60. ALDIZKARIA - 2006ko maiatzaren 19a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ALLIN

Udal ordenantza behin betikoz onetsirik

Allingo Udalak, 2005eko abenduaren 7an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Jarduera sailkatuen espedienteak eta irekitzeko lizentzien kontzesioa tramitatzeko tasak arautzen dituen udal ordenantza.

Onesteko erabakia 2006ko 5. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 11n, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

JARDUERA SAILKATUEN ESPEDIENTEAK ETA IREKITZEKO LIZENTZIEN KONTZESIOA TRAMITATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenengo tituluko IV. kapituluko 7. idatz-zatian xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Ingurumena babesteko jarduera sailkatuetako zerbitzu tekniko eta administratiboak egitea da zergapeko egintza, ondoko kasuetan:

a) Jarduera lizentzia.

b) Jarduera lizentzia berrikustea.

c) Irekitzeko lizentzia.

d) Ingurumenaren babesari lotutako jardueren gaineko ikuskapenak.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Lizentzia eskatzen denean sortuko da tasa edo/eta hura eskualdatu dela jakinaraztearekin batera.

Subjektu pasiboa

4. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasak ordaindu behar dituzte pertsona fisiko eta juridikoek, bai eta nortasun juridikorik ez izan arren, batasun ekonomikoa edo aparteko ondarea osatzen duten entitateek ere, baldin haien izenean lizentzia eman, aldatu, eskualdatu edo berraztertzen bada.

Tarifak

5. artikulua. Arau honen eranskinean agertzen dira aplikatuko diren tarifak. Lizentzia eskatzen dutenek lizentziei uko egin ahalko diete, uko espresua idatzita aurkeztuz, betiere lizentzia iraungia ez bada. Udalak lizentzia emateko erabakia hartu baino lehen uko egiten bazaio, tasak % 20 murriztuko dira lizentzia eman eta egokituko liratekeenen aldean; lizentzia eman ondoren uko egiten bazaio, tasak % 50 baino ez dira murriztuko.

Kudeaketa arauak

6. artikulua. Jarduteko lizentzia erdiesteko interesa duten pertsonek behar den eskabidea aurkeztuko dute Udaletxean, lokalean egin beharreko jarduera(k) eta kokapena zehazten dituztela, legeetan eta arloaren gaineko udal ordenantzetan eskatutako dokumentazioarekin batera.

7. artikulua. Lizentzia eman eta tasaren likidazioa onetsia dela, interesatuak zenbatekoa ordaindu beharko du jakinarazpena jasotzen duenetik aitzina borondatezko kobrantza aldiaren barrenean; bestela, inolako gaztigurik gabe, premiamendu bidez kobratuko da.

8. artikulua. Emandako lizentziek balioa galduko dute legeetan eta arloaren gaineko ordenantzan ezarritako epe eta arauen arabera, eta hala gertatuz gero, jardueran aritu nahi duten interesatuek lizentzia berria eskatu beharko dute eta tasa oso-osorik berriz ordaindu.

9. artikulua. Titulartasuna aldatu edo jardueraren eskualdaketa gertatzen denean, lizentziaren titular berriak Udalari jakinaraziko dio, eta horretarako behar diren egiaztagiriak aurkeztuko ditu. Titular berriaren aldeko lizentzia egiaztatzen duen titulua eskuratzeko, dagokion tasa ordaindu beharko da.

Arau-hausteak

10. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei buruzko orotan, ordenantza orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.

Tarifen eranskina

Kuota: txosten teknikoaren zenbatekoa.

Larrionen, 2006ko martxoaren 14an._Alkatea, María Ascensión Gárriz Ripa.

Iragarkiaren kodea: L0606377