6. ALDIZKARIA - 2006ko urtarrilaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

177/2005 FORU AGINDUA, azaroaren 9koa, Hezkuntza kontseilariak emana, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eta Caja Navarra Fundazioaren arteko lankidetza hitzarmen bat sinatzeko Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiari emandako eskumena beretzat hartzen duena. Lankidetza hitzarmen horren helburua 2005-2006 ikasturtean Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei ospitaleetan eskola-laguntza emateko programa ezartzea da.

Ikusirik Departamentu honetako Dibertsitate, Kultura-aniztasun eta Immigraziorako Zerbitzuko zuzendariak aurkeztutako txostena, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei ospitaleetan eskola-laguntza emateko programa bat ezartzeko asmoz Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, Osasun Departamentuak eta Caja Navarra Fundazioak sinatu beharreko hitzarmenari buruzkoa.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 38. artikuluan, xedapen horrexetako 22.1.d) artikuluaren bidez emandako ahalmenei buruz, xedatuta dagoenari jarraikiz,

AGINDU DUT:

1. Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei 2005-2006 ikasturtean ospitaleetan eskola-laguntza emateko programa garatzeko asmoz, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren, Osasun Departamentuaren eta Caja Navarra Fundazioaren arteko lankidetza hitzarmena onesteko eskumena neuretzat hartzea.

2. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren, Osasun Departamentuaren eta Caja Navarra Fundazioaren arteko lankidetza hitzarmenaren testua onestea. Foru agindu honen eranskinean azaltzen da.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Foru agindu hau Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiari, Dibertsitate, Kultura-aniztasun eta Immigraziorako Zerbitzuko zuzendariari, Kultura-aniztasunaren eta Imigrazioaren Ataleko buruari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, Osasun Departamentuari eta Caja Navarra Fundazioari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2005eko azaroaren 9an._Hezkuntza kontseilaria, Luis Campoy Zueco.

NAFARROAKO GOBERNUKO HEZKUNTZA DEPARTAMENTUAREN, OSASUN DEPARTAMENTUAREN ETA CAJA NAVARRA FUNDAZIOAREN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA, 2005-06 IKASTURTEAN OSPITALEETAN ESKOLA-LAGUNTZA EMATEKO PROGRAMA EZARTZEKO

Iruñean, 2005eko azaroaren 25ean.

Bildurik:

Batetik, Luis Campoy Zueco jauna, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria, helbidea Iruñeko Santo Domingo kaleko z.g.an duena. Bestetik, María Kutz Peironcely andrea, Nafarroako Gobernuko osasun kontseilaria. Bestetik, Dámaso Munárriz Díez de Ulzurrun jauna, Fundación Caja Navarrako zuzendaria, IFZ: G31691546, helbidea Iruñeko Karlos IIII.aren etorbideko 8-1. oinean duena.

Adierazten dute:

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarentzat beharrezkoa dela ospitaleetan eskola-laguntza emateko programa bultzatzea, eritasunagatik edo traumatismoagatik ospitaleraturik egonda, denbora luzean ikastetxeetara joan ezin diren ikasleentzat.

Nafarroako Foru Komunitatean hezkuntza premia bereziak (psikikoak, ikusmenekoak, mugimenekoak, entzumenekoak, portaerakoak eta aparteko adimenari lotuak) dituzten ikasleei kasu egiteko, Hezkuntza Departamentuak Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroa duela.

Ospitaleetan eman beharreko hezkuntza hezkuntza premia berezitzat jotzen dela eta, beraz, Hezkuntza Departamentuak NHBBZko ekipoen barrenean sartzea erabaki duela, haren antolamendua eta garapena bultzatzeko.

Bestalde, Osasun Departamentuak ere beharrezkotzat jotzen du ospitaleetan eskola-laguntza emateko programa ezartzea eta Medicole (Ospitaleko ikasgela) garatzea Bideko Ama Birjina ospitalearen barrenean, bertan ospitaleraturik egonda, eskolako adinean dauden erientzat.

Caja Navarra Fundazioaren helburu soziala gizartearen garapenerako lagungarri diren gizarte eta kultur jarduerak garatzea eta hedatzea dela, bai Nafarroako Komunitatean bai Caja Navarra ezarrita dagoen beste erkidego batzuetan ere.

