57. ALDIZKARIA - 2006ko maiatzaren 12a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BERRIOBEITI

Herrilurren aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza behin betiko onetsirik

Berriobeitiko Kontzejuak, 2005eko urriaren 26an egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Berriobeitiko Kontzejuko herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Onesteko erabakia 2006ko 9. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 20an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Berriobeitin, 2006ko martxoaren 29an._Kontzejuko burua, Jesús María Pascal Yoldi.

HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Berriobeitiko Kontzejuaren herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzeko arauak ezartzea.

2. artikulua. Herri ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bertzenaz, Nafarroako Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan ukatu gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Berriobeitiko Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den maneran.

Herri ondasunen inguruan Berriobeitiko Kontzejuak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Berriobeitiko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela bertze bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri ondasunak desafektatu ondoan bertze batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, karga horiek ezartzearen helburuak edo lagapenaren edo kargak ezartzearen baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, kargatutako ondasuna Berriobeitiko Kontzejuaren ondarera itzuliko litzateke herri ondasun gisa.

Jarraituko den prozedura Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuan ezarritakoa izanen da.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Berriobeitiko Kontzejua herri ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bertzelako ekintzari.

8. artikulua. Berriobeitiko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesatuari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Berriobeitiko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Kontzejuak batzarrean hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Berriobeitiko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Berriobeitiko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo bertze zernahiren kariaz herri ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Berriobeitiko Kontzejuak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Berriobeitiko Kontzejuak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da zehaztuko den maneran. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Berriobeitiko Kontzejuak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak honako hauek dira:

_Laborantzako herrilurren aprobetxamendua.

_Herrilarreen aprobetxamendua.

_Herri ondasunen bertze aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Berriobeitiko Kontzejua herrilurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

16. artikulua. 1. Orokorrean, Berriobeitiko Kontzejuaren herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, famili unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adingabea izatea.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 5 urteko antzinatasunez.

c) Berriobeitiko Kontzejuan urtean 9 hilabetez gutxienez egiazki eta jarraian bizitzea.

d) Kontzejuarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia unitateko kidetzat hartuko dira.

Nolanahi ere, famili unitate independientetzat hartuko da guraso jubilatuek edo pentsiodunek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien dirusarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

3. Artikulu hau interpretatzean sortzen ahal diren zalantzak Berriobeitiko Kontzejuak argituko ditu, banan-banan.

II. KAPITULUA

Laborantzako herrilurren aprobetxamendua

17. artikulua. Laborantzarako herrilurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoan adjudikatzea edo Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Berriobeitiko Kontzejuak laborantzako herrilurren aprobetxamendua adjudikatzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bertzearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

18. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, famili unitateen titular diren herritarrek 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, famili unitateko kide bakoitzarengatik, dirusarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren % 30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo famili unitatearen dirusarrerek guztira soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Famili unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren % 60ren pareko dirusarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira, hala nola, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena, soldata bidezko dirusarrerak, laborantzako lurrak errentan edo bertze tituluren baten bidez edukitzea, toki erakundeen zergak ordaindu behar dituzten ondasun higiezinen kapital zergagarria, toki erakundeen menpeko zerga-oinarria jardueretan aritzeagatik, baita gisa bereko bertze edozein datu ere.

19. artikulua. 1. Ereduko loteek ondoko azalerak izanen dituzte adjudikazio mota horretan:

_Lehorreko lurra: 20 robadas. Aproximadamente.

2. 18. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteen neurriak zehazteko, loteari ondoko koefizienteak aplikatuko zaizkio:

a) 3 kiderainoko familia unitateak, (20 erregu).

b) 4tik 6 kiderainoko familia unitateak, (40 erregu).

c) 7tik 9 kiderainoko familia unitateak, (60 erregu).

d) 9 kide baino gehiagoko famili unitateak, (100 erregu).

20. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten famili unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Berriobeitiko Kontzejuak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, ordenantza honetako 18 eta 19. artikuluetan adierazitako faktoreak apaltzen ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez handitu.

Halakoetan, Udalak laborantzako beren herrilurren % 50 erabiliko ditu, gutxienez, banaketa modu honetarako.

21. artikulua. Aprobetxamendu hau erabiltzeko epea 8 urtekoa izanen da. Labore urteanitzak badira, eta Berriobeitiko Kontzejuak baimendu ondoan, epe hori landare motaren bizitzaren arabera luzatzen ahalko da.

22. artikulua. Aprobetxamendu modu honetan, herrilurren onuradunek hurrengo sari hauek ordainduko dituzte:

_Lehorreko lurra: 20 euro/erregua/urtea.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, gehienez ere KPIren arabera. Nolanahi ere, lur-sariak Berriobeitiko Kontzejuak hartzen dituen kostuak berdintzeko adinakoa beharko du izan, gutienez ere.

23. artikulua. Herrilurretako lurzatiak onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo ustiatu lan pertsonala ez den bertze moduren baten bidez.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

24. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, adjudikazio-hartzaileak edo haren famili unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honetako 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen.

Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Berriobeitiko Kontzejuaren iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko bertze arrazoirengatik soldatapekorik hartzen denean. Horrelakoetan, 15 eguneko epean jakinaraziko zaio Berriobeitiko Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat, Kontzejuaren iritzian, behin betikoa bada eta herrilurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 25. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

25. artikulua. Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Udalak adjudikatu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Kontzejuak lurzatien onuradunei adjudikaziotik ateratako dirusarrerak ordainduko dizkie, lur-saria kendu ondotik.

Kontzejuak ezintasun fisikorik edo bertzeren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egoki juzkatzen dituen agiriak eskatuko ditu.

Beren laborea apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herrilurrak kenduko zaizkie adjudikazio aldia bukatu arte.

Lurzatiak galtzen dituzten onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte Kontzejuko diruzaintzan.

26. artikulua. Berriobeitiko Kontzejuak egoki juzgatzen dituen egiaztapenak egiten ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honelakoetan ulertuko da lurrak ez direla zuzenean eta pertsonalki lantzen:

a) Nekazaritzako makineria izanik, berari adjudikatu herrilurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Landazaintza Zerbitzuaren ustetan, adjudikatu herrilurretako lurzatiak, ordenantza honetako 23, 24 eta 25. artikuluetan xedatzen den bezala, zuzen eta pertsonalki lantzen ez badira.

c) Ondoko alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu eta agindu epean aurkezten ez badira: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Kontzejuek baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Adjudikaturiko lurzatiaren % 80 bederen lantzen ez denean.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak dituztenean.

2. ATALA

Herritarren artean zuzenean adjudikatutako aprobetxamenduak

27. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera lurzati eskaerei erantzun ondoan, geratzen diren laborantzako herrilurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateko titularrak diren herritarren artean.

28. artikulua. Zuzenean adjudikatzen diren loteen azalera Udalak erabakiko du, lehentasuna duten herritarrendako adjudikazioa egin ondoan, eta gelditzen den azaleraren eta eskabide kopuruaren ariora eginen da, famili unitate bakoitzaren dirusarrera garbien alderantzizko proportzioan.

29. artikulua. Adjudikazioaren epea 21. artikuluan adierazitako berbera da.

30. artikulua. Aprobetxamendu mota honetan, herrilurren onuradunek hurrengo lur-sariak ordainduko dituzte:

_Lehorreko lurrak: 23 euro/erregua/urtea.

Ureztalurrak (baratzeak): 23 euro/erregua/urtea.

Zenbateko horiek 2006rako proposatutako lur-sariari dagozkio, urtero eguneratuko baitira gehienez ere K.P.I.ren ariora.

31. artikulua. Laborantza zuzenean eta pertsonalki eginen du adjudikazio-hartzaileak. Horretarako, 23, 24, 25 eta 26. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

32. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, lehentasuna duten herritarrendako adjudikazioa egin ondotik, dirusarrera handiagoak dituzten famili unitateetako titularren eskaerak kenduko dira.

Famili unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honetako 18.3 artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.

3. ATALA

Kontzejuak egindako ustiapen zuzena edo enkante irekia

33. artikulua. Berriobeitiko Kontzejuak, Lehen eta Bigarren Ataletan aplikaturiko prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lurra soberan baldin badago, enkante irekian eginen du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanez.

Hasierako prezioa Kontzejuak finkatuko du eta eskualde horretan antzeko lurrentzat dauden errentamendu prezioen parekoa izanen da. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira KPIaren arabera.

Enkantea egin ondoan laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.

Hasierako prezioa 25 euro/erregua izanen da urtean.

4. ATALA

Adjudikatzeko bidea

34. artikulua. Kontzejuak erabakia hartu ondotik, 15 egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herrilurretako lurzatien adjudikazioa eska dezaten, ediktua Kontzejuaren iragarki oholean argitara eman ondoan.

35. artikulua. Eskabideekin batera ondoko alderdien gaineko zinpeko aitorpena aurkeztuko da:

a) Herriko biztanlea dela, gutienez 5 urteko antzinatasuna izanik eta Kontzejuan urtean 9 hilabetez bederen bizi dela.

b) Berriobeitiko Kontzejuarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

c) Famili unitatea zenbat kidek osatzen duten. Lehentasuna duten herritarrek haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute.

d) Famili unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan Kontzejuan; lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuko da.

e) Famili unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz bertzeko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak; lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuko da.

f) Famili unitateko kide bakoitzaren hirilurreko kapital zergagarriak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai mugapen honetakoak bai bertzelakoak.

g) Famili unitateko kide bakoitzaren dirusarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, gizarte segurantzako pentsioen bidezkoak edo bertzelako errentatakoak.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Berriobeitiko Kontzejuak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 18.3 artikuluan zehazten den bezala.

36. artikulua. Kontzejuak onartuen zerrenda prestatuko du, adjudikazio modu bakoitzean, lehentasunekoan edo adjudikazio zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

37. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrenda Kontzejuaren iragarki oholean paratuko da 15 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bihurtuko da.

38. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horiei buruzko ebazpena emanen du eta mota bakoitzean herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko.

39. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduan eskubidea duten famili unitatearen titularren behin betiko zerrenda ikusirik, loteak adjudikatuko dira, eta horien ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 19. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Laborantzarako herrilurren gainerako azalerari dagokionez, Kontzejuak laborantzarako loteak adjudikatuko dizkie herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden famili unitatearen titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 28. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Lurzatiak adjudikatuta, onuradunen eta horiei dagozkien herrilurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunean, iragarki oholean. Zerrendak Kontzejuak onetsiko ditu.

40. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, behin ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzarako herrilurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

III. KAPITULUA

Herrilarreen aprobetxamendua

41. artikulua. Berriobeitiko Kontzejuaren herrilarreen aprobetxamendua adjudikatzeko ondoko bideak erabiliko dira, lehentasun ordena honi jarraikiz:

a) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioa.

b) Antzinako ohiturari jarraituz.

c) Enkante publikoan adjudikatuz.

42. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateetako titularrak izanen dira herrilarreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Horretarako, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agertarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

43. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan eman edo lagatzea.

44. artikulua. Adjudikazio epea zortzi urtekoa izanen da.

45. artikulua. Adjudikazioaren prezioa urtero berrikusiko da, biziaren kostuak dituen goiti-beheitien arabera egokitzeko, Nafarroako erakunde ofizial eskudunak (nekazaritzako KPI) onartzen dituen indizeak kontuan hartuz.

Adjudikazioaren prezioa aprobetxamenduaz baliatzen hasita ordainduko da.

46. artikulua. Adjudikazioaren prozedurari dagokionez, ordenantza honetan zer agindu, huraxe egin beharko da.

IV. KAPITULUA

Herrilurretako bertzelako aprobetxamenduak

47. artikulua. Ehiza barrutiak herrilurrak sartuz eratu badira, ehizaren aprobetxamendua 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko arauari eta xedapen osagarriei jarraikiz eginen da eta, betiere, Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen arabera.

2006rako proposatzen den saria urtean 200 euro da; zenbateko hori urtero eguneratuko da, gehienez ere Nafarroako KPIaren heinean.

48. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den bertze edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Berriobeitiko Kontzejuak prestatzen dituen baldintza agirien arabera eginen dira. Horrez landara, beharrezkoa izanen da jendaurrean paratzea, 15 egunez gutienez, eta Nafarroako Gobernuak onestea.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretan

49. artikulua. 1. Berriobeitiko Kontzejuak indarrik gabe uzten ahal du aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Herrilurren gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrak laguntzeko.

2. Proiektu hauek Kontzejuak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatzen ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.

3. Hona hemen halako kasuetan jarraitu beharreko bidea:

a) Berriobeitiko Kontzejuaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean paratzea eta Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioen gainean.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, zuzenbidez hala badagokie.

50. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurra hobetzeko egiten dituen proiektuak toki entitateak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Kontzejuak ebatzi ondoan.

Arau-hausteak eta zehapenak

51. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen sariak Kontzejuak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herrilurraren aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

d) Herrilurrari adjudikazioeko erabilera ez dena ematea.

e) Lurrak lantzea Kontzejuaren adjudikaziorik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak, izan.

f) Laborantza iraunkorrak (frutarbolak, zainzuriak, etab.) Kontzejuaren baimenik gabe landatzea, eta lurzatia ez Kontzejuaren ez Udalaren baimenik gabe ixtea.

g) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

h) Herrilarreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

i) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

j) Artzaintzarako eremuak ez errespetatzea.

k) Kontzejuaren baimenik gabe herrilurretako aprobetxamenduak baliatzea edo ustiatzea.

l) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate guztiak.

52. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

_a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, kontzesioa iraungiko da, deusetan ukatu gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak.

_g) arau-haustearengatik, herrilurren edo herrilarreen adjudikazio-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

_Gainontzeko arau-hausteengatik, eragindako kaltearen balioaren halako bortz eta halako hamar bitartean ordainaraztea. Balio hori zehazterik ez badago, 60,10etik 1.202,02 euro bitarteko zehapena ezarriko da.

Iragarkiaren kodea: L0605731