60. ALDIZKARIA - 2006ko maiatzaren 19a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BERRIOBEITI

Ordenantza behin betiko onetsirik

Berriobeitiko Udalak, 2005eko azaroaren 2an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen udal ordenantza.

Onesteko erabakia 2005ko 145. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, abenduaren 5ean, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, Berriobeitiko Udalak 2006ko otsailaren 7ko osoko bilkuran hala erabakita, Euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen udal ordenantza behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Berriobeitin, 2006ko apirilaren 12an._Alkatea, José María Irisarri Ollacarizqueta.

BERRIOBEITIKO UDAL ESPARRUAN EUSKARAREN ERABILERA ETA SUSTAPENA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

Berriobeitiko Udalarentzat, euskara udalerriko bi hizkuntzetako bat da. Bere egiten du, gainera, ordenantza honetan, biztanleriaren aldeko jarrera euskara sustatu eta normalizatzeari dagokionez, bai Nafarroako Gobernuak bai Euskara Batzordeak gaur arte egindako azterlan sozio-linguistikoek erakusten dutenez.

Gainera, urtero gora doa 3 urteko haurren matrikulazioa euskaraz.

Horrek guztiak, gizarteak euskararen alde duen borondatearen adierazgarri, Berriobetin, urteak igaro ahala, gero eta herritar gehiago elebidun izanen direla esan nahi du, hau da, gero eta euskaldun gehiago. Gizartearen sektore horrek ziur aski, legez dituen hizkuntz eskubideak erabiliz, gero eta zerbitzu gehiago euskaraz emateko eskatuko dio Udalari, eta Udalak, zerbitzu publikoa denez gero, ezinbestean euskaraz eman beharko ditu.

Beraz, herritarrek udal zerbitzuak euskaraz izan ditzaten bermatzea da ordenantza honen helburu orokorra.

Udalaren eta herritarren gogo garbi horretaz gain, aipatu behar da Espainiako Konstituzioak botere publikoen esku uzten duela Espainiako hizkuntzen kultur ondarea errespetatu eta babesteko zeregina; Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak helburutzat duela herritarren eskubidea babestea euskaraz ikasteko eta mintzatzeko eta hura berreskuratu eta garatzea; lege horrek berak administrazio publikoetan euskaraz aritzeko eskubidea bermatzen diela herritarrei eta aukera ematen duela zenbait lanpostutarako euskaraz jakin beharra nahitaezkoa izateko, eta gainerakoetan baloratua; eta, azkenik, Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duen uztailaren 4ko 135/1994 Foru Dekretuak neurri egokiak hartzea aurreikusten du herritarrek bermatua izan dezaten administrazioarekin euskaraz aritzeko eskubidea, baita euskara erabiltzeko joera barreneko inprimakietan, administrazioen arteko harremanetan euskaraz aritzeko aukera, eta euskaraz jakin beharra eskatzea zenbait lanpostutarako eta merezimendu gisa baloratzea beste zenbaitetarako.

Beraz, helburu hauek ditu ordenantza honek:

Herritarrei bermatzea erabili nahi duten hizkuntzan izatea harremana.

Euskararen erabilera idatziaren gaineko araudia zehaztea.

Zehaztea zein lanpostutan aritzeko jakin beharko den euskaraz, ikusita zein administrazio prozedura ohikoenetan izaten ahal den laneko hizkuntza.

Euskara baloratzeko portzentajea zehaztea, hizkuntza hori jakitera behartzen ez den lanpostuetarako.

Euskara sustatzeko neurriak jorratzea.

Berriobeitiko izen ofizial elebiduna zehaztea.

Aipatu den araudiarekin bat eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz, ordenantza hau onestea erabaki da:

I. KAPITULUA

Ordenantzaren aplikazio esparrua

1. artikulua. Ordenantza hau Berriobeitiko Udalean aplikatuko da, hau da, hartan berean zentzurik hertsienean eta haren menpeko erakunde autonomoetan.

2. artikulua. Udalaren eskumeneko zerbitzuetan, hirugarrenen ardura bada ere edozein kudeaketa bidez, ordenantza honetako IV. kapitulua aplikatuko da.

II. KAPITULUA

Administrazioen arteko harremanak

3. artikulua. Berriobeitiko Udalak beste administrazio publikoei igortzen dizkien agiri, jakinarazpen eta komunikazio administratiboak, Nafarroako Foru Komunitatean, Euskal Autonomia Erkidegoan edo Ipar Euskal Herrian egon, baita euskaraz egin ohi duten entitate eta erakundeetakoak ere, bi hizkuntzetan idatziko dira, oro har.

