantza honetako 17 eta 18. artikuluetan adierazitako faktoreak beheititzen ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Kontzejuak laborantzako beren herrilurren % 50 erabiliko ditu, gutienez, banaketa modu honetarako.

20. artikulua. Aprobetxamenduaz baliatzeko epea gutxienez ere 8 urtekoa izanen da. Labore urteanitzak badira, eta Kontzejuak baimendu ondoan, epe hori landare motaren bizitzaren arabera luzatu ahalko da.

21. artikulua. Aprobetxamendu modu horren esleipen hartzaileek ordainduko duten kanona inguruko antzeko lurren errentamendu prezioaren % 50 artekoa izan daiteke. Makirriaingo Kontzejuak ezarriko du zenbatekoa.

Nola nahi ere, kanonak toki entitateak dituen kostuak berdinduko ditu, gutxienez ere, eta urtero eguneratuko da, gehienez ere K.P.I.aren arabera.

22. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herrilurretako lurzatiak eta ezin izanen dituzte errentan eman edo ustiatu, lan pertsonala ez den bertze moduren baten bidez.

Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 15. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

23. artikulua. Erregelamendu honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, esleipen hartzaileak edo haren famili unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honetako 15. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantzan pertsonalki diharduen laborariaren izaera ez da galduko, Kontzeju honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi baterako bertze arrazoirengatik soldatapekorik hartzen denean. Horrelakoetan, hamabortz eguneko epean jakinaraziko zaio Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat, Kontzejuaren iritzian, behin betikoa bada eta herrilurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 24. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

24. artikulua. Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat izateagatik onuradunak ezin baditu herri lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, esleitzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Kontzejuak esleitu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko esleipen zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Kontzejuak lurzatien onuradunei esleipenetik ateratako dirusarrerak ordainduko dizkie,kanona kendu ondotik.

Makirriaingo Kontzejuak ezintasun fisikorik edo bertzeren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egoki juzkatzen dituen agiriak eskatuko ditu.

Beren laborea apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herrilurrak kenduko zaizkie esleipen aldia bukatu arte.

Lurzatiak galtzen dituzten onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte Kontzejuko diruzaintzan.

25. artikulua. Makirriaingo Kontzejuak egoki juzgatzen dituen egiaztapenak egiten ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honelakoetan ulertuko da lurrak ez dituela zuzenean norberak lantzen:

A._Nekazaritzako makineria izanik, berari esleitutako herrilurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

B._Landazain Zerbitzuaren edo Herrilurren Batzordearen ustean, esleitutako lurzatiak, ordenantza honetako 22, 23 eta 24. artikuluetan xedatzen den bezala, zuzenean eta pertsonalki lantzen ez baditu.

C._Ondoko alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu eta agindu epean aurkezten ez badira: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Kontzejuek baimendutako pertsonek eginak.

D._Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, horretara beharturik ez egonik ere.

E._Esleitutako lurzatien % 80 bederen ez lantzea.

F._Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak dituztenean.

2. ATALA

Herritarren artean zuzenean esleitutako aprobetxamenduak

26. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herrilurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateko titularrak diren herritarren artean.

27. artikulua. Zuzenean esleitzen diren loteen azalera Kontzejuak erabakiko du, lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondoren, eta gelditzen den azaleraren eta eskatzaile kopuruaren ariora eginen da, famili unitate bakoitzak dituen dirusarrera garbien edo ustiategiak duen tamainaren alderantzizko proportzioan, esleipen hartzaileak nekazariak izanez gero, eremu bakoitzeko eta laborantza mota bakoitzeko erregelamendu bidez finkatzen diren unitateen arabera.

Atal honetan aipatzen diren esleipenak egiterakoan, toki entitateek erreserban gordeko ditu, onuradun berriei erantzun ahal izateko, herrilurretako lurzati batzuk, baina betiere hasierako azalera osoaren ehuneko bortz gehienez ere.

28. artikulua. Esleipenaren epea 20. artikuluan adierazitako berbera da.

29. artikulua. Kontzejuak finkatuko du kanona, eta zenbatekoa ez da izanen inguruko antzeko lurren errentamendu prezioaren % 90ekoa baino txikiagoa.

Famili unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honetako 17.3) artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.

Nola nahi den ere, urtero eguneratuko da kanona, KPIaren arabera gehienez ere.

