56. ALDIZKARIA - 2006ko maiatzaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

507/2006 EBAZPENA, apirilaren 5ekoa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana, Kanpoko Giza Baliabideen programako dirulaguntzak emateko 2006ko deialdia onesten duena.

Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren ildo estrategikoetako bat da Nafarroako produkzio-sarea sendotu eta dibertsifikatzea, etorkizuneko sektoreak sustatzeko.

Maiz samar, produkzio-sarea sendotzeko baldintza da beste herrialde batzuetan sukurtsalak edo planta berriak irekitzea, dela merkatu berriak hornitzeko, dela balioaren katea hobetzeko. Horren guztiaren ondorioz, Nafarroako enpresen lehiakortasuna handituko da.

Atzerrian instalatu nahi duten enpresek duten problemetako bat da aukeratutako herrialdean profesionalak bilatzea, hasieran erakundeekin, bankarekin eta abarrekin izan beharreko harremanak errazteko. Deialdi honen xedea problema hori konpontzeko laguntza ematea da.

EB Hitzarmenaren I. eranskinean sartutako jardueretako batean aritzen diren enpresek ezin izanen dute dirulaguntza hau eskatu.

Deialdi honetarako baimendutako aurrekontua 60.000 eurokoa da.

Deialdi honek arau hauei jarraituko die:

_Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

_Batzordearen urtarrilaren 12ko 69/2001 EB Erregelamendua, "De minimis" laguntzei buruzko EE Tratatuaren 87. eta 88. artikuluen aplikazioari dagokionez.

_Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361 EK Gomendioa, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzkoa.

Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak apirilaren 21ean eman zuen 42/2005 Foru Aginduak Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko zuzendari nagusien eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen aldi baterako ordezkoak izendatzen ditu, eta organoaren titularra kanpoan dagoenez gero,

EBATZI DUT:

1. Kanpoko Giza Baliabideen programako dirulaguntzak emateko 2006ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko arauak onestea. Arau horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko 60.000 euroko gastua onestea, 2006ko gastuen aurrekontuetako "Kanpoko sustapenerako egintzak" izeneko 850001/81410/4709/431300 kontusailaren kargura.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2006ko apirilaren 5ean._Kontsumo Zerbitzuko zuzendaria, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiaren ordezkoa, Joaquín Labiano Berastegui.

KANPOKO GIZA BALIABIDEETARAKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO 2006KO DEIALDIAREN ARAUAK

1. araua._Xedea.

Deialdi honek Kanpoko Giza Baliabideen programaren laguntzak arautzen ditu. Programa honen bitartez laguntza eman nahi zaie kanpoan proiektu bideragarriak finkatu dituzten Nafarroako ETEei, helburu den herrian bizi diren pertsonen aukeraketarako erraztasunak emanez, betiere finkatze horiek ez badute berekin ekartzen Nafarroako Foru Komunitateko enpresak lekualdatzea edo balio erantsiaren sorrera galtzea.

2. araua._Onuradun izateko baldintzak.

Deialdiko dirulaguntzak jaso ahal izateko, enpresek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzez gain, ondokoak bete beharko dituzte:

_Helbide fiskala Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

_Deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean gutxienez urtebete izatea eratuta daudela.

_ETEen beharkizunak betetzea, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EB Gomendioan ezarritakoaren arabera.

_Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren edo Lizentzia Fiskalaren instrukzioa eta tarifak onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legearen I. eranskineko lehenbiziko atalean ezarritako sailkapenetakoren batean sartua behar du enpresaren jarduerak, honako hauek salbuetsirik:

_63tik 68ra bitartekoak.

_75ekoak, 756a salbu.

_81etik 83ra bitartekoak.

_85etik 86ra bitartekoak.

_97koak, 973a salbu.

Halaber, eranskin bereko bigarren atalean jasotako jarduera korrelatiboak ere sartzen ahalko dira, honako hauek betetzen badituzte:

EB Hitzarmenaren I. eranskinean biltzen diren produktuak egin, eraldatu edo merkaturatzeko jarduerarekin zer ikusia duten enpresek ezin izanen dute onuradun izan.

3. araua._Baldintzak frogatzeko modua eta noiz arte bete behar diren.