4. artikulua. Berriobeitiko Udalak, beste edozein aldetako administrazioekin ari denean ere, bi hizkuntzetan eginen du, pixkanaka; eta beti, beste administrazioak harremana elebitan hasi badu.

III. KAPITULUA

Herritarren eskubideak

5. artikulua. Herritarrek Berriobeitiko Udalarekin gaztelaniaz nahiz euskaraz aritzeko eskubidea dute.

6. artikulua. Idatziz Udalari euskaraz egiten dioten herritarrei hizkuntza horretan berean emanen zaie erantzuna. Horretarako, itzulpen zerbitzua erabiliko da _langile gaiturik ez dagoenean, betiere_. Herritarrak eskatzen duenaren bertsio ofiziala emanen du gaztelaniaz, eta Udalak jakinarazi behar dion erabakia edo erantzuna, euskaraz.

7. artikulua. Ahoz, Udalari euskaraz egitea hautatzen duten herritarrei halaberean erantzunen zaie.

8. artikulua. 6. eta 7. artikuluen ondorioetarako, Udalak jarduketa plana diseinatu eta gauzatuko du, jendeari harrera egiteko tokietan udal langile euskaldunak egotea bermatzeko, ordenantza honetako V. kapituluan aipatzen den ildotik.

IV. KAPITULUA

Udalaren kanpo irudia

9. artikulua. Berriobeitiko Udalak eta bere mendeko erakunde autonomoek gaztelania eta euskara erabiliko dituzte herritarrentzat, oro har, ari direnean.

Hartaz, elebitan izanen dira:

a) Bandoak, ediktuak, afixak eta argibideak emateko plakak.

b) Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta antzeko elementuak.

c) Eraikin, kale eta eremu publikoetako errotuluak.

d) Udalaren egoitza eta bulegoetako errotuluak, Udalaren ibilgailuetakoak, eta langileen arropa eta uniformeetakoak.

e) Interes turistikoko, zerbitzuen kontroleko eta trafikoko seinaleak, etzanak izan ala zutikakoak.

f) Udalak administrazio prozedura guztien gaineko argibideak eman beharrez herritarren eskura jartzen dituen agiri eta ereduak.

g) Beste edozein baliabide edo formatu, Udalaren irudia adierazteko erabiltzen dena.

10. artikulua. 1. Kartelen elementu guztiak elebitan egonen dira.

2. Udal jardueren informazio eta propagandako eskuorriak bi hizkuntzetan egonen dira herritar ororentzat direnean.

3. Eskuorrien helburua kultura, kirola eta abarreko jardueraren bat iragartzea bada, honela erabiliko dira hizkuntzak:

a) Informazio orokorreko elementuak (tokia, data, ordua ...) bi hizkuntzetan agertuko dira.

b) Jarduera beste lengoaia batzuen bidez garatzen bada: ikusizkoa, musikala, plastikoa etab., argibideak bi hizkuntzetan emanen dira.

c) Delako jarduera hizkuntza baten ahozko erabileran batez ere oinarritzen bada (hitzaldiak, antzerkia, poesia, ikus-entzunezkoak, etab.) hura azaltzeko elementuetan, hala nola esku programetan eta katalogoetan, jarduera zein hizkuntzatan egin, hura erabiltzen ahal da eta laburpen txiki bat egin beste hizkuntzan.

11. artikulua. Publizitatea hedabideetan.

1. Udalaren prentsako iragakiak bi hizkuntzetan agertuko dira.

2. Ikus-entzunezkoetako publizitatea _irratian eta telebistan_ bi hizkuntzetan eginen da, hizkuntza bateko eta besteko herritar kopuruaren araberako proportzioan.

12. artikulua. Argitalpenak.

Berriobetiko Udalaren eta bere mendeko erakundeen argitalpenak elebitan eginen dira interes orokorrekoak direnean eta herritar ororentzat direnean, interes turistikoa badute edo Berriobeitirentzat enblematikoak edo sinbolikoak badira.

13. artikulua. Hedabide berekiak (Adb.: UIA) eta Udalaren laguntza hartzen dutenak.

1. Elebitan, euskaraz zein gaztelaniaz, eta erdi bana izanen dira bai titular finkoak bai ale batetik bestera aldatzen direnak eta erreportajeen goiburu direnak etab.

