Iragarkia
56. ALDIZKARIA - 2006ko maiatzaren 10a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak
90/2006 FORU AGINDUA, apirilaren 26koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, etorkinen integrazioaren esparruan aritzen diren irabazi asmorik gabeko entitateentzako dirulaguntzen 2006. urteko deialdia onesten duena.
Gizarte Zerbitzuei buruzko martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legeak, bere jarduketa esparruen barruan, baztertuak egoteagatik hala behar diren pertsona eta taldeen gizarteratzea aipatzen du, helburu hori lortzeko berariazko jarduketak bultzatu daitezela agintzen baitu.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak haiei dagokien orotariko araubide juridikoa ezartzen du, Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko. Dirulaguntzak eman aitzin, organo eskudunak haien arauak ezarri beharko ditu, argitaratu beharko direnak. Horrela jarduerak egiten dituztenek eta deialdiaren xede den egoeran daudenek eskuratzen ahalko dituzte.
Deialdi honen xedea etorkinen integrazioaren esparruan aritzen diren irabazi asmorik gabeko entitateentzako dirulaguntzen arauak ezartzea da.
Deialdi hau Nafarroako Foru Komunitateak eta Lan eta Gizarte Gaien Ministerioak Etorkinen Integraziorako Zuzendaritza Nagusiko Estatuaren Immigrazio eta Emigrazio Idazkaritzako Etorkinen Harrera eta Integraziorako Funtsaren lankidetza esparruan batera finantzaturiko programa baten barruan dago.
Halaber, Nafarroako Foru Komunitateak Lan eta Gizarte Gaien Ministerioarekin elkarlanean aritu nahi du, lurraldeen arteko elkartasunak iradokirik, Kanarietatik, Ceutatik eta Melillatik Penintsulara eramaten diren etorkinei gizabidezko laguntza eta harrera emateko lekualdatze programan.
Deialdi honek bide ematen die entitate interesatu guztiei berdintasunez parte har dezaten. Bermatzen ere du dirulaguntza irizpide objektiboei jarraituz emanen dela. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gizarte politikaren orotariko esparruan ezartzen dituen jarraibideekin bat lehenetsiko dira, Nafarroako Parlamentuak 1999ko otsailean onetsi zuen Bazterketa Sozialaren aurkako Planaren edukiaren eta Etorkinak integratzeko 2002ko urrian onetsiriko Planaren arabera.
Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek dirulaguntza hauen egokitasuna eta haien onura publikoa eta deialdiaren eta haren arauen legezkotasuna adierazten dute, hurrenez hurren.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuak emandako eskurantzak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Etorkinen integrazioaren esparruan aritzen diren irabazi asmorik gabeko entitateentzako proiektuak egiteko dirulaguntzen 2006. urteko deialdia onestea eta Lan eta Gizarte Gaien Ministerioaren Lekualdatze Planean parte hartzea, foru agindu honetako 1. eranskineko arauekin bat.
2. 383.001,00 euroko gastua baimentzea, aurrekontuetako "Etorkinak integratzeko laguntza programa" deritzon 924002 93320 4819 231605 kontusailetik etae 141.563,90 eurokoa, "Lan eta Gizarte Gaien Ministerioarekiko Hitzarmena, etorkinen integrazioaren esparruan aritzen diren irabazi asmorik gabeko entitateentzako" deritzon 924002 93320 4819 231609 kontusailetik.
3. Foru agindu hau Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Gizarteratzearen Atalari eta Ekonomia eta Administrazio Atalari jakinaraztea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak sor ditzan.
Iruñean, 2006ko apirilaren 26an._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.
1. ERANSKINA
Arauak
1._Xedea.
Deialdi honen xedea etorkinen integrazioaren esparruan eta Etorkinendako Gizabidezko Harrera eta Laguntzarako Programan aritzen diren irabazi asmorik gabeko entitateentzako dirulaguntzen 2006. urteko arauak ezartzea da, Lan eta Gizarte Gaien Ministerioaren Lekualdatze Planaren abarruan, lurraldeen arteko elkartasunak iradokirik.
