56. ALDIZKARIA - 2006ko maiatzaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

531/2006 EBAZPENA, apirilaren 24koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana. Honen bidez onesten dira 22 irakasle lanpostu zerbitzu eginkizunetan betetzeko deialdiaren arauak. Irakasle horiek parte hartuko dute ikasle atzerritar asko eta egoera sozial eta kultural behartuan dauden gutxiengoetako ikasle asko dituzten ikastetxeetarako Laguntza Programetan, eta lanpostu horiek Maisu-maistren Kidegoko langileek beteko dituzte.

Hezkuntza kontseilariak, irailaren 16an emandako 253/2004 Foru Aginduaren bitartez, Nafarroako Foru Komunitateko ikasle atzerritarren eta egoera sozial eta kultural behartuan dauden gutxiengoetako ikasleen hezkuntzarako arauak eman zituen. Arau horren 5. ataleko 6. puntuak honako hau dio: "Ikastetxeren batean, Hezkuntza Departamentuak irizpide objektiboei jarraikiz definituta eta baloratuta, premia berezia baldin badago ikasle atzerritarrak eta egoera sozial eta kultural behartuan dauden gutxiengoetako ikasleak eskolatzeari buruz, ikastetxearen hezkuntza premietara egokitutako giza baliabideak jarriko dira tutorearen eta ohiko irakasleen lana osatzeko".

Hortaz, lehentasuna eman behar zaio hezkuntzako ohiko neurrien eraginkortasuna eta laguntzen sare naturalak bultzatzeari, eta, hartzekotan, gero hartuko lirateke ohiz kanpoko neurriak, beharrezkoak direla baloratu eta justifikatu ondoren, ikasle guztiek arreta egokia izateko duten eskubidea bermatu eta hezkuntza sistemaren baliabideak beren mesedetan erabili ahal izateko.

253/2004 Foru Aginduak irizpideak ezartzen ditu ikasle atzerritarrei eta egoera sozial eta kultural behartuan dauden gutxiengoetako ikasleei arreta emateko giza baliabide osagarriak behar dituzten ikastetxeak zehazteko.

Hezkuntza Departamentuak Lehen Hezkuntzako irakasle bat esleituko die hezkuntza premia handienak dituzten Lehen Hezkuntzako ikastetxeei, eta irakasle horrek, besteak beste, tutoreen lana osatuko du, baina ez ordeztu, ikasle atzerritarrentzako eta egoera sozial eta kultural behartuan dauden gutxiengoetako ikasleentzako programak garatzeko zereginean.

2005/2006 ikasturtean programa horri erantzuteko 46 irakasle behar izan ziren; horietatik 8 behin betikoak dira programan, lanpostu berezi gisa zehaztuta daude eta eskualderako lekualdatze lehiaketa bidez atxikita. Gainerako 38ak, aldiz, ikasturte baterako kontratatuak dira edo zerbitzu eginkizunetan dauden funtzionarioak. Horren ondorioz, ikasturte bakoitza hasten denean, programari atxikitako irakasleen % 82 berritu behar da, eta horrek eragozpen pedagogikoak sortzen ditu.

Lanpostu horiek betetzen dituzten irakasleek programan egonkortasun handiagoa izatea komeni da, eta ia ezinbestekoa da beren lanak emaitza hobea izateko eta ikasleei laguntza egokia emateko, horiexek baitira gure hezkuntza helburuko erreferente nagusiak.

Irakasleen borondatezko parte-hartzea bateratu egin behar da izangai egokienak hautatzeko bermearekin, eta horretarako prozeduretako bat lehiaketa sistema da, ebazpen honetan proposatu bezala.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri duen otsailaren 24ko 43/2005 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriko laugarren puntuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Irakasle lanpostuak zerbitzu eginkizunetan betetzeko merezimenduzko lehiaketaren deialdiko arauak onestea. Irakasle horiek parte hartuko dute ikasle atzerritarrak eta egoera sozial eta kultural behartuan dauden gutxiengoetako ikasleak dituzten ikastetxeetarako Laguntza Programetan, eta lanpostu horiek Maisu-maistren Kidegoko langileek beteko dituzte. I. eranskinean ageri dira deialdiko arauak.

2. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen honen eta bere eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

4. Ebazpen hau eta bere eranskinak igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Dibertsitate, Kultura-aniztasun eta Immigraziorako Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzuko Langileria Atalera eta Kultura-Aniztasunaren eta Immigrazioaren Atalera, bai eta Hautapen Batzordeari ere, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2006ko apirilaren 24an._Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, José María Gracia Galilea.

I. ERANSKINA

Deialdiaren arauak

1. Xedea.

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan zenbait lanpostu zerbitzu eginkizunen bidez betetzeko merezimenduzko lehiaketarako dei egitea. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioek parte har dezakete lehiaketa horretan.