2. Gaztelaniaz egindako artikulu, elkarrizketa etabarrak euskaraz laburtuko dira. Leihoa, goiburua edo beste bitarteko egokiren bar baliatuko da; betiere, aise identifikatzeko moduan nabarmenduko da eta gaztelaniazko testuaren % 25-30eko hedadura izanen du.

3. Orobat eta baldintza beretan laburtuko dira, gaztelaniaz, euskaraz egindako artikulu, elkarrizketa etabarrak, euskarazko testuaren % 25-30eko hedadura dutela.

4. Iragarkiak paratzen dituztenei aditzera emanen zaie beren iragarkiak elebitan egiteko aukera dutela, erabat edo hein batean. Horretarako, Udalaren itzulpen zerbitzua eskainiko zaie.

V. KAPITULUA

Udal langileak eta Udalaren barne funtzionamendua

14. artikulua. Udalaren urteroko plantilla organikoan zehaztuko da zer lanpostutan izan behar duten euskaldun haietan aritzen diren funtzionarioek, jendearekin harreman gehiago izateagatik edo administrazio prozedura normalduen katearen barrenean duten lekuagatik.

15. artikulua. Aurreko artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, batzorde bat eratuko da, teknikoki kualifikatua, zehazteko zein udal esparrutan dagoen, ahoz nahiz idatziz, harreman gehiago herritarrekin; orobat, administrazio prozedura ohikoenak, aipatu esparru edo prozedurei lotutako lanpostuen hizkuntz eskakizunak, herritarrak zerbitzua euskaraz izanen duela bermatzeko zirkuitu elebidunen azterlana eta jarduketa plan bat, non hizkuntz eskakizunak eskuratzeko bitarteko eta baliabideak finkatuko baitira. Azterlan horretarako, sei hilabetetik urtebete arteko epea izanen du.

16. artikulua. Berriobeitiko Udalak lanpostuak betetzeko egiten dituen deialdi guztietan eta euskaraz jakin beharrik ez dagoenetan merezimendua izanen da euskaraz jakitea.

17. artikulua. Deialdiko puntu guztien % 5 emanen zaio euskarari (lehiaketa gehi oposizioa) jendearekin zuzeneko harremana ez duten lanpostuetarako eta % 10 harreman hori dutenetarako.

18. artikulua. Aurreko artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, aipatu balorazio irizpideak aplikatzetik ateratzen den gehieneko puntuazioa dagokio EGA edo antzeko tituluek frogatzen duten ezagutza mailari.

Nolanahi dela ere, euskara maila egiaztatu behar bada proba baten bidez, aholkularitza teknikoa eskatuko zaio Nafarroako Gobernuko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikorako Zuzendaritza Nagusiari.

19. artikulua. 1. Euskaraz ikasten lagunduko zaie nahi duten udal langileei, ordenantza honetan ezarritako helburuak bete daitezen.

2. Udalak hizkuntz prestakuntzarako planak antolatuko ditu, helburu horiek lortzearren. Haietan lanaldiaren murrizketak aurreikusiko dira, laguntza ekonomikoak eta ordezkapenak, Nafarroako Gobernuak ezarritako esparruaren barrenean.

3. Udal langileak hizkuntz prestakuntzako plan horietan sartuta badaude edo, Udalean sartzeko nahiz haien lanbideko edozein fasetan, dakiten euskara baloratu bazaie, haien ezagutza erabiltzeko eskatu ahalko zaie Berriobeitiko udal administrazioan egiten duten lanean.

VI. KAPITULUA

Euskararen sustapena

20. artikulua. 1. Udaleko Euskara Kontseiluak urteko programak prestatuko ditu euskarari buruzko gaien gaineko informazio maila handitzeko eta hizkuntza horren ezagutza eta erabilera sustatzeko gizartearen esparru guztietan.

2. Kontseiluak Udalari aurkeztuko dizkio proposamenak Euskararen Informazio Batzordearen bitartez.

3. Aipatzearren, Berriobeitiko Udalak Nafarroako Gobernuaren ekimen eta kanpainetan hartuko du parte eta, beste udal entitate batzuekin koordinatuz, eskolatze kanpainan, helduen irakaskuntzako matrikulazio kanpainan, euskara familian irakasteko kanpainan, euskara Udalean erabiltzeko kanpainan eta euskarazko aldizkarietan edo hura sustatzekoetan, eta udako kanpaldietan.