30. artikulua. Laborantza zuzenean eta pertsonalki eginen du esleipen hartzaileak, eta horri dagokionez, 22, 23, 24 eta 25. artikuluetan ezarritakoari jarraituko zaio.

31. artikulua. Kontzejuak laborantzarako herrilurren azalera osoaren % 5 gainditzen ez duen eremu bat gordeko du, onuradun berriei esleitzeko.

32. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondotik, dirusarrera handiagoak dituzten famili unitateetako titularren eskaerak kenduko dira.

33. artikulua. Kontzejuak baratzeak esleitu ahalko dizkie, zozketa bidez, antzeko lurrik izan ez eta hala nahi duten famili unitateei; 500 metro karratuko baratzeak izanen dira, 137. lurzatiaren mendebaldean kokatuak (hartara, 5.000 m² gorde dira aipatutako 137. lurzatian, gehienez ere 500 m²-ko lotetan banatuko direnak), eta honako baldintzen arabera esleituko dira:

a) Eskatzailea ez da ureztatzeko lurren jabe izanen, ezta laborantzako bertzelako herrilurren onuradun ere.

b) Baratzea zuzenean eta pertsonalki landuko da 22, 23, 24 eta 25. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

c) Esleipena 8 urterako izanen da.

d) Kontzejuak finkatuko du kanona, eta urtero eguneratuko da, gehienez ere KPIaren arabera.

3. ATALA

Kontzejuaren ustiapen zuzena edo enkante publikoa

34. artikulua. Kontzejuak, Lehen eta Bigarren Ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lurra sobran baldin badago, enkante irekian eginen du esleipena, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanez.

Erregu bakoitzeko hasierako prezioa Kontzejuak finkatuko du eta eskualde horretan gisako lurrentzat dauden errentamendu prezioen parekoa izanen da. Zenbateko hauek urtero eguneratuko dira KPIaren arabera.

Enkantea egin ondoan laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Esleipen bidea

35. artikulua. Kontzejuak erabakia hartu ondotik, 20 egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herrilurretako lurzatien esleipena eska dezaten, ediktua Kontzejuaren iragarki oholean argitara eman ondoan.

36. artikulua. Eskabideekin batera ondoko alderdien gaineko zinpeko aitorpena aurkeztuko da:

a) Herriko biztanlea dela, gutxienez urtebeteko antzinatasuna izanik eta Kontzejuan urtean 9 hilabetez bederen bizi dela.

b) Kontzejuarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

c) Famili unitatea zenbat kidek osatzen duten. Lehentasuna duten herritarrek haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute.

d) Famili unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai Kontzeju honetan bai bertzetan; lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuko da.

e) Famili unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz bertzeko tituluren baten bidez Kontzejuaren mugapean lantzen dituen lurrak; lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuko da.

37. artikulua. Makirriaingo Kontzejuak, osoko bilkuran, onartuen zerrenda onetsiko du esleitzeko era bakoitzean, lehentasunekoan edo zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

38. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrenda Kontzeju honen iragarki oholean paratuko da 10 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bihurtuko da.

39. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, Kontzejuak horien gaineko ebazpena emanen du, eta mota bakoitzean herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.

40. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduan eskubidea duten famili unitatearen titularren behin betiko zerrenda ikusirik, Makirriaingo Kontzejuak loteak esleituko ditu, eta horien ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 18. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Laborantzarako herrilurren gainerako azalerari dagokionez, Makirriaingo Kontzejuak laborantzarako loteak esleituko dizkie herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden famili unitatearen titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 27. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Lurzatiak esleituta, onuradunen eta haiei dagozkien herrilurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunean, Kontzejuaren iragarki oholean. Zerrendak Kontzejuak onetsiko ditu osoko bilkuran.

41. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, behin ebatzita eta akatsak zuzenduta, Makirriaingo Kontzejuak behin betikoz onetsiko du laborantzarako herrilurretako aprobetxamenduen esleipena.

III. KAPITULUA

Herrilarreen aprobetxamendua

42. artikulua. Makirriaingo Kontzejuko herrilarreek ustiapen unitatea osatzen dute bertze finka partikularrekin batera, antzinako ohitura, edo lege nahiz hitzarmenari jarraikiz, eta finka hauetan banatzen da:

1. Llano de Asketa alderditik Llano de Txangola alderdira: 250 erregu.

2. Carasol, Camino de Asketako eskuinaldekoa, eta Pineral Chiquito alderdia: 150 erregu.

3. Lokotxoko alderdia: 50 erregu.

4. Carasol de Txangola: 450 erregu.

_Ilarraga.

