60. ALDIZKARIA - 2006ko maiatzaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

20/2006 FORU DEKRETUA, maiatzaren 2koa, maiatzaren 19ko 123/2003 Foru Dekretua aldatzen duena. Horren bidez, erabilera kolektiboko igerilekuen baldintza tekniko-sanitarioak ezarri ziren.

ZIOEN AZALPENA

Maiatzaren 19ko 123/2003 Foru Dekretuaren bidez, erabilera kolektiboko igerilekuen baldintza tekniko-sanitarioak ezarri ziren.

Indarrean zegoela, aldaketa batzuk sartu nahi izan zaizkio, hobeki betetzeko eta erabiltzaileendako igerilekuen segurtasuna eta osasungarritasuna bermatzeko. Bestetik, erabilera kolektiboko igerilekuen titularrek nekez burutu ahal izan dituzte aurreko foru dekretuko aldaketa batzuk, tamaina edo aurrekontu handiko egiturazko berrikuntzak egin behar baitira. Hori dela eta, komeni da egokitzeko epea luzatzea, orain aldatzen den arauaren bidez lortu nahi diren helburuen barruan.

Horregatik guztiagatik komeni da foru dekretu hartako artikuluak hein batean aldatzea, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeko 23. artikuluko e) letran xedaturikoarekin bat.

Horrenbestez, Osasun kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kon- tseiluarekin ados, eta Nafarroako Gobernuak 2006ko maiatzaren 2ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. 1. artikulua aldatzen da.

1. artikulua aldatzen da. Honelaxe geldituko da:

"1. artikulua. 1. Foru dekretu honen xedea da Nafarroan diren erabilera kolektiboko igerilekuen betebeharrak ezartzea, bai instalazioen eta inguruko zerbitzuen aldetik, bai uraren tratamendu eta kontrolaren arauen aldetik, bai horien guztien baimen eta ikuskapen aldetik.

2. Ondoren aipatzen diren instalazioetan igeriontziko uraren eta instalazioen osasun baldintzak eta erabiltzaileen segurtasuna bermatu beharko dira. Hala ere, honako hauek foru dekretu honen esparrutik kanpo gelditzen dira:

a) Ur beroko instalazioak.

b) Balneoterapiako instalazioak.

c) Hidroterapiako tratamendu zentroak.

d) Spak, jakuzziak eta hidromasaje bainuontziak, uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretuaren esparruan daudenak. Horren bidez, legionelosiari aurrea hartu eta hura kontrolatzeko higiene eta osasun irizpideak ezarri ziren.

e) Erabilera mediko soiletarako beste instalazio batzuk."

2. artikulua. 2. artikuluko c) letra aldatzen da.

2. artikuluko c) letra aldatzen da. Honelaxe geldituko da:

"c) Zola irristagaitzak: foru dekretu honetan aipatzen diren salbuespenak galarazi gabe, zola irristagaitzak 24º-tik gorako irristagaiztasun maila dutenak dira, C motako DIN 51097 arauaren arabera, edo 0,7tik gorako marruskadura-koefizientea dutenak, Tortus ereduaren arabera."

3. artikulua. 4. artikuluko 2. idatz-zatia aldatzen da.

4. artikuluko 2. idatz-zatia aldatzen da. Honelaxe geldituko da:

"2. Hondoko maldak igeriontzia modu egokian husteko aukera emanen du. 1,40 metro sakon baino gutxiagoko aldeetan, malda ez da izanen ehuneko 6 baino gehiagokoa. Igeriontzi barrenetik eta kanpotik argi ikusteko moduko seinaleak paratuko dira, garbi adierazteko zenbatekoa den uraren garaiera malda-aldaketako puntuetan eta gehieneko eta gutxieneko sakonerakoetan."

4. artikulua. 5. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatiak aldatzen dira.

5. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatiak aldatzen dira. Honelaxe geldituko dira:

"2. Igeriontzi guztiek gutxienez "bide zabaleko" hustubide sistema bat izanen dute hondoan, uretan daudenentzat arriskurik sortu gabe bertan dagoen ur guztia, sedimentu eta hondarrak azkar kanporatzeko modukoa."