21. artikulua. Berriobeitiko Udalak diru kopuru bat ezarriko du urteko aurrekontuetan euskarazko ikastaroetan parte hartu nahi duten herritar helduentzat, urtero argitaratuko den deialdiari jarraituz.

22. artikulua. Udaleko Kultura eta Kirol Alorrek euskaraz eskainiko dizkiete jarduerak 3 eta 18 urte arteko gazteei, hizkuntza horretan eskolatuta daudenen proportzio berean. Orobat, kultur eta kirol jarduerak eskainiko zaizkie helduei.

23. artikulua. Kultur jarduerak eta euskara sustatzekoak bultzatuko dira, eta dirulaguntza izanen dute gizartearen ekimenaz eragiten direnek.

24. artikulua. Fakturak, ordainagiriak, inprimakiak, seinalizazioko errotuluak eta Berriobeitiko bezeroendako informazioa bi hizkuntzetan izatea eskatuko die Berriobeitiko Udalak berarekin lan egiten duten zerbitzuetako enpresa publiko eta pribatuei edo herritarrendako jarduketetan parte hartzen dutenei haiekin hartu-emana dutenean.

25. artikulua. Udal Haurtzaindegian, 0 eta 3 urte artekoentzako LOGSE Berriobeitiko udal mugapean aplikatu ahala, kontuan hartuko dira euskarazko haur irakaskuntzarako eskaerak, eta gurasoek ziurtatuta dute seme-alabentzako hizkuntz eredua hautatzeko eskubidea. Modu berean jokatuko da irakaskuntza publikoan. Udal ludotekan, erabilera anitzeko eraikinean, udal liburutegian eta kultur etxean jarduera eta jarduketa elebidunak bultzatuko dira, udal ordenantza honetan ezarritakoaren ildotik.

26. artikulua. Kapitulu honetan aipatutako jarduera eta ekimenak urteroko programetan jasotzen dira, "Euskararen erabilera udaletan normalizatzeko Nafarroako Gobernuaren eta zenbait toki entitateren arteko lankidetza hitzarmena" garatzen dutenetan, alegia.

27. artikulua. 1. Berriobeitiko Udalak, aldian behin, azterlana eginen du euskaldun populazioaren portzentajea jakiteko, udalerriaren egoera soziolinguistikoa hobeki ezagutu eta haiendako kanpainak hobeki antolatzeko. Orobat, borondatezko izen emateen bidez, Berriobeitiko euskaldunen zentsua eginen du, haiendako kanpainak berme guztiekin prestatzeko.

2. Abenduaren 13ko 15/1999 Legearen 20.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, euskaldunen fitxategiak ezaugarri hauek izanen ditu:

a) Aurreikusitako xede eta erabilerak: soziolingustikaren esparruan lanabesa eskura izatea, hizkuntz programa berariazkoak prestatzeko hiztunaren hizkuntz ezaugarriei begiratuta.

b) Ukitutako norbanakoak edo taldeak: Berriobeitiko herritarrak.

c) Datuak biltzeko prozedura: interesatuak emanen ditu, edo haren legezko ordezkariak, inprimaki bat beteta.

d) Fitxategiaren oinarrizko egitura eta bertan sartuko diren datu pertsonalak:

1. Identifikazio datuak:

_Izen-deiturak.

_Helbidea.

2. Datu pertsonalak:

_Adina.

_Sexua.

3. Ikasketen eta lanbideen gaineko datuak:

_Prestakuntza.

e) Datu pertsonalen lagapena: fitxategiko datuak ez dira inori ez inolako entitateri lagako edo jakinaraziko, interesatua ez bada, eta ez da haiekin nazioarteko transferentziarik eginen.

f) Fitxategiaren ardura duen unitate organikoa: Berriobeitiko Udala.

g) Segurtasun neurriak: oinarrizko segurtasun plana ezarriko da.

VII. KAPITULUA

Berriobeitiren izen ofiziala

23. artikulua. Udalak osoko bilkuran onetsiko du udalerriaren izen elebidun ofiziala, Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikarako Zuzendaritzan kontsulta egin ondoren.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Ordenantza honek indarra hartuko du behin-behineko onespenaren erabakia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hamabost egun iragan ondoren.

Bigarrena._Berriobeitiko Udaleko Euskara Batzordeari ahalmena eman zaio segimendua egiteko ordenantza hau betetzen ote den, eta hura bermatzeko edozein gairen gainean proposamenak egiteko.

Iragarkiaren kodea: L0606487