57. ALDIZKARIA - 2006ko maiatzaren 12a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

LIZASO

Behin betikoz onetsirik Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluarekin bat, argitara ematen da Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzaren testu osoa, behin betikoz onetsi baita haren kontrako erreklamazio ez alegazio bakarrik ere jaso ez denez. Hasierako onespena 2006ko 5. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 11n. Hori guztia, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 7/1985 Legea aldatzeko apirilaren 21eko 11/1999 Legearen 49. artikuluan agindutakoari jarraikiz.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Lizasoko Kontzejuaren herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzeko arauak ezartzea.

2. artikulua. Herri ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bertzenaz, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan ukatu gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Lizasoko Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den maneran.

Herri ondasunen inguruan Lizasoko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Lizasoko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela bertze bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herrilurretako ondasunak desafektatu ondotik bertze batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Lizasoko Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Lizasoko Kontzejua herri ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzera ahaleginduko da eta kontra eginen die horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bertzelako ekintzari.

8. artikulua. Lizasoko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesatuari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Lizasoko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Kontzejuak hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Lizasoko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Lizasoko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo bertze zernahiren kariaz herri ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Lizasoko Kontzejuak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Lizasoko Kontzejuak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Lizasoko Kontzejuak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak honako hauek dira:

a) Herrilurretako lurzatien aprobetxamendua.

b) Herrilarreen aprobetxamendua.

b) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

c) Herrilurretako bertzelako aprobetxamenduak.

15. artikulua. Lizasoko Kontzejua herrilurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

16. artikulua. Orokorrean, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, famili unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adingabea izatea.

b) Ultzamako Udalaren Biztanle Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea bi urteko antzinatasunaz.

c) Kontzejuan urtean bederatzi hilabetez gutxienez egiazki eta jarraian bizitzea.

d) Nekazaritzako araubidean inskribaturik egotea.

e) Kontzeju honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

17. artikulua. Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia unitateko kidetzat hartuko dira.

II. KAPITULUA

Herri ondasunen aprobetxamendua

18. artikulua. Herrilurren aprobetxamendua zuzenean adjudikatuko zaie famili unitateko titular diren bizilagunei, ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

19. artikulua. Lizasoko Kontzejuak lur-sari bat finkatuko du urtean erregu bakoitzetik, eta hura urtero zehaztuko du bere aurrekontu arruntean.

Sari hori ez da gisa bereko lurretarako eskualdeko errentamenduaren prezioen ehuneko laurogeita hamarra baino gutxiago izanen.

Lur-sari hauek ezarri dira 2006ko ekitaldirako: Artolako errota, 829,50 euro/urtea; Bentalde, 472 euro/urtea; Huerka, Karokolar eta Egain 273,75 euro/urtea; Sorozar, 158,25 euro/urtea, eta Ubildos, 200,00 euro/urtea. Errentak urtero eguneratuko dira, Foru Komunitateko nekazaritzako IPKren heinean.

20. artikulua. Herrilurretako aprobetxamenduez baliatzeko epea zortzi urte izanen da.

21. artikulua. Onuradun bakoitzari adjudikatutako larreen zabalera Lizasoko Kontzejuak finkatuko du, kontuan harturik zenbat herrilur dituen eskura.

22. artikulua. Onuradunek herrilurrak ezin izanen dituzte erabili, Kontzejuaren aldez aurreko baimenik gabe, adjudikaziokoak ez diren bertze aprobetxamendu batzuetarako, hala nola arto, soia, berotegi eta abarretarako.

23. artikulua. Adjudikaturiko herrilurretan itxiturak egiteko, Lizasoko Kontzejuaren baimena beharko da. Debeku dira fabrikako obran, adreiluz edo hormigoizko bloketan egiten diren itxiturak.

Herrilurrak eta jabe pribatua duten lurrak ezin izanen dira batera hesitu.

24. artikulua. Herrilurren aprobetxamendua ezin izanen da trukatu onuradunen artean, aldez aurretik interesatuek eskaria egin gabe eta Kontzejuak baimenik ematen ez badu.

25. artikulua. Herrilarreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo bertze batzuei lagatzeko.

26. artikulua. Nahitaezko baldintza izanen da gutienez ere urtean behin moztu eta ongarritzea. Mozketa egiteko baliabide mekanikoak erabiliko dira, aziendek jan badute ere.

