6. ALDIZKARIA - 2006ko urtarrilaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

520/2005 FORU AGINDUA, abenduaren 27koa, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak emana, "A-12 errepidea, A-15 errepidearen gaineko glorietaren eta Zizur Nagusiko glorietaren arteko tartean, moldatzea" izeneko proiektuaren jendaurreko epea ebatzi eta behin betikoz onesten duena.

Irailaren 13ko 446/2005 Ebazpenak teknikoki onetsi eta jendaurrean paratu zuen "A-12 errepidea, A-15 errepidearen gaineko glorietaren eta Zizur Nagusiko glorietaren arteko tartean, moldatzea" izeneko proiektua. Ebazpena 2005eko urriaren 3ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, 118. zenbakian, argitaratu zen.

Foru agindu horren bitartez, proiektua eta hark ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jarri ziren, bidezko oharrak eta alegazioak egin zitezen.

Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak aditzera eman du alegazio aldian honako hauek aurkeztu direla:

_1. alegazioa. Pedro Noáin jauna (Herno, S.L. Avia).

1. Eskaera egiten du, nahiz eta gasolindegia eta errepidea bereiziko dituen babesgunearen afekzioa Nafarroako Gobernuaren lurretan soilik gertatzen den, ukipen horren berri eman eta lanen ondoko behin betiko egoeraren planoa igor dakion.

2. Eskaera egiten du bere enpresaren ondoan dagoen afekzio bakarra aurreko babesgunearen kanpoko aldea dela argi eta garbi adieraz dakion.

3. Eskaera egiten du bere euri-urak errepidearen drainatze sarearekin lotuko direnetz jakinaraz dakion, eta sarean lotune bat presta dakion babesgunean bertan, zerbitzuguneko ibiltokiko azken sareta baino beheitixeago.

4. Eskaera egiten du biribilguko semaforoa zerbitzuguneko irteeraraino atzera eraman dezaten, ibilgailuak errazago ateratzeko eta errepidea seguruagoa izateko. Izan ere, egun, azelerazio biderik ez denez gero, elkar jotzen dute frankotan errepidean doazen ibilgailuek eta zerbitzugunetik bertara sartu nahi dutenek.

5. Eskaera egiten du zerbitzugunearen aurreko tartean lastertasuna kontrolatzeko semaforoak, espira magnetikoak asfaltoan eta lastertasun detektagailuak para ditzaten, ibilgailuak mantsoago joan daitezen ohartarazteko.

6. Babesgunearen azpian gas-hodi bat dagoela adierazten du.

_Erantzuna:

1.a eta 2.a. "A-12 errepidea, A-15 errepidearen gaineko glorietaren eta Zizur Nagusiko glorietaren arteko tartean, moldatzea" izeneko proiektua jendaurrean egon da 30 egun baliodunean, eta edozeinen eskura bai kontsultak egiteko bai agirien kopiak eskatzeko.

Jendaurreko epea hasteko eguna 2005eko urriaren 3ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean (118. zk.) eta 2005eko urriaren 4ko Diario de Navarra egunkarian argitaratu zen.

Ukiturik dauden jabeendako jakinarazpen zuzena proiektua behin betikoz onartzen delarik egiten da, okupatu aitzineko aktak egin baino lehenago. Proiektu honetan ez da horrelako jakinarazpenik izan, ez baitu besteren lurrik okupatu.

3. Zerbitzuguneko euri-urak errepideko drainatzetik bereizirik hustuko dira eta, hala behar izanez gero, arazturik.

4. Proiektu honek ez dauka bere xedeetan A-15aren gaineko glorietako instalazioetan aldaketarik egitea eta, beste aldetik, zerbitzugunetik A-12 errepidera ateratzeko bidea behar den bezala seinalizatua dago.

5. Ez da onartu alegatutakoa. Proiektuak badauzka, prestatutako seinalizazioan, mantsotzeko seinaleak.

_2. alegazioa. Luis María Iriarte Larumbe jauna. Zizur Nagusiko Udalaren alkate udalburua.

1. Proiektuaren Trafiko Azterlanak Ardoi Sektorean ezarritako jarduerek sortuko dituzten mugimenduak ez dituela kontuan hartzen adierazten du.

2. Adierazi egiten du egun A-12ra Zizur Nagusitik heldu diren ibilgailuak A-15aren gaineko bidegurutzera joaten ahal dira erreiz aldatu beharrik gabe eta, tarte horren diseinu berria gauzatzean, ibilgailu horiek erreiz aldatu beharko dute bidegurutzera iritsi ahal izateko. Horiek eta A-12tik etorri eta A-15era, bi norabideetan, joan nahi duten ibilgailuak elkarren artean nahasiko dira.