3. Igeriontzia husteko sistema birzirkulazio sistemari lotua bada, gutxienez bina hartune izanen ditu ura birzirkulatzeko zirkuituetan, hondoan, bien artean behar adinako tartea gordez paratuak bainuzale bakarrak aldi berean estaltzerik izan ez dezan; gainera, zurrunbiloen aurkako saretaz edo uretan daudenak harrapatzea eragozteko beste edozein sistemaz babesturik egon behar dute hartuneek, eta xurgabidearen azalerak, berriz, haietariko batean ere abiadura 0,6 metro segundoko ez iristeko modukoa izan behar du.

5. artikulua. 6. artikuluko 1. idatz-zatia aldatzen da.

6. artikuluko 1. idatz-zatia aldatzen da. Honelaxe geldituko da:

"1. Uretan, plisti-plastako igerilekuetako igeriontzietan izan ezik, sartzeko eskailerak jarriko dira garbitasun-baldintza egokiak bete eta erabiltzailearen segurtasuna bermatzeko; igeriontziaren perimetroan egonen dira eta bien artean ez da 25 metrotik gorako tarterik egonen, betiere, nahitaezkoak izanen direlarik hondoko malda-aldaketa bat-batekoa egonez gero."

6. artikulua. 12. artikuluko 1. idatz-zatia aldatzen da.

12. artikuluko 1. idatz-zatia aldatzen da. Honelaxe geldituko da:

"1. Igeriontziek azaleko hustuketa-sistema egoki eta etengabea izan behar dute, hidraulikoki ur-biltegi bati edo beste erregulazio sistema bati lotua, igeriontziko uraren bolumenarekiko edukiera egokikoa eta hustuketa sistema batez hornitua. Biltegi erregulatzailerik egonez gero, eskuerakoa aise garbitu ahal izateko modukoa izanen da eta aireztatzeko beharrezkoak diren baliabideez hornitua. Uretako jolas-tresnen aldeetan eta helduerako aurrealdeko panelak paratzen diren lekuan zilegi da etenda egotea. Gainezka egiteko aldearen perimetro librea ez da igeriontziaren perimetro osoaren ehuneko 35 baino gehiago izanen."

7. artikulua. 13. artikuluko 3. idatz-zatia aldatzen da.

13. artikuluko 3. idatz-zatia aldatzen da. Honelaxe geldituko da:

"3. Igeriontziak itxita egonen dira garbitu eta mantentze-lanak egiten diren bitartean. Salbuespenez, eta arrazoizko motiboengatik igeriontzietan produkturen bat eskuz gehitu beharra gertatuz gero, jendearentzako ordutegiz kanpo egin beharko da edo haiek itxi eta gero."

8. artikulua. 15. artikuluko 1. eta 3. idatz-zatiak aldatzen dira.

15. artikuluko 1. eta 3. idatz-zatiak aldatzen dira. Honelaxe geldituko dira:

"1. Ur guztia birzirkularazteko behar den denbora bermatuko da igeriontzi guztietan: 4 ordu gehienez ere estaligabeetan eta bitarikoetan eta 3 gehienez ere estalietan eta ordu 1 haurrentzakoetan. Filtrazio-abiadura gehienezkoa filtroaren ezaugarrien arabera prozesuaren eraginkortasuna ziurtatzeko behar dena izanen da.

"3. Kontagailuak paratu behar dira, igeriontzi bakoitzean ur berritu eta araztuaren bolumena uneoro zenbat den jakin ahal izateko; kontagailuak bolumetrikoak izanen dira, edo antzeko sistemaren batekoak, eta ezin dira izan ordu-neurketa motakoak. Filtroek presioa neurtzeko sistemak edukiko dituzte ura sartu eta ateratzen den tokian."

9. artikulua. 18. artikuluko 6. eta 8. idatz-zatiak aldatzen dira.

18. artikuluko 6. eta 8. idatz-zatiak aldatzen dira. Honelaxe geldituko dira:

"6. Aldagelen, kabinen eta hainbat erabileratako aretoen eta garbitasuneko zerbitzuetarako gelen ezaugarri eta osagarriak ez dira arriskutsuak izanen erabiltzaileen osasun eta segurtasunerako. Ongi haizatzeko prestatuak egonen dira, material iragazgaitzez eginak eta zorua garbitu eta desinfektatzeko erreza izateaz gain, irristagaitza eta putzuak ez edukitzeko modukoa izanen da. Aldagela eremuko lurzoruaren irristagaiztasun maila, dutxa eremukoarena izan ezik, 18º-koa izanen da B motako DIN 51097 arauaren arabera edo 0,4tik gorako marruskadura-koefizientea izanen du, Tortus ereduaren arabera."