3.1. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan onuradun izateko adierazita dauden debekuetatik bat ere ez duela justifikatzeko, eskatzaileak erantzukizuneko aitorpena egin dezake, deusetan galarazi gabe Administrazioak aurkezten diren aitorpenak edo justifikazioak egiazkoak ote diren ikertzeko duen ahalmena.

3.2. Aurreko arauko betebehar berariazkoak frogatzeko, 7. arauko inprimakiak aurkeztuko dira.

3.3. Aipatutako baldintzak beka bukatu arte bete beharko dira.

4. araua._Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

Diruz laguntzen den jarduera 2006ko abenduaren 1a baino lehen hasi beharko da.

Enpresa eskatzaileak emanen duen bekaren gastuak izanen dira diruz lagungarri. Bekaren iraupena ez da sei hilabetekoa baino laburragoa izanen, eta gastu horri istripu aseguruarena eta bidaian laguntzeko aseguru osagarriarena gehituko zaizkio.

Ez da diruz lagunduko pertsonaren bidaia bere herritik/bere herrira, enpresak ordainduko baitu, ez eta bisatua ere, halakorik behar izanez gero, bekadunak ordainduko baitu.

Aukeratutako pertsonak enpresa, bere eginkizuna, antolaketaren kultura eta produkzio prozesua Nafarroako instalazioetan ezagutuko ditu hilabete batean. Gainerako denboran, destinoan egonen dela, enpresak ezarritako planean jardungo du.

Laguntza jaso ahal izateko, bekadunak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

_Maila ertaineko edo goi mailako titulazioa izatea.

_Gehienez ere 35 urte izatea.

_Finkapena eginen den herriko nazionalitatea izatea eta bertan bizitzea.

_Gaztelaniaz ongi jakitea. Beste hizkuntza batzuk jakitea ere baloratuko da.

_Antzeko bekarik jaso ez izana.

_Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak prestatutako prozesuaren ondorioz aukeratu izana.

5. araua._Laguntzen zenbatekoa.

Dirulaguntza bekaren, istripu aseguruaren eta bidaian laguntzeko aseguru osagarriaren 100eko 100era iritsi daiteke, baina gehienez ere 12.000 euro emanen dira pertsona bakoitzeko eta enpresa bakoitzak pertsona bakarra hartuko du.

6. araua._Eskaeren aurkezpena.

Eskabideak aurkeztuko dira Toki Administrazioko Departamentuko erregistroan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako lekuetako batean.

Hilabeteko epea dago, ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera, eskaerak aurkezteko. Epea ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo hilabeteko egun berean amaituko da.

Dokumentazioa posta bulego batean aurkezten bada, gutunazal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira (posta-zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuaren 31. artikulua).

Eskabideak, Fc7.07.02 ereduaren araberakoak, ondoko agiri hauekin batera aurkeztuko dira:

_Azaldutako ekintzetarako beste erakunde batzuei eskatutako laguntzen zinpeko aitorpena, eta "mínimis" arauari jarraikiz emandako laguntzena, Fc7.07.07. inprimakiaren arabera eginak.

_ETE izateari buruzko zinpeko aitorpena, Fc7.07.15 ereduaren araberakoa.

_Finkapen plana, parte hartzeko eskaeraren inprimakian ageri den edukien zerrendaren araberakoa.

_Jarduera plana bekaren iraunaldirako.

7. araua._Dirulaguntza emateko irizpideak.

Dirulaguntzak ondoko irizpide hauei jarraikiz emanen dira:

_5 arauan ezarritako gehieneko portzentajearen arabera kalkulatuko da dirulaguntza jaso dezaketen jarduerei dagokien dirulaguntzaren zenbatekoa.

_Baimendutako diru kopurua 5. arauan ezarritakoari jarraikiz eskaera guztiei erantzuteko aski ez bada, eta baimendutako aurrekontuko kontusailetan soberakinik egonez gero, deialdi honek sortutako beharrak betetzera erabiltzen ahalko da.

_Aurrekontuko diru kopurua aurreko puntuaren ondoriozko dirulaguntzen guztirakoa baino txikiagoa bada, hainbanaketa orokorra eginen da eskatzaile guztien artean.

_2006ko ekitaldian aurrekontuko diru kopurua igotzen bada, laguntza osagarri bat emanen da, 5. arauan ezarritako portzentaje eta kopurukoa, gehienez ere.

8. araua._Prozeduraren instrukzioa.