Dirulaguntza hauen bidez, etorkinen integrazioaren esparruan eta Etorkinendako Gizabidezko Harrera eta Laguntzarako Programan aritzeko langileen, funtzionamenduaren eta jardueren gastuak finantzatuko dira, arau hauetako II. eranskinean ezartzen den proiektu moten arabera.
2._Jarduera-esparrua eta helburua.
Dirulaguntzen xede diren proiektu eta jarduketak Nafarroako Foru Komunitatean eginen dira eta etorkinak integratzea izanen dute helburu.
Gizabidezko Harrera eta Laguntzarako Programaren xedea etorkinak hartzea da, batez besteko 30 egunez ostatu emateko 10 gela finantzatuz.
Beren estatutuen arabera, nagusiki kulturan eta aisian diharduten entitateak dirulaguntzen deialdi honetatik kanpo daude.
Halaber, berariaz beste deialdi batzuen bidez finantzatzen diren proiektu eta jarduketak eta beste administrazio publiko batzuek garatzen dituztenak ere deialdi honetatik kanpo daude.
3._Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
Beren estatutuen arabera, lehen arauan aipatzen den jarduketa eremuan parte hartzen ahal duten entitateak izan daitezke dirulaguntza hauen onuradun.
Aurkezten diren entitateek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuko Entitate, Zerbitzu eta Gizarte Zerbitzuen Erregistroan inskribaturik egotea.
b) Irabazi asmorik ez edukitzea.
c) Helbide soziala edo ordezkaritza iraunkorra Nafarroan izatea.
d) Zerga guztiak, Gizarte Segurantzarekiko zorrak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekikoak edo haren erakunde autonomoekikoak kitatuak izatea.
e) Dirulaguntzen onuraduna izateko dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debeku egoeretan ez egotea.
Aipatutako baldintza horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta lagundutako jarduerak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.
4._Proiektuek bete beharreko baldintzak.
Dirulaguntza jasotzeko, proiektuek baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak deialdian aipatzen den esparruan ezarri dituen helburuekin bat etortzea, arau hauetako 2. eranskinean xedaturikoaren arabera.
b) Gizabidezko Harrera eta Laguntzarako Programaren dirulaguntza modalitatearen kasuan, proiektuek proiektu tekniko bat bildu beharko dute, non dirulaguntzaren xede diren gelak kokatuko baitira. Besteak beste, jarduketa hauek aipatuko dira:
b.1) Etorkinei emanen zaizkien zerbitzuak:
Mantenua eta ostatua.
Arropa eta bestelako premiak.
Argibideak egoera administratiboaz eta sozialaz.
Gizartean moldatzeko eta erdaraz mintzatzeko oinarrizko prestakuntza.
Beharrezkoa izanez gero, osasun arloko prestazioak, hala nola, sendagaiak eta komeni den osasun babesa.
Eguneroko bizitzarako gastu libreak.
b.2) Norberaren egoerarako egoki diren jarraibideak, garatu eta egokitzeko aukerak ebaluatuz.
b.3) Baliabide arautuetarako laguntza.
b.4) Gizarte laguntza, haien ibilbidea banan-banan zehazteko.
b.5) Nafarroako Gobernuak dirulaguntzaren xede diren harrera tokiak erabiltzen ahalko ditu Lan eta Gizarte Gaien Ministerioaren Etorkinen Lekualdatzerako Planerako, eta bi erakundeek izenpetzen duten protokoloaren arabera eskuratuko dira.
b.6) Harrera tokiak egoitza-zentro batean badaude, zentro horrek Gizarte Ongizatearen, Kirol eta Gazteria Departamentuaren Gizarte Zerbitzuen Entitate, Zerbitzu eta Zentroan inskribaturik egon beharko du.
Gizarte zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta baimenen araubideari buruz azaroaren 13ko 9/1990 Foru Legeak ezartzen dituen orotariko baldintzak ere bete beharko ditu. Lege hura maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuko arautegiaren bidez garatu zen.
b.7) Proiektua onetsiz gero, jardueraren ondoriozko arriskuak aseguraturik eduki beharko ditu, deialdi honetako 5.2.j) arauan zehazten denarekin bat.
c) Egokitzat jotzen diren bestelako erabilerak.