"8. Instalazioak berariazko biozidak, ingurumenari dagokionez baimenduak, erabiliz, desinfektatuko dira, denboraldia hasi baino lehen, kanpoko igerilekuetan eta sei hilabetetik etengabeko funtzionamenduko igerilekuetan."

10. artikulua. 24. artikuluko 2. idatz-zatia aldatzen da.

24. artikuluko 2. idatz-zatia aldatzen da. Honelaxe geldituko da:

"2. Bitariko ontziren bat duten instalazioek bai igeriontzi estali gisa bai estaligabe gisa funtzionatzeko osasun-baimena eskatu beharko dute. Igeriontzi estaligabe gisa funtzionatu ondoren igeriontzi estali gisa funtzionatzeko osasun baimenerako, aski izanen da instalazioaren titularraren adierazpena aurkeztea, non igeriontzi estaligabe gisa baimentzeko kreditatu ziren baldintzen aldaketak adieraziko baitira."

11. artikulua. 27. artikuluko 3. idatz-zatia aldatzen da.

27. artikuluko 3. idatz-zatia aldatzen da. Honelaxe geldituko da:

"3. Hamabostean behin eta Osasun Administrazioak eskatzen duenean, instalazioko igeriontzi bakoitzeko uraren analisia egiteaz arduratuko da instalazioaren titularra. Analisi hori kontsumorako urak analizatzeko laborategi kreditatu edo baimendu batek egin beharko du eta, igeriontzien ezaugarrien arabera, 1. eranskin honetan ezarritako parametroak jaso beharko ditu.

Analisi horien emaitzek eta harturiko neurri zuzentzaileek instalazioan ikusgai egon beharko dute, osasun arloko agintarien eskura, eta Osasun-kontroleko Erregistro-liburuan idatzirik.

Analizatzeko laginak jende gehien egoten den orduan hartuko dira."

12. artikulua. I., III. eta IV. eranskinak aldatzen dira.

I., III. eta IV. eranskinak aldatzen dira. Foru dekretu honen eranskinean agertu bezala geldituko dira.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehen xedapen iragankorra. Irristagaiztasun arauak betetzen direla frogatzea.

Erabilera kolektiboko igerilekuen baldintza tekniko-sanitarioak ezarri zituen maiatzaren 19ko 123/2003 Foru Dekretuak indarra hartu baino lehen eraikiriko instalazioetan, zola irristagaitzei buruz foru dekretu honetan ezarririko arauak betetzen direla 2. artikuluko c) idatz-zatian ezarririk ez dauden neurketa metodoen bidez frogatzen ahalko da, baldin eta teknikari eskudun batek edo laborategi espezializatu batek ziurtatzen baditu neurriak, erabiltzen den neurketa metodoa adierazten bada eta metodo horren balioa eta foru dekretu honetan ezarririko metodoekiko baliokidetasuna frogatzen duten agiriak aurkezten badira.

Bigarren xedapen iragankorra. Maiatzaren 19ko 123/2003 Foru Dekretua baino lehenagoko instalazioak.

Erabilera kolektiboko igerilekuen baldintza tekniko-sanitarioak ezarri zituen maiatzaren 19ko 123/2003 Foru Dekretuak indarra hartu baino lehen zeuden erabilera kolektiboko igerilekuek 2017 arte izanen dute bertan xedaturiko eskakizunetara egokitzeko, baldin eta instalazioak edo eraikigaiak aldatu behar badira.

Hirugarren xedapen iragankorra. Lehenago emaniko osasun txostenak.

Foru dekretu hau argitaratu baino lehen emandako osasun arloko adostasun-txostenak baliozkotzat hartuko dira, baldin eta proiektu onetsia gauzatzen hasten bada egun horretatik sei hilabete baino lehen.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indargabetzeak

Foru dekretu honetan xedaturikoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak eta Erabilera kolektiboko igerilekuen baldintza tekniko-sanitarioak ezarri zituen maiatzaren 19ko 123/2003 Foru Dekretuko lehen xedapen iragankorra indarrik gabe gelditzen dira.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Indarra hartzea

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko maiatzaren 2an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Osasun kontseilaria, María Kutz Peironcely.

I. ERANSKINA

Igeriontziko uraren kalitatearen betebeharrak

I. taldea._Parametro fisiko-kimikoak.

.Bertan zehaztu beharreko parametroak.

_Parametroa: Usaina Gehieneko muga: Usainik ez, tratamentu-sistemarena salbu (ez oso nabarmena).