_Pineral Grande.

43. artikulua. Makirriaingo Kontzejuaren herrilarreen aprobetxamendua esleitzeko ondoko bideak erabiliko dira, lehentasun ordena honi jarraikiz:

a) Herritarren arteko zuzeneko esleipena.

b) Antzinako ohiturari jarraituz.

c) Enkante publikoaren bidez esleitua.

44. artikulua. Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako titularrak dira herritarren arteko zuzeneko esleipenaren bidezko larre aprobetxamenduaren onuradun.

45. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan eman edo lagatzea.

46. artikulua. Esleipena 10 urterako izanen da.

47. artikulua. Makirriaingo Kontzejuak honela jotzen du bazkatoki bakoitzak jasan dezakeen abelburuen kopurua:

1. Llano de Asketa alderditik Llano de Txangola alderdira:

_Ardi aziendako 40 buru.

_Behi edo zaldi aziendako 4 buru.

_8 pottoka.

2. Carasol, Camino de Asketako eskuinaldekoa, eta Pineral Chiquito alderdia:

_Ardi aziendako 30 buru.

_Zaldi aziendako 3 buru.

_6 pottoka.

3. Lokotxoko alderdia:

_Ardi aziendako 10 buru.

_Zaldi aziendako buru bat.

_2 pottoka.

4. Carasol de Txangola:

_Ardi aziendako 60 buru.

_12 pottoka.

_Zaldi aziendako 6 buru.

Honi dagokionez, Makirriaingo Kontzejuak baliokidetza hauek egin ditu:

_Behor bat behi bat adina da.

_Behi bat 10 ardi adina da.

_Ahuntz bat ardi bat adina da.

_Behor bat 2 pottoka adina da (1,30 metroko altuerakoak).

48. artikulua. Kontuan hartuz abelburu kopurua, larreen aberastasuna eta eskortarik dagoen ala ez, Makirriaingo Kontzejuak kanon hau finkatu du finka bakoitzerako. Kontzejuak kanon hori finkatuko du, larreen egiazko balioaren % 80tik % 90erako tartean.

49. artikulua. Esleipen prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak dituen goiti-beheitien arabera egokitzeko, Nafarroako erakunde ofizial eskudunak onartzen dituen indizeak kontuan hartuz.

50. artikulua. Urte bakoitzari dagokion kanona epe bakarrean ordainduko da, urtea amaitutakoan.

51. artikulua. Kontzejuak larre guztien bortzena gordeko du urtero esleitu ahal izateko, onuradun berriak agertzen ote diren.

Ondoko alderdietan kokatuko dira larre horiek: Carasol de Txangola gehi Pineral Grande alderdiko puska, 200 erregu osatu arte.

52. artikulua. Herrilarreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, indarra duten foru legeetan eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta aipatu Foru Lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

53. artikulua. Prozedura. Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki oholean ediktua paratuta, 15 egun balioduneko epea irekiko du, eskubidea izan uste dutenek larreen esleipena eska dezaten.

54. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da 36. artikuluan ezarri bezala, eta orobat, abelburuen kopurua egiaztatzen duen katastroko ziurtagiria eta osasun babesari buruzko ziurtagiria, ordenantza honetako 53. artikuluari jarraikiz. Azkenik, eskatzaileak erabili nahi dituen finkak ere adieraziko ditu.

55. artikulua. Kontzejuak behin-behinekoz eginen du esleipena, inguruabar hauek kontuan harturik:

a) Lehentasuna emanen zaie egoera ekonomikorik okerrena duten famili unitateei.

b) Finkek hartzen ahal duten abelburu kargaren arabera esleituko dira, abelburu kopurua antzekoa duten eskatzaileen artean

c) Finka bat bera abeltzain bat baino gehiagori esleitzen ahal zaie, guztiek dituzten abelburuen kopurua, bazkatokiak hartzen ahal duen kopurua baino handiagoa ez bada. Horrelakoetan, kanona azienda buru bakoitzeko ezarriko da.

d) Abeltzain bakar bati b finka esleitzen ahal zaizkio, betiere abelburu aski baditu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak bete badira.