5._Eskaeren aurkezpena.
5.1. Eskaera non eta noiz aurkeztu.
Entitate interesatuek eskabide bat aurkeztu beharko dute, horretarako prestatu den ereduaren arabera. Eredu hori Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko bulego nagusietan (González Tablas kalean, z.g.) eta erakunde beraren www.cfnavarra.es/inbs webgunean eskuratzen ahalko da.
15 egun naturaleko epea izanen da eskabideak, entitate interesatuaren legezko ordezkariak izenpetuak, aurkezteko, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Eskabideak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko erregistroan (González Tablas, z.g., 31005 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Jurudikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako tokietan aurkezten ahalko dira.
Postetxeetean aurkezten diren eskaerak kartazal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen. Gainera, entitate interesatuak, egun berean, fax baten bidez, jakinarazi beharko dio Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari eskaera igorri duela.
5.2. Aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabideak horretarako ereduaren arabera prestatuko dira eta entitatearen ordezkariak behar bezala izenpetuko ditu. Haiekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Entitatearen estatutuak.
b) Helbidea Nafarroan daukala edo bestela ordezkaritza iraunkorra Foru Komunitatean daukala frogatzen duen agiria.
c) Eskabidea sinatzen duen ordezkariari emandako ahalordea egiaztatzen duen agiria eta haren nortasun agiri nazionala.
d) Entitatea Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren Gizarte Zerbitzuen Entitate, Zerbitzu eta Zentroen Erregistroan inskribaturik dagoela frogatzen duen ziurtagiria.
Harrera tokien kasuan, egoitza-zentro batean izanez gero, zentro hori erregistro haratan inskribaturik dagoela frogatzen duen ziurtagiria.
e) Identifikazio fiskaleko txartela.
f) Nafarroako Foru Ogasunarekiko zerga guztiak eguneratuak izatearen ziurtagiria.
g) Hala bada, onarturiko zenbatekoa aldez aurretik kobratzeko arauetan xedaturikoareren arabera, dirulaguntzaren xede diren helburuak lortzeko funtsak hartu beharrak frogatzen dituen txostena.
h) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea, administratzaileak eta ordezkariak dirulaguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela dioena. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko Foru Lege Orokorreko 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.
i) Transferentzia bidez jasotzeko eskaera.
j) Erantzukizun zibileko aseguruaren poliza hartzea, jardueraren ondoriozko arriskuetatik babesten duena. Zehazki, hauen erantzukizun zibila babestu beharko du:
_Zentroarena eta bertako langileena, erabiltzaileen aurrean.
_Zentroarena, bertako langileena eta erabiltzaileena, beste batzuen eta langileen aurrean.
_Elikagaiekiko arriskuengatik.
Aseguraturiko gutxieneko kapitala 300.000 eurokoa izanen da istripu bakoitzerako.
Proiektua onetsiz gero, agiri hori Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan aurkeztu beharko da, 10 eguneko epeaen, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita.
Aurkeztu beharreko agiriak jatorrizkoak izanen dira edo bestela notario batek edo administrazioak berak kautoturiko fotokopiak.
Dirulaguntzei buruzko Foru Lege Orokorreko 13. artikuluko 8. idatz-zatian eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeko 9. artikuluko 4. idatz-zatian xedaturikoarekin bat, Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar baditu edo honek badauzkan datuak badira, a), b), c), d) e), eta i) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik ez dago. Kasu horietan, agiri horietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren adierazpen bat egiten ahalko da, inguruabar hori azaltzen duena.
Entitate interesatuak interesagarritzat jotzen dituen agiriekin osatzen ahalko du eskabidea, horretarako prestaturiko eredu normalizatuan ezarririkoarekin bat aurkezturik.
5.3. Eskaerako hutsak zuzentzea.
Organo instruktoreak, eskarerarekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezik, entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 42. artikuluan xedatu bezala.
6._Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko ahalmena duten organoak.