Eskabideak jasotakoan, Merkataritza Zerbitzuak haien edukia aztertuko du, 2. arauan eskatutako baldintzak betetzen direla ziurtatzeko, eta aurkeztutako finkapen planak baliozkotzeko.

Eskatutako dokumentazioa osorik ez badago, hamar eguneko epean osatzeko eskatuko zaio eskatzaileari. Horrela egiten ez badu, uko egiten diola ulertuko da, eta espedientea artxibatuko da, besterik gabe.

Eskatzen diren beharkizunak bete ezean, edo haien plana egiaztatzen ez bada, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak ezetsitzat joko ditu ebazpen baten bidez.

Beharkizunak betetzen dituzten eskatzaileei eta finkatze eta jarduera planak onetsi zaizkienei, gutun bat bidaliko zaie horren berri emanez.

Hortik goiti, destinoko izangaien aukeraketa hasiko da.

Izangaiak aukeratzeko, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak aukeraketa enpresa profesional baten laguntza teknikoa kontratatzen ahalko du.

4. arauan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta enpresa eskatzaileak zehaztutako eskakizunei lotzen zaizkien izangaiak enpresari aurkeztuko zaizkio eta, 15 eguneko epean gehienez ere, haietako bat aukeratuko du.

Izangaiak aukeratu ondoko 15 eguneko epean, eta, betiere, 2006ko azaroaren 15a baino lehen, enpresa eskatzaileak Fc7.07.17 inprimakia aurkeztu beharko du, ondoko datuen berri emateko:

_Aukeratutako izangaiaren identitatea.

_Praktikaldiaren iraupena.

_Hasiera eguna.

_Bekaren zenbatekoa.

_Aseguruaren zenbatekoa.

9. araua._Dirulaguntza emateko ebazpena.

Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak laguntza eman eta ordaintzeko ebazpena emanen du, enpresak jarduketak egin dituela frogatzen duten agiriak aurkeztu eta hiru hilabeteko epean.

Epe horretan ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, Administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

Emandako eta ordaindutako laguntza aurrerakin gisa kontsideratuko da eta enpresa onuradunak bekaren, istripu aseguruaren eta bidaian laguntzeko aseguru osagarriaren ordainagiriak eta lankidetzaren emaitzaren azterketa biltzen duen txostena aurkeztu ondotik kontsolidatuko da.

Aurreko idatz-zatian aipatu diren agiriak beka bukatu eta hurrengo hilabetean aurkeztu beharko dira.

Agiriak aurkeztu ezean, enpresak aurreratu zaion diru kopurua itzuli beharko du.

Hala eta guztiz ere, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak eskatzaileari galdetzen ahal dio egindako eskaeraren tramitazio eta ebazpenerako egoki iruditzen zaion informazio eta dokumentazio osagarri guztia.

10. oinarria._Bateraezintasunak.

Dirulaguntza hauek bateraezinak dira beste edozein erakunde edo organismok egintza beretarako eman dezakeen beste edozeinekin.

11. araua._Europar Batasuneko arau aplikagarriak.

Laguntza hauek "de minimis" dira, Europar Batzordearen 69/2001 Erregelamenduan ezarritakoari jarraituz; beraz, aurreko hiru urteetan "minimis" gisa enpresak hartutakoari gehituta, ez du 100.000 eurotik gora eginen.

Ondorio horrekin, enpresak behartuta daude araubide horri jarraituz aurreko hiru urteetan hartutako dirulaguntzak adieraztera, eskaera aurkezten dutenean.

12. araua._Obligazioak eta ez-betetzearen ondorioak.

12.1. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketan egunean dagoela egiaztatzeko, eskabidean berean baimena eman beharko zaio Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuari behar diren datuak kontsulta ditzan, laguntza emateko ebazpenaren proposamena egiten den unean onuraduna zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko zorrik ez duela egiaztatzeko.

12.2. Arau hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak urratuz gero, elkarteak onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu eta, beharrezkoa bada, dirua itzuli beharko du.

12.3. Deialdi hau, gainera, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen IV. tituluan ezarritako arau-hauste eta zehapenen araubidearen menpe dago.

13. araua._Gora jotzeko errekurtsoa.

Arau hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

14. araua._Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Kontsumo Zerbitzuak Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren webgunean jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, ondokoak zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F0605941