60. ALDIZKARIA - 2006ko maiatzaren 19a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

TIRAPU

Bikote egonkorren ordenantza behin betiko onetsirik

Osoko bilkurak, 2006ko urtarrilaren 23an hartu erabakiaren bitartez, hasiera batez onetsi zen Bikote egonkorren udal erregistroa arautzen duen ordenantza. Udaleko iragarki oholean eta 2006ko 17. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, otsailaren 17an, iragarkiak paratu ondotik, espedientea jendaurrean egon zen hogeita hamar egunean. Epe hori erreklamazio, kexa edo oharrik gabe iragan denez, behin betiko onetsita gelditu da. Hona hemen testu osoa:

BIKOTE EGONKORREN UDAL ERREGISTROAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ezkondu gabeko bikote egonkorren Tirapuko Udaleko erregistroak administrazio izaera du eta bertan ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeak, baita haien iraungitzea ere, inskribatzen ahal dira ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzetan.

2. artikulua. Hau da ezkontzaz kanpoko elkartzea: elkartze libre eta publikoa, bi pertsona adindunek edo adingabeko emantzipatuk osatzen dutena, zein den ere haien sexu orientazioa, ezkonduen gisako maitasun harremana izanik, zuzenean edo albotik bigarren maila arteko odolkidetasun edo adopzio bitarteko ahaidetasun loturarik izan gabe, baldin eta bietako inor ez badago bertze bati ezkontza bidez edo bikote egonkorra osatuz loturik.

3. artikulua. Elkartzea egonkortzat hartuko da bikotekideak urtebete jarraian senar-emazteen gisa bizi izan badira. Halaber, bien arteko seme-alabarik dagoenean, orduan elkarrekin bizitzea aski izanen baita, edo bikote egonkorra osatzeko nahia agiri publiko batean agertu badute.

4. artikulua. Bikoteek, sexua kontuan izan gabe, erregistroan inskribatzeko eskatzen ahal dute, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin aurreko artikuluan azaldutako elkartzeren bat osatzen badute.

Erregistratu ahal izateko, elkartze egonkorra izan beharko du, hirugarren artikuluan xedatu bezala.

Gutxienez, elkartutako kide batek egon beharko du Tirapuko udalerrian erroldatua, bertan bizi ohi delako, eta auzotartasun zibil nafarraren jabe izan.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ez daudela ezkonduak ezta inskribatuak ere ezkondu gabeko bikote egonkorren bertze erregistroren batean.

5. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute erregistroaz arduratzen den funtzionarioaren aurrera, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko.

Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat burujabetu gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaide badira.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Halakoetan, medikuaren irizpena beharko du, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzeko gaitasuna aitortzen diona.

Era berean, ukatu eginen da inskripzioa bikoteko bat ezkondua badago edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

6. artikulua. Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteko kideek nahi dituzten argitasun guztiak agertarazten ahalko dituzte beren elkartzeari buruz. Orobat, hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare harremanak arautzen dituzten hitzarmenak.

Aurreko lerroaldean aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira, bikoteko bi kideak agertuta.

Nolanahi ere, elkartzea bukatu edo iraungitzeko oharpenak egiteko, aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

7. artikulua. Ezkontzaz kanpo elkartutako bi kideek batera eskaturik eginen dira idazpen guztiak Bikote Egonkorren Udal Erregistroan, elkartzea bukatu edo iraungitzeko idazpena izan ezik, kide batek bakarrik eskaturik egiten ahal baita.

8. artikulua. Kasu hauetan, bikote egonkorra iraungitzat hartuko da:

_Kide bat ezkontzen denean.

_Bien artean hala erabakita.

_Bikoteko kide batek bere aldetik hala nahita, bertze kideari modu frogagarrian jakinarazita.

_Urtebetetik gora elkarrekin bizitzeari utzita.

_Kideek eskritura publikoan adostutako kasuetan.

Aipatutako kasu guztietan, bi kideak daude behartuak bikote egonkorren udal erregistroaren arduradunari jakinarazi eta elkartzea desegiteko eskatzera. Alabaina, kide bakar batek eskatzen ahalko du elkartzea bukatu edo iraungitzeko idazpena.

9. artikulua. Erregistroa Udalaren idazkaritza orokorrean egonen da.

10. artikulua. Aitzineko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko Liburu Orokorra erabiliko da. Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua egonen da, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

11. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa izanen da bere oinarrizko inskripzioa, eta haren bazterrean jarriko dira geroago Liburu Orokorrean elkartze horri buruz egiten diren gainerako idazpen guztiak.

12. artikulua. Erregistroan Liburu Lagungarri bat ere izanen da, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zein orrialdetan dauden inskribaturiko bikoteekin zerikusia duten idazpenak.

13. artikulua. Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta Erregistroaren arduradunak luzatzen dituen egiaztagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

14. artikulua. Egiten diren inskripzioak eta luzatzen diren ziurtagiriak doakoak izanen dira.

15. artikulua. Izatezko bikoteen erregistroan inskribatzen diren ezkondu gabeko bizikidetasunezko elkartzeek, ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute Tirapuko Udalean.

I. ERANSKINA

Tirapuko Udaletxean, halako egunean ............................ Honako hauek elkarrekin agertu gara:

Izena: ............., jaioterria: ......., helbidea (erroldakoa): .............., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu), N.A.N. zenbakia: ............,

Izena: .............. jauna/andrea, jaioterria: ......., helbidea (erroldakoa): .............., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu); N.A.N. zenbakia: .........

Eta adierazten dugu:

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Udal honen erregistroan inskriba gaitzatela nahi dugula, horri buruzko ordenantzaren arabera, eta horretarako,

Adierazten dugu:

Lehenbizi._Aipatu ordenantzan aurreikusitako bizikidetasuna dela eta, gure helbidea honako hau izanen dela: ............... (oroitararazi behar zaio .......... jaun/andreari T.A.O.L.aren 15. artikuluari jarraituz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekuko udalerrian).

Bigarrenik._Ez gaudela gu biok ezkontzaren bidez lotuak, ez eta gutako inor bertze inorekin ere.

Hirugarrenik._Gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ez eta alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasunik ere.

Laugarrena._Gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik, ez eta ezkontzeko inolako ezgaitasunik ere.

Bosgarrena._Ez dugula nahi (nahi dugula) gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmena erregistroan inskribatzea.

Seigarrena._Baimena ematen dugula Tirapuko Udal Erroldan datu hauek egiaztatzeko.

Eta zin egiten dugu gutako inor ez dagoela inskribatua maila eta xede bereko bertze inongo erregistrotan ere.

Horiek horrela,

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Tirapuko Udaleko erregistroan inskribatu gaitzatela eskatzen dugu.

Izenpea: Izenpea:

II. ERANSKINA

Tirapuko Udalean, halako egunean ......... honako hauek agertu gara:

Izena: ........................., N.A.N. zenbakia: ............., eta

Izena: ........................., N.A.N. zenbakia: ............., eta

Eta Ezkondu gabeko bikote egonkorren udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan zehaztutakoarekin bat, adierazten dugu asmoa dugula gure arteko bikote egonkorra bukatutzat edo iraungitzat jotzeko, izan ere horrelaxe inskribatua dago aipatu udal erregistroan.

Horregatik guztiagatik, eskatzen dugu bukatutzat edo iraungitzat jo dadila aipatutako elkartzearen inskripzioa.

Tirapun, 2006ko martxoaren 29an._Alkate udalburua, Joaquín San Martín Ayerra.

Iragarkiaren kodea: L0606490