Deialdi honen ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta izapidatzeko eginkizunak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Gizartean Txertatzeko Atalari esleitu zaizkio. Arau hauetan "organo instruktorea" aipatzen delarik, ulertzen da atal horretaz ari dela.
Organo instruktoreak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, arau hauetan ezarririko irizpide, modu eta lehentasunak kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu onuradunek dirulaguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
Laguntzak emateko prozeduraz ebazteko eskumena Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak du.
7._Balorazioa.
Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura lehia bidez izapidatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 17. artikuluko 1. idatz-zatian xedaturikoarekin bat.
Dirulaguntza eskabideak honako modalitate haueetan banatuko dira baloratzeko:
A. Etorkinak aldi baterako hartzeko 10 toki biltzen dituzten proiektuak, haien egonaldiak batez beste 30 egunekoak direnean, Lan eta Gizarte Gaien Ministerioaren Aldi Baterako Harrera eta Gizabidezko Laguntzarako programaren barruan. Horietarako 80.000,00 euro erabiliko dira "Etorkinak integratzeko laguntza programa" deritzon 924002 93320 4819 231609 kontusailetik.
B. Egoera ahulean dauden etorkinei aldi baterako ostatua emateko proiektuen eskaerak. Horietarako, 71.000 euro erabiliko dira, "Etorkinak gizarteratzeko laguntza programa" deritzon 924002 93320 4819 231605 kontusailetik.
C. Lehen Harrerako proiektuen eskaerak (harrera zentroaren argibide eta aholkuak, egoera juridikoaz eta administratiboaz barne). Horietarako 143.435,10 euro erabiliko dira aurrekontuetako "Etorkinak gizarteratzeko laguntza programa" deritzon 924002 93320 4819 231605 kontusailetik eta 61.563,90 euro, "Lan eta Gizarte Gaien Ministerioarekiko Hitzarmena, etorkinen integrazioaren esparruan aritzen diren irabazi asmorik gabeko entitateentzako" deritzon 924002 93320 4819 231609 kontusailetik.
D. Tratu berdintasun, sentsibilizazio, partaidetza, kulturen arteko bitartekotza eta bidezkotzat jotzen diren jarduketak biltzen dituzten proiektuetarako eskaerak. Haietarako, 168.565,90 euro erabiliko dira, aurrekontuetako "Etorkinak gizarteratzeko laguntza programa" deritzon 924002 93320 4819 231605 kontusailetik.
Atalen batean kreditua agortu ezik, sobratzen den dirua, D, B eta C atalen artean banatuko da, hurrenez hurren, kreditua agortu arte.
7.1. Balorazioa honako irizpide hauen arabera eginen da:
a) Entitatearen barne-koherentzia (20 puntu)
_Entitateak gizarteratzearen arloan eginiko jarduera nagusiaren izaera eta egokitasuna.
_Dirulaguntzaren xede diren proiektuetan entitateak egin duen ibilbidea, aurreko esperientzia gizarteratzearen esparruan.
_Proposatzen diren helburuak beteko direla bermatzeko azpiegitura aski izatea.
_Aretoak konpartitzea eta elkarteen batasuna izatea.
_Proiektua entitatearen egiazko gaitasun tekniko eta ekonomikoarekin bat etortzea. Halaber, hasierako aurrekontua eta aurreko urteko azken balantzea elkarrekin bat etortzea ere baloratuko da.
b) Proiektuaren izaera (40 puntu).
Proiektuaren alderdi teknikoak (egokitasuna, barne-batasuna eta oinarriak, helburuak, jarduerak, lortu nahi diren emaitzak, langileak eta baliabideak, ebaluazioaren adierazleak, eta abar). Halaber, aurkezpena, idazkera eta aurrekontuen xehetasunak ere baloratuko dira.
_Esku-hartzearen originaltasuna eta alderdi berritzaileak, gauzatu nahi diren proiektuek behar ez den bikoizketarik ez ekartzea, eta beste entitate publiko nahiz pribatuek halakorik ez eskaintzea.