3. Adierazi egiten du A-12an puntako orduetan sortzen diren ibilgailu ilarek traba eginen dietela Zizur Nagusitik etorri eta, Iruñera bidean, erreiz aldatu nahi duten ibilgailuei eta, ondorioz, trafiko eten handiak gertatuko dira Zizur Nagusitik A-12an sartzeko erreian bai eta hiriguneko karriketan ere.

4. Adierazi egiten du, proiektuak A-12tik A-15aren gaineko bidegurutzera sartzen diren ibilgailuen zirkulazioa hobetzen badu ere, bidegurutze horretan eta Aróstegui etorbidean buxadurak gero eta handiagoak izanen direla non eta tren geltoki berria paratzeko Udalez gaindiko Eragina duen Plan Sektoriala gauzatzen ez den.

5. Adierazi egiten du, proiektua aztertu ondotik, proiektatutako erreien 3,00 metroko zabalera justifikatzen duten arrazoia onartzen duela (arrazoia da "Casa Grande" izeneko etxearen ondoko egiturak ibilgailu astunak eta autobusak igarotzeko behar den galiboa izan behar duela).

Hala ere, Ardoi Sektoreko Plan Partzialari egin zitzaizkion alegazioen artean, Iruñerriko Mankomunitatearen Eskualdeko Hiri Garraioaren Zerbitzuak 3,50 metroko zabalera, gutxienez, eskatzen zuen garraio publikoko ibilgailuendako, nahiz eta azkenean zabalera 3,25 metrora gutxitzeko amorea eman zuen.

Adierazi egiten du, halaber, eta aurrekoari jarraikiz, proiektatu diren erreiek lehen eskatzen zitzaizkien neurriak izan behar dituztela eta proposatu egiten du departamentu honek horren gaineko txostena eska diezaiola aipatutako zerbitzuari.

6. Adierazi egiten du Eskualdeko Hirigintza Arauen filosofiak errepideetako zirkulazio bolumenak banatu nahiago dituela, hau da, kasu honetan, aurreikusi den saihesbidea egin egungo errepideak trafikoaren kolektore bihurtu beharrean.

7. Adierazi egiten du proiektatutako obra egiten baldin bada, A-15 autobidearen gaineko glorieta berritzeko lanak ere gehitu beharko zaizkiola proiektuari.

_Erantzuna:

1.tik 4.era bitarte. Proiektatu diren lanek tartearen edukiera handitzen dute eta, A-15aren gaineko bidegurutzera sartzeari dagokionez, egungo egoera modu nabarmenean hobetzen du.

5. Lanak egin behar diren tarteko errei zabalera Zizur Nagusiaren eta Iruñaren arteko errepidearen beste tarteek daukatena bezalakoa edo hura baino zabalagoa izanen da.

6.a eta 7.a. Saihesbidea egiteko lanak eta A-15aren gaineko bidegurutzea berritzekoak ez dira proiektu honen xede.

Horiek horrela, Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak adierazi eta proposaturikoarekin bat, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 47/2005 Dekretuaren 2.2) artikuluan emandako ahalmenak erabiliz, eta Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraikiz,

AGINDU DUT:

1. "A-12 errepidea, A-15 errepidearen gaineko glorietaren eta Zizur Nagusiko glorietaren arteko tartean, moldatzea" izeneko proiektua jendaurrean egoteko aldia ebaztea, foru agindu honen azalpen zatian aurkeztutako alegazioei erantzuna ematean adierazitako moduan.

2. "A-12 errepidea, A-15 errepidearen gaineko glorietaren eta Zizur Nagusiko glorietaren arteko tartean, moldatzea" izeneko proiektua behin betikoz onestea. Lizitaziorako aurrekontua 860.454,59 eurokoa da eta egiteko epea hiru hilabete.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko bi egunkaritan argitaratzea.

4. Foru agindu hau Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari, Bide eta Eraikuntza Zerbitzuari, Desjabetzapen Atalari eta alegazio egileei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka interesatuek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa deusetan ukatu gabe, foru agindu honek Administrazio Publikoendako administrazio bidea amaitzen du. Dena den, Administrazioek foru agindu honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Aukeran, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu baino lehen errekerimendua egin dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2005eko abenduaren 27an._Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, Alvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F0600062