2. Lanpostuak.

Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan ikasle atzerritarrei eta egoera sozial eta kultural behartuan dauden gutxiengoetako ikasleei Laguntzeko Programak sortzen dituen beharrei erantzun nahi zaie 2006-2007 ikasturterako deialdi honetako lanpostuen bidez.

Deialdi honen bidez bete beharreko lanpostuak eskualdeen arabera banatu dira:

Lizarrako eskualdea: 4 lanpostu.

Azagrako "Francisco Arbeloa" ikastetxe publikoa; Lodosako "Angel Martínez Baigorri" ikastetxe publikoa; Milagroko "Ntra. Sra. del Patrocinio" ikastetxe publikoa; San Adriango "Alfonso X el Sabio" ikastetxe publikoa.

Iruñeko eskualdea: 6 lanpostu.

Berriozarko "Mendialdea" ikastetxe publikoa; Iruñeko "José M.ª de Huarte" ikastetxe publikoa; Iruñeko "San Francisco" ikastetxe publikoa; Iruñeko "Vázquez de Mella" ikastetxe publikoa; Iruñeko "Víctor Pradera" ikastetxe publikoa; Atarrabiako "Lorenzo Goikoa" ikastetxe publikoa.

Tafallako eskualdea: 4 lanpostu.

Caparrosoko "Virgen del Soto" ikastetxe publikoa; Funesko "Elías Terés" ikastetxe publikoa; Azkoiengo "Juan Bautista Irurzun" ikastetxe publikoa; Villafrancako "El Castellar" ikastetxe publikoa.

Tuterako eskualdea: 8 lanpostu.

Cascanteko "Santa Vicenta María" ikastetxe publikoa; Castejongo "Dos de Mayo" ikastetxe publikoa; Corellako "José Luis Arrese" ikastetxe publikoa; Fiteroko "Juan de Palafox" ikastetxe publikoa; Ribaforadako "San Bartolomé" ikastetxe publikoa; Tuterako "Griseras" ikastetxe publikoa; Tuterako "Elvira España" ikastetxe publikoa; Tuterako "Virgen de la Cabeza" ikastetxe publikoa.

Lanpostu horiek zerbitzu eginkizunen bidez beteko dira ikasturte baterako, eta urtero berritu ahalko dira lau ikasturte bitarte, lanpostuak sortu behar izateko beharrak desagertu ezean.

Programak indarra duen denboran desagertu egiten bada lanpostu zehatz bat betetzea ekarri zuen beharra (deialdi honetako lanpostuetako bat betiere), hartarako izendatu zen irakaslea prozedura honetako baldintza berberekin izendatu ahalko da programaren barruan hutsik dagoen beste lanpostu baterako.

Izendapen hori egiteko ezinbestekoa izanen da Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak, Kultura-Aniztasunaren eta Immigrazioaren Atalarekin koordinaturik, balorazio positiboa ematea irakasleak erreferentziako ikastetxean egindako lanari; deialdi honetan finkatutako lau urteko epean eginen da.

Indarra duen araudian eta Hezkuntza Departamentuak proposatzen dituen orientabideetan ezarritako jarraibideen arabera eginen da ikastetxe horietako lana.

3. Eskatzaileen betebeharrak.

_Maisu-maistren Kidegoko karrerako funtzionarioa izatea.

_Jardunean egotea.

_Maisu edo maistra gisa behin betiko edo behin-behineko destinoa izatea Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxeen plantilla organikoko lanpostuetan.

_Beste zerbitzu eginkizun bat ez izatea edo atzerriko irakasle lanpostu bati atxikita ez egotea 2006-2007 ikasturtean.

Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete behar dira, eta hautapen prozesu osoan eta lanpostuak esleitzen diren unera arte mantendu.

4. Eskabideak eta aurkezteko epea.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek halaxe eskatu beharko dute, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan edo Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren www.pnte.cfnavarra.es webgunean interesatuen eskura egonen den eskabidearen bidez.

Eskabideak aurkezteko 10 egun natural izanen dira, ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen direnetik hasita.

Eskabideak Hezkuntza Departamentuko Erregistro Bulegoan aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen 38.4 artikuluan aipatu bulegoetako edozeinetan.

5. Parte-hartzaileek aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

_Zerbitzu orri ziurtatua, 2006ko apirilaren 30ean itxia, Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz erantsi beharrekoa.

_Alegatu nahi dituen merezimendu akademiko eta profesionalak, deialdi honetako baremoan aipatzen diren agirien bidez egiaztatuak (II. eranskina). Ez dira kontuan hartuko, ez eta baloratuko ere, alegatu arren behar bezala egiaztatzen ez diren merezimenduak.

6. Hautapen batzordearen osaera.

Eskaerak ondoko kideek osatutako hautapen batzordeak egiten duen proposamenaren arabera ebatziko dira:

_Batzordeburua: Pedro Olangua Baquedano jauna, Dibertsitate, Kultura-aniztasun eta Immigraziorako Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: Francisco Arteaga Ruiz jauna, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko zuzendaria edo hark izendatzen duena.

_Batzordekidea: José María Gracia Galilea jauna, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: Ana María Loitegui Zugasti andrea, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko Langileri Ataleko burua.

_Batzordekidea: Enrique Jaurrieta Linzoain jauna, Kultura-Aniztasunaren eta Immigrazioaren Ataleko burua.

Ordezkoa: M.ª Asunción Fernández Díaz andrea, Kultura-aniztasunerako eta Gizartean eta Eskolan integratzeko Bulegoko burua.

_Batzordekide-idazkaria: José Luis Asín Buñuel jauna, Kultura-aniztasunerako eta Gizartean eta Eskolan integratzeko Bulegoari atxikitako funtzionarioa.

Ordezkoa: Damián Panero Martínez jauna, Kultura-aniztasunerako eta Gizartean eta Eskolan integratzeko Bulegoari atxikitako funtzionarioa.

_Batzordekidea: irakasleen batzordeko ordezkari bat, batzordeak izendatu beharrekoa.

Ordezkoa: irakasleen batzordeko ordezkari bat, batzordeak izendatu beharrekoa.

7. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak.

Eskabideak aurkezteari buruz 4. puntuan ezarri den epea amaitutakoan, Giza Baliabideen Zerbitzuak izangai onartuen behin-behineko zerrenda argitaratuko du, alegatutako merezimenduen balorazioarekin batera, bai eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda ere, Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta www.pnte.cfnavarra.es web orrian.

Izangaiek 5 egun naturaleko epea izanen dute, ebazpena eta eranskinak argitaratu eta biharamunean hasita, erreklamazioak aurkezteko.

8. Lanpostuak esleitzea.

Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta horiek ebatzitakoan, Giza Baliabideen Zerbitzuak izangai onartuen behin betiko zerrenda argitaratuko du, alegatutako merezimenduen balorazioarekin batera, bai eta baztertutakoen behin betiko zerrenda ere, Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta www.pnte.cfnavarra.es web orrian.

Hezkuntza Departamentuak dei eginen die irakasle hautatuei lanpostuak esleitzeko jendaurreko egintzara. Departamentuaren bulegoetan izanen da, ezarriko diren egunetan, eta prentsan iragarkia jarriko da horretarako, aldez aurretik.

Izangaiek lortutako puntuazioaren hurrenkerari jarraikiz eginen da esleipena.

Lanpostuak betetzeko prozedura arrunten arabera beteko dira egintza horretan betetzen ez diren lanpostuak.

II. ERANSKINA

Baremoa

1. Prestakuntzari eta berrikuntzari buruzko merezimenduak.

1.1. Prestakuntza jarduerak.

Ikasle atzerritarrei eta egoera sozial eta kultural behartuan dauden ikasleei laguntzeko jarduerak baloratuko dira, baldin eta erakunde eta entitate ofizialek deitutakoak badira.

0,10 puntu egiaztatutako 10 orduko

Prestakuntza jardueraren jatorrizko agiria edo fotokopia konpultsatua

2 puntu

1.2. ISBNa duten argitalpenak

Ale bat

Puntu bat

1.3. Deialdi honetako gaiarekin zerikusia duten berrikuntza eta ikerketa proiektuak: puntu bat gehienez.

Jatorrizko agiria edo fotokopia konpultsatua

Puntu bat

PUNTUAK, GUZTIRA

4 PUNTU

2. Laneko esperientziaren ondoriozko merezimenduak.

2.1. Maisu-maistren Kidegoan irakasle funtzionario gisa egindako urteak

Puntu bat urteko

Zerbitzu orri ziurtatua.

5 puntu

2.2. Osabidezko Hezkuntza Programan edo antzekoetan ikasle atzerritarrei eta egoera sozial eta kultural behartuan daudenei laguntzen lanean aritutako urte bakoitzeko.

1,5 puntu urteko

Ikastetxeko zuzendariaren ziurtagiria

7 puntu

PUNTUAK, GUZTIRA

12 PUNTU

3. Beste merezimendu batzuk.

3.1. Unibertsitateko titulazio bakoitzeko, kidegoan sartzeko aurkeztutakoa alde batera utzita

Puntu bat

Jatorrizko agiria edo fotokopia konpultsatua

2 puntu

3.2. Gobernu organoetan eta irakaslana koordinatzekoetan parte hartzea

0,5 puntu urteko

Izendapenaren eta kargu-uztearen jatorrizko agiria edo fotokopia konpultsatua

2 puntu

PUNTUAK, GUZTIRA

4 PUNTU

BAREMOKO PUNTUAK, GEHIENEZ

20 PUNTU

Berdinketa izanez gero, ataletako puntuazio handienak izanen du lehentasuna, hurrenkera honetan:

1. 2. ataleko puntuazioa: laneko esperientzia.

2. 1. ataleko puntuazioa: prestakuntza eta berrikuntza.

3. 3. ataleko puntuazioa: beste merezimendu batzuk.

Iragarkiaren kodea: F0607200