_Proiektua aurrera eramateko entitateak beste entitate eta gizarte baliabide publikoekin (Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoekin, Osasun Etxeekin, Adimen Osasuneko Sarearekin, Espetxeko Gizarte Zerbitzuarekin eta abarrekin) dituen osagarritasuna eta koordinazioa.
_Langile finkorik behar ez duten proiektuak lehenetsiko dira.
_Programetako parte-hartzaile maila. Hori baloratuko da proiektuen xede den populazio osoa kontuan hartuz.
A modalitateko eskaeretarako, 1. eta 3. lerroaldeak hartuko dira bakarrik kontuan atal hau baloratzeko, beste bat gehiturik:
Proiektuan proposaturiko helburuak eta Lan eta Gizarte Gaien Ministerioak Etorkinen Lekualdatzerako Planeko jarduketa protokoloan ezarririk Etorkinen Harrerarako Programako arauekin bat etortzea.
c) Lehenagoko ekitaldian hasitako proiektu edo jarduerak sustatzea, haien eragina frogatu bada eta haien iraupena interes publikoarengatik komeni da (30 puntu).
Aurreko urteko antzeko proiektuaren edo proiektuen eraginkortasuna baloratuko da. Proiektuan jarritako helburuen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa eginen da, eta egindakoaren eta aurreikusitakoaren arteko aldea neurtuko.
Halaber, aurten proposaturiko helburuak eta aurreko urtean lorturiko emaitzak eta aurreko urtekoko proiektuaren egiazko gastua eta aurtengo urte honetarako aurrekontua elkarrekin bat etortzea baloratuko da.
A modalitateko eskaeretarako, atal honetako 30 puntuak irizpide hauen arabera banatuko dira:
_Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak etorkinei laguntzeko antolaturiko programetan bi urte honetan parte hartu izana eta hartatik dirulaguntzak hartu izana (5 puntu bitarte).
_Lan eta Gizarte Gaien Ministerioak bultzaturiko gizabidezko harrerako eta egoera ahulean dauden etorkinen lekualdatzerako programetan izaniko esperientziagatik (15 puntu bitarte).
_Entitateak proiektuari eskaintzen eta ekartzen ahal dizkion gizarte baliabideen eskuragarritasuna, hartu beharreko dirulaguntzatik aparte (10 puntu bitarte).
d) Kofinantzaketa egotea, alegia, entitateak, bazkideek, parte-hartzaileek edo beste entitate publiko eta pribatuek dirua ematea (5 puntu).
e) Entitatean boluntarioak izatea, eta haien inplikazio maila (5 puntu).
Dirulaguntza hartu ahal izateko, proiektuek gutxienez ere 60 puntu lortu beharko dituzte. Horietarik 25 puntu gutxienez "b" atalean.
Eskuarki (A modalitatean izan ezik), eskaturiko dirulaguntzaren xedeak langileak, funtzionamendua eta jarduerak badira, funtzionamendu gastuak gehienez ere proiektuaren 100eko 30ekoak izanen dira.
Organo instruktoreak noiznahi ere premiatzen ahalko du entitate eskatzailea aurkezturiko proiektua balorazioaren kasuan kasuko atalera egokitu ditzan (7. atala). Eskabidea hobeki baloratzeko argibide guztiak ere eskatzen ahalko dizkio entitateari.
8. Dirulaguntzaren zenbatekoaren esleipena.
Dirulaguntzaren zenbatekoa lorturiko puntuazioaren arabera esleituko da, honelaxe:
7. ataleko A modalitaterako, puntu gehien lortzen dituen proiektua proposatuko da.
Beste modalitateetarako, dirulaguntzaren zenbatekoa lorturiko puntuen arabera banatuko da. Eskaturiko zenbatekoaren arabera, ehunekoen tarteak ezarriko dira.
TARTEAK EHUNEKOA, %
60 baino gutxiago. 0
60tik 64,99ra bitarte 75
65etik 69,99ra bitarte 80
70etik 74,99ra bitarte 85
75etik 79,99ra bitarte 90
80tik 84,99ra bitarte 95
85etik 100era bitarte 100
Balorazio ekonomikoaren ondoriozko zenbateko osoa aurrekontuetan dagoen dirua baino handiagoa bada, kasuan kasuko baremoen aplikazioaren ondoriozko zenbatekoak hainbanatuko dira.
