57. ALDIZKARIA - 2006ko maiatzaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

123/2006 FORU AGINDUA, apirilaren 10ekoa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, mahastiak berregituratu eta moldatzeko 2006/2007 kanpainako planei buruzkoa.

Mahastizaintza eta ardogintzaren merkatuaren gaur eguneko antolamendua Kontseiluaren 1999ko maiatzaren 17ko 1493/1999 EE Erregelamenduan ezarri zen, eta Batzordearen 2000ko maiatzaren 31ko 1227/2000 EE Erregelamenduaren bidez garatu.

Abuztuaren 4ko 1472/2000 Errege Dekretuak mahastietako produkzio gaitasuna arautu zuen eta Europar Batasuneko arautegi berria Espainiako barne antolamendu juridikora egokitu.

Errege dekretu horretako V. kapituluak mahastiaren berregituraketa eta moldaketa arautzen du. Hala ere, bertako aurreikuspen batzuk zehazteko autonomia erkidegoen arau osagarri baten beharra dago.

2000ko irailaren 15eko Foru Aginduaren bidez arau osagarri batzuk eman ziren Nafarroako mahastiak berregituratu eta moldatzeko araubidea, mahastizaintza eta ardogintzaren merkatuaren antolamendu komunean aurreikusia dena, aplikatzeko.

Mahastizaintza eta ardogintzako aurreko kanpainetan frogatu denez, alde batetik, komeni da kanpaina bakoitzeko xedapen bat ematea, 2000ko irailaren 15eko Foru Aginduko aurreikuspen orokorrak zehazteko, eta, bestetik, urteko xedapen horretan aurreikuspenak bateratzea, behar diren aldaketak eginez. Aldaketa horiek, 2006/2007ko kanpainan, taldekako planak bakarrik onartzea hartzen dute kontuan, eta horren helburuak hauek: nekazaritzan talde lana sustatzea, planaren gutxieneko hektarea kopurua eta mahastizain bakoitzak berregituratu eta moldatu beharreko gehieneko azalera finkatzea, baita laguntzak emateko beste lehentasun batzuk ezartzea ere, zeinetan nekazaritzako agente guztien gainetik baitaude nekazari gazteak, nagusiki nekazari direnak, lehentasunezko ustiategi asoziatiboak eta ardandegiak.

Orobat, Europako Elkarteak urte anitzeko planetan 2000-2001eko kanpainan aurkeztutako eskaerentzat emandako laguntzak bermatu behar dira, baita 2005-2006ko kanpainan onartutako eskaerak, kontusail faltagatik ordaindu gabe daudenak, eta 2006-2007ko kanpainan aurkezten ahal diren eskaerak ere, FEOGAko Berme Atalak Nafarroaren esku utzitako aurrekontuaren zenbatekoa agortu arte.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea Nafarroan mahastia berregituratu eta moldatzeko planen aurkezpena eta onespena arautzea da _mahastigintza eta ardogintzaren merkatuaren antolamendu komunaren barrenean, FEOGA-Bermearen 2006/2007 kanpainako ekitaldiari dagokionez_, hala nola Europako Batasuneko fondo horretako laguntza publikoak eskuratzea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Berregituratu eta moldatzeko aurkezten diren planak ardoa egiteko mahatsa produzitzen duten mahastietarako izanen dira, haien lurzatiak Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean badaude eta "Nafarroa" jatorrizko deituraren edo "Errioxa" jatorrizko deitura kalifikatuaren barruan babestuak badaude.

3. artikulua. Aurkezpena.

1. Interesatuek Nafarroako Mahastizaintza eta Enologi Zentroan (EVENA) zuzenean aurkeztu beharko dituzte berregituratze eta moldatze planak, hartu beharreko neurriak azaltzen dituztenak, onespena jaso dezaten; bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatuaren) 38. artikuluan aipatzen diren erregistroetako edozeinetan.

2. Planak aurkezteko epea Foru agindu honetako 8.1 artikuluan ezarritakoa izanen da.

3. Neurritzat hartuko da lurzati bat berregituratu edo moldatzeko ekintza bakoitza.

4. artikulua. Berrregituratze eta moldatze planen motak.

1. Berregituratze eta moldatze plan berriak taldekoak izanen dira.

2. Planetan, gutxienez, hogeita bost hektarea lur sartuko dira eta bost bazkide mahastizainek hartuko dute parte.

3. Planak ekoizleen artean eginen den itun baten barruan burutuko dira. Itun horren arabera planean parte hartzen dutenek ordezkari bat izendatu beharko dute, administrazio publikoarekin izan beharreko harremanez arduratzeko.

5. artikulua. Berregituratze eta moldatze planen betebeharrak.

1. Berregituratze eta moldatze planek ez dute behin ere handituko eremuak ekoizteko duen gaitasuna. Horretarako, "Nafarroa" Jatorrizko Deituran sartuko da plana (etekina: 40 hektolitro hektarea bakoitzeko) edo "Errioxa" Jatorrizko Deituran (etekina: 44 hektolitro hektarea bakoitzeko). Beraz, plan batek ezin ditu bi deiturak hartu.

2. Planetan sartzen diren eremuak gutxienez ere hamar urtez erein beharko dira, neurria hartu eta hurrengo kanpainatik hasita.

3. Lurzatiaren eremuak, berregituratu ondoren, gutxienez ere 0,5 hektarea hartuko ditu. Dena den, berregituratze eta moldatzeko plana egin ondoren gelditzen diren lurzatien kopurua hasierako kopuruaren 100eko 80 baino txikiagoa baldin bada, berregituratu ondoko lurzatiaren azalera 10 areakoa izanen da gutxienez.

Horri begira, mahastizain batek batera lantzen duen mahasti azalera hartuko da lurzatitzat; katastroko finka oso bakar bat izan daiteke, edo katastroko lurzati oso edo puska batzuen multzoa.

Hartzen den neurria barietatea moldatzea bada, oraingo barietatearen gainetik txertatuz edo zegoena berriro txertatuz, ontzi itxurako mahatsondo izatetik besatara jarrita, gutxieneko eremua jatorrikoa izanen da.

4. Mahastizain bakoitzak gehienez bost hektarea lur berregituratuko ditu urtean. Inguruabar tekniko edo ekonomikoengatik komeni denean, gehieneko muga hori aldatzen ahalko da, EVENAk proposaturik.

5. Planek landaketa berrien eremuak biltzen ahalko dituzte.

6. Planean mahastiak landatzeko biltzen diren eskubideek, transferentziaren bidez eskuratuek, gehienez ere planak ukitzen duen eremuaren % 20 eginen dute. Ondorio horietarako, nekazari gazteek dakartzaten eskubideak ez dira kontuan hartuko.

7. Landaketa guztietan nahitaezkoa izanen da txertaka ziurtatuak erabiltzea. Erabiltzen diren landaregaien horniketa legez baimendurik eta mahatsondo mintegizainen erregistro ofizialean izena emanak dauden mintegizainek egin beharko dute.

8. Area batekoa izanen da berregituratu asmo den lurzatiaren gutxieneko eremua.

6. artikulua. Laguntzak.

1. FEOGAren Berme sailak mahastigintza eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko araubideak ondoko helburu hauek izanen ditu 2006/2007 kanpainan:

a) Mahastiak berregituratu eta moldatzeko kostuetan parte hartzea. Horretarako hiru laguntza mota ezarriko dira:

_Mahats mota aldatzeko laguntzak.

_Mahastiak berregituratzeko laguntzak.

_Ontzi itxurako mahastitik besatarako mahastira aldatzeko laguntzak.

b) Ekoizleei plana aplikatzearen ondorioz gal ditzaketen dirusarrengatik kalte-ordain bat ematea.

2. Artikulu honetako 1. zenbakian aipatzen diren laguntzak emateko, definizio hauek ezarri dira:

a) Mahats motaren aldatzea izanen da mahasti lurzati bateko barietatea aldatzea, oraingo barietatearen gainetik txertatuz (ardorakoetan) edo zegoena berriro txertatuz (Ameriketakoetan), lurzatiko mahatsondoak gehitu gabe. Barietatearen aldaketa 2002/2003 kanpainaren aurretik landatutako lurzatietan baizik ezin izanen da egin.

b) Mahastiaren berregituraketatzat hartuko dira xede hau duten ekintzak: mahasti lurzati bat edo gehiago kendu eta beste bat landatzea, betiere azalera baliokideetan, barietatea edo landaketa sistema (markoa eta kondukzioa) hobetuz.

c) Ontzi itxurako mahastitik besatarako mahastira aldatzeko jardueratzat hartuko dira era baxuko kondukzio sistema duen mahastia besatarako kondukzio sistemara jasotzeko ekintzak eta horretarako beharrezkoak diren materialak, mahastia modu egokian mekanizatu ahal izateko, bereziki inausketa eta mahats-bilketa. Hobekuntzak dakartzaten barietateetan, egoera begetatibo eta sanitario onetan dauden mahastietan baizik ez da egiten ahalko transformazioa, betiere 2002/2003 kanpainaren aurretik landatuak baldin badira.

d) Berregituratze eta moldatze planetan, barietate hobetzailetzat joko dira:

_"Nafarroa" Jatorrizko Deituran: Garnatxa, Graciano, Cabernet Sauvignon, Tempranillo, Merlot, Chardonnay eta ale xeheko Moskatela.

_"Errioxa" Jatorrizko Deitura Kalifikatuan: Tempranillo, Garnacha eta Graciano.

Gainerako barietateak berregituratu eta moldatzeko modukoak izanen dira.

3. Planean aipatzen den neurri bakoitzari ematen zaion laguntzari osagarri bat erantsiko zaio plana egitearen ondorioz galtzen dituzten dirusarrerengatik ekoizleei kalte ordain bat emateko.

4. Laguntzak kalkulatzeko I. eranskinean aipatzen diren eragiketa eta kostuak hartuko dira kontuan, honelaxe:

a) Mahasti barietatea moldatzeko laguntzarako, oraingo barietatearen gainetik edo zegoena berriro txertatzeagatik izaniko kostuak hartuko dira kontuan. Kostuak finkoak izanen dira moldaturiko hektarea bakoitzeko eta txertaketa unitate bakoitzeko. Txertaketa unitatea izanen da mahatsondo batean egiten dena, zenbat ziri sartzen diren kontuan hartu gabe.

b) Mahastia berregituratzeko laguntzarako ekintza hauen kostuak hartuko dira kontuan: erauzketa, lurra prestatzea, landaketa, landaketaren kostuak (bi urtez), besatarako euskarria, harriak kentzea, desinfekzioa, lurra berdintzea eta untxien kontrako babesa. Ekintza guztiak hektarea bakoitzaren kostu finko baten arabera zenbatuko dira, landaketa izan ezik, hori haren dentsitatearen arabera kontatuko baita.

c) Ontzi itxurako mahastitik besatarako mahastira bihurtzeko laguntzarako ontzitik besatarako mahastira pasatzeko ekintza hartuko da kontuan. Ekintza hori hektarea bakoitzaren kostu finkoaren arabera zenbatuko da.

d) 100eko 10 murriztuko da landare kopuruaren dentsitatea, landatu gabeko lurra kontuan hartuta, mekanizazioa hobetzeko ilara eta buruen arteko tarteak direla eta.

e) Dirusarreren galera berdintzeko, honako laguntza hau emanen da Nafarroako Foru Komunitatean 2006-2007ko kanpainan, bai onesten diren plan berrientzat bai lehendik onetsitako planentzat:

_592,00 euro hektareako "Nafarroa" Jatorrizko Deiturarako.

_818,00 euro hektareako "Errioxa" Jatorrizko Deitura Kalifikaturako.

Laguntza hau bi kanpainatan emanen da birregituratze neurrietarako, berregituratu beharreko mahatsondo lurzatia 2000ko abuztuaren 1aren ondoren eta 2006ko azaroaren 15a baino lehen kendu bada eta

_Laguntza eskatzen duen mahastizainak lurzatiaren jabetza eta titulartasuna EVENAko mahastien erregistro ofizialean frogatzen badu eta mahastiak berak kendu baditu, berriro landatzeko eskubideak bere izenean adierazita.

_Edo, laguntza eskatu duen mahastizainak EVENAko mahastien erregistro ofizialeko titulartasuna bakarrik frogatzen badu, jabetza izan gabe, mahastiak berak kendu beharko ditu, jabea ados dagoela, berriro landatzeko eskubideak bere izenean adierazita.

Berriro landatzeko eskuraturiko eskubideek ez dute sortuko errenta galtzearen ondoriozko konpentsazio eskubiderik.

Barietatea aldatzeko neurrietan eta ontzi itxurako mahatsondo izatetik besatara jartzeko neurrietan kanpaina batean bakarrik emanen da laguntza.

_Laguntza eskatzen duen mahastizainak mahastiaren jabetza eta titulartasuna frogatu beharko du EVENAko mahastien erregistro ofizialean.

_Edo, laguntza eskatu duen mahastizainak EVENAko mahastien erregistro ofizialeko titulartasuna bakarrik frogatzen badu, jabetza izan gabe, mahastiak aldatzeko eskabidea aurkeztu beharko du EVENAn, egin beharreko hobekuntza adieraziz, mahastiaren jabea ados dagoela.

5. Laguntzak emanen dira harriak kentzeko, lurra desinfektatzeko, lurra berdintzeko eta untxien kontra babesteko, aldez aurretik mahastizainak deklaratuak baditu.

Lurra desinfektatzeko, mahastiak 2002ko abuztuaren 1aren ondoren kendu direneko lurzatietan berriro landatzeko bakarrik ematen ahalko dira laguntzak.

Harriak kentzeko eta lurra berdintzeko laguntzak emanen dira lan horiek egin egin direla frogatu ondoren.

Untxien kontrako babesari laguntza emateko, kalte horren arriskuari buruzko ziurtagiria aurkeztu beharko da, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak emana.

6. Foru agindu honen I. eranskinean bildutako kostuen 100eko 50 da taldekako berregituratze eta moldatze planek, 1. zenbakian aipatutakoek, gehienez izanen duten laguntza, plan bakoitzeko.

7. artikulua. Laguntzetatik baztertuak.

Ekintza hauek ezin izanen dituzte aurreko artikuluan aipatzen diren laguntzak hartu:

1. Berezko bizitza bukatua duten mahastien aldaketa normala, hots, lurzati bera mahatsondo barietate berarekin eta landaketa sistema berarekin landatzea.

2. Azken hamar urte honetan Europar Batasunaren laguntzak, Espainiakoak edo Nafarroakoak hartu dituzten lurrak direnean berregituratzen direnak.

3. Abuztuaren 4ko 1472/2000 Errege Dekretuko 2. artikuluan aipatzen diren landaketa berrien kontzesioaren arabera landatu diren mahastien aldaketa, kontzesioa ematen denetik hamar urte pasatu arte.

4. Errege dekretu horretako III. kapituluan xedaturikoaren arabera lurzati guztiak erregularizatuak ez dauzkaten titularren eta jabeen mahastiak.

5. Lurzatiak berrantolatzeko prozesuan dauden udalerrietako poligonoetako lurzatietarako eskaerak, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuaren baimena aurkezten dutenak izan ezik.

6. Ardandegi kooperatibetako bazkideen mahastiak, ardandegi kooperatibaren beharrengatik mahastiak kentzeko aholkua ematen ez duen txosten tekniko bat aurkeztu badute.

8. artikulua. Eskaerak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1. Foru agindu honetako 6. artikuluan araututako laguntzak hartu nahi dituzten mahastizainek eta, kasua bada, 4.3 artikuluan aipatzen den ordezkariak, 2006ko ekainaren 1a baino lehen egin beharko dute eskaera eredu ofizialean.

2. Eskatzaileek, laguntzaren eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, bikoizturik:

A) Eskatzailearen edo eskatzaileen NANaren eta IFZ edo IFKren fotokopia.

B) Planean parte hartzen duen mahastizain bakoitzaren datu pertsonalak eta bankukoak.

C) Nekazari gaztea izanez gero, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroak luzatutako ziurtagiria, edo Gizarte Segurantzako norberaren konturako Nekazarien Araubide Berezian edo nekazaritzan aritzeagatik Langile Autonomoen Araubide Berezian afiliaturik dagoela frogatzen duten agiriak, plana aurkeztu baino lehen. Beren kontura lehenbizikoz hasiz gero, hori frogatzen duten agiriak.

D) Nagusiki nekazaria izanez gero, horren ziurtagiria, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroak emana.

E) Elkarteak izanez gero:

_Elkartea osatu izanaren agiriaren kopia.

_Elkartearen organo kudeatzaileak eginiko ziurtagiria. Bertan agertuko dira haren izenean laguntzak eskatzeko baimenduriko pertsonaren identifikazioa, IFZ eta bazkideen izenen zerrenda.

F) Planeko proiektua, eduki honekin:

_Planaren memoria. Egin asmo den planaren laburpena izanen da. Memoria 15 orrialdetik goitikoa ez izatea komeni da.

_Eskaturiko planaren laburpen fitxa.

_Planean parte hartzen duen ekoizle bakoitzak barietatea aldatzeko, ontzi itxurako mahastitik besatarako mahastirako aldatzeko eta mahastiak berregituratzeko neurrietarako hartu beharreko neurrien bakarkako fitxa, nekazaritza eta finantza arlokoa.

G) Planean parte hartzen duten mahastizainen artean izenpeturiko akordioa.

H) Eskaturiko lurzatien kreditazioa:

a) Lurzatiak eskatzailearenak baldin badira, Landalurren Katastroko orrialdea aurkeztuko da, gaurkotua, edo bestela, jabetzaren eskritura publikoa. Berriki lurrak berrantolatu dituzten udalak izanez gero, berrantolamenduan esleitutako lurren orrialdea aurkeztuko da eta, lurzatiak berrantolatzeko prozesuan lurzatien jabetzan aldaketak izaten badira gero, organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztuko da, lurzatiaren titularra nor den jakiteko.

b) Lurzatiak eskatzailearenak ez badira, haiek erabiltzeko eskubidea honelaxe frogatu beharko da:

_Errentamenduko kontratua, plana aurkeztu baino lehenagokoa, eredu ofizialaren araberakoa, landa errentamenduen erregistroan inskribatua. Haren indarraldia hamaika urtekoa izanen da gutxienez eta erauzteko unean eskubideen hartzailea nor den jasoko da.

_Lurzatiak ezkontideenak edo lehen graduko ahaideenak badira, aipatutako aukeraren ordez nahikoa da haien arteko lagapen kontratua egitea plana aurkeztu baino lehen, notarioaren aurrean protokolizatuta. Kontratuak gutxienez ere hamaika urte iraunen du, eta erauzteko unean eskubideen hartzailea nor den jasoko da.

_Herrilurrak izanez gero, udalaren ziurtagiria, non esleipen-hartzailea, esleipenaren eguna, iraupena eta erauzteko unean eskubideen hartzailea nor den jasoko baitira.

I) Harriak kentzeko, lurra desinfektatzeko, berdintzeko eta untxien kontra babesteko laguntzak eskatuz gero, erregelamenduaren araberako faktura edo proformakoa aurkeztu beharko da planarekin batera eta, betiere, erregelameduaren araberako faktura, hartutako neurriaren amaieraren ziurtagiria egin baino lehen.

Untxien kontrako babeserako, nahitaez aurkeztu beharko da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren ziurtagiria.

Eragiketa bakoitzeko faktura bat aurkeztu behar da edo, bestela, fakturan eragiketa bakoitzaren zenbatekoa zehaztu.

Laguntza eskatzen duen titularraren izena zehatz azalduko da faktura guztietan. Halaber, harriak kentzeko, lurra desinfektatzeko eta lurra berdintzeko fakturak direnean, eragiketa zein lurzatitan egiten den, haren katastroko erreferentziak zehaztea ezinbestekoa izanen da. Untxien kontrako babesari dagozkion fakturetan ez da beharrezkoa katastroko erreferentzia ematea, materiala hirugarren bati erosten baitzaio eta horrek ez baitu eragiketarik egiten lurzatian.

J) Baimenduta eta erregistro ofizialean inskribatuta dagoen mintegizain batek landareari buruz erregelamenduaren arabera egindako faktura, hartutako neurriaren amaieraren ziurtagiria egin baino lehen aurkeztu beharko dena.

K) Kalitate handiko mahasti bat kenduz gero eta ardandegi kooperatiba bateko bazkide batena izanez gero, kooperatibak txosten bat aurkezten ahalko du, ez kentzeko gomendioa emateko. Hori aintzakotzat hartuko da.

L) Planari birlandatze eskubideak ekarriz gero, erauzteko justifikazioa azalduko da, eskubideak norberarenak badira, eta transferentziaren justifikazioaren fotokopia, eskubideak transferentzia bidez eskuratu badira.

M) Berregituratze neurri guztietan, lurzati bakoitzean landatzeko baimenaren eskabidea, behar bezala betea.

Berregituratze neurrietan mahastia mahatsa bildu ondoren kentzeko asmoa badago, landatzeko baimena eta mahastia kentzeko adierazpenaren orria aurkeztu beharko dira, azken hau plana aurkezten denerako betea.

N) Barietatea aldatzeko eta ontzitik besatarako mahastira pasatzeko neurrietan, aldatzeko eskabidea, behar bezala betea.

9. artikulua. Laguntzak emateko lehentasun irizpideak.

1. 2006/2007ko ekitaldian FEOGAren Berme Ataletik Nafarroako Foru Komunitatearen esku utzitako diru kopuruak, lehenik eta behin, aurreko ekitaldietan aurkeztu eta onetsita dauden berregituratze eta moldatze planetan erabiliko dira, zaharrenetik hasita, eta gero, 2006/2007 kanpainan foru agindu honen arabera aurkeztutako planetan, FEOGAko Berme Atalak Nafarroaren esku utzitako aurrekontuaren zenbatekoa agortu arte.

2. Plan berrientzat, eskatzaileen kategoria ordena honi jarraituz emanen dira banakako laguntzak, zein den ere haien taldekako plana:

a) Nekazari gaztea, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Araubide Berezian inskribatua edo beren kontura ari diren Langileen Araubide Berezian, edo autonomoetan, nekazaritza jarduera dela eta.

b) Nagusiki nekazari dena.

c) Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan lehentasuna duten ustiategiak.

d) Nafarroako Nekazaritzako Elikagai Industrien Erregistroan inskribatutako ardandegi elaboratzaileak.

e) Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta dauden bestelako nekazaritzako ustiategiak.

f) Gainerako parte hartzaileak.

3. Orobat, eskatzaile kategoria bakoitzaren barrenean, taldekako plan berrientzat ezartzen den lehentasun ordenari jarraituko zaio, puntuazio honen arabera:

a) 10 puntu nekazari gazte bakoitzeko, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Araubide Berezian edo beren kontura ari diren Langileen Araubide Berezian edo autonomoetan, nekazaritza jarduera dela eta, inskribatuta baldin badago.

b) 7 puntu, nagusiki nekazari den bakoitzeko.

c) 7 puntu, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan lehentasuna duen ustiategi bakoitzeko.

d) 5 puntu, Nafarroako Nekazaritzako Elikagai Industrien Erregistroan inskribatutako ardandegi elaboratzaile bakoitzeko.

e) 2 puntu, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta dagoen bestelako nekazaritzako ustiategi bakoitzeko.

f) Gainerakoetan, puntu bat bakoitzeko.

4. Plan berrien eskatzaileen artean berdinketa badago, ordena hau hartuko da kontuan lehentasuna emateko:

_Amaierako lurzatien artean hasierako lurzatien indize handiena izatea.

_Indize handiena duena ureztalurreko mahasti izatetik lehorrekoak izatera pasatu direnetan.

_Lur gutxien berregituratu edo moldatzen duten parte-hartzaileak.

10. artikulua. Laguntzen tramitazioa eta ordainketa.

1. Berregituratu eta moldatzeko laguntzen eskaerak EVENA erakunde autonomoko Kudeaketa Administratiboaren Atalera igorriko dira eta haien ebazpena, planen onespenarekin batera, Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak emanen du, FEOGA-Berme sailaren izenean Nafarroako Foru Komunitatean laguntzak ordaintzen dituen erakundeko zuzendaria den aldetik, EVENA erakunde autonomoak txostena luzatu eta tramitatu ondoren. Erakunde hori izanen da baimenetarako eta zerbitzu teknikorako unitatea.

2. Eskaera aurkezten denetik sei hilabeteko epea Administrazioak ebazpenik eman gabe iraganik, eskaera ezetsi dela ulertu beharko da.

3. Lurzatietan neurriak guztiz hartu direla eta onetsitako planei lotzen zaizkiela frogatutakoan ordainduko dira laguntzak. 2006/2007 kanpainan, 2007ko maiatzaren 20a baino lehen ziurtatuko da neurriak hartu direla.

Neurri guztiak hartu izanaren jakinarazpena idatziz eginen da, 2007ko maiatzaren 20a baino lehen.

4. Ematen den laguntzaren ondoriozko eskubide eta eginbeharrak subrogatzeko baimena ematen ahalko da, betebehar hauek gertatzen direnean:

a) Ekintza guztiak lurzati berrian egiten direnean.

b) Subrogatu nahi den lurzatiak hasiera batekoaren ezaugarri berak edo antzekoak izatea.

5. Planak aurkeztu eta neurriak ziurtatu bitarte titularraren, lurzatiaren edo laguntza eskaerako lurzatien ezaugarriren batean aldaketaren bat egin behar bada, aldez aurretik interesatuak eskatu beharko du eta EVENAren baimena jaso.

11. artikulua. Itzuli beharra, betebeharrak bete ezean.

Foru agindu honetako 5. artikuluko 2. zenbakian aipatzen den gutxieneko hamar urteko epean laguntzen onuradunak planetan sarturiko eremuak landatuta eduki beharra betetzen ez badu, eman zaion laguntza itzuli beharko du.

12. artikulua. Deialdiaren aurkako errekurtso administratiboak.

Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernura igorria, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Berregituratu eta moldatzeko planetarako laguntzei dagokienez, foru agindu honetan aurreikusi ez den orotan Dirulaguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraikiko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Indarrik gabe gelditu dira foru agindu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko xedapen guztiak.

Bigarrena._Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko apirilaren 10ean._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

I. ERANSKINA

Mahastia berregituratu eta moldatzeko kostuak

Euroak hektareako:

_Erauztea: 421.

_Lurzorua prestatzea: 962.

_Landatzea:

.Landarea eta landaketa (unitatea): 2,07.

.Beste kostu batzuk: 240.

_Lantzearen kostua (2 urte): 1.052.

_Besatara jartzea: 2.705.

_Ontzitik besatarako mahastira pasatzea (besatarakoa barne): 2.849.

_Desinfekzioa: 2.104.

_Harriak kentzea: 391.

_Lurra berdintzea: 601.

_Untxien kontrako babesa: 1.202.

_Oraingo barietatearen gainetik txertatzea:

.Txertoa (unitatea): 0,60.

.Beste kostu batzuk: 1.202.

Iragarkiaren kodea: F0606432