60. ALDIZKARIA - 2006ko maiatzaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

405/2006 EBAZPENA, maiatzaren 4koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, Iruñeko eta Aranguren ibarreko udal mugapeak aldatzeko espedientea hasi eta jendaurrean jarri eta Udal horiei entzunaldia ematen diena.

Iruñeko Udalak eta Arangurengoak, 2005eko abenduaren 23ko eta 27ko osoko bilkuretan hurrenez hurren, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 17. artikuluan agindutako gehiengoa izanik, honako onespen-erabaki hauek hartu zituzten Iruñeko eta Arangurengo udal mugapeak aldatzeko ekimena gauzatzeko. Xedea da haien mugak egokitzea, alde batetik, Iruñeko Udal Planeko ARS 3 eremuaren hirigintza garapenera (Lezkairun) eta, bestetik, Aranguren ibarreko hirigintzako udal arauen "Mutiloen arteko" aldaketara. Egoera horrek bi administrazioak behartu zituen hirigintzako antolamendua burutzera, nahiz eta aurretik haien artean aldaketa arautzeko hirigintzako hitzarmen bat sinatu.

Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 15. artikuluaren arabera, udal mugapeak aldatzen ahal dira, besteak beste, udalerri bateko edo batzuetako lur puska bat banandu eta beste bati edo batzuei eransten zaienean; horretarako, beharrezkoa da udalerriak mugakide izatea. Halaber, baimena ematen da jarduketa horiek espediente bakar batean biltzeko.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 17. artikuluan (Nafarroako Toki Araubidea eguneratzeko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeak aldatua) arautzen da udal mugapeak aldatzeko prozesuetan segitu beharreko bidea. 2. ataleko a) eta b) lerroaldeetan adierazten da espedientea jendaurrean jarri behar dela, bi hilabetez bederen, eta horrelaxeko epea finkatuko dela prozesuan ukitzen diren udalen iritzia entzuteko.

Uztailaren 11ko 1690/1986 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Biztanleriaren eta Mugaketaren Erregelamenduaren 14.1 artikuluarekin bat, espedientean honako hauek bildu dira: aldatu nahi den lurraldearen planimetria, muga berriak zehaztuta; proposatutako aldaketa justifikatzeko zergatiak, alegia, administrazioaren aldetik komenigarria dela eta udal mugapeak bi Udalek eragindako aldeketetatik sortutako hirigintza egoera berriari egokitu behar direla; eta beharrezko diren gainerako agiriak. Udalen antolamendu tresnetako aldaketak Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 13.2.c) artikuluan ezarritakoaren arabera egin dira, bi udal mugapeetako eremu batzuetako hirigintza garapenari begira. Bi Udalek hirigintzako hitzarmen bat sinatu zuten 2006ko apirilaren 3an, aurreko guztia jasotzen duena. Orobat, aipatu legearen 13., 14. eta 15. artikuluetan udal mugapeak partez banatzeko ezintasuna ekartzen duten gorabeherik ez dago.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 17. artikuluak udal mugapeak aldatzeko prozedurari dagokionez ezarritakoaren arabera, ekimena Udal interesatuena izaten ahalko da, baina espedienteari, betiere, Foru Komunitateko Administrazioan Toki Administrazioari buruzko gaietan eskumenak dituen organoak emanen dio hasiera.

Horiek horrela, bidezko da egintza bakar batean irekitzea espedientea, jendaurrean paratzea eta ukitutako udalei entzunaldia ematea.

Horrenbestez, arestian azaldutakoarekin bat, Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 41/2005 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Iruñeko eta Aranguren ibarreko udal mugapeak aldatzeko espedientea hasi, jendaurrean jarri eta udal horiei entzunaldia ematea.

2. Espedientea jendaurrean egoteko eta aipatu entitateei entzunaldia emateko epea bi hilabetekoa izanen dela adieraztea, ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematen denetik kontatzen hasita. Hortaz, espedientea aurreko zenbakian aipatu entitateen bulegoetan eta Nafarroako Gobenuko Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (Arrieta kalea, 12, 3.a) egonen da aztergai.

3. Ebazpen hau aipatu toki entitateei jakinaraztea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Toki Administrazioko Departamentuko toki entitateendako Aholkularitza eta Lankidetza Zerbitzuari agintzea honen ondoren ageri diren izapideen espedientea egin dezala.

Iruñean, 2006ko maiatzaren 4an._Toki Administrazioko zuzendari nagusia, Angel Serrano Azcona.

Iragarkiaren kodea: F0607477