Organo instruktoreak txosten-proposamenaren aurretik interesatuei entzuteko bilera bat egin daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.
Proposatzen den dirulaguntzaren zenbatekoa aurkezturiko eskabidean ageri dena baino txikiagoa izanez gero, entitate eskatzaileak eskabidea aldatzen ahalko du, gehienez ere hamar egun naturaleko epean, jakinarazten denetik hasita. Betiere, bermatu beharko da aldaturiko proiektuak jatorrizko proiektuaren xede eta ezaugarri berak izanen dituela.
Proiektua onartu ahal izateko, aldaturiko proiektua hasiera batean eginiko balorazioko tarte berean sartu beharko da. Bestela, entitateak proiektua hasierako proposamenari hertsiki lotuz burutu beharko du.
Halaber, aldaketaren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposaturiko dirulaguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean baldintza antzekoetan aurreikusiriko kofinantzaketaren batua baino.
9._Prozeduraren gaineko ebazpena, publizitatea eta errekurtsoak.
Eskabideak aztertu ondoren, organo instruktoreak aurkezturiko ebazpen proposamena ikusirik, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du dirulaguntzen gainean.
Ebazpena entitate interesatuei jakinaraziko zaie eta hura emateko oinarriak, dirulaguntza hartzen duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, beste eskaerak ukatzeko arrazoiak adieraziko dira. Emanez gero, dirulaguntzaren helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta gastuak justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira.
Hori deusetan galarazi gabe, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko iragarki oholean (Iruñeko González Tablas kalea, z.g.) argitaratuko da. Argitalpenean deialdia, programa, dirulaguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua, onuradunak, onarturiko zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua adieraziko dira.
Ebatzi eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.
Ebazpen espres edo isil bidezkoaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedaturikoarekin bat.
10._Bateragarritasuna.
Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko, norbanako edo erakunde publiko zein pribatu batzuek jarduera garatzeko ematen dituztenekin batzen ahal dira.
Hala ere, diru-zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, dirusarrera edo norberaren baliabide batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.
11._Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazio ekonomikoa.
Aurrerakina eskatu duten entitateei dirulaguntza gutxienez ere bi zatitan pagatuko zaie. Haietariko lehena, dirulaguntzaren xede den zenbatekoaren 100eko 60 gehienez, dirulaguntza emateko ebazpena izenpetu baino lehen pagatuko da. Hurrengo ordainketak dirulaguntza emateko epazpenean xedaturikoaren arabera eginen dira. Pagaturiko azken dirua justifikatu beharko da aurretik, honako agiri hauek aurkeztuz:
a) Proiektuko dirusarrera eta gastuen balantzea.
b) Dirulaguntzaren xede den proiektuari aplikaturiko gastuen zerrenda, agiri zenbakia, kontzeptua, igorlea, igorri zeneko data, zenbatekoa eta egiazki pagatu zeneko data adieraziz. Zerrenda horrekin batera kasuan kasuko egiaztagiriak aurkeztuko dira, jatorrizkoak edo behar bezala konpultsaturiko fotokopiak izanen direnak. Banku-laburpenak, gordekinak eta fakturak, igorlearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta pagatzeko modua adieraziko dituztenak, onartuko dira bakarrik egiaztagiri gisa, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat. Horren bidez fakturazio eginbeharrak arautzeko Erregelamendua onetsi ziren. Jatorrizko fakturak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan aurkeztu izan balira bezala zigilatuko dira, harturiko dirulaguntza justifikatzearren.
Gastu onargarritzat hartuko dira, bakar-bakarrik, diruz lagundutako proiektuetan aurreikusitako jarduerak egiteko organo emaileak beharrezkotzat jotzen dituenak.
Proiektua bukatu eta hilabeteko epean entitateak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari aurkeztu behar dio proiektuaren dirukopuru guztien justifikazio ekonomikoa, hurrengo ordainketetarako aurreko lerroaldean ezarririko baldintzetan.