_Parametroa: Apar iraunkorrak, koipeak eta materia arrotzak. Gehieneko muga: Bat ere ez.

_Parametroa: PH Gehieneko muga: 7-7,8.

_Parametroa: Gardentasuna. Gehieneko muga: Igeriontziaren zolan markak ikusiko dira, toki sakonenean ere.

_Parametroa: Hondar kloro librea. Gehieneko muga: 0,8-2,0 (1).

_Parametroa: H. Kloro Konbinatua (mg/l Cl2). Gehieneko muga: 0,6 (1).

_Parametroa: Isozianuro azidoa (H3C3N3O3 mg/l). Gehieneko muga: 100 (2).

_Parametroa: Ozonoa (mg/l O3). Gehieneko muga: 0 (3).

_Parametroa: Bromoa (mg/l Br2). Gehieneko muga: 2-4 (4) 4-6 hidantoinatik eratorritako produktuak erabiltzen direnean.

_Parametroa: Hezetasun erlatiboa (estaliak). Gehieneko muga: 60-70%.

_Parametroa: Uraren tenperatura (estaliak). Gehieneko muga: 24-28.ºC.

_Parametroa: Giro-tenperatura (estaliak) Gehieneko muga: Uraren tenperatura baino 2.ºC beroago gehienez.

(1) Klorotik eratorritako produktuak erabiltzen direnean.

(2) Kloro produktu egonkorrak erabiltzen direnean.

(3) Ura desinfektatzeko ozonizazio sistema erabiltzen bada, kloroa edo hondar-ondorioa duen beste desinfektanteren bat erabili behar da; kontzentrazioak eranskin honetan ezarriak dira.

(4) Bromotik eratorritako produktuak erabiltzen direnean.

.Laborategian zehaztu beharreko parametroak.

_Parametroa: Konduktibitatea (µs.cm-1). Gehieneko muga: 1200 µS.cm baino gutxiagoko gehikuntza-1betetzeko uraren aldean eta 700 µS.cm-1 haurrentzako igeriontzien kasuan (1), (2).

_Parametroa: Uhertasuna (u.n.f.) Gehieneko muga: 2 u.n.f.

_Parametroa: Amonio ioia (mg/l. NH4+). Gehieneko muga: 1,5.

_Parametroa: Kobrea (mg/l Cu). Gehieneko muga: 3.

_Parametroa: Oxidagarritasuna (KMnO4mg/l). Gehieneko muga: 5.

_Parametroa: Aluminioa (Al mg/l). Gehieneko muga: 0,3.

_Parametroa: Gai toxiko edota erresumingarriak. Gehieneko muga: Osasunarentzat kaltegarri ez den kontzentrazioa.

(1) Konduktibitatea betetzen den urean eta igeriontzikoan zehaztuko da.

(2) Sodio hipokloritoa lortzeko sistematzat sodio kloruroaren gatz-elektrolisia erabiltzen den igeriontzietan gehikuntza 8000 µS.cm -1 izanen da, betetzeko uraren aldean.

_Analisi-metodoak ofizialki ezarritakoak izanen dira, eta zilegi da balio bereko zuzeneko metodoak erabiltzea, fidagarritasuna aitortua badute.

_Beste gehigarri, lagungarri eta desinfektante baimenduak erabiltzen badira, haientzat ezarritako mugen barnean egon behar dute.

II. taldea_Parametros mikrobiologikoak.

_Parametroa: Escherichia coli /100 ml. Gehieneko muga: Bat ere ez.

_Parametroa: Aureus estafilokokoak/100 ml. Gehieneko muga: Bat ere ez.

_Parametroa: Pseudomonas aeruginosa/100 ml. Gehieneko muga: Bat ere ez.

_Parametroa: Beste mikroorganismo parasito edo patogeno batzuk/1 Gehieneko muga: Bat ere ez.

_Parametroa: Algak, larbak edo edozein motatako bizidunak. Gehieneko muga: Bat ere ez.

_Analisi-metodoak ofizialki ezarritakoak izanen dira, eta zilegi da balio bereko zuzeneko metodoak erabiltzea, fidagarritasuna aitortua badute.