27. artikulua. Hodietan nahiz asketan, uraren inguruko konponketak errentariaren kontura izanen dira; haren kontura, orobat, asketako ura funtzionamendu ezin hobean edukitzea, ura alferrik ez galtzeko. Konpontzen ez badira, Kontzejuak eginen du eta faktura errentariari pasatuko dio.

Herrilurren aprobetxamendua mendietan

28. artikulua. Herrilarreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Osasun Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legeko 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta Foru Lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

29. artikulua. Debeku da zerri azienda larratzea.

30. artikulua. Larreetako aprobetxamenduen onuradunek azienda mota eta larre eremu bakoitzetik ordaindu beharreko saria Lizasoko Kontzejuak zehaztuko du urtero bere aurrekontu arruntean.

IV. TITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

31. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondotik, Lizasoko Kontzejuak egur loteak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.

32. artikulua. Lizasoko Kontzejuak urtero finkatuko du famili unitateei adjudikatzeko epaitzen bolumena, oihanean dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

33. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

34. artikulua. Epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko saria urtero finkatuko du Kontzejuak bere aurrekontu arruntean.

35. artikulua. Etxerako loteen onuradunak beharturik egonen dira hondarrak bildu eta metatzera egurra eraman eta gero; dena dela, hondakin horiek ezin dira bideetan, mendiko pistetan edo pasabidea ixten duten bertzelako tokietan pilatu. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei, aprobetxamenduaren adjudikazioa ukatuko zaie hiru urtetarako.

V. TITULUA

Herrilurretako bertzelako aprobetxamenduak

36. artikulua. Ehiza barrutiak herrilurrak sartuz eratu badira, gai honen gainean 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko Arauari eta xedapen osagarriei jarraikiz eginen da hango ehizaren aprobetxamendua.

37. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den bertze edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Lizasoko Kontzejuak prestatzen dituen baldintza agirien arabera eginen dira. Horrez landara, beharrezkoa izanen da jendaurrean paratzea, 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onestea.

VI. TITULUA

Adjudikatzeko bidea

38. artikulua. Aldez aurretik Kontzejuak erabakia hartuta eta bertako iragarki oholean paratutako ediktuen bitartez, 15 eguneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste duten lagunek herrilurretan nahi dituzten aprobetxamenduak eska ditzaten.

39. artikulua. Aprobetxamenduen eskabideekin batera ondoko alderdien gaineko zinpeko aitorpena aurkeztuko da:

a) Kontzejuko bizilaguna izatea, hiru urteko antzinatasunaz bederen eta urtean, gutxienez, bederatzi hilabetez Kontzejuan bizitzea.

b) Famili unitateko kideena, famili liburuaren fotokopiarekin batera.

c) Nekazaritzako Gizarte Segurantzaren kopia edo ziurtagiria.

d) Kontzeju honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

Zinpeko aitorpen hori egiaztatzeko, Lizasoko Kontzejuak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko.

40. artikulua. Eskabideak ikusirik, Kontzejuak aprobetxamendu mota bakoitzera onartutakoen zerrenda onetsiko du, behin-behinekoz, adjudikatu beharreko lotea eta tokia ere azalduko dituena.

41. artikulua. Behin-behineko zerrenda Kontzejuko iragarki oholean paratuko da hamabortz egun balioduneko epean, egoki juzgatzen diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrendak behin betikoak bihurtuko dira.

42. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, Kontzejuak horiei buruzko ebazpena emanen du eta mota bakoitzeko aprobetxamenduen eta onuradunen behin betiko zerrenda onetsiko, tokia edo lotea ere azalduko dituena.

VII. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

43. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Herrilarreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

c) Aprobetxamenduen sariak Kontzejuak finkatuko dituen epeetan ez ordaintzea.

d) Herrilurraren aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

e) Herrilurrari adjudikazioeko erabilera ez dena ematea.

f) Finketan mozterik eta ongarritzerik ez egitea bederen urtean behin.

g) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

h) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate guztiak.

44. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

_a), b), c), d) eta f) arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da, dusetan ukatu gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek zehapenak ezartzea.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa gutxienez halako bortz eta gehienez halako hamar ordaintzea izanen da zehapena. Balio hori zehazterik ez badago, zehapena ezarriko da, hamar mila eta berrehun mila pezeta bitartekoa.

Lizason, 2006ko otsailaren 1ean._Kontzejuko burua, Agustín Ancizu Elizondo.

Iragarkiaren kodea: L0605828