Aurreratu beharreko kopurua 60.000,00 eurotik goitikoa bada, entitate onuradunak banku-abal bat edo zuzenbidean onartzen den beste berme bat aurkeztu beharko du, aurreratu beharreko zenbateko osoa estaliko duena.
Aurreko idatz-zatietan aipatzen diren aurrerakinek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Entitateak frogatu beharko du dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar dituela. Horretarako, eskabidearekin aurkeztu beharreko beste agiriekin batera, entitateak txosten bat aurkeztuko du, behar hori frogatuko duena.
b) Aurrerakin hori emateko beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimen berariazkoa, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.
Baldintza horiek bete ezik, dirulaguntza Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 32. artikuluan xedaturikoarekin bat pagatuko da, hiru hilabetetik hiru hilabetera zatitua, jarduera egin dela frogatu ondoren.
Jarduerak dirulaguntzaz gain berezko funtsekin edo bestelako dirulaguntza edo baliabideekin finantzatuak izan direnean, halaxe adierazi beharko da dirulaguntzen xede diren jardueretarako funts horien zenbatekoaren, jatorriaren eta aplikazioaren justifikazioan.
12._Entitate onuradunen betebeharrak.
a) Dirulaguntza ematerakoan arauetarako aurkeztutako proiektua eta jarduerak deialdi honen oinarri, baldintza, betebehar formal eta materialen arabera gauzatzea, eta dirua, betiere, eman zen kontzeptuetarako baizik ez da erabiltzen ahalko.
b) Arau hauetan aipatzen diren agiri justifikatiboak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea.
c) Proiektuaren publizitate eta hedatze lan guztietan dirulaguntzaren jatorria azaltzea. Lan eta Gizarte Gaien Ministerioaren Etorkinak Hartzen eta Gizarteratzen Laguntzeko Funtsaren eta Nafarroako Gobernuaren lankidetza adieraziko da. Zabalkunde idatzian eta grafikoan Estatuaren Immigrazio eta Emigrazio Idazkaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren logotipoak adierazi beharko dira, "Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak finantzaturiko programa" argigarria barne.
d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen legeriaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapenak onartzea.
e) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste laguntza, dirulaguntza, dirusarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster emanen da haren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.
f) Entitatearen ezaugarriak direla-eta, eskatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko betebeharrak betetzea.
g) Dirulaguntza hartu eta hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen dirulaguntzaren xede diren proiektu bakoitzaren betetze-mailaren zenbatekoaren eta nolakoaren gaineko datuak ebaluatzen dituen memoria Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan aurkeztea, horretarako dagoen ereduaren arabera. Eredua Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko bulego nagusietan eta lehen aipatu den webgunean izanen dira entitate interesatuen esku.
Nahi badu, entitate onuradunak bestelako agiriak, idatziak edo grafikoak, aurkezten ahalko ditu, dirulaguntzaren xede den proiektuaren bilakaera ona bermatzen dutenak.
h) Deialdi honetan eta aplikatzekoak diren legeetan aurreikusiriko kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.
i) Zazpigarren arauko A modalitateko dirulaguntzaren kasuan, dirulaguntzaren xede diren 10 tokiak Nafarroako Gobernuak eta Ministerioak lekualdatze planerako izenpeturiko itunerako gorde beharko dira.
j) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien beste eginbeharrak.
13._Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.
13.1. Azpikontratazioa.
Deialdi honi dagokionez, bidezko da azpikontratazioa, alegia, beste batzuekin dirulaguntzaren xede den jardueraren hein bateko exekuzioa hitzartzea. Onuradunak berez dirulaguntzaren xede den jarduera egiteko pagatu behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo gelditzen da.
Onuradunak gehienez ere dirulaguntzaren xede den jardueraren zenbatekoaren 100eko 50 erabiltzen ahalko du azpikontratazioetarako. Hirugarrenekin hitzarturiko jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren 100eko 20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa kontratua idatziz izenpetu beharraren menpe egonen da.