III. ERANSKINA

Lehen laguntzetarako lokala

21.6 artikuluan aipatzen den gelak seinalizaturik egon behar du eta erabiliko den eginkizunerako behar adinako neurriak eta aireztapena izan behar ditu. Zoruak gutxienez 18º-ko irristagaiztasun maila izanen du, B motako DIN 51097 arauaren arabera, edo 0,4tik gorako marruskadura-koefizientea, Tortus ereduaren arabera, eta pareten estaldura leun, garbigarri eta iragazgaitza izanen da. Ohatila eta ur-joanez hornitutako konketa izan behar ditu.

Botika ontzieko gaiak erabiltzeko moduan eduki behar dira, bai kontserbazio aldetik bai iraungipen-dataren aldetik, erabiltzean eraginkorrak eta seguruak izateko.

Larrialdiko botika ontziaren oinarrizko hornidura honakoa izanen da:

_Maska eta eta berpizteko baloia eta oxigeno bonbona.

_Guraize zuzenak.

_Arropa mozteko guraize bereziak.

_Erabili eta botatzeko pintza klinikoak (4).

_Plastikozko eskularru esteril eta botatzekoak (6 pare).

_Parazetamola edo azido azetil salizilikoa.

_Esparatrapua.

_Antiinflamatorio topiko kortikoiderik gabea.

_Pobidona iododuna.

_6 benda elastiko, 5 x 10ekoak.

_3 benda elastiko, 5 x 5ekoak.

_Banaka paketatutako gaza esterilak.

_Tul koipetsuzko apositoak.

_Kotoia.

_Neurri askotako lepokoa edo tamaina batzuetako lepokoak, haurrendako eta helduendako.

_Tamaina batzuetako Mayo hodi malguak, haurrendako eta helduendako.

_Bizkarrezurrerako ohola, zaurituak behar bezala immobilizatu eta modu egokian garraiatzeko uhalez eta lokarriz hornitua.

IV. ERANSKINA

Erabilera kolektiboko igerilekuen funtzionamendurako osasun arloko baimen-eskaeraren eredua

............................... j/a ...................ko igerilekuen titular edo ordezkari gisa ................,

Adierazten dut:

1. Instalazio horrek ......... igeriontzi dituela, ......... igeriontzi irakaskuntzakoak, .......... igeriontzi ludiko ....... guztira .................metro koadroko ur-azala dutenak eta ....... plisti-plastako igeriontzikoak (maiatzaren 19ko 123/2003 Foru Dekretuko 3. idatz-zatiko 2. idatz-zatian xedaturikoaren arabera).

2. Igeriontzi bakoitzean desfinketatzaile hau erabili dela: .............................

3. Maiatzaren 19ko 123/2003 Foru Dekretuaren 21. artikuluan xedatutakoaren arabera, igeriontzien funtzionamendu orduetan ......... sorosle eta ......... zaintzaile (igeriontzi ludikoetarako soilik) izanen dituela, aldi berean bertan egonen direnak eta beren lanean arituko direnak igeriontzien inguruetan.

Igeriontzien eremua (metro karratuetan, plisti-plasta aritzeko igeriontziak izan ezik)................

Besteetatik bereizirik dauden igeriontzien kopura, batera ezin zaindu direnak ..........

Uretako jolas kopurua..........

4. Agiri hauek aurkezten dituela:

_Instalazioaren desinsektazio-ziurtagiria.

_Egindako salbamendu eta sorospen prestakuntza-ikastaroetako kalifikazioen ziurtagiria.

_Teknikari eskudunak eman eta Lanbide Elkargoak bisaturiko ziurtagiria. Bertan jaso beharko du instalazioa funtzionamendu-egoera egokian dela eta betetzen dituela maiatzaren 19ko 123/2003 Foru Dekretuan ezarritako baldintzak.

_Igeriontziak betetzeko uraren iturburuko analisia, ez baita banaketa-sare publikokoa erabiltzen.

Horiek horrela, eskatzen du, erabilera publikoko igerilekuetan nahitaez bete beharreko arau-tekniko-sanitarioak ezarri zituen maiatzaren 19ko 123/2003 Foru Dekretuaren 24.1. artikuluaren arabera, instalazioko igeriontzien funtzionamendurako baimena .... bainu-denboraldirako, ......etatik .......bitarteko orduetan, .........(e)tik ...........(e)ra bitarte.

..............(e)n, .....(e)ko ......aren .....(e)an.

Sinatua

Eskatzailea (eta instalazioen zigilua)

NAFARROAKO GOBERNUKO OSASUN DEPARTAMENTUA.

(edo eskumenak delegaturik dauzkan Udala).

Iragarkiaren kodea: F0607466