56. artikulua. Behin-behineko esleipena eginik, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epe hori bukatutakoan.

57. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez esleituko dira 8 urterako, indarra duen araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.

58. artikulua. Larreak, laborantzako lurrak eta baratzeak esleitzeko baldintzak:

_Esleipen hartzaileak bere horretan mantendu beharko ditu esleitutako lurzatietako itxiturak eta iturriak, esleipena egiterakoan halakorik balego.

_Herritar berberari elkarren segidako esleipenak egokituz gero, eta halako lurzati eta baratzetan hobekuntzak eginak baditu (itxiturak, askak, baltsak, erretenak, etab.), horiexek berak esleituko zaizkio, ahal delarik.

_Esleipen hartzaileek bere horretan utziko dituzte ezponda eta errekastoetako zuhaitzak eta landareak, ingurumenaren arloan indarra duen legeekin bat.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

59. artikulua. Oihanean aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoan, Kontzejuak epaitzak banatuko ditu ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateei.

60. artikulua. Kontzejuak urtero finkatuko du famili unitateei esleitu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

61. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

62. artikulua. Egurra banatzerakoan Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da, diru aldetik apalenak diren famili unitateei lehentasuna emanen dielarik.

63. artikulua. Onuradunen maila ekonomikoak zehazteko, Kontzejua irizpide objetiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 17. artikuluan islatzen den bezala.

64. artikulua. Epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero finkatuko du Kontzejuak bere aurrekontu arruntean.

65. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere Kontzejuko eta Nafarroako Foru Administrazioko landazainek ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendu honen esleipena ukatuko zaie.

66. artikulua. Esleipen prozedurari dagokionez, ordenantza honetako 35, 36, 37, 38, 39, 40, 41, 55, 56, 57 eta 58. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

V. KAPITULUA

Herrilurretako bertzelako aprobetxamenduak

67. artikulua. Herrilurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua gaiari buruzko foru araudian ezarritakoari jarraikiz eginen da.

68. artikulua. Herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan ezarri gogo den bertze edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Kontzejuak prestatzen dituen baldintza pleguei lotuko zaizkie. Gainera, aldez aurretik gutxienez 15 egunez jendaurrean jartzea eta Nafarroako Gobernuak onestea beharrezkoa izanen da.

69. artikulua. Kontzejuak ez du aurrerantzean esleituko iralekuen aprobetxamendurik herritarren artean. Orain arte esleituriko iralekuak, dela espresuki dela isilbidez emandakoak, toki entitatearen eskuetara itzuliko dira, bi urte jarraian egiazki ustiatzen ez badira, deusetan galarazi gabe desahuzioa gauzatzeko ahalmena, aipatu Foru Legearen 119. artikuluan aurreikusten denaren arabera.

VI. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretan

70. artikulua. 1. Kontzejuak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Herrilurren gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu hauek Kontzejuak nahiz herritar interesatuek sustatzen ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.

3. Hauxe da kasu horietan jarraitu beharreko prozedura:

a) Kontzejuaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

71. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Kontzejuak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Kontzejuak ebatzi ondotik.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

72. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak finkatuko dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herrilurraren aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

d) Herrilurrari esleipeneko erabilera ez dena ematea.

e) Lurrak lantzea Kontzejuaren esleipenik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak, izan.

f) Labore iraunkorretarako landaketak (frutarbolak, zainzuriak, etab.) Kontzejuaren baimenik gabe egitea.

g) Esleipenetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

h) Herrilarreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

i) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

j) Artzaintzarako eremuak ez errespetatzea.

k) Ordenantzako 58. artikuluan ezarritako baldintzak ez betetzea.

l) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate guztiak.

73. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

a), b), c), d), f), h) eta k) arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da, nahiz eta horrek ez duen galarazten Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek zehapenak ezartzea.

g) arau-haustearengatik, herrilurren edo herrilarreen esleipen hartzailea izateko eskubidea galduko da.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa gutxienez halako bortz eta gehienez halako hamar ordaintzea izanen da zehapena. Balio hori zehazterik ez badago, 60tik 12.000 euro bitarteko zehapena ezarriko da.

Makirriainen, 2006ko apirilaren 7an._Alkate udalburua, Fermín Goñi del Palacio.

Iragarkiaren kodea: L0606160