13.2. Hornitzaileen kontratazioa.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 28. artikuluko 3. idatz-zatian xedaturikoarekin bat, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 30.000,00 eurotik goitikoa bada, obraren exekuzioaren kostuaren kasuan edo 12.000,00 eurotik goitikoa, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunak edo zerbitzuak ematen dituztenean, onuradunak frogatu beharko du organo emailearen aurrean hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela.
Kasu horietan, entitate onuradunak gutxienez ere helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin izenpetuko du. Entitate onuradunak kontsultatzeko izapidearen inguruko dokumentazioa eta eskaintzak gorde beharko ditu. Kontu horiek agirien bidez frogatu beharko ditu dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua izenpetu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.
Enpresa batzuei kontsultatu beharra ez da gauzatuko dirulaguntzaren xede diren ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzua ematen duten enpresak behar adina ez direnean.
14._Baldintzak aldatzea.
Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako dirulaguntza, laguntza edo dirusarrerez gain, dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan harturiko baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari.
Salbuespen gisa, dirulaguntzak hartzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, programaren garapena eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak azalduz gero.
Aldaketa eskaeretan programaren aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi beharko dira eta, betiere, dirulaguntzaren xede den programa burutzeko epea bukatu baino lehen.
Dirulaguntza emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok, Administrazioak ez onarturik ere, dirulaguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du eta, hala bada, kasuan kasuko zenbatekoa itzularazten ahalko da.
15._Itzulketa.
Programa burutu ezik edo dirulaguntza emateko ezarririko baldintzak bete ezik, Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak egin ezik, harturiko zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean. Legeek aurreikusiriko kasuetan, gainera, bidezko izanen da dirulaguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza korrituak pagatzeko eskatzea.
Dirua itzultzeko prozedura goian aipaturiko artikuluan xedaturikoari jarraituko zaio eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.
Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, dirulaguntza emateko ezarririko baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.
16._Erantzukizuna eta zehapen araubidea.
Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloan ezarririko erantzukizunaren eta administrazio arau-hausteei buruzko zehapen araubidearen menpe egonen dira.
Zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko V. Tituluan xedaturikoari jarraikiz.
17._Deialdiaren eta arauen kontra bidezko diren errekurtso administratiboak.
Deialdi honen eta arauen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedaturikoarekin bat.
18._Aplikatu beharreko arauak.
Arau hauetan aurreikusirik dagoenaz gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko xedapenak dira aplikatzekoak.
2. ERANSKINA
1._Gizarteratzearen Atalaren helburuen arabera dirulaguntza jaso dezaketen proiektuak
1.1. Gaurko bazterketa-egoeren konponbideak eta bazterketa soziala hartzen ari den forma berriak aztertzen dituzten proiektuak.
1.2. Populazio osoari, komunikabideei eta eragile sozialei zuzendutako sentiberatze ekintzak burutzen dituzten proiektuak.
1.3. Etxebizitza eskuratzea bultzatzeko proiektuak, infraetxebitzaren aurkakoak, larrialdi sozialeko etxebitzitzarakoak, bazterketa larrian diren familia eta pertsonentzako lehen abegiko babespeko etxebizitzen funtzionamenduan laguntzekoak.
1.4. Etorkinei informazioa, orientazioa eta aholkularitza juridiko-administratiboa emateko proiektuak.
1.5. Erasangarritasun egoeran diren etorkinei babesa emateko proiektuak.
1.6. Etorkinak gizartearen esparru guztietan parte hartzera bultzatzeko proiektuak.
1.7. Kulturarteko elkarbitzitzarako sentiberatze eta hezkuntzarako proiektuak, tolerantzia-baloreak bultzatu eta jarrera arrazista eta xenofoboei aurre egiteko baliagarriak.
1.8. Kulturarteko bitartekotzarako proiektuak.
1.9. Etorkinak aldi baterako hartzeko 10 toki biltzen dituzten proiektuak, haien egonaldiak batez beste 30 egunekoak direnean, Lan eta Gizarte Gaien Ministerioaren Etorkinen Lekualdatzerako Planerako Nafarroako Gobernuak erabiltzen ahalko dituenak.
Iragarkiaren kodea: F0607063
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