Hezkuntza Departamentuak, Osasun Departamentuak eta Caja Navarra Fundazioak interesa dutela ospitaleetan eskola-laguntza emateko Programa eta Medicole proiektua (ospitaleko ikasgela) abian jarri eta elkarrekin garatu eta indartzeko. Horretarako, uste dute egokia dela Lankidetza hitzarmen bat sinatzea, klausula hauen arabera.

Klausulak:

1._Hitzarmen honen indarraldia 2005eko irailaren 1ean hasiko da eta 2006ko abenduaren 31n bukatuko, deusetan galarazi gabe jarduerak ikasturte osoan garatzea. Epe hori bukatuta, hitzarmena ere bukatuko da, eta bi aldeak elkarrekiko erantzukizunetik libre geldituko dira.

2._Caja Navarra Fundazioak Hezkuntza Departamentuarekin eta Osasun Departamentuarekin lankidetzan aritzea onartzen du, ospitaleetan eskola-laguntza emateko programa (Bideko Ama Birjina ospitalean ospitaleraturik dauden eskolako adineko eriei zuzendua) eta Medikole programa (ospitaleko ikasgela) garatzeko.

Programa garatzeko, ospitaleetako laguntza taldean dauden langileak erabiliko dira, baliabide didaktikoak eta materialak eskainiko dira eta Ospitaleko ikasgela jartzeko behar diren guneak utzi eta prestatuko.

3._Diru-ekarpenak.

3.1. Caja Navarra Fundazioak 19.000 euro jartzeko konpromisoa hartzen du, aplikazio informatikoak eta baliabide didaktikoak eta materialak erosteko eta guneak eta dotazioak egokitzeko. Diru horren aplikazioa departamentu sinatzaileek aurkeztu beharreko jarduketen azken txostenean behar bezala zehaztu eta justifikatu beharko da. Diru hori honela banatuko da:

_Informatikako aplikazioak: 9.000 euro.

_Baliabide didaktiko eta materialak: 7.000 euro.

_Guneak egokitzea eta dotazioak: 3.000 euro.

_Guztira: 19.000 euro.

Caja Navarra Fundazioak Hezkuntza Departamentuaren aurrekontuetan sartuko du dirua, prestatuko diren kontusailetan. Honela:

_% 100, hitzarmena sinatzean.

Caja Navarra Fundazioak beretzat gordetzen du ordainketa baliorik gabe uzteko prozedurari hasiera emateko eskubidea, ondoko kasuetan:

a) Azaldutako jarduera guztiz edo partez eteten bada.

b) Agiri honetan ezarritakoa guztiz edo partez betetzen ez bada.

3.2. Hezkuntza Departamentuak programa ezartzen lagunduko du, lehen-lehenik bi irakasle jarriz, jadanik eginkizun hori esleitua baitute. Irakasle horiek Ospitaleetako Laguntza Taldea osatzen dute eta Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroaren menpe aritzen dira.

Bigarrenik, Hezkuntza Departamentua, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroaren bidez, programaren kudeaketaz, antolaketaz eta funtzionamenduaz arduratuko da, baita ikastetxeekiko koordinazioaz eta ospitaleraturik dauden ikasleen gurasoei aholku emateaz.

3.3. Osasun Departamentuak, bestalde, programaren garapenean laguntzeko, ospitaleko ikasgela instalatzeko behar den tokia utziko du eta horren ekipamenduaren mantentze eta zaintze lanetan lagunduko du.

4._Hitzarmen honen xede diren jardueren publizitatea egiten bada, toki nabarmen batean Caja Navarra Fundazioaren logotipo ofiziala jarri beharko da, entitate laguntzaile gisa.

Hitzarmen honetan azaltzen den programa aipatzen duten komunikazio edo zabalkunde egintza guztietan Hezkuntza eta Osasun departamentuak Fundazioaren lankidetza aipatu eta adierazi beharko dute.

Hedabideetan (telebistak, irratiak, argazkilariak edo kazetariak) agertzeak ez du inolaz ere ekarriko agiri honetan hitzarturiko diru-kopurua handitzea.

5._Hitzarmenaren edukiari behar bezalako segimendua egiteko, Jarraipen Batzorde paritarioa eratuko da, hitzarmena sinatzen duten alderdi bakoitzetik bi ordezkarik osatua. Urtean bi bilera eginen dira gutxienez, bat ikasturtea bukatutakoan eta bestea alderdiren batek eskatzen duenean.

6._Hitzarmen honetan itunduaz sortzen diren auziak konpontzeko, alderdi guztiek onartzen dute, kasuan kasuko jurisdikziora jo aitzin, Ekitaterako arbitraje kontseilu baten menpe jartzea. Kontseilua lau kidek osatuko dute, bat Caja Navarra Fundazioak izendatua, beste bat Hezkuntza Departamentuak izendatua, beste bat Osasun Departamentuak izendatua eta laugarrena Iruñeko Abokatuen Elkargoak izendatua.

Eta behar diren ondorioetarako jasoa gera dadin, dokumentu hau sinatu dute, bi aletan, hasieran adierazitako hirian eta egunean.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria, Luis Campoy Zueco. Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilaria, María Kutz Peironcely. Caja Navarra Fundazioko zuzendaria, Dámaso Munárriz Díez de Ulzurrun.

E R A N S K I N A

Ospitaleetan eskola-laguntza emateko programa

1. Zergatikoak.

Hezkuntzaren arloko desberdintasunak konpentsatzeko ekintzak antolatzen dituen otsailaren 28ko 299/1996 Errege Dekretuak osabidezko hezkuntza arautzen du. Horren barnean, zenbait egoeratan eman beharreko hezkuntza arreta jasotzen da, besteak beste ospitaleko eta etxez etxeko eskola-laguntza.

1070/1990 Errege Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateak hezkuntza arloan erabateko eskumena bereganatu zuen. Abenduaren 14ko 417/1992 Foru Dekretuan, gero uztailaren 14ko 191/1997 Foru Dekretuaren bidez aldatu zen horretan, xedatzen da istripuren bat edo eritasun luzeren bat jasaten duten ikasleek behar duten laguntza jasotzeko eskubidea dutela, egoera horrek bere eskola errendimendua moteldu ez dezan.

Horrenbestez, Hezkuntza Departamentua behartuta dago ospitaleetako eskola-laguntza antolatzera eta, hortaz, hezkuntza zerbitzu egokia jasotzeko behar diren baliabideak eta langileak jarri behar ditu ospitaleraturik diren ikasleek ikastetxera ikastera joaterik ez dutenean behin-behinekoz sortzen diren desberdintasunak desagertzeko.

Etxez etxeko eskola-laguntza emateko Programa antolatzeko, Hezkuntza Departamentuak, programaren antolamendurako eta funtzionamendurako behar diren baliabideak eskaintzeaz gainera, 299/1999 Errege Dekretuaren 20.2 artikuluan xedatutakoa aintzat hartuko du, horrela baitio: " Hezkuntza Ministerioak entitate publikoekin zein irabazi asmorik gabeko erakundeekin lankidetza hitzarmenak sinatzeko ahalmena du, sendagileen aginduz etxean denbora luzean egon behar duten ikasleei etxez etxeko eskola-laguntza emateko programak garatzeko ".

Ospitaleetan eskola-laguntza emateko programa Haur Hezkuntzan, Derrigorrezko Hezkuntzan eta Derrigorrezko Hezkuntzaren ondoko hezkuntza ez-unibertsitarioan eskolatuak dauden ikasleentzat da, hala ikastetxe publikoetakoentzat nola itunduetakoentzat.

2. Ospitaleetako eskola-laguntza.

Ospitaleetako eskola-laguntzaren barrenean eritasunagatik denbora luzean ikastetxera joan ezin diren eta ospitalean egon behar duten ikasleei kasu egiteko ospitaleetan egin beharreko eskola-laguntzako jarduketa guztiak sartzen dira.

3. Programa honen ikasle onuradunak.

Ospitaleetan eskola-laguntza emateko Programa, Nafarroako Foru Komunitateko derrigorrezko hezkuntzako ikastetxeetan eskolaturik egonda, eritasun edo traumatismo baten ondorioz Bideko Ama Birjina ospitalean egon behar duten ikasleentzat prestatu da, izan ere, Nafarroako haur eta gazte guztiak erietxe horretan jasotzen baitira.

Ospitaleraturik dauden haurrei eman beharreko laguntzak orotarikoa izan behar du, eta horrek osasun eta hezkuntza arloetako profesionalen lankidetza estua eskatzen du.

Ospitaleetan eskola-laguntza emateko programaren bidez eskolako laguntza emanen zaie Nafarroan diru publikoarekin sostengatutako ikastetxeetan Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eskolaturik dauden ikasleei.

4. Horrelako ikasleek izaten dituzten behin-behineko hezkuntza premiak.

Gizakien garapen orokorra, funtsean, hezkuntzako etapetan gertatzen da. Eskola adinak eta eskola eremuak, gutxienez hiru urtetik hamasei urte bitarteko haur eta gazteen garapen indibidualaren prozesuaren ardatz antolatzaile gisa, duten esanahia eta zentzua psikopedagogiaren ezaupideetan oinarritzen dira. Prozesu hori aldi baterako eteten da eritasunagatik denbora luzean ospitaleraturik egon behar duten ikasleen kasuan.

Ospitaleraturik dauden bitartean "eskolako bizi-zereginei" jarraipena eman beharrak justifikatzen du Ospitaleetan eskola-laguntza emateko Programa abian jartzea.

Ospitaleratzeari loturiko beharrak.

a) Eritasun gertatzen denean, eguneko erritmo "normala" hausten da eta horrekin batera eskola arloa desenfokatzen da, interesa eta ikuspegia bat-batean jasotzen duen ospitalera bideratzen baita. Familiarentzat ikasketak lainotzen dira eta bizipen, antsietate, beldur eta izu guztiak eritasunaren ingurukoak izaten dira. Haurra ere familiaren bizipen horietako partaide da.

Ospitaleraturik dagoen eriari eskola-eremutik ahalik eta hurbilen dagoen ingurunea eskaini behar zaio, eskola-edukiak, lana/josteta tarteak... Ospitaleratzealdian eriaren eskola errendimendua zehatz-mehatz neurtzen ez bada ere, jarduera normalizatzaile eta orekatzaile gisa duen garrantziari eusteko balioko du, haurraren segurtasun pertsonalaren eta emozionalaren mesedetan.

b) Ikastetxearekin koordinaturik egon beharra. Ezinbestekoa da ikastetxearekin koordinaturik egotea, eriak eta familiak eskola eremuarekin duten harremana eten ez dadin.

Ospitalean laguntzako eskolak ematen dituen pertsonak tutorearekin harreman estua izan behar du eta, hala behar bada, ikastetxeko irakasleekin ere, hezkuntza indargarriaren programak ikastetxeak berak gidatua izan behar du eta.

Gaur egun, eskolako eta ospitaleko eremuen arteko ezinbesteko harreman hori bermatuta eta sendotuta dago informazioaren eta komunikazioaren teknologiei esker, irakasleekin eta ikaskideekin istanteko harremana izatea ahalbidetzen baitute.

5. Ospitaleetako Hezkuntza Unitatea.

_Nafarroako haur eta gazteei ospitaleetan eman beharreko eskola-laguntzaz Ospitaleetako Hezkuntza Unitatea arduratuko da.

_Talde berezi hau batez ere Bideko Ama Birjina ospitalean arituko da. Hango pediatriako oinean dago Ospitaleetako Hezkuntza Unitatea (OHU).

Ospitaleetako Hezkuntza Unitatearen helburu nagusiak.

a) Behar bezalako eskola-laguntza ematea, irakaskuntza arloko behar bereziez gainera, psikologikoak, sozialak eta afektiboak ere asetzeko modukoa.

b) Heziketa lana jatorrizko ikastetxearekin koordinatzea, tutoreari ikaslearen eskolako segimendua egiteko lana erraztuz eta teknologia berrien bidez ikaskideekiko harremanei eusten lagunduz.

c) Ospitaleko osasun langileekin eta arlo psikosozialekoekin batera diziplina anitzeko taldeetan sartzea eta ospitaleraturik dauden haurrei orotariko laguntza emateko koordinazio prozedurak ezartzea.

d) Irabazi asmorik gabeko erakundeetako boluntarioen eta enpresen parte-hartzea sustatzea, haien dirulaguntzen bidez komunitateari eman beharreko zerbitzua hobetzeko asmoz.

6. Lan metodologia.

_Ospitaleetan eta etxez etxe laguntza emateko Taldeak ikastetxeekiko koordinazio lana bere gain hartuko du, ikasleak bere eskola giroari eutsiko diola bermatzeko, bai, halaber, eskola sistemari laguntzeko jarduerak eta ikaslearen integrazioa bermatzeko ere, hala ospitaleratzeak iraun bitartean nola geroko eriondoan ere.

_Familiako eta eskolako giroei hobeki eusteko eta curriculumera jotzeko baliabide gisa, informazioaren eta komunikazioaren teknikak erabiliko dira eta ikastetxearekin interkonektatzeko erraztasunak emanen dira.

_Ospitaleraturik dauden ikasleen familiakoei ere laguntza psikosoziala emanen zaie, seme-alabaren eritasunak sortutako eragin emozionala arintzeko eta ospitaleratzealdian seme-alaben bizkortzea eta ongizatea ekar dezaketen beste alderdi batzuetan lagun dezaten lortzeko.

_Ospitaleko laguntza bukatutakoan, gerta daiteke ikasle batzuek etxean, eriondoan, egon behar izatea sendagilearen aginduz. Horrelakoetan, ospitaleetako laguntzari jarraipena emateko, etxeko laguntza antolatuko da, ikastetxeekin eta ikasleen familiekin batera, Etxez etxeko eskola-laguntza emateko Programan ezarrita dagoenari jarraikiz.

7. Dotazioa eta ekipamendua.

Hezkuntza Departamentua:

Programan bi irakasle daude, Ospitaleetako Laguntza Taldea osatzen dutenak. Horrez gainera, Bideko Ama Birjina ospitaleko Ospitaleetako Hezkuntza Unitatearen instalazioetan badago irakaskuntzako jarduerak egiteko behar den ekipamendua.

Hezkuntza Departamentuak behar diren kudeaketak eginen ditu ospitaleraturik edo eriondoan dauden ikasleei hezkuntza jarduerak ematen ahal dizkieten beste profesional edo pertsonen lankidetza lortzeko ospitaleetako eta etxez etxeko eskola-laguntza emateko Programarako.

Caja Navarra Fundazioa:

19.000 euro jarriko ditu, ondoko gastu hauei aurre egiteko:

_Informatikako aplikazioak: 9.000 euro.

_Baliabide didaktiko eta materialak: 7.000 euro.

_Guneak egokitzea eta altzariak: 3.000 euro.

Bideko Ama Birjina Ospitaleak hauxe jarriko du:

a) Ospitaleetako Hezkuntza Unitatea jartzeko behar den lekua.

b) Unitate honen azpiegiturari dagozkion gastu orokorrak, eta hango ekipamenduaren mantentze eta zaintze lanei dagozkienak (telefonoa, fotokopiagailua, internet, e.a.).

c) Erien egoera klinikoaren arabera beharrezkoa den kasuetan, osasun arloko langileak eta arlo psikosozialeko langileak jarriko ditu hezkuntzarako guneetan.

8. Programaren ebaluazioa.

Ospitaleetan Laguntza emateko Programa 2005-06 ikasturtean aplikatuko da modu esperimentalean. 2004-05 ikasturtetik abian bada ere, 2005eko irailetik aurrera egitura honekin eta dagokion hezkuntza proiektuarekin hasiko da eta Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan indarra duen eskola-egutegiko eskola-egunetan gauzatzen ahalko da.

2006ko maiatzean programaren ebaluazioa eginen da. Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak, Segimendu Batzordearekin koordinaturik eta harekin lankidetzan, eginen du programaren ebaluazioa, berresteko edo, beharrezkoa bada, behar diren zuzenketak egiteko. Gero, behar diren arauak onetsiko dira gure erkidegoan indarra duen Aniztasunari kasu egiteko planaren barrenean sartzeko.

Iragarkiaren kodea: F0523755