57. ALDIZKARIA - 2006ko maiatzaren 12a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ITURMENDI

Auzolana arautzen duen udal ordenantza behin betikoz onetsirik

lturmendiko Udalak, 2006ko urtarrilaren 26ko osoko bilkuran, bertaratutako guztiak ados egonik, hasiera batean onetsi zuen Auzolana arautzen duen udal ordenantza.

Aldaketa onesteko erabakia 2006ko 24. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, otsailaren 24an, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

AUZOLANA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da auzolana edo lan pertsonala arautzea, Iturmendiko Udalaren mesederako egiten diren lan eta zerbitzua izaki.

2. artikulua. Oinarria.

Ordenantza hau Iturmendiko auzolanen ohitura zaharrean oinarritzen da nagusiki eta baita ere Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Foru Legeko 53, 54 eta 55. artikuluek xedatzen dutenean.

3. artikulua. Subjektu pasiboak.

Iturmendin bizi eta bertako erroldan eta zentsuan sartuta daudenek dute auzolana egin beharra. Iturmendin etxebizitza izan eta bertan jarraian bizi ez direnak ere auzolana egitera behartuta egonen dira.

4. artikulua. Hona salbuetsiak:

a) Hemezortzi urtez beheitiko eta berrogeita hamabostez goitikoak.

b) Ezindu fisiko, psikiko eta zentzumenezkoak.

c) Presondegietan giltzapetuak.

d) Udalbatzaren ustez onura publiko edo interes sozialeko jarduerak egiten dituzten pertsonak.

Bizilagunen batek Udal Erroldan baja egiten badu auzolana ez egiteagatik, frogatzen bada herrian bizi dela, auzolanaren ordenantza bete beharreko bizilagunen zerrendan sartuko dute.

5. artikulua. Arauketa.

Iturmendiko Udalak babestuko ditu auzolanean ari diren biztanleak gertatzen ahal zaizkien istripuen arriskutik.

6. artikulua. Auzolana egiteko hiru aukera.

a) Aldez aurretik mugatutako lan zehatza, bizilagunak egin beharrekoa. Bizilagunak egiten ahal du berak aukeratzen ahal duen momentuan egiteko lan bat, kontuan izanik urteko zer alditan egin behar den, asteko zer egunetan, zer ordutan...

Udalak onetsi beharko ditu lana bera eta orduak. Lana egin ondoren, bizilagunak horren berri emanen dio udal enplegatuari.

Horretarako, Udalak inkesta eginen du bizilagun bakoitzak bere lehentasunak eta iradokizunak ager ditzan. Batek baino gehiagok lan bera egin nahi badute, Udalak erabakiko du bere irizpideei jarraikiz, eta, beharrik bada, zozketa eginen da.

Egindako zerrendak balio mugagabea izanen du; zerbitzu anitzetako enplegatua izanen da horren arduraduna. Altak, bajak edo lanen zein taldeen aldaketak arduradunari jakinaraziko zaizkio urte bukaeran, hurrengo urteko auzolanak antolatu ahal izateko. Ez bada ezer jakinarazten, egoera bere horretan jarraitzen duela ulertuko da.

b) Tresnekin edo makinekin egiten diren lanak. Auzolanetan obra eta zerbitzuak beste bitarteko batzuekin egiten direnean, hala nola garraiatzeko ibilgailuekin, makinez egindako lanak, lantegietako lanak eta abar.

c) Presako lanak, aldez aurretik zehaztu gabeak. Tradizioan erabili den sistema da; Udalak antolatu izan ditu presako lanetarako eta sortzen diren beharretarako. Udaleko enplegatuak behar denean egiteko aginduko du.

Herritarren lana edo auzolana urtean hiru egunetan eginen da, gehienez; egunak ez dira izanen elkarren segidakoak. Asteko egun guztiak izanen dira lan egiteko egunak, hala parte hartzeko aukerak zabaltzeko. Bizilagunen batek ezin badu, lan aferak direla-eta, Udalari jakinaraziko dio, bereizkeriarik ez sortzearren beste auzolan bat deitzeko. Interesatuaren ordez beste lagun batek egiten ahal du auzolana, betiere horretarako egokia baldin bada eta bere borondatez egiten baldin badu. Aldez aurretik, ordezkapen horren berri emanen zaio Udalari.

Halaber, auzolanaren librantza egin daiteke diru kopuru bat ordainduta; Udalbatzak erabakiko du urte bakoitzeko zenbatekoa. Kalkulatu da 2005. urtean 30 euro zirela auzolaneko, gutxi gorabehera 4 ordukoa bakoitza; baina denbora bitarte hori aldatzen ahal da lan bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera. Zenbateko hori eguneratzen ahal da urteko KPIari jarraikiz. Zenbateko hori borondatezko ordainaldian ordaintzen ez bada derrigorrezko dirubilketa erabiliko da % 20ko errekarguarekin. Urtean egiten diren auzolanak ez dira kontuan hartuko hurrengo urteetarako.

Bizilagunak urte hasieran jakinarazten ahalko du auzolanen ordez dirua ordaindu nahi duela, sortzen diren lanetara dei ez dezaten.

7. artikulua. Iturmendiko Udalak hiru auzolanetarako deia eginen du gutxienez urtean; 48 ordu lehenago eginen du deialdia, bando bidez eta iragarki oholean paratuz, edo, salbuespen gisa, bestelako bide bat erabiliz.

8. artikulua. Auzolan bakoitzeko lana Udaleko kide batek edo zerbitzu anitzetako enplegatuak zuzenduko du.

9. artikulua. lturmendiko Udalak, interesatuek eskaturik, auzolana egin ordez ordaintzea onartzen ahalko du, auzolanetan obra edo zerbitzuak beste bitarteko batzuekin egiten direnean, hala nola garraiatzeko ibilgailuekin, makinez egindako lanak, lantegietako lanak eta abar. Auzolana egin ordez ezin izanen da ordaindu baldin eta Kontzejuko Auzolanaren Batzordeko kide batek ez badu aldez aurretik hori onetsi idatziz, lanak egin aurretik.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek hartuko du indarra Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean aurreikusitako baldintzak betetakoan.

Iturmendin, 2006ko apirilaren 10ean._Alkate udalburua, Nicolás Arbizu Gabirondo.

Iragarkiaren kodea: L0606766