57. ALDIZKARIA - 2006ko maiatzaren 12a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ZIAURRITZ

Hasiera batean onetsirik Auzolana arautzen duen ordenantza

Ziaurrizko Kontzejuko Batzarrak, 2006ko urtarrilaren 9an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Auzolana arautzen duen ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz, onetsitako ordenantza jendaurrean egonen da hogeita hamar egun baliodunean, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, interesatuek espedientea azter dezaten eta erreklamazio, kexa edo oharrak aurkez ditzaten.

Jendaurreko epean alegaziorik aurkezten ez bada, eguneratutako tarifak behin betiko onetsita geldituko da, eta haien testua osorik emanen da argitara Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

AUZOLANA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da auzolana arautzea. Auzolana da pertsonek lana egitea Komunitatearen mesederako obra eta zerbitzuak gauzatzeko, Ziaurrizko Kontzejuaren eskumenen barruan.

2. artikulua. Oinarria.

Ordenantza hau Ziaurrizko auzolanaren ohitura zaharrean oinarritzen da nagusiki eta baita ere Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Foru Legeko 53, 54 eta 55. artikuluek xedatzen dutenean.

3. artikulua. Subjektu pasiboak.

Auzolana edo herritarren lana Ziaurritzen erroldatuek edo bertan bizi direnek egin beharko dute, hurrengo salbuespenekin:

a) Hemezortzi urtez beheitiko eta hirurogeita bost urtez goitikoak.

b) Ezindu fisiko, psikiko eta zentzumenezkoak. Behar bezala justifikatu beharko da auzolaneko lanak egiteko ezintasuna, eta eskualdeko gizarte laguntzaileak adostasun txostena eman beharko du.

c) Presondegietan giltzapetuak.

d) Udalbatzaren ustez onura publiko edo interes sozialeko jarduerak egiten dituzten pertsonak.

Auzolana egin beharra dela-eta, bizilaguntzat jotzen da Ziaurritzen urte bakoitzean 50 egun baino gehiagotan bizi izaten dena.

Talde honetan sartzen ez diren pertsonek beren borondatez egin ahalko dute lan.

4. artikulua. Arauketa.

Ziaurrizko Kontzejuak babestuko ditu auzolanean ari direnak gertatzen ahal zaizkien istripuen arriskutik.

5. artikulua. Subjektu pasiboaren ordez beste lagun batek egiten ahal du auzolana, betiere horretarako egokia baldin bada eta bere borondatez egiten baldin badu. Subjektu pasiboak bilatu beharko du bere ordezkoa. Ordezkapen honen berri aldez aurretik emanen zaio Ziaurrizko Kontzejuari.

Halaber, auzolanaren librantza egin daiteke lanbidearteko gutxieneko soldataren diru kopurua bi aldiz emanda, lanean huts egiten den egun bakoitzeko. Zenbateko hori borondatezko ordainaldian ordaintzen ez bada derrigorrezko dirubilketa erabiliko da % 20ko errekarguarekin.

6. artikulua. Lanaldiak bi lanordu izanen ditu. Bizilagun batek traktorea edo motorezko beste makina bat (sasi-garbitzekoa, belarra moztekoa...) ekartzen badu, makina hori erabiltzearen kostua ordainduko zaio; Kontzejuak ezarritako kopurua, hain zuzen ere. Makinak erabiltzeko prezioa urtero berrikusiko du Kontzejuak eta bizilagunei igorriko die.

7. artikulua. Ziaurrizko Kontzejuak 48 ordu lehenago iragarriko du auzolan bakoitza, oholean iragarkia paratuta.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta gainerako xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da.

Ordenantza honek hartuko du indarra Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean aurreikusitako baldintzak betetakoan.

Ziaurritzen, 2006ko urtarrilaren 23an._Kontzejuko burua, María Francisca Cilveti Oyarzun.

Iragarkiaren kodea: L0606666