II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK
IRUÑA
U.O.2/U.I.XV unitateko plan bereziaren aldaketa (Armada etorbideko 2 zenbakiko eraikina) eta eremu bereko planeamenduari buruzko hirigintzako hitzarmena. Behin betiko onespena
Iruñeko Udalak, 2006ko apirilaren 6ko osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:
PLE 06-API-06 (7/CU).
"U.O.2/U.I.XV unitatearen (Armada etorbideko 2 zenbakiko eraikina) plan bereziaren aldaketari buruzko dokumentua hasiera batez onetsi ondotik jendaurreko epea iragan baita (JOB, 2005-10-25), eta espedienteko txostenekin bat; kontuan hartuz Roberto Urtasun jaunak espedienteari aurkeztutako alegazioa onartu dutela aldaketaren sustatzaileek, eta haren edukia plan bereziko determinazioetan jaso; ikusirik, orobat, aurrekoaren ondorioz plan bereziaren determinazioetan sartutako aldaketak, bai eta hirigintzako hitzarmenean jasotakoak ere, bi dokumentuen arteko koherentzia mantentze aldera; ikusirik Hirigintza Gerentziako zerbitzu tekniko eta juridikoek horren gainean luzatutako txostenak, 2006ko martxoaren 22an eta 27an, hurrenez hurren, eta kontuan hartuz, azkenik, egindako aldaketak ez direla jendaurreko epe berri baten beharra justifikatzeko bezain funtsezkoak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruz indarrean den abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ezarritakoaren babesean,
Ondoko hau erabaki da:
1._Behin betiko onestea Nafarroako Kutxarekin sinatu beharreko hirigintzako hitzarmena, U.O.2/U.I.XV unitatearen planeamenduari buruzkoa (Armada etorbideko 2 zenbakiko erakina), hasierako onespenean ezarritako determinazioen arabera zuzendu eta erabaki honi erantsi zaiona behar bezala eginbidetua.
2._Behin betiko onestea U.O.2/U.I.XV unitatearen plan berezia (Armada etorbideko 2 zenbakiko erakina).
3._Erabaki hau igortzea Nafarroako Kutxari eta Roberto Urtasun Uriz jaunari, espedientean interesatua baita.
4._Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 81.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, iragarkia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agintzea eta dokumentuaren ale bat igortzea Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura."
Ebazpen honen kontra, errekurtso hauetariko bat aurkez daiteke, hautara:
_Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
_Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo bestela,
_Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.
Determinazio arau-emaileak
XV/UO2 unitatearen plan bereziaren aldaketa puntual honek bi determinazio arau-emaile sartzen ditu, Nafarroako Kutxaren eraikineko proiektuaren aprobetxamenduari eta aparkalekuaren beharrari buruzkoak.
Aldi berean, ez da aldatzen Iruñeko Udal Planeko XV-ZNO2 unitate integratuaren hirigintzako araudi partikularraren fitxan jasotako determinazioetarik bat ere ez.
Nafarroako Kutxaren eraikineko proiektuaren aprobetxamendua handitzea
_Beheko solairua:
Nafarroako Kutxako eraikinaren beheko solairuan eraikitako azalera handitzeko baimena eman da, gehienez 155 metro karraturaino, dokumentu honen "2.1. Proposamena. Beheko solairua" planoan ezarritako determinazioei jarraituz; hau da, itxitura berria 0,80 metro atzera eramanen da, hormigoizko habeen ardatzetik abiatuta, iparraldeko fatxadan.
_Laugarren solairua:
Nafarroako Kutxako eraikinaren laugarren solairuan eraikitako azalera handitzeko baimena eman da, gehienez 415 metro karraturaino, dokumentu honen "2.2. Proposamena, laugarren solairua" planoan ezarritako determinazioei jarraituz.
Aparkalekuaren beharra
Kontuan hartutako edozein erabilerari atxikitako garajeak eraikitzeko beharrik ez da izanen, aurretik dagoen erabilera handitzen denean eta hartarako zailtasun berezia dagoela frogatzen bada, Armada etorbideko 2 zenbakiko erakinaren kasuan bezala.
Iruñean, 2006ko apirilaren 27an._Alkatea, María Yolanda Barcina Angulo.
Iragarkiaren kodea: L0607190