Iragarkia
56. ALDIZKARIA - 2006ko maiatzaren 10a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak
534/2006 EBAZPENA, apirilaren 24koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, A maila edo taldeko irakasleen lanpostuak prestakuntzarako zerbitzu berezietan betetzeko izangaien zerrendak osatzeko deialdia onesten duena.
Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileei lanbide prestakuntza eta hobekuntzarako bidea eskaini zitzaien, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren 24.2 artikulua hein batean garatzeko asmoz.
Hezkuntza eta Kultura kontseilariak apirilaren 25ean emandako 161/2001 Foru Aginduaren bidez apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua garatu zen, Hezkuntza Departamentuari atxikitako irakasleentzat.
Foru agindu horren 2. artikuluak xedatzen du, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran deklaratuak izateko, 1. artikuluan aipatutako langileek parte hartu beharko dutela Hezkuntza Departamentuak xede horretarako egiten dituen deialdietan.
Xedapen horiek betetzeko, bidezko da A maila edo taldeko irakasleen lanpostuak prestakuntzarako zerbitzu berezietan betetzeko izangaien zerrendak osatzeko deialdia onestea.
Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 43/2005 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. A maila edo taldeko irakasleen lanpostuak prestakuntzarako zerbitzu berezietan betetzeko izangaien zerrendak osatzeko deialdia onestea, ondoko baldintzei jarraikiz:
ARAUAK
Lehenbizikoa._Xedea.
Deialdi honen xedea da A maila edo taldeko lanpostuetan jardun dezaketen izangaien zerrendak osatzea, ebazpen honen I. eranskinean azaltzen diren kidego eta espezialitateetarako.
Bigarrena._Parte-hartzaileak.
Deialdi honetan parte hartzen ahalko dute Hezkuntza Departamentuari atxikitako B mailako irakasleek, funtzionario zein lan-kontratatu finkoak izan, baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Jardunean egotea.
b) Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko lehenagoko deialdien bitartez eratutako inongo izangai-zerrendatan ez egotea.
c) Karrerako funtzionario zein lan-kontratatu finko gisa, gutxienez hiru urteko zerbitzualdia egina izatea bere lanpostuan.
d) Jarduneko lanposturako eskatu zaion titulazioaz gain, goragoko maila edo graduari dagokion beste titulazio akademiko bat izatea, hots, doktore, lizentziatu, ingeniari edo arkitekto titulua edo, irakaskuntzaren ondorioetarako, horien balio berekoa den besteren bat.
Ebazpen honen II. eranskinean espezialitate bakoitzerako azaltzen diren titulazioen jabe ez bada, jakite maila neurtzeko proba bat egin beharko da.
Berariazko Lanbide Heziketako espezialitateen irakaskuntzaren ondorioetako balio berekotzat hartu diren titulazioak ebazpen honen III. eranskinean ageri dira.
e) Euskaraz aritzeko diren lanpostuak eskuratzeko, beharrezkoa izanen da EGA titulua edo balio bereko beste bat izatea.
Dena den, sei urteko gehieneko epea agortu ez duten izangaiek lehentasuna izanen dute izangaien zerrenda horretan.
Hirugarrena._Parte hartzeko eskaerak eta aurkezteko epea.
Deialdi honetan parte hartu nahi duten irakasleek Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eskura dagoen eskabidea bete beharko dute. Eskabidean espezialitate eta hizkuntza bakar baterako zerrendan sartzea eskatzen ahalko dute, ez gehiagotan.
Halaber, Berariazko Lanbide Heziketari dagokion Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko espezialitate batean sartu nahi dutenek eskabidean adierazi beharko dute deialdiko zazpigarren oinarrian aipatzen den irakas-esperientzia ba ote duten.
Eskabidearekin batera, izangaiak orain betetzen duen lanpostuan jarduteko bidea eman zion titulazio akademikoaren eta ebazpen honen bigarren oinarrian eskatutako titulazioaren kopia konpultsatuak aurkeztu beharko ditu. Horren ondorioetarako, ikastetxeetako zuzendariek ahalmena izanen dute agirien konpultsak egiteko, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak maiatzaren 18an emandako 182/2001 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat etorriz. Foru agindu horren bidez unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan ziurtagiriak eta konpultsak egiteko arauak eman ziren.
Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Laugarrena._Eskaerak aurkezteko tokia.
Parte hartzeko eskaerak eta gainerako agiriak Hezkuntza Departamentuko Erregistro Bulegoan (Santo Domingo kalea, zk.g., Iruña) aurkeztu beharko dira edo urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldaturiko Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aipatzen diren bulegoetariko batean.
Bosgarrena._Izangai onartu eta baztertuen zerrendak.
Eskaerak aurkezteko epea amaiturik, Giza Baliabideen Zerbitzuak izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratuko ditu Argibide eta Agiri Bulegoan eta Hezkuntza Departamentuko web-orrian (www.pnte.cfnavarra.es).
Zerrenda horietan proba egin behar duten izangaiak agertuko dira, seigarren arauan ezarritakoari jarraikiz.
Seigarrena._Probak.
1. Ebazpen honetako II. eranskineko espezialitateren batean sartu nahi duten izangaiek ez dute azterketarik egin beharko, baldin eta, eranskinaren arabera, eskaturiko espezialitateari dagokion tituluaren jabe badira. Bestela, dagokien proba egin beharko dute.
2. Kidegoetako espezialitateetarako aurreikusi diren proben helburua hauxe da: hautatzen diren izangaiek eman beharko dituzten ezagupen kurrikularrak ebaluatzea eta baliabide didaktiko eta pedagogikoak zenbateraino menperatzen dituzten aztertzea.
3. Proben kalifikazioa gai edo ez-gai izanen da. Bazterturik geldituko dira ez-gai kalifikazioa dutenak.
4. Proben edukia eta, kasua bada, haien gai zerrendak ebazpen honetako IV. eranskinean, irakaskuntzako kidego bakoitzerako, zehaztu dira.
5. Proba bakoitza egiteko eguna, ordua eta tokia Giza Baliabideen Zerbitzuak zehaztuko ditu, Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan argitaratuko den iragarkiaren bidez.
Zazpigarrena._Berariazko Lanbide Heziketako espezialitateak.
Berariazko Lanbide Heziketari dagokion Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko espezialitate batean sartu nahi duten izangaiek prestakuntza ikastaro bat egin beharko dute prestakuntzarako zerbitzu berezietan dauden lehenbiziko urtean. Nolanahi ere, ikastaroa egiteaz salbuetsita egonen dira azkeneko bost urteetan Lanbide Heziketako ikastetxeetan bi ikasturteko irakas-esperientzia dutela egiaztatzen dutenak.
Zortzigarrena._Esparruetako lanpostuak.
Hezkuntza kontseilariaren apirilaren 25eko 161/2001 Foru Aginduaren 4.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ondotik ematen diren Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko espezialitateetako zerrendetan agertzen diren izangaiak esparru zientifiko-teknikoko eta esparru sozio-linguistikoko lanpostuetan aritzen ahalko dira, betiere horretarako behar den ikasketa titulua baldin badute. Hori horrela, Giza Baliabideen Zerbitzuak espezialitate bakoitzerako zerrenda prestatuko du, gero jendaurreko ekitaldian edo banakako deialdian izangaiek aukera egin dezaten. Hona hemen espezialitateak:
a) Esparru zientifiko-teknikoko lanpostuak:
_Espezialitatea: Matematika.
_Espezialitatea: Fisika eta Kimika.
_Espezialitatea: Biologia eta Geologia.
b) Esparru sozio-linguistikoko lanpostuak:
_Espezialitatea: Geografia eta Historia.
_Espezialitatea: Gaztelania eta Literatura.
_Espezialitatea: Grekoa.
_Espezialitatea: Latina.
_Espezialitatea: Filosofia.
_Espezialitatea: Hizkuntza Modernoa (Ingelesa, Frantsesa).
_Espezialitatea: Euskal Hizkuntza eta Literatura.
Bederatzigarrena._Epaimahaiak.
Kidego bakoitzeko espezialitate edo espezialitate talde bakoitzerako epaimahaiak eratuko dira ezagupen probak egiteko. Horien osaketa Argibide eta Agiri Bulegoan emanen da argitara. Mahaikideak espezialitate horretako jarduneko funtzionario edo lan-kontratatu finkoak izanen dira eta espezialitateko aholkulariak ere izendatzen ahalko dira. Honakoek osatuko dute epaimahai bakoitza:
_Mahaiburu bat, Hezkuntza Departamentuak izendatua.
_Bi mahaikide, Hezkuntza Departamentuak izendatuak.
Mahaikideren batek baja hartuz gero, ordezko bat izendatuko da, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen bidez.
Hamargarrena._Irakasle lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendetako ordena.
Probak amaiturik, epaimahaiek Giza Baliabideen Zerbitzuari igorriko dizkiete kalifikazioen zerrendak.
Giza Baliabideen Zerbitzuak prestakuntzarako zerbitzu berezietara bidal daitezkeen izangaien zerrendak argitara emanen ditu Argibide eta Agiri Bulegoan, kidego, espezialitate eta hizkuntzen arabera. Bertan azalduko dira, bai proba gainditu duten izangaiak, bai, eskatutako titulazioaren jabe izateagatik, hura egiteaz salbuetsita daudenak.
Argitara emanen da, orobat, Berariazko Lanbide Heziketako espezialitateetan sartu nahi duten izangaietarik nortzuk diren prestakuntzarako zerbitzu berezietako lehenengo urtean prestakuntza ikastaroa egin behar dutenak.
Espezialitate eta hizkuntza bakoitzerako zerrendako ordena irakasle lanetan, dela funtzionario gisa, dela lan kontratatu finko gisa, emandako zerbitzualdiaren araberakoa izanen da. Kontratatu finkoei zerbitzualdiko lehenengo urtea kenduko zaie. Berdinketa suertatuz gero, honako irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenez hurren:
a) Abiaburuko kidegoan antzinatasunik handiena izatea.
b) Kidegoan sartzeko hautapen prozeduran lortutako zerrenda-tokia (baxuena aurretik), maisu-maistren kasuan, edo hautapen prozedura hartan lortutako puntuazioa (altuena aurretik), gainerako kidegoetan.
Deialdi honetatik osatzen diren izangaien zerrendak, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emandako ekainaren 23ko 1210/1997 Ebazpenetik, ekainaren 1eko 703/1998 Ebazpenetik, maiatzaren 11ko 519/2000 Ebazpenetik, apirilaren 26ko 526/2001 Ebazpenetik, otsailaren 25eko 322/2003 Ebazpenetik eta apirilaren 21eko 449/2005 Ebazpenetik sortu zirenetara erantsiko dira. Aurreko urteetako deialdietako izangaiek lehentasuna izanen dute zerrendetan, ondorengo deialdietakoen aldean, betiere, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren sei urteko gehieneko epea amaitu bitarte.
Apirilaren 14ko 347/2004 Foru Dekretuko xedapen gehigarri bakarraren arabera izangaien zerrendetan beste lau urterako sartzerik duten izangaien kasuan, zerrendetan sartuko dira baina lehentasuna izanen dute prestakuntzarako hasierako zikloaren sei urteko gehieneko epea bukatu ez dutenek.
Hamaikagarrena._Deialdiak eta uko egitea.
Zerbitzu berezietan aritzeko lanpostu horien hautapena eta esleipena jendaurreko ekitaldi batean eginen da, prentsaren bidez edo banaka-banaka iragarriko dena.
Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendatik at geratuko da, salbu eta ondoko egoera batean dagoela frogatzen badu:
1. Lanerako aldi baterako ezintasuna edo amatasun baimena badu.
2. Deialdia egiten zaionean, jardunean ez, baizik eta beste administrazio egoera batean ari bada.
Horrelakoetan, ez dute galduko zerrendan dagokien postua. Egoera horiek agiri bidez eta modu frogagarrian egiaztatu beharko ditu izangaiak Giza Baliabideen Zerbitzuan, hilabeteko epean.
Zerbitzu berezietan aritzeko eskaera egin duen izangairen batek amatasun baimena edo haurren adopzio edo babeserako baimena badu, deialdia egin zitzaion egunean zegokion lanpostua gordetzeko eskubidea izanen du eta baimena bukatutakoan hartu beharko du lanpostua. Lanpostu hori hartu ezean, justifikatu gabeko ukoa egin duela ulertuko da, salbu eta hiru urtetik beherako seme-alabak zaintzeko eszedentzia berezia hartu badu.
Arestian eman diren egoeretan dauden izangaiek jakinarazi beharko dute horien bukaera, hori gertatu eta, gehienez ere, bost eguneko epean. Jakinarazten ez baldin badute deia egin deneko ikasturte osoan ez zaio inolako lanposturik eskainiko.
Hamabigarrena._Izangaiak zerrendatik ateratzea.
Ondoko kasuotan iIzangaiak zerrendatik bazter geldituko dira:
a) Agertzeko deia eginda, A maila edo taldeko lanpostuak hautatu eta adjudikatzeko hamaikagarren arauan adierazitako jendaurreko ekitaldira ez agertzea, ekitaldiaren ondoko hilabetean agiri bidez egiaztatu beharreko salbuespen arrazoiren bat tartean izan ezik (aurreko arauan adierazitakoren bat).
b) Jendaurreko ekitaldian edo banaka deitu ondoren, eskaintzen zaion A maila edo taldeko lanpostua ez hartzea, deiaren ondoko hilabetean agiri bidez egiaztatu beharreko salbuespen arrazoiren bat tartean izan ezik (aurreko arauan adierazitakoren bat).
c) Jendaurreko ekitaldian edo banakako deialdian A maila edo taldeko lanposturen bat harturik, lanpostu horretan zerbitzu berezietan aritzeko adostasun akta ez sinatzea.
Hamahirugarrena._Errekurtsoak.
Deialdi honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera.
2. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezela agintzea.
3. Ebazpen hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Lanbide Heziketako Zerbitzuari, Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuari, Euskara Zerbitzuari, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Argibide eta Agiri Bulegoari eta Langileria Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2006ko apirilaren 24an._Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, José María Gracia Galilea.
I. ERANSKINA
Lanpostuen zerrenda, kidegoz kidego
A. Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoa.
Biologia eta Geologia.
Filosofia.
Geografia eta Historia.
Ingelesa.
Gaztelania eta Literatura.
Euskal Hizkuntza eta Literatura.
Matematika.
Fabrikazio mekanikoaren antolaketa eta proiektuak.
Psikologia eta Pedagogia.
Teknologia.
B. Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasleen Kidegoa.
Baliabide informatikoak.
II. ERANSKINA
Oharra: beheko titulazioak irailaren 30eko 1954/1994 Errege Dekretuan zerrendatutakoak dira. Horretan esaten da tituluak nola homologatu behar diren azaroaren 27ko 1497/1987 Errege Dekretuak sortu zuen Unibertsitateko Titulu Ofizialen Katalogoko tituluekin. Arau horri jarraikiz, ondokoekin homologatutako titulazioak ere hartuko dira kontuan.
Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko espezialitateen zerrenda eta haiekin bat datozen titulazioak
BIOLOGIA ETA GEOLOGIA
Geologian lizentziatua.
Biologian lizentziatua.
FILOSOFIA
Filosofian lizentziatua.
GEOGRAFIA ETA HISTORIA
Geografian lizentziatua.
Historian lizentziatua.
INGELESA
Ingeles Filologian lizentziatua.
Ingelesezko Itzulpengintzan eta Interpretazioan lizentziatua.
Hizkuntzalaritzan, Filologian edo Itzulpengintzan eta Interpretazioan lizentziatua eta Hizkuntza Eskola Ofizialeko ingelesaren gaitasun agiria edo horren baliokidea.
GAZTELANIA ETA LITERATURA
Filologia Hispanikoan lizentziatua.
Filologia Erromanikoan lizentziatua.
Hizkuntzalaritzan lizentziatua eta Gaztelania eta Espainiako Literatura egin dituela egiaztatzea.
Literaturaren Teorian eta Literatura Konparatuan lizentziatua eta Gaztelania eta Espainiako Literatura egin dituela egiaztatzea.
EUSKAL HIZKUNTZA ETA LITERATURA
Euskal Filologian lizentziatua.
Hizkuntzalaritzan, Filologian edo Itzulpengintzan eta Interpretazioan lizentziatua eta Hizkuntza Eskola Ofizialeko euskararen gaitasun agiria edo horren baliokidea.
MATEMATIKA
Matematikan lizentziatua.
FABRIKAZIO MEKANIKOAREN ANTOLAKETA ETA PROIEKTUAK
Industria ingeniaria.
Materialetako ingeniaria.
PSIKOLOGIA ETA PEDAGOGIA
Psikologian lizentziatua.
Pedagogian lizentziatua.
Psikopedagogian lizentziatua.
TEKNOLOGIA
Ingeniaria.
Arkitektoa.
Fisikan, Marina Zibilean, Ontzigintzako Makinetan, Nautika eta Itsas Garraioetan, Ontzietako Irrati-elektronikan lizentziatua.
Informatikan lizentziatua.
Ingeniari teknikoa.
Arkitekto teknikoa.
Marina Zibilean, Ontzigintzako Makinetan, Itsas nabigazioan edo Ontzietako Irrati-elektronikan diplomatua.
Informatikan diplomatua.
Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasleen Kidegoko espezialitateen zerrenda eta haiekin bat datozen titulazioak
INFORMATIKAKO BALIABIDEAK
Arte Ederretan lizentziatua.
III. ERANSKINA
Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoaren barrenean, Berariazko Lanbide Heziketako espezialitateen irakaskuntzaren ondorioetarako balio berekotzat hartzen diren titulazioak. Espezialitate horiek apirilaren 30eko 777/1998 Errege Dekretuaren VI. a) eranskinean azaltzen dira (1998ko maiatzaren 8ko EAO, 110. zenbakia), hala nola otsailaren 27ko 334/2004 Errege Dekretuaren IV. eranskinean (2004ko otsailaren 28ko EAO, 51. zk.).
FABRIKAZIO MEKANIKOAREN ANTOLAKETA ETA PROIEKTUAK
Industria ingeniari teknikoa, espezialitate guztiak.
Meategietako ingeniari teknikoa, espezialitate guztiak.
Industria Diseinuko ingeniari teknikoa.
Aeronautikako ingeniari teknikoa, aireontzien espezialitatea, aeroespazioko ekipo eta materialen espezialitatea.
Ontzietako ingeniari teknikoa, itsas egituren espezialitatea.
Nekazaritzako ingeniari teknikoa, nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategien espezialitatea, Nekazaritzako eta Elikadurako industrien espezialitatea eta Landa eraikuntzen eta mekanizazioaren espezialitatea.
Herri lanetako ingeniari teknikoa, eraikuntza zibilen espezialitatea.
Ontzietako makinetan diplomatua.
TEKNOLOGIA
Ingeniari teknikoa.
Arkitekto teknikoa.
Ontzietako makinetan diplomatua.
Itsas nabigazioan diplomatua.
Ontzietako irrati-elektronikan diplomatua.
IV. ERANSKINA
A) Kidegoetan sartzeko onetsitako gai-zerrendetako zati berariazkoen argitalpenen aipamenak:
I._Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegoa:
_1994ko apirilaren 20ko Agindua (apirilaren 28ko "EAO", 101. zenbakia).
II._Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoa:
_Berariazko Lanbide Heziketari dagozkion espezialitateak: 1996ko otsailaren 1eko Agindua, otsailaren 13ko "EAO", 38. zenbakia.
_Euskal Hizkuntza eta Literatura: azaroaren 3ko 374/1999 Foru Agindua (158. zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, abenduaren 20koa), martxoaren 9ko 86/2000 Foru Aginduak aldatua (35. zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, martxoaren 20koa).
_Gainerako espezialitateak: 1993ko irailaren 9ko Agindua (irailaren 21eko "EAO", 226. zenbakia).
III._Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoa.
_Gainerako espezialitateak: 1993ko irailaren 9ko Agindua (irailaren 21eko "EAO", 226. zenbakia).
B) Proben edukia:
I._Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko Ingelesa eta Euskal Hizkuntza eta Literatura espezialitateak:
_Kidegoan sartzeko onetsitako gai-zerrendetako zati berariazkotik (A) hiru gai aterako dira zotz eginda eta horietako bat hautatu eta garatu beharko da idatziz ordu bat eta erdian. Gai-zerrenda horiek zein egunetako Estatuko Aldizkari Ofizialean edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ziren eranskin honetako A zatian adierazi da.
_Hizkuntzan duen idazmen maila neurtzeko proba, lanposturako eskatzen den mailaren araberako ariketa praktikoen bidez. Iraupena: bi ordu eta erdi.
_Hizkuntzan duen mintzamen maila eta hura irakasteko alderdi pedagogiko eta didaktikoetan duen gaitasuna neurtzeko proba.
Probak espezialitatearen xede den hizkuntzan eginen dira.
II._Bigarren Hezkuntzako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegoetako gainerako espezialitateak:
_Kidegoan sartzeko onetsitako gai-zerrendetako zati berariazkotik (A) hiru gai aterako dira zotz eginda eta horietako bat hautatu eta garatu beharko da idatziz ordu bat eta erdian. Gai zerrenda horiek zein egunetako Estatuko Aldizkari Ofizialean edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ziren eranskin honetako A zatian adierazi da.
_Epaimahaiak proposatuko duen kasu praktiko bat ebaztea, eranskin honetako A zatian aipatzen den gai-zerrendako edukiei buruzkoa, bi ordu eta erdian.
Iragarkiaren kodea: